You are on page 1of 2

EGIN JARRI EGIN BEHAR DA

Egin aditza beste aditz baten ostean jartzen da, indartzeko: "Aipatu egin dut". Baina
ez kasu guztietan. Noiz jarri ahal da eta noiz ez? Galdera honi erantzuteko IRALEren
web orrira jo dugu, bertan emandako azalpenak dituzuen
jarraian.(http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/443)

Hona erantzuna: aditza galdegaia denean txertatzen da egin, gipuzkeraz eta


bizkaieraz.

Esaldi baten osagai guztiak izan daitezke galdegai; aditza ere bai, jakina. Baina, zer da
galdegai delako hori? Gure ustez, oso zaila da zehaztasunez azaltzea zer den. Euskal
gramatiketan, honela definitu da inoiz: “Informazio berria dakarren osagaia da
galdegaia (edo osagai horretan enfasi berezia hartzen duen zatia)”. Beherago, adibide
batzuekin saiatuko gara apur bat azaltzen.

Inguruko erderetan ez bezala, euskarazko esaldietan nahiko librea da osagaien ordena


(ingelesez, esaterako, hasieran jarri behar da subjektua). Hala, Ehiztariak / Hil zuen /
Lehoia hiru osagaiekin, sei esaldi eraiki daitezke euskaraz (egin proba!), seiak dira
gramatikalak, eta seietan ematen da informazio bera (nork hil zuen, nor hil zuen
ehiztariak eta zer egin zuen ehiztariak lehoiarekin). Osagaien ordena, euskaraz, kontu
sofistikatu hauetarako aldatu dezakegu: zertaz ari garen markatzeko, ematen dugun
informazio berria zein den markatzeko…

Hitz egiten dugunean, idaztean baino tresna gehiago ditugu komunikatzeko:


intonazioa, keinuak… Gure eskoletan, aholkatzen dugu aditzaren ezkerrean
idazteko esaldi bateko galdegaia (esan bezala, hizketan badaude beste baliabide
batzuk). Ezkerrean doanean, aditzarekin batera ahoskatu behar da, inolako etenik
egin gabe, eta doinua beti beherantz doala.

• Maddi Dolomitetara joan zen iaz. (Nora joan zen…?)

• Maddi joan zen iaz Dolomitetara. (Nor joan zen…?)

• Iaz joan zen Maddi Dolomitetara. (Noiz joan zen…?)

Oharra: Galdegaia perpaus osagarria denean, edo testuinguru markatu batzuetan


(definizioetan, adibidez), galdegaia aditzaren eskuinean emateko joera dugu:

• Aitak kontatu dit Dolomitetara joan zela iaz Maddi.

Beste ohartxo bat: Gure ustez, komeni da denok berdintsu jokatzea idaztean, eta
horrexegatik aholkatzen dugu aditzaren ezkerrean idaztearena. Kontuan hartu
gaztelaniaz kontrako joera dagoela: bi esaldi hauetan, aditzaren eskuinekoa hartzen
du galdegaitzat hiztun arrunt batek:

• Mi tía me compró un coche. (Zer erosi…?)

• El coche me lo compró mi tía. (Nork erosi…?)


Baina aditza bera ere izan daiteke galdegai. Eman dezagun galdetzen digutela:

• “Zer gertatu zen atzo New Yorkeko burtsarekin?” edo

• “Zer egin zuen atzo Realak?

Erantzunak hauek izan litezke (hurrenez hurren):

• “30 puntu jaitsi zela.”

• “Bi eta zortzi irabazi zuela.”

Baina hauek ere bai:

“Jaitsi egin zen.”

“Irabazi egin zuen.”

Azken bi horietan, aditza da galdegaia, eta horiexetan txertatzen dugu egin aditza
bizkaieraz eta gipuzkeraz (bizkaieraz, gainera, “Ekarri dakar (ez eroan)” eta
antzekoak ere esaten dira, aditza galdegaia denean, eta adizki trinkoa bada).
Beste adibide batzuk emango dizkizugu:

• Ez, ez nien azaldu nor zen Churchill; aipatu egin nien, ez besterik (aipatu baino ez
nien egin).

• Ez dago zuzendaria: irten egin da.

• Erosi egin ditut tomateak: niri ez dit inork ezer oparitzen azken bolada honetan.

• Aspaldi honetan, aldatu egin zara: lehen, askoz atseginagoa zinen.

Galdegaiaren kontuekin amaitzeko, ezezkoetan ezetza da galdegaia, eta baiezkoetan


baiezkotasuna bera ere izan liteke galdegai (galdera inplizitua bai/ez formakoa
litzateke horrelakoetan):

• --Etorri da? --Bai, etorri da / Etorri da, bai.

• Ni behintzat banaiz gauza 40 kilometro egiteko, e?

You might also like