You are on page 1of 18

A gripearen mamua

1.jarduera Zuzendariari idatzitako gutun honetan mutuen eta Osakidetzaren jarrera ezberdinak agertzen dira. Honelako egoerarik bizi izan duzu? Zein izan zen mutuaren jarrera? Mutuek ematen duten arreta eta Osakidetzarena berdinak dira? Osakidetza eta mutuen jarrera eta arreta-zerbitzua konparatzen duen idazlana egin. 2.jarduera Gaixorik zaude eta mutuak ez dizu eskaini nahi behar duzun sendabidea. Egunkarira gutun bat idatziko duzu egoera salatzeko.

A gripearen mamua
Hilabetetako alarma-mezu erauntsiaren ostean, dirudienez, A/H1N1 birusaren eragina ez da hain arriskutsua -ez da ohiko gripearen erasokortasunera ere heltzen-, eta dagoeneko ez dira hain beharrezkoak osasun instituzioetatik bertatik ere saldu nahi izan dizkiguten prebentzio neurriak. Hala iruditu zitzaidan niri, behintzat, honako egoerarekin topo egitean: Ia sei hilabetekoz haurdun dagoen irakaslea izanik, A gripearekin sei ikasleren bajak izan zituen gelan irakastea egokitu zitzaidan. Egoeraren larritasunaren aurrean, nire anbulatorioko medikuarengana jotzea erabaki eta hauxe izan da jaso dudan erantzuna: ulertzen duela nire ezinegona, baina, Osakidetzaren zuzendaritzaren aginduz, ezin duela inolako neurririk hartu. Jakinarazi didatenez, nire kasua, luzea izango den zerrenda baten lehena da (diabetikoak, eritasun kronikodunak...) eta Osakidetzaren zuzendaritzan eta gerentzian galdetu ostean, lan arriskuko kasu gisa izendatu dute, eta, beraz, mutuei dagokie kargu egitea. Jakina da, noski, zein den mutuen lehentasuna langileriaren osasuna zaintzeko dirutza jarri behar duenean. Nirean (Mutualia), jakinarazi zidatenez, A gripe kasuak pandemia kasutzat hartu dituzte, eta ez omen dute zerikusirik lan arrisku egoerekin. Mutuetatik ezer gutxi espero dugu aspaldidanik, baina ez al litzateke Osakidetzaren lehen egitekoa gure osasunaren segurtasuna eta prebentzioa zaintzea? Ez al litzateke hori hobetsi behar konfiantza oso eskasa eragiten duen txertoa gomendatzearen aurrean? Lerrootatik eskerrak eman nahi dizkiot Donostiako Mediku Ikuskaritzari, hasieratik defendatu duelako nire segurtasunaren zaintza aipaturiko lan arrisku egoeraren aurrean.
Gurutze Jauregi Izagirre. Donostia.

Arrasate-Aramaio errepideari buruz


1.jarduera Gutun honekin Maitanek Arrasate-Aramaio errepidearen egoera salatu nahi izan du. Horrelako errepiderik ezagutzen duzue? Beldurra izaten duzue errepidean beren egoera dela eta? Nolakoak dira Euskal Herriko errepideak? Idatzi errepide eta trafikoaren inguruko iritzi artikulua. Arrasate-Aramaio errepideari buruz Lerro hauen bidez Aramaioko biztanleon egoera deskribatu nahiko nuke, eta, bide batez, nire inpotentzia eta amorrua azalarazi. Bi aste pasatu dira jada Aramaio-Arrasate errepidean lur jauzia gertatu eta errepidea moztu zenetik. Ordutik hona, Aramaioko auzoetatik doan errepide batetik ibiltzera derrigortuta gaude. Errepide hori ez dago zirkulazio asko ibiltzeko egokitua; bidea puntu batzuetan oso estua eta labainkorra baita. Aramaioko gehiengo handi batek (%80 edo esaten da) Arrasaten edo inguruko herrietan lan egiten dugunez, noiz arte jarraitu behar dugu egunero-egunero lanera joateko urduritasun, tentsio eta beldurra pasatzen? Aurreikusita zegoen AHTko obrak zirela-eta Arrasate-Aramaio arteko errepidea itxiko zutela; zergatik ez zuten orain erabiltzen ari garen bide alternatibo hau egokitu? Orain, errepidea itxita dagoenean, orain hasi dira bidea egokitzen; berandu samar, ezta? Obrak ditugu, gainera! Lokatza, kamioiak, indusketa makinak... Eta luzerako omen da! Baina ez al zaio inori inporta herri oso bat jasaten ari den egoera hau? Ez al zaio inori larria iruditzen? Ostiralean ere lanera joan gabe gelditu nintzen -ni bezala, beste asko-, aipaturiko oztopo guztiez gain elurra egin baitzuen. Ez nago prest beldur gehiago pasatzeko errepidean, ez daukat istripu bat izateko gogorik, eta kokoteraino nago egoera honetaz! AHTaren proiektu aurrerakoiak a zer-nolako atzerakada ekarri digun Aramaioko biztanleoi! Konturatzen naiz hemen ez daukagula industria potolorik, ez dagoela dirua barra-barra mugitzen duen enpresa handirik. Apustu egingo nuke, Fagor (adibidez, gertukoa delako) Santagedatik-Arrasatera egon beharrean Santagedatik-Aramaiora egongo balitz, jada bide alternatibo eroso bat edota zubi behin-behineko bat edo ganora gehiagoko zer edo zer izango genukeela. Baina ez, hemen ez dago horrelako enpresarik, eta badirudi herritarrok ez dugula horrenbeste merezi. Maitane Gomez de Segura. Aramaio.

Barakaldoko San Eloy ospitalea: profesionalek puntako teknologia berria behar dute
1.jarduera Gaixo hau sendatzeko bidean dago teknologia berri bati esker, baina beste gaixo batzuk ezin izango omen dira sendatu ospitaleak teknologia erosten ez badu. Bidezkoa al da osasunarekin jolastea? Zer da garrantzitsuagoa: osasuna ala osasunean gehiegi ez gastatzea? Teknologia berri guztiak erosi behar dituzte nahiz eta sendatu ahal duten gaixoen kopurua oso txikia izan? Gaixoen eta gastuen arteko alde proportzionala egon behar da? Osasunean ere aurreztu behar da? Zuk zer pentsatzen duzu? Idatzi iritzi artikulu bat osasuna vs. dirua gaiari buruz. 2.jarduera Gaixo honi behar zuen ebakuntza eta horretarako beharrezkoak ziren probak egin zizkioten, baina beti ez da honela izaten. Askotan Osakidetzak ez dizkigu probak egin nahi edo probak egiteko hilabeteak itxoin behar ditug;eraz, egiten dizkigutenerako ez dira beharrezkoak edo ez dute ezer argitzen mina edo gaixotasuna desagertu direlako. Horrelako egoerarik bizi izan duzu? Zer egin zenuen? Idatzi gutun bat egunkarira egoera hori azaltzeko eta, bide batez, salatzeko ere.

Barakaldoko San Eloy ospitalea: profesionalek puntako teknologia berria behar dute Ospe ona daukate San Eloy ospitaleko oftalmologoek. Aspalditik irabazia, gainera. Parada izan dut azken bolada honetan ospe hori benetakoa dela ikusteko. Neure begietan, gainera. Kontua mintz epirretiniano batean zetzan. Mintz nahiko aldrebestua, egia esateko. Hala ere, Jose Mari Ibaez kirurgialariak eta haren taldeak lan ona, oso ona egin dute. Ez soilik talde ona bildu zelako ebakuntza-gelan (hiru mediku, bi mediku-egoile, hiru erizain eta bi teknikari), baizik eta teknika berria erabili zutelako. Bi teknikariak argi-iturri berri bat erabiltzeko eta (nire begian) praktikan jartzeko zeuden. Aukera izan dut ebakuntzaren nondik norakoak, lehen eskutik, entzuteko. Argi-iturria apartekoa zen, medikuen hitzez, eta hori dela- eta han zeuden medikuegoileak ere. Oraindik ebakuntza ondorengo egoeran nago, Ibaez medikua eta haren taldearen esku jarraitzen dut. Azkenean, ausartu izan naiz berari galdetzera teknologia berri horretaz. Bai, oso ona da, teknikariak ebakuntza-gelan egon ziren, teknologia berri horrek nola funtzionatzen duen guri erakusteko. Teknologia apartekoa da. Baina kontua da orain nagusiek dutela azken hitza teknologia hori erosteko. Kontua da, zer dela-eta profesional onek, oso onek, burokrazian-edo dagoen kudeatzaile baten menpe egon behar direla? Ez ote daukagu guk, bezerook, eta profesionalek berek zertxobait esateko? Nire aldetik, argi dago arazoa: eros dezatela lehenbailehen puntako teknologia hori, San Eloyko oftalmologoek erabil dezaten. Guztiontzat izango da mesedegarri: ospitalerako, profesional on horientzat eta guretzat. Gainera, osasun publikoa guk guztiok ordaintzen dugu. Ea kudeatzaileak behar den mailan egoten diren. Bien bitartean, mila esker Ibaez medikuari, hare taldeari, eta, oro har, San Eloyko oftalmologo, erizain, laguntzaile eta talde guztiari. Zinez, eskerrik asko. Joseba Felix Tobar-Arbulu. Ingeniaritzan doktorea.

Casilda parkeko infernua


1.jarduera Saskibaloi zelaietan jokatzen zuen lagun bat zara eta saskiak kendu izanaren aurka zaude. Bidali gutun bat zure iritzia eta zure kideena azaltzeko. 2.jarduera Casilda parkeko saskiekin gertatutakoa aurrez aurre jarri ditu kirola egiteko eskubidea eta atsedenerako eskubidea. Biak dira garrantzitsuak, baina baten bat gailendu behar da? Borroka horretan zeinek irabazi beharko luke: kirolak ala atsedenak? Zein da zure iritzia? Konponbideren bat bilatu ahal da? Idatzi iritzi artikulu bat gai honi buruz eta eman konponbideren bat Casilda parkeko infernua Letra hauek baliatu nahi ditut Bilboko Udalari eta Kale Nagusiko lagun ditudan auzokideei eskerrak emateko. Azken urteotan infernua bizi izan dugu, infernu gordina, bai lanean bai etxean. Gure etxe ondoan saskibaloi saski batzuk jarri zizkiguten eta akabo gure paradisua. Gauza oso garrantzitsuak galtzen genituen, eta hori dela eta, salatu egin genuen gure egoera lazgarria auzibidea baliatuz, justizia berreskuratze aldera. Arratsaldeko siesta izorratzen ziguten, eta hori, denok dakigunez, sakratua dugu adinean gora goazen heinean. Atsedena eta lasaitasuna behar dugu eguneroko plazer honetaz egoki gozatzeko. Beste alde batetik, Chopin edo Debussyren binilo zaharkituak ez ziren ondo entzuten, eta euren berezko doinuen xarma baloien zarata jasanezinarekin talka egiten zuen. Azkenik, nire txakurtxoa, Sisi, oso artega jartzen zen hotsarekin, eta albaitariarengana maiz eraman behar izan dut estresak jota gizajoa. Beraz, mila esker denagatik eta espero dut, Iaki Azkuna jauna, Schuberten hurrengo Euskalduna jauregiko emanaldian elkar ikustea. Iban Laka. Bilbo.

Donostiako Udalari, kutsadura elektromagnetikoari buruz


1.jarduera Zuzendariari idatzitako gutun honetan antenen ezarpenari buruz hitz egiten da. Orain, imajinatu zure etxearen goiko aldean jarri nahi dutela horrelako antena bat. Auzokideak ez zaudete konforme eta egunkarira gutun bat bidaltzea erabaki duzue. 2.jarduera Zuzendariari idatzitako gutun honetan antenen ezarpena salatu nahi da, baina zu horren aldekoa zara. Antenak jartzeagatik auzokideek dirua eskuratzen dute eta hainbat ikerketaren arabera, ez dira osasunerako kaltegarriak. Bidali gutun bat egunkarira zure iritzia azaltzeko. Donostiako Udalari, kutsadura elektromagnetikoari buruz Alkate jaun eta zinegotzi horiei: Donostiako Udalean eztabaidatzen ari den Kutsadura Elektromagnetikoari buruzko Ordenantza berria dela eta, eta nahiz eta beti ukatu izan zaigun gure esku-hartzea batzorde horretan, Antenarik Ez! herri- mugimenduak Estatuko zenbait hiritako ordenantza aurkeztu nahi dizkizue, bertako udalek seriotasunez hartzen dutenez herritarren osasuna eta honelako arauak ezarri: -Antenak hiritik atera egin dituzte. -Segurtasun-distantziak errespetatu dituzte. -Eremu sentikorrak oso ondo zehaztu dituzte. -Neurri-mugak jarri dizkiete antenen igorpenei. Hona hemen aztertu diren ordenantzak: Torrijoseko Udala (Toledo) Burlatako Udala (Nafarroa) Galdakako Udala (Bizkaia) Recaseko Udala (Toledo) Adibide gehiago nahi badituzue, zuen esanetara gaude.
Mikel Garcia.

Antenarik Ez! herri-mugimenduko kidea (Donostia).

Gasteizko ostegunak, seguruago


1.jarduera Zuzendariari idatzitako gutun honekin Oierrek Gasteizko udaltzainek erabilitako gehiegizko indarkeria salatu nahi izan du. Imajinatu Alde Zaharreko bizilagun bat zarela, eta ostegunero sufritzen dituzu zaratak; beraz, udalak hartutako erabakiarekin bat zatoz. Idatzi beste gutun bat bizilagunok ostegunero pairatzen duzuena azaltzeko. 2.jarduera Zuzendariari idatzitako gutun honekin Oierrek Gasteizko udaltzainek erabilitako gehiegizko indarkeria salatu nahi izan du. Zu udaleko zinegotzi bat zara eta beste gutun bat bidaliko duzu azaltzeko zeintzuk izan ziren Udaltzaingoaren talde berezia sortzeko arrazoiak. Pasa den ostegunean Udaltzaingoaren arabera gertatutakoa azaldu ahal duzu.

Gasteizko ostegunak, seguruago


Gasteizko ostegunak betidanik izan ditugu hor, gure zain, abentura eta bizipenen gertaleku. Baina aurreko ostegunean gertatutakoak eta ikusitakoak ez du Arretxek bere liburu sakratuan azaltzen duen irudi alai eta sanoaren antza handirik. Kapitulu honetan, tamalez, Segurtasun Unitatea (UOS) deritzanaren bortizkeria dugu protagonista. Joan den urriaren 2an, Gasteizko Udalak talde berezia jarri zuen martxan. AEBetako polizia sistemaren eredua imitatu nahian, hiriko kaleetatik ikus dezakegu ordutik. Udalaren lan taldearen leloa, Patxi Lazkoz alkateak esan duenez, segurtasun sentsazioa ezartzea da. Egia esan, eta aurreko ostegunean Artium pareko plazan, goizaldeko bostak aldera, ikusitakoaren arabera, ez dakit tresna hori segurtasun klima sorrarazteko biderik onena izango den. Ziur nago ostiral goizean gazte asko buruko minarekin esnatuko zela; asko biharamuna dela eta, eta beste batzuk, aldiz, buruan nahiz gorputzaren artikulazioetan Udaltzaingoaren talde bereziak erabilitako borra luzagarriekin jasandako kolpeen ondorioz. Esan beharra dago Arkautin irakatsitako 19 ikasle fin horiek bazekitela non eta nola jo. Ertzaintzaren eraso teknikak ezagunak ditugu aspalditik, bai beltzez bai gorriz jantzita egon. Eta nahiz eta gauean katu guztiak nabarrak izan, gau hartan argi eta garbi ikusi nuen Udaltzaingoaren elite taldeak, mozorrorik gabe, Ertzaintzaren papera bikain antzeztu zuela. Are gehiago, ausartuko nintzateke esatera, gau hartan udal-lan talde berezi hori alfonbra gorritik zihoala Euskadiko Poliziari Oscar saria eskutik kentzeko prest. Lehen aipatutako borra luzagarri horiek, muturrean altzairuzko bola dutenak eta laburrak iruditu arren mugimendu sinple batekin luzatu eta arma arriskutsu bihurtzen direnak, hainbat lekutan debekatuta daude. Gasteizen, aldiz, zorioneko gaude, eta, gauzak aldatzen ez badira, beraien presentziaz gozatzeko aukera izango dugu. Beraz, hori guztia jakinda eta kontuan izanda brigada berri bat dugula gure segurtasunaz arduratzen dena, pozik eta seguru noa lotara. Hori bai, zorte pittin batekin hurrengo ostegunerako desagertuko zaizkit gorputzean ditudan zauriak. Oier Fernandez Arroiabe. Gasteiz.

Iruea-Gasteiz trena
1.jarduera Honelako egoerarik bizi izan duzu? Garraio publikoetako atzerapenak edo matxurak pairatu dituzu? Zer egin zenuen? Idatzi gutun bat garraioetan bizitako istoriotxo bat kontatzeko. 2. jarduera Gobernutik autoaren ordez garraio publikoak erabil ditzagun nahi dute, baina gero ez dituzte zerbitzuak hobetzen. Horrela zaila izango da gizarte jasangarriagoa lortzea. Gutun bat idatzi egunkarira zure iritzia azalduz garraioen erabileraren inguruan.

Iruea-Gasteiz trena
Iruea eta Gasteiz arteko ibilbidea egunero trenez egiten dugun bidaiariok hainbat atzerapen eta gorabehera izan ditugu azken hilabetean. Azkena joan zen asteko astelehenean, bi ordu eta erdi baino gehiago egon ginen Altsasuko geralekuan, argirik eta berogailurik gabe -1 graduko tenperaturan, autobus bat gure bila bidali zuten arte. Hiru ordu baino gehiagoko atzerapenarekin iritsi ginen Iruera, gaueko 23:15ean. Arazo hauek elurte eta denboraleekin batera suertatu badira ere, eta horietariko batzuk ulergarriak izanda -pasa den abenduaren 21eko haize boladak eragindako atzerapena kasu, N1 errepidean ere orduetako auto ilarak eragin zituena-, beste hainbat -joan den asteko astelehenekoa, adibidez- ezin zaie arazo meteo-rologikoei egotzi, edo ez behintzat hauei soilik. Eta, hain zuzen ere, hori da Renfek beti egiten duena: elurra aitzakiatzat jartzea. Izan ere, azaldutakoaren moduko gertaeretan trenean Renfeko langileekin igarotako orduek hainbat gauza -eurek kontatuak- ezagutzeko balio izan digute. Eta hara non jakin dugun Iruea eta Gasteiz lotzen dituzten trenak duela berrogei urte baino gehiago egindakoak direla, horregatik hiru hilabetean behin zirkulazioan jarraitzeko baimena berritu behar zaiela eta Estatu osoan gurea dela horrelako trenak zirkulazioan jarraitzen duten alderdi bakarra. Langile batek haiek berak ere behin baino gehiagotan trenera beldurrez igotzen direla aitortu ez zigun bada! Eta bien bitartean, Aragoin, adibidez, abiadura handiko tren erregional batek hiruzpalau bidaiari dituela Zaragozatik Calatayuderako bidea egiten du egunero... -eta adibidea Renfeko beharginak berak jarria da, ez nik asmatua-. Zein da Renfek zein Espainiako Sustapen Ministerioko agintariek bultzatzen duten garraio mota? Zerbitzu kaskarra emanda jendea autoa etxean uztera animatu eta garraio publikoak suspertzen dituztela uste al dute? Horrela nekez aurreratuko dugu jendarte jasangarriago baterantz... Gure gobernu autonomikoetako agintariek, euren aldetik, Renferekin akordioak dituzten neurrian,.konpainiak emandako zerbitzua egokia izatea bermatu beharko lukete.
Ana Ugarte Baztan. Sarriguren.

Iruzurra egin nahi digu Euskotrenek


1.jarduera Zuzendariari idatzitako gutun honetan garraio publiko baten zerbitzuaren inguruko kexa agertzen da. Honelako egoerarik bizi izan duzu? Zein da zure iritzia? Idatzi garraio publikoei buruzko iritzi-artikulua. Haien alde onak eta alde txarrak aipatu beharko dituzu eta txarrak diren alde horietarako konponbideren bat proposatu. 2. jarduera Euskotreneko langile bat zara eta ez zaude ados Euskotreni buruz emandako irudiarekin. Argi utzi nahi duzu zuen jarduera ona dela eta ez duzuela dirua bueltatzeko inolako arazorik. Iruzurra egin nahi digu Euskotrenek
Duela bi asteko ostiralean, Euskotren konpainiak eten egin zizkigun tren zerbitzuak, langile batzordeak bat-batean harturiko erabaki baten ondorioz. Langileek eskubide osoa dute lan eteteak egiteko, eta are gehiago beren enpresak segurtasun arauak betetzen ez baditu. Baina kontua da ez direla erabiltzailearen beharrak kontuan hartu, eta ordezko garraiobiderik ipini. Gainera, bagaude erabiltzaile edo bezero finko, geure dirua aurreratuz, egun hura ordaindua genuena eta duguna. Berriro diot, bai hileroko bonu txartela dugunok, bai urte osoko bonua dugunok, egun hori ordaindua dugu. Joan den asteko egunkarietan albiste zenez, bidaia horretako dirua itzuli egingo zaigu. Urriaren 14an, eta nire txartela urriaren 13an iraungi zitzaidanez, Zumaiako geltokiko leihatilako langileari esan nion Zarautzera joan-etorriko txartela emateko, baina ez niola ordainduko. Hileko txartela eta bezperako egunkariko albistea erakutsi nizkion. Nire harridurarako, esan zidan prozedura bat bete beharra dagoela, eta eskakizun edo erreklamazio papera bete behar nuela; halako batean ordaina jasoko nuela. Nik, Euskotrenen iruzurra bat-batekoa izan zenez, erantzuna ere bat-batekoa izateko aukera eskatu nion, bestela ordaindu gabe bidaiatuko nuela. Hark erantzun zidan hori eginez gero isuna ordaindu behako nuela. Trenaren barruan beste horrenbeste gertatu zitzaidan. Lapurrari lapurtzen diona ez ei da lapurra; esaldi hori entzuna neukan, baina... Nire portaera ez zen oso portaera duina izango, baina leihatila aurrean benetako babo aurpegiarekin geratu nintzen. Erabili garraio publikoa; merkea, segurua eta istripurik gabekoa, maiztasun ugarikoa eta edonorakoa baita. Joxe Mari Agirre. Zumaia.

'Jaioberri txekea'-ren korapiloa


Jarduera Gutun hau irakurri ondoren gehiago jakingo duzu jaioberri txekearen inguruan. Gero, idatzi jaioberri txekeari buruzko iritzi-artikulua

'Jaioberri txekea'-ren korapiloa


2009ko martxoaren 31n, aho batez adostu zuen Espainiako kongresuak Jaioberri txekea deritzogun legea aldatzea, gaur existitzen den zenbait diskriminazio larri gainditzeko. Familia mistoak, non aitak araua betetzen duen eta amak ez, bi motatako diskriminazioa jasaten du. Lehenengoak, genero diskriminazioa pairatzen du, amak baldintza betetzen duenean eta aitak ez, berriz, umeak prestazioa jasotzen baitu. Bigarrenak, sexu joeraren arabera diskriminazioa pairatzen du, zeren eta bikote homosexualek adoptatzen dutenean nahikoa da bikotekide batek araua betetzea jaioberriak prestazioa jasotzeko. Tamalez, betiko moduan jarraitzen dugu gaur egun. Badago diru laguntza duen umerik, eta badago diru laguntza ez duen umerik. Euren eskubideak parekatzen dira ama hiltzen bada. Guztiz absurdoa. Horrez gain, azken puntu horrek gai honetan larriena dena azpimarratzen du: herritar berriak zorizko eran jaiotzen dira, eta aitaamaren baldintzek determinatzen dituzte euren eskubideak. Horrek inplikatzen du, jaiotze bera mementotik, lehenengo mailako edo bigarren mailako Espainiako herritar izatea. Aspaldiko partez gertatu ez zen zerbait ari da gaur gertatzen: jatorriko bekatu laiko batek markaturik daude gure seme-alabak, euren aita espainolak euren ama atzerritarrez maitemindu baitziren. Gobernuko alderdiak erreformaren alde bozkatu zuen, azken martxoaren 31n (bere jo eta ke horri eutsi arren). Une hartan, gutxiengoan zegoen, eta ez zuen nahi legealdiko lehenengo bozketa galdu. Horrek inplikatuko zukeen korapilo antiprogresista hau hedatzea; ministerio-murrizketari buruz mozio bat galtzea nahiago zuen. Oraindik dirau diskriminazioak. Orain dela gutxi, Invictus filma estreinatu da. Bazen Hegoafrika bat, non legeek lehenengo klaseko eta bigarren klaseko umeak bereizten dituzten. Zorionez, egoera hori gainditu zen, baina, norantz abiatzen gara geu?
Mario M. Elorz.

Asfamix familia mistoen elkarteko kidea (Mungia).

Kirola, kirolzaletasuna...
Jarduera Zuzendariari zuzendutako gutun honek kirolean dagoen lehiakortasuna salatu nahi du. Zuk zer pentsatzen duzu gai honi buruz? Eskola-kirolean dagoen giroari eutsi behar zaio goi-mailetan? Nola eutsi ahal zaio? Idatzi iritzi artikulu bat kiroletan dagoen lehiakortasunari buruz. Kirola, kirolzaletasuna... Ez naiz ni kirolzalea, eta bizipenek nire horretan jarraitzeko baieztatu didate. Bi seme ditut, biak eskola kirolean ibiliak. Bertako filosofiarekin bat egiten dut, gainera. Gustatzen zait elkarrekin jolastea, euskaraz eginez, kirol guztien hastapenak erakustea, lehiakortasuna ekiditea... Dena den, 5. mailara iristen direnean filosofia horren aztarnak aldatu egiten dira, Oiartzunen behintzat. Ekainean zehar, abuztu bukaeran hasi eta iraileko lehen asteetan Oiartzun Kirol Elkartean izaten da zita. Han ibiltzen dira nor baino nor gehiago, denak emanda, mutilak batez ere, aukeratu ditzaten lehiatzen. Ez dut nik ulertzen Diputazio edo delakoaren filosofia 13 edo 16 mutikorentzat fitxa egiterakoan. (Jakin hori futbolean bakarrik gertatzen dela; baten batek saskibaloia egin nahiko balu ezingo lukeela, eskola kirolean parte hartu behar baitu). 13 -16 fitxa horiek gurean bi zentroen artean banatzen dituzte, 7-6 /8-8 ikastetxe bakoitzarentzat gutxi gorabehera. Argi uzten dute denek jarraitu behar dutela entrenatzen diferentziarik egon ez dadin eta, gainera, DBH 1era iritsitakoan, denontzat izango dela lekua. Beraz, eskola kiroleko egun bat futbolarentzat izaten da. Esan bezala, DBH 1en denek izaten dute elkarrekin jolasteko aukera. Gure kasuan, DBH 2ra iritsi den honetan berriro ere aukeraketarako ferian sartu da nire seme gaztea: 25 mutil kozkor zein baino zein lehiatzen ekipoan leku bat egin nahian, 18k izango zutelako fitxa. Iaz, denek zuten lekua. Aurten, berriz, ez. Eta nolatan? Beheko ekipotik lau igo dituztelako, eta hori irizpide bat omen da (nahiz eta beheko ekipo horretan lekua izan). Berriz ere, abuztu bukaeratik joan den irailaren 21 arte, astean bi eta hirutan entrenamenduak:. No voy a elegir a los buenos, sino a aquellos que se esfuercen. Yo os sacar de esta liga de mierda. Qu os han enseado los anteriores entrenadores?. Eta horrela astero bi eta hirutan, betiere euskara batuan. Hitzez gauza bat esanez eta ekintzen bitartez kontrakoa eginez, koherentzia osoa mantenduz Aukeratutakoen zerrenda noiz emango zain egon dira azken bi asteetan. Bitarte horretan, bi partida izan dituzte eta, bat edo beste kenduta, jolasteko aukera eman zaie denei. Beraz, beti esperantza dago: Nire izena ikasi du, konbokatu naute, partida osoa jolastu dut.... Astelehena arte. Astelehenean nire semeak jakin zuen ez zuela fitxarik izango bere lagunekin batera; berak eta beste batek beheko ekipora joan

beharko zutela. Beste lagunak ondo barneratu du txarra dela, eta ez duela jolastuko esan du. Gureak jo du bere ekipo berrira, entrenatzaileak ongietorria egin zion eta asko lasaitu zuen. Baten batek pentsa dezake mindutako ama baten hitzak direla. Min dut eta dugu, baina gauza bat argi geratu zait, nire semeak nortasuna eta duintasuna duela, aurrera egingo duela. Eskola kiroleko filosofia bereganatua duela; hau da, jolastu egin nahi duela eta jolastu egingo dela. Hori bai, lagun taldetik aparte. Lide Martiarena. Oiartzun.

Leioako Udalari, Mastitxu Udal Euskaltegitik


Zure lanean antzeko egoera daukazue, enpresak urteak daramatza lan baldintzak hobetu gabe eta egoera hori salatzeko langileek egunkarira gutun bat idaztea erabaki duzue. Zuen arazoa azaldu eta konponbideren bat proposatu behar duzue.
Leioako Udalari, Mastitxu Udal Euskaltegitik Leioako Mastitxu Udal Euskaltegiko irakasleok honako hau adierazi nahi dugu: Leioako Udalak duela 19 urte egin zuen euskaltegi honetako irakasleon azken balorazio orokorra. Harrezkero, Udaleko gainontzeko langileen balorazioa bi aldiz egin bada ere, guri ez zaigu halakorik egokitu. Esan gabe doa Udalak egin dituen balorazioek eragina izan dutela lanpostuen mailan. Beraz, gure lanpostuen mailak duela 19 urte ziren berberak dira gaur egun ere. Edonork uler dezakeen bezala, lanpostuak asko aldatzen dira 19 urtean. Gureak aldaketa asko izan ditu bai materialgintzan, bai metodologian, bai teknologia berrien erabileran. Inork imajinatzen al gaitu duela 19 urte bezala klaseak ematen? Bitarteko berberak erabiliz? Metodologia berberak erabiliz? Gaur egunean sortu diren baliabide teknologiko berriei erreparatu gabe? Irakasleok lan egiten garai haietan geneukan besteko prestakuntza hutsarekin? Bada, bai. Leioako Udaleko politikariek horrela imajinatzen gaituzte: duela 19 urte bezalaxe lan egiten. Egoera aldatu egin da. Izandako aldaketa horiek ardura bereziak eman eta egotzi dizkigute irakasleoi. Ardura bereziak eta berriak ikasleen aurrean, erakundeen aurrean, herritarren aurrean... Baina Leioako Udaleko politikariek (EAJ) gure lana ez dela aldatu pentsatzen dute. Urteetan zehar izan dugun lan-betebeharren eta zereginen aldaketa nahikoa izan da zenbait udalerritako udalek beren euskaltegietako irakasleen balorazioa egiteko: Basaurin (PSOE), Barakaldon (PSOE)... baina Leioan (EAJ) ez dute horrela ikusten. Ez dugu ulertzen zergatik ez den egiten beharrezko balorazio hori gure kasuan. Gaur egun irakasleoi eskatzen zaigun prestakuntza oso da handia: teknologia berrien ezagutza eta erabilera, hizkuntzen irakaskuntzan azken urteotan abian jarri diren metodologietan aditua izatea, hizkuntzen ezagutza, prestakuntza-ikastaroetan etengabe aritzea... asko eta asko izan dira urte hauetan zehar egin behar izan ditugun prestakuntzaikastaroak. Hori gutxi balitz bezala, titulazio eskaera ere aldatu egin da. Gaur egun, euskaltegian lanean aritzeko Europa Hizkuntzen Markoko C2ko titulazioa eskatzen zaigu. Euskaltegian lanean hasi ginenean ez zitzaigun horrelakorik eskatzen. Gaur egun, Udalak berak eskatzen digu halako titulazioa, nahiz eta gero hori ez duen baloratzen. Bestalde, kontuan izanda Udalean egin izan diren beste zenbait lanposturen balorazioak, ez dugu argitara eman gabe utzi nahi Udalaren portaera horrek sortzen duen konparaziozko bidegabekeria. Hori guztiori horrela, itsukeria eta setakeria alde batera utz ditzala eta gure lanpostuak balora ditzala eskatzen diogu Udalari. Har dezala kontuan gaur egun leioaztarren alde egiten dugun lana. Aitor dezala 19 urtean gauzak asko aldatu direla. Gure lanpostuak balora ditzala eskatzen diogu Leioako Udalari! Gure lana aitor dezala eta kontuan har dezala! Mastitxu Udal Euskaltegiko irakasleak. Leioa.

Lotsagarria
Jarduera Gehiegizko indarkeria erabiltzea bidezkoa da? Idatzi artikulu bat zure iritzia azaltzeko. Lotsagarria Igandean, abenduak 27, Donostiako Antigua auzoan San Sebastian Martiriaren elizako atarian gertaturiko portaera lotsagarri bat salatu nahi dut. Goizeko 11:30ak aldera, Donostiako Udaltzaingoaren auto batek (VW Golf 5872 DZB) elizaren ezkerraldean aparkatu, eta bi gizonezko uniformedun eliza atarira inguratu ziren. Bertan, inori kalte egin gabe eta isilik eskean ari ziren bi pertsonarengana zuzendu zirela ikusitakoan, inguratu egin nintzen. Polizia bat albo batera geratu zen; bestearen portaera lotsagarria, nazkagarria eta iraingarria izan zen. Bi eskaleei emandako tratua benetan salagarria izan zen; poltsikoetan zuten dirua kentzeaz gain, era honetako esaldiekin zuzendu zitzaien: Ests gordo, menuda panza ests echando..., Y contigo qu tenemos que hacer? Qu tenemos que hacer para que desaparezcas?. Nork desagertu behar du? Bere herria utzi eta tamalez besteek emandako laguntzekin bizirik iraun behar duen pertsonak ala uniforme baten azpian edozer gauza esan eta egiteko eskubidea duela uste duenak? Zoritxarrez, uniformedunenganako konfiantza aspaldi galdu nuen, baina oraindik zentzudunen bat geratzen bada haien artean, hartu beharreko neurriak har ditzala horrelako gertaera iraingarririk berriro gerta ez dadin. Jokin Sistiaga Lasa. Donostia.

Nork bere ardurak bete ditzala


1.jarduera Zuzendariari zuzendutako gutunen atalean argitaratutako iritzi hau irakurri ondoren, beste gutun bat bidaltzea erabaki duzu, zure iritzia azaltzeko. Azaldu zein den arazoaren muina eta konponbideren bat proposatu 2.jarduera Gurasoa zara, eta umeek eta gurasook grebaren eraginez pairatu duzuen egoera salatu nahi duzu. Egoera azaltzeaz gain, arazo honetarako konponbideren bat proposatu. Nork bere ardurak bete ditzala Ikastetxeetan egonezin handia sortzen duen jangela zerbitzuan greba oihartzunak dira, berriro ere. Eskolako komunitate osoari eragiten dio zerbitzu horrek (baita zerbitzurik ezak ere), eta hark eskaintzen duen edo dezakeen kalitateak. Eskolako egunerokoan eremu zabala hartzen du, baina ez du beste ordu guztiek duten tratamendurik jasotzen. Irakasleek, ordu lektiboetatik at, badute koordinaziorako eta prestakuntzarako beharrezkoa den denbora -laburra edo luzea den beste batetarako utziko dugu-. Hezkuntzatik behin eta berriro azpimarratzen zaigu koordinazio eta prestakuntza horren garrantzia. Hezkuntza Sailak ezartzen ditu ikastetxeetan, nola ez, gela bakoitzeko gela-ikasle ratioak eta baita beste guztiak ere (irakasle-gela...). Zer dela-eta Hezkuntza Sailak ez ditu, bada, ezartzen ratioak jangela garaian? Ez al du, bada, Hezkuntza Sailak jangelako langileak lankideekin edo tutoreekin koordinatu beharrik ikusten? Non gelditzen da jangela garaian Bizikidetza Plana? Etengabeko formazioaren garrantzia irakasleei bakarrik al dagokigu? Hezkuntza Sailak puntu horiek guztiak ukitzen ditu eta ezartzen ditu, normala denez, kontratak aukeratzerakoan. Edo ez da horrela? Bada, ez baditu kontuan hartzen, har ditzala, berari dagozkio eta. Eta hartzen baditu, ez al da ari ardurak besteen eskuetan jartzen lan gatazka dela esanez? Helduak gara, eta helduak garen heinean jokatu behar dugu eskoletan eta horrela tratatu behar gaituzte Hezkuntza Sailetik ere. Beraz, bakoitzari berea, momentu honetan Hezkuntza Sailari, jangeletako grebaren negoziazioan eragitea!
Julen Etxeberria.

Sortzen-Ikasbatuaz-eko kidea.

Nork nahi du AHTa?


Jarduera Abiadura Handiko Trenaren proiektuak aldeko eta kontrako iritziak sortarazi ditu. Zuk zer pentsatzen duzu? Beharrezkoa da? Gure ingurunea suntsituko du? Zeintzuk dira alde onak? Eta txarrak? Idatzi AHTren inguruko iritzi artikulu bat Nork nahi du AHTa? Zuzendari agurgarri hori: Nafarroako Gobernuko Miranda kontseilariak duela gutxi esan zuen AHTak 4.000 lanpostu sortuko zituela Nafarroan; geroago 10.000 lanpostura igotzeko. Hemeroteketan so besterik ez da egin behar. Hala ere, Estatu espainiarra da munduan autobide kilometro gehien dauzkatenetakoa (hirugarrena), eta, hilabete batzuen buruan, AHTa, kilometro gehien izango duena munduan. Hori bai, era berean, langabetuen ehuneko handiena daukan estatu europarra ere bai; beraz, badirudi ekuazio horrek ez duela funtzionatzen. EAE ikusi besterik ez dugu egin behar: han, AHTa eraikitzen ari dira duela zenbait hilabete, eta langabezia etengabeko igoera jasaten ari da. Zerbait ez dator bat kontseilariak esandakoarekin. Beharbada, azpiegitura erraldoiek ez dute sortzen ia lanposturik, eta bai itzelezko etekinak eraikuntzako enpresentzat eta obrak ematen dizkietenentzat... AHTa Irueraino hel dadin eskaera, berriz, politikari batzuentzat obsesioa izaten hasi da. Non daude egungo Alviaren arazoak? Ez da batere onargarria gastatuko litzatekeen dirutza azpiegitura erraldoi horretan, kontuan hartuz egungo trenbidea hesituz 200 km/orduko erraz hartuko lituzkeela; hots, ia AHTak bezala. Erokeria hutsa da garai oparoetan; zer ez da izango oraingo krisialdian. Ez badago dirurik oinarrizko zerbitzuak bermatu ahal izateko (hezkuntza, osasuna, pentsioak...), erabat ulertezina da jarraitzea egitasmo faraoniko zein alferrikako hau egiten, non nafar bakoitzak 4.790 euro ordaindu beharko lukeen (edo gehiago, kostuak beti hazten baitira). Eta hori gutxi balitz bezala, igotzen dizkigute BEZa eta beste zerga batzuk. Hau aldrebeskeria! Gainera, betiko ordainduko genuke estaltzen ez direlako ez mantentze lanak ez ustiapen gastuak. A zer-nolako herentzia utziko genieken semealabei eta ilobei. Eta ekologia aipatu gabe, bestela gutun hau bukaezina izango litzateke. Non dago AHTaren premia?. Ez dugu inoiz jendearen manifestazio bat ikusi, AHTa eskatuz, Madrilera minutu batzuk lehenago heldu ahal izateko. Tren-bala hori pasatuko baina geldituko ez litzatekeen lekuetako herritarrek ez dute AHTa nahi. Ez nekazariek ez abeltzainek, euren lurrak desjabetuko lituzketelako. Ez dute nahi ez mendizaleek, ez txangozaleek, ez txirrindulariek, ez ehiztariek. Ez dute nahi harrobiek, mozketek, lubetek edo goi-tentsioko lineek eragindako herrietan. Ez dute nahi AHTa ez haritzek ez erbiek, ez ibaiek ez mendiek. Nork nahi du AHTa ? Eta zertarako?. Egia jakin nahi dugu. Pedro Leralta. Tafalla.

Ordezkoentzat dirurik ez; ingelesezko ikastaroak ordaintzeko, aldiz, bai


Jarduera Gurasoak zarete eta zuen umea ordezkoarekin egon da hiruhilabeteko honetan. Azken bi egunetan beste pertsona ezezagun batekin egoteak umeei ez diela mesederik egingo pentsatzen duzue. Gainera, ordezkoaren egoerari dagokionez ere ez zaizue bidezkoa iruditzen. Idatzi gutun bat egunkarira ordezkoen kontratuen luzapena proposatzeko eta zuen arrazoiak azaltzeko.

Ordezkoentzat dirurik ez; ingelesezko ikastaroak ordaintzeko, aldiz, bai Ikastetxe publiko zein pribatuko irakasleak gure euskara hobetzen ibili gara hiru hilabete honetan. Ikastaroa hilaren 18an bukatu da. Gure ikastetxeetan, berriz, Gabonetako oporrak 22an edo 23an hartuko ditugu. Hori dela eta, bi edo hiru egun horietan gure ordezkapena bete duten ordezkoei kontratua luzatzea eskatu dugu, sindikatu batzuek eskatu ere egin duten moduan. Arrazoiak pedagogikoak eta antolakuntzazkoak dira, erabat ulergarriak eta arrazoizkoak. Pentsa dezagun Haur Hezkuntzako ikasleengan: ordezkoa azken egunetako klaseak eta jaiak prestatzen ibili da, baina ordezkoa ez da haiekin egongo, baizik eta, kasu askotan, oraindik ezagutzen ez duten tutore berria. Pentsa dezagun ordezkoengan: gurasoei informazioa emateko egunak aurreratu beharko dituztelako, ebaluazioekin eta txostenekin zoratuta azken egun hauetan. Aurreko urte hauetan, horrelako egoera baten aurrean egon denean, Hezkuntza Sailak ordezkoen kontratua luzatzea erabaki du; horrela, irakasle titularra eta ordezkoa elkarrekin egon ahal izan dira egun gutxi horietan. Aurten, Hezkuntza Sail berriak kontrakoa erabaki du. Horren aurrean, Irale zentroetan gauden irakasleok erabaki hori aldatzeko eskaera egin diogu Hezkuntza Sailari. 180 sinadura batu eta eraman ditugu Hezkuntza Ordezkaritzara. Ez dugu erantzunik jaso.Antza, dirua aurreztu nahi dute. Hau paradoxa eta kontraesana! Ordezkoekin dirua aurreztu nahian ibiltzea, beste alde batetik irakasleen ingelesezko ikastaroak ordaintzeko deialdi berri-berria argitaratzen den bitartean. Ez dute lotsarik, ez! Emilen Castro Oteo. Irakaslea.

Renault ez da 'laguna'
1.jarduera Zuzendariari idatzitako gutun hau kexa gutuna da. Emakume honek jaso duen zerbitzua salatu nahi du. Zure txanda da: orain zeu kexatuko zara. Bi aukera dituzu horretarako: 1. Zuk ere produktu bat erosi duzu eta haren kalitate txarra salatu nahi duzu . 2. Jatetxe edo ile-apaindegi batera joan zara eta jaso duzun zerbitzuaren kalitate eskasa salatu nahi duzu. 2. jarduera Renaulten lan egiten duen auto-saltzailea zara eta emakume honi erantzun nahi diozu argi uzteko zuen zerbitzua eta zuen autoak ez direla txarrak. 3. jarduera Erreklamazio bat idatzi behar duzu. Gogoratu azaldu behar dituzula erreklamazioa egiteko arrazoiak eta zer lortu nahi duzun edo nola konpondu ahal den arazoa.

Renault ez da 'laguna'
Larunbata da. Autoa hartu eta bazoaz asteburu-pasa. Autobide erdian piztu zaizu txibatoa; hasi da kea motorretik irteten, zuria hasieran, grisa gero, beltza, eta autoa gelditu zaizu bihurgune arriskutsu batean, lehertzear dagoela ematen du. Ez dago bide bazterrik; irten zara autotik lasterka, eta 112ra deitu. Etorri da Ertzaintza, eta jabetzen zara zortea izan duzula, gaitz erdi, ez zenuen atzean kamioirik! Baina hurrengo egunean errealitateak gogor astintzen zaitu. Joan tailerrera eta motorra erabat hondatuta dagoela esaten dizute, eta 9.600 euro ordaindu behar dituzula! Jo Renault Espaara, azaldu tailer ofizialera eraman duzula beti, esan autoa ez duzula sekula egurtu, erregutu, baina, azkenean, putza. Hor dago autoa, itxuraz berri eta barrutik ustel. Renault marka serioa dela uste baduzu, fidagarria, segurua, oker zaude. Renault ez da Laguna. Ez fidatu irribarre faltsuez! Miren Itziar Gomez Sarasola. Irun.

Zezenketak debekatzeko eskaera


1. jarduera Iturrama Institutuko ikasleek zezenketak debekatzeko eskaera egin dute, bai eta horretarako arrazoiak azaldu ere. Ados zaude zezenketak debekatzearekin? Zergatik? Orain, zezenketak debekatzearen inguruko iritzi artikulua idatziko duzu. 2. jarduera Zuri zezenketak gustatzen zaizkizu eta institutuko ikasleei erantzun nahi diezu zezenketak artea direla azaltzeko. Egunkarira bidaliko duzu gutun bat zezenketen zaleen arrazoiak jakinarazteko eta gizarteak zuen zaletasuna hobeto uler dezan. Zezenketak debekatzeko eskaera Zuzendari jauna: Irueko Iturrama Institutuko DBHko 2. mailako ikasleak gara, eta zezenketei buruzko iritzia eman nahi dugu Kataluniako Parlamentuak horren abolizioa eztabaidatuko duela irukurri ondoren. Gure iritziz, zezenketak debekatuta izan beharko lirateke dagoeneko. Hasteko zezen-plazara animalia baten sufrimenduaz gozatzera joateak ez du ezer onik esaten, ez pertsonei buruz, ezta bizi garen gizarteari buruz ere. Ez gaude gaixorik gozatzen badugu beste izaki bizidun baten sufrimenduaz? Jendeak esaten du zezenketa tradizioa dela. Tradizioak mantendu behar dira indarrean biktimak daudenean? Bakarrik tradizioa izateagatik? Hala izanez gero, esklabutza, gladiadore borrokak eta apartheid-ak indarrean segituko zuten? Beste gauza bat entzun behar dugu ere: zezena duintasunez hiltzen dela, baina gure ustez duintasuna gizakiok asmatutako kontzeptua da, eta zezenak ez daki zer den hori. Zezenak mina sentitzen du, besterik ez. Azkenik, entzuten dugunean zezenketa artea dela eta toreatzaileak Arte Ederretako domina merezi duten artistak direla, galdetzen dugu: orduan, beste animalia mota bati tratu txarrak egiten badizkiogu zergatik eramaten gaituzte epaiketara? Jaime Balmes filosofoak esan zuen bezala el arte es arte y las corridas de toros son barbarie eta Jacinto Benavente antzerkigile eta Nobel Sariak las corridas de toros son un vicio de nuestra sangre envenenada desde antiguo. Esandakoagatik nahi genuke gizarteak hausnartu dezan eta etorkizunean zezenketak debekatzea milaka zezenen sufrimendua saihesteko. Besterik gabe, agur t'erdi. Irune Legarda eta Jose Mari Mendiola. Iturrama Institutuko ikasleak (Iruea).

You might also like