You are on page 1of 3

ZINEMAREN EGOERA GAUR EGUN

Jakin badakigu zinema estu eta larri dabilela azken boladan. Orain dela gutxi agertutako
datuen arabera, adibidez, Bizkaian azken lau urteotan, 600.000 ikusle galdu ditu. Baina hori
ez da beti horrela izan. Hasiera batean, orain dela 50 urte inguru, telebistarik ez zegoenez,
jende guztia zinemara joaten zen, esan dudan bezala, beste aukerarik ez baitzegoen
eguneroko bizimodu gogorretik ihes egiteko eta momentu batzuetan, behintzat, beste
"mundu batzuetan" sartzeko. Benetako krisia 80. hamarkadan suertatu zen: hainbat eta
hainbat areto itxi behar izan zituzten herri askotan. Esate baterako, Gernikan berton ere
hiru egotetik bakarrera pasatu ginen.
Zer dela eta gertatu da hori? Arrazoiak ugariak izan daitezke. Lehenengo eta behin,
teknologia berrien agerpena egongo litzateke (bideoa, DVDa...). Horiek askoz erosoagoak
dira, zeren eta nahi duzun filma ikus baitezakezu inolako ilararik itxaron gabe eta nahi duzun
orduan eta etxean. Bestalde, sarreren prezioak ere aipatzeko modukoak dira. Gaur egun, ia 6
euro ordaindu behar dira eta, gainera, hiriburuetako aretoetan ikusi nahi izanez gero, bidaia
eta beste gastu batzuk gehitu beharko lirateke. Azkenik, pirateriaren fenomenoak ere badu
zerikusia.
Horrek guztiak, jakina, ondorio nabarmenak izan ditu zinemaren arloan. Jendeak filmak
alokatzeko gero eta joera handiagoa du; ondorioz, bideo klubak ugaritzen ari dira eta,
horrekin batera, zinemak ixten, ikusle kopurua ikaragarri jaitsi delako. Aretoetara gero eta
pertsona gutxiago doanez, egiten diren film ugari bideo-klubetan alokatzeko baino ez dira
sortzen eta horien kalitatea txarra da. Hona hemen beste ondorio bat: nazio batzuetako
zinemagintza oso txarto dabil, industria horretako lanpostu asko eta asko galduz.
Hala ere, zenbait aldaketa eginez gero, zinemaren egoera hobe daiteke. Sarrerak merkatuko
balira edota deskontuak bultzatu, ikusleak gero eta sarriago joango lirateke aretoetara.
Baina hori posible izateko, zinemak diru-laguntza publiko gehiago ere jaso behar izango
lituzke, zeren eta horrek merkatu egingo bailuke produktua eta, ondorioz, sarreren prezioa.
Azken irtenbide horri beste bat lotu diezaiokegu: aretoen kalitatea hobetzea. Askoz
erosoagoak bihurtuz gero eta azken teknologiez hornitu, ikusle kopuruak gorantz egingo
lukeelakoan nago.
Amaitzeko, zera azpimarratu nahi nuke: guztiok dakigu zinemaren egoera larria dela eta, hala
eta guztiz ere, ez dugu ezer egiten egoera hobetzeko, nahiz eta gure esku egon. Dagokigun
apurtxoa eginez gero, pixkanaka hobetuko litzateke egoera. Baina guztiok hartu behar dugu
parte horretan, guztion arazoa baita: enpresariek, langileek, zuzendariek, aktoreek, ikusleok
eta, batez ere, Gobernuak. Guztiok ahaleginak eginez gero, irtenbideren bat aurkituko
litzaioke zazpigarren arteari eta posible egingo genuke Hitchcocken esaldi famatu hura:
"Errealitatearen eta irrealitatearen arteko zubia da zinema; ez dezagun eten inoiz berau".

Uzuri Madariaga

www.euskarians.wordpress.com
ZARATA
"Ta-ta-ta-tatata..." Obra publikoetan gailu mekanikoek eragiten dituzten soinu desatseginak
edozein elkarrizketatako soinuak itotzen ditu. Etxean ondo entzuten ditudan alabaren
negarrak kalean entzungaitz bihurtzen dira, trafikoaren zarataren ondorioz. Konturatu gabe,
gure bizitzako egoera askotan zarataren eraginaren menpean gaude; eta lehen garrantzirik
ematen ez genion fenomeno hori gaur egun kutsaduratzat hartzen dugu. Hain zuzen ere,
kutsadura akustikoa da, eta kaltegarria dela frogatuta dago.
Zarataren definizioa ez da zaila. Desatsegina den eta ondorio txarrak izan ditzakeen
edozein soinu zarata da. Zer esanik ez, ondorio txarrek osasunari egiten diote
erreferentzia. Izan ere, horietako batzuk ondo aztertuta daude: entzumenaren gutxipena
eta galera, sabeleko mina, estresa, sumingarritasuna eta lo egiteko zailtasuna. Gauzak
horrela, orain dela hamarkada batzuetatik hona, zaratari dagokion arreta eman diote
agintariek, eta haren maila egokia arautzen hasi dira. Gu geu herririk zaratatsuenetariko
batean bizi gara, eta dirudienez legeztapena onartzea kostatzen zaigu, agian edozein muga
txarto iruditzen zaigulako.
Baina guztiz beharrezkoa da zarata kontrolpean jartzea; are gehiago, zarata iturriak asko
direnean. Hasieran aipatuaz gain, zerrenda luzea aurki daiteke: tabernak, jaiak, trena (eta
bidegurutzetara heltzen denean erabiltzen duen txirrin beldurgarri hori), lantegi
zaratatsuak, makinak (elektrotresna batzuk, horien artean)... Adibidez, gauez ordenagailua
erabiltzen baduzu, haizagailu txiki baten burrunbatxoa entzun dezakezu (goizez edo
arratsaldez, normalean ez gara konturatzen).
Konponbideak, orduan, ongi etorriak izango dira. Martxan jarri ahal dituzten neurriak ere
asko dira: makina eta tresna isiltxoagoak produzitzeko ikerketak bultzatzea, industriak
herriaren kanpoan dauden gune berezietan jartzea, trenbideak erdigunetik ateratzea,
azpiegiturak ondo kokatzea, tabernetako paretak bermaraztea zaratak motel ditzaten... A!
Eta "botiloiak" eta kaleetan astebururo gazteek egiten dituzten parrandak debekatzea. Kasu
hauetan, nire ustez, auzokideen atsedena garrantzi handiagokoa da. Ondo deritzot herriko
jaietan horrelako ekintzak onartzeari, egun batzuk baino ez dira eta. Baina edozein egunetan
eta edozein lekutan botiloi horietako bat egiteak ez dauka ez bururik, ez hankarik. Jaiak
besteen eskubideak errespetatuz egin behar dira, beti.
Lehengo batean telebistan entzun nuen berri batekin amaitu nahi nuke idazlana. Aste Santua
dela eta, monasterioetara joaten direnei buruzko berria zen. Leiren dagoen monasterio
famatu batean hamahiru leku daude honelako turismoa egiteko. Eta horra hor, Madrilgo bat
haraino abiatu zen, eta lehenengo gauean begiak batu ezinik geratu zen, isiltasunaz
harrituta. Hori kontuan hartuta, zarataren kontrako neurriek geure osasuna hobetuko dute,
eta baliteke isiltasunaz harritzea ere baztertzea.
Manu Conde

www.euskarians.wordpress.com
Azter ditzagun hurrengo testuak, horretarako ihardetsi
itaun hauek.

1. Zer deritzezu idazlani, gainditzeko modukoak ala ez?


Zergatik?

2. Testu hauen egitura egokia al da?

3. Zer azpimarratuko zenuke? Zein egitura erabil


zenezake zeure idazlana egiteko?

www.euskarians.wordpress.com

You might also like