You are on page 1of 1

“XAKE MATE” - Liburua

Idazlea: Alberto Ladron

(Elkar, 2002)

Alberto Ladronen hainbat nobela proposatu izan ditugu dagoeneko, baina Xake Mate hau,
egileak idatzitako lehenengoa, ezkutuan pasa zaigu orain artean eta ahaztura txiki hori
konpontzera gatoz orain.

Bigarren mundu gerra osteko Alemanian kokatzen da istorioa. Mutila –ez da protagonistaren
izenik aipatzen– elbarri geratu da: berna batean izandako zauria era egokian tratatu ez eta
zangoa anputatu diote. Aulki gurpildunean dago. Ama alarguna kezatuta dago eta mutila
kalera behartu du, bera lanera joan behar duen bitartean gaztetxoa etxe zokoan gera ez dadin
egun osoan. Gainontzeko umeek ez dute beren jolasetan onartzen. Bakarrik Angela arduratuko
da berarekin, hurbildu eta lagun minak bihurtuko dira neska-mutilak.

Herriko jubilatuak beste zer eginik ez eta Bavaria tabernako mahaietan elkartzen dira
garagardoa edatera eta xakean jolastuz denbora-pasan.

Direla urte batzuk, aita zuenak erakutsi zizkion mutikoari xakearen hastapenak eta liburu bat
utzi, bere kasa, aurrera egin zezan jokoaren sekretuak ikasten.

Bavariako bezeroengana hurbildu da mutila. Baita Hilde jabearengana ere, haren abaroan
izango da mutiko elbarria. Hilde negozio ilunetan dabil. Marlene Dietrichen sekulako antza du.

Angelaren ama alargunak irtenbide bakarra du aurrera egiteko eta Torrelli jaunarekin ezkondu
da. Italiarrak latz tratatzen du alabaordea eta mutilak ez du hori onartuko eta "soluzioa" topatu
nahi izango dio arazoari.

Pertsonaiak eta giroa oso ondo marraztuta daude. Alberto Ladronek oso ondo lotzen ditu
gertakariak, horiek oso sinestekoak ez badira ere. Kapituluak laburrak dira. Egilea ez da
deskripzio handietan murgiltzen, akzioa da nagusi –arraroa xakearen inguruko liburu batean,
ezta?

Irakurketa arina eta emozioz betetakoa egingo zaigu. Ladron ezagutzeko liburu aproposa izan
daiteke Xake Mate hau. Irakur ezazu, gustukoa izango duzu!

You might also like