You are on page 1of 138

Alberto Ladron Arana

AURKIBIDEA
“Kredituak”
“1. kapitulua”
“2. kapitulua”
“3. kapitulua”
“4. kapitulua”
“5. kapitulua”
“6. kapitulua”
“7. Kapitulua”
“8. kapitulua”
“9. kapitulua”
“10. kapitulua”
“11. kapitulua”
“12. kapitulua”
“13. kapitulua”
“14. kapitulua”
“15. kapitulua”
“16. kapitulua”
“17. kapitulua”
“18. kapitulua”
“19. kapitulua”
“20. kapitulua”
“21. kapitulua”
“22. kapitulua”
“23. kapitulua”
“24. kapitulua”
“25. kapitulua”
“26. kapitulua”
“27. kapitulua”
“28. kapitulua”
“29. kapitulua”
“30. kapitulua”
Diseinua: Borja Goitia
Azala: Alex Ladrón Arana
Egilearen argazkia: Juantxo Egaña
© Alberto Ladrón Arana
© Elkarlanean S.L. Donostia 2006
ISBN 978-84-9783-854-2
Elkar argitaletxea
Portuetxe kalea, 88 bis
20018 Donostia
Tel. 943-31 02 67
Fax: 943-31 02 16
Eragotzita dago, legeak ezarritako salbuespenetan izan ezik, obra
honen edozein berregintza, komunikazio publiko edo moldaketa, aurrez
jabetza intelektualaren titularren baimena eskuratzen ez bada. Eskubide
horien urraketa jabetza intelektualaren aurkako delitu bezala har daiteke
(Kode Penaleko 270 eta hurrengo artikuluak). CEDRO erakundeak (Centro
Español de Derechos Reprográficos –www.cedro.org–) babesten ditu aipatu
eskubide horiek.
elkarlanean@elkarlanean.com
www.elkarlanean.com
1
Anek palaren punta lurrean bermatu eta kopetako izerdia xukatu zuen.
Bi ordu emanak zituen sagarrondo ilara aldatzen eta akiturik zegoen.
Arnasa lasaitu bitartean, zeruertzera begiratu zuen. Mendi isilen lerroen
atzetik, eguzkia hodei trinkoen artean itota sartzen ari zen. Arratsaldeko
zazpiak ziren eta hain goiz iluntzeak itzal bat jarri zion Aneri bihotzean. Ez
zuen udazkena maite. Iluna zen eta tristezia eta heriotza iragartzen zituen.
Burua astindu zuen. Ez zuen halako ergelkeriez pentsatu behar.
Baina zaila zen toki hartan pentsamendu alairik bururatzea.
Beragandik hogei metrora altxatzen zen baserrira begiratu zuen.
“Eguzkienea”, pentsatu zuen, ezinezkoa izen desegokiagorik asmatzea!
Nekez sinesten ahal zuen aitona Matias etxe izugarri hartan bizi zenik. Hiru
solairuko baserria erdi erorian zegoen. Harrizko horma astunak belzturik
zeuden eta sastrakak gora egiten zuen zuloz jositako teilaturaino. Barnea are
egoera okerragoan zegoen. Mendi bakarti baten magalean egonda, eta
eskualde hartako eguraldi gupidagabearen laguntzaz, utzikeriak hondamena
zekarren ezinbestean. Eta, antza zenez, aitona Matias ez zen batere arduratu
bere bizitokiaz.
Hamaikagarren aldiz, Anek bere buruari galdetu zion nola zitekeen
aitona halako zulo batean bizitzea. Bizi bakarrik ez, gogorarazi zion bere
baitako ahots batek, hil ere harpe horretan egin zunan.
Begiak gogor itxi zituen. Ez zien pentsamendu beltz haiei bide eman
behar. Martxa hartan sekula ez zuen bukatuko sagarrondoak aldatzen.
Artean hiru zuhaixka falta zitzaizkion, erosi zuen dozenatik. Bost aste
lehenago, Eguzkienea konpontzen hastea erabaki zuenean, ideia ona iritzi
zion zuhaitz gazteak aldatzeari: ukitu alai bat emanen zioten etxe ilunari.
Hiritik alde egin eta Naturan bizitzeko gogo lausoa izan zuen Anek
betidanik. Orain, ezustean, aitonaren heriotzak ahalbidetuko zuen amets
hura. Irribarre nekatua egin zuen: sinesteak lanak ematen bazizkion ere,
hogeita bi urte bete berritan etxejabea zen.
Eguzkia erabat ezkutaturik zegoen mendi konkortuen atzetik. Inguruko
gaztainondo tantaiek itzalak besterik ez ziren. Koloreak amatatu egin ziren,
argia beira hautseztatu batetik iragaziko balitz bezala. Eguzkieneak are
itxura mehatxagarriagoa hartu zuen. Ilea biltzen zion buruzapia egokituta,
Anek hasperen egin zuen. Aldatzeko falta zituen zuhaixkei so eginda,
biharamunean jarraitzea erabaki zuen. Azken batean, ez zuen inolako
presarik: mugagabeko oporretan zegoen. Pala lurrera bota eta laneko
eskularruak eranzten hasi zen.
Orduan ikusi zuen.
Egiten ari zen zuloaren hondoan zegoen. Distira ahul bat zen, une
batez arrastiriko argitasun hitsa islatu zuena. Ideia batek barre eragin zion
Aneri: Urrea, pentsatu zuen, urrea aurkitu dinat. Irri ozenagoa egin zuen.
Baina Eguzkieneak itzuli zizkion oihartzunek ezpainetan izoztu zioten
keinua. Zuloaren ondoan belaunikatu eta gauza distiratsu hura ukitu zuen.
Metalaren hotza. Urrearen ideia txoroak barre eragin zion berriz ere.
Zergatik ez? Azken batean, askotan aurkitzen ziren halako altxor txikiak
baserrietan. Baserritar bakartiek ez zuten konfiantza handirik izaten
bankuetan. Eta, tira, aitonaren heineko xelebrekeria litzateke hura.
Eskuaz garbitu zuen metal zatitxoa. Bala punta zorrotz baten itxura
zuen, baina ilunpe hartan zaila zen zehaztea. Anek tira egin zuen, baina
lurrak ez zuen misterio txiki hura askatu nahi izan. Eta pala erabiliz gero
apurtzeko arriskua zegoen. Etxera joan eta labana eta eskuargia hartzea
erabaki zuen.
Lanabesak hartuta zulorantz itzultzen ari zela, hobeki pentsatu eta
baserri ondoan aparkaturiko bere Renault 5a martxan jarri eta zuloaren
parera eraman zuen, argiak piztuta. Berriz ere zuloaren ondoan belaunikatu
zenean, garbiago ikusi zuen metalezko zer hura. Labanaren puntaz objektu
haren inguruak garbitu zituen. Autoaren fokuek bortizki argitzen zuten
ahotik zerion lurrina. Baina Anek ez zuen hotzik. Arreta osoa ziritxo
distiratsua askatzeko ahaleginean zeukan jarrita. Lana ez zen samurra: lurra
oso trinkoa zen eta, antza, zain lodi batek gogor harrapatzen zuen altxorra.
Labanaz zaina ebakitzen saiatu zen, baina ezin. Harria bezain gogorra zen.
Zulatzen segitu zuen. Lurra iluna zen eta usain hezea zabaltzen zuen.
Labanak harritxo ilara horixka bat utzi zuen agerian.
Orduan ohartu zen Ane haiek ez zirela harriak.
Hortzak ziren. Haietako bat, urrezkoa.
Jauzi batez zutitu zen. Ezin zituen begiak izugarrikeria hartatik
aldendu. Beldur taupadak sentitzen zituen lokietan. Ingurura begiratu zuen,
babes bila. Zuhaitzen itzal okerrak eta Eguzkienearen masa beltza besterik
ez zuen aurkitu. Autoaren argietan, hortz ilarak distira makurra zabaltzen
zuen. Urrezko letaginak irrealtasun eramanezin batez kutsatzen zuen
ikuskizuna.
Hala ere, seguru egon behar zuen. Beldurra eta nazka gaindituz, labana
hartu eta hortzen inguruko lurra urratzen hasi zen Ane. Handik ordu
laurdenera autoaren aurrealdean eseri zen. Ero moduan aritua zen zulaketan,
eta izerdia bizkarrean hozten sentitzen zuen. Hotzeria harrapatzeko
arriskuaz ohartu bazen ere, ez zuen mugitzeko imintziorik egin.
Zozoloturik, urratu berri zuen zulora begiratu besterik ezin zuen egin.
Lur mokorren artean, burezur horixka batek lurrez betetako begiez so
egiten zion.
Negar kontrolaezin batek hartu zuen Ane. Izuaren izuz ari zen
negarrez, baina ez zien beldurra hezur zahar haiei, ideia lazgarri bati baizik.
Eguzkienean emandako aste haietan burutik haizatzen saiatu zen
izugarrikeria hura. Baina orain onartu beharra zuen.
Aitona ero garbia zunan.
Segidan, bere buruak beste bi ideia sortu zituen:
Aitonak gizon hau lurperatu zinan. Aitonak gizon hau hil zinan.
2
Dena sei aste lehenago hasi zen, telefono dei batekin.
–Ane Duhalde andereñoa? –galdetu zuen gizonezko ahots sudurkari
batek.
–Bai.
–Mikel Aramendia naiz, Foruzaingoko tenientea. Gure datuen arabera,
Matias Duhalderen biloba zara.
Lipar batez telefonoak isila besterik ez zuen transmititu. Anek
egongelako telebistari begiratu zion. Bazkalosteko film gatzgabe baten irudi
lasaigarriak. Telefonoa eskegitzeko gogo eutsiezina gaineratu zitzaion.
Iruñeko polizia-etxeko bere bulegoan, Aramendia tenienteak arnasa
hartu zuen, pisu handia jaso behar duenak bezala.
–Egunak dira zu aurkitu nahian nabilela –erran zuen–. Berri txar bat
eman behar dizut, Duhalde andereñoa. Zure aitona hil da. Joan den
astelehenean aurkitu genuen, baina uste dugu gutxienez bi aste zeramatzala
hilik. Auzitegiko medikuaren arabera, bihotzekoak jota hil zen. Sentitzen
dut.
Ane zer erran ez zekiela gelditu zen. Telebistako irudiei so egin zien,
eta bihotz-bihotzez damutu zen deia hartu izanaz. Asteak ziren telefonoa
hartzen ez zuela. Zergatik hartu behar izan zuen dei hura? Begiak gogor itxi
zituen, ezustean gaineratzen zitzaion zoritxar hari bidea eragotzi nahirik.
Anek ez zuen oroitzen aitona Matias sekula ikusia. Non bizi zen ere ez
zekien. Ezta axola ere. Behin, aitak erran zion aitonak aspaldi alde egin
zuela etxetik, Anek hiru bat urte zituelarik. Aneri deigarria gertatu zitzaion
aitak “alde egin” hitzak erabiltzea, baina ez zen argibiderik eskatzera
ausartu. Urtetan zehar, Anek behin baino gehiagotan izan zuen gogoa
aitonaz galdetzeko, baina susmoa zuen aitak gaizki hartuko zuela galdera.
Aitona Matias familiako tabua zen, eta haren izena ez zen aipatu ere egiten.
Anek kontu egiten zuen aita samindurik egonen zela aitonaren alde
egiteagatik. Aferaz pentsatzen zuen aldi bakanetan denetariko arrazoi ilunak
bururatzen zitzaizkion desertzio misteriotsu hura azaltzeko. Bi urte ziren
minbiziak aita eraman zuenetik. Orduan aitona Matias bilatzeko ideia
bururatu zitzaion Aneri, berri txarra emateko, baina ahulegi eta haserretuegi
zegoen ezezagun haren bila hasteko.
–Hor zaude, Duhalde andereñoa? –Aramendiaren ahots sudurkariak
kezka arina nabarmendu zuen.
–Bai, hemen nago.
–Badakit kolpe latza dela. Nahiko nuen lehenago jakinaraztea, baina
ezinezkoa izan zait. Hilotza aski egoera txarrean zegoenez, hortzen bidez
identifikatu behar izan dugu. Besteak beste, herentzia kontuak direla eta.
–Herentzia?
–Matias Duhalde jaunaren ondasun guztien hartzailea zara –azaldu
zion Aramendiak–. Dakidanaren arabera, Urraul ibarrean kokaturiko lur sail
batzuk eta Eguzkienea izeneko baserria. Baina hau guztia notarioak
jakinaraziko dizu zehazkiago.
Afera irrealtasun kutsu kezkagarria hartzen hasia zen. Apur bat
lotsaturik, Anek azaldu zion foruzainari ez zekiela aitona non bizi zen, eta,
minutu batzuk lehenago arte, ezta bizirik zegoen ere. Poliziak eztarriko hots
laburrekin laguntzen zituen Aneren hitz urduriak.
–Tokia ez dago oso urrun –azaldu zion foruzainak–. Berrogeita hamar
bat kilometro besterik ez. Ibarreko udaleko idazkariaren telefonoa emanen
dizut, etxea ez baita aurkitzeko batere erraza. Idazkariak Loperena du izena,
oso gizon jatorra. Pozik lagunduko dizu.
Eskegi zuenean, Anek ez zekien nola sentitu behar zuen. Nahasirik
zegoen, eta batez ere triste sentitzen zen. Izugarria zen aitona Matias urte
haietan guztietan beragandik hain hurbil bizi eta sekula harekin elkartu edo
hitz egin nahi ez izana. Anek hasperen egin zuen. Azken batean, bere seme
bakarraren hiletara agertu ez bazen, zer axola behar zion bere bilobak?
Hurrengo egunetan Anek hainbat agiri sinatu zituen. Aitonaren
lurperatzearen lekuko bakarra izan zen. Eginkizun triste haiek amaituta,
autoa hartu eta Urraul ibarrera joan zen. Bezperan ibarreko idazkariari deitu
eta hitzordua egina zuten. Loperenak aitonaren baserrira eraman zuen bere
Patrol kirrinkarian. Mendi arteko bost kilometroko bide kaskarrean gora
zihoazela, gizon ttipi urduri hark aitortu zion aitona Matiasek txakurra izan
zuela.
–Zoritxarrez, erotu egin zen sendagilea zure aitonarengana hurbiltzen
ikusita –erran zuen lotsaturik–. Hil egin behar izan zuten. Sentitzen dut.
Loperenak erakutsi zion aitonaren gorpua aurkitu zuten tokia.
Baserriaren beheko solairuko sukaldean omen zegoen. Auzitegiko
medikuaren aburuz, hamar egun baino gehiago zeramatzan hilik. Antza,
txakurraren zaunka penagarriei esker hartu zuten susmoa bizilagun
bakanek.
–Duhalde jauna ez zen oso gizon jendartekoa –azaldu zion
Loperenak–. Sekula ez zen herrira jaisten. Ez zuen postarik jasotzen eta
inork ez zekien non egiten zituen erosketak. Egia erran, nola zuen izena ere
ez zekien jende gehienak. Aurkitu zuen bizilagunak niri deitu zidan. Ez
zekien zer egin. Mediku eta poliziarekin etorri ginen.
Zaila zitzaion Aneri aitonari buruzko sentimenduak zehaztea.
Eguzkienean sartu arte, halako haserre edo amorru urrun batez pentsatzen
zuen ezezagun hartaz. Seguruenik, aitak ereindakoa zen ernegu haren zati
handi bat. Baina baserri ilun hartan sartu zenean, Aneren sentimenduak
erabat aldatu ziren: gogoz kontrako erruki batek hartu zion lekua gorrotoari.
Zeren, begi-bistakoa zenez, aitona Matias ez baitzegoen bere senean.
Ez ziren Loperenak zeharka iradokitakoak bakarrik. Ezta aitaren
isilune muturtuak ere. Eguzkieneak oihuka aldarrikatzen zuen bere jabe
ohiaren eromena. Leiho guztiak iltzaturik zeuden eta gehienetan izar eta
zirkulu itxurako ikur gorriak ikus zitezkeen. Zenbait gelatan usoek habiak
egin zituzten eta goiko solairuetan saguen harat-honata entzuten zen.
Egunkari zahar pilek metro beteko garaiera hartzen zuten bazterretan. Anek
Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko kazeta horixkak begiztatu zituen.
Zoko usaina jasangaitza zen. Geletako ate gehienak giltzarrapoz itxita
zeuden. Ez zegoen modurik bigarren eta hirugarren solairuetara igotzeko:
altzari zaharrek eta zakar metek erabat trabatzen zuten bidea. Loperenak
giltza-sorta handi bat eman zion. Azaldu zion aitonak ezkutaturik zeramala
gerri inguruan lotutako kate batean. Giltzen artean baserriaren atzean ikusi
zuten Renault 8 herdoilduarena zegoen. Loperenak beste zerbait erakutsi
zion. Otsoak harrapatzeko zepo astun bat zen. Aitonaren ohearen ondoan
aurkitu omen zuten, zabalik.
Baserriaren aurreko zabalgunera atera zirenean, Anek esker isilak
eman zituen udako eguzkiagatik. Arima zimeldurik sentitzen zuen.
–Zer egin behar duzu etxearekin? –galdetu zion Loperenak, ibarrera
itzultzeko bidean–. Landa turismoa indar handia hartzen ari da bazter
hauetan. Saldu nahi izanez gero, ez duzu arazo handirik izanen.
Anek pentsatuko zuela erran zion Loperenari. Egia zen. Hurrengo
egunetan buru-belarri hausnartu zuen kontuaz. Aurreko ikasturtean
autoentzako piezak egiten zituen lantegi batean aritua zen asteburu eta
jaiegunetan. Bestalde, aita zenak utzitako dirua zeukan. Eta gurasoen etxean
bizi zenez, ez zuen gastu handirik. Diru premiarik ez, beraz. Hala ere, orain
lanik gabe zegoen. Psikologia ikasketak amaitu berriak zituen, baina
tituluarekin –eta, are okerrago, bere bizitzarekin– zer egin ez zekien. Eta
jakiteko premia larria zuen.
Gainera, Jon zegoen.
Sei hilabete ziren Anek harreman gorabeheratsu hura amaitzeko
kemena bildu zuenetik. Bost urte aurrerago Jon ezagutu zuenean, Anek
pentsatu zuen bere bizitzako gizona aurkitu zuela: hogei urte bete berritan
(Anek hamazazpi zituen orduan), Jonek gizon betea ematen zuen. Bere
aitaren banaketa enpresa txikian lan egiten zuen, furgoneta gidatzen zuen,
eta helduen hizkera eta kezka serioak zerabiltzan. Alde ederra institutuko
mukizuekin.
Hasieran munduko neskarik zorionekoena sentitu zen Ane. Egia erran,
ezin zuen sinetsi halako mutil batek bera aukeratu izana: Ane sekula ez zen
oso erakargarri sentitu. Ez zen garaia, kolore zehaztugabeko ile hezikaitza
zuen, eta, batez ere, loditzeko joera kezkagarria. Sakrifizio itzelak eginez
bakarrik lortzen zuen Joni gustatzen zitzaizkion arropetan sartzea.
Batzuetan –batez ere Jon urrun sumatzen zuenetan– Anek egunak ematen
zituen jan gabe. Gosea jasanezin bihurtzen zenean, ordea, hozkailura jo eta,
inongo izakirik zikinena sentituz, aurkitzen zuen guztia kolkoratzen zuen.
Anorexian erortzeko beldur zen, baina bere buruari erraten zion tortura
noizbait amaituko zela, egunen batean dena konponduko zela. Gainerakoan,
Anek bazekien alde onak zituela: argia zen, langilea, eta gustu ona zuen
liburuak eta filmak aukeratzeko. Jakin-min itzela zuen, eta munduan zer –
eta, batik bat, zergatik– gertatzen zen jakitea atsegin zuen.
Zoritxarrez, Jonek gustu haiek gutxiesten zituen. Horrek apur bat
goibeltzen zuen Ane, baina bazekien mutil guztiak antzekoak zirela.
Garrantzitsuena Jonek maite zuela jakitea zen. Egia zen mutilak ia sekula ez
ziola halakorik erraten, baina Anek bere burua lasaitzen zuen: Jonek
berarekin jarraitzea zen maitasun frogarik hoberena. Horregatik, Jonen
noizbehinkako mespretxuak eta irainak txintik erran gabe irensten zituen,
zeren, azken batean, non aurkitu behar zuen hura bezalako beste mutilik?
Hala ere, Anek isilean sufritzen zuen. Behin, taberna bateko komunean
negarrez ari zelarik, bere adiskide bakanetako batek Jon uzteko aholkatu
zion. Anek eroturik balego bezala begiratu zion neska hari. Ezin zuen Jon
gabeko bizitzarik irudikatu. Mutil-
-lagunik gabe, dena beldurra eta bakardadea litzateke. Gizen eta
ozpindurik hilko zen.
Dena amaitu zen Ane ustekabez Jonen lantokira joan zen egun batean.
Berandu zen eta langilerik gabeko biltegi handia isilean zegoen. Jon bere
aitaren bulegoan topatu zuen. Haren azpian, bulegoko idazkaria zegoen.
Ane zer erran ez zekiela gelditu zen, ikuskizunak perlesiaturik. Amesgaizto
batean egotea bezala zen. Jonen begi harritu eta suminduak ikusita, ohiturak
hitz bakarra ezpainetaratu zion Aneri: “Barkatu”. Gero, lotsak erretzen,
lasterka alde egin zuen, Jonen oihuek jazarrita. Entzun zituen azken hitzek
mehatxu kutsua zuten: “Itzuliko zara!”.
Baina Ane ez zen itzuli. Lehenbiziko bi asteetan, Jonek hiru aldiz deitu
zion telefonoz. Ez horrela hartzeko, ez zela berriz ere gertatuko, maite
zuela… Anek isilean entzuten zituen Jonen hitzak. Deiek gero eta haserre
biziagoa erakusten zuten. Jon ez zegoen ohituta neskei ezer eskatzera, eta
are gutxiago Aneri. Hau, berriz, bere isiltasun setatian babesten zen. Ez
zuen ezer erraten hitz egiteak beldurra ematen ziolako. Beldurra ematen
zion mutilaren haserrea gehiago hauspotzeak. Eta beldurra ematen zioten
bere ahotik atera zitezkeen hitzek. Jonek amorraturik eskegitzen zuenean,
Anek negarrari ematen zion. Negarrez ematen zituen egunak eta gauak.
Zegoeneko ez zitzaion axola bere itxura: egunero hartzen zituen betekaden
eraginez, ia hamar kilo gizendu zen.
Hurrengo bi asteetan Jonek ez zion deitu. Nonbait, Anek amore eman
eta damuturik itzultzea espero zuen mutilak. Azkenean, bere estrategiak
emaitzarik ez zuela ikusita, Jonek berriz deitu zion. Aurreko deietakoak
hitzez hitz errepikatu zituen mutilak. Anek, baina, aldaketa bat sumatu zuen
bere baitan: telefonoa barik, irratia entzuten ariko balitz bezala zen. Eta
programa oso kaskarra iruditu zitzaion. Jonen hitzak barregarriak ziren.
Lausengu merkeetatik mehatxu erdi ezkutuetara igarotzen zen ahotsa bera
ere bai.
Bat-batean, Anek beldurra sentitu zuen. Oraingo honetan baina, ez zen
bakardadea beldur handiena ematen ziona, bere burua baizik. Izan ere,
beldurgarria zen bost urtez pailazo haren menpe bizi izana. Zer gertatu
zitzaion morroi hura Superman zela sinesteko? Nola egon zitekeen hain
itsu? Norbaitekin egoteko hain premia larria zuen? Jonek, bitartean,
hizketan segitzen zuen. Une hartan hamaika erantzun bururatu zitzaizkion
Aneri, zein baino zein mingarriagoak. Baina, azkenean, telefonoa isilean
eskegitzera mugatu zen. Segidan, haria deskonektatu eta ohe gainean etzan
zen. Hasieran kosta egin zitzaion sentitzen zuenari antzematea. Nonbait,
aspaldi ez zuen halakorik sentitzen. Gero, ohartu zen bakea zela.
3
Gero eta argiago ikusten zuen Anek zer egin behar zuen
Eguzkienearekin. Loperenak iradoki bezala, etxea salduz dirutza polita
atera zezakeen. Eraikina nahiko egoera kaskarrean zegoen, baina itxura
sendoa zuen eta tokia ederra zen, eguzkia egiten zuenean behintzat. Aukera
ona mendietako bakea bilatzen zuen edonorentzat. Hala ere, ez zuen etxea
salduko. Momentuz garbitu eginen zuen. Behar bezala lan eginez gero,
negua baino lehen bukatuko zuen. Bota beharreko traste guztiak bota,
gordetzeko modukoak gorde, eta orduan erabakiko zuen zer egin: berak
egin konponketak, igeltseroak kontratatu… edo besterik gabe saldu.
Ane ohituta zegoen etxeko lanak eta konponketa txikiak egitera.
Beharko ohitu: bera haurra zela hil zen ama, eta aitak egun osoa ematen
zuen lanean. Baina lehenbiziko aldia zen hiritik ateratzen zela, nora eta
mendietan galdutako etxe hondatu batera joateko.
Kontuak nolabaiteko abentura kutsua zuen eta, horrek beldurra eman
arren, Anek ulertzen zuen aukera aparta zela bere pentsamenduetan taxu
apur bat jartzeko, ezagun eta adiskideengandik deskonektatzeko. Bakea
bilatzeko eta bere burua aurkitzeko. Azken batean, aurreko hilabeteak
etxean giltzapeturik eman zituen, lan egiteko bakarrik ateratzen baitzen.
Iraileko bigarren asteburuan joan zen lehenbizikoz Eguzkienean lan
egitera. Bi egun haietan sukaldea besterik ez zuen garbitu, hain zen handia
zikinkeria. Akiturik, auto barnean egin zuen lo: garbiago zegoen eta ez zion
etxeak bezainbesteko izurik ematen. Hala ere, alde egin baino lehen, beheko
solairuko leihoetan margoturiko ikur asaldagarriak ezabatu zituen.
Hotzikara ematen zioten.
Hurrengo bi asteburuetan itzuli zen, eta etxeko atarian hasten zen
korridorearen ezkerretara zeuden gelak garbitu zituen: egongela ilun bat,
komun estua eta sukaldearen ondoko biltegia. Gelaxka hartan ehiza
eskopeta herdoildu bat aurkitu zuen. Postaz kargaturik zegoela ikusita,
kartutxoak atera eta zakar poltsara bota zituen. Gasezko su txiki bat jarri
zuen sukaldean, ez baitzen aitonaren egurrezko sutegi erraldoiarekin
moldatzen. Etxean elektrizitaterik ez zegoenez, pila mordoa eta gasezko bi
kriseilu erosi zituen. Egunaren amaieran, sua egiten zuen etxe aitzinean
bildutako zakar guztiekin. Zenbaitetan, gela haiek garbitu bitartean, etxetik
atera eta negarrari ematen zion. Ezinezkoa zen kobazulo hartan bizi izan
zen gizajoari gorrotorik izatea. Egia zen gizon hark sekula ez zuela interesik
ñimiñoena ere azaldu bera ezagutzeko. Baina, bizimodu penagarri haren
arrastoak garbitu bitartean, Anek ezin zion kargurik hartu errukarri hari.
Hala ere, ohartzen zen martxa hartan ezin izanen zuela abendua baino
lehenago amaitu. Ez behintzat hiru solairuak antzeko egoeran egonez gero.
Adiskideren bati deitzea bururatu zitzaion, baina berehala baztertu zuen
ideia: lotsa ematen zion bere lagun bakanek aitona nola bizi izan zen
ikusteak. Gainera, gustua hartu zion asteburu haietako bakardadeari.
Pentsatzen laguntzen zion, ideiak ordenan jartzen. Behar zuen bakea
bihurtzen zion. Ohartu zen tontakeriaren bat bururatuta barre txikiak egiten
zituela batzuetan. Ia ahaztua zuen bere betiko umorea, ironiatsu eta
zirikatzailea. Barre haiek oso seinale ona iruditu zitzaizkion, ostartetxoak
ekaitzaren ostean.
Gainera, ariketa gogorraren eraginez, argaltzen ari zen.
Urrian erabaki zuen astebete emanen zuela Eguzkienean. Horretarako,
ohe tolesgarri bat eta elektrizitate generadore bat erosi zituen. Kontu handiz
aukeratu zituen jakiak hipermerkatuan. Gozokirik ez, opilik ez. Txokolateen
atalaren aurretik igaro zenean, ahots izugarri bat entzun zuen bere baitan.
Azken bolada hartan askotan entzun zuen ahots hura, eta askotan eman zion
amore. Anek bere kemen guztiaren beharra izan zuen ez gelditzeko. Kutxan
ordaindu zuenean bere buruaz harro sentitu behar zuela pentsatu bazuen ere,
bere baitan ahotsa entzuten jarraitzen zuen.
Egonaldia goxatzen lagunduko zioten gauza batzuk ere eraman zituen:
musika aparailua, disko alai batzuk eta liburu pila bat (autolaguntzazkoak
eta “irakurtzekoak”). Ordenagailu eramangarria ere sartu zuen bidaia
zorroan, eta, Eguzkienean telefono instalaziorik ez zegoela gogoratuta, uhin
bidezko modem garesti bat erosi zuen. Ez zion grazia handirik egin dirua
hala xahutzeak, baina ezin zen Internetik gabe bizi, aitortze hutsak ergel
samarra sentiarazten bazuen ere. Sakelako telefonoak seinale ahula hartzen
zuen mendi haietan, baina gehienetan ongi funtzionatzen zuen. Egia erran,
ez zuen dei asko egiteko edo jasotzeko asmorik.
Horiez gain, aitonarengandik jasotako oroigarri bakarra sartu zuen
bidaia poltsan: harrizko estatua txiki bat, antzinako Egiptoko itxurakoa.
Aitaren arabera, aitonak oparitu zion, baina Ane ez zen oroitzen: bizpahiru
urte besterik ez zuen izanen orduan. Besoak bular gainean gurutzaturiko
emakume baten irudi berdexka zen estatua, hamar bat zentimetrokoa. Anek
“Kleopatra” izena jarri zion. Iruditxoa Eguzkieneara eramatea ekintza
sinboliko ederra iruditu zitzaion.
Baserrira heldu orduko ohe tolesgarri berria jarri zuen, aitonaren
logelako ohe astuna nekez atera ondoren. Hotz egiten zuen, leihoa zabaldu
baitzuen gela egurasteko. Hala ere, linimentuaren usain sarkorrak dilindan
zirauen airean. Logelan nahaspila ikaragarria zegoen. Ohe arropa horixkak
poltsa handi batean sartu zituen Anek, gehiegi ez pentsatzen ahaleginduz.
Deliberatuta zegoen logelaren garbiketa di-da egitera. Ez zuen negarrik egin
nahi. Bere kontuei buruz pentsatzeko joana zen etxe hartara, ez ezezagun
bati errukia hartzera. Dena poltsetan sartu eta iluntzean erreko zuen. Kito.
Armairu ilun zabalaren txanda: barne arropak, atorra maiztuak, jaka
pare bat, modaz pasaturiko praka batzuk… Anek bi poltsa handi atera
zituen korridorera. Arnasa hartu zuen. Dena ongi joanen zen.
Mesanotxearen gainean, edalontzi pitzatu bat eta liburu pare bat. Poltsara
bota zituen, haien izenburuak irakurrita: “Abdukzioak eta CIA” eta
“Poltergeist”. Ziztada mingarria sentitu zuen bihotzean. Beste gela
batzuetan ere halako beste ergelkeria batzuk aurkituak zituen.
Lasai, dena ongi joanen dun, pentsatu zuen. Loperenak erakutsitako
zepoa gogoratu zitzaion. Gela hartan bertan aurkitu omen zuten. Zabalik,
ohearen ondoan.
Mesanotxeko tiradera zabaldu zuen. Pezeta eta euro batzuk, Habanako
zigarro erdi erretako bat, botika pote hutsak… Anek kosk egin zion
ezpainari: berak ere buruko minak izaten zituen noizbehinka. Orain
bazekinat norengandik jaso ditudan. Faktura batzuen azpian, liburu handi
bat zegoen. Anek ahots bat entzun zuen bere baitan. Hitzik gabe, ahotsak
iradoki zion liburu hura botatzeko. Begiratu ere egin gabe. Azken batean,
magia edo espiritismoari buruzko beste zabor bat izanen zen. Aitonaren
eromenaren beste froga bat.
Liburua hartu zuen. Hasperen egin zuen, arinduta: argazki albuma zen.
Lehenbiziko orrialdetik zabaldu zuen. Zuri-beltzezko bi argazki zahar ikusi
zituen: batean begi argiko haur bat zegoen, marinel trajea jantzita. Haurrak
keinu aszetiko batean elkartzen zituen arrosario batez bilduriko eskuak.
Aitonaren Lehen Jaunartzeko argazkia. Beste argazkian haur bera zegoen
zaldiko-maldiko batean. Praka motz-motzak janzten zituen eta zoriontsu
ematen zuen.
Ane lastaira berriaren gainean eseri zen. Artean ez zion plastikozko
zorroa kendu eta karraska egin zuen. Sekula ez zuen aitonaren txikitako
argazkirik ikusi. Egia erran, gizon haren argazki bakarra ikusia zuen:
gurasoen ezkontzan ateratakoa. Baina irudi hartan aitona Matiasek aitona
itxura zuen, aurpegi zimurtua eta ile zuri-
-zuria. Arraroa egiten zitzaion gizon hura inoiz haurra izan zela
pentsatzea. Baina hantxe zuen, eta hunkigarria zitzaion hain ume ederra
izan zela jakitea.
Orriak pasatu zituen. Mendian ateratako argazki batzuk ikusi zituen.
Mutil irribarretsu talde bat. Txapelak, atorra koadrodunak eta larruzko
botak. Argazki batean, aitonak zahatotik edaten zuen. Beste batean, ikurrina
zabaltzen zuen mendi tontor batean. Ez zekien aitona mendizalea zenik. Eta
are gutxiago abertzalea zenik. Aitak erranik, Anek bazekien aitonak
Frantziara erbesteratu behar izan zuela 37an, eta bertan bizi izan zela 50eko
hamarkadara arte. Baina aitak ez zion erbesteratze haren arrazoirik eman.
Eta berak ez zion sekula galdetu.
Hurrengo argazkiak aho bete hortz utzi zuen Ane. Aitona fusila eskuan
zegoen, kamioi handi batean bermaturik. Ez zuen soldadu arroparik janzten,
atorra zuria baizik. Eguzkiak erreta eta oso mehe zegoen. Harekin zeuden
dozena bat gizonek oso talde bitxia osatzen zuten: denak armaturik zeuden,
eta batzuek kaskoak zeramatzaten. Gehienek oihal zerrendak zituzten
besoetan, ongi bereizten ez ziren siglekin. Taldearen atzean Eiffel dorrearen
egitura beltza nabarmentzen zen.
Ene, aitona soldadua izan zunan!, pentsatu zuen. Baina berehala
zuzendu zion bere buruari: aitona gerrillaria izan zen. Frantziako
Erresistentziako gerrillaria?
Luze gelditu zen Ane argazki harrigarri hari begira. Gogoz kontra,
aitonarenganako begirunea hazten sentitu zuen bere baitan. Gelan
metaturiko zabor poltsa beltzei begiratu zien. Zaila zen argazkietako gazte
irribarretsua zikinkeria pila haiekin ezkontzea.
Orria pasatu zuen. Hurrengo argazkia ezaguna zuen: gurasoen
ezkontzaren egunekoa. Aita-amek oso gazte eta oso zoriontsu ematen zuten.
Haien ondoan, aitona serio zegoen. Ordura arte Ane ez zen ohartu aitonak
norainoko antza zeukan aitarekin… baita berarekin ere.
Orria pasatu zuenean, ahoa estali behar izan zuen hunkiturik. Bi
orrialdeak bere argazkiz josita zeuden. Hainbat tamainatakoak ziren, zuri-
beltzezkoak eta koloretakoak. Batzuetan bera bakarrik agertzen zen, eta
beste batzuetan aitarekin edo aitonarekin batera. Amak ez zuen astirik izan
harekin argazkirik egiteko. Irudi guztietan, letra arduratsuko idazkiak
agertzen ziren: “Ane, Sanferminetan” edo “Hondartzan, 1985eko uda”.
Anek estura sentitu zuen eztarrian. Erabakia zuen ez zuela negar
eginen. Ez zuen inoren maitasunik nahi. Sentimendurik gabe bizitzen ikasi
behar zuen. Zauriezin bihurtu nahi zuen. Bere buruarekin haserre, albumeko
azken orriak pasatu zituen. Guztietan bere argazkiak zeuden. Eta irudietako
asko bere gazte denborakoak ziren. Aitak bidaliko zizkion. Azken
orrialdean ile xerlo ilun bat zegoen, zinta arrosa batez bilduta. Zintari
itsatsitako papertxo batean, honakoa irakurri zuen: “Ane, bi urte”.
Anek minutu amaiezinez eutsi ahal izan zien malkoei. Zoritxarreko
garbiketa hari ekin zionetik eusteko agindua zion bere buruari. Baina,
azkenean, amore eman zuen. Ordu luze batez, bere malkoek aitonaren
argazki albumaren orrialde plastifikatuak busti zituzten.
4
Argazki albuma ikusi zuen eguna latza izan zen. Baina hiru egun
geroago, burezurra aurkitu zuen gauean, Anek bere adore guztiaren beharra
izan zuen Eguzkieneatik alde ez egiteko.
Gasezko lanpara piztuta oheratu zen, baina ez zuen begirik bildu.
Etengabe erasotzen zion autoa hartu eta Iruñera joateko ideiak. Bazekien
ordubeteren buruan bere etxeko ohe goxoan egon zitekeela. Alde eginez
gero, ordea, munduko koldarrik handiena sentituko zen. Eta berak ez zuen
koldarra izan nahi. Aldatu egin nahi zuen. Gehiegi ezkutatua zuen burua lur
azpian. Gainera, susmoa zuen ez zuela berriz ere adorerik bilduko
Eguzkieneara itzultzeko. Egunsentira arte itxarotera behartu zuen bere
burua. Itxaropena zuen eguzkiaren printzek lanbroa bezala suntsituko
zituztela pentsamendu beltz haiek guztiak.
Okerrena ez zen burezur makur haren ondoan egotea, arima jaten zion
susmo lazgarria baizik: aitonak lurperatu al zuen gorpu hura Eguzkienearen
aurrean? Hala balitz, zergatik? Zergatik lurperatzen da hildako bat
ezkutuan? Anek ez zuen pentsatu ere egin nahi. Biziki hunkigarria izan zen
aitonaren albuma aurkitzea: gizaki bihurtu zuen Matias aitona. Baina orain
Aneren irudimenean agertzen zen gizona eroa besterik ez zen. Ero
arriskutsua.
Azkenean, zerua zurbiltzen hasi zenean, jaiki eta ur hotzetan murgildu
zuen burua. Gero, kafea berotu bitartean, kanpora atera zen. Hotzez
dardarka, eguzkia sortzen ikusi zuen mendi isilen gainetik. Ez zuen
zulorantz begiratu nahi. Artean ez zegoen prestaturik parte txarreko hilobi
hartara hurbiltzeko. Beharrik, autoak eragozten zion lur iraulia ikustea. Etxe
barrura itzuli zen. Goserik batere ez izan arren, katilukada bat kafe eta
labore apur batzuk irenstera behartu zuen bere burua. Gero, ilea ez
zikintzeko zapi bat buruan jantziz, kanpora atera zen urrats tinkoz.
Eguna garbi-garbia zen eta haize hozkirri batek xuxurla eginarazten
zien inguruko zuhaitzei. Anek astia hartu zuen edertasun hura xurgatzeko.
Bake apur bat barneratuta, zulora hurbildu zen.
Eguzki atera berriaren argitan, burezurrak ez zuen gaueko
amesgaiztoetako itxura izugarria. Arkeologia indusketetako aztarna
kaltegabeen antza hartu zion Anek. Pikotxean jarri eta gertuagotik aztertu
zuen. Hortz batzuk falta zituen, baina ez zuen indarkeria zantzu
nabarmenik. Anek arnasa sakon hartu zuen. Urrezko hortzak metalezko
kakalardo baten distira hila zabaltzen zuen.
Zuloaren ondoan zetzan palari begiratu zion. Ongi legoke zulatzen
jarraitzea? Ez al lioke poliziari deitu behar? Ezetz erabaki zuen. Artean ez
zuen inori ezer errateko asmorik. Ez zuen nahi Eguzkienea poliziaz,
kazetariz eta jende arrotzez betetzerik. Bakea behar zuen.
Pala hartu eta lurra urratzeari ekin zion. Hezurrek distira horixka zuten
eguzkitan. Saihetsezurrak amesgaiztozko katedral baten hondakinen antzera
okertzen ziren. Oihal piltzar usteldu batzuk agertu ziren, gorpua jantzita
lurperatu zuten seinale. Pelbisaren gaineko lurra kenduta, Anek baieztatu
zuen hilotza gizonezko batena zela. Horrek arindu zentzugabe baina
benetakoa eragin zion.
Lanean jarraitu zuen gogotsu.
Praken piltzarren artean, palaren puntak zerbait aurkitu zuen. Lurraren
kolore berekoa zen, eta usain umela zerion. Zikina garbituta, Anek arretaz
aztertu zuen. Larruzko diru-zorro bat zen. Beltza zen eta hezetasunak
puztuta zegoen. Kontu handiz zabaldu eta billete batzuen ertzak ikusi
zituen. Anek mila pezetako lau billete zenbatu zituen. Diru-zorroaren beste
atal batean paper papur batzuk aurkitu zituen. Erabat deseginda zeuden,
ezin antzemateko moduan. Haiekin batera, plastikozko estalki batez bilduta,
neska biluzi baten argazkia zegoen. Kontu handiz, Anek estalkia ireki eta
1986. urteko egutegia zela ikusi zen, Azpeitiko auto tailer batek egina.
Argazkiko neskak orain nolako itxura ote zuen galdetu zion bere buruari
Anek.
Diru-zorroaren azken atalean egin zuen aurkikuntzarik hoberena:
Espainiako nortasun agiri zahar bat. Zorionez, plastifikaturik zegoen.
Hezetasun zetaka horixkek artean irakurtzeko moduan uzten zituzten
jabearen datuak: Carlos Urrutia Arrese, 1916an Donostian jaioa eta
lanbidez aseguru saltzailea. Agiria Donostian egina zen, 1984an.
Margulduriko argazkiak gizon burusoil bizardun bat azaltzen zuen, harritu
itxurako begiez kamerari begiratzen ziona. Bat-batean, Ane ohartu zen
gizon hura lehenago ere ikusia zuela. Tximistak jota bezala, korrika bizian
etxera sartu eta aitonaren argazki albuma hartu zuen. Esku dardaratiekin
pasatu zituen orriak, Parisen egindako argazkia aurkitu arte. Hortxe zegoen
nortasun agiriko gizona, keinu adiskidetsu batekin aitona Matiasi eskua
sorbaldan jarriz. Berrogei urte gazteago, irribarretsuago, ile gehiagorekin,
eta bizar ilunago baten jabe. Baina hura bera zen.
Une luze batez argazki zaharrari begira egon ondoren, Anek ohe
gainean utzi zuen diru-zorroa. Unetik unera, adorea ahultzen sentitzen zuen:
hildakoaren izena eta itxura jakiteak ez zion gehiegi lagundu. Baina aurrera
jarraitu behar zuen.
Hortzak estuturik, etxetik atera eta lanean segitu zuen hezurdura osoa
agerian utzi arte. Pala eta labanarekin aritu zen su eta gar. Hala ere, ez zuen
beste aurkikuntza nabarmenik egin: hezur zurbilak eta arropa piltzar
kiratsuak besterik ez. Etxera joan, Coca-Cola light bat hartu eta hilobiaren
ondora itzuli zen. Biziki damutu zen alkoholik eraman ez izanaz: on eginen
zion tragoxka batek. Autoaren aurrealdean eseri zen. Atsegina zen eguzkiak
epelduriko metala sentitzea. Latatik gogoz edan bitartean, arreta handiagoz
erreparatu zion hezurdurari.
Bat-batean, eztulka hasi zen, edaria kontrako eztarritik joanda.
Zuloaren ondora berriz ere oldartu eta ero moduan miatu zuen iraulitako
lurra. Artean bazegoen aukera bat: hezur haiek txikiak izanik, bazitekeen
lurrarekin batera baztertu izana.
Azkenean, baina, izugarrikeria onartu egin behar izan zuen: gorpuaren
besoetako hezurrek zerra baten ebakidura garbia azaltzen zuten. Hildakoak
eskuak falta zituen.
5
Zer egin behar zuen orain?
Aukerak garbi zeuden: alde batetik, poliziari deitzea zeukan. Haiek
beren adituak ekarriko zituzten, eta berehala argituko zuten nola hil zen
Carlos Urrutia hura. Baina ez zuen halakorik egiteko inolako asmorik. Egia
zen aitonak ez zuela inolako interesik azaldu berari buruz. Eta, bai, oso
posible zen gizona burutik eginda egotea. Baina bere aitona zen, zer arraio!
Eta, ezagutu ez bazuen ere, ez zitzaion ongi iruditzen haren oroitzapena
lohitzea. Bestalde, gogoz kontra bazen ere, aitortu behar zuen argazki
albumak hunkitu egin zuela. Nola salatu behar zuen berari buruzko hain
oroigarri ederrak gordetzen zituen gizona? Aukera bat eman behar zion.
–Ez zakinat nor engainatu nahi dunan, Ane –erran zuen goraki,
zuloaren ertzeko lur irauliari kolpetxoak emanez–. Ez dun aitona babestu
nahi, heure bakea baizik. Ez dun nahi heure burua halako kontu itsusi
batean nahasi. Hori dun dena.
Bestetik, biderik errazena har zezakeen: pala hartu, eta parte txarreko
hezur haiek berriro lurperatu. Kito. Behin betiko ahaztuko zen izugarrikeria
hartaz. Egunen batean etxea goitik behera garbitu, konponketa lanak
egiteko dirua bildu, eta asteburuak eta oporrak pasatzeko landetxe eder bat
edukiko zuen. Auskalo, noizbait bere seme-alabak larre hartantxe jolastuko
ziren. Zoriontsu izanen zen eta ezein oroitzapen ilunek ez zion irribarrea
itzalduko.
Baina ezin zuen halakorik egin. Gehiago jakin behar zuen. Jakin behar
zuen aitonak ez zuela gizon hura hil. Jakin behar zuen aitonak ez zizkiola
eskuak moztu Urrutia hari. Jakin behar zuen aitona ez zela hiltzailea.
Bestela ezinen litzakete etxe hartan bizi. Ezin izanen zuen bakerik izan.
Aurkitu behar zuen aitona errugabea zelako froga. Eta Eguzkienea zen
tokirik hoberena bila hasteko.
Etxera sartu zen. Sukaldeko mahai gainetik eskuargia eta Loperenak
emandako giltza-sorta hartu zituen. Erabaki zuen beheko solairutik hasiko
zuela miaketa. Egia erran, ez zekien goiko solairura heltzeko modurik
izanen zuen, ate itxiek eta zabor pilek erabat galarazten baitzioten bidea.
Sukaldetik abiatu eta etxearen bihotzean barrentzen zen korridorea aukeratu
zuen. Sukaldeko irratia piztu eta Iruñean entzun ohi zuen programa bilatu
zuen. Begiak itxi zituen: ezinezkoa iruditzen zitzaion Eguzkienea bezalako
toki batean irrati saio hura entzutea. Aitonaren harrizko iruditxoa hartu zuen
logelatik. Emaidan zorte ona, Kleopatra, xuxurlatu zuen irribarrez. Kutuna
atorrako sakelan sartuta, korridore ilunean sartu zen.
Hiru ate zeuden ezker aldean eta bat eskuinekoan. Ezkerretik hastea
erabakita, lehenbiziko atearen aurrean gelditu zen. Giltzarrapo txiki bat
zegoen. Hamabost giltza zenbatu zituen aitonaren giltza-sortan. Pazientziaz,
banan-banan saiatu zen. Hamargarren giltzak funtzionatu zuen. Une batez,
Ane zalantzan gelditu zen, beste izugarrikeria bat aurkitzeko beldurrez.
Baina irratiak sukaldetik bidaltzen zion indar bizigarriak kemena eman
zion. Atea bi eskuekin bultzatu eta eskuargia barrenera zuzendu zuen. Gela
oso txikia zen, eta, pipiak jandako bi aulki zaharrez aparte, erabat hutsik
zegoen. Hasperen egin zuen.
Zer espero huen aurkitzea, ba, Tutankamonen hilobia, ala?, xuxurlatu
zuen.
Arinduta, ezker aldeko beste bi gelak zabaldu zituen. Lehenbizikoan,
egunkari zahar pilak sabairaino iristen ziren. Eskuargiaren fokuak itsututa,
armiarma erraldoi batek nagiki mugitu zituen bere hanka iletsuak. Bazter
batean, Donostia aldeko hipermerkatu bateko dozenaka poltsa ikusi zituen.
Tira, orain bazakinat aitonak non egiten zituen erosketak, pentsatu zuen.
Bigarren gelan egur meta handi bat besterik ez zuen ikusi.
Apur bat dezepzionaturik (baina, aldi berean, hilotz gehiagorik aurkitu
ez zuelako arinduta), Anek eskuineko gelari ekin zion. Kopeta ilundu zuen:
bi giltzarrapok ixten zuten ate hura. Behin giltza egokiak aurkituta, atea
zabaldu zuen. Eskailera baten aurrean aurkitu zen. Zurezko maila estuak
gorantz kiribildu, eta ilunpean desagertzen ziren. Ai ene, hor goian bi kiloko
armiarmak egonen ditun, pentsatu zuen larriturik.
Ilea babesten zion zapia bere tokian zegoela egiaztatu eta, eskuargiari
gogor helduz, maila kirrinkarietan gora abiatu zen. Azkura sudur
mizpiretan. Saguen korrika arinak. Eskailera amaitu egin zen.
Eguzkieneako bigarren solairuan zegoen.
Hasieran ez zuen ezer askorik ikusi. Bere mugimenduek sortzen
zituzten oihartzunek iradokitzen zioten gela handi batean zegoela.
Eskuargiaren laguntzaz, Anek leiho itxi bat aurkitu zuen ondoko horman.
Armiarma edo sagurik ez zapaltzeko kontu handiz, leiho hartaraino joan
zen. Hauts usain lehorra eztarrian itsasten zitzaion. Leihoraino iritsita, birao
bat bota zuen: kontraleihoak iltzaturik zeuden. Sukaldera korrika batean
jaitsi, eta mailua eta aliketak hartu zituen lanabesen kutxatik. Eskaileretara
oldartu baino lehen, goratu egin zuen irratiaren bolumena. Lastima
generadorearen kablea hain laburra izatea.
Kosta egin zitzaion leihoko iltzeak ateratzea. Izerditan blai eta
amaraun grisez josita amaitu zuen. Hala ere, lortu zuenean, eguzkiaren argi
itsugarriak gela blaitu zuen. Anek buelta eman eta so egin zuen. Une batez
ez zion antzik eman anabasa hari. Objektu gehiegi zeuden, eta hautsak
amatatu egiten zituen koloreak. Toki hura zer zen ulertu zuenean, baina,
arnasarik gabe gelditu zen.
Ero baten liburutegian zegoen.
Gelak etxeko bigarren solairu osoa hartzen zuen. Liburu pila
erraldoiek erabat estaltzen zituzten gelako altzari guztiak. Liburuek zutabe
hautseztatuak osatzen zituzten bazterretan, meta horixkak leiho ondoan,
gainezka egiten zuten kutxa deseginetatik. Bi armairu zeuden eskaileraren
ondoan. Liburuen pisuak okertu egiten zituen barruko apalategiak. Liburu
haietako bat hartu, eta, hautsa haizatu ondoren, azalari erreparatu zion
Anek. Edizio merkea ematen zuen. Izenburua, “Estralurtarrak: ezkutatu
digutena”. Anek putz egin zuen. Liburua utzi eta beste izenburu batzuk
irakurri zituen: “Ouija hasiberrientzat”, “Katedralen misterioa”, “Mamuak:
kondaira ala egia?”, “Grialaren bilaketa”, “Astrologia hastapenak”…
Liburu gehienek paper zerrendak zituzten orrien artean. Anek papertxo
haietako bat atera eta letra torturatu batez idatzitako hitz batzuk irakurri
zituen: “Premia larria: babestu egin behar ditut neure buru-uhinak!”
Kostata baina, Anek bide egin zuen gelaren hondorantz liburu meten
artean, idazmahai astun bat helburu. Bide erdia egina zuelarik, Ane
behaztopatu eta liburu pila haietako batek lurra jo zuen, hauts zirimola gris
bat altxatuz. Bi sagu ñimiñok lasterka egin zuten hondamenditik.
Ene!, xuxurlatu zuen, negar egiteko zorian. Aurreko gauetik saihesten
zebilen ideiak inoiz baino indartsuago eraso zion. Aitonak burua galdua
zuen. Egiaren aurrean begiak ixten ahalegintzen bazen ere, zantzuak
pilatzen zihoazkion: Loperenaren iradokizun lotsatiak, Eguzkienearen
egoera penagarria, eskurik gabeko hilotza… eta orain liburu ergel haiek.
Tira, jende askok zituen gustuko fantasia eta esoterismo kontuak. Eta onartu
behar zuen zientzia ezkutuen maitale guztiak ez zirela eroak. Baina, Aneren
ustez, bazen paranoia kutsu bat misterio eta magiaren mundu lanbrotsu
haietan. Arraioa, normala zen hamabost urteko mukizu batek halako
ergelkeriak irenstea, baina aitonak bazuen heldutasunez jokatzeko adina!
Aitonaren buru osasunari buruzko kontuak gauean torturatu zuen
galdera berera eraman zuen: aitona zen Urrutiaren hiltzailea? Liburutegiko
egurats geldoan dilindan zeuden hauts izpi distiratsuei begira, aitona Matias
irudikatu zuen Anek. Aitonak gurasoen ezkontzako argazkiko aurpegia
zuen, zuri-beltzean marrazturiko hazpegiekin. Eguzkienearen begirada
zaharraren pean, gizon grisa hilotz baten gainean makurtzen zen, hortz
handiko zerra bat eskuan. Dena zen grisa: gaua, aitonaren aurpegia, odola…
Anek urrats bat egin zuen atzera. Atera egin behar zuen gela hartatik.
Esku artean zuen liburua lurrera botata, lasterka alde egin zuen parte
txarreko liburutegitik. Sukalde argitsua beste mundu bat iruditu zitzaion:
bere betiko irratiko betiko kazetariak betiko kontuei buruz ari ziren.
Eguzkia gora zihoan zeru urdinean. Kafeontziak lurrin lasaigarria zabaltzen
zuen. Ezinezkoa ematen zuen sukalde haren gainean liburu izugarri haiek
hauts azpian metatzeak. Ezinezkoa, handik hogei metrora gizon baten
hezurrak eguzkipean zuritzeak.
***
“Lapurrari, gizon zein emakumeari, eskua moztu iezaiozue, egin
duenaren ordainetan, Alak aginduriko zigor gisa: Ala ahaltsua baita, eta
jakintsua”.
Korana, 5. surata, Al-Ma’ida, 38. ayata
Anek tekla sakatu eta Koranaren aipua inprimatu zuen. Eskuak
mozteari buruzko informazioa bilatzen ari zen Interneten. Erdi Aroan
lapurrei ezarritako zigor ohikoa zela jakin zuen. Horrez gain, bilatzaileak
Islamari buruzko hainbat orrialde topatu zizkion. Antza, gaur egun eskua
moztearen zigorrak indarrean jarraitzen zuen hainbat herrialde islamikotan.
Anek irakurri zuen:
“Islamaren baitan, zigor honek hadd du izena, eta lapurrei ezartzen
zaie. Nolanahi ere, ez da oso ohikoa: ez zaio edozein lapurreta motari
ezartzen, baizik eta pobreziak edo behar handiak bultzatu ez dituen lapurrei
bakarrik. Hau da, besteen bizkar aberastasuna pilatu nahi dutenei. Gaur
egun Korana hitzez hitz ulertzen den zenbait herrialdetan bakarrik dago
indarrean hadda.”
Anek pentsakor begiratu zion pantailari. Egia erran, Interneteko
jakingarriek ezer gutxi argitu zioten. Eguzkieneako sukaldeko leihotik
begiratu zuen. Iluntzen ari zuen. Hobe zuen zerbait afaltzea: gosearen itzala
sentitzen zuen, beraz hobe zuen lehenbailehen afari normala hartu… eta
kalte handiagoak ekidin. Mahai gaineko paper, liburu eta aldizkarien artean
bilatu eta hilobian aurkituriko diru-zorroa hartu zuen. Zabaldu eta, ez
apurtzeko kontu handiz, Urrutiaren nortasun agiria atera zuen.
Agiri urdinaren atzealdeko datuak irakurri zituen. Agiria 1984ko urrian
egina zen, Donostian. Bertan agertzen zen helbidea ere Donostiakoa zen:
Zabaleta karrika, 12, 4. eskuina. Anek ordenagailuaren sagua hartu zuen
berriz ere. Interneten Gipuzkoako telefono gida aurkituta, Urrutia abizena
bilatu zuen. Hortz arteko biraoa bota zuen: pantailak zerrenda luze bat
azaltzen zuen. Handik bost minutura, izen-helbide guztiak irakurritakoan,
Anek bazekien Gipuzkoa osoan ez zegoela Carlos Urrutia Arreseren anai-
arrebarik. Ez behintzat telefonodunik. Halaber, Urrutiarik ez Donostiako
Zabaleta karrikan. Ane pantaila distiratsuari begira gelditu zen. Begira,
baina ezer ikusi gabe. Pentsatzen ari zen.
Agian hobe luke Carlos Urrutia hartaz behin betiko ahaztea. Izan ere,
haren seniderik aurkituz gero, zer erran behar zion? “Barkatu, baina zure
ahaidearen hezurrak aurkitu ditut aitonaren etxaldean”? Eta hoberena:
“ezetz asmatu zein gorputz atal falta duen Carlosek?”.
Ezin zuen halakorik egin. Zantzu guztien arabera, hilketa hura hogei
urte aurrerago gertatu zen, gutxi gorabehera. Diru-zorroko agiriak zein
egutegiak hala adierazten zuten. Garai hartan Urrutiaren familiak gaizki
pasatuko zuen seguruenik. Haren desagerketa salatuko zuten, eta auskalo
nolako hipotesi eta susmoak erabiliko zituzten. Latza gertatu behar izan
zitzaien, inondik ere. Baina hura guztia iragana zen. Anek burua astindu
zuen. Berak ez zuen inolako eskubiderik familia haren samina berriz ere
pizteko.
Bestalde, baina, beti entzun zuen desagerketa kasuetan familiek
nahiago izaten zutela beren ahaideen patuaren berri jakin. Alegia, hobe zela
senitartekoa hilda zegoela jakitea, etengabeko zalantzan bizitzea baino.
Mendigoizale hilen familia eta adiskideek espedizio arriskutsuak antolatzen
zituzten gorpuak berreskuratzeko. Marinelek egunak ematen zituzten
itsasoan, beren lankide desagertuen hilotzen bila…
Anek putz egin zuen. Zer litzateke hoberena? Azkenean, nekea eta
gosea gaineratzen zitzaizkiolarik, erabakia hartu zuen. Donostiara joanen
zen. Urrutiaren nortasun agiriko helbidean galdetuko zuen. Oso posible zen
bertan ezer ere ez jakitea. Hala balitz, bertan behera utziko luke bilaketa.
Hilobia estali eta izugarrikeria hartaz ahaztuko zen behin betiko. Agintzen
dinat, erran zuen goraki, eskua goratuz.
6
Biharamun goizean Donostiara abiatu zen. Hiriburua gris eta
zaratatsua begitandu zitzaion. Ai ene, egun batzuk zibilizaziotik at ematea
aski dun hiriaren ohitura galtzeko!, pentsatu zuen. Pozik zegoen, ongi
gosaltzea lortu zuelako. Hasperen eginez, pentsatu zuen noizbait benetan
garrantzitsuak ziren gauzez arduratuko zela, pertsona normalen antzera.
Autoa Katalunia plazako aparkalekuan utzita, euripean abiatu zen
Zabaleta karrikara. Aldez aurretik prestaturiko azalpen eta galderak
etengabe errepikatzen zituen bere baitarako. Karrikako 12. zenbakira
helduta, laugarren solairuko izenak irakurri zituen. Eskuinekoan M.
Retolaza izena zegoen. Zalantzan gelditu zen Ane. Bihotza taupaka
sentitzen zuen berokiaren azpian. Urduri zegoela ohartzeak sumindu egin
zuen. Ergel baten antzera jokatzen ari haiz, egin zion errieta bere buruari.
Bat-bateko haserrealdiak kemena eman zion txirrina jotzeko. Une luze
batez ez zen ezer gertatu. Jendea presaka zebilen euritako distiratsuen
azpian.
–Bai? –emakume gazte baten ahotsa zen.
–Egun on; Urrutia jauna hor bizi da? –galdetu zuen.
–Barkatu?
–Carlos Urrutia jauna hor bizi den –hitzak arretaz ahoskatu zituen
Anek.
–Ez; uste dut okertu egin zarela.
Anek arnasa hartu zuen. Prest zegoen erantzun hartarako.
–Barkatu; uste dut orain dela urte batzuk Carlos Urrutia izeneko
pertsona bat bizi izan zela helbide horretan. Haren bila nabil.
Atezain automatikoak hots batzuk bota zituen, neskaren ahotsa berriro
entzun arte.
–Igo.
Atea klaskada batez zabaldu zen. Anek ez zion igogailuari itxaron eta
ia lasterka igo zituen eskailerak. Laugarren solairuan beltzez jantzitako
neska bat zuen zain. Keinu automatiko batez, Aneren begiek neskaren
aldaka estuei erreparatu zieten. Prakek horren ongi emanen balidate!,
pentsatu zuen saminez.
–Kaixo –erran zion Anek, bostekoa luzatuz–. Ane Duhalde naiz.
Neskak mesfidantzaz estutu zuen Aneren eskua. Hogeita hamar urte
inguru izanen zituen eta, aurpegi zurbilean begizulo sakonak izan arren,
nahiko ederra zen. Une batez zalantza egin ondoren, etxeratzera gonbidatu
zuen Ane.
–Maider dut izena –erran zion korridore luze batean aurrera zihoazen
bitartean.
Etxebizitzak handia eta argitsua ematen zuen, eta gelak korridorearen
alde bietara zabaltzen ziren. Hala ere, hautsa zegoen bazterretan, eta zoko
sunda arin bat sumatzen zen intsentsu lurrinaren azpian. Komunaren
aurretik igarotzean, Anek marihuana landare erraldoi batzuk erdikusi zituen
potoetan.
–Barkatu nahaste-borraste hau –erran zion Maiderrek–, baina bidaia
batetik itzuli berria naiz eta oraindik ez dut garbitzeko astirik izan…
Eguzkienea ikusi behar huen, neska, pentsatu zuen Anek.
–Neu naiz barkamena eskatu behar duena –erran zion–. Abisatu gabe
azaldu naiz.
Egongela txiki batera sartu ziren. Hotz egiten zuen eta apaingarri
koloretsu batzuek itsustu egiten zuten gela. Maiderrek besaulki zahar bat
seinalatu eta esertzeko keinua egin zion Aneri. Zilar koloreko katutxo bat
atetik sartu eta jakin-minez aztertu zuen Ane.
Maiderrek bekozkoa ilundu zuen.
–Kaifas, alde!, alde! –katuak atzera egin eta besaulki baten atzean
kukutu zen–. Katu honek neure onetik ateratzen nau. Garagardorik nahi?
Ala infusioren bat nahiago?
–Ez, eskerrik asko.
Maiderrek aulki batetik pizza kutxa koipetsu bat kendu eta Aneren
aurrean eseri zen.
–Erran didazu Carlos Urrutiaren bila zabiltzala, ezta?
–Bai, ezagutzen duzu… zenuen?
–Ez, baina nahiko ezaguna dut izen hori –azaldu zion Maiderrek–.
Etxe honetan bizitzen hasi eta, hainbat urtetan, hamaika eskutitz heldu
zitzaizkidan Carlos Urrutia horren izenean. Oraindik ere banketxe batek
propaganda bidaltzen dio noizbehinka. Nahiago nuke dirua bidaliko balute!
–Beraz, Urrutia hemen bizi izan zen? –galdetu zuen Anek.
–Bai –erran zuen Maiderrek–. Etxebizitza hau gurasoena zen. Tira,
gure amonarena, baina hura hilda, nire gurasoengana pasatu zen. Orain urte
mordoxka bat, Urrutia horri alokatu zioten. Gu Bulebarreko etxe batean bizi
ginen. Urrutiak alde egin ondoren, hainbat urtez, etxea hutsik egon zen. Eta
orain zortzi… ez, bederatzi urtez geroztik, neu bizi naiz hemen.
Katua besaulkiaren atzetik atera eta Aneren aztalen kontra marruskatu
zuen buru iletsua.
–Kaifas, etorri hona! –errieta egin zion Maiderrek haserre.
Anek irribarre egin zuen, neskaren aldartea goxatu nahian.
–Lasai, gustukoak ditut katuak. Bat erosteko asmotan nabil –
aberetxoaren bizkarra laztandu zuen–. Eta zer gertatu zitzaion Urrutiari?
–Egia erran, ez dakit –Maiderrek sorbaldak goratu zituen–. Haurra
nintzen garai hartan. Duela hogei urte inguruko aferez ari gara, egin kontu.
Uste dut gizonak alde egin zuela. Ordaindu gabe, gainera. Gogoan dut aitak
sekulakoak botatzen zituela… –bat-batean Maider isildu egin zen–. O!
Barkatu! Beharbada Urrutiaren senidea zara, eta gaizki hartuko zenuen…
Anek keinu lasaigarria egin zion.
–Ez, ez horixe –erran zuen–. Izan ere, ezagutu ere ez dut egiten. Gure
aitona orain dela gutxi hil zen, eta haren etxean Urrutiaren agiri batzuk
topatu nituen. Ez zitzaidan ongi iruditu besterik gabe botatzea. Pentsatu
nuen agian bere familiak eduki nahiko zituela.
–Baliozko gauzak dira? –galdetu zion Maiderrek, bat-bateko interesa
begietan diz-diz.
–Nortasun agiri zahar bat besterik ez. Baina, ez dakit, pentsatu nuen
haren familiak nahiko zuela…
–Ulertzen dut –Maiderrek burua astindu zuen–. Baina uste dut zaila
gertatuko zaizula Urrutiaren familia aurkitzea.
–Zergatik, bada?
–Aita ere saiatu zelako Urrutiaren arrastoa aurkitzen –azaldu zion
Maiderrek–. Badakizu, alokairua kobratzeko, baina alferrik. Azkenean,
amore eman zuen aitak. Gainera, morroiak trastez beteta utzi zigun etxea,
eta aitak ez zekien zer egin “zaborreria harekin guztiarekin”. Gogoan
dudanez, denbora luze batez eduki zituen aitak Urrutiaren gauzak hemen,
ukitu gabe. Uste dut horregatik ez zuela etxea berriz ere alokatu.
Alokatzeko traste haiek bota egin behar zituen, baina ez zen ausartzen.
–Egunen batean Urrutia berriz ere azal zitekeelako.
–Bai –erran zuen Maiderrek–. Gainera, uste dut Urrutiaren alde egiteak
gogoa kendu ziola aitari etxea berriz ere alokatzeko. Ez zuen halako
buruhausterik nahi. Etxea niretzat gordetzea erabaki zuen… eta, egia erran,
txalotu egiten diot erabakia!
–Eta zer egin zenuten Urrutiaren gauzekin? –galdetu zion Anek.
Maiderrek keinu bizia egin zuen eskuekin.
–Bota egin nituen –azaldu zuen–. Urteak ziren morroiak alde egin
zuenetik. Eta, egia erran, traste zaharrak besterik ez ziren: egunkariak,
sitsak jandako altzariak, lanpara izugarriak… gauza bakar batzuk besterik
ez nuen gorde… sukaldeko mahaia, adibidez, uste dut harena zela, berriz
ere leundu eta margotu behar izan nuen. Baita iruditxo hori eta horko
hautsontzi hori ere…
Anek jauzia egin zuen eserlekuan. Ametsetan bezala zutitu eta,
Maiderren begirada harrituak jarraituta, gela zeharkatu zuen. Neskak
seinalatu berri zion apalategira jo zuen. Bertan harrizko irudi berdexka bat
zegoen, aitona Matiasek emandakoaren berdin-berdina.
–Irudi hau Urrutiarena zen? –galdetu zion, ahotsa mendean edukitzeko
ahaleginetan.
–Tira, baiezkoan nago… –Maider bat-batean seriotu egin zen–. Baina
baliteke nire gurasoena izatea ere. Ezin erran. Baliotsua da, ala?
Anek berehala ulertu zuen neskaren aldarte aldaketa.
–Lasai –egin zuen irribarre–; ez dakit balio handikoa den. Kontua da
nik ere antzeko bat daukadala. “Kleopatra” erraten diot. Harritu egin naiz
hau ikusita, hori da dena.
Maiderrek ere irribarre egin zuen. Aneren irudiko, ordea, keinua ez zen
guztiz naturala izan.
–Askotan pentsatu izan dut iruditxo hori benetan Egiptokoa dela –
erran zuen neskak, esku zurbil bat luzatuz Anerenganantz–. Antzinako
Egiptokoa, alegia.
Maiderri eman aurretik, Anek azken begirada bat bota zion estatuari.
Kleopatra baino maiztuago zegoen, eta sudurra falta zuen. Baina,
gainerakoan, berdin-berdina zen. Maiderrek kontu handiz aztertu zuen
irudia.
–Eta benetan zaharra balitz… zuk zer uste duzu?
Anek sorbaldak uzkurtu zituen.
–Ez dakit. Ez naiz aditua –erran zuen–. Beraz, ez duzu Urrutiaren
familia aurkitzeko beste arrastorik?
–Ez, sentitzen dut –erantzun zion Maiderrek, estatua txikia eskuetan
erabiliz–. Aspaldi da harentzako eskutitzik jaso ez dudala. Eta jasotako
guztiak bota egiten nituen.
Anek elkarrizketa bukatzea erabaki zuen. Maider nahiko mesfidati
zegoen, eta harrezkero ez zion gauza handirik argituko. Zutitu eta berokia
jaso zuen besaulkiaren gainetik. Bi neskak korridorera atera ziren. Kaifas
katutxoa atzetik joan zitzaien isilean. Etxeko ate ondoan, Anek bostekoa
eman zion Maiderri.
–Tira, Maider, mila esker, eta barkatu denbora galarazteagatik. Axola
ez bazaizu, nire telefonoa emanen dizut, zerbait bururatzen bazaizu ere.
Anek zorrotik bolaluma eta agenda atera, eta bere mugikorraren
zenbakia idatzi zuen orritxo batean.
–Ez dago zer eskerturik –erran zion Maiderrek, ostikada batez katua
ate irekitik baztertuz–. Azken aldi honetan lanik gabe nago. Denbora sobran
nabil.
Anek eskaileretan behera egin zuen. Artean ere Maiderren ahots
erlatsa entzuten zuen, katuari errieta eginez.
7
–Harrizko iruditxoa da –erran zuen Zesarrek, Kleopatra bere
betaurreko itsusien atzetik aztertuz.
Anek erabakia zuen estatua txikiari buruzko ikerketatxoa egitea. Ezin
kasualitatea izan Urrutiak ere antzeko irudi bat edukitzea. Gehiago jakin
behar zuen kontu hartaz, eta bururatu zitzaion Kleopatrari argazkiak egin
eta Zesarri posta elektronikoz bidaltzea. Zesar Lumbreras Ane baino
zaharxeagoa zen. Historia irakasle asoziatua zen NUPen, “bigarren mailako
irakaslea”, berak umore garratzez erraten zuen bezala. Aspaldiko
adiskideak ziren, eta Anek biziki miresten zuen mutilak datuak irentsi eta
botatzeko zeukan ahalmen harrigarria. Horrez gain, on hutsa zen eta beti
zegoen laguntzeko prest. Baina Anek susmoa zuen mutil lotsatiak isilean
maite zuela, eta horrek deseroso sentiarazten zuen. Hori dela eta, kontu
handiz ibiltzen zen beti Zesarrekiko harremanetan: inondik ere ez zion
itxaropen ustelik eman nahi.
–Ez dizut kafe hori ordaindu aldez aurretik nekiena erran diezadazun –
ohartarazi zuen Anek, irribarrez. Unibertsitate Publikoko kafetegian egin
zuten hitzordua. Arratsaldeko zazpiak ziren eta tokia ikasle zaratatsuz lepo
zegoen–. Kruasanik nahi baduzu, hori baino gehixeago erran beharko
didazu.
–Historia irakaslea naiz, Ane –egin zuen protesta Zesarrek–. Baina
Txinako Iraultza Kulturalari buruzko tesia ari naiz egiten. Garai batean
zerbait ikasi genuen Egiptoz, baina dena erdi ahazturik daukat. Atzoko zure
mezu elektronikoa jasotakoan liburu hau hartu nuen unibertsitateko
liburutegian. Bart gauean irakurtzen aritu naiz. Oso interesgarria da.
Anek susmo izugarria izan zuen: mutilak gau osoa eman ote zuen
zorioneko estatuari buruz ikertzen. Damutzen hasi zen mesedea eskatu
izanaz.
–Tira, egia erran, Kleopatra zer den besterik ez dut jakin nahi –erran
zuen, Zesarrek mahai gainean jartzen zuen liburutzarrari izuz begira.
Mutilak liburukotea zabaldu eta papertxo batez markaturiko atala
bilatu zuen.
–Liburu honen arabera –erran zuen–, zure Kleopatra ushebti bat da.
–Zer?
Zesarren begiek distira egin zuten metalezko betaurrekoen atzean.
–Egiptoarrek hilobietan jartzen zituzten estatua txikiak dira ushebtiak
–azaldu zion ahotsa goratuz ikasleen zalapartari gailentzeko–. Haien
sinesmenen arabera, ushebtiak hildakoaren morroiak edo esklaboak ziren
beste bizitzan. Zenbat eta ushebti gehiago, orduan eta lan gutxiago egin
beharko zuen hildakoak.
–Bizirik gaudelarik behar genituzke halako zerbitzuak, ez hil eta gero!
–Orduan emakumeok ez zineten horrenbeste kexatuko etxeko lanak
egin behar izateagatik.
Anek irribarre ahula egin zuen. Ez zuen ergelkeriak eztabaidatzeko
asmorik.
–Ez da benetakoa, ezta? –galdetu zuen apur bat lotsaturik–. Erran nahi
dut ezinezkoa dela Kleopatra Antzinako Egiptokoa izatea…
Zesarrek sorbalda hezurtsuak uzkurtu zituen.
–Zaila da erratea –erran zuen–. Egiptoko arteari buruzko interesa
zabaldu zenetik, barra-barra dabiltza kopiak. Honek oso itxura ona dauka,
baina ezin erran. Nahi baduzu, ezagutzen dudan irakasle bati erakutsiko
diot. Egiptologia katedraduna da Bartzelonako Unibertsitatean. Hamar egun
barru joatekoa naiz Bartzelonara. Kleopatraren argazkiak erakutsiko
dizkiot. Edo posta elektronikoz bidaliko dizkiot, nahi baduzu.
–Ez, ez da beharrezkoa, mila esker –erantzun zion Anek–. Zenbat balio
lezake halako pieza batek? Benetakoa izanez gero, jakina.
–Uff. Ez dakit.
–Asko?
Zesarrek irribarre urduria egin eta begiak kafetegiko leihoen aldera
saihestu zituen. Ane ohartu zen mutila gaizki sentitzen zela erantzun guzti-
guztiak eman ezin bazituen.
–Dirutzarik ez, hori baldin bada galdetu nahi duzuna –erran zuen
Zesarrek–. Beste auto bat erosteko asmorik baduzu, lanera itzuli beharko
duzu, Kleopatrak ez baitzaitu pobreziatik aterako. Hori dela eta, nondik
atera duzu?
–Autoa ala Kleopatra? –galdetu zion irribarrez. Baina mutilaren
nahasmena ikusita, Ane seriotu egin zen–. Aitonak oparitu zidan. Txikitan.
Zesarrek hatz luzeen artean erabili zuen, alde guztietatik zorrozki
begira.
–Oso ederra da –xuxurlatu zuen, eta begiak Anerenganantz goratu
zituen.
Isilunea gehiegi luzatu zen. Anek etsi-etsian hautsi zuen:
–Badut beste galdera bat. Nondik aterako zuen aitonak halako zerbait?
–Auskalo. Ez zen inoiz Egiptora joan?
–Ez, nik dakidala. Baina ez nago seguru. Ez genuen gehiegi elkar ikusi
–Gauzak azaltzeko modu diplomatikoa, gero!, pentsatu zuen.
Zesarrek putz egin zuen.
–Seguruenik, edonon aurki daitezke honelako pieza txikiak:
antigoalekoen dendetan, ferietan, Interneten…
–Hori ere liburu horrek dakar?
Zesar ilearen erroetaraino gorritu zen.
–Ez –aitortu zuen–. Interneten ere aritu naiz informazio bila. Zuk
eskaturiko mesedea zenez…
–Eskertzen dizut, Zesar, baina ez zenuen hainbesteko lanik hartu behar.
–Gustura egin dut –erran zuen mutilak, emozioa dar-dar ahotsean.
–Badakit, baina ez zenuen hartu behar –erran zuen Anek, zutituz eta
berokia hartuz–. Sentitzen dut, Zesar, baina alde egin behar dut.
–Bazoaz? Baina…
–Presaturik nabil –erran zuen Anek, mutilaren begi penatuei so egin
gabe–. Bide luzea daukat etxeraino.
–N-nahi baduzu, egunen batean deituko dizut. Zerbait har genezake,
edo…
–Mila esker, Zesar, baina oso lanpeturik nabil. Neuk deituko dizut.
Eguzkienearako errepide ilunean gidatzen zuelarik, Anek bere buruari
galdetu zion zergatik ezin zen Zesar bezalako on puska batez maitemindu,
zergatik aukeratu behar zuen beti oinazearen bidea. Bere burua zigortzeko?
Ezin erran. Bere baitan ez zegoen erantzunik galdera haietarako. Hasperen
egin zuen. Tira, azken batean, horretarako joan zen Eguzkieneara,
erantzunak bilatzera. Oraingoz, ordea, galderak besterik ez zen aurkitzen
ari.
8
Zesarrekiko hitzorduaren biharamunean lanbrotsu argitu zuen. Aire
hotza zebilen, eta mendiek grisaren ñabardura guztiez jantzita jasotzen
zuten euriaren fereka. Gosaldu aurretik Anek egurrezko sukaldea piztu
zuen, tximiniak ongi funtzionatuko zuen itxaropenaz. Kafe bero-beroa
kolkoratu arte ez zuen hotzikara uxatu. Ez zuen gose handirik, baina
bazekien zerbait jan behar zuela: goiz hartan aitonaren liburutegia miatzeko
asmoa zuen.
Liburuz mukuru betetako gelak are itxura makurragoa zuen eguzkirik
gabeko goizean. Altzariek eta liburu pilek argazki zahar batetik atereak
ziruditen. Sabaiko habe astunek antzinako itsasontzi baten sentipena sortzen
zioten. Toki hari bakardadea eta eromena zerizkion, kirats sarkor bat bezala.
Ezinegona ahazten saiatuz, Anek gelaren hondoko idazmahaitik hastea
erabaki zuen. Lehen aurkikuntza ez zen oso lasaigarria izan. Mahaiaren
azpian kanoiak mozturiko eskopeta bat topatu zuen. Beheko solairuan
aurkitutakoaren antzera, postaz kargaturik zegoen. Arma hartzerakoan,
Anek zulo trakets bat ikusi zuen idazmahaiaren aurreko oholean. Arima
uzkurturik, arma deskargatu eta zabor poltsa batera bota zuen.
Idazmahai gaineko objektuek ez zuten interes handirik: kandelak,
punta hutsak izateraino erabilitako arkatzak, paper zati zimurtuak, 90eko
hamarkadako egutegi batzuk… Anek zabor poltsara bota zituen denak.
Gero, trapu batez garbitu zuen idazmahaiaren gain higatua. Hautsez
betetako aulkia baztertuta, tiradera bat ikusi zuen mahaiaren atzealdean.
Zabaltzen saiatu zen, baina giltzaz itxita zegoen. Ane berehala ohartu zen
tiradera hartako giltza ez zegoela aitonaren giltza-sortan: sarrailaren
formaren arabera, giltzak borobil eta lodia izan behar zuen, eta giltza-
sortako guztiak zapalak ziren. Indarra erabiltzea erabaki zuen. Sukaldera
joan, eta mailua eta bihurkin handi bat hartuta itzuli zen. Bihurkinaren
punta tiraderaren eta mahaiaren arteko zirrikituan sartu, eta mailuaz jo zuen.
Zur zaharrak kexu egin zuen, baina ez zuen amore eman. Sarrailatik
gertuago saiatu zen Ane. Bihurkina kolpeka sartu eta palanka egin zuen
besoak eman ahala. Tiradera kraska batez zabaldu zen.
Tiraderan karpeta bakarra zegoen. Beltza zen, zetazko zinta gorri
margul batez itxia. Urduri, Anek korapiloa askatu eta karpeta zabaldu zuen.
Barnean egunkari ebakin batzuk zeuden. Paperak horiturik zeuden, eta
itxura hauskorra zuten.
Anek ebakinak hartu eta poliki irakurtzen hasi zen.
Lehenbizikoak ez zeukan datarik. Zuri-beltzeko argazki bat zen, eta
eliza baten barnean ateratakoa zirudien. Irudiaren erdian Frantziako
banderak estalitako hilkutxa bat zegoen. Haren inguruan dozena bat lagun
zeuden, adineko gizonezkoak gehienak. Emakume bakanetako batek lore
sorta bat zeukan eskuetan. Anek arreta handiagoz erreparatu zion
argazkiari. Eskuin aldeko azken hiru gizonezkoek txapel militarrak
zeramatzaten, eta haietako batek Frantziako bandera bati eusten zion. Hiru
gizonak zaharrak ziren, hirurogeita hamar urtetik gorakoak, haien itxuraren
arabera. Hainbat domina zeramatzaten beren traje ilunen paparrean.
Frantsesez idatzitako argazki-oinak zera zioen: “Azken agur hunkigarria
Lastowka jaunari”. Anek bere burua zoriondu zuen hizkuntz eskolan
frantsesa aukeratu izanagatik.
Baliteken hildakoa militarra izatea, pentsatu zuen Anek. Egunkari
ebakinaren atzealdean, zinta itsaskor horixka batez atxikita, eskela labur bat
zegoen:
Jean Lastowka, F.T.P.-M.O.I.
Agur eta ohore.
Erresistentziako Borrokalari Ohien Elkarte Nazionala.
Beraz, militarra ez, baizik eta Frantziako Erresistentziako kidea
hintzen, Lastowka jauna, murmurikatu zuen Anek bihotza azkartuta, Piezak
egokitzen zoazan! Argazkia eta eskela mahai gainean utzi eta hurrengo
ebakina hartu zuen. Haut Sud-Ouest egunkaritik ateratako albistea zen, eta
1986ko irailaren 9ko data zeraman:
HILKETA LAZGARRIA

PAUILLAC-EKO MAHASTIETAN
Atzo goizaldean, H.R. izeneko erretiratu batek aurkikuntza lazgarria
egin zuen Pauillac (Gironda) herriaren inguruko mahasti batean. Antza
denez, goizean goiz H.R. paseatzera aterea zen bere txakurrarekin.
Animalia mahatsondoen artean sartu eta H.R.k, haren atzetik joanda, gorpu
odoldu bat topatu zuen. Berehala herrira itzuli eta Jendarmeriaren
egoitzara jo zuen. H.R.k berak gidatu zituen agenteak gorpuraino.
Jendarmeriaren iturriek baieztatu dute hildakoa Jean Louis Bouthier
dela, joan den igandetik bere etxetik desagerturik zegoena. Berria kolpe
latza izan da Pauillaceko biztanleentzat, berehala zabaldu baitira
gorpuaren egoera penagarriari buruzko zurrumurruak. Ikertzaileek
erabateko isiltasunari eusten badiote ere, Bouthier lazgarriki torturatu
zutela jakin da.
Bouthier jauna oso ezaguna zen herrian. 68 urte zituen eta erretiratu
aurretik jaki-denda txiki bat izan zuen Pauillaceko Corneille karrikan.
Herriko auzapez monsieur Ledoux oso hunkiturik azaldu zen.“Espero dugu
hilketa honen errudunak laster aurkitu eta justizia egitea”, adierazi zien
atzo kazetariei. Bestalde, ikerketaz arduratzeko Bordeletik etorritako
Geppert komisarioak adierazi zuen ez duela inolako hipotesirik baztertzen.
Dena den, Pauillaceko herritarrek ez dute uste lapurreta izan denik,
Bouthier jaunak oso bizimodu xumea baitzuen. Bouthierren aldeko hileta
elizkizuna gaur arratsaldeko sei eta erdietan eginen da, Pauillaceko Saint
Martin elizan.
Anek berriro irakurri zuen albistea, xehetasun guztiei ongi erreparatzen
ahaleginduz. Gero, mahai gainean utzi eta hurrengo ebakina hartu zuen.
Ezagutzen ez zuen Parisko egunkari batetik aterea zen artikulua, eta,
tonuaren arabera, zurrumurru maltzurrez eta krimen odoltsuez elikatzen zen
kazeta hura:
RUE DES CASCADES-EKO

HILKETA ODOLTSUEN XEHETASUNAK


Poliziako iturri batek egunkari honi egindako adierazpenek are
xehetasun lazgarriagoak erantsi dizkiote afera odoltsu honi. Ikerketaren
inguruko iturri horrek baieztatu du Gaston H. zurginaren hilketa tortura
ankerrenen ondoriozkoa izan zela. Antza denez, hiltzaileek hildakoaren lan
tresnak erabili zituzten: Gaston H.ren gorpuak eskuak falta zituen, eta
agenteek odoleztaturiko zerra bat aurkitu zuten tailerrean. Halaber,
hildakoak dozena bat iltze zuen gorputzeko ataletan sartuta. Izan ere,
kopetan jositako iltze bat izan zen heriotza ekarri ziona.
Gure irakurleek gogoan izanen dutenez, poliziak Gaston eta Marge H.
senar-emazteen gorpuak kausitu zituen joan den astelehen goizean, Rue des
Cascadeseko beren etxean. Emakumearen gorpua tailerraren gaineko
etxebizitzan aurkitu zen, kopetan tiro bakarra zuelarik. Altzariak iraulita
eta senar-emazteen ondasunak sakabanaturik aurkitu baziren ere, ez du
ematen balio handiko gauzarik falta zenik. Antza, inork ez zuen zarata
susmagarririk entzun asteburuan.
H. senar-emazteen bizilagunek ikertzaileen bisita ugari jaso dituzte
azken egun hauetan, eta, jakin ahal izan denez, hildakoak droga aferekin
zerikusia al zuen galdetzen dute agenteek, edo talde satanistaren batekin.
Galdera hauetatik ikerketa nora ezean dabilelako ondorioa atera dezakegu.
Bitartean, hiltzaileak libre dabiltza.
Anek artikuluaren datari begiratu zion: 1986ko abenduaren 9a,
asteartea. Bouthierren hilketa baino hiru hilabete geroago. Anek mahai
gainean utzi zuen Parisko senar-emazteen hilketaren artikulua. Jarraian, klip
batez eutsitako hiruzpalau egunkari ebakin zeuden. Lehenbizikoa
gaztelaniaz idatzitako albiste laburra zen, eta 1987ko martxoaren 17koa
zen:
PISTARIK EZ GRACIA AUZOKO
HILKETAREN GAINEAN
Bartzelona. Efe.
Atzo goizean egindako adierazpenetan, Gobernuko ordezkariak onartu
zuen oraindik ez dutela arrastorik Gracia auzoko hilketari buruz.
Gogoratuko denez, joan den ostegunean, hilak 12, Lluis Muntaner
abokatuaren gorpua agertu zen Asturies karrikako bere etxebizitzan.
Hilketa honen basakeriak (gorpuak eskuak falta zituen eta beste tortura
zantzu batzuk zituen) izuturik dauzka Graciako bizilagunak. “Jendea ez da
etxetik ateratzera ausartzen”, salatu zuen izenik eman nahi izan ez zuen
auzoko dendari batek.
Gobernuko ordezkariak lasaitasunerako deia egin zuen atzo, eta
baieztatu zuen ikerketak hainbat arrastori jarraitzen diola. Halaber, Polizia
Nazionalak areagotu egin ditu zaintza lanak Gracia auzoan. Hasiera
batean hilketaren arrazoiak politikoak izan zirela zabaldu bazen ere,
badirudi hipotesi horiek baztertzen ari dela polizia, eta lapurreta hobesten.
Anek ebakinei klipa kendu, eta katalanez idatzitako lau eskela erori
ziren mahai gainera:
Lluis Muntaner García jauna.
1987ko martxoaren 11n hil zen, 69 urte zituela.
Emaztea: Margarita Canals ( † ). Seme-alabak: Francesc eta Ana.
Bilobak: Jordi, Jaume eta Ana; arrebak, ezkon anai-arrebak, ilobak,
lehengusuak eta gainerako senideek
Haren arimaren alde otoitz bat eskatzen dizuete eta arren etor
zaiteztela gaur arratsaldeko seietan Sant Joan elizan gorpua bertan dela
eginen den hiletara.
Aldez aurretik, mila esker.
Gainerako hiru eskelak laburragoak ziren:
Zure bidea jarraituko dugu. ERCko zure lagunek.
*
Katalunian zein Frantzian, faxismoaren kontra eta mundu hobe baten
alde borrokatu zinen. Agur eta ohore.
Amicale G.E.-F.F.I.
(Guerrilleros Españoles, Fuerzas Francesas del Interior)
*
Borrokalari nekaezin hori,
zure borroka ez da ahaztuko.
F.E.D.I.P.
(Federación Española de Deportados e
Internados Políticos)
Ez zegoen besterik karpetan. Anek mahai gaineko ebakinei begiratu
zien. Frantziako banderaz estali zuten Lastowka hura nola hil zen ez zeukan
daturik. Ezta mahastietan aurkitu zuten Bouthierren hilketari buruz ere.
Baina Gaston H. eta Muntaner modu berean hil zituzten.
Biak torturatu, eta eskuak moztu zizkieten.
Kolpe batez, egunkari ebakinak lurrera bota zituen. Liburu pilekin
behaztopatuz, liburutegitik alde egin zuen lasterka. Begiak erretzen
sentitzen zituen. Korrika itsuan etxetik kanpora oldartu zen. Euria ari zuen
eta mendiak lanbro grisen atzean ezkutatzen ziren. Hotzikara batek astindu
zuen Ane. Udazkenaren fereka. Berriz ere etxeratzeko gogoa gaineratu
bazitzaion ere, zuhaitz baten ondoraino ibili zen zealdoka. Besterik behar
zuen egia onartzeko? Ez al zuen aski frogarik?
Onar dezagun, aitona hiltzailea izan zunan.
Pentsamendua beldurgarria zen, baina ukaezina. Modu lazgarrian
hildako gizon baten hezurrak handik hamar urratsera zeutzan. Denak
adierazten zuen aitona bertan bizi zen garaian lurperatu zutela. Eta gisa
bereko beste hiru edo lau hilketaren albisteak zeuden aitonaren liburutegi
makurrean. Besterik behar al zuen? Jainkoarren, Eguzkienea bera aski
adierazgarria zen! Onartu behar zuen: aitona ero garbia zen.
Eta hiltzailea zen. Serie-hiltzailea.
9
Anek malkoak xukatu zituen. Euriaz blai eta dar-dar zegoela
konturatuta, Eguzkieneara itzuli zen burumakur. Zerbait bero edateko gogoa
bazuen ere, ez zuen indarrik bildu kafea prestatzeko. Logelara jo zuen.
Bularra zanpatzen zion pisua jasangaitza zen. Hoberena poliziari deitzea
zen. Haiek arduratuko ziren. Seguruenik, Frantziako poliziarekin hitz
eginen zuten bertako krimenak argitzen laguntzeko, baina horrek guztiak ez
zuen bera ukituko. Izugarrikeria honek ez nain zikinduko. Pentsatu orduko
errudun sentitu zen. Ez zegoen ongi aitonari… halakorik egitea. Halakorik?
Argi hitz egin dezagun: aitona hilketaz salatzea. Eta zer? Berak ez zion ezer
zor. Ezertxo ere ez, arraioa. Hiltzailea baldin bazen, zigorra merezi zuen…
zigorra sinbolikoa besterik ez bazen ere. Eta biktimak ere ezin ziren ahaztu.
Haien senideek egia jakitea merezi zuten.
Aneren begiek mesanotxearen gaineko argazki albumarekin egin zuten
topo.
Ez dun bidezkoa, protesta egin zuen. Aitonaren txikitako argazkiak,
gaztetakoak, gerra garaikoak… bere biloba kuttunari ateratakoak. Anek
zalantza hazten sentitu zuen bere baitan. Azken batean, poliziari deitzea ez
dun premiazkoa. Hilketa haiek oso aspaldikoak ziren. Salaketa egun
batzuez geroratzeak ez zuen garrantzi handirik izanen.
Gainera, Eguzkienea poliziaz eta kazetariz beteko zitzaion. Etxea
goitik behera miatuko zuten, eta inguruko bazterrak zulatuko zituzten, beste
hilotz batzuen bila. Ikerketak iraun bitartean, ezin izanen zen bertan bizi.
Agur bere buruaz pentsatzeko astiari. Agur bakeari. Agur bere asmo on
guztiei. Are ideia okerrago bat bururatu zitzaion: epaileak Eguzkienearen
bahiketa agindu zezakeen. Biktimei kalte-ordaina emateko edo. Anek ez
zekien zer egiten zen hiltzaile baten ondasunekin, baina posibilitate hutsak
bere onetik atera zuen.
Eta dena zergatik? Argi erran dezagun: aspaldi ahantzitako kontu
bategatik. Bera errugabea zen, ez zuen ezer txarrik egin. Orduan zergatik
jasan behar zituen kalteak? Ez zen bidezkoa. Eta, azken batean, aitona
hiltzailea ote zen ere ez zekien. Tira, bai, zantzuak oso kezkagarriak ziren.
Baina erruduna zela frogatu arte, errugabea zen aitona.
Hortzak estutu zituen. Momentuz ez zion poliziari deituko. Hori baino
lehen bere kasako ikerketatxo bat eginen zuen. Horrela datu gehiago
eskaini ahalko zionat poliziari, pentsatu zuen apur bat arinduago. Gainera,
beharbada krimenak argitu eta hiltzailea aspaldi harrapatuko zitenan!
Zutitu egin zen.
Arropaz aldatuta, sukaldera joan eta katilukada bat te gorri prestatu
zuen gasezko su txikian. Edari bizigarria hurrupaka edan bitartean,
ordenagailua piztu, Interneten sartu eta “Jean Louis Bouthier” izena idatzi
zuen bilatzailean. Ordenagailuaren pantaila bete egin zen aurkituriko
emaitzekin. Harriturik, irakurtzen hasi zen Ane. Berehala ohartu zen
aurkituriko Bouthier haietako ezeinek ez zuela zerikusirik 86an Pauillacen
hil zutenarekin. Antza zenez, Frantzian J. L. Bouthier izeneko nobelagile
bat zegoen. Baita politikari eskuindar bat ere. Eta Belgikan, hamaika
webgune zituen Bouthier izeneko sex-shop kate batek. Jean Lastowka eta
Lluis Muntaner izenak probatu zituen, baina alferrik.
Bouthierri buruzko albistean agertzen zen Pauillac herria sartuta, jakin
zuen Gironda eskualdean zegoela, Bordeletik ez oso urrun. Herriari buruzko
aipamen gehienek bertako ardoekin zuten zerikusia. Uste bezala,
Bouthierren hilketari buruzko informaziorik ez: krimenek ez zuten turismoa
bultzatzen.
Anek begiak marruskatu zituen. Bere ikerketatxoa ustel gertatzen ari
zen. Liburutegira igo, eta egunkari ebakinak jaso zituen lurretik. Berriz ere
ordenagailuaren aurrean eserita, Lastowkaren eta Muntanerren zenbait
eskelatan agertzen ziren siglak sartu zituen bilatzailean. Pozaren pozez,
txalo egin zuen: pantailan Frantziako eta Espainiako ezkerreko alderdi
batzuen webguneak agertu ziren, baita Bigarren Mundu Gerrari buruzko
batzuk ere. Azken hauetako batean sartu eta Frantziako Erresistentziaren
gaineko atal bat aurkitu zuen. Arretaz irakurri zuen:
“–F.T.P. (Francs-Tireurs et Partisans Français): Frantziako
Erresistentziako talderik garrantzitsuenetakoa. Ideologia komunistako
ekintzaileak bildu zituen. Aliatuek armarik eman ez arren, okupatzaile
alemanen kontrako ekintza gogor ugari burutu zituzten.
–M.O.I. (Main d’Œuvre Immigrée): Gerra aurretik etorkinen sindikatu
komunista zen, baina okupazioaz geroztik F.T.P.ren baitako talderik
gogorrena bilakatu zen. M.O.I.ko ekintzaile gehienak Poloniako juduak eta
Italiako eta Espainiako gazte komunistak ziren, batzuk Espainiako
Errepublikaren alde borrokatuak.
–F.F.I. (Forces Françaises de l’Intérieur): 1943ko abenduaz geroztik,
sigla hauek erabili ziren komunistak ez ziren Erresistentziako talde
nagusiak izendatzeko. “Armada Sekretua” izenez ere ezagutu ziren. Nazien
kontrako Erresistentziako hainbat talderen bat egitearen ondorio izan ziren
F.F.I. indarrak.”
Beraz, zantzu guztien arabera, bai Lastowka bai Muntaner Frantziako
Erresistentziako kideak izan ziren. Argazki albumean ikusitako argazkiak
garbi adierazten zuen aitona eta Carlos Urrutia ere gerrillariak izan zirela
Bigarren Mundu Gerran. Hor zegoen lotura. Gaston H. eta Bouthierri
buruzko artikuluetan ez zen halakorik agertzen, baina aspaldiko kontuak
ziren haiek, eta kazetariek ez zuten zertan jakin.
Bere ikerketaren martxa onagatik pozik, Ane zutitu eta sukaldean
harat-honat hasi zen. Gehiago jakin behar zuen. Ez ahaztu aitona izan
zitekeela gizon horien guztien hiltzailea. Pentsamenduak brast amatatu zion
poza.
Anek burua astindu zuen. Ezin zuen orain etsi: non edo han egon behar
zuen hiltzailea harrapatu zutelako albistea, aitona errugabea zela frogatuko
zuena. Nondik heldu orain ikerketari? Une batez Ane hausnarrean gelditu
zen, mahai gaineko ordenagailuari eta egunkari ebakinei begira.
Espainiakoa izanik, errazena Lluis Muntanerren hariari segitzea izanen
zela erabaki zuen.
Lluis Muntanerren eskelan, haren emazte hilaren izena agertzen zen,
Margarita Canals, baita haien seme-alabena, Francesc eta Ana. Interneteko
Kataluniako telefono gidan sartuta, “Francesc Muntaner Canals” izena
bilatu zuen. Anek poz oihutxoa bota zuen: pantailak Bartzelona hiriko
telefono zenbaki bat azaldu zion.
Tira, bazuen Lluis Muntanerren semearen zenbakia… baina zer erran
behar zion? Barkatu, baina susmoa dut aitonak zure aita hil zuela?
Aitzakiaren bat asmatzen ahal zuen, baina ez zuen gustuko gezurra erratea.
Eta are gutxiago biktima baten semeari. Beste bideren bat egon behar zuen.
Azkenean, egia erratea erabaki zuen… ahal zuen neurrian, behintzat. Ez
zion zertan eman aitonari buruzko bere susmoen berri. Azken batean,
horixe besterik ez ziren, susmoak. Susmo hutsak, gogorarazi zion bere
buruari.
Arnasa sakon biriketaratuta, sakelako telefonoa hartu eta zenbakia
sakatu zuen. Bere bihotzaren taupadak sentitzen zituen entzungailuan
mailuka. Telefonoak lau tonu luze jo zituen.
–Digui’m? –gizon heldu baten ahotsa, lasaia, zorrotza.
–Francesc Muntaner? –galdetu zion Anek.
–Sí. Qui és?
–Barkatu, baina ez dakit katalanez –Anek zalantza egin zuen–. Ez
nauzu ezagutzen. Ane Duhalde dut izena eta Nafarroatik deitzen dizut.
Lluis Muntaner Garcíaren semea zara?
–Bai.
–Begira, ez dakit nondik hasi… Gure aitona berriki hil da, eta haren
etxean dokumentu eta paper ugari aurkitu ditugu. Horien artean, zure aitari
buruzko zenbait… agiri. Uste dut biek elkar ezagutzen zutela.
–Zer-nolako agiriak dira horiek? –Francesc Muntanerren ahotsak kutsu
mesfidati arin bat hartu zuen.
–Zure aitaren heriotzari buruzkoak. Egunkari ebakinak: albiste batzuk
eta eskelak.
Isiltasuna telefonoaz bestalde.
–Muntaner jauna? –galdetu zuen Anek, Muntanerrek eskegiko ote
zuen beldurrez
–Bai, hemen nago. Ez dut oso gustuko horri buruz hitz egitea. Albiste
horiek irakurri badituzu, jakinen duzu nahiko kontu… mingarria izan zela.
–Ulertzen dut. Nahi ez baduzu, ez dugu horretaz hitz eginen –hala ere,
Anek saiatzea erabaki zuen–. Galdera bat bakarrik: argitu zen heriotza?
–Ez –erantzun zuen Muntanerrek lehor–. Egia erran, poliziak ez zuen
interes handirik azaldu hilketa argitzeko. Izan ere, aita eta polizia sekula ez
ziren elkarrekin ongi moldatu.
–Eskeletan irakurri dudanez, ezkertiarra zen.
Isilune baten ondotik, Muntanerrek serio galdetu zuen:
–Duhalde andereñoa, zergatik galdetzen didazu hori guztia?
–Erran dizudan bezala, gure aitona berriki hil da. Matias zuen izena,
Matias Duhalde. Egia erran, bizi zen bitartean ez genuen gehiegi elkar
ikusi. Orain hura ezagutu nahian nabil.
–Ulertzen dut. Baina ez dakit zer egin dezakedan horretan laguntzeko.
–Uste dut aitonak zure aita ezagutzen zuela –azaldu zuen Anek–.
Haren heriotzari buruzko albisteak edukitzeak hala iradokitzen du. Baina ez
dakit non ezagutu zuten elkar. Baliteke gerra garaian elkarrekin borrokatu
izana.
–Aita JSUko brigadekin borrokatu zen Gerra Zibilean –erran zion
Muntanerrek–. Teruel, Camarasa, Tremp… toki anitzetan. Carlos Marx
batailoian hasieran eta 30. dibisioan gero.
–Egia erran, ez dakit aitonak zer egin zuen gerran –aitortu zuen Anek–.
Aitak sekula ez zidan horri buruz hitz egin. Dakidan bakarra da 37an
Frantziara alde egin behar izan zuela. Eta 50eko hamarkada arte ez zela
itzuli.
–Aitak ere Frantzian babestu behar izan zuen –Muntanerren ahotsak
kutsu urruna hartu zuen–. 39ko otsailean muga igaro eta Argelesko
kontzentrazio esparruan giltzapetu zuten. Agian bertan ezagutuko zuen zure
aitona. Esparru hartan Errepublikaren aldeko milaka soldadu eta ekintzaile
egon ziren.
–Ez dakit –erran zuen Anek–. Baina baliteke biak nazien kontra
borrokatu izana. Izan ere, argazki zahar bat aurkitu nuen aitonaren etxean.
Eiffel dorrea ikusten da, eta zibilez jantzitako gizon talde armatu bat.
Aitona hor agertzen da, fusila eskuan. Baliteke gizon horietako bat zure aita
izatea.
–Ez dut uste –ukatu zuen Muntanerrek–. Erran didazunaren arabera,
argazki horrek Paris askatu zutenekoa ematen du. Aita II. Mundu Gerran
borrokatu zen, baina 40an bakarrik, naziek Frantzia inbaditu zutenean. Gure
aita Frantziako armadarekin borrokatu zen, Martxa Batailoietan. Aliatuen
porrotaz geroztik ihesi ibili zen hilabete batzuez, baina 40ko udazkenean
alemanek preso hartu eta Frantzia iparraldeko gerra-presoentzako esparru
batean sartu zuten. Gero, “espainiar gorria” zela jakinda, Mauthausen
kontzentrazio esparrura eraman zuten. Aliatuek Paris askatu zutenean, aitak
Mauthausenen jarraitzen zuen. 1945eko maiatzean atera zen.
–Orduan, baliteke Mundu Gerra bukatuta elkar ezagutu izana… –erran
zuen Anek, gogogabetzen hasita.
–Ez dakit –erran zuen Muntanerrek–. Dena den, uste dut oso datu gutxi
duzula zure aitonari buruz. Zergatik ez didazu argazki horren kopia bat
bidaltzen? Baita zure aitonaren beste argazkiren batzuk ere. Etxean
dauzkadanekin alderatuko ditut, ea baten batean zure aitona agertzen den.
Nahi baduzu, aitaren argazki batzuk bidaliko dizkizut.
–Ederki, halaxe eginen dugu –Anek eztarria garbitu zuen–. Milesker,
oso jator jokatu duzu nirekin. Eta barkatu, badakit kontu horiek oso latzak
gertatu behar zaizkizula…
–Hainbat oroitzapen ez dira oso samurrak –erantzun zuen
Muntanerrek–. Baina, egia erran, harro nago aitaz. Bizitza osoa eman zuen
behartsu eta ahulen aldeko borrokan.
Nahi niken aitonaz gauza bera erran ahal banu, pentsatu zuen Anek.
Helbide elektronikoak eman zizkioten elkarri. Konplimenduzko esaldi
batzuk trukatuta, Ane telefonoa eskegitzera zihoan, baina bat-bateko
burutazio bat izan zuen:
–Barkatu, Muntaner jauna. Azken galdera bat. Kontu xelebre samarra
da, baina…
–Zer da, Duhalde andereñoa?
–Aitonak antzinako Egiptoko itxura duen iruditxo bat oparitu zidan.
Badakit bere adiskideetako batzuek ere izan zituztela halako iruditxoak.
Zure aitak ez zuen halakorik edukiko?
–Egiptoko iruditxo bat? –Muntanerren ahotsak benetako harridura
nabarmendu zuen–. Sekula ez nion halakorik ikusi. Garrantzitsua da?
–Ez, ez dut uste –erantzun zuen Anek azkar–. Milesker guztiagatik,
Muntaner jauna. Oraintxe bertan bidaliko dizkizut aitonaren argazkiak.
Anek telefonoa eskegi eta hasperen egin zuen, arinduta. Azkenean,
elkarrizketa ez zitzaion uste bezain latza gertatu. Izan ere, Francesc
Muntanerrek pazientzia handiz jokatu zuen berarekin: ezezagun batek
halako galderak egitea ez zitzaion oso gozoa izango.
Nolanahi ere, Anek onartu behar zuen ezer gutxi aurreratu zuela. Bi
gizonek 39-40an edo bestela Mundu Gerraren ostean ezagutuko zuten
elkar… benetan noizbait elkar ezagutu bazuten. Bestalde, Egiptoko
estatuaren arrastorik ez. Bazitekeen iruditxoa pista ustela izatea.
Eta okerrena: Lluis Muntanerren hilketa sekula ez zen argitu.
Ane ahalegindu zen burua kutsatzen zioten susmo beltzak uxatzen.
Tira, hoberena Francesc Muntanerri argazkiak bidali eta haren berrien zain
egotea zuen. Ordenagailuaren aurrean eseri eta aitonaren hiru argazki
eskaneatu zituen: Pariskoa, gazte denborako bat, eta 70eko hamarkadan
ateratako bat. Segidan, Muntanerri bidali zizkion, esker oneko hitz batzuk
gehituta.
Anek ingurura begiratu zuen. Zer egin zezakeen orain?
Sud-Ouest egunkarira deitzea erabaki zuen. Seguruenik kasuei
buruzko datuak gordeko zituzten beren artxiboetan. Bouthierren kasua
behintzat argitaratu zuten. Ez zekien nola egiten ziren halako kontuak,
baina, eskatuz gero, agian hilketen gaineko informazio gehiago bidaliko
zioten. Praktika faltak herdoilduriko frantsesa erabili beharko zuela
ohartuta, papertxo batean idatzi zituen galderak. Hasiera ez zen oso
pozgarria izan: egunkariaren webgunean agertzen ziren telefonoetan
erantzungailu automatikoak atera zitzaizkion. Interneteko telefono gidan
frantses kazetaren beste zenbaki batzuk bilatu zituen. Azkenean hezur-
haragizko langile batekin hitz egitea lortu zuenean, dezepzioa hartu zuen:
ordaindu egin behar zen hemerotekako albisteak jasotzearen truke. Eskerrak
emanda, eskegi egin zuen: zegoeneko nahikoa diru gastatua zuen. Beste
aukera batzuk baztertu ondoren aztertuko zuen hemerotekarena.
Erlojuari begiratu zion: eguerdiko ordu bata zen. Ordenagailua itzali
eta bazkaria prestatzen hasi zen. Nekaturik zegoen, eta bere buruko ahots
batek xuxurlatzen zion agian hobe lukeela ohe gainean etzatea… jan ordez.
Ez entzun egin zion mintzo makur hari. Egunaren gainerakoa gehiegi ez
pentsatzen ahalegintzen eman zuen. Hasieran, bere asmoa Eguzkienean
astebete bakarrik egitea bazen ere, egonaldia gehiago luzatzea erabaki zuen.
Azken batean, inor ez zuen zain Iruñean. Pentsamendu honek apur bat
tristatu zuen. Tira, egunen batean merezi dudan adiskideak izanen ditinat,
pentsatu zuen fede handirik gabe. Larritasunari aurre eginez, autoa hartu eta
Iruñerriko hipermerkatu batera joan zen. Gogoa erosketetan jartzen saiatu
arren, aitonaren gaineko susmo beltza bururatzen zitzaion behin eta berriz.
Bide bakarra zegoen pisu hartaz libratzeko: aitona hiltzailea izan ez zelako
froga aurkitzea.
Pentsamendu hori gogoan lokartu zen gau hartan.
10
–Duhalde andereñoa? –gizonezko ahots zeremoniatsu bat zen. Loak
zamaturiko begiez, Anek telefonoaren pantailatxoari begiratu zion: ez zuen
zenbakia ezagutzen. Leihoko zirrikituetatik goizeko argia lerratzen zen.
Iratzargailuak zortzi eta erdiak zirela jakinarazi zion.
–Bai –eztarria garbitu zuen–. Nor da?
–Bartzelonako Unibertsitatetik deitzen dizut –eta etenaldi bat eginda–:
José Antonio Pons katedraduna naiz.
Aurkezpen hanpatuak aho bete hortz utzi zuen Ane.
–Aha –asmatu zuen erraten, ohean agondu bitartean. Artean ez zen
ohitu ohe tolesgarri hartan lo egitera.
–Gu bion adiskidea den Zesar Lumbreras irakasleak zure ushebti
zoragarri horren argazki batzuk bidali berri dizkit –azaldu zion Ponsek–.
Oso pieza interesgarria iruditu zaidanez, atrebentzia izan dut Lumbreras
irakasleari zure telefonoa eskatzeko.
Anek Zesar madarikatu zuen bere baitarako. Gogoratu sekula ezertxo
ere ez eskatzea tentel horri, pentsatu zuen haserre.
–Segitu aurretik –ohartarazi zuen Anek, gozakaitz–, gauza bat utzi
nahi dut argi, Pons jauna: ez dut iruditxoa saltzeko asmorik.
Ponsen barreak karraska egin zuen entzungailuan.
–Lastima, oso ushebti ederra baita –erran zuen–. Noizbait iritziz
aldatuz gero, deitu eta hitz eginen dugu. Dena den, nire interesa ez dago
ushebti horretan, hori lortu zenuen moduan baizik. Lumbreras irakasleak
erran zidanez, zure aitonak eman zizun.
–Halaxe da.
–Eta badakizu non lortu zuen berak?
–Ez. Kontua da txikitan eman zidala. Garai hartan nik ez nekien
iruditxoa benetakoa zenik. Egia erran, bera hil arte ez dut jakin.
Katedradunaren ahotsak dolu tonu neurtu bat hartu zuen.
–Lumbrerasek erran zidan berriki hil zela. Sentitzen dut –erran zuen.
Eta doinua erabat aldatuz–: Ushebti bakarra eman zizun zure aitonak?
–Bai. Besterik al dago? –galdetu zuen Anek, ezjakinarena eginez. Ez
zuen Maiderren ushebtia aipatzeko asmorik. Beharrik, Zesarri ez zion ezer
erran.
–Baliteke –Ponsek, iheskor–. Galdera bat, Duhalde andereñoa: ba al
dago modurik jakiteko non edo nola lortu zuen zure aitonak ushebtia?
–Ez dakit.
–Nola zuen izena zure aitonak?
–Matias Duhalde.
Pons isilik egon zen une batez, eta Anek susmatu zuen erantzunak
idazten ari zela.
–Badakizu inoiz Frantzian izan zen? –galdetu zuen katedradunak.
Anek zalantza egin zuen. Gogaitzen hasita zegoen: elkarrizketa
galdeketa bihurtzen ari zen, eta artean Ponsek ez zion informaziorik batere
eman. Hala ere, atsegin jokatzea erabaki zuen. Agian nazkante hark
zertxobait argituko zion misterioa. Gero galderak egiteko bere txanda
izanen zen.
–Gerra zibilean erbesteratu egin zen –erantzun zion–. Hainbat urtez
Frantzian bizi izan zen.
–Gerra zibilean? –Ponsen ahotsak emoziozko dardara bat nabarmendu
zuen–. 1940ko udazkenean Frantzian zen zure aitona?
–1937tik 50eko hamarkada arte bizi izan zen Frantzian –Anek erabaki
zuen ofentsibari ekiteko ordua zela–. Galdetzen ahal dizut zer garrantzi
duen horrek?
–Tira… egia erran, ez da oso garrantzitsua. Kontua da garai horretan
badela zurea bezalako beste ushebti batzuen berri. Hori da dena.
–Frantzian, 1940ko udazkenean?
–Bai –katedradunak, hotz eta motz–. Eta zehazki, Frantziako zein
zonaldetan bizi izan zen zure aitona?
Ponsen jarrerak sumindu egin zuen Ane. Erantzun iheskorrak ematen
zizkion bitartean, informazioa ateratzen zion inolako lotsarik gabe.
–Pons irakaslea –erran zion ahal zuen zorrotzen–, uste dut eskubidea
dudala jakiteko zergatik galdetzen didazun hori guztia.
–Barkatu, Duhalde andereñoa. Ushebti horren historia hurbila besterik
ez dut jakin nahi. Jarrai dezagun: zertan aritu zen zure aitona Frantzian?
Ponsen lotsagabekeriak txunditu egin zuen Ane. Nekez eutsi zion
eskegitzeko gogoari.
–Ez dut galdera gehiagorik erantzuteko asmorik, Pons jauna –
ohartarazi zion–. Ez behintzat zuk hainbat argibide eman ezean.
–Ez haserretu, Duhalde andereñoa –Ponsen ahotsak kutsu melenga
hartu zuen–. Nahi duzun guztia argituko dizut, baina hori baino lehen
baditut galdera batzuk: arte aditua zen zure aitona?
Anek kolpez sakatu zuen eskegitzeko botoia. Alua halakoa!, oihu egin
zuen, masailak sutan. Irakaslearen galdera gosetiak artean belarrietan
zituela, berriro jo zuen telefonoak. Hartu zuenean, Ponsen ahots larritua
entzun zuen berriz ere:
–Duhalde andereñoa? Mesedez, ez…
Anek are amorru handiagoz eskegi zuen. Bai morroi nazkagarria! Argi
zegoen ez ikasketek ez tituluek ez zutela gizalegearekin zerikusirik. Une
batez Zesarri deitu eta errieta botatzeko gogoa izan zuen. Hala ere, errukia
hartu zion gizajo hari. Azken batean, bere hobe beharrez ari zelakoan
jokatuko zuen. Ohetik jaiki eta jertsea bilatu zuen Anek.
Telefonoak berriro jo zuen.
–Ergela halakoa! –oihu egin zuen Anek, botoia sakatu orduko–. Berriz
ere deituz gero, poliziari…!
–Ane? –emakume baten ahots kikildua zen.
Ane izozturik gelditu zen.
–Bai, nor da?
–Maider naiz, Donostiakoa, oroitzen? Agian beste une egokiago
batean deituko dizut…
–Ez, ez, nazkagarri bat besterik ez zen –erran zion Anek lotsaturik–.
Barkatu. Zer moduz zaude, Maider?
–Ongi. Nire estatua txikiari buruz hitz egiteko deitzen dizut. Aurreko
egunean antigoalekoen saltzaile batekin hitz egin nuen.
Ane erne jarri zen. Antza, egun hartan denek hitz egin nahi zuten
ushebti haietaz.
–Eta? –galdetu zion.
–Erran zidan benetakoa dela! Izena eta guzti ere badu. Itxaron… –
paper hotsa entzun zen–. U-sheb-ti. Ez dakit hala ahoskatzen den. Baina
erran zidan hirurehun eta bostehun euro arteko balioa izan lezakeela! Ez da
mundiala?
Anek sorbaldak uzkurtu zituen.
–Bai –erantzun zion–. Besterik erran zizun saltzaileak?
–Gauza asko. Itxaron. Idatzi egin nuen dena –paper hotsa berriz ere.
Segidan, Maiderrek zailtasunez irakurri zuen–: Ushebtia Erdialdeko
Hirugarren Aldiaren hasierakoa da (XXI. Dinastia, 1069-945 K.a.). Eta
fayenza izeneko materialaz eginda dago: kuartzo hautsa eta berun
zeramikazko geruza bat. Berunak ematen omen dio kolore berdexka hori.
Tira, zer uste duzu?
–Egia erran, tutik ere ez dut ulertu –aitortu zuen Anek.
–Neuk ere ez! –barre egin zuen Maiderrek–. Interneten saltzeko asmoa
dut. Enkanteak egiten diren webgune bat aurkitu nuen. U-sheb-ti-a-ren
argazkia eta antigoalekoen saltzaileak emandako datuak bidali nizkien.
Oraintxe bertan, mundu osoko erosleak ari dira nire estatua txikia ikusten!
Eta ez dut onartuko bostehun euro baino gutxiagorik! Dena den… nahi
baldin baduzu, hitz egin genezake. Etxean izan zinenean nahiko
interesaturik sumatu zintudan…
–Egia erran –aitortu zuen Anek–, ez dut diru askorik.
–Tira, prezioaz hitz egin genezake. Nahiago dut zuri saldu, ezezagun
bati baino. Gainera, Interneteko kontu horiek mesfidantza sortzen didate.
Seguru engainatu egingo nautela!
–Sentitzen dut, Maider, baina ez –Anek duda egin zuen–. Dena den…
–Zer? Erosiko didazu?
–Nik ez. Baina ezagutzen dudan… morroi bat interesaturik egon
daiteke. Pons du izena. José Alfonso edo José Antonio, ez dakit. Historia
katedraduna da Bartzelonan.
–Katedraduna? Orduan ongi ibiliko da sos aldetik…
–Nazkante hutsa da –erran zion Anek–. Interesik baldin badu, ahal
duzun garestien sal iezaiozu.
–Utzi hori nire kontu, kar, kar, kar!
Maiderren irri maltzurrak barre eragin zion Aneri, eta laster bi neskak
algaraka ari ziren.
–Itxaron, emanen dizut biktimaren telefonoa –Anek sakelakoaren
deien artxiboan begiratu eta Ponsen zenbakia erran zion Maiderri–. Eta
gogoratu, ongi astindu iezaiozu diru-zorroa!
–Ez izan kuidadorik! Kar, kar, kar!
–Ederki, Maider. Zorte on.
Anek telefonoa eskegi zuen. Irribarre egin zuen, Pons gogaikarriaren
kontrako bere mendeku txikia gogoan. Hala ere, telefonoa itzali egin zuen,
badaezpada ere. Lan handiko eguna izanen zen hura.
11
Harrigarriro, goiz hartako deiek ez zioten gosea kendu. Anek seinale
ontzat hartu zuen. Gosaldu ondoren, sukaldeko mahaia garbitu eta
ordenagailua eta egunkari ebakinak zabaldu zituen bere aurrean. Posta
elektronikoa irekita, Francesc Muntanerren mezu bat aurkitu zuen. Lerro
labur adeitsu batzuetan, katalanak erraten zion ez zuela aitona Matiasen
antzeko inor aurkitu bere aitaren argazkietan. Mezuaz gain Lluis
Muntanerren sei argazki zeuden, zibilez, soldaduz eta presoz jantzita, baina
Anek garbi ikusi zuen gizon hura ez zela aitonaren albumean agertzen.
Muntanerri esker oneko mezua idatzita, Ane hausnartzen aritu zen.
Bezperako deiek ez zioten gauza handirik argitu. Hala ere, ezin zuen amore
eman. Eraren bat egon behar zuen hiltzailea atxilotu zuten jakiteko, edo
behintzat aitona susmotik libratuko zuen daturen bat aurkitzeko.
Egunkari ebakinak berriz ere irakurrita, Bouthierren kasua ikertu zuen
Geppert komisario hura bila zezakeela bururatu zitzaion. Anek kokotsa
laztandu zuen. Bouthierren hilketari buruzko artikuluan Geppert Bordeletik
etorri zela aipatzen zen. Kasu haietako bat ikertu zuen poliziarekin hitz
egitea lortuz gero, aitonari buruzko susmo ergel haiek guztiak haizatu
ahalko zituen beharbada. Merezi zuen saiatzea: lasaitasuna berreskuratzeko
behar larria zuen. Beldurra ematen zion aurkitu zezakeen informazioak,
baina bazekien egiari aurre egin ziezaiokeela. Ez ordea zalantzari.
Ordu laurdena eman zuen ordenagailuarekin lanean Bordeleko polizia
egoitza nagusia aurkitzeko: Commissariat de Police de Bordeaux: 87, rue
Abbé de l'Epée. Sakelako telefonoa piztu eta, hatzak gurutzatuz, zenbakia
sakatu zuen. Emakume ahots batek erantzun zion berehala.
Ane ongi ahoskatzen ahalegindu zen.
–Geppert komisarioarekin hitz egin nahi nuke, mesedez.
Telefonistak tonu mekaniko batez erantzun zion:
–Unetxo bat, mesedez.
Minutu batez, telefonoak Pachelbelen Kanonaren nota dantzariak
transmititu zituen.
–Bai? –galdetu zuen gizonezko ahots lanpetu batek.
–Monsieur Geppert?
–Geppert komisarioak dagoeneko ez du hemen lan egiten,
mademoiselle...
–Ane Duhalde dut izena –erran zuen, hitzak arretaz ebakiz–. Atzerritik
deitzen dut, eta Geppert jaunarekin hitz egin nahi nuke.
–Geppert komisarioak orain dela bost urte hartu zuen erretreta. Afera
ofiziala baldin bada, nik neuk lagun diezazuket.
–Ez, mila esker –erran zuen adoregabeturik–. Kontu pribatua da. Ez
duzu komisarioaren etxeko telefonoa izanen?
–Sentitzen dut, baina ezin dugu halako daturik telefonoz eman.
Ulertuko duzu.
Ulertzen zuen, bai. Eskerrak emanda, eskegi egin zuen. Susmatu behar
ninan, pentsatu zuen. Unetik unera kemena suntsitzen sentitzen zuen bere
baitan. Mahai gaineko ordenagailuari begiratu zion. Pantailak, artean,
Bordeleko polizia etxearen telefonoa azaltzen zuen. Anek bekaina laztandu
zuen. Zergatik ez? Merezi zuen azken ahalegin bat egitea.
Geppert abizena sartu zuen Bordeleko telefono gidan. Hatzak
gurutzatu zituen berriz ere: ez ahal zen oso abizen arrunta izanen!
Bilatzaileak hamar izen azaldu zituen. Okerrago izan zitekeen. Anek
bolaluma hartu zuen. Izenetako bi baztertu zituen, emakumeenak zirelako.
Beste bat harategi bateko telefonoa zen.
Lehenbiziko zenbakia sakatuta, inork ez zuen erantzun. Zerrendako
bigarren Geppertek barre algara egin zuen ea polizia zen galdetu ziolarik.
Lotsaturik, Anek eskegi egin zuen. Hirugarren zenbakia sakatu zuen.
Telefonoak lau aldiz jota, gizonezko ahots sakon batek erantzun zuen:
–Allo?
–Monsieur Geppert?
–Oui.
–Barkatu, nire frantsesa oso kaskarra da...
–Lasai, ederki ulertzen dizut. Zertan laguntzen ahal dizut...
andereñoa?
–Oh, barkatu! Ane Duhalde dut izena, eta Iru√±ekoa naiz.
–Pampelune! Behin Donostiara joan nintzen, Zinemaldira. Tira, egia
erran, Sophia Loren ikustera joan nintzen.
–Eta ikusi zenuen?
–Ez, berandu heldu ginen. Lastima –Geppertek hasperen egin zuen–.
Zertan laguntzen ahal dizut, mademoiselle Duhalde?
–Egia erran, ez dakit nondik hasi. Bilatzen dudan pertsona zaren ere ez
dakit. Bordeleko Poliziako komisarioa izan zinen, Geppert jauna?
–Bai, berrogeita bi urtez. Erretreta hartu nuen 2001ean.
Anek garaipen keinu isil bat egin zuen. Arnasa hartu zuen:
–Nire datuen arabera, Geppert jauna, 1986an oso kasu berezi batean
lan egin zenuen, Pauillac herrian. Kasu hura...
–Bouthier afera.
–Horixe bera! Nola...?
–Urte hartan eta seguruenik nire karrera osoan izan dudan aferarik
izugarriena izan zelako.
Ane hain zegoen urduri non hitzak korapilatu egin baitzitzaizkion
ahoan.
–Argitu zen afera? –galdetu zion–. Hiltzailea harrapatu zenuten?
–Ez; zoritxarrez ez genuen argitzerik lortu.
–Ez? –Aneren ahotsa xuxurla entzungaitza zen. Mailukada jo baliote
bezala sentitzen zen.
–Ez –berretsi zuen Geppertek–. Galdera bat, Duhalde andere√±oa:
zergatik interesatzen zaizu afera hori? Kazetaria zara?
–Ez –erantzun zuen Anek–. Ikaslea naiz. Psikologia ikaslea. Baina
aitona berriki hil da eta...
–Sentitzen dut.
–Mila esker; aitona orain dela aste batzuk hil zen, eta haren etxean
kasu horri buruzko egunkari ebakin batzuk aurkitu nituen. Pentsatu nuen
agian aitona Bouthier jaunaren adiskidea edo izan zela garai batean.
–Eta horregatik deitzen didazu? –Gepperten ahotsean ironia kutsu bat
zegoen–. Zure aitonak Bouthier ezagutzen zuelako bakarrik?
Anek ulertu zuen aski zaila gertatuko zitzaiola polizia zahar hura
engainatzea.
–Egia erran, oso deigarria gertatu zitzaidan aitonak halako
izugarrikeria baten gaineko informazioa edukitzea.
–Zehazki, zer nolako informazioa zen zure aitonak gordetzen zuena?
–Egunkari ebakinak –azaldu zuen Anek–. Haietako batean zure izena
agertzen denez, erabaki nuen zurekin hitz egitea. Bordeleko polizia egoitza
nagusira deitu dut, baina zure zenbakia eman nahi izan ez didatenez,
telefono gidan bilatu behar izan dut.
Une luze batez, telefonoak polizia zaharraren arnasa besterik ez zuen
transmititu.
–Oso kontu zaharrak dira horiek –erran zuen Geppertek azkenean–.
Argi mintza gaitezen, Duhalde andereñoa: zer nahi duzu nigandik?
–Kasu horren inguruko argibide batzuk –erantzun zuen Anek, eta,
itzala bihotzean, pentsatu zuen: Dagoeneko argibiderik garrantzitsuena
eman didazu, Geppert komisarioa: ez zenuen hiltzailea harrapatu.
–Eta zertarako nahi dituzu argibideok? –galdetu zion Geppertek.
Anek ulertu zuen bere erantzunak baldintzatuko zuela Gepperten
jarrera. Poliziak gezurrik antzemanez gero, bukatu eginen zen elkarrizketa.
Eta berriz ere musu-huts geldituko zen.
Egia erratea deliberatu zuen.
–Uste dut Bouthierren hilketa ez zela bakarra izan –azaldu zuen–. Nire
ustez, krimen hura hilketa sail bateko kasu bat besterik ez zen izan.
Aitonaren etxean lau hilketari buruzko albisteak aurkitu nituen: Jean
Lastowka, Jean Louis Bouthier eta Gaston H. Frantzian, eta Lluis Muntaner
Espainian.
Geppertek irribarre egin zuen.
–Zorionak, Duhalde andereñoa –erran zuen.
Anek kopeta ilundu zuen.
–Zorionak? Zergatik?
–Gure sekretutxoa argitu duzulako... –azaldu zion Geppertek–. Zure
aitonaren laguntzaz, jakina. Garai hartan ez genien ezer erran
komunikabideei. Ikerketaren mesedetan, ezkutatu egin genuen krimenen
hainbat xehetasun. Kazetariek hilketa sail bat gertatzen ari zela jakin balute,
presio jasanezina eginen ziguten. Baina bai, zuk aipaturiko lau hilketa
horien berri izan genuen garai hartan. Egia erran, beste hilketa bat gertatu
zen Coutras herrian, 85eko... azaroan, nire oroimenak huts egiten ez badu.
Philippe Fleury. Bide bazter batean azaldu zen, bere etxetik ehun bat
kilometrora. Hilketa Gironda eskualdean gertatu zenez, geu arduratu ginen
kasuaz. Hurrengo krimenak guri eman zizkiguten, baita gure esparrutik
kanpo gertatu zirenak ere. Dakigunez, Fleury izan zen lehenbiziko hildakoa.
–Eta kasu hartan ere, hildakoak, zera, eskuak...
–Bai, zerra batez moztu zizkioten, beste guztiei bezala. Horregatik
Arotza ezizena jarri genion hiltzaileari. Jakina, hori ere sekretupean atxiki
genuen. Gainera, bigarren hilketaz geroztik, Arotza beste lanabes batzuk
erabiltzen hasi zen: bihurkinak, mailua eta iltzeak...
–Ene!
–Izugarria izan zen, bai –erran zuen Geppertek–. Basozain zahar bat
zen Philippe Fleury. Zure aitonaren egunkari ebakinetan ez da kasu hura
agertzen?
–Ez –erantzun zuen Anek, izuturik–. Beraz, hilketen arteko loturari
antzeman zenioten?
–Jakina, andereñoa. Hilketen ezaugarriak oso deigarriak ziren, eta
polizia ez da uste bezain ergela. Frantziako lehenbiziko kasuak gertatu
orduko, jakinaren gainean jarri genuen Lyongo Interpol. Haien bidez,
Espainiako kasuaren berri izan genuen, gertatu eta berehala. Hilketa saileko
azken hildakoa izan zen Muntaner. Hala ere, aitortu behar dut gure
ikerketek ezer gutxirako balio izan zutela. Erran dizudan bezala, ez genuen
lortu Arotza harrapatzea.
Anek bere beldur guztiak baztertzea erabaki zuen. Zegoeneko ez
zeukan zer galdurik. Arnasa hartu zuen, jauzi arriskutsua egin behar
duenaren antzera.
–Zerbait aurkitu dudala uste dut –erran zuen–. Kasu batzuen arteko
lotura.
–Entzuteko prest naukazu –Gepperten ahotsa seriotu egin zen.
–Uste dut biktima guztiak nazien kontrako Erresistentziako kideak
izan zirela –erran zion Anek. Segidan, egunkari ebakinetako datuak,
Muntanerren semeak errandakoak eta bere aitonari buruzkoak kontatu
zizkion polizia zaharrari. Hala ere, kontu handia hartu zuen Urrutiaren
hilotzari buruz tutik ere ez errateko. Azalpenak bukatu zituenean, galdetu
zion–: Tira, zer uste duzu?
–Ez dago batere gaizki –erran zuen Geppertek, hitzak poliki
ahoskatuz–. Batere gaizki ez. Polizia izatea pentsatu beharko zenuke,
Duhalde andereñoa. Guk hilabeteak behar izan genituen lotura horri
antzemateko.
Ane, berriz ere, aho bete hortz gelditu zen.
–Bazenekiten denak Erresistentziako kideak izan zirela? –galdetu
zuen, dezepzioaren hozkada bihotzean.
–Bai eta ez –erran zuen polizia zaharrak–. Azalduko dizut. Bouthierren
hilketa gertatu arte, lotura horixe izan zitekeela pentsatu genuen: bai Fleury,
bai Lastowka Erresistentziako kideak izan ziren. Muntaner ere nazien
kontra aritu zen, baina hura hil zutenerako aspaldi ahaztua genuen
Erresistentziaren hipotesia: Bouthierren hilketak baztertzera behartu
gintuen.
–Zergatik?
–Gerra garaian Jean Louis Bouthierrek Suitzara alde egin zuelako.
–Suitzara?
–1940ko neguan Bouthierrek eta bere emazteak ezkutuan igaro zuten
Suitzako muga –azaldu zion Geppertek–. Bouthier CGT sindikatuko kidea
zen, eta garai hartan Gestapoa zein Vichyko gobernua ezkertiar ugari
atxilotzen ari ziren. Ez genuen jakin nola lortu zuen Suitzara pasatzea,
horretarako lortzeko zailak ziren agiriak behar baitziren, edo dirutza handia.
50eko hamarkadan Bouthier senar-emazteak Frantziara itzuli eta jaki-denda
bat zabaldu zuten Gironda eskualdeko Pauillac herrian. Hainbestean bizi
izan zen Bouthier... Arotzak hil zuen arte. Beraz, Erresistentzia antolatu
zenerako Bouthier lasai-lasai zegoen Lausanako bere etxean.
–Ulertzen dut –erran zuen Anek ahots ahulez.
–Gainera, badago beste arazo bat: Gaston Hervé laugarren biktimak
ere ez zuen inolako loturarik izan Erresistentziarekin. Zurgina zen gerra
garaian, eta zurgina 1986an hil zutenean ere. Haren seme-alaben arabera,
Gaston Hervé sekula ez zen politika kontuetan sartu. Baliteke Arotza okertu
izana, baina ez da oso probablea.
Anek hasperen egin zuen.
–Onartu behar dut apur bat dezepzionaturik nagoela –aitortu zuen–.
Uste nuen hilketen arteko loturari antzeman niola. Baina, antza denez, zuek
bazenekiten hori guztia.
–Pozik egon behar duzu, Duhalde andereñoa: egunkari ebakin bakar
batzuekin erdietsi duzu urte luzetako ikerketa bat berdintzea. Aitortu behar
dut guk ez genuela ezer hoberik lortu.
Adore hitzak gorabehera, Ane aski gogogabeturik zegoen. Berriz ere
bere ahaleginak ustel gertatu ziren. Eta okerrena: artean aitona zen
susmagarririk garbiena. Nekaturik sentitzen zen, indarge. Polizia zaharra
agurtzeko ordua zen.
–Geppert jauna, atsegin handia izan da zurekin hitz egitea. Oso jatorra
izan zara nirekin.
–Neuk izan dut atsegina, Duhalde andereñoa. Egia erran, erretiratuaren
bizimoduak aspertu egiten nau. Polizia lanaren mina dut, ikerketak,
galdeketak, lorik gabeko gauak... Kasu hark gainera... obsesionatu egin
ninduen. Hain hurbil egon ginen! Eta, tira, oso atsegina da neska gazte
baten interesari eutsi ahal izatea... minutu bakar batzuez besterik ez bada
ere.
Anek irribarre ahula egin zuen.
–Milesker, Geppert jauna. Agian... –Ane isildu egin zen. Bat-batean
ideia bat bururatu zitzaion. Bazekien tontakeria hutsa zela, baina une hartan
ez zitzaion axola barregarri gertatzea–. Geppert jauna, bada kontu bitxi
bat...
–Galdetu beldurrik gabe, andereñoa.
–Nire datuen arabera, azken biktimetako batek harrizko iruditxo bat
zeukan, antzinako Egiptoko itxurakoa. Ez al zenuen...?
–Harrizko estatua bat? –eten zion Geppertek oihuka–. Emakume baten
irudi berdexka bat?
–Bai. Txikia, hamar bat zentimetrokoa.
–Jainkoa! –hots egin zuen Geppertek–. Desagertu zenean, Philippe
Fleury lehen biktimak harrizko iruditxo bat eraman zuen etxetik. Fleuryk
asteburua kanpoan emanen zuela erran zion emazteari. Garrantzi handiko
zerbait egin behar omen zuen. Emazteak ez zion galdera gehiegi egin:
Fleury oso gizon xelebrea zen. Zomorro samarra, ia ez zuen inorekin hitz
egiten. Handik bost egunera bide bazter batean agertu zen, torturatuta eta
eskurik gabe. Sekula ez genuen haren autoa aurkitu, ezta estatuatxoa ere.
Emazteak erran zigun irudia antzinako Egiptoko itxurakoa zela. Ez zen oso
balio handikoa, ordea. Gure adituak ere bat etorri zirenez, baztertu egin
genuen bide hura –Geppertek arnasa hartu zuen–. Eta zein biktimak zeukan
iruditxo hori? Muntanerrek?
Ane zer erran ez zekiela gelditu zen. Urrutiaren hilketaren berri eman
behar zion Gepperti? Eta aitonaren gainera susmoak bota? Dardarka hasi
zen urduriaren urduriz.
–Duhalde andereñoa? Hor zaude?
–Bai, hemen nago –erantzun zion ahots ia entzunezinez–. Estatua txiki
horietako bat daukat. Aitonak oparitu zidan txikitan.
–Baina zure aitona ez zuen inork hil, ezta? Ala bai?
–Ez. Bihotzekoak jota hil zen abuztuaren amaieran.
–Baina zuk erran duzu biktima batek zeukala irudia –Gepperten ahotsa
zorroztu egin zen–. Nor da biktima hori? Ala bi estatua daude, zurea eta
biktimarena?
Anek ez zekien nola ihes egin Gepperten galderei. Hain zegoen urduri
non pentsatu ere ezin baitzuen egin. Zergatik erran zion ezer txakur zahar
hari?
–Aurreko egunean –erran zuen, ahotsa dar-dar–, estatua horietako bat
daukan neska bat ezagutu nuen. Interneten saltzeko asmotan dago. Hori
guztia ezin da kasualitate hutsa izan, ulertzen?
–Ez, ez dut ezertxo ere ulertzen. Biktima bat aipatu duzu. Nor da?
Anek alde egitea erabaki zuen. Hanka sartze itzela izan zen polizia ohi
hari deitzea.
–Barkatu, Geppert jauna, ezin dut hitz egiten jarraitu. Beste batean hitz
eginen dugu.
–Ez eskegi, mesedez! –hots egin zuen Geppertek–. Hau oso
garrantzitsua da. Hitz egin behar dugu. Nola hitz egin dezaket neska
horrekin?
–Oso nekaturik nago, Geppert jauna. Agur.
–Orduan, eman zure telefonoa –erregutu zion poliziak–. Beste une
egokiagoren batean deituko dizut. Nahi duzunean. Badut beste ideia bat:
zergatik ez zara hona etortzen? Datorren asteburuan? Edo nahiago duzu ni
hara joatea? Ez gaude elkarrengandik oso urrun.
–Ez dakit. Pentsatuko dut, Geppert jauna. Deituko dizut. Agur.
Eta Gepperten protestei ez entzun eginez, eskegi egin zuen. Begiak
malkotan, bere burua madarikatu zuen hain ergela izateagatik. Are gehiago
katramilatu zuen dena aitona babesteagatik. Orain ezinezkoa zitzaion
Gepperti laguntza eskatzea: txakur zahar hark ez zuen askatuko erakutsi
berri zion hezurra. Ez zuen etsiko aipatu zion biktima nor zen jakin arte.
Anek sorbaldak goratu zituen. Azken batean, horrek ez zeukan
hainbesteko garrantzirik. Ez zuen zertan Geppertekin berriz hitz egin: orain
bazekien ez zutela hiltzailea harrapatu. Eta horixe zen garrantzitsuena. Eta
izugarriena.
Lasaitzen saiatu behar zuen. Baina bihotza esku erraldoi batek estututa
bezala sentitzen zuen.
Telefonoaren pantaila txikiari begira gelditu zen. Dei galduen ikonoak
distira egiten zuen. Ane oroitu zen Maiderren deiaren ondoren itzali egin
zuela sakelakoa, Pons gogaikarriaren deirik ez hartzeagatik. Bi ordu
geroago, Gepperti deitzeko piztua zuen berriz ere. Botoia sakatuta, aho bete
hortz gelditu zen: dei guztiak Ponsen telefonoarenak ziren. Bi ordu haietan
katedradunak berrogeita sei dei egin zituen bere zenbakira.
Azken gorabehera hark bere oreka apur guztiak suntsitu zizkion.
12
Muntaner, Maider, Pons eta Geppertekin hitz egin ondoren, Anek
kontrola galdu zuen. Sukaldera joan eta aurkitu zuen guztia jan zuen:
gailetak, bezperako espagetiak, txokolatea, esnea… ero moduan ahoratu
zituen, begiak malkotan zituela. Pikutara bidali zituen bere asmo on
guztiak. Ez zitzaion axola leher egitea. Eguzkienean geldituko zen behin
betiko, bakarrik eta lodi, aitona Matiasen antzera burua apurka galduz.
Azken batean, inork ez zuen bere minik izanen.
Hurrengo goizean sabeleko min jasangaitzez esnatu zen. Etxetik
aterata botaka aritu zen, eztarria urratu arte. Okerrena, baina, bere buruak
ematen zion nazka zen. Burua hormaren kontra jotzeko gogoa zuen. Behin
eta berriz, bere indar guztiaz, pareta gorritu arte. Mundu alu hura lausotzen
eta ilunpean behin betiko galtzen ikusi arte.
Eguna lasaigarrien lainopean eman zuen. Arratsean ohe gainean etzan
eta biharamun eguerdira arte lo egin zuen. Esnatu zenean lasaiago zegoen.
Jaiki eta, telefonoa itzalita zegoela egiaztatuta, kutxa batean sartu zuen
ordenagailua. Birziklatzeko paper pilara bota zuen egunkari ebakinen
karpeta. Burua kotoi malutez beterik zuen. Ezin zuen ezer sentitu. Automata
baten antzera ari zen. Pentsamenduak arrotzak begitantzen zitzaizkion,
bereak ez balira bezala, beste buru batek sortuak baizik. Handik oso urrun
legokeen beste buru batek.
Gauza bakarra falta zuen egiteko. Kanpora atera, pala hartu eta
Urrutiaren hezurrak lurperatu zituen. Palaren xaflaz lurra zapaldu eta
berdindu ondoren, orbel eskutada batzuk bota zituen lur irauliaren gainera.
Behin betiko desagerrarazi nahi zuen izugarrikeria hura bere bizitzatik.
Eta bi astez behintzat lortu zuen.
Hamabost egun haietan plan zorrotz baten arabera bizi izan zen:
goizeko zazpi eta erdietan jaikitzen zen. Erdi ahaztuak zituen Tai-txi ariketa
arin batzuk egin ondoren, kaloria gutxiko gosaria hartzen zuen, irratiko
albisteak entzuten zituela. Gero, etxean lan egiten zuen bizpahiru orduz.
Garbiketak martxa ederra hartu zuen: beheko solairu osoa garbitu eta
bigarrenari ekin zion. Liburutegiak lan handia eman zion. Hauts hodei
trinkoen artean aritu zen. Liburuak bazter batean pilatu zituen, eta egoera
okerrenean zeuden apalategiak puskatu egin zituen sutarako egurra egiteko.
Sudur-ahoak oihal zerrenda batez babestu arren, musuzapia belztu egiten
zuen zintz egiten zuenean.
Hirugarren solairua sabai txiki bat besterik ez zen. Liburutegiko bazter
batean zegoen eskailera estu batetik heltzen zen gelatxora, eta, antza,
aitonak ez zuen sekula erabili. Erabat hutsik zegoen. Anek usoen habiak
bota eta saguen kontrako pozoia jarri zuen bazterretan. Beste egun batean
etxe ondoko baratze txikia garbitu zuen. Landare ihartu eta barazki ustel
pila handia lurperatu zuen. Hurrengo urtean agian zerbait landatzeko
kemena bilduko zuen.
Lanak on egiten zion: alde batetik bere burua indartsuago eta argalago
nabaritzen zuen. Bestetik, gogoa pentsamendu beltzez libre zeukan. Bere
lanaren emaitzak ikusteak eragin lasaigarria zuen. Arratsetan irakurri,
inguruko mendietako bide erdi itxietan barrena paseatu, eta erlaxatzeko
ariketak egiten zituen. Iruñera itzultzeko asmorik ez zuenez, hango etxea
alokatzea hausnartzen hasi zen. Ongi etorriko zitzaion diru apur bat
gehiago. Batzuetan Urrutiaren hezurrak edo egunkari ebakinak gogoratzen
zitzaizkion, baina, halakoetan, hortzak estutu eta are sutsuago ekiten zion
lanari. Burezurra aurkitu ondorengo egunak amesgaizto baten antzera
gogoratzen zituen, baina lokamuts hura ere indarra galtzen hasi zen laster.
Noizbehinka ibarrera jaisteko ohitura hartu zuen. Hasieran jakiak,
garbiketarako produktuak eta egunkaria erostera joaten zen ibarreko herri
nagusira. Egun batean, baina, dendara abiatu baino lehen ostatu batean sartu
eta te bero bat hartu zuen atseginez. Herriko jendeek jakin-minez begiratzen
zioten, baina bera beti saiatzen zen mundu guztia modu atseginean
agurtzen. Denbora beharko zuten herrikoek bere presentziara ohitzeko.
Bi aste haietan gauzak beren onera itzuliko ziren irudipena izan zuen
Anek.
13
Albistea egunkariko bazter ez oso deigarri batean zegoen:
EMAKUME BAT HILDA AGERTU DA

DONOSTIAKO GROS AUZOAN


Donostia.
Gertakari bortitz batek astindu du Donostiako Gros auzoa. 30 urteko
emakume bat hilik agertu zen atzo goizean Zabaleta karrikako etxebizitza
batean. Herrizaingo Sailaren arabera, hildakoak M.R. zuen izena eta
bakarrik bizi zen. Kiratsak ohartarazita, karrikako 12. zenbakiko
bizilagunek Ertzaintzari deitu zioten. Atea bota egin behar izan zuten
agenteek. Antza, aurreko astean inork ez zuen M.R. ikusi, baina,
bidaiatzeko ohitura handia zuenez, ez bizilagunak ez adiskideak ez ziren
kezkatu.
Atzo arratsaldean egindako adierazpenetan Herrizaingo Sailak
baztertu egin zuen emakumeen kontrako indarkeriaren hipotesia, baina ez
zuen bestelako argibiderik eman. Informazio falta horrek areagotu egin ditu
Groseko auzokideen samina eta beldurra. Izan ere, hilketaren xehetasunak
zabaldu ez arren, zurrumurru latzak dabiltza auzoan. Epaileak sekretua
ezarri du ikerketaren gainean.
Anek sukaldeko mahaiari heldu behar izan zion zutik irauteko. Une
amaiezin batez mundua urrundu egin zen, berekin eramanez kolore guztiak.
Hala egon zen tarte luze batez, mahai ertzari heldu eta begiak egunkariko
orrialdeari josita.
Bere buruko ahots batek erraten zion dena kasualitate hutsa zela, M.R.
hura ez zela berak bisitaturiko Maider Retolaza. Ahots hark dena ahazteko
erregutzen zion, bakean bizitzen jarraitzeko. Baina ahots hura oso ahula
zen, eta haren arrazoiak ezin mendreagoak. Egunkariak ezer aipatu ez arren,
Anek bazekien nola hil zuten Maider. Kazetak berak aipatzen zituen
"zurrumurru latz" haiek nahiko adierazgarriak ziren.
Ia zer egiten zuen ez zekiela, telefonoa piztu eta Gepperten zenbakia
sakatu zuen. Hariaz bestalde polizia zaharraren ahotsa entzun orduko, Anek
oihu egin zuen:
–Beste bat hil da! Jainko maitea, beste bat hil dute!
–Duhalde andereñoa?
–Bai. Beste bat hil dute! Ez dakit zer egin. Nik...
–Lasaitu, Duhalde andereñoa. Eta frantsesez hitz egin, mesedez. Ia ez
dizut ulertzen. Zer gertatu da?
Anek listua irentsi zuen. Negarrez hastear zegoen.
–Emakume bat hil dute Donostian –lortu zuen azaltzea–. Atzo bertan
aurkitu dute. Berak nirea bezalako estatua txiki bat zeukan. Duela hogei
egun ezagutu nuen eta orain hilda dago!
–Hil egin dute? –galdetu zion Geppertek nahasita.
–Bai!! –oihu egin zuen Anek.
–Lasaitu, Duhalde andereñoa, eta saiatu gauzak poliki azaltzen. Ikus
dezagun: aurrekoan estatua Interneten saltzeko asmotan zegoen neska bat
aipatu zenidan. Hori da biktima?
–Bai –Aneren ahotsa zotinek itota atera zen.
–Ez dut ulertzen –erran zuen Geppertek–. Aurrekoan erran zenidan
zuk estatua bat zeneukala. Bestalde, estatua beste biktima batek zeukala
aipatu zenuen. Orain, ordea, emakume hori berriki hil dutela erraten didazu.
Zenbat biktima eta zenbat estatua daude?
–Bi estatua eta... biktima bakarra. Sentitzen dut, baina ezin dizut hori
guztia orain azaldu –erran zuen Anek, bere burua arnasa hartzera behartuz–.
Geppert jauna, uste dut nire erruz hil dutela emakume hori. Bisita egin nion,
eta galderak egin nizkion hildakoetako bati buruz. Orduan ikusi nuen
estatua haren etxean. Oso luzea da azaltzea.
–Nahi duzu ni hara joatea? –galdetu zion Geppertek–. Pozik hitz
eginen nuke zurekin. Dena behar bezala azalduko didazu eta elkarrekin
erabakiko dugu zer egin.
Anek ia ez zuen Gepperten eskaintza entzun. Buru barnean zurrunbiloa
baleuka bezala sentitzen zen.
–Ez dakit zer egin, Geppert jauna –erran zuen, begiak malkotan–.
Poliziarengana joan beharko nuke?
–Inondik ere, bai –erran zuen Geppertek–. Dakizun guztia kontatu
behar diozu poliziari, ahalik eta lasterren. Denbora oso garrantzitsua da
hiltzailea harrapatzeko. Dena den, asteburuan bertan joan ninteke hara, nahi
baduzu. Zer diostazu?
Anek une batez hausnartu zuen Gepperten eskaintza. Ohartu zen
arindura handia sentitu zuela polizia zaharraren hitzak entzunda.
–Milesker, Geppert jauna –erantzun zuen, ahotsa apur bat tinkoago–.
Izugarri estimatuko nizuke laguntzea. Hain... hain bakarrik sentitzen naiz!
–Lasai, Duhalde andereñoa, orain nire laguntza izanen duzu. Zure
aurreko deia jasotakoan, nire lankide ohia zen Brisson inspektorearekin hitz
egin nuen. Biok elkarlanean aritu ginen garai hartan Arotzaren kasua
ikertzen. Egia erran, zure deiaren berri eman niolarik, Brisson nahiko
eszeptiko azaldu zen.
–Histeriko hutsa naizela pentsatuko zuen.
Geppertek barre egin zuen.
–Horixe izan zen berak erabilitako hitza –aitortu zuen Geppertek–.
Brissonek ere hartua du erretreta, baina ez dut uste nirekin joateko gogorik
izanen duenik. Berriro deituko diot, eta zuk errandakoak kontatu, baina
susmoa dut alferrik izanen dela. Lastima, Brisson ere buru-belarri aritu
baitzen ikerketa ustel hartan.
–Ez diot kargurik hartzen bakean bizi nahi izateagatik.
–Tira, Brissonekin ala gabe, ostiral goizean aterako naiz. Dena den,
nire aholkua poliziarengana lehenbailehen joatea da. Oraindik badauzkazu
egunkari ebakin haiek?
–Bai –erantzun zuen Anek, herriko edukiontzira artean bota ez izanaz
pozik.
–Erakutsi poliziari. Haiek jakinen dute zer egin.
Anek bere helbidea eta telefonoa eman zizkion Gepperti. Hitzordua
egin zuten ostiral arratsalderako, A-15 autobideko Pagozelaiko
zerbitzugunean. Eskegi ondoren, Anek Eguzkieneako leiho eta ate guztiak
itxi zituen. Apur bat lasaitzen saiatzeko, pentsatu zuen ezinezkoa zela
hiltzaileak bere helbidearen berri jakitea. Beharrik, artean ez zion inori ere
erran. Oheratu aurretik erabaki zuen biharamun goizean joanen zela
Donostiako Ertzaintzara.
Bazekien erokeria hutsa zela, baina ezin zuen saihestu Arotza berriz
ere hiltzen hasia zelako ideia. Asmatzen zituen arrazoi zentzuzkoak izu
olatuen artean itotzen ziren. Argumenturik gotorrenak lausotu egiten ziren
zerra odoltsuaren distiraren aldean. Gau hartan ohean kuzkurturik, ideia
lazgarria bururatu zitzaion: zantzu guztien arabera, ushebtiek Maiderren eta
besteen hilketekin zuten zerikusia... eta berak ere halako iruditxo bat
zeukan. Gauaren beste une batean, bere gogo torturatuak beste ideia bat
xuxurlatu zion: hil aurretik, Maiderrek bere telefono zenbakia eta bere
itxuraren berri eman ziezaiokeen hiltzaileari.
14
–Oso istorio bitxia da hori, Duhalde andereñoa –erran zuen Aristarain
tenienteak. Anek ekarritako ushebtiaren argazkiei eta egunkari ebakinei
azken begirada bota eta karpeta itxi zuen.
Ordu erdia eman zuen Anek Ertzaintzako tenienteari Maider
Retolazaren hilketaren gainean zeukan informazioa azaltzen. Egiptoko
iruditxoa, Arotzaren krimenak, Eguzkienean aurkituriko egunkari
ebakinak… Aneren ahotsa gero eta dardaratiagoa zen, eta esaldien arteko
etenaldiak gero eta zalantzatiagoak: goraki erranik, azalpenak ez zitzaizkion
hain sinesgarriak iruditzen. Ez zuen adorerik izan Urrutiaren hilotzaren
berri emateko. Bere ustez, ez zen guztiz beharrezkoa, eta, ahal zuen
heinean, aitona izugarrikeria hartatik kanpo utzi nahi zuen.
–Oso istorio bitxia, bai –Aristarain tenienteak begiak goratu zituen
Anerengana. Begi argi hotzak zituen, eta urdintzen hasitako buru
kaskamotza–. Eta noiz gertatu ziren hilketa hauek zehazki?
–85 eta 87 urteen artean –erantzun zion Anek–. Atzo bertan krimenak
ikertu zituen frantses poliziarekin hitz egin nuen, eta erran zidan inoiz ez
zirela argitu. Hiltzailea libre dago, beraz!
–Ohartuko zara ia hogei urte iragan direla hilketa haiek amaitu
zirenetik –indar berezia jarri zuen Aristarainek “amaitu” hitzean–. Bestalde,
zuk aipaturiko Egiptoko estatua horri dagokionez, ez genuen halakorik
aurkitu biktimaren etxean. Hala ere, ikertuko dugu Retolaza andereñoa
Interneten bidez saltzen saiatu al zen.
–Ezin da kasualitatea izan! –hots egin zuen Anek–. Nik bisita egin eta
berehala hil dute!
–Hori dela eta, zertarako bisitatu zenuen?
Anek zalantza egin zuen.
–Aitonaren etxean aurkitu nuen haren helbidea –eta kontu hari buruzko
galderak saihesteagatik, berehala erantsi zuen–: Gainera, ushebti hori
zeukan etxean. Nirea bezalako ushebti bat. Ezin kasualitate hutsa izan!
–Oraindik ez dut ulertu zer-nolako lotura duen estatua horrek
hilketarekin –Aristarainek hatz puntekin ukitu zuen Aneren karpeta–.
Egunkari ebakin hauetan ez da halakorik aipatzen.
–Geppert komisarioak erran zidan Arotzaren lehen biktimak halako
iruditxo bat zeukala. Komisarioa oso interesaturik dago kasu honetaz.
Benetan. Harekin hitz eginen bazenu…
Aristarain tenienteak zeharkako begirada bat bota zion bere erlojuari.
–Begira, Duhalde andereñoa –erran zuen–. Hainbat ikerketa lerro ari
gara jorratzen afera hau argitzeko. Eta guztiak estatua hori baino
sendoagoak dira. Hasteko, hainbatetan atxilotua genuen Retolaza andereñoa
droga salerosteagatik.
Ane aho bete hortz gelditu zen.
–Ez nuen horren berri –zezeldu zuen–. Dena den…
–Utzi jarraitzen, mesedez –eten zion Aristarainek–. Susmoa dugu
Retolaza andereñoak harremanak zituela Ekialdeko Europako mafia oso
arriskutsu batekin. Horiek dira gure susmagarri nagusiak, ez duela hogei
urteko hiltzaile bat. Jakina, ulertuko duzu hau guztia isilpekoa dela. Zu
lasaitzeko kontatu dizut.
–Ez didazu sinesten beraz? –galdetu zuen Anek, negarraren erredura
eztarrian.
–Ez da hori, Duhalde andereñoa. Erran bezala…
–Egunkariei eman ez diezuen xehetasunen bat jakinen banu, sinetsiko
zenidake?
Aristarain tenientearen begi izoztuetan distira bat agertu zen.
–Bota –erran zuen.
–Eskuak moztu zizkioten Maiderri?
–Ez, Duhalde andereñoa. Maider Retolazak eskuak onik zituen.
Tortura zantzurik ageri ez zuten atal bakarrenetakoak ziren.
15
Euria goian-behean ari zuen Pagozelaiko zerbitzugunearen gainean.
Lainoak besarkada zurbil batean biltzen zituen inguruko mendiak, eta sabai
heze bat bezala hedatzen zen mendatearen gainean. Noizbehinka, errezel
grisean zirrikitu bat zabaldu eta une batez pagadi biluziak eta iraleku
zimelduak erdikusten ziren, udazkenak bere esku hitsa berriz ere ixten zuen
arte. Arratsaldeko bostak besterik ez baziren ere, kamioiak argiak piztuta
zebiltzan A-15 autobidean barrena. Bihotza uzkurturik, Anek begi horiko
munstro haiek zelatatzen zituen autobidearen gaineko zubi estalitik,
errepide distiratsuan gora nekez egiten zuten bitartean.
–Duhalde andereñoa? –entzun zuen Anek bere atzean.
Burua itzuli eta, euri zirimolen artean, gizon garai bat sortzen ikusi
zuen. Euriak ekarri din, bururatu zitzaion. Pentsamendu bitxia zen.
Geppertek ez zuen antzik bere gogoan egindako irudiarekin. Telefonoz,
polizia erretiratuaren ahots lasaiaren eraginez, aitona onberaren itxurako
gizon bat espero zuen Anek. Baina bostekoa eskaintzen zion gizona oso
bestelakoa zen. Metro eta laurogeitik gorako garaiera zuen, eta errugbi
jokalari baten gorpuzkera sendoa. Larru beltzezko jaka bat janzten zuen.
Urdintzen hasitako bizar sarea zuen, buruko ile motz-motza bezain
hezikaitza. Haren aurpegi zailduko atalik nabarmenena sudurra zen: luze eta
kakoa zen, eta, begi ilunen laguntzaz, kutsu ironiko batez gozatzen zituen
hazpegi latzak.
–Espero dut dezepzionatu ez izana –erran zuen frantses poliziak
atseginez, Aneren eskua indarrez estutzen zuelarik.
–Ez, inondik ere ez –erran zuen–. Bestela irudikatzen zintudan, hori da
dena. Telefonoak engainatu egin ninduen.
–Honek itsukako hitzordu baten itxura kezkagarria dauka –barre egin
zuen poliziak. Begi ondoak zimurrez bete zitzaizkion–. Jakin izan banu,
nire detektibe mozorroa ekarriko nuen: gabardina maiztua eta pipa.
Anek ere irribarre egin zuen. Gizon hark konfiantza eta lasaitasuna
transmititzen zituen.
–Biziki eskertzen dizut etortzea, Geppert jauna.
Anek eskuak bihurritu zituen. Ohartu zen etxetik ia batere apaindu
gabe atera zela. Hain zegoen nahasirik non aurpegia garbitu eta praka eta
jertse zahar batzuk jantzita abiatu baitzen. Eta, azken garai haietako
argaltzearen eraginez, bere praka guztiak handiegiak gertatzen zitzaizkion.
Seguruenik Geppert ohartuko zen.
Frantses poliziak isilunea hautsi zuen.
–Tira, Duhalde andereñoa, zer deritzozu horko jatetxe horretan zerbait
hartzeari? Hotz izugarria egiten du zure jaioterri honetan… –eztarria garbitu
zuen–. Eta uste dut katarroa harrapatzen hasia naizela.
Zerbitzuguneko jatetxerantz abiatu ziren.
–Azkenean zure lankide ohia ez da etorri –erran zion Anek.
–Brisson? Nahiago dut ez erran zer pentsatzen duen horrek afera
honetaz.
–Normala da ez sinestea –onartu zuen Anek–. Ez dakit. Beharbada,
dena nire asmakeria besterik ez da.
Minutu batzuk geroago, poliziak urdaiazpiko ogitarteko alimaleko bat
ahoratzen zuen. Anek Coca-Cola light bat eskatu zuen. Larritasunak ez zion
besterik ahoratzen utzi. Izan ere, azken bi egunak ia ezer jan gabe eman
zituen. Urdailean korapiloa balu bezala sentitzen bazen ere, inbidiaz
begiratu zion frantses poliziaren ogitartekoari. Noizbait amaituko dun
amesgaizto hau, pentsatu zuen.
–Jateko gogo itzela neukan, baina ez nuen berandu heldu nahi –polizia
ohiak ogi papurrak haizatu zituen bizarretik–. Ekarri duzu?
Anek bere poltsa zabaldu eta, inguruko bezeroei mesfidantzaz
begiratuz, Kleopatra luzatu zion. Polizia zaharrak bere begi ilun
pentsatiekin aztertu zuen iruditxoa. Aneri bururatu zitzaion Kleopatrak oso
txikia ematen zuela gizon handiaren eskutzarretan.
–Fleuryren emazteak deskribatu zigunaren antzekoa da –marmar egin
zuen frantsesak.
–Nire adiskide batek estatuaren argazkiak bidali zizkion Bartzelonako
Historia irakasle bati –azaldu zion Anek–. Antza denez, ushebtia da,
hildakoari beste bizitzan laguntzeko hilobietan jartzen ziren iruditxoak.
Irakaslea oso interesaturik dago irudiari buruz.
–Guk kontsultaturiko adituen arabera, Fleuryren iruditxoa ez zen oso
baliotsua. Honelako objektuak oso ugariak omen dira.
–Eta, hala ere, hilketen arteko lotura bakarra ematen du.
–Hori dela eta –erran zuen poliziak eskuak elkartuz–. Uste dut ordua
dela kartak mahai gainean jartzeko, Duhalde andereñoa.
Poliziaren begiek harrapaturik, biluzik balego bezala sentitu zen Ane.
Gizonak artean irribarre egiten zuen, baina aldaketa bat gertatua zen haren
hazpegietan. Ane urduri mugitu zen aulkiaren gainean.
–Ez dakit zer erran nahi duzun –erran zuen.
–Erran nahi dut zerbait ezkutatzen didazula, Duhalde andereñoa. Argi
hitz egin dezagun: bidaia luzea egin dut zuri laguntzeko. Horretarako,
baina, ezinbestekoa da elkarri egia erratea. Egia osoa.
Anek mahaiaren gain distiratsuan josi zituen begiak. Polizia zaharrak
esku handi bat luzatu eta Aneren eskumuturrari heldu zion. Estutu tinkoa
zen, eta segurtasuna transmititzen zuen. Anek begiak altxatu gabe hitz egin
zuen.
–Uste dut nire aitona pertsona haien guztien hiltzailea izan zitekeela –
xuxurlatu zuen.
Eta bere aurkikuntza guztien berri eman zion polizia ohiari. Den-dena
kontatu zion ia arnasarik hartu gabeko aitorpen batean: Urrutiaren hezurrak,
aitonari buruzko zurrumurruak, Eguzkieneako anabasa, liburu arraroak…
Bukatu zuenean, Anek dzanga hustu zuen bere Coca-Cola. Begiak malkotan
bazituen ere, ohartu zen arinduta sentitzen zela. Sabeleko korapiloa apur bat
askatu balitzaio bezala.
Polizia ohiak isilik iraun zuen une batez.
–Onartu behar dut zantzuak oso kezkagarriak direla –erran zuen
azkenean, hitzak arretaz aukeratuz–. Beste hildakoei buruzko albisteak
edukitzeak, berez, ez du ezer erran nahi. Baina Urrutia horren hilotza etxe
aurrean lurperatu izana… Garai hartarako zure aitona etxe horretan bizi zen,
gainera. Aferak ez du itxura onik. Ziurtatu duzu ez dagoela beste hilotzik
larre horretan?
Anek ezezkoa egin zuen buruaz.
–Ez nintzen ausartu zulatzen jarraitzera. Nahikoa eta sobera izan nuen
hildako batekin.
–Ulertzen dut –polizia zaharrak bizarra laztandu zuen.
–Hilotzarena erran behar nion Ertzaintzari?
–Hobe zatekeen. Dena den, erran didazunaren arabera, poliziara
egindako bisitak ez dizu oso zapore gozoa utzi.
–Ez zidaten kasurik ere egin. Ez nintzen Urrutiarena kontatzeko gauza
izan. Ez nuen aitonaren oroimena zikindu nahi.
Poliziak begirada zulatzailea josi zuen Aneren begietan.
–Kontatu didazunez, txikitatik ez zenuen aitona ikusi. Urte luzez ez
zenekien bizirik ote zegoen ere. Ez dut ulertzen zergatik babestu nahi duzun
orain.
Anek eskuak mugitu zituen urduri.
–Neuk ere ez –irribarre deserosoa egin zuen–. Barregarria da, ezta?
Baina hala da: ez dakit. Biziki hunkitu ninduen aitonak nire argazkiak
edukitzeak. Nire ahaide hurbilena zen…
–Eta eramangaitza gertatzen zaizu maite zintuen gizaki bat hiltzailea
izatea. Hori da?
–Ez, ez da hori –erantzun zuen Anek sumindurik–. Hori patetikoa
litzateke, ez nago hain bakarrik. Arrazoiak neureak dira. Eta oraingoz ez dut
asmorik Ertzaintzari ezer errateko.
Polizia handiak sorbaldak goratu zituen.
–Poliziari hezurrak aipatu ez bazenizkion, normala da ez sinestea –
erran zion–. Kontuan eduki behar duzu poliziak froga fisikoak nahiago
dituela, hezur-haragizko susmagarriak eta arrazoi sendoak: dirua, droga,
sexua eta abar. Kasu gehienak koordenada horietan argitzen dira… ez orain
dela hogei urteko kontu zaharrak argitara atereaz.
Anek baiezko tristea egin zuen buruaz.
–Zuk zer uste duzu, Geppert jauna? –galdetu zuen.
–Ez deitu horrela, dagoeneko nahiko zaharra sentitzen bainaiz. Xavier
dut izena.
–Nik Ane –eta berriz ere galdetu zion–: Zer uste duzu? Aitona
hiltzailea izan zen?
Polizia ohiak eskua pasatu zuen ile motz-motzen gainetik.
–Orain dela hogei urte hamaika teoria eta hipotesi erabili genituen gure
hiltzaileari buruz. Gehienak, hala ere, kakazaharra besterik ez ziren. Egia
erran, Arotzak oso arrasto gutxi utzi zigun. Eskularruak erabiltzen zituen,
eta armak berekin eramaten zituen. Iluntzean aritzen zen beti, eta ez zituen
ateak bortxatzen. Txirrina joz sartzen zen etxeetan, auskalo zer aitzakia
erabiliz. Eta oso isilean aritzen zen: biktimen bizilagunek ez zuten ezer
susmagarririk entzun. Ahoa bozatu egiten zien biktimei, torturatzen hasi
baino lehen. Pentsatzen dugu su arma bat erabiltzen zuela mehatxatzeko,
Hervéren emaztea tiro batez hil baitzuen.
–Emazteari ez zion…
–Ez zion eskurik moztu, ez torturatu. Gure iritziz, Marge Hervé alboko
biktima bat izan zen, Arotzaren benetako helburua Gaston Hervé hiltzea
baitzen.
–Eta inork ez zuen sekula ikusi?
–Bai. Bitan, gainera: lehenbizikoan, Gaston Hervéren karrikatik
pasatzen zen gizon batek ikusi zuen. Gaueko ordu txikiak ziren, eta
morroiak aitzur ederra zeraman, baina ongi gogoratu zuen. Bigarren aldian,
Muntanerren bizilagun batek ikusi zuen leihotik, karrikaratzen ari zela. Biek
antzeko deskripzioa egin zuten: txanodun beroki luze batez jantzitako gizon
ez oso garai bat, 165-170 zentimetrokoa. Mehea, eta ibileragatik ez oso
gaztea. Plastikozko poltsa arrunt bat zeraman, seguruenik armak eramateko.
Horretaz aparte, ezer gutxi jakin genuen: ezkerra zela eta autoa erabiltzen
zuela.
–Autoa? –galdetu zuen Anek.
–Bai, Muntanerren kasuko lekukoak auto zuri bat ikusi zuen. Baina
autoen markak ezagutzen ez zituen amona zahar bat zenez, ibilgailua handia
iruditu zitzaiola besterik ez zion erran Espainiako Polizia Nazionalari. Eta
Bouthierren hilketa gertatu zen gauean, Pauillaceko hainbat bizilagunek
auto zuri bat ikusi zuten mahastien arteko bidean. Bide hartako lokatzean,
Renault 12 baten gurpilen markak aurkitu genituen, lekukoen
deskripzioarekin bat zetorrena.
–Arotza ezkerra zela aipatu duzu –erran zuen Anek, ezpainari kosk
eginez. Ez zekien aitona ezkerra zen edo ez. Haren idazkera gogoratzen
saiatu zen, baina alferrik.
–Ezkerra zen, bai. Krimenen gertalekuetan aurkituriko zantzuek
jakinarazi ziguten: zaurien norabidea, erabilitako korapiloak, eta abar.
–Eta krimenen arrazoien gaineko teoriarik izan zenuten?
–Mordo bat. Baina banan-banan baztertu behar izan genituen. Etxeetan
ez zen ezer falta, biktimak jende arrunta ziren, ez ziren aberatsak eta ez
zuten arazorik legearekin. Gaztetan, Hervék bi hilabete eman zituen
espetxean, denda batean lapurtzeagatik, baina besteak garbi zeuden. Eta bai,
batzuk Erresistentzian arituak ziren, baina ez denak. Hala ere, eskuin
muturreko taldearen hipotesia jorratu genuen, baita gerra amaieran
Erresistentziako zenbait taldek kolabo-en artean egindako sarraskiarena ere:
hilketak biktimaren baten mendekua zirela, alegia. Alferrik, ordea.
Biktimen ezaugarri komun bakarra adina zen: denak 65 eta 70 urte
bitartekoak ziren. Eta, Marge Hervé aparte utzita, denak gizonezkoak
ziren… Urrutia bezala.
–Eta aitona bezala –erran zuen Anek goibel.
–Bai.
–Eta Maider? –galdetu zuen Anek–. Uste duzu garai hartako hiltzaile
berak hil duela? Hala balitz, aitona errugabea litzakete…
Frantses poliziak putz egin zuen.
–Ulertuko duzu oso zaila dela Arotza berriz ere hiltzen hastea. Hori ez
letorke bat serie-hiltzaileen ohiko jokabidearekin. Mota horretako
gaizkileek gero eta maizago hiltzen dute, harik eta poliziak harrapatu edo
hiltzen diren arte. Oso arraroa litzakete hogei urteko oporraldi baten
ondoren hiltzeko gogoa berriz ere piztea.
–Baina ezin da kasualitatea izan!
–Onartu behar dut nahiko susmagarria dela, baina, zuk errandakoaren
arabera, Euskal Poliziak zantzu onak ditu. Neska hura droga kontuetan
bazebilen, horixe da hipotesirik hoberena. Momentuz ezin dugu ondoriorik
atera. Hoberena zure aitonaren etxera joatea dugu. Lehenbailehen ikusi nahi
nituzke hezur horiek.
Anek eskuak bihurritu zituen. Ahotsak dar-dar egiten zion.
–Beldurrez akabatzen nago, Gep… Xavier. Aitona hiltzailea izateak
neure onetik ateratzen nau. Hain da… nazkagarria!
Poliziak esku tinko batez heldu zion Aneren besoari. Une batez hala
iraun zuen, irribarrez. Anek ahaleginak egiten zituen negarrez ez hasteko.
Polizia ohia zutitu egin zen. Jatetxeko beira zabalaz bestaldean aparkaturiko
BMW urdin bat seinalatu zuen.
–Tira, mugi gaitezen! –hots egin zuen–. Autorik ekarri duzu?
Jarraituko dizut orduan.
16
–Inondik ere, Arotzak egin zuen hau –erran zuen polizia zaharrak.
Eguzkieneara iritsi bezain laster palak hartu eta lanean aritu ziren hezurrak
berriz ere azaleratzeko. Polizia ohiak ez zuen arropa aldatzeko astirik ere
hartu, eta lurrez zikinduta zegoen, baina ez zuen ematen horrek gehiegi
kezkatzen zuenik. Hilobiaren ondoan aparkaturiko bi autoen argietan,
hilotzaren besoko hezurrak seinalatu zituen–. Ikusten marka hauek? Zerra
bat erabili zuen. Ebakiaren angelua ere gainerako biktimenaren antzekoa da.
Orain liburuak eta egunkari ebakin horiek ikusi nahi nituzke.
Anek estura sentitu zuen bularrean taupaka. Egiari aurre egin behar
zionat, errieta egin zion bere buruari. Hortzak estutu zituen. Gogaiturik
zegoen burua lur azpian gordetzeaz.
–Goazen –erran zuen, ahotsa mendean edukitzen saiatuz.
Anek aitonaren liburutegira eraman zuen polizia zaharra.
Generadoreari konektaturiko lanparak gela zabalaren zati bat besterik ez
zuen argitzen. Bazter urrunenetan itzalak metatu egiten ziren. Haizeak
txistuka egiten zuen teilatuan eta sabaiko habe zaharrek karraska,
Eguzkienea mamu itsasontzia balitz bezala. Eskuargi baten laguntzaz,
polizia ohiak gela bitxiaren zoko-mokoak aztertu zituen, noizbehinka
harridurazko hotsak botaz. Gero, gasezko kriseilu bat piztuta, egunkari
ebakinak irakurri zituen. Anek gaztelaniazko artikulu eta eskelak itzuli
zizkion. Segidan, polizia ohiak bazterretan pilatzen ziren liburuetara eraman
zuen begirada.
–Denak esoterismo eta ezkutuko zientziei buruzkoak dira? –galdetu
zuen.
–Nik ikusitakoak behintzat bai. Baina baliteke bestelakorik egotea.
Ehunka dira, eta ez dut gogorik izan guzti-guztiak begiratzeko. Ikuste
hutsak gaixotu egiten nau –Anek eskuak bihurritu zituen–. Uste duzu aitona
burutik jota zegoela?
–Ezin erran. Psikiatrek ere lanak dituzte buru osasunaren mugak
zehazteko. Dena den, axola ez bazaizu, bihar begirada bat botako diet
liburuei. Ikusten dudanez, zure aitonak oharrak jartzen zituen orrien artean.
Baliteke horrek haren buru osasunari buruzko zantzuak ematea.
Bat-batean, musika alai bat entzun zen. Biok jauzi egin zuten
liburutegiko itzaletan.
–O, berriz ere ez! –putz egin zuen Anek.
Sakelako telefonoa atera zuen. Zilarrezko zomorro arraro baten antzera
egiten zuen burrunba. Pantailari begiratuta, Anek itzali egin zuen.
–Bai morroi nazkantea!
–Miresle gogaikarriren bat? –galdetu zuen polizia ohiak irribarrez.
–Ez horixe. Kleopatra… ushebtiaren argazkiak ikusi zituen
Bartzelonako irakaslea da. Hamaika aldiz deitzen dit egunero.
Frantses poliziak kopeta ilundu zuen.
–Zer nahi du?
–Aitonak ushebtia nondik atera zuen jakin. Hitz egin genuen aldi
bakarrean galdera mordoa egin zidan horri buruz. Harroputza eta lotsagabe
hutsa da.
Polizia ohiak bizarra laztandu zuen.
–Zehazki, zer daki irakasle horrek kontu honetaz? –galdetu zion.
–Ezer gutxi, nire ustez –segidan, Anek katedradunarekiko
elkarrizketaren berri eman zion. Kontakizuna umorez jantzi bazuen ere,
ohartu zen polizia ohiak gero eta kezkatuago ematen zuela. Amaitu
zuenean, galdetu zion–: Zerbaitek kezkatzen zaitu, Xavier?
Polizia zaharraren aurpegia liburutegiko itzal sakonen artean
nabarmentzen zen, margolan zahar bateko pertsonaia balitz bezala.
–Maiderren ushebtiaren berri eman zenion irakasle horri? –galdetu
zion.
–Ez. Baina Ponsen telefonoa eman nion Maiderri, estatua sal ziezaion.
Izan ere, ahalik eta garestien saltzeko erran… –Ane bat-batean isildu zen–.
Ez duzu pentsatuko…?
–Noiz izan zen hori?
–Maiderren hilotza aurkitu baino… bi aste lehenago izanen zen. Ene!
Uste duzu Pons izan daitekeela hiltzailea?
Frantses poliziak eskuak goratu zituen: bi zetaka zurbil liburutegi
ilunean.
–Hiltzaileak besterik ez duzu ikusten, Ane –irribarre egin zuen–.
Lehen zure aitona, orain Bartzelonako tipo hori… Lasaitu egin behar duzu.
Eta nik asaldatu besterik ez zaitut egiten. Bihar, atseden hartuta, lasaiago
aztertuko dugu dena. Orain, zergatik ez nauzu afaltzera gonbidatzen?
Sukaldera jaitsi eta afaria prestatu zuten egurrezko sutegian. Polizia
zaharra autora joan eta Bordeleko ardo botila bat eskuan itzuli zen.
–Herriminik ez izateko! –azaldu zion Aneri, edalontzia betetzen
ziolarik.
–Oso gozoa –erran zuen Anek ardoa dastatuta. Bat-batean ohartu zen
gose zela. Irribarre egin zuen, txunditurik eta pozik. Pentsamendu beltzek
hor zirauten, baina lokarturik baleude bezala sentitu zituen Anek. Orain ez
zegoen bakarrik–. Hori dela eta, erabaki duzu gaua non pasatu? Hemen lo
egitera gonbidatuko zintuzket baina, ikusten duzunez, Eguzkienea ez da
bost izarreko hotela… ez dago ez urik, ez oherik, ez berokuntzarik. Ezer ez.
Baina Agoitzen edo Ilunberrin egonen dira hotelak.
–Lasai, etortzerakoan hotel txiki bat ikusi dut errepidean –erran zuen
polizia zaharrak. Eta irribarre maltzur batez–: Horrela ez ditugu herrikoen
zurrumurruak haizatuko…
–Ez dut uste inori halako astakeriarik bururatuko zitzaionik.
–Hirurehun kilometro egin ditut sorgin batekin elkartzeko! –hots egin
zuen polizia ohiak, eskuak sabairantz altxatuz–. Zergatik egin ote nion kasu
emakume histeriko honi?
17
Hurrengo egunean goizean goiz agertu zen Gepperten autoa
Eguzkieneako bide kaskarrean. Atseden hartuta eta dutxatu berritan polizia
ohiak askoz ere itxura hobea zuen. Berehala hasi ziren lanean. Frantsesak
liburutegia miatu nahi zuen lehenik. Liburu mordoxka bat zabaldu zuten,
eta Anek aitonak idatzitako oharrak itzuli zizkion. Neska guztiz deseroso
sentitzen zen inozokeria haiek goraki erranik. Behin eta berriro gogorarazi
behar izan zion bere buruari ohar haiek berak ez baizik eta aitonak idatzi
zituela. Hala ere, horrek ez zuen gehiegi arindu: normal gosaltzen saiatua
zen, baina urdailean baloi bat baleuka bezala sentitzen zen orain. Iruzkinik
egin gabe, polizia zaharrak oharrak hartzen zituen kaieratxo batean. Handik
ordu pare batera, kaiera esaldi ilunez beterik zegoen: “Hil honetan Geminis
indartsua da, kontuz ibili behar dut”, “Ahalmen handiko ikur babesleek
odolez eginak behar dute izan”, edo “Ikusezin bihurtu behar natzaio,
gorputzez eta gogoz. Ez ditu nire buru-uhinak atzeman behar”.
Amaitu zutenean Anek begi gorrituak xukatu zituen.
Segidan, liburutegiko bazter batean pilatzen ziren zabor poltsak miatu
zituzten. Etxea garbitzerakoan Anek paper gehienak erre edo herriko
edukiontzietara bota zituen. Baina artean paperez beteriko lau poltsa handi
geratzen ziren. Arretaz bilatu zuten, poltsak lurrean hustuz eta faktura
zaharrak, egutegi atzeratuak eta egunkari horixak banan-banan aztertuz.
–Eta eskutitz hauek? –galdetu zion poliziak, goma batez bilduriko
paper pilatxo bat eskuan.
–Gutunazal hutsak besterik ez dira –azaldu zion Anek–. Ez nuen
eskutitzik aurkitu. Nire ustez, irakurri ondoren aitonak erre egiten zituen. Ez
dakit zergatik ez zituen gutunazalak ere suntsitu, baina aitonak egindako
ezeri ez diot logikarik ikusten.
Polizia zaharrak gutunazalak banan-banan ireki, barrena ongi begiratu
eta, igorlea eta helbidea irakurrita, lurrean pilatzen zituen.
–Bai interesgarria –murmurikatu zuen amaitu zuenean.
–Zer da?
–Begiratu eskutitz honi.
Polizia zaharrak luzatzen zion gutunazala hartu zuen Anek.
–Aitak bidalitakoa da –erran zuen Anek–. Haren idazkera ezagutzen
dut. Zer du arrarorik?
–Erreparatu helbideari.
–Iruñeko gure helbidea da.
–Ez igorlearen helbideari, hartzailearenari baizik.
–“P.K. 120, 20280 Hondarribia” –irakurri zuen Anek–. Posta kutxa
baten zenbakia da. Zergatik ote?
–Garbi dago –erran zuen frantses poliziak–. Zure aitonak ez zuen inork
aurkitzerik nahi. Horregatik ezkutatu zen hemen eta horregatik alokatu zuen
posta kutxa bat etxetik hain urrun. Inork zure aitaren helbidea aurkitu eta
zure aitonari bidaltzen zion posta kontrolatu arren, ezin izanen zuen haren
ezkutalekua asmatu. Pila honetako eskutitz guztiak kutxatila berera bidaliak
dira.
–Zergatik hartu hainbesteko lana?
–Horixe da jakin behar duguna. Baina hemen bizi izan zen gizona
beldurrak jota zegoen: leihoetako ikur babesleak, aurkitu zenituzten zepoa
eta armak… Zure aitona izututa bizi zen.
Anek burua astindu zuen, zapuzturik.
–Baina zergatik? Izuturik bazegoen, zergatik ez zion poliziari ezer
erran? Eta zergatik lurperatu zuen Arotzaren biktima bat etxe aurrean?
Erotzeko modukoa da!
–Oraingoz ez dakigu zure aitona biktima ala borreroa zen –erran zion
frantses poliziak–. Ikertzen segitzea dugu hoberena. Ikus dezagun noizkoak
diren eskutitz hauek. Zigiluen arabera, bi hauek 2001ekoak dira. Eta beste
hau 2003koa.
–Aita urte horretan hil zen.
–Sentitzen dut.
Polizia ohiak eskutitzak aztertzen jarraitu zuen isilean. Gehienak
bankuak bidalitakoak ziren, baina denak hutsik zeuden. Bat-batean, poliziak
gutunazal txiki bat atera zuen pilatik.
–Hara! Begira honi!
–Zer da? Hondarribiko kutxatilara zuzendua da?
–Bai. Baina honek ez du igorlearen helbiderik. Gainerakoak bezala,
hutsik dago. Eta zigiluaren arabera, Frantziatik bidalia da.
–Frantziatik! Uste duzu harremanik izan dezakeela hilketekin?
Polizia zaharrak bizar latza ferekatu zuen. Bere-berea zuen keinu hura
pentsatzen zuenean.
–Auskalo. Frantziako posta bulegoko zigilua Lorrenakoa da. Zantzu
garrantzitsua dugu hori. Erreparatu idazkerari: haur baten idazkera ematen
du, edo atzeratu batena.
–Nolanahi ere, hutsik egonda eta helbiderik gabe, ezinezkoa dugu
igorlea aurkitzea. Bide itsu batera iritsi gara berriz ere.
–Hala dirudi –poliziaren keinu pentsakorra areagotu egin zen–. Tira,
bada zerbait…
–Zer?
–Oso aukera urruna da, baina saiatzeagatik ez dugu ezer galduko –
begiak Anerengana goratu zituen–. Zure aitonaren posta kutxa zabal
genezake.
–Egia da! Baliteke bertan jaso gabeko eskutitzik aurkitzea.
–Giltzarik aurkitu zenuen etxean?
–Mordo bat. Ate guztiak giltzarrapoz itxita zeuden… Badakit non
dagoen!
Ane lasterka atera zen gelatik. Berehala itzuli zen, giltza-sorta handi
bat eskuan.
–Aitonak gerri inguruan zeraman, kate batez lotuta. Horrek ere ez du
ezer onik iradokitzen haren buru osasunaz… Tira, ikus dezagun. Giltza txiki
hauek giltzarrapoetakoak dira, beste hauek… hara! Hauxe da!
Anek giltza txiki bat erakutsi zion frantses poliziari. Zapala eta urre
kolorekoa zen, eta eustoki borobilean “120” zenbakia zeukan irarrita.
–Orain Hondarribira joan besterik ez dugu –erran zuen Anek–. Espero
dezagun bertan bulego bakarra izatea. Ez da oso herri handia.
Polizia zaharra zutitu egin zen.
–Zeren zain gaude?
18
Handik ordu eta erdira Hondarribiko posta bulegoan ziren. Telefono
gidaren arabera, bulegoa San Kristobal plazan zegoen. Zuzenean jo zuten
bulegoko horma oso bat hartzen zuten kutxa metalikoetara. Haien gainean,
itsasoko paisaiak erakusten zituzten bi margolan txiki zeuden.
Polizia ohia makurtu eta giltza sartu zuen 120 zenbakikoan.
–Hatzak gurutzatu –erran zion Aneri. Giltzari eragin zion. Sarrailak
klik batez bira egin zuen. Bihotza azkartuta, Anek eskua sartu zuen kutxa
estuan.
–Hutsik dago, kakazaharra! –xuxurlatu zuen, amorraturik. Kutxaren
barnealde distiratsuari begiratu zioten biek dezepzionaturik.
Gogoa erorita atera ziren San Kristobal plazara. Autoaren bila joan eta
Hondarribitik atera ziren. Lasarten bazkaltzea erabaki zuten. Isilean egin
zuten bidaia, BMWaren burrunba leunaz lagundurik. Eguzki zuria zegoen,
baina hodei mardulak hurbiltzen ziren itsasotik, armada isil baten antzera.
Polizia ohiak auto barneko ispilura begiratu zuen.
–Hamaikagarren aldia da ispilu hori mugitzen duzula –erran zion
Anek–. Zer gertatzen da?
–Ez nago seguru –frantses poliziaren ahotsak kezka azaldu zuen–. Hor
atzeko Audi grisa, ikusten? Irudipena daukat posta bulegoaren aurrean ikusi
dudala.
Anek begiratu eta zilar koloreko Audi A4 bat ikusi zuen ehun bat
metro atzerago. Beldur ziztada bat sentitu zuen. Hala ere, itxurazko tonu
alai batez hitz egin zuen.
–Halako auto asko egonen dira, Xavier. Uste dut paranoia kutsatu
dizudala.
–Modu bakarra dago jakiteko.
Polizia zaharrak oina altxatu zuen azeleragailutik. Apurka-apurka
BMWaren abiadura moteltzen joan zen. Atzeko autoek ezkerreko karriletik
hartzen zieten aurrea. Audi grisak, ordea, ehun metroko tarteari eutsi zion.
Frantses poliziak ahopeko birao bat bota zuen.
Ahoa lehortzen sentitu zuen Anek.
–Nor ote da?
Polizia ohiak are gehiago moteldu zuen abiadura. BMWa 60 km
orduan zebilen. Kamioi batek klaxona jo zien. Auto grisa gero eta hurbilago
zegoen, baina ez zien aurrea hartu. Poliziak kolpea jo zuen bolantean.
–Kakazaharra, hotelean ahaztu ditut betaurrekoak! Hurbiltzen denean,
adi matrikulari, Ane.
Ez zuten aukerarik izan. A4ak bat-batean saihesbide bat hartu eta ziztu
bizian urrundu zen Donostiako norabiderantz. Ane saiatu zen gidariaren
aurpegia ikusten, baina itzal bat besterik ez zuen antzeman.
–Gure atzetik zebilela uste duzu?
–Ezin erran –minutu batez polizia ohiak isilean gidatzen segitu zuen.
Gero, kopeta argitu eta Aneren sorbalda estutu zuen–. Tira, seguruenik ez
zen ezer. Nire lanbidearen mina izanen dut.
Anek eztarri hots batez erantzun zuen. Geppertek lasaitu egin nahi
zuelako irudipen gogaikarria zuen. Irratia piztu eta bidearen gainerakoa
musika entzuten egin zuten.
Lasarteko jatetxe batean bazkaldu zuten. Posta bulegoko porrotak zein
Audiaren gorabeherak hizketarako gogoa amatatu zieten. Goragaleak izan
arren, Anek bere burua behartu zuen plater bakoitzetik apur bat jatera.
Inondik ere ez zuen nahi Geppert bere arazoez ohartzea. Kafea hartu
bitartean, Ane giroa apur bat alaitzen saiatu zen.
–Ezkondurik zaude, Xavier? –galdetu zion polizia ohiari, haren
urrezko eraztuna seinalatuz.
–Ezkondurik egon nintzen. Emaztea orain hamabi urte hil zen.
–Sentitzen dut.
–Auto istripu batean hil zen. Askotan pentsatzen dut haren onerako
izan zela. Ematen nizkion nahigabeek hilko zuten bestela.
–Ez horrela hitz egin, Xavier. Seguru nago…
–Egia da. Ez nuen behar bezala maitatu. Putakume hutsa izan nintzen.
Beranduegi ohartu nintzen.
Polizia ohiak kafe katilua dzanga edan eta isiltasun muturtu batean itxi
zen.
–Ulertzen dut nola sentitzen zaren, Xavier –erran zion Anek–. Maite
ditugunak behin betiko desagertzen direnean bakarrik ohartzen gara ez
ditugula behar bezainbeste maitatu. Maitatzeko aukera galduek arima jaten
digute.
Polizia ohiak irribarre mingotsa egin zuen.
–Horregatik babestu nahi duzu zure aitona? Izan ez zenuen aukera
berreskuratzeko?
Ane deseroso mugitu zen aulkian.
–Beharbada… ez dakit. Egia erran, kontu honek inozo sentiarazten
nau. Dena den, Xavier, arrazoi duzu: putakume hutsa zara. Trebetasun
aparta erakutsi duzu hizpide deserosoa saihesten eta nire kontra bihurtzen!
Polizia zaharrak irribarre zabalagoa egin zuen. Keinu atseginak
indarturik, Ane zuzenago jarri zen eserlekuan.
–Tira, eta orain zer, Xavier? –galdetu zuen.
–Pentsatzen aritu naiz –polizia handiak eskuak elkartu zituen mahai
gainean–. Zure aitona adineko gizona zen. Eta, zantzu guztien arabera, ez
zuen burua oso argi.
–Eta?
–Noizbait zure aitari edo Frantziako bere lagunari idazten baldin
bazien, uste izatekoa da haien helbideak edo telefonoak nonbait idatzita
edukiko zituela. Adineko jendea ez da bere oroimenaz fidatzen. Ikusi duzu
agendarik Eguzkienean?
–Ez. Hondarribira joan baino lehen erranen nizun bestela. Hala ere,
hamaika idazki eta ohartxo daude etxean. Bila dezakegu.
Arratsalde osoan aritu ziren bila Eguzkieneako geletan barrena. Anek
bilduriko paper pilen artean bi kaiera aurkitu zituzten, baina ez zuten ezer
idatizik. Bi orduz, alferrik miatu zituzten liburu bitxien metak, eta
orrialdeen artean sarturiko papertxo guztiak irakurri zituzten. Berriz ere
gutunazal huts guztiak aztertu zituzten, baita erosketen ziurtagiri zaharrak
ere. Iluntzean, akiturik, sukaldean eseri ziren biak tea hartzera.
–Baliteke aitonak buruz jakitea helbideak –putz egin zuen Anek–. Edo
nik agenda edo oharra bota izana. Edo Frantziako morroi hari sekula ez
idatzia… Auskalo.
Polizia ohiak marmar nekatu batez erantzun zuen. Biok isilean jarraitu
zuten te beroa edaten.
–Zure aitonak ba al zuen idazteko toki berezirik? –galdetu zuen
poliziak.
–Liburutegiko idazmahaia. Bertan aurkitu nituen haren betaurrekoak.
Baina paper asko bota nituen garbitu nuenean. Orain ere miatu dut, baina ez
dut ezer aurkitu.
–Nolanahi ere, hura da tokirik logikoena. Goazen; beste begiratu bat
emanen diogu.
Eskailerak igo eta liburu pilen artean bide egin zuten idazmahai
zaharreraino. Bertan orri zurien sorta bat aurkitu zuten eta tintontzi ireki
bat, aspaldi lehorturiko tinta beltzez betea. Tiradera guztiak zabaldu eta
arretaz miatu zituzten. Anek puruen zurezko kutxa bat atera zuen. Zabaldu
eta edukia aztertu zuten: puntarik gabeko arkatzak, posta-seilu margulak,
klip herdoilduak…
–Alferrik da, Xavier –erran zuen Anek erorita–. Lehenago miatu dut
hau guztia.
Anek kutxa itxi eta tiraderan berriro uztekoa egin zuen. Bat-batean,
poliziak kutxa eskuetatik kenduta, hustu egin zuen idazmahaiaren gainean.
Anek erotu balitz bezala begiratu zion bere kideari.
–Baina zer..?
–Begira! Hemen dago!
Polizia zaharrak kutxaren hondoan idatzitako helbide eta zenbaki
batzuk erakutsi zizkion Aneri. Kolore desberdinez idatziak ziren, eta
liburuetako oharren idazkera beraz.
–Horrela ez zuen oharra galtzeko arriskurik.
–Lehenbiziko hau Iruñeko gure helbidea da! –hots egin zuen Anek–.
Eta beste hau gure telefonoa. Ez dut oroitzen aitonak sekula deitu izana…
Hara! Beste hau Carlos Urrutiaren Donostiako helbidea da… Maider gaixoa
hil zuten etxea.
–Aspaldi idatzi behar izan zuen hau zure aitonak. Urte asko dira
Urrutia hil zenetik.
–Hemen zenbaki bat dago. Telefono zenbakia da.
Frantses poliziak arretaz irakurri zuen.
–Espainiakoa ematen du –erran zuen–. Nongoa da?
–Gipuzkoakoa –erran zuen Anek–. Urrutiarena izan daiteke. Telefono
aurkibidean bilatuko dugu.
–Geroko utziko dugu hori. Hemen bada zerbait interesgarriagoa: Boîte
Postale 550, 57000 Metz. Frantziako iparraldeko hiria da, Lorrena
departamendukoa.
Anek txalo egin zuen.
–Aurkitu dugu! –eta bat-batean seriotuz–: Hala ere, beste posta kutxa
bat besterik ez da. Ez dakigu norena den.
Polizia zaharrak bere kaieratxoa aterata telefono eta helbideak kopiatu
zituen astiro. Amaitu zuenean Aneri begiratu zion.
–Barkatu –erran zuen–. Dei bat egin behar dut.
Eta, beste azalpenik eman gabe, liburutegiko bazter batera joan eta
bere mugikorra atera zuen. Bitartean Ane sukaldera jaitsi, ordenagailua
piztu eta Interneteko telefono gida bat bilatu zuen. Maiderren izen-abizenak
sartuta, haren telefonoa lortu zuen.
–Zenbaki bera dun –murmurikatu zuen–. Urrutiaren telefonoa idatzi
zinan aitonak.
Polizia ohia hamar minutuz aritu zen hizketan. Anek haren ahots
sakona entzuten zuen goian. Batzuetan polizia zaharrak barre egiten zuen,
beste batzuetan ahotsa goratu. Sukaldera sartu zenean, irribarre egin zion
Aneri.
–Dena konpondurik –erran zion telefono txikia jakako sakelan sartuz.
–Zer konpondu duzu, Geppert komisarioa?
–Bordeleko lankide ohi batekin hitz egin dut –azaldu zuen frantses
poliziak–. Mesede batzuk zor dizkit, etxe alu hartako gehienek bezala.
Kutxatila hori nork daukan alokaturik ikertzeko eskatu diot. Horretarako,
normalean, epailearen agindua behar da, baina modu horretan denbora
aurreztuko dugu. Jakin bezain laster deituko dit lankideak.
19
Biharamunean Gepperten BMWa Eguzkienearen aurrean gelditu zen.
Goizeko bederatziak ziren eta polizia ohiak irribarre zabala ageri zuen.
Liburutegira igo bitartean bizkor mintzatu zen.
–Bart gauean deitu zidan Bordeleko nire adiskideak –azaldu zion
Aneri–. Antza, Metzeko 550 kutxatila Michael Malenfer izeneko tipo batek
dauka alokaturik. Kontua aski arraroa da. Adiskideak izena ordenagailuan
sartu du, baina ez du daturik batere aurkitu.
–Orduan, hilda dago?
–Ofizialki ez. Hala ere, 85az geroztik, Malenferrek ez ditu bere
paperak eguneratu. Ez dauka nortasun agiririk, ez banku konturik, ez
helbide jakinik. Datu bakar batzuk besterik ez dugu. Ordenagailuaren
arabera, Michael Malenfer Paris ondoko herri batean jaio zen, 1921ean.
–Biktima gehienen adina dauka! –eten zion Anek–. Eta aitonak alde
egin zuen garaian desagertu zen bera ere!
Frantses poliziak ile urdinduak ferekatu zituen.
–Ohartua nintzen –erran zuen–. Dena den, datu horretaz aparte ezer
gutxi dakigu. Lankideari eskatu diot gehiago ikertzeko eta, besterik aurkituz
gero, deitzeko. Badaezpada ere, Malenfer Erresistentziako kidea al zen ere
begiratzeko eskatu diot. Atrebentzia izan dut zure helbide elektronikoa
errateko. Malenferren nortasun agiri zaharreko argazkia bidaliko digu
oraintxe.
–Piztuko dut ordenagailua –erran zuen Anek, eramangarriaren pantaila
zabalduz.
–Dena den, ezin dugu beste aukera bat baztertu: Malenfer aspaldi hila
egon daiteke, eta beste batek haren nortasuna lapurtu, kutxatila hori
alokatzeko.
–Hain gutxi dakigu! –kexatu zen Ane–. Zer egin dezakegu orain?
–Nire ustez, hoberena Metzera joatea litzateke. Morroi hori, Malenfer,
noizbait joanen da bere posta jasotzera… bizirik egonez gero, jakina.
Oraindik lanean banintz, behar bezalako zelata antolatuko nuke posta
bulego horretan. Baina orain ezin dut halakorik egin. Oso afera zaharra da
Arotzarena, dagoeneko ez du interesik Frantziako poliziarentzat.
Isilune luze bat izan zen. Eguzkienearen zurezko egitura astunak
karraska sekretuak egiten zituen, baserri zaharra hausnarrean ari balitz
bezala.
Anek burua altxatu zuen.
–Tira, zergatik ez dugu guk geuk zelata antolatzen?
–Ezin dizut halakorik eskatu, Ane. Kontu horiek oso luze jo dezakete.
Ez da uste bezain erraza.
–Zu bezalako kankailu bat lan hori egiteko gauza bazen, ez da horren
zaila izanen…
Polizia ohiak gora begiratu zuen, sabaiko habeetan pazientzia bilatuko
balu bezala. Une batez isilik egon zen. Hitz egin zuenean, haren ahotsa
oinazez kutsaturik zegoen.
–Lau urtez ikertu genuen Arotzaren afera –erran zuen–. Egunero,
gauero. Presioa jasangaitza zen. Itzal baten atzetik genbiltzan. Ilunpean
bilatzen genuen. Bazirudien mamu baten oinatzak jarraitzen genituela. Eta
hurbil geundela pentsatzen hasiak ginelarik… ezer ez. Hutsa besterik ez.
Bat-batean ez zen beste hilketarik izan. Muntaner izan zen azkena, 87ko
abenduan. Kasua beste hilabete batzuez ikertu genuen, baina bide guztiak
itxita topatu genituen. Luze gabe, nagusiek interesa galdu zuten. Azken
hilketa Espainian gertatua zela eta, Polizia Nazionalaren esku utzi zuten
afera. Brisson eta biok beste hainbat kasutan aritu ginen, baina beti izan
genuen itzal hura bihotzean.
–Arotzaren itzala.
–Horregatik ez diot kargurik hartzen Brissoni nirekin etorri nahi ez
izateagatik. Ulertzen dut infernu hura berpiztu nahi ez izatea. Deitu
zenidanean aukera ikusi nuen urteetan obsesionatu nauen afera alu hau
argitzeko, baina orain…
–Eta argitu genezake, Xavier! Badakigu Malenferrek posta bidezko
harremana zuela aitonarekin. Biak ala biak mundutik desagertuak ziren,
garai bertsuan gainera. Ez dakit hiltzaileak ziren ala biktimak. Baina nago
Malenfer aurkituz gero argitu eginen dugula misterioa.
Frantses poliziak burua astindu zuen. Haren aurpegiko zimurrek
sakonagoak ziruditen.
–Ni ez nago horren seguru –erran zuen–. Baliteke Malenfer eta zure
aitonaren arteko harremanak zerikusirik batere ez izatea Arotzaren
hilketekin. Hamaika azalpen egon daiteke.
–Bai. Baina saiatzen ez bagara, ez dugu azalpenik batere lortuko.
Ilunpean geldituko gara betiko.
Polizia ohiak irribarre ahula egin zuen.
–Arrazoi duzu, Ane.
–Aditua naiz besteei zer egin behar duten erraten.
Polizia zaharra zutitu eta Aneren sorbalden gainean pausatu zituen
bere esku handiak. Estutu indartsua eta beroa zen. Une hartan Aneren
sakelakoa jotzen hasi zen. Pantailatxo distiratsuari begiratuta, neskak itzali
egin zuen. Eskuak dar-dar sakelaratu zuen telefono txikia.
–Berriz ere Bartzelonako irakasle hori? –galdetu zion frantses poliziak
kezkaturik.
–Ez. Jon zen… nire mutil-lagun ohia. Ez dut harekin hitz egin nahi –
segidan, Anek harreman gorabeheratsu haren berri eman zion polizia ohiari.
Lehenbiziko aldia zen kontu haiek inorekin partekatzen zituena, eta apur bat
harritu zen hasieran, azken batean ezezaguna zen gizon hari hain barne-
barneko kezkak kontatzeaz. Hala ere, hitz egin ahala ohartu zen amorrurik
gabe eta ia tristeziarik gabe mintzatzen zela, eta horrek halako itxaropen bat
piztu zion bihotzean. Amaitu zuenean, polizia ohiak hazka egin zion bizar
latzari.
–Egia erran, ezertxo ere ez dakit maitasun aferez. Baina ez dut ulertzen
zergatik eutsi zenion hain denbora luzez kontu hari.
Anek une batez isilean iraun zuen.
–Beldurragatik –erantzun zuen azkenean–. Hain nengoen nahasirik
non ohartu ere ez bainintzen egiten. Maitemindurik nengoela erraten nion
neure buruari, baina han ez zen amodiorik. Menpekotasuna bai, erruz. Eta
beldurra ere bai.
–Baina zeren beldur zinen?
–Bakardadearen beldur. Jon utziz gero, ez nuen uste halako beste
mutilik aurkituko nuenik.
Polizia ohiak burua astindu zuen.
–Erran bezala, ez dakit ezer afera hauetaz. Arraro sentitzen naiz
horretaz mintzatzen. Baina ez dut uste alde horretatik arazo handirik izanen
duzunik –Aneri tinko begiratu zion, eta honek beheititu egin zuen begirada.
Poliziak hasperen egin zuen–. Tira, piztu ordenagailua, ea Malenferren
argazkia heldu den. Honek nerabeentzako aldizkari bateko eskutitzen antz
kezkagarria hartu du.
Anek posta elektronikoa jasotzeko programa zabaldu zuen. Mezu jaso
berri batek distira egiten zuen. Haren ikurraren gainean klik eginda, gizon
baten argazki handitua agertu zen pantailan. Gizonak hirurogei bat urte
izateko itxura zuen, aurpegi luzanga eta begi ilunak. Eguzkiak belztutako
buru soilaren inguruan, ile-xerlo urdin luze batzuk zituen, ardien txima
zurixken antzekoak. Anek burua astindu zuen.
–Itxaropena nuen morroi hau aitonaren argazkietan agertuko zela,
baina seguru nago ezetz.
–Horrek ez du ezer erran nahi –frantses poliziak irribarre ahula egin
zuen–. Tira, Ane, etorriko zara nirekin Metzera?
–Jakina, komisario jauna. Baina, abiatu baino lehen, Iruñeko nire
etxetik pasatu behar dut. Arropak-eta hartu behar ditut. Gero, Malenfer
horren ehiza antolatuko dugu.
20
Iruñera joan eta Aneren etxearen aurrean utzi zuten autoa. Frantses
poliziak laguntza eskaini zion neskari maleta igotzeko.
–Bakarrik moldatuko naiz, milesker –erran zion Anek, ataria ireki
bitartean–. Baina igo, denbora beharko baitut dena behar bezala uzteko.
Polizia zaharrak burua astindu zuen.
–Gizonezkook emakumeei itxaroten eman dugun denbora guztia
probetxuzko zereginetan eman bagenu, honezkero munduan ez zegokeen ez
goserik ez gaixotasunik.
–Denbora hori libre bazenute, futbola ikusten emanen zenukete.
–Ez dut futbola gustuko –marmar egin zuen polizia ohiak–. Errugbia
nahiago.
Atarian sartuta Anek bere postontzia zabaldu zuen. Eskutitz zaparrada
erori zen lurrera. Anek denak jaso eta paperontzira bota zituen
propagandakoak.
–Aurrezki kutxako eskutitzak, telefonoaren ordainagiriak,
argindarrarenak… horiek dira nitaz oroitzen diren bakarrak. Goazen etxera.
Igogailua hartuta, laugarren solairuraino igo ziren. Anek sarrailan sartu
zuen giltza.
–Bai arraroa –murmurikatu zuen.
–Zer da?
–Zin eginen nuke bi buelta eman nizkiola giltzari. Betidanik izan dut
ohitura hori.
–Utzi ikusten… –frantses polizia belauniko jarri zen sarraila arretaz
aztertzeko. Hatza lerratu zuen sarrailatik–. Ez du ematen inork bortxatu
duenik. Ireki atea.
Anek nekez eragin zion giltzari, dar-dar baitzebilkion eskua. Atea
zailtasunik gabe ireki zen. Polizia ohiak kanpoan itxaroteko keinua egin
zion Aneri eta bakarrik sartu zen etxean. Ane, ordea, ezin zain egon eta
poliziaren bizkar zabalaren babesean sartu zen.
–Dena utzi bezala dago –xuxurlatu zuen Anek, etxetik buelta azkar bat
emanda.
–Seguru anabasa hau ez dutela lapurrek egin? –zirikatu zuen polizia
zaharrak, aldizkari pilak eta tiradera irekiak seinalatuz.
–Bai barregarria zarela, komisario jauna. Hemendik atera nintzenean
ez nengoen dena txukun uzteko aldartean. Gainera, ez nekien sudurluze bat
etorriko zitzaidanik Frantziatik nire gauzetan kuxkuxeatzera.
Irri urduria egin zuten. Ane, baina, berehala seriotu zen.
–Benetan, Xavier, uste dut bi buelta eman nizkiola giltzari. Seguru
nago… ia seguru.
Polizia zaharrak baiezko zuhurra egin zuen.
–Erran duzun bezala, etxe honetatik atera zinenean ez zeunden oso
lasai. Baina egia erran, ni ere kezkaturik nago. Atzoko Audi gris hark
egonezina sortzen dit –sorbalda zabalak goratu zituen–. Tira, baliteke
gorabehera horiek inolako garrantzirik ez izatea, baina ezin dugu baztertu
beste norbaitek interesa edukitzea afera honetan.
–Salatu egin beharko nuke hau polizia etxean. Baina irri eginen
lidakete berriz ere.
–Ezer lapurtu ez badizute paperontzira botako dute salaketa.
Korridorearen erdian zeuden. Erdizka jaitsitako pertsianek amatatu
egiten zituzten koloreak. Bat-batean, Anek arrotz sentitu zuen bere etxea,
norbait bertan ezkutuan ibilia zen susmoak gela isilak kutsatuko balitu
bezala. Larriturik begiratu zion bere kideari.
–Zure iritziz, Arotza berriz ere hiltzen hasi da, Xavier? Ezin dut
Maiderrena burutik kendu.
–Erran nizun bezala, oso arraroa litzateke hogei urte geroago Arotza
berriro agertzea. Bai, onartu behar dut badaudela zantzu kezkagarriak, baina
ezin dugu baztertu dena gure irudimenak sortutakoa izatea.
–Orduan?
–Orduan, hoberena erne ibili baina gehiegi ez izutzea dugu. Eta zuk
hobe duzu egin beharrekoak lehenbailehen egitea.
Ekarritako bidaia poltsa zabalduta, Anek arropa zikin mordoa bota
zuen sukaldeko plastikozko edukiontzira. Gero, logelara joan eta prakak,
jertseak eta barne arropa ugari sartu zuen zorroan. Presaka zebilenez, ez
zuen ongi tolesteko ardura handirik hartu.
–Nola moldatzen zinen Eguzkienean arropa garbitzeko? –galdetu zion
polizia zaharrak gelako atetik.
–Eskuz egiten nuen lixiba, zure garaian bezala.
–Ez al zizuten erakutsi zure nagusiei begirunez hitz egiten?
–Begirunea merezi dutenei bakarrik.
Frantses poliziak hasperen egin eta geletan barrena miatzera joan zen
urrats astunez. Beharko zituen arropak aukeratuta, Anek ura eta argindarra
moztuta zeudela egiaztatu zuen. Amaitu zuenean, poltsa astuna korridorera
garraiatu zuen. Polizia ohia egongelako apalategien aurrean aurkitu zuen,
hiru urte lehenago ateratako argazki bat esku artean. Bihotza uzkurtu egin
zitzaion Aneri: Jonek hondartzan ateratako argazkia zen.
–Bukatu duzu miaketa, komisario jauna? –galdetu zion ahalik eta
tonurik axolagabeenaz.
–Beste neska batekin bizi zinen hemen?
–Ez ba. Zergatik?
Poliziak argazkia apalategian utzi eta telebista aurreko mahaitxo bat
seinalatu zuen.
–Tira, horko aldizkari horiek, adibidez: Cosmopolitan, 1001 Dietas…
Arraioa, kirol aldizkari mordoa ere badago!
–Eta zer? –galdetu zuen Anek, gorriturik. Susmatzen zuen zer erran
behar zion polizia ohiak.
–Eguzkienean zeneuzkan liburuak ikusi nituen: Saramago, Auster,
Chomsky… Baita Simone de Beauvoir ere! Ez dira oso ongi ezkontzen
horko zaborreria horrekin.
Ane pentsati gelditu zen une batez. Etxe hartatik atera zenetik bi
hilabete bakarrik iragan arren, urtea pasatu balitz bezala ikusten zuen bere
aurreko bizitza. Ulertzen hasia zen zergatik izan zituen gustuko aldizkari
haiek, zergatik egiten zituen dietak, zergatik tematu zen Jon bezalako
morroi batekin ibiltzen.
–Tira, agian arrazoi duzu, Xavier –erran zuen–. Etxe honetan beste
neska bat bizi zen.
–Utzidazu erraten atseginago dudala Eguzkieneako neska argazki
honetakoa baino.
Anek irribarre ahula egin zuen. Berak ere nahiago zuela pentsatu zuen.
Hala ere, bere oraingo izaerak ez zuen zoriontsuago egiten. Ez zekien
zergatik sentitzen zen hain ahul eta hain bakarrik. Burua astindu zuen.
–Alde egiteko tenorea dugu, Xavier.
Etxetik atera eta atea ongi giltzatuta, igogailuan sartu ziren. Jaisten ari
zirela, frantses poliziak kopeta ilundu zuen.
–Simone de Beauvoir???
–Zer du txarrik?
–Argitu da misterioa: orain badakit zergatik utzi zintuen mutil-
lagunak.
–Tira, zuk ez duzu halakorik irakurtzen, eta Aita Santuak baino
gutxiago jotzeko itxura duzu.
–Touché.
21
Bidaia Gepperten BMWaz egin zuten. Nekea nabari bazitzaion ere,
polizia zaharra tematu egin zen berak gidatzen. Lehenbiziko egunean Paris
hegoaldeko errepide hotel batean lo egin zuten. Bigarrenean ipar-ekialdera
jarraitu eta Metzeraino iritsi ziren. Lorrenako hirira heldu bezain laster,
57000 kode postalari zegokion bulegoa bilatu zuten. Erran zieten hirian sei
bulego zeudela kode harekin. Zorionez, batean bakarrik zegoen 550
zenbakidun kutxatila bat: La Grande Poste.
La Grande Poste Gambetta karrikan zegoen, Metzeko erdigunean.
XIX. mendeko Neo-roman estiloko eraikin ederra zen, hareharri arrosazkoa,
arbelezko teilatu pikoekin. Lorategi ikusgarri batek bereizten zuen estilo
bereko tren geltoki arranditsutik. Anek eta polizia zaharrak ez zuten unerik
galdu eraikina miresten. Bulegoan sartu eta zuzenean kutxak zeuden tokira
jo zuten. Kutxak altzairuzkoak ziren eta zenbaki bana zeramaten atetxoetan.
Polizia ohiaren keinu gaitzesgarriari ez ikusiarena eginez, Anek 550
zenbakiko kutxaren sarraila ukitu zuen liluraturik: ate distiratsu hartaz
bestaldean misterio baten erantzuna egon zitekeen. Bulegoko langile zein
bezeroei begirada arakatzaile bat botata, karrikaratu eta bi gela hartu
zituzten hurbileko hotel batean.
Maletak desegin eta dutxa bat hartuta, Aneren gelan bildu ziren biak.
Bidaiaren nekea igartzen zitzaion polizia zaharrari. Mugimendu astunekin,
ohe gainean eseri eta erremintetarako kutxa bat zabaldu zuen. Barnean,
Anek eskuburdinak, hainbat tamainatako bihurkinak, erabilera anitzeko
labana bat, kutxa txiki batzuk eta pistola bat ikusi zituen.
–Zure arma? –galdetu zuen.
–Bai. Glock bat.
–Plastikozkoa dirudi. Ez duzu soinean eramaten?
–Hau ez da Far West-a. Gainera, deserosoa da besapean halako traste
bat eramatea.
–Arrakasta handiagoa izanen zenuke emakumeekin –trufatu zen Ane–.
Badakizu, polizia gogorrek txoratu egiten gaituzte...
–Saiatu naiz, baina alferrik. Ehun euroko billete pila bat eramanen
banu, beharbada...
–Pila handia behar luke izan! –barre egin zuen Anek–. Inoiz egin diozu
tiro inori?
Polizia zaharraren aurpegia gogortu egin zen.
–Hori ez da zure ardura.
–Sentitzen dut. Ez nizun halakorik galdetu behar. Barkatu, Xavier.
–Ez du axola. Ez dira kontu atseginak, eta akiturik nago –polizia ohiak
zutitu eta txalo ozena jo zuen–. Tira, lanera! Traste interesgarri bat
erakutsiko dizut. Begira honi.
Lanabesetarako kutxan bilatuta, aparailu bitxi bat erakutsi zion Aneri.
Beltza zen, eta plastikozko pilula baten itxura zuen. Pilulatik hamabi bat
zentimetroko hari mehe bat ateratzen zen.
–Zer da? Alzheimerra geroratzeko traste bat?
Polizia zaharrak zerura goratu zituen begiak.
–Mugimenduen detektagailua da –azaldu zion, pazientziaz jantzita–.
Hari hau antena da. Beste mutur honetan bateria dago eta merkuriozko
burbuilatxo bat. Mugitzen denean, burbuila txiki horrek seinalea bidaltzen
dio antenari. Eta guk beste aparailu honetan jasoko dugu seinalea –erran
zuen, telefono mugikor baten itxurako kutxatxo bat erakutsiz.
–Eta zertarako erabiliko dugu?
–Pakete bat bidaliko dugu Malenferren kutxatilara. Paketean edozein
huskeria sartuko dugu: aldizkariak, bolalumak, xaboi batzuk... Hala,
propaganda dela pentsaraziko diogu, eta ez du susmo txarrik hartuko.
Paketean ezkutaturik, ordea, gure detektagailua sartuko dugu. Inork 550
kutxako posta hartu orduko, seinalea jasoko dugu. Horrela ez dugu zertan
denbora osoan zelatatu. Bulegoaren inguruan egon gaitezke, autoan edo
karrikako eserleku batean.
–Ez dago gaizki pentsaturik –onartu zuen Anek.
–Zuk uste baino bizkorragoa da polizia.
–Zilegi bekit zalantza egitea –erran zuen Anek–. Dena den, postariak
paketea eramaten duenean, eta bulegoan sailkatu bitartean, traste horrek
seinaleak bidaliko dizkigu etengabe.
–Itzalita bidaliko dugu. Gero, bulegoan sartu, 550 zenbakiko kutxaren
ondora joan, eta kanpotik aktibatuko dugu. Harrezkero, mugitzen den
bakoitzean seinaleak bidaliko dizkigu gure paketeak. Bateriak hainbat
astetako iraupena dauka. Espero dezagun Malenfer lehenago agertzea.
Erran eta egin. Anek lurrin merke bat eta biltzeko papera erosi zituen.
Kontu handiz, polizia zaharrak detektagailu luzanga sartu zuen lurrin
botilatxoa babesten zuen kartoiaren tolesturen artean.
–Ederki, kartoia irekita ere ez da ikusten. Orain proba eginen dugu –
frantses poliziak telefono itxurako kutxako botoi bat sakatu zuen–. Piztuta
dago.
Kolpetxo bat eman zion lurrin poteari. Telefono txikiak hots kirrinkari
bat atera zuen.
–Orain paperean bildu eta bidaltzea besterik ez zaigu falta. Bihar
goizean 550 kutxatilaren barnean izanen dugu.
Anek bultzadatxo bat eman zion lurrin poteari, eta txirrinak berriz jo
zuen.
–Hamaika ikusteko jaioak gara –erran zuen, miraz.
–Hala ere, ez dakigu noiz etorriko den Malenfer kutxa madarikatu hori
zabaltzera. Beharbada, hilean behin besterik ez da etorriko, edo are epe
luzeagoz.
–Pazientzia hartu beharko dugu orduan, Xavier.
Biharamunean, Gepperten autoa posta bulegoaren atea ongi ikusten
zen toki batean aparkatu eta txandak antolatu zituzten. Astegunetan,
Gambetta karrikako bulegoa goizeko zortzietatik arratsaldeko sei eta erdiak
arte egoten zen zabalik. Zoritxarrez, larunbat goizetan ere lan egiten zuten.
Polizia ohiak lehenbiziko bost orduetan zelatatzen zuen bulegoa, eta Anek
gainerako bostetan hartzen zion txanda. Bulegoa ixten zenean, inguruko
jatetxeren batean afaltzen zuten.
Hasieran, libre zituen orduetan, Ane alde zaharrean barrena paseatzen
zen, katedral ikusgarriraino edo Moselle ibaiaren zubi ederretaraino.
Hiriguneko aleman eta frantziar estiloko karrikek halako bake bat ematen
zioten. Hala ere, eguraldi iluna hasi zuenean, Anek nahiago zuen hoteleko
gelan irakurtzen gelditu, euripean ibili baino. Askotan, bisita egiten zion
polizia zaharrari eta hitz-aspertu luzeak izaten zituzten auto barnean.
Ariketa handirik gabeko bizimodu hark kezkatzen zuen Ane. Auto barnean
ematen zituen orduetan ipurdia hazten sentitzen zuen eserlekuaren gainean.
Eguzkienea garbitu bitartean, bazekien lan akigarriak kaloriak erretzen
zituela, eta horrek nolabait lasaitzen zuen. Orain bere kemen guztiaren
beharra zuen pentsamendu beltzei aurre egiteko. Hala ere, bere kidearekin
jaten zuenetan, itxurak egiten ahalegintzen zen. Ezin erran ahalako lotsa
emanen zion polizia zaharra ezertaz ohartzeak.
Horrez gain, Ane izugarri aspertzen zen bere zelata aldietan.
Lehenbiziko egunetan erne egotera behartzen zuen bere burua, eta saiatzen
zen La Grande Posteko bulegora sartzen ziren bezero ugariek Malenferren
argazkiaren antzik ote zuten egiaztatzen. Baina egunak igaro ahala, arreta
lasaitzen joan zen Ane. Bisita egiten zionetan, polizia zaharrak errieta
egiten zion liburuak irakurtzeagatik. Baina berak ere ederki ezagutzen zuen
zelata ordu luzeen asperdura, eta askotan, kafe termoarekin batera,
aldizkariren bat ekartzen zion Aneri.
–Teknikan jarriko dugu itxaropena –erraten zuen polizia ohiak, autoko
bolantearen ondoan itsatsitako detektagailua laztanduz. Batzuetan, aparailua
ongi zebilen egiaztatzeko, posta bulegoan sartu eta, inor begira ez
zegoelarik, kolpetxoak jotzen zituen 550 kutxaren atetxoan, eta Anek
txirrina entzuten zuen autoan.
Hamazazpi egun igaro ziren. Alde zaharreko denda batzuetan
Gabonetako apaingarriak ikusten hasi ziren, nahiz eta artean hilabete baino
gehiago falta urte amaierarako. Gero eta eroriago zeuden biak, eta
denetariko ideia etsigarriak bururatzen zitzaizkien: bazitekeen Malenfer
aspaldi hil izana, edo oso noizean behin bakarrik joatea posta jasotzera.
Malenferren argazkia erakutsi zieten bulegoko zenbait langileri, baina burua
astindu zuten denek.
Hamazortzigarren eguna euritsu argitu zuen. Eguerdian, ohi bezala,
Anek hoteleko tapaki bat eta bi liburu hartuta hasi zuen bere txanda.
Arratsaldeko bostetan polizia zaharra bila etorri zitzaion, eta kafea hartu
zuten inguruko kafetegi batean. Ez zuten gehiegi hitz egin. Autora itzulita,
Ane burumakur zegoen.
–Honek ez du zentzurik, Xavier –hasi zen–. Hobe genuke...
Ez zuen esaldia bukatu: hots kirrinkari batek eten zuen. Une batez
perlesiaturik gelditu ziren biak aparailu txikiari begira. Segidan, posta
bulegoko ate argitsuan josi ziren haien begiak.
–Ez dut inor sartzen ikusi –xuxurlatu zuen polizia zaharrak ahots
larriz.
–Neuk ere ez. Dena den, baliteke beste norbaitek ondoko kutxaren bat
zabaltzea, edo...
–Atera autotik, Ane, gidari jarriko naiz.
Hala egin zuten. La Grande Posteko ateari begirik kendu gabe, polizia
zaharrak martxan jarri zuen autoa. Euriak errekatxoak sortzen zituen
BMWaren kristalean, eta hots sorgorgarria ateratzen zuen sabai metalikoan.
Detektagailuak joka segitzen zuen, eta Anek itzali egin zuen.
–Hor da! –xuxurlatu zuen.
Euritako zabal baten azpian babesturiko figura bat atera zen posta
bulegotik. Ane aurrerantz makurtu zen, hobeki ikusi nahian, baina espaloian
aparkaturiko autoek traba egiten zioten. Euritakoa bizkor urrundu zen
Gambetta karrikan behera. Polizia zaharraren begiak diz-diz zeuden.
–Zoaz oinez haren atzetik, Ane! –erran zion–. Nik autoz jarraituko
diot.
Ane jauzi batez karrikaratu zen. Berokia lotu bitartean, lasterka abiatu
zen euritako beltzaren atzetik. Posta bulegoko atearen aurrean igarotzean
barrura begiratu zuen: ez zen beste bezerorik. Orain bazekinagu morroi
hori dela gure paketea hartu duena. Ibilera azkartu egin zuen. Euritako
beltza berrogei bat metro aurrerago zihoan. Anek atzera begiratu zuen:
Gepperten autoaren argiek euri errezelak zulatzen zituzten. Euritakoa brast
gelditu zen. Zer egin ez zekiela, Ane denda bateko erakusleihoari begira
jarri zen. Bihotza eztarrian taupaka zeukan. Mugimendu arraro batez,
euritakoaren jabeak paperontzi batera bota zuen lurrin botilatxoaren
paketea. Begi ertzetik, Anek euritakoaren azpiko figura zelatatu zuen.
Beroki antzeko arropa beltz baten atzealdea ikusi zuen. Figuraren oinetara
begiratuta, Ane ohartu zen sandalia irekiak janzten zituela. Ene, gizon
horrek monjea ematen din! Arima uzkurturik, sustrai okerren antzeko oin
haiei begira gelditu zen Ane, euriak zigortzen zituen bitartean.
Jazarpenak segitu zuen.
De Gaulle plaza zeharkatuta, tren geltokiko aparkalekura sartu zen
gizona. Ane autoen artean kukutu zen. Euriak aurpegira itsasten zion ilea,
eta begietan sartzen zitzaion. Aparkaleku txikiaren erdian, gizonak
euritakoa itxi eta autoen sabai distiratsuen artean desagertu zen. Motor
hotsa entzun zen, argi batzuk piztu ziren: gizonak autoa hartu zuen.
Ane lasterka hasi zen argietarantz. Begiradaz, Gepperten autoa bilatu
zuen. Ez zuen ikusi. Korrika segitu zuen. Autoaren marka eta plakak
ikusiko ditinat behinik behin, pentsatu zuen. Bere belaunetik arra betera,
auto handi bat gelditu zen balazta kirrinka batez.
–Igo, azkar! –egin zion oihu polizia ohiak leihatilatik.
–Xavier, ia harrapatu nauzu, agure alua!
–Ez denborarik galdu, alde egiten ari da eta!
Gizonaren autoa aparkalekuaren irteerarantz zihoan. Gepperten
autoaren aurretik igaro zenean, Citroën 2CV zahar bat zela ikusi zuten.
Margo horia pitzaturik zegoen, eta herdoil zetaka gorrixkak ikusten ziren
hainbat tokitan.
–Zaharkin horrekin ez da oso urrun joanen...
–Nire ondo-ondotik igaro da –azaldu zuen Anek ile xerlo blaituak
aurpegitik baztertuz–. Baina ez diot aurpegia argi ikusi. Eta ohartu zara?
Autoaren atzealdea supermerkatuko poltsaz mukuru zeraman.
–Erosketak egin eta posta hartzera etorri da, beraz.
Polizia zaharrak bolantearen gainean makurturik gidatzen zuen.
Citroën kaskarra argi gorri baten aurrean gelditu zenean Anerengana
bihurtu zen:
–Ohartu zara morroiak ezker eskuaz heltzen ziola euritakoari?
Anek begirada larria josi zion polizia zaharrari.
–Zer erran nahi duzu?
–Ezer ez. Ahots goran pentsatzen ari nintzen. Ez diozu aurpegia ikusi?
–Lipar batez, baina urrun zegoen. Monje baten antzera dabil jantzirik.
Beldurra ematen du!
Polizia ohiak kopeta ilundu zuen.
–Espero dezagun Malenfer izatea.
Trafiko usua zebilen euripeko karriketan, eta Anek zailtasunak zituen
auto ilaren artean Citroën txikiari antzemateko. Gepperten autoak tarte
zuhur bat utzita jarraitzen zion. Pont des Grilles igarota, Citroënak iparrera
jo zuen.
–Hiritik ateratzen ari da.
Ibilgailuak bakantzen joan ziren Metz iparraldeko auzoak atzean utzi
ahala. Seinaleek Luxenburgo eta Alemania iragartzen zituzten. Poliziak bi
autoen arteko tartea handitzea erabaki zuen.
–Ez dut izutu nahi –erran zuen Citroënaren argiei begirik kendu gabe–.
Ez dut beste hilabete batez haren zelatan egon nahi.
Jazarpena hiru ordu laurdenez luzatu zen. Thionville hiria atzean utzi
zuten. Citroënaren argiak puntu gorrixkak besterik ez ziren urrunean. Ane
saiatzen zen beren posizioa zehazten errepide mapa batean, baina zorabiatu
egiten zen. Errepide ugari zeuden, herrien arteko sare sarria osatzen
zutenak. Zaparrada bortitzen artean, Gepperten autoak azkartu egin zuen
abiadura. Polizia zaharra deseroso mugitu zen bere eserlekuan.
–Uste dut galdu egin dugula –marmar egin zuen–. Bost minutu dira
haren argiak ikusten ez ditudala. Eta errepide zati zuzen honetan ikusi egin
beharko genituzke –kolpea jo zuen bolantean–. Ezin izan digu tarte luzerik
atera hain denbora laburrean!
Bere kidearen haserreak kikildurik, Anek arretaz aztertu zuen mapa.
–Herri mordoa dago eskualde honetan! –hots egin zuen.
–Nora doa errepide alu hau?
–Alemaniako mugara. Baina oraindik tartetxo bat falta da. Luxenburgo
ere oso hurbil dago.
Polizia zaharrak bazterrean gelditu zuen autoa. Euriak indarrez jotzen
zuen BMWaren kristalaren kontra. Zuhaitzen adarrak errepide ilunaren
gainean makurtzen ziren. Frantses poliziaren aurpegiko giharrak teink
zeuden.
–Utzidazu mapa ikusten, Ane –erran zuen. Eta mapari begira–: Seguru
errepide honetan gaudela?
–Baiezkoan nago –Anek mapa seinalatu zuen–. Honako herri hau,
Koenigsmacker, atzean utzi berria dugu. Baina gauez eta euripean zaila da
hartu ditugun saihesbide guztiak zehaztea...
Polizia zaharrak eztarriko hots bat egin zuen.
–Auskalo non galdu dugun –erran zuen–. Aurrean geneukan herri
horretatik igaro baino lehen, eta orain...
Anek arreta handiagoz erreparatu zion mapari.
–Zer da hau? –galdetu zuen.
–Bidexka ematen du. Kakazaharra! Hotelean ahaztu ditut irakurtzeko
betaurrekoak.
Anek mapako marra beltz ia ikusezin hura jarraitu zuen mendien
artean sigi-saga. Azkenean, bere hatza izen baten gainean gelditu zen.
–"Ouvrage de Metrich" –irakurri zuen–. Xavier, badakizu zer...?
Frantses poliziak tirakada batez kendu zion mapa eskuetatik. Sudurra
ia paperari itsatsita aztertu zuen. Gero, begiak zabal-zabal eginda begiratu
zion Aneri.
–Maginot lerroa! Jakina! –hots egin zuen–. Hor ezkutatzen da
putakume hori! Goazen!
Buelta erdia eman zuten errepide estuan. Azeleragailua zapaldu eta
BMWa gezi distiratsu baten antzera oldartu zen kontrako norabidean.
–Maginot lerroa? –galdetu zuen Anek, segurtasun gerrikoa berriz ere
lotu bitartean.
–Gerra Handiaren ondoren egindako defentsa lerro bat zen,
Alemaniako mugan zehar eraikitako dozenaka tunel, gotorleku eta
bunkerrek osatua, lur azpikoak gehienak. Egun, baten batzuk zabalik daude
turistentzat, baina gehienak utzita, nik dakidanez.
–Baina ba al dago gotorleku horietan bizitzerik?
–Tira, horretarako diseinatu zituzten, bertan ehunka soldadu bizi eta
borrokatzeko. Lur azpiko hiriak omen ziren: logelak, sukaldeak, tailerrak...
denetarik. Trenbideak eta guzti omen ziren. Tunelak kilometrotan zabaltzen
dira, eta batzuetan sekulako sakonera hartzen dute. Entzun dudanez, ordura
arte egindako obra militarrik handienetakoa zen, Txinako harresia
kenduta...
–Txinako harresia...? –putz egin zuen Anek–. Zenbat aste behar izan
zuten naziek Frantzia okupatzeko? Bost? Sei?
–Txantxa gutxi horrekin, zizarea halakoa. Kontua da botxeek albotik
saihestu zutela lerroa.
–Ez haserretu, gizona. Urduri nago, hori da dena. Eta motelago joan,
hementxe egon behar du-eta bide horrek.
Koenigsmacker herria berriz ere igarota, abiadura apalean joan ziren,
ezker aldeko basoa arretaz arakatuz. Azkenean, pista zahar bat aurkitu zuten
zuhaitzen artean. Autotik atera eta fokuen argitan aztertu zuten bide
kaskarra.
–Auto bat igaro berri da hemendik –erran zuen polizia ohiak,
berokiaren lepoa goratuz–. Putzuetako ura uher dago oraindik.
–Espero dut aurrerago bidea egoera hobean izatea. Oinez egin beharko
dugu bestela.
–Tira, Malenferren traste zaharra hortik sartu bada, guk ez genuke
arazorik izan behar. Goazen!
Autoan sartu eta basoan barrentzen zen bide gorabeheratsua hartu
zuten. Polizia ohiaren aurpegiak ehizaren tentsioa ageri zuen.
–Entzun duzu gizonezkoen eta beren autoen arteko harremanen teoria?
–galdetu zion Anek, giroa apur bat arintzeko asmoz.
–Ez. Eta ez dut entzun nahi.
Bidea udazkenak pilaturiko orbelez estalita zegoen. Alde bietara
zuhaitzak itzal lanbrotsuak besterik ez ziren. Gepperten BMWaren argiek
aire hezea zulatzen zuten, argi-itzal jolasak sortuz enborretan. Ibilgailuaren
motorra eta haizearen xuxurla besterik ez zen entzuten. Zabukaden artean,
Anek irudipena zuen basoak arnasari eusten ziola. Eskuei begiratuta, ohartu
zen hatz koskorrak zuri-zuriak zituela, ukabilak gogor estutzeagatik.
–Hemen amaitzen da bidea –erran zuen polizia zaharrak.
Sastrakaz jositako zabalgune batean zeuden. Zuhaitzek osatzen zuten
zirkulu itxiaren erdian porlanezko egitura astun bat altxatzen zen,
hezetasunak belztua eta leihatila estuz hornitua. Bunkerraren horma
astunean ate handi bat zabaltzen zen, tunel aho baten itxurakoa. Polizia
ohiak autoa gelditu eta jaitsi egin zen. Maletategia zabalduta, bi eskuargi eta
bost tiroko eskopeta bat atera zituen. Ane autotik atera eta, eskuak
besazpietan babestuz, bere kideari begira egon zen, honek kartutxoak
eskopetaren errekamaran sartu bitartean.
–Hobe da neu bakarrik sartzea, Ane –erran zion, arma kargatzen
amaituta. Anek kopeta ilundu zuen, gaua baino ilunagoa zen zulo hari
begira.
–Arriskua dagoela uste duzu?
–Bai.
–Tira, orduan laguntza beharko duzu, ezta? –erran zuen Anek,
sentitzen zuen beldurra ez nabarmentzen saiatuz.
Polizia ohiak eskuargia luzatu zion.
–Nire atzetik ibili uneoro –erran zion–. Eta ez egin zaratarik.
Anek baiezko isila egin zion. Izuaren zaporea ahoan, basoaren
bihotzean porlanezko minbizi bat bezala txertatzen zen eraikin bitxi hari
begiratu zion. Hor barnean hiltzen bagaituzte, inork ez gaitin aurkituko,
pentsatu zuen.
22
Sasien artean bide eginez, bunkerreko atera hurbildu ziren. Karratua
zen, gotorra, eta hiru metroko garaiera izanen zuen. Behiala, burdinsare
astun batez itxita egon zen, baina orain ate-orri alimalekoak lurrean
zeutzan. Frantses poliziak Aneri bertan gelditzeko keinua egin eta bakarrik
hurbildu zen tunelera. Eskuargia eta eskopeta ilunpe trinkora zuzenduta,
kontu handiz kirikatu zuen.
–Malenferren autoa ikusten dut –xuxurlatu zuen, ahotik lurrun hodei
bat egotziz. Apur bat gehiago hurbildu zen–. Hutsik dago. Gelditu hor,
arriskurik ez dagoela ziurtatu arte.
Polizia ohiak Citroënaren atea itxita zegoela egiaztatuta, barnea
arakatu zuen eskuargiaren laguntzaz. Nor bizi ote daiteke honelako toki
batean? pentsatu zuen Anek izuturik. Kontuz hurbildu zen 2CV zaharrera.
Begiak zorroztuta, zurezko arrosario bat ikusi zuen barneko ispilutik
eskegita. Bihotza estuturik, Anek eskuargia mugitu zuen auto barnetik.
Sainduen irudi margulek mukuru betetzen zituzten bolantearen ondoko
bazterrak. Aurreko kristalaren ondoan, gurutzeak, Ama Birjinaren
plastikozko iruditxoak eta urre koloreko dominak lerroan. Atzeko eserlekua
poltsa hutsez, kartoiz eta denetariko zaborrez beterik zegoen.
–Auto honek hotzikara ematen dit –murmurikatu zuen Anek–. Zer
eginen dugu orain?
–Ez dut Malenfer beldurtu nahi. Itxura guztien arabera, izuak hartutako
gizona da.
Anek baiezko mutua egin zuen. Bai, argi zegoen gizonak arrazoi
sendoak edukiko zituela halako toki batean bizitzeko. Eta beldurra arrazoi
ezin hobea zen. Baita eromena ere.
Polizia zaharrak tunelaren ilunperantz zuzendu zuen bere eskuargia.
–Malenfer hor behean ezkutatzen bada, aurkituko dut. Etorriko zara
nirekin?
Anek baiezkoa egin zion. Ezin zuen hitzik ebaki. Beldurrez dar-dar
bazegoen ere, ez zuen Geppert bakarrik utzi nahi. Eta baso ilun hartan
bakarrik gelditzeak are izu handiagoa ematen zion.
Tunelean behera hasi ziren. Haien urratsek hots bitxiak egiten zituzten
amaierarik gabeko korridoreetan. Eskuargien fokuek lizun zetaka ilunak
argitzen zituzten porlan hutsezko hormetan. Hezetasun sunda latzak sudurra
narritatzen zien. Jaisten jarraitu zuten, aldapa eta eskaileretan behera,
putzuetan plisti-plasta. Haizeak ulu egiten zuen sabai gangaduneko
tuneletan. Trenbide estu baten aztarnak ikusi zituzten, baina errail zati
batzuk besterik ez zen geratzen. Hari elektrikoak eta tutuak suge fosilduak
bezala kiribiltzen ziren horma gotorretan. Bidegurutzeetan gezi adierazleak
ikusten ziren, letra eta zenbaki enigmatikoekin.
Anek klaustrofobiaren esku itogarria sentitu zuen eztarrian.
–Hau labirinto amaigabea da! –erran zuen–. Ez dakigu morroi hau non
ezkutatzen den! Ezta hemen ezkutatzen den ere!
–Ixo! Uste dut zerbait entzun dudala.
Biak adi gelditu ziren. Anek bere odolaren burrunba besterik ez zuen
entzun. Tunela etengabe jaisten zen. Keinu isil batez, polizia zaharrak
horma bat erakutsi zion Aneri. Kedarrez egindako marrazki bat zegoen
bertan. Haur batek margoturiko Ama Birjina zirudien. Ilargi erdi itxurako
ahoak irribarre egin arren, begien ondoko tantek iradokitzen zuten irudia
negarrez ari zela. Haren oinen azpian “Ave Maria!!!” hitz traketsek oihu
egiten zuten.
Anek arima uzkurturik begiratu zion marrazki kaskarrari.
–Hau egin duena ez dago… –hasi zen erraten.
Danbada gorgarri batek jan zizkion azken hitzak. Ezer pentsatzeko
astirik gabe, polizia zaharraren gorputzaren masa astuna gainera oldartu
zitzaion. Lurrera erori bitartean, Anek argialdi urrun bat ikusi zuen begi
ertzetik. Beste danbada batek durundi egin zuen tunelean.
–Tiroka ari zaigu! –oihu egin zuen Anek beldurrak erotutik. Eskuez
gorputza haztatu zuen, zauriturik ote zegoen egiaztatzeko. Eskuargia galdu
zuen eta tunela ilunpean gelditu zen erabat.
–Ixo! –poliziaren esku astunak lurraren kontra zanpatzen zuen–.
Gelditu lurrean!
Segundoak geldiro igaro ziren. Anek izua eta klaustrofobia sentitu
zituen olatu baten antzera bere baitan hazten. Haren eskuak Geppertena
bilatu zuen ilunpean.
–Malenfer! –oihu egin zuen polizia ohiak–. Xavier Geppert naiz,
Bordeleko poliziako komisarioa! Ez dizugu minik egin nahi!
Isiltasuna. Ura tantaka belztasun erabatekoan. Frantses poliziak berriz
ere oihu egin zuen.
–Nirekin Matias Duhalderen biloba dago!
–Deabru gezurtia! –gizon zahar baten ahotsa zen, kraskatua eta
dardaratia. Negar egiteko zorian zirudien.
Polizia ohiaren eskuak Anerena estutu zuen, hitz egitera behartuz.
Honek eztarria garbitu zuen. Ahoa hain lehor zeukan non nekez lortu
baitzuen hitzak ebakitzea.
–Ane Duhalde naiz, Malenfer jauna! –zer erran ez zekiela gelditu
zen–. Ez egin tiro, mesedez!
–Zer nahi duzue? –galdetu zuen ahots negartiak.
–Zurekin hitz egin besterik ez –erran zuen polizia ohiak–. Matias
Duhalde hil berri da.
–Deabruak aurkitu du! –oihuak oihartzunak egin zituen tuneletan–.
Ama Birjina maitea, lagun nazazu ordu beltz honetan! Sancta Maria, ora
pro nobis!
–Bihotzekoak jota hil zen, inork ez zuen hil! –hots egin zuen Anek.
Bitartean, entzun zuen Geppert ilunpean zutitzen zela. Ezer ikusi ez arren,
iruditu zitzaion bere kideak tunelean behera egiten zuela, ahotsa entzuten
zen tokirantz. Hitz egiten jarraitzea erabaki zuen.
–Aitona ezkutaturik bizi izan zen, zu bezala! Beldur zen. Malenfer
jauna, ez dizugu…
Ustekabezko oihu bat entzun zen. Tunelaren amaieratik borroka hotsa
heldu zen. Anek arnasa astunak entzun zituen eta ulertu ez zituen latinezko
hitz batzuk. Bat-batean frantses poliziaren ahotsak durundi egin zuen:
–Piztu argia, Ane, harrapatu dut eta!
Anek lurra haztatu eta eskuargia topatu zuen. Piztu zuenean, fokuak
irudi bitxi bat argitu zuen tunelaren amaieran. Polizia ohiak fusil herdoildu
bat zeukan ezkerreko eskuan. Bere eskopeta lurrean zegoen. Beste besoaz,
polizia handiak gizon bitxi bati heltzen zion lepotik. Gizona zaharra zen, eta
erabat burusoila. Haren larrua hain zen zurbila non gardena zelako
irudipena sortzen baitzuen. Bizar luze horixka zeraman eta monje abitu
zarpaila jantzirik. Eskuargiak itsututa, gizonaren begiek harrapaturiko
piztiarenek bezalako izua adierazten zuten. Hortzik gabeko ahoa oihu isil
batean zabaltzen zen.
Inondik ere, gizon hura Michael Malenfer zen, baina Anek nekez
antzeman zion argazki zaharrean agertzen zen gizonari. Riberak
margoturiko saindu ilun bat zirudien.
–Askatu, Xavier, min ematen diozu eta!
Poliziak belarrira hitz egin zion agureari.
–Libre utziko zaitut, Malenfer. Baina kontuz ibili.
Polizia handiak besoa lasaitu eta agureari jaregin zion. Gizona
arrastaka urrundu eta tuneleko zutabe baten azpian kuzkurtu zen. Zain
urdinez jositako besoek bere gorputz mendrea besarkatzen zuten, babes
keinu penagarri batean. Animalia izutua ematen zuen.
–Filios tuos adjuva, Sancta Maria –zezeldu zuen zotinka–. Zer egin
nahi didazue?
–Hitz egin besterik ez –erran zuen polizia zaharrak hatsanka–. Barkatu
min egin badizut, Malenfer jauna. Baina zeu hasi zara tiroka.
Agureak ez zion polizia sendoari begiratu. Beldur handiegia zion,
antza. Anerengana goratu zituen begiak. Irtenak eta gorrixkak ziren. Haien
baitan, labe batean bezala erretzen zen eromena.
–Egia da! –hots egin zuen–. Matiasen antza duzu! Kristau zintzoa,
Matias. Aingeru hutsa. Begiak! Eta ahoa! Zer mirari da hau? Ama Birjinak
beste misterio bat bidaltzen dit…
–Matiasen biloba naiz –erran zuen Anek ahots hari batez–. Erran
dizudan bezala, berriki hil zen. Haren etxean zure eskutitz batzuk topatu
genituen, eta horien bidez aurkitu zaitugu.
–Deabruak harrapatu zuen azkenean! –hots egin zuen agureak,
gorputza aurrera eta atzera zabukatuz–. Mater pulchrae dilectionis, ora pro
nobis! Stella maris, spes nostra…
–Ez, ez, jauna. Aitona bihotzekoak jota hil zen. Inork ez zuen hil.
–Deabruak hil zuen! Oso azkarra da, oso maltzurra! Engainatu egin
zaituzte, inozoak halakoak!
–Lasaitu, Malenfer –erran zion polizia zaharrak. Baina agurea bere
onetik aterata zegoen.
–Niganaino iristeko erabili zaituzte! –oihu egin zuen–. Berriro
aurkituko nau! Ave Maria! Berriz ere ez!
–Berriz? –galdetu zion polizia ohiak–. Arotzak… Deabruak eraso
zizun noizbait?
Malenferrek abituaren eskuineko mahuka goratu zuen. Anek atzera
egin zuen izuturik. Malenferrek eskua falta zuen. Haren besagaina haragi
konkor borobil batean amaitzen zen. Beldurrak handituriko begiez, gauza
zurbil hari so egin zion Anek.
–Arotzaren biktima izan zinen!
Malenferrek irribarre egin zuen. Zaila zen hortzik gabeko aho haren
garraztasuna berdintzea. Agurea zutitu eta ozen hitz egiten hasi zen, profeta
ero baten antzera espantuak eginez begi-besoekin.
–Maiatzeko gau batean izan zen –erran zuen–. 1985. urtean! Jainko
Ahalguztidunak urte hura aukeratu zuen nire salbaziorako. Alproja hutsa
nintzen, Jainkoak barka nazala. Goizaldean etxeratu nintzen, mozkor
arraildurik. Ez nuen ikusi. Atzetik eraso zidan. Kankarrekoa jo eta konortea
galdu nuen. Esnatu nintzenean lanabesak gordetzen nituen etxolan nengoen,
mahai baten gainean. Biluzik nengoen, beso-hankak loturik. Ahoa trapuz
beteta neukan. Deabruak ur hotza bota zidan. Erran zidan esna egotea nahi
zuela, hiltzen ninduen bitartean.
–Ene! –Anek ahoa estali zuen.
–Ikusi zenuen? –galdetu zion polizia ohiak–. Nolako itxura zuen?
–Ez zuen aurpegirik. Beldur nintzen. Ez nekien Jainkoak mezu bat
helarazi nahi zidala. Inoiz barkatuko ahal nau! Sedes sapientiae, ora pro
nobis!
Polizia zaharrak Malenfer agertu zen aterantz zuzendu zuen eskuargia.
Urdinez margoturiko ate metalikoan “Infirmerie” hitza irakur zitekeen letra
erdi ezabatuetan.
–Hor bizi zara? –galdetu zion Malenferri–. Tira, Ane, gela horretara
sartuko dugu morroi hau. Lasaiago hitz eginen dugu bertan.
Ane atetik sartu eta eskuargia goratu zuen. Gela handi batean zegoen.
Garai batean soldaduentzako erietxea izan zen, bazterretan pilaturiko ohe
herdoilduek, kristalezko armairuek eta lanpara handiek adierazten zutenez.
Orain ilargijo baten gordelekua besterik ez zen. Zoko usaina itogarria zen.
Manta piltzarrez estalitako kamaina estu bat zegoen, burdinazko sutegi
baten ondoan. Hormen parean metalezko armairu batzuk lerrokatzen ziren,
soldadu zaurituen antzekoak.
Malenfer gela bitxira sartu zen, poliziak besapetik helduta. Sabaitik
zintzilikaturiko karburozko kriseilu bat ikusita, poliziak piztu egin zuen.
Gar urdinxkak gela argitu zuenean, Anek oihu bati eutsi zion. Hormak
amesgaiztozko irudiz josita zeuden. Marrazkiak kedarrez eginak ziren eta
Zeruaren eta Infernuaren arteko eldarniozko nahasketa bat irudikatzen
zuten: Jainkoaren begi erraldoia erdian zegoen, eta haren azpian Ama
Birjina, Jesukristo, apostoluak eta sainduak estu-estu pilatzen ziren, artalde
izutu baten antzera. Haien inguruan dozenaka deabruk hegan egiten zuten.
Deabruek saguzar hegoak zituzten eta zakil alimalekoak. Denek zerra
zorrotzak zeramatzaten beren narrasti erpeetan. Erdi Aroko infernu haren
xalotasun izugarriak arima uzkurtzen zuen.
–Marrazkilari trebea zaitugu, Malenfer –erran zuen polizia zaharrak.
Agureak ez zuen txintik erran. Bere kamaina zarpailaren ertzean eseri zen.
Askoz ere lasaiago ematen zuen. Frantses poliziak aulki metaliko ugertu bat
hartu eta haren aurrean eseri zen.
–Deabruaren itxuraz oroitzen zara? –galdetu zion ahots barez, bere
lasaitasuna kutsatu nahiz agureari.
–Ez zuen aurpegirik. Mozorroa zeraman aurpegian. Mozorro zuria. Ez
zuen ahorik. Begientzako bi zulo besterik ez, nire bekatuak ikusteko.
Oraindik ikusten dut. Hotz hura sentitzen dut berriz ere…
Malenferren begi gorrixkak aurreko horman josita zeuden, baina
porlanean margoturikoak baino izugarrikeria handiagoak ikusten zituztela
ematen zuen. Polizia ohiak isilunea hautsi zuen:
–Ezer erran zizun? –galdetu zion.
Malenferrek begiak kliskatu zituen, amesgaizto batetik esnatuko balitz
bezala. Haren ahotsa urrundik helduko balitz bezalakoa zen.
–Lapur madarikatua nintzela erran zidan. Nik erran nahi nion oker
zegoela, langile prestua nintzela, sekula ez nuela ezer lapurtu… baina ahoa
bozaturik neukan. Ezetz erran nion buruaz, Jainkoak barka nazala! Jo egin
ninduen. Ero baten antzera jo ninduen. Konortea galdu nuen berriz ere, eta
ur izoztua bota zidan. Lapurra nintzela erran zidan berriro. Ahoko trapuak
kendu zizkidan, eta labana alimaleko bat lepoan jarrita, galdetu zidan zer
egin nuen 1940ko udan. Oso urduri nengoen, eta ezin nuen ezer gogoratu –
ahotsa goratu egin zuen–. Ez nuen ulertzen Jainkoaren Epailearen aurrean
nengoela! Arima beltza neukan eta jakin ere ez nekien! Iesu, miserere mei
peccatoris! Ebakia egin zidan lepoan, eta odolaren beroa sentitu nuen
lepondoan. Sekula ez dut beldur handiagorik izan. Berak ahoa zanpatu
zidan eskuaz, oihu egin ez nezan. Belarrira hitz egin zidan. Bi hitz besterik
ez: Villeneuveko gaztelua. Orduan argitu zitzaidan gogoa. Baietz erran nion
buruaz. Nire gaizkideen izenak errateko agindu zidan. Baietz erran nion,
dena erranen niola, baina ez hiltzeko, arren ez hiltzeko eskatu nion.
–Lasaitu apur bat, Malenfer jauna –erran zion Anek. Begiak malkotan
zituen.
Malenferrek ez zuen ezer entzun, itxuraz.
–Bi izen eman nizkion –erran zuen–. Uste dut bi besterik ez niola
erran, ez naiz oroitzen. Gehiago nekien, baina pentsatu nuen Espainiakoak
izanik ez zela haien bila joanen. Ez nuen ulertzen ahalguztiduna zela! Bata
Carlos zen. Bestea Matias… zure aitona. Gerra garaian haiekin batera
borrokatu nituen deabru naziak, bazenekien, eder horrek? Deabruaren
Esbastikaz ordezkatu nahi zuten Gurutze Santua, Jainkoak madarika ditzala.
Deabru asko hil genituen. Horregatik hartu nahi dute mendekua…
–Erresistentzian borrokatu zinen? –galdetu zion polizia ohiak–. Carlos
Urrutia eta Matias Duhalderekin batera?
–Haiek katoliko zintzoak ziren. Ni, ordea, komunista fedegabea. Ahoa
zabaldu orduko, iraindu egiten nuen Jainkoaren Izen Bedeinkatua. Sancta
Maria, filios tuos adjuva! Carlos eta Matias! Gerra bukatuta ere, askotan
elkartzen ginen. Haiek onak ziren. Ama Birjinak bidali zizkidan Egiaren
Bidera itzul nendin. Arkumearen Artaldera. Carlos eta Matias! Espainiara
itzuli zirenean ere, eskutitzak bidaltzen genizkion elkarri. Non bizi ziren
galdetu zidan Deabruak. Baina ezin nuen gogoratu. Carlos Donostian bizi
zela besterik ezin nuen gogoratu. Jainkoak barka nazala!
Zotinek itota, Malenferren ahotsa hautsi egin zen. Karburozko
lanparak gargola munstrokara bihurtu zuen aurpegi torturatu hura.
Ane Malenferren ondoan belaunikatu zen.
–Ulergarria da –xuxurlatu nion–. Zure bizia arriskuan zegoen.
–Nire adiskideen biziak saldu egin nituen! –oihu egin zuen
Malenferrek–. Nahi nuen bakarra bizirik irautea zen. Koldarkeriaren
bekatua egin nuen! Stella maris, spes nostra…
–Gero jarrai dezakegu –eten zion Anek–. Hartu atseden, mesedez.
Malenferrek eskuineko besoa goratu zuen. Haragi korapiloak distira
zurbila zabaldu zuen.
–Zure eskuak bekatua eragiten badizu, moztu ezazu –erran zuen
handiro–. Egia zen: esku hark bekatu larriak zituen eginak. Orduan itsu
nengoen, orain ez. Orain badakusat. Begiak zabaldu zitzaizkidan.
Metalentzako zerra bat erabili zuen. Konortea galdu nuen, baina ur hotza
bota zidan berriz ere. Esnatu nintzenean, gomazko zerrenda bat jarria zidan
besagainean, odolustu ez nendin. Esna nengoela ikusi zuenean, beste eskua
mozten hasi zitzaidan. Orduko hartan ez nuen konortea galdu. Zerraren
hotsa entzun nuen, hezurra ebakitzen zuelarik. Uste dut orduan izen gehiago
erran nizkiola Deabruari. Adiskide gehiago jarri nituen haren erpe
kirastuetan…
Malenfer bat-batean isildu zen. Tuneletan haizearen ziztu etengabea
besterik ez zen aditzen. Aneren aurpegitik behera malko lodiak irristatzen
ziren. Argizaria baino zurbilago zegoen. Azkenean, frantses poliziaren
ahots sakonak hautsi zuen isilunea:
–Barkatu, Malenfer jauna. Zure esperientzia osoa entzun nahi nuke.
Gutxi dira e… Deabruaren bisita jaso dutenak.
–Gure semea etorri zen –erran zuen Malenferrek–. René gizajoa.
Etxean egiten zuen lo. Esnatu, kanpoan zarata entzun eta etxolara jaitsi
zen… Hasieran ez nuen semetxoa ikusi. Haren ahotsa entzun nuen. Aita?
galdetu zuen, zer gertatzen da? Burua altxatu nuen. Deabrua ez zegoen han.
Infernura itzuli zen.
–Eskerrak ez zuela haurra ere hil! –erran zuen Anek.
–René garbia zelako ez zuen hil –azaldu zuen Malenferrek–. Dena
ulertu nuen orduan: Jainkoak zigortzeko bidali zidan Deabrua, baina baita
aukera bat emateko ere. Bere Mezularia zen, Artaldera itzul nendin bidalia.
Renék emaztea esnatu eta auzokoen laguntzaz erietxera eraman ninduten.
Catherine gaixoa! Ama Birjina, babestu ezazu! Poliziarengana joan nahi
zuen, baina ez nion utzi. Istripua izan zela erran nien sendagileei.
Ebakuntza gelatik atera orduko, Carlosi eta Matiasi idatzi nien arriskuaz
ohartzeko. Artean ospitalean nengoenez, haiek arduratu ziren gainerakoak
bilatzeaz. Baina ez zuten taldeko inor aurkitu. Nola aurkitu behar zituzten?
Jainkoaren Nahia betetzen hasi zen. Hurrengo hilabeteetan taldeko
gainerakoen berri izaten hasi ginen. Denak hilda agertu ziren, eskuak
moztuta. Jainkoaren Mezulariaren bisita jaso zuten denek. Egunkarietako
albisteak bidaltzen nizkion Matiasi. Beldur nintzen eta etxetik alde egin
nuen.
–Aitonak ere alde egin zuen –erran zuen Anek–. Ez zigun ezer erran.
–Matias ere itsu zegoen, nahiz eta katoliko zintzoa izan. Zintzoa, bai.
Posta kutxak alokatzeko erran zidan. Postaren bidez jarraitu dugu
harremanetan. Matias aingerua! Haren eskutitz ederrak nire arima gaixoaren
gozagarri izan dira Malkoen Ibar honetan. Orain Jainkoaren eskuinetara
egonen da!
–Eta Carlos Urrutia? Hark ere idazten zizun?
–Ez. Carlosek fedea galdu zuen. Berak ere ez zuen Mezua ulertu. Eta
berak ere Deabruaren bisita jaso zuen. Matiasek horren berri eman zidan
bere eskutitzetako batean –erran zuen Malenferrek, eskurik gabeko
besoarekin hormako armairu txiki bat seinalatuz.
Anek jauzi egin zuen.
–Aitonaren eskutitzak gordetzen dituzu?
–Jakina. Nire arima gaixoaren gozagarri dira Malkoen…
–Erakutsiko dizkiguzu, mesedez? –eskatu zion Anek–. Oso
garrantzitsua da niretzat.
Malenferrek begi sukartsuz egin zion so.
–Jainkoaren Beldurra duzu begietan. Arima garbiko neska zara, Matias
bezala. Santua zen, bazenekien, eder horrek? Horregatik ez zuen
Deabruaren bisita jaso, arima garbia zuelako. Erakutsiko dizkizut.
Malenfer zutitu eta armairutxoa zabaldu zuen. Herdoilak margoa ia
erabat jana bazuen ere, artean gurutze gorri bat ikus zitekeen ate
metalikoaren erdian. Malenferrek Jesukristo txiki bat marraztua zuen
gainean. Agureak eskutitz pilatxo bat atera zuen. Ohe gainean jarrita, bat
aukeratu zuen.
–Hau da Carlosen berri ematen duen gutuna.
Anek esku dardaratiz hartu zuen. Urteen eta eskuztatze ugariaren
poderioz, paper horixka hain zegoen maizturik, non oihalaren itxura
baitzuen. Eguzkienean ikusitako idazkera berberaz idatzitako eskutitza zen.
Karburozko kriseilura hurbilduta, Anek irakurri zuen.
“Michael adiskide maitea:
Gure ahalegin eta ardura guztiak alferrikakoak izan dira. Atzo bertan
aurkitu nuen Carlosen hilotza. Iaz ia ez zen etxetik ateratzera ausartzen.
Baina beldurra sentitzeaz ere nekatzen gara gizakiok. Carlos axolagabetu
egin zen. Eta larrutik ordaindu du. Hitzordua genuen, baina ez zen etorri.
Bere autoan aurkitu nuen, odol putzu batean. Haren aurpegiak hilobiraino
jazarriko nau. Hari ere moztu zizkion eskuak, aipatuko ez ditudan beste
hainbat gauza egiteaz gain.
Gaztetako bekatuak ari gara ordaintzen.
Ez naiz poliziarengana joanen: zuk diozun bezala, errudunak gara.
Eta ez luke ezertarako balio izanen. Alde eginen dut mundutik. Aipatu nizun
tokian lurperatu dut Carlos. Oraindik lurrez zikindurik ditut eskuak. Baina
gure Carlosek toki eder batean hartuko du atseden. Erabaki dut etxe
honetan gelditzea behin betiko. Adiskide batena da, eta ia musu-truk
emanen dit. Beharrik, Frantzian egindako dirua aurrezteko ardura hartu
nuen. Bihotza urratzen bazait ere, ezin dut nire familia arriskuan jarri. Ez
dut Berak aurkitzerik nahi. Eta egin genuena jakinen balute, ezinen nuke
lotsa jasan. Ezinen nieke nire semeari eta bilobari begietara so egin. Posta
kutxa bera erabiltzen jarraituko dut. Hemendik aurrera, zeu izanen zara
nire adiskide bakarra, nire familia bakarra. Ahaideak izanen gara
oinazean.
Matias, zure adiskidea”
Anek eskuaz estali zuen ahoa. Malkoak hatzen artean irristatzen
zitzaizkion. Bazekien arindura sentitu behar zuela, baina une hartan erruki
itzel bat besterik ez zuen nabaritzen. Isilean, polizia zaharrak sorbalda
laztandu eta eskutitza kendu zion eskutik. Irakurri ondoren, polizia ohia
Malenferren aurrean eseri zen berriz ere.
–Ulertu dudanaren arabera, zuek guztiok 1940an elkartu zineten… –
erran zion.
Malenferrek eskua pasatu zuen buru soiletik. Arrosa koloreko orbaina
zuen eskumuturrean, Arotzaren zerrak lana amaitzeke utzi zuen tokian.
Lehenagoko asaldura ahaztuta, agureak lasaiago ematen zuen. Jakin-min
xalo batez begiratu zion Aneri, ate ondora urrundu baitzen negar egitera.
Segidan, polizia handiarengan josi zituen begiak.
–Dena 1940ko udan hasi zen, deabru nazien okupazioaren udan. Ez
ninduten deitu 39ko mobilizazioan. Gazteegia nintzen soldadu izateko.
Gure armadaren porrotak txunditurik utzi gintuen. Ez genuen uste deabru
alemanek hain erraz garaituko gintuztenik. Orduan Bordelen bizi nintzen.
Ez nintzen Alderdi Komunistako kidea, baina bat nentorren haien ideia
ustelekin. Sedes sapientiae, ora pro nobis! Berehala hitz egin zen
erresistentzia antolatzeaz, baina hasieran ez zen ezer egin. Erran bezala,
Gurutze Okerraren garaipenak ezustean harrapatu gintuen. Orduan nire
adiskide Philippek lan haren berri eman zidan.
–Philippe? Philippe Fleury? –galdetu zion frantses poliziak.
–Bai; arima usteleko gizona –erantzun zuen Malenferrek–. Bera ere
komunista zen, muturrekoa. Gerra aurretik ekintza ugari egina zen grebak
hautsi zituzten hainbat enpresa-jaberen aurka. Infernuko piztia zen.
Philippek erran zidan jende ausarta behar zuela beste ekintza baterako.
Parisko judu aberats bat izanen zen biktima. Juduek Jesukristo Gure Jauna
hil zuten, badakizue? Philippek azaldu zidan juduak gaztelu bat zeukala
Poitiersetik hurbil. Lan erraza izanen zen, arriskurik gabea. Eta diru mordoa
ordainduko ziguten. Diru harekin armak erosiko genituen, eta erresistentzia
antolatu.
–Beraz, Philippe Fleury zen ekintzaren antolatzailea? –galdetu zion
polizia ohiak.
–Ez –erran zuen Malenferrek–. Deabru nazi bat zen.
–Nazi bat? Militarra?
–Ez dakit. Deabru nazia. Gurutze Okerraren gurtzailea. Baietz erran
nion Philipperi. Gaztea nintzen, eta fedegabea. Stella maris, spes nostra!
Irailaren hasieran Bordeletik abiatu ginen. Philippek kamioi zahar bat
eskatu zion adiskideren bati. Ostirala zen, eta kamioian bertan lo egin
genuen, Poitiersen. Larunbat goizaldean, Villeneuve herritik hurbileko baso
batera joan ginen. Kamioi bat eta bi auto handi ikusi nituen. Dozena bat
gizon zeuden bertan. Batzuek Philippe agurtu zuten. Deabru komunistak
ziren.
–Ezagutzen zenituen?
–Haietako bizpahiru besterik ez, eta bistaz bakarrik, Philipek gehienbat
Parisko eta Poitierseko jendaila aukeratu baitzuen. Deabru nazi hura ere
bertan zegoen. Philipperi bostekoa eman eta Gurutze Okerraren uniformeak
banatu zizkigun. Armak ere eman zizkigun. Ez zegoen guztiontzako beste.
Ni oso urduri nengoen. Baten bat protestaka hasi zen, arriskutsuegia baitzen
hura. Deabru naziek harrapatuz gero hil eginen gintuzten.
–Arriskua ez zen nolanahikoa –bat etorri zen polizia zaharra.
–Deabru naziak lasaitu egin gintuen –azaldu zuen Malenferrek–.
Eskualde hartako alemanen harat-honatak aztertuak zituela erran zigun.
Bera ere deabru alemana zen. Ziurtatu zigun ez genuela haiekin topo
egiteko arriskurik. Eta badaezpada ere, ausweis faltsu bat zeukan, iragan-
agiri nazi bat alegia. Egitekoa zehaztu zigun: Villeneuveko gaztelura joanen
ginen. Judua ez zegoen han, Ameriketara joana baitzen gerra aurretik.
Deabru naziak hitz eginen zuen bertako langileekin. Guk soldadu alemanen
itxurak besterik ez genuen egin behar. Ez genuen tirorik bota behar. Hori
izugarri azpimarratu zigun. Halaber, ez genuen hitz egin behar, langileak
ohar ez zitezen ez ginela alemanak. Gazteluan zeuden kutxa batzuk hartu
eta kamioian zamatu behar genituen. Hori zen dena. Berak azaldu zigun
moduan, ez zen arrisku handirik izanen.
Frantses poliziak ohar bizkorrak hartzen zituen kaieratxo batean.
–Nor zen morroi hura? –galdetu zion.
–Orduan ez nekien –erran zuen Malenferrek–. Berrogei bat urteko tipo
luzea zen. Ederki hitz egiten zuen frantsesez, baina kutsu alemana zuen. Bi
urte geroago, 42an, berriz ikusi nuen, Parisen. Neska eder batekin zebilen,
eta traje garestia janzten zuen. Deabrua bera zela ohartu nintzen! Orduan ni
Erresistentzian nengoen, armaturik nenbilen, eta Deabrua hiltzeko gogoa
sartu zitzaidan. Ama Birjinak hala eskatzen zidan! Nirekin zegoen
armakideak ordea ezetz erran zidan, arriskutsuegia baitzen: Deabrua oso
morroi ezaguna omen zen Parisen.
–Deabru haren izena erran zizun zure armakideak?
–Heinrich Von Stauffen –Malenferrek gurutzearen seinalea egin zuen
hiru aldiz–. Parisko enbaxadako handi-mandi bat… Deabrua bera!
Polizia ohiak izena idatzi zuen kaieratxoan. Ane isilean hurbildu zen.
Malko arrastoak zituen oraindik masailetan. Une batez bi gizon haiei begira
gelditu zen. Margolan tenebrista bateko pertsonaiak ziruditen, karburozko
gar dardaratiak argituta. Neskak gela amesgaiztozko hartatik lerratu zuen
begirada, eta irrealtasun sentipen zorabiagarria gaineratu zitzaion. Nola
iritsi ote zen halako toki bateraino? Hiru hilabete lehenago, erokeria hura
hasi baino lehen, ezinen zukeen pentsatu ere egin Malenfer bezalako
gizakirik sekula ezagutuko zuenik. Eskua lepagainetik pasatu zuen,
nekaturik. Orain bazekien aitona Matias errugabea zela. Izugarrikeria
amaituta zegoen. Baita susmoak, eta nazka, eta beldurra ere. Zulo hartatik
lehenbailehen ateratzeko gogoari eutsi zion: ezin zen hain berekoia izan.
Artean Geppertek bere laguntza behar zuen.
Polizia zaharrak begiak goratu zituen kaieratxotik.
–Von Stauffen hura ere soldaduz jantzi zen? –galdetu zuen.
Malenferrek baiezkoa egin zuen buruaz.
–Wehrmacht-eko ofizialez jantzi zen –erran zuen–. Denok jantzi
genituen Gurutze Okerraren uniformeak, Jainkoak barka gaitzala! Kamioian
eta autoetan sartu eta abiatu egin ginen. Ni autoetako batean nindoan. Hogei
minutu besterik ez ziren izan, baina niri orduak iruditu zitzaizkidan. Nire
ondoan zegoen morroia hizketan hasi zitzaidan, ni lasaitu nahirik edo. Erran
zidan Matias zuela izena. Bera ere Fleuryk erreklutatu zuen. Ea espainiarra
zen galdetu nion. Berak ezetz, euskalduna zela. Aitortu zidan beldurrez
zegoela, baina ezinbestekoa zuela dirua paperak lortzeko. Zure aitona oso
tipo atsegina zen. Eta katoliko zintzoa. Aingeru hutsa!
–Badakit –erran zuen Anek ahotsa dar-dar–. Badakit.
–Gaztelura iritsi ginenean –jarraitu zuen Malenferrek–, Matiasek bere
ondoan egoteko erran zidan. Soldadua izana zen eta bazekien nola jokatu.
Villeneuveko langileak oso izuturik zeuden, errukia hartu nien. Haur bat
negarrez ari zen. Denak kanpora atera ziren. Von Stauffenek gazteluko
arduradunarekin hitz egin zuen. Paper batzuk erakutsi zizkion. Gizonak
protesta egin zuen, baina antzematen zitzaion bera ere beldur zela. Berehala
eman zuen amore. Gazteluaren atzeko aldera joan ginen. Von Stauffenek
aginduak eman zizkigun alemanez. Nik ez nuen tutik ulertzen, baina
Matiasek bultzatu egin ninduen. Uste dut taldeko batzuek bazekitela
alemanez. Agian benetako soldaduak izanen ziren, ez dakit.
–Soldadu alemanak oso kontrolaturik egonen ziren –erran zuen polizia
ohiak.
Malenferrek sorbaldak goratu zituen.
–Areto zabal batean sartu ginen –jarraitu zuen–. Oso dotorea zen dena,
estatuak, tapizak… sekula ez nintzen halako toki batean izan. Kutxa handi
batzuk zeuden han pilaturik. Kamioia hurbildu eta kutxak zamatzen hasi
ginen.
–Ez zizuten erran zer zegoen kutxa haietan?
–Ez. Dozena bat kutxa izanen ziren, zurezkoak eta astunak. Hainbat
tamainatakoak.
–Ez zuten ezer idatzirik?
–Ez naiz oroitzen –erran zuen Malenferrek–. Baliteke zenbakiak
izatea, baina ez dakit. Berehala bukatu genuen. Orduan gure “ofizialak”
paper bat eman zion gazteluko arduradunari, sina zezan. Gizona negarrez
ari zen. Baina Deabruak amaieraraino jarraitu zuen antzezlana. Gizajoari
agur militarra eginda, autoetan sartzeko agindu zigun. Ordu erdia besterik
ez genuen eman gazteluan. Eta gerokoek ere ez zuten luzeago jo: berriz ere
basora itzuli, uniformeak erantzi eta gure arropak jantzi genituen. Orduan
Deabru naziak agindutako dirua banatu zigun guztioi. Philipperi billete
mordoa eman zion. Horrez gain, harrizko estatua txiki bana eman zigun,
lanaren oroigarri, berak erran zuen bezala. Oso umore onean zegoen.
Deabruaren poza zen! Bekatua eragin zigun Deabruaren poza!
–Estatua! –hots egin zuen Anek. Eta, bere poltsan bilatuta, Kleopatra
atera zuen–. Hau bezalako estatua?
Malenferrek hortzik gabeko ahoa zabaldu zuen. Haren begi urtsuek
diz-diz egin zuten, Anek erakusten zion estatuari josita.
–Jainko Ahalguztiduna! –xuxurlatu zuen–. Beste mirari bat! Beste
mirari bat!
–Nire aitonarena zen. Matiasena.
–Ikus, ikus dezaket? –galdetu zuen Malenferrek esku zurbila lotsaz
luzatuz.
–Hartu –erran zuen Anek. Eta bat-bateko erabaki bat hartuta–: Zurea
da.
Malenferren aurpegian agertu zen ustekabezko keinua hain zen handia
non ia barregarria gertatzen baitzen.
–Nirea? Aingerua zara, Matiasen biloba! –kamaina ertzetik jaiki eta
jauzika hasi zen gelako trasteen artean–. Gora Zeruko aingerua!
Bedeinkatua izan bedi!
Anek ez zekien zer egin, negar edo barre. Polizia zaharrari begiratu
zion, eta honek gaitzespen keinu bat bihurtu zion.
–Galdeketa izorratu didazu, eskuzabal horrek!
–Ez izan ozpina, gizona. Begira zein pozik dagoen. Haur bat bezalakoa
da eta! Hiltzailea zela pentsatzea ere!
Frantses poliziak marmar egin zuen.
–Malenfer jauna! –hots egin zion. Baina agureak ez zion entzun.
Dantzan jarraitu zuen gelan zehar, Kleopatra eskuan. Une batez gelditu eta
eztulka hasi zen ero moduan. Ane beldur izan zen agurea ez ote zen itoko.
Baina Malenferrek berehala berrekin zion dantza eroari, noizbehinka
ushebti txikiari ahapeko hitzak erraten zizkiolarik. Frantses poliziak besoak
antxumaturik itxaron zuen agurearen jauzi eta dantzak apaldu arte. Orduan
berriro hitz egin zion–: Malenfer jauna, mesedez, galdera bakar batzuk.
Malenfer jauna?
Malenfer gelditu eta harriturik begiratu zion. Ikusten zuen lehenbiziko
aldia balitz bezala zen.
–Galderatxo batzuk eta bakean utziko zaitugu –erran zion polizia
ohiak–. Nondik atera zituen estatuak Von Stauffenek?
Artean dantzaldiak hatsanditurik, agurea kamainan eseri zen berriz ere.
Ushebtiari begirada samurra emanez hitz egin zuen:
–Gazteluan ginela, Deabru hark kutxetako bat zabaldu zuen palanka
batez –azaldu zuen–. Hainbat kutxa txikiago zeuden lasto artean. Haietako
bat zabaldu, eta hau bezalako estatua txiki mordoa zegoela ikusi genuen.
Gazteluko haur bat negarrez ari zen. Deabrua hurbildu eta estatua haietako
bat oparitu zion. Bertako langileetakoren baten semea izanen zen. Deabru
hark begi-keinua egin eta erran zion gurasoei ezer ez errateko, Jainkoak
madarika dezala!
–Eta gero?
–Dirua hartuta, nork bere aldetik alde egin zuen. Deabru naziak
kamioia eraman zuen. Besteek bizikletak zituzten basoan ezkutaturik. Ez
dakit nork hartuko zituen auto beltz handi haiek. Fleury eta biok geure
kamioia hartu eta berehala abiatu ginen. Ez genuen bertan luzatu nahi,
arriskutsuegia zen. Fleury pozez txoratzen zegoen, Deabruak emandako
billeteak behin eta berriz zenbatzen aritu zen. Musu ematen zion diru ustel
hari! Ez zitzaion axola deabru naziek emana izatea. Erraten zuen
garrantzitsuena armak lortzea zela, gero ordaina emanen geniela nazi
guztiei. Gainera, judu kapitalista bati lapurreta egitea gauza ona zen.
Ziztuan itzuli ginen etxera. Matiasek eta Carlosek eramateko eskatu zioten
Fleuryri. Bordeletik hurbil utzi genituen, tren geltoki batean.
–Hura izan zen ikusi zenituen azken aldia?
–Ez, 42an ikusi genituen berriz ere. Jainkoaren seinalea izan zen!
Philippek armak lortu eta F.T.P.ko talde bat antolatu zuen. Villeneuvekoan
parte hartu zuten morroi batzuk deitu zituen: Lastowka poloniar
begibakarra, baita burusoil hura ere… nola zuen izena? –Malenferrek burua
astindu zuen, etsita–. Ez naiz oroitzen. Sancta Maria, filios tuos adjuva!
Gerra ondoren ere haietako batzuk ikusten jarraitu nuen.
–Lastowka aipatu duzu. Hark ere… Mezulariaren bisita jaso zuen.
–Egunkarian irakurri nuen. Gizon gaiztoa zen. Behin jo egin ninduen,
komunista alua!
Polizia ohiak hitz batzuk idatzi zituen bere kaieratxoan.
–Izen batzuk erranen dizkizut, Malenfer jauna –erran zuen–.
Ezagutzen al dituzun erratea nahi nuke. Has gaitezen: Jean Louis Bouthier?
–Bouthier… Ez naiz ongi oroitzen –Malenferrek burua astindu zuen–.
Burusoila zen?
–Aitonari haren heriotzaren albistea bidali zenion –lagundu zion
Anek–. Ez zara oroitzen, Malenfer jauna? Pauillac herrian gertatu zen.
–Bai… Philipperen adiskidea zen Bouthier hura. Villeneuven zegoen,
bai –Malenferrek sorbalda hezurtsuak goratu zituen–. Albiste asko bidali
nizkion Matiasi. Batzuk ezagutzen nituen. Beste batzuk ez, baina eskuak
moztuta agertu zirenez… Parisko morroi hura ere, eta bere emaztea…
Hergé edo Hervé, ez dakit. Ave Maria, gratia plena! Ez naiz oroitzen.
Buruko mina dut. Matiasek ere Espainiako morroi baten heriotzaren berri
eman zidan. Ez nuen ezagutzen.
–Lluis Muntaner, Bartzelonakoa?
Malenferrek begi gorrixkak zanpatu zituen eskuarekin. Akiturik
ematen zuen.
–Buruko mina dut –kexatu zen–. Lo egin nahi dut.
–Ez du axola, Malenfer jauna –erran zion polizia zaharrak, kaiera
jakako sakelan sartuz. Begirada esanahitsua bota zion Aneri–. Uste dut
hobe dugula alde egitea.
Anek baiezkoa egin zuen. Malenferren ondoan belaunikatu zen.
–Malenfer jauna –erran zuen eztiki–, ez duzu zertan toki izugarri
honetan bizi. Gaixotu eginen zara. Geppert jauna polizia ohia da, eta
laguntzen ahal dizu. Poliziak babestuko zaitu. Ulergarria da hiltzailearen
beldur izatea, baina zulo honetan ezkutatzeak ez dizu lagunduko. Hogei urte
dira hiltzaileak inor hil ez duela. Oso litekeena da hura ere hilik egotea.
Malenferrek ez zion begiratu. Tarte batez sorgor iraun zuen, Kleopatra
bere hatz hezurtsuen artean erabiliz. Hitz egin zuenean, irudi txikiari
xuxurlatu zion:
–Deabrua hor kanpoan dabil, eder hori. Harat-honat, batetik bestera,
bere zerra zorrotzarekin. Baina ez da ausartuko hemen sartzera, ezta, eder
hori? Ez izan beldurrik, ene kuttuna, Ama Birjinak babestuko gaitu eta.
Orain ohera joanen gara, epel-epel lokartuko gara.
Anek bere kidearen eskua sentitu zuen sorbaldan. Polizia zaharrak
keinua egin zion.
–Hobe dugu bakean uztea –erran zuen–. Eskualdeko gizarte
zerbitzuetara deituko dugu. Haiek arduratuko dira gizajo honetaz.
Anek hasperen egin zuen, etsita. Jaiki eta poliziaren atzetik joatekoa
egin zuen, baina, bat-bateko bulkada bati men eginez, itzuli eta musu eman
zion Malenferri masailean. Honek, ordea, soraio jarraitu zuen ushebtiari
frantsesez eta latinez hitz egiten.
–Agur, Malenfer jauna –xuxurlatu zuen Anek gela izugarri haren
atetik.
Tuneletan gora hasi ziren. Orain Metricheko gotorleku abandonatuak
ez zirudien hain beldurgarria. Polizia ohia urrats luzeka zebilen. Pozez
gainezka ematen zuen.
–Orain badakigu Malenferrek eman ziola Arotzari zure aitonaren eta
Urrutiaren berri –erran zuen–. Agian beste izen batzuk ere eman zizkion.
Eta beste gauza bat: seguruenik Fleury izan zen katearen lehen begia.
Arotzak torturatu eta berak erreklutaturiko lapurren izenak aterako zizkion.
Aurkitzen zituen taldekide guztiekin prozedura bera erabiliko zuen
putakumeak.
–Baina zertarako? Lapurturiko kutxa haiek aurkitzeko?
–Ez dut uste. Arotzak ez zion kutxez galdetu Malenferri. Hiruzpalau
biktima galdekatuta, jakinen zuen haiek ez zekitela kutxak non zeuden.
–Orduan, zergatik hiltzen zituen?
–Ez dakit. Nire ustez, Arotza ez zen eroa, ez zituen biktimak
halabeharrez aukeratzen. Plan zorrotz baten arabera jokatzen zuen, eta
mendekua zuen gidari.
–Baina zeren mendekua? Eta zer lapurtu zuten gazteluan? Zer zegoen
kutxa haietan?
–Nire ustez, erraz jakinen dugu hori. Gazteluan bertan galdetuko dugu.
Lapurretaren berri jakinen dute, seguru. Nire ustez, artelanak eta
antigoalekoak izanen ziren. Gerra aurretik, jende askok ezkutatu zituen bere
ondasunak, nazien beldurrez.
Une batez isilik ibili ziren tuneletan gora.
–Tira, garrantzitsuena da aitona ez zela hiltzailea! –hots egin zuen
Anek. Sentitzen ez zuen poza eman nahi zion ahotsari–. Lapurretan parte
hartu zuen, baina ez zion inori minik eman. Ez dakit zerk bultzatuko zuen
lapurreta egitera, baina ez zait axola. Biktima zen, eta gu babesteko alde
egin zuen kobazulo hartan bizitzera. Apurka-apurka burua galtzera. Ez dut
nahi Malenferrek ere horrela bukatzea. Urte hauek guztiak zulo honetan
eman dituela pentsatzea ere…
–Gaur bertan deituko diot Metzeko poliziari, haiek jakinen dute zer
egin. Ohartaraziko diet morroia armaturik dagoela. Badaezpada ere, kendu
egin dut haren fusilaren kolpekaria, baina beste arma batzuk izan ditzake.
Malenferren auto kaskarraren ondotik igarota, kanpora atera ziren.
Ateri zegoen, eta gaua lasai eta hotz zegoen. Ilargi erdiak adar biluzien
gainetik kirikatzen zuen. Anek gogoz sartu zuen aire hotz hezea biriketan.
Basoko zuhaitzen xuxurla fereka gozoa zen belarrietan.
–Azkenean gure zelata egun aspergarriek emaitza ona izan dute! –
erran zuen Anek–. Orain badakigu zer duten biktima guztiek batera: denek
lapurreta batean hartu zutela parte, Villeneuveko gazteluan,1940ko udan.
Pozik, Xavier?
–Brisson nire lankide ohiari deitzen diodanean ez dit sinetsiko –barre
egin zuen polizia ohiak–. Hala ere, bide luzea dut oraindik egiteko.
Villeneuveko gaztelura joan behar dut, lapurretari buruzkoak biltzeko.
Horrez gain, Von Stauffen horren inguruko ikerketatxo bat eginen dut.
–Badugu lanik, beraz!
Polizia zaharra gelditu egin zen.
–Tira, Ane –erran zuen–, asko lagundu didazu orain arte, eta biziki
eskertzen dizut. Kasu hau polizia erretiratu baten obsesioa zen. Hil baino
lehen egin behar nuen kontu bat. Zuk orain badakizu zure aitona ez zela
hiltzailea. Zure lana eginda dago, ez duzu zertan…
–Utziko al diozu tontakeriak errateari? –eten zion Anek–. Hau erdizka
utziko dudala uste baduzu, jai duzu. Ez zara nitaz hain erraz libratuko.
Polizia zaharrak ezin izan zuen irribarretxo bat ezkutatu.
–Bai neska tematia! –hots egin zuen–. Tira, orain hoberena bereiztea
litzateke. Nik Von Stauffen horren arrastoari jarraituko diot. Bordeleko
jendearekin hitz eginen dut, ordenagailuetan bila dezaten. Alemanian
bilatuko dut haren arrastoa. Malenferrek errandakoaren arabera, morroiak
Parisko enbaxadan lan egiten zuen okupazio garaian. Ez da oso zaila izanen
haren arrastoa aurkitzea.
–Eta zer eginen dut nik?
–Villeneuvera joatea da hoberena. Gazteluaren jabeak aldatu arren, oso
litekeena da lapurretari buruzko datuak jakitea. Itxuraz, munta handiko
afera izan zen. Telefonoen bidez jarraituko dugu harremanetan.
–Jakin behar dugu non den gaztelu hori.
–Uste dut Vienne eskualdean dela, Poitiersetik hurbil. Errepide mapa
bat daukat autoan.
23
Metzera itzuli ziren. Goizaldeko karrika mortuek distira iluna egiten
zuten. Hotelera helduta, Anek ez zuen gosaldu. Dutxa beroa hartu eta ohe
gainean etzan zen. Metricheko tunel hezeetan ikusi eta entzundakoak artean
buruan bueltaka, ez zuen uste lokartuko zenik. Baina begiak zabaldu
zituenean ikusi zuen lehenbizikoa mesanotxeko iratzargailua izan zen.
Arratsaldeko bostak adierazten zituen. Bigarrena, polizia ohiaren irribarrea
izan zen.
–Sendagileari deitzekotan nengoen! –erran zuen–. Hau da hau lo
egiteko modua!
Ahopeko birao batzuk murmurikatuta, Ane komunean sartu zen. Atera
zenean, berriak kontatzeko ezinegonez topatu zuen polizia zaharra.
–Metzeko poliziara joan eta Malenferren berri eman diet –erran zion–.
Aho bete hortz gelditu dira. Gizarte zerbitzuak arduratuko dira gizajo
horretaz. Ezin zuten sinetsi inor halako toki batean bizi denik.
–Ez dut pentsatu ere egin nahi norainoko izua behar den halako
erabaki bat hartzeko –erran zuen Anek–. Espero dut ongi zainduko dutela.
–Zulo horretan baino hobeki egonen da, seguru. Beste kontu bat:
Bordeleko nire lankide ohiarekin hitz egin dut Von Stauffen horri buruz.
Nire harridurarako, berehala deitu dit: antza denez, Heinrich Von Stauffen
nahiko ezaguna izan zen okupazio garaian. Gerra aurretik arte salerosle
ziztrina besterik ez zen Parisen. Bere burua aitoren seme eta arte aditutzat
jotzeaz gain, koadro kaskar batzuk margotu zituen. Zorrez josita omen
zegoen pailazo hura. Von Stauffenen zoria gerrak aldatu zuen. Frantses
juduen arte bildumak desjabetzen hasi zirenean, inbaditzaile naziek arte
adituen behar handia izan zuten, lapurkinak sailkatu eta haien balioa
kalkulatzeko. Von Stauffenek bere zerbitzuak eskaini zizkien. Parisko
enbaxadak berehala onartu zuen: alemana zen, gerra aurretik Frantzian bizi
izan zen, eta, bere erranetan, arte aditu handia zen. Antza, sekulako dirutza
egin zuen okupazioa bitartean. 1944ko urtarrilean hil zen Parisen,
bihotzekoak jota. Zoritxarrez, ez zuen bere herrikideen porrota ikusteko
aukerarik izan.
–Kakazaharra! Berriz ere karrika itsu batera iritsi gara.
Polizia ohiak ezezkoa egin zuen.
–Ez horixe: nire lankideak Von Stauffenen alarguna aurkitu du Parisen.
–Haren alarguna! Bizirik dago oraindik?
–Zorionez, bai. Izan ere, botxe alu harekin ezkondu zenean neskak 18
urte besterik ez zuen.
–Orain badakigu zerk eragin zizkion bihotzeko arazoak Von Stauffeni.
Polizia ohiak ez entzunarena egin zuen.
–Alargunak Catherine Baccard du izena. Frantsesa da –jarraitu zuen–.
Seguruenik, gerra ostean berreskuratuko zuen bere abizena. Garai hartan
botxeekin harremanak izaniko emakumeak ez ziren oso ongi ikusiak.
Catherine familia oneko neska pinpirina zen. Orain 81 urteko emakume
nekaezina da: bizpahiru GKEtan lan egiten du, margolari hasiberriei
laguntzen die… eta modeloa den maitale beltz batekin omen dabil. Ez dakit
nola jakin duen azken datu hori nire lankideak…
–Emakume interesgarria dirudi.
Frantses poliziak irribarre maltzurra egin zuen.
–Horrexegatik bidali zaitut Villeneuvera, ni harekin bakarrik egoteko.
Zaharregia da, baina tira…
–Benetan modelo beltz batekin badabil, ez dut uste aukera handirik
izanen duzunik…
–Sasoian nabil oraindik, ez pentsa.
Dutxa hartu eta jantzi ostean, Ane bere kidearekin elkartu zen hoteleko
harrera gelan. Gepperten maletak BMWan sartuta, Anerentzako auto bat
alokatzera joan ziren. Peugeot 307 urdin bat aukeratu zuten. Iluntzen ari
bazuen ere, poliziak lehenbailehen abiatu nahi zuen, Parisera ahalik
lasterren iristeko. Ane biharamunean abiatuko zen, ez baitzuen gauez
gidatzeko gogorik. Autoaren ondoan zutik, polizia zaharrak bostekoa eman
zion Aneri.
–Atsegin handia izan da zurekin lan egitea, Ane.
–Ez jarri sentibera, Xavier, behin betiko agurra ematen baitu honek.
Villeneuvera iritsi orduko deituko dizut. Eta zuk alargunarekin hitz egin
bezain laster deitzea espero dut. Irrikan nago emakume horrek zer kontatzen
dizun jakiteko.
–Telefonoa hartzen ez badizut, beltza etxean ez zegoelako seinale –
erran zion poliziak, keinu gordina eginez. Eta Aneren trufa aurpegiari
kasurik egin gabe, abiatu egin zen.
Ane hotelera itzuli zen. Hasieran ongi iritzi zion bakoitzak bere aldeko
ikerketa egiteko ideiari. Baina orain apur bat bakarrik sentitzen zen. Ergela
ematen dinat, errieta egin zion bere buruari. Bakardadeari aurre egiten
ikasi behar dinat. Pozik egoteko arrazoi ederrak zituela gogoratu zion bere
buruari. Biharamunean aitona Matiasen bizitzan garrantzia izandako toki
bat bisitatuko zuen. Eta oraingo honetan ez zen zer aurkituko zuen beldur.
Bere familiaz gehiago jakiteko aukera izanen zuen. Itxaropena zeukan
horrek bere burua hobeki ezagutzeko bidea emanen ziola. Gau hartan
ahalegindu zen bihotza jakin-min eta ilusio sentimendu ahul haietaz
blaitzen. Lortuko zuelakoan egon bazen ere, amesgaizto lazgarriek asaldatu
zioten loa.
24
Ane biharamun goizean abiatu zen, artean ilun zegoela. Bere auto
zaharraren aldean, Peugeot 307a hegan zebilela iruditzen zitzaion.
Autopistara iritsita, bere buruari eutsi egin behar izan zion autoa abiada
osoan ez jartzeko. Gainera, kontuz ibili behar zuen, zenbat eta hegoalderago
joan, ilunago jartzen baitzen zerua. Irratian elurra zekarrela erraten zuten.
Anek sorbaldak uzkurtu zituen. Musika emititzen zuen irrati bat bilatuta,
kantari egin zuen bidearen zati handi bat. Ohartu zen aspaldi ez zela hain
alai sentitzen.
Reims inguruko zerbitzugune batean gelditu zen gosaltzera. Otordua
amaituta Gepperti deitu zion, baina polizia ohiaren telefonoa itzalita
zegoen. Agure alua, pentsatu zuen zapuzturik. Gero, Baccard andrearen
maitale beltzaren irudia bururatuta, irribarre egin zuen.
Keinua izoztu egin zitzaion ezpainetan.
Jatetxeko leiho handietatik zerbitzuguneko aparkalekua ikusten zen.
Une hartan hogeita hamar bat auto eta hainbat kamioi egonen ziren, baina
Anek bakarra ikusten zuen: zilar koloreko Audi handi bat. Autoari begirik
kendu gabe, telefonoa atera eta Gepperten zenbakia sakatu zuen berriz ere,
baina poliziaren telefonoak itzalita segitzen zuen. Birao garratza botata,
begiak zorroztu egin zituen, auto grisean inor ote zegoen ikusten saiatuz.
Ibilgailua hutsik zegoela iruditu zitzaion, baina distantzia handiegia zen.
Pentsatzen ahalegindu zen. Tira, ez zekinat auto hori Lasarteko errepidean
ikusitako bera den. Izan ere, halako ehunka auto egonen ziren. Lasarteko
hark guri jarraitzen zigun ere ez nagon seguru!, onartu behar izan zuen.
Erabakia hartu zuen di-da. Jatetxetik atera eta bizkor abiatu zen Audi
griserantz. Bere ausardiak adoretuta, azkartu egin zuen abiadura.
Audi grisaren argiak piztu egin ziren. Ane brast gelditu zen. Une
amaiezin batez hala iraun zuen, aparkalekuaren erdian izozturik. Audia
gurpilen kirrinka batez oldartu zen aurrerantz. Anek jatetxerantz egin zuen,
baina auto grisak ez zuen beraganantz jo. Ziztuan, aparkalekuaren irteerara
zuzendu zen. Handik segundo batzuetara, autopistako trafiko usuan galdu
zen.
Bihotza bortizki taupaka, Ane zer egin ez zekiela gelditu zen. Lasaitu,
agindu zion bere buruari, lasaitu eta ganoraz pentsatu. Hau kasualitate
hutsa izan dun. Paranoia hutsa. Hogei urte ditun Arotzak inor hiltzen ez
duela. Trafikatzaileek hil zitenan Maider. Dozenaka Audi gris egonen ditun,
ehunka. Bat ikusten dudan bakoitzean dardarka hasi behar dinat?
Arnasa hartuta, telefonoa atera zuen berriz ere. Gepperten telefonoak
mutu jarraitzen zuen. Tira, hobe dinat abiatzea, pentsatu zuen, oraindik
bide luzea falta dun eta.
Hala ere, autora sartu baino lehen, bost minutu eman zituen ziurtatzen
inor ez zegoela ez Peugeotaren barruan ez inguruko autoetan ere.
Autopistan egindako lehenbiziko orduan ispiluak etengabe zelatatu zituen,
baina, Audi grisaren arrastorik ezean, apurka-apurka lasaitu eta irratiko
musika abesten hasi zen berriz ere. Goizeko bederatzi eta erdiak ziren.
Elurra hasi zuen.
25
Lau ordu eta laurehun kilometro geroago, Ane nekez zihoan
Villeneuvera zeraman bide elurtuan gora. Peugeotaren atzeko gurpilak bi
aldiz gelditu ziren putzu izoztuetan jirabiraka, eta Anek oinez jarraitzea
erabaki zuen. Ez zuen toki bakarti hartan trabatuta geratu nahi: ikusitako
azken herria hamabost bat kilometro atzerago gelditua zen. Gazteluko
saihesbidearen hasieran, Villeneuve hiru kilometrora zegoela adierazten
zuen kartel zahar batek. Gaztelu madarikatu hori ezin dun oso urrun egon,
pentsatu zuen, artilezko lepokoa eta eskularruak jantzi bitartean.
Autotik aterata, haize gordinak eraso zion. Lepokoa begietaraino
goratuta, ibiltzen hasi zen. Zuhaitzak gizon torturatuen gorpuak bezala
okertzen ziren errepide estuaren alboetan. Elurrak karraska egiten zuen
boten azpian. Errepidean gora egin ahala, Anek beheko ibarraren ikuspegia
izan zuen zuhaitz soilen artean: baso biluziak eta alor zuri karratuak. Zeruak
berunaren kolorea zuen. Hogei minuturen buruan, Anek Villeneuveko
gaztelua begiztatu zuen.
Eta ikusi orduko ohartu zen alferrik egin zuela harainoko bidaia.
Gaztelua erdi erorian zegoen. Jauregi txiki baten itxura zuen, eta bi
dorretxo txiki zituen aurrealdeko bi izkinetan. Elurrak geruza lodia osatzen
zuen teilatu pikoetan. Leiho gehienak oholez estalita zeuden, eta babestu
gabeek kristalak hautsita zeuzkaten. Anek begirada saihestu zuen zulo beltz
haietatik. Itsu baten begietara so egitea bezala zen.
–Egunon, andereñoa!
Anek oihua bota zuen. Bihotza eztarrian, ahotsaren jabea bilatu zuen.
–Barkatu, andereñoa –erran zuen gizon irribarretsu batek ezkerreko
zuhaitzen artetik atereaz–. Uste dut izutu egin zaitudala.
Gizona adinekoa zen eta beroki maiztu bat janzten zuen. Gomazko
bota garaiak zeramatzan eta artilezko txano borobil batek estaltzen zion
burua. Hotzak gorritu egiten zion sudur luzearen punta.
–Ene! –lortu zuen erratea Anek–. Ez zaitut ikusi.
Ile grisaxkako txakur bat hurbildu eta isilean usaindu zituen Aneren
eskularruak.
–Turista? –galdetu zion gizonak.
–Ez. Villeneuveko gazteluaren jabearekin hitz egitera etorri naiz.
–Bada, uste dut hogei urte berandu zatozela.
–Ez da inor bizi gazteluan?
–Ez, andereñoa. Inguru honetako kristau bakarra nauzu, emaztea
kenduta. Muino horren atzeko etxe batean bizi gara. Zure autoa ikusi dut
leihotik eta, Villeneuve erosi nahi dutelako zurrumurrua dabilenez...
–Bada, ez daukat behar beste diru erosteko –erran zuen Anek
irribarrez. Arestian hartutako ikara arintzen ari zitzaion–. Norena da
gaztelua?
–Diotenez, banku batena. Gerra amaitu arte judu aberats batena izan
zen, David Goldberg jaunarena, alegia –gizonak etenaldi bat egin zuen,
izenak Aneren iruzkinen bat merezi zuela usteko balu bezala. Neskak isilik
iraun zuenez, agureak jarraitzea erabaki zuen–. Gerra piztu baino lehen,
baina, Goldbergek Ameriketara alde egin eta sekula ez omen zen itzuli.
Bera behintzat salbatu zen, baina gainerakoak...
Ane adi jarri zen.
–Zer gertatu zen hemen, bada? –galdetu zuen, ahotsean emoziorik ez
nabarmentzen saiatuz.
–Naziek hemengo langile guztiak hil zituzten, andereñoa.
Ane aho bete hortz gelditu zen. Malenferrek bortxarik gabeko
lapurreta baten kontaketa egin zien, ez sarraski batena. Agureak Aneren
aurpegi larrituaz gozatu zuen, hitz egiten jarraitu aurretik:
–Izugarria, ezta? Ordudanik, jendeak uste du Villeneuve madarikatua
dagoela. Tentelkeria hutsak. Nola salduko dute bada, erosleak halako
ergelkeriekin uxatzen badituzte?
–Baina nola gertatu zen sarraskia?
–Gure aitak kontatutakoa besterik ez dakit, andereñoa –gizonak hazka
egin zion artilezko txanoari–. Egun batez naziak agertu eta gazteluko
guztiak eraman zituzten. Torturatu eta hil egin zituzten. Naziek sekulakoak
egin zituzten eskualde honetan, maki aski bihurria baitzebilen hemen.
Anek apur batez hausnartu zuen entzundakoaz.
–Dena den, lehen erran duzu hogei urte berandu natorrela gazteluaren
jabea ikusteko. Eta gerra orain dela hirurogei bat urte amaitu zen...
–Tira, hainbat urtez Moulin bizi izan zen gazteluan.
–Moulin?
–Moulin gizajoa. Pierre... ez: Paul Moulin. Moulindarrak gazteluko
arduradunak ziren.
–Naziek hil zituzten haiek?
–Haiexek, bai. Paul Moulin haurra zen gerra garaian. Hala ere, naziek
bera ere eraman zuten. Diotenez, gurasoak nola torturatu zituzten ikustera
behartu zuten botxeek. Harrezkero, burua galdu zuen Pie... Paul gizajoak.
–Eta gazteluan bizi izan zen?
–Bai. Ez dakit noiz etorri zen... 55ean edo 57an izanen zen. Ordura
arte umezurtzentzako egoitza batean eduki omen zuten. Baimena eskatuko
zion Goldberg jaunari edo bankuari. Auskalo. Agian inoren baimenik gabe
sartuko zen gazteluan.
Anek eraikin hondatuari begiratu zion. Haizeak karraska egiten zuen
leihoetako oholetan.
–Ez da oso toki ederra bizitzeko –erran zuen. Eta agurearen keinu
mindua ikusita–: Dagoen moduan, erran nahi baita.
–Ez dut uste Moulin gizajoari gehiegi axola zitzaionik gazteluaren
egoera. Burua nahasi samarra zeukan. Ez zuen hitzik ere ateratzen. Basoan
edo herriko bidean ikusten baninduen, ezkutatu egiten zen. Gauez oihu
egiten zuen, ametsetan edo. Emazteak beldurra zion, baina niri pena ematen
zidan. Behin burua zuhaitz baten kontra joka ikusi nuen, gizajoa halakoa.
Anek galdera gehiegi egiten ari zela sentitzen zuen, baina, gizonak
gogotsu erantzuten ziola ikusita, jarraitzea erabaki zuen.
–Zertatik bizi zen Moulin?
–Ziotenez, Goldbergek dirua bidaltzen zion hilero, baina ez dakit.
Saint Etienneko apaizek jatekoa ematen zioten. Nik ere, noizbehinka
barazkiak eta arropa zaharrak uzten nizkion gazteluaren inguruetan. Baina
gure katuak desagertzen hasi zirenez geroztik, emazteak ez zidan ezer
ekartzen utzi.
–Moulinek katuak hiltzen zituela uste zuen zure emazteak?
–Bai. Herrikoek ere sekulakoak eta bi erraten zituzten hari buruz.
Badakizu, jendea gaiztoa da. Baina, nire iritziz, azeriek eraman zituzten
gure katuak, ez Moulin errukarriak. Ero kaltegabea zen.
–Eta zer gertatu zitzaion? Hil egin zen?
–Ez, poliziak eraman zuen. Auskalo non dagoen orain. Hilik, edo
eroetxe zikinen batean.
–Zergatik eraman zuten?
–Ez dakit. Haren bila etorri zen inspektoreari galdetu nion, baina
badakizu nolakoak diren txakurrak: dena sekretu. Horrek inportante
sentiarazten ditu. Ordudanik hutsik egon da Villeneuve.
–Eta zure emaztea lasaiago.
–Hori dela eta... –gizonak eskumuturreko erlojuari begiratu zion–. Nire
zain egonen da. Zopa bero hartzea maite dut. Nahi baduzu...
–Ez, mila esker. Hemen naizenez gero, begiradatxo bat botako diot
gazteluari. Ez da arazorik izanen, ezta?
–Ez, ez horixe, andereñoa. Dena den, kontuz ibili hotz honekin.
Irratiak elurra iragarri zuen aste guztirako...
–Unetxo batez besterik ez naiz geldituko.
Gizonak atzea eman eta basoan barrena urrundu zen. Bere jabearen
atzetik, txakurrak buztana astinduz alde egin zuen, Aneren eskuak berriz ere
usnatuta. Lepokoa sudurreraino goratuz, Anek Villeneuveko gaztelura jo
zuen, entzundakoak artean buru barnean bueltaka.
Susmo izugarria zebilkion buruan.
26
Poliki-poliki, Anek buelta eman zion eraikin isilari. Lizun zerrenda
luzeak ikusi zituen horma sendoetan, eta izotz burruntziak teilatu hegaletik
dilindan. Atzealdeko leihoetako batzuek oholak erauziak zituzten. Zuhaitz
biluzien begiradapean, Anek adorea bildu zuen Villeneuvera sartzeko.
Bazekien alferrik izanen zela, ez zuela lapurretari buruzko ezer topatuko
eraikin izugarri hartan. Baina aitona Matias bertan izan zela jakiteak
kilikatu egiten zuen. Hirurogei urte lehenago haren begiek ikusi zituztenak
ikusi nahi zituen. Iltze herdoilduak ez ukitzeko kontu handiz, leiho batetik
sartu zen.
Ilunpea. Isiltasuna. Erre usain zaharra. Ane arretaz abiatu zen. Oin
azpian orbelak eta beira hautsiek karraska egiten zuten. Ur izoztua
nabaritzen zuen boten barnean. Argitasun handiagoko beste gela batera
sartu zen. Areto zabal bat zen. Hondakin pilak bazterretan, botilak,
zigarrokinak, aldizkari pornografiko margulduak. Inguruko gazteen biltokia
izanen zen gaztelua. Aretoaren ezker aldeko leiho garaiak oholez itxita
zeuden. Hondoko horman bost puntako izar handi bat ikusi zuen. 666
zenbaki gorriak eta buruz beherako gurutzeak argi-itzaletan. “Black
metal!”, ke zetaken artean. Anek Moulin irudikatu zuen gela haietan harat-
honat, negarrez eta marruka. Hotza areagotu egiten zela iruditu zitzaion.
Zertarako sartu haiz hemen?
Kristal hautsiaren hotsa.
Ane izozturik gelditu zen. Hire irudimena izan dun. Zaila zen ezer
entzutea bihotz taupada eroen gainetik. Hire irudimena… Hotsa berriz ere.
Norbait kontu handiz zebilen gela mortu haietan barrena. Etsi-etsian
ihesbidea bilatu zuen Anek. Leihoetako oholek sendoegiak ziruditen. Hala
ere saiatu egin zen. Besoak eman ahala ahaleginduta ere, oholak ez ziren
mugitu ere egin.
Bat-batean, arnasarik gabe gelditu zen: leihoko oholen artean, Audi
gris bat ikusi zuen baso elurtuaren ertzean. Ezin zen areto hartan gelditu.
Hankak sorgortzen zizkion izuari aurre eginez, oin puntetan atera zen
aretotik. Urrats hotsa ezker aldean. Oso hurbil zegoen. Zerbait hautsi zen
Aneren buru barnean. Herdoil zaporea ahoan, lasterka itsuan hasi zen, lurra
estaltzen zuten hondakinen gainetik jauzika.
Begi ertzetik, Anek beroki iluneko itzal bat ikusi zuen. Itzalak fusil
luzea zeraman eskuan. Ane behaztopatu eta su baten hondarren gainean
erori zen. Hezurrak eta ile grisak errautsetan. Min sorra esku-besoetan. Nola
edo hala zutitu eta lasterka jarraitu zuen.
Brast gelditu zen. Gela hark ez zuen aterabiderik. Leiho baten kontra
oldartu zen. Oholak esku-oinez jo zituen. Haren atzean, urratsak atera
hurbiltzen ziren. Anek tutu metaliko bat hartu zuen lurretik. Joka hasi zen
oholen kontra. Harria jotzea bezala zen.
–Duhalde andereñoa, ez…!
Tutua jaurti zion atean agertua zen gizonari. Sen hutsez, pentsatu gabe.
Ametsetan bezala, tutuak gelako aire grisa jirabiraka zeharkatu eta
ezezagunaren kopeta jo zuen bete-betean. Gizonak arma bota eta bizkarrez
erori zen, aurpegia eskuekin estaliz. Anek abiada hartu eta jauzi egin zuen
gizonaren gainetik. Azken unean gizonak eskua luzatu eta aztaletik heldu
zion. Biak lurrean iraulkatu ziren. Bere pisuaz baliatuz, gizonak lortu zuen
Aneren gainean jartzea. Haren belaunak bularra zanpatzen zion Aneri. Hats
garratz bat belarri ondoan.
–Geldi, mesedez, Duhalde andereñoa! Egon geldi!
Anek ezin zuen arnasarik hartu. Bularreko pisua handiegia zen. Dena
ilundu zen.
***
–Ongi zaude?
Ezezagunaren begi estuek kezkaz begiratzen zioten. Haren aurpegitxo
borobila kedarrez belzturik zegoen. Aparailu luze metaliko bat erakutsi
zion.
–Ez da arma bat, sonar eramangarria baizik –azaldu zion, kutsu
katalanezko gaztelaniaz–. José Antonio Pons katedraduna naiz… Sentitzen
dut izutu izana.
Anek atzera egin zuen. Hotzez dardarka zegoen. Buruko min
zorabiagarria zeukan eta ahaleginak egin behar zituen negarrez ez hasteko.
–Zauria duzu eskuan –erran zion irakasleak–. Lotu egin beharko
zenuke.
–Utzi alde egiten, alua halakoa.
–Ez izan beldurrik. Hitz egin besterik ez dut nahi. Horregatik jarraitu
dizut honaino.
Anek mesfidantzaz begiratu zion. Irakasleak koskor itsusia zeukan
kedarrez belzturiko kopetan. Ez zuen hiltzaile itxurarik. Berrogeita hamar
bat urteko gizon apaina zen, bibotetxo fin txukuna zeramana. Lodi samarra
zen eta akiturik ematen zuen.
–Hitz egin nahi baduzu, urrundu nigandik –erran zion Anek, sentitzen
zuen izua ez nabarmentzen ahaleginduz.
Irakaslea nekez zutitu eta zealdoka urrundu zen zakarren artean.
Lauzpabost metrora gelditu eta lurrean eseri zen.
–Nire ikasleek ikusiko banindute! –irribarre penagarria egin zuen.
Eskuaz ile urdin luzexka zapaltzen saiatu zen.
Begiradaz, Anek armaren bat bilatu zuen. Metro batera, tutu metalikoa
ikusi zuen. Gauzak okertuz gero, pentsatu zuen, ez nain hain erraz
garaituko.
–Zer nahi duzu? –galdetu zion.
–Erran dizut: hitz egin besterik ez. Min egin didazu.
Anek sakelako telefonoa atera eta arma baten gisan eutsi zion.
–Hurbilduz gero, poliziari deituko diot. Nahi duzuna erran eta utzi alde
egiten.
Irakasleak hasperen egin zuen.
–Uste dut biok galdu samar gabiltzala –erran zuen.
–Ez dakit zertaz ari zaren.
–Tira, Duhalde andereñoa, ez erran kasualitatez etorri zarela
Villeneuvera. Hau ez da oporrak pasatzeko tokirik egokiena. Hobe genuke
elkarri lagunduko bagenio…
–Elkarri lagundu? –eten zion Anek. Eta berari ere harrigarria gertatu
zitzaion kemenaz–: Ez nauzu engainatuko! Ez dut atseden hartuko
Maiderren hilketagatik espetxeratzen zaituzten arte!
–Espetxeratu? –Ponsek izu aurpegi barregarria jarri zuen–. Poliziari
nekien guztia kontatu nion eta!
Ane aho bete hortz gelditu zen.
–Poliziarekin hitz egin zenuen?
–Jakina. Nire izena eta telefonoa neska gaixo haren etxean aurkitu
zituztenez, deitu eta galdera batzuk egin zizkidaten. Eskerrak eman eta ez
kezkatzeko erran zidaten. Izan ere, neska hil zuten aste hartan Londresen
egon nintzen kongresu batean. Ehunka irakaslek baiezta lezakete! Jainkoa,
zurrumurru horiek unibertsitateraino helduko balira…
Anek segurtasuna ahultzen sentitu zuen. Funsgabekeriak besterik ez
ote ziren bere susmo guztiak? Kopeta ilundu zuen, setati.
–Ez dizut sinesten –erran zuen.
–Zertarako hil behar nuen, ordea? –katedradunak esku potoloak
Anerengana zabaldu zituen, keinuak bere errugabetasuna frogatuko balu
bezala–. Ushebtia erosi nion gazte hari… nahiko garesti erosi ere. Egia
erran, estatua nola lortu zuen jakin nahi nuen, irudiak ez baitzuen balio
handirik. Baina tutik ere ez zekien drogazale hark. Urrutia hartaz hitz egin
zidan, baina ez nuen morroi haren arrastorik aurkitu… Tira, hitz eginen
dugu hona ekarri gaituen kontuaz?
Ane haserretuegi zegoen irakasle melenga haren proposamenak
entzuteko.
–Denbora osoan gure atzetik ibili zara –aurpegiratu zion–. Ez pentsa
antzeman ez genizunik!
–Telefonoa hartzen ez zenidanez, moduren batean jakin behar nuen
zertan zenbiltzan. Detektibe bat kontratatu nuen zelata zintzaten. Frantziara
etorri zinetela jakin nuelarik, zuen atzetik abiatzea erabaki nuen. Dakigun
guztia elkarri kontatuko bagenio…
Anek zalantza egin zuen. Azkenean, erabaki zuen Ponsek egia ala
gezurra errateak ez zuela hainbesteko garrantzirik. Berak berdin-berdin
salatuko zuen pailazo hura. Baina bitartean informazioa lortuko zuen.
Azken batean, horretarako joan zen parte txarreko gaztelu hartara.
–Ederki, hitz eginen dugu –onartu zuen–. Baina oraingoan zeu hasiko
zara mihia dantzatzen. Telefonoz hitz egin genuen hartan neroni izan
nintzen hitz egin zuen bakarra. Zuk ez zenion galdera bakar bati ere
erantzun!
–Behar baino lehen eskegi zenidalako, Duhalde andereñoa. Nolanahi
ere, ez dut arazorik dakidan guztia errateko. Eginen dugu tratua?
–Ikusiko dugu. Hasi hitz egiten.
Ponsek eskuaz lisatu zuen berriz ere ilea. Musuzapia atera eta,
mihiaren puntaz bustita, bekokia kontuz garbitzen hasi zen.
–Tira, ez dizut Villeneuveko historia aipatuko –erran zuen–. Honaino
heldu zarenez gero, pasarte horren berri baduzulakoan nago…
–Kontatu hori ere. Eta xehetasun guzti-guztiekin. Bestela, elkarrizketa
amaitu eta poliziari deituko diot, aditu duzu?
–Aditu dut –onartu zuen irakasleak, etsita–. Tira, dena 1940ko irailaren
24an hasi zen. Egun hartan, goizean goiz, Franz Werner Wehrmacht-eko
tenientea gaztelu honetara etorri zen, soldadu talde baten buru. Gazteluko
sei langileen arduradun Valentin Moulinekin hitz egin zuen. Wernerrek
ERR-ren agiri bat erakutsi zion Moulini.
–ERR?
–“Einsatzstab Reichsleiters Rosenberg” –erran zuen Ponsek, ahoskera
hanpatu batez–, Alfred Rosenberg ideologo naziaren agindupeko zerbitzua.
Labur errateko, ERRa okupaturiko Europako artelanak arpilatzeaz
arduratzen zen. Werner tenienteak desjabetze agindu bat zekarren, David
Goldberg gazteluaren jabearen aurka. Goldberg judua zen, jakina. Baina
honezkero zuk horren guztiaren berri baduzu…
–Xehetasun guzti-guztiak! –gogoratu zion Anek telefonoa astinduz.
–Nahi duzun bezala –hasperen egin zuen irakasleak–. Desjabetze
agindu haren arabera, David Goldbergek gazteluan utzitako hamar kutxek
ERR-ren eskuetara pasatu behar zuten. Moulin zur eta lur zegoen. Ofizialari
azaldu zion bi aste lehenago beste aleman talde batek eraman zituela kutxa
haiek. Wernerrek ez zion sinetsi. Villeneuveko gaztelua goitik behera miatu
zuen, baina alferrik. Gero eta amorratuago, langile guztiak galdekatu zituen.
Azkenean, langileek beren nagusi juduaren ondasunak ezkutatzen
zizkiotelakoan, Wernerrek denak atxilotzeko agindu zuen. Gau hura
Poitiersko kuartelean eman zuten. Alabaina, langileek Moulinen bertsioari
eusten ziotenez, Wernerrek Parisko Alemaniaren enbaxadarekin hitz egin
zuen.
–Enbaxadarekin? –eten zion Anek. Berriz ere enbaxada agertzen zen
istorio hartan.
–Kontua da okupaturiko Frantzian Reicharen hiru zerbitzu arduratu
zirela juduen ondasunak arpilatzeaz: Armadaren Kunstschutz izeneko
zerbitzua, ERRa eta Parisko enbaxada. Hasieran elkarren lehian aritu ziren
hiru zerbitzuok, ondasunak nork lehenago harrapatu. Baina, gerrak aurrera
egin ahala, ERRa bihurtu zen lapur nagusi.
–Eta nola bukatu zen Villeneuveko afera?
–Parisko enbaxadore Otto Abetzek ukatu egin zuen Goldbergen kutxak
hartu izana. Kunstschutz zerbitzuak ere bai. Hala, Wernerrek ondorioztatu
zuen Villeneuveko langileak gezurretan ari zitzaizkiola. Bi astez torturatu
zituen. Hain basatiki, non gehienak hil baitziren.
–Ene! –hots egin zuen Anek, toki hartan gertaturiko tragedia ulertzen
hasita.
–Naziek ez zuten konplimendurik erabiltzen juduen alde egiten
zutenekin. Eta are gutxiago Goldbergena bezalako altxorra tartean izanik.
Anek begiak zabaldu zituen.
–Altxorra?
–Tira, Duhalde andereñoa, ez egin ezjakinarena. Ez dut uste turismoa
egitera etorri zarenik.
–Ez turismo egitera, ez zure kirtenkeriak entzutera. Ala dena kontatzen
didazu, ala elkarrizketa hau bukatu da.
Ponsek zerurantz goratu zituen begiak, pazientzia eske. Larriturik
bazegoen ere, Anek irribarre egin zuen bere baitarako. Morroi hau ez zegon
ohituta agindurik betetzera.
–Hau denbora galtze hutsa da, baina tira –irakasleak hasperen egin
zuen–. David Goldbergek Frantziako arte bildumarik garrantzitsuenetakoa
zeukan. Inbasioaren aurretik artelan batzuk atereak zituen Frantziatik.
Londres, Lisboa eta New Yorkera bidali zituen. Baina bildumaren zatirik
handiena Frantzian utzi zuen, Villeneuveko gazteluan. Bonbardaketen
beldur zen, ez lapurreten beldur. Izan ere, garai hartan inork ez zuen uste
naziak hain erraz nagusituko zirenik. Gaur egun ez dugu oso datu zehatzik,
baina kalkulurik apalenek adierazten dute berrogeita hamar bat margolan
zirela Villeneuven 1940ko irailean, haien artean hainbat Degas, Picasso,
Matisse eta Manet.
Anek berebiziko ahalegina egin behar izan zuen aurpegia ez aldatzeko.
Guztiz beharrezkoa zen Pons ez ohartzea berak ez zekiela ezer Goldberg
bildumari buruz. Jakinaren gainean egotearen itxurak egitearren,
Malenferrek errandakoetatik zerbait kontatzea deliberatu zuen:
–Gure datuen arabera –erran zuen axolagabe–, margolanez gain beste
artelan batzuk ere bazeuden gazteluan.
–Bai, Limogesko hainbat portzelana, eta Egiptoko eta Kolonen aurreko
artelan ugari. Gerra ostean, Goldbergek berak kalkulatu zuen lapurtutakoak
berrogeita hamar milioi liberako balioa izanen zuela.
–Eta gaur egun… –Anek nekez irentsi zuen listua.
–Gaur egun balio kalkulaezina izanen zuen… zuk eta frantses polizia
horrek ongi baino hobeki dakizuenez. Egia erran, Lumbreras irakasleak
zure ushebtiaren argazkiak erakutsi zizkidanean, ezin nuen sinetsi
Goldbergen bildumako ushebtietako baten aurrean nengoenik. Aditu
guztiok galdutzat eman genituen pieza haiek. Erranen didazu orain nondik
atera zenuen?
–Oraindik galdera batzuei erantzun beharko diezu –erran zion Anek–.
Beraz, ongi ulertu badizut, gaur egun Goldberg bildumak desagerturik
jarraitzen du.
–Noizbehinka, Goldbergen artelanetako bat agertu delako zurrumurrua
pizten da. Baina kopia faltsuak besterik ez dira izaten. Arte adituon
munduan denetariko teoriak erabili dira. Gerra ostean, Mendebaldeko
aliatuek ikerketa sakonak egin zituzten naziek lapurturiko artelanak aurkitu
eta beren jabeei itzultzeko. Hala ere, lana ez zen batere erraza: ordurako
naziek artelan ugari saldu, trukatu edo suntsituak zituzten. Ez naziek ez
haien laguntzaileek ez zuten lapurretez hitz egiteko gogo handirik. Bestalde,
gerra bitartean neutral jokatu zuten herrialdeek ere isiltasunari eutsi zioten.
Suitza, batez ere, bere legedi berezian babestu zen: negozioa gozoegia zen
alferrik galtzeko. Eta Sobiet Batasunak kalte-ordain gisa atxiki zituen berak
aurkituriko artelanak. Jabeek auzi luzeak abiatu behar izan zituzten beren
ondasunak berreskuratzeko. Ikusten duzunez, Duhalde andereñoa, inork ez
daki zer gertatu zen Goldbergen bildumarekin. Orain espero dut zuk zerbait
erratea…
Anek arnasa hartu zuen. Ez zitzaion axola bilduma hura. Arrazoi oso
desberdinak zirela-eta sartu zen afera hartan. Artean apur bat izuturik
bazegoen ere, atsegin gaizto bat sumatu zuen hitz egin zuenean.
–Guk badakigu zer gertatu zen –erran zuen hitzak begiratuki
ahoskatuz–. Atzo goizaldean Goldberg bilduma lapurtu zuten gizonetako
batekin hitz egin genuen.
Pons irakaslearen aurpegian agerturiko keinua hain zen barregarria,
non Anek barreari eutsi behar izan baitzion.
–Zuk… bildumaren lapur batekin hitz egin duzu? –zezeldu zuen
Ponsek.
–Bai –segidan, Anek Malenferrekiko elkarrizketa kontatu zion.
Irakasleak jaierazko isiltasun batez irentsi zituen azalpenak. Neskak amaitu
zuenean, Ponsek diz-diz zituen begiak.
–Lapurtu egin zuten, beraz! –hots egin zuen–. Benetako naziak agertu
baino lehen lapurtu zuten! Langileek egia erran zuten! Bai kolpe bikaina!
Mendeko lapurreta izan zen… eta inor ere ez zen ohartu!
–Lapurretak, baina, ondorio lazgarriak izan zituen. Zoritxarreko
langile haiek…
Ane hain erorita ikusita, Ponsek kopeta ilundu zuen.
–Zure aitona lapurren taldeko kidea izanik, ulergarria da gaizki
sentitzea. Baina haiek ez zekiten naziek hain basati jokatuko zutenik. Zure
aitona egoera oso zailean zegoen: errefuxiatua, lanik gabe, Frantzian zein
Espainian jazarria… ez zuen non aukeratu –eta, tonu aldaketa harrigarri
batez–: Orain egin dezakegun hoberena bilduma aurkitu eta bere jabeari
itzultzea da.
Anek berehala ulertu zuen morroi hari bost axola zitzaizkiola aitona
Matiasen nahigabeak. Margolanak aurkitzea besterik ez zuen nahi.
–Sinetsarazi nahi didazu margolanak aurkituz gero Goldbergi
bihurtuko dizkiozula?
–Jakina. Izan ere, zure ushebtiaren berri izan orduko, Daviden biloba
Hanna Goldbergi deitu eta bilaketa aurrera eramateko eskatu zidan. Oso
gogotsu azaldu zen, ulertzekoa denez.
Anek mesfidantzaz begiratu zion.
–Dirutza ederra ordainduko dizu, noski.
–Sinetsi ala ez, Duhalde andereñoa, dirua ez zait axola –erran zuen
irakasleak duintasunez–. Goldberg bilduma aurkitzearen loria, ordea…
artearen maitale batentzat Tutankamonen hilobia aurkitzearen parekoa da!
Anek baiezkoa egin zuen. Bilaketa bitxi hartan nork bere arrazoiak
zituen: Ponsek ospea, Geppertek urte luzez ihes egin zion hiltzailea
aurkitzea… eta berak aitona Matias hiltzailea ez zela sinetsi ahal izatea.
Hasperen egin zuen.
–Zertarako nahi duzu traste hori? –galdetu zion Ponsi, arma batekin
nahasitako aparailua seinalatuz.
–Lehen erran dizudan bezala, sonar eramangarria da. Orain arte
bildumari buruz erabiltzen ziren teorietako baten arabera, langileek
gazteluko gordeleku sekretu batean ezkutatu zituzten margolanak. Sotoan
edo hormaren baten barnean. Espainiatik atera baino lehen erosi nuen,
noizbait Villeneuvera etortzeko asmotan. Baina, momentuz, erabaki nuen
probetxuzkoagoa izanen zela zuei jarraitzea. Eta hara non zuri jarraika
Villeneuvera etorri naizen!
–Orain ez du zentzurik gordelekua bilatzeak. Badakigu Von Stauffenen
taldeak eraman egin zituela margolanak.
Ponsek sorbaldak uzkurtu zituen.
–Tira, hemen naizenez gero, proba eginen dut. Azken batean, baliteke
langileek piezaren bat ezkutatzea… Lagunduko didazu?
–Ez, sentitzen dut. Geppertekin elkartuko naiz Parisen. Baccard
andrearekin hitz egin nahi…
–Norekin? –Ponsen begiek diz-diz egiten zuten.
Anek bere burua madarikatu zuen. Baina ulertu zuen Ponsek
alargunaren berri jakiteak ez zuela hainbesteko garrantzirik.
–Baccard andrea Von Stauffenen alarguna da.
–Bai interesgarria. Nik ere hitz egin beharko dut andre horrekin…
Haren helbidea emateko mesedea eginen didazu?
–Ez dakit. Eta jakinen banu ere ez nizuke erranen. Bilatu zeure kabuz.
Orain arte primeran moldatu zara bakarka.
–Nahi duzun bezala –irakaslea nekez zutitu eta hautsa haizatu zuen
beroki garestitik–. Dena den, konfiantza duzu polizia horrengan? Seguru
zaude bera ere ez dabilela bildumaren atzetik?
Erotu balitz bezala begiratu zion Anek irakasleari.
–Zozoak beleari ipurbeltz! –oihu egin zion–. Urte luzez obsesionatu
zuen afera odoltsu bat argitu besterik ez du nahi Geppertek! Aspaldiko
hiltzaile baten atzetik dabil! Denak ez gara zu bezalakoak, Pons jauna… –
hondakinen artean bizkor urruntzen hasi zen, baina bat-batean itzuli egin
zen–. Eta jakin ezazu zurekin hitz egin aurretik ez nuela berri zipitzik ere
margolan alu horiei buruz. Agur!
Aneren haserrealdiak kikilduta, Ponsek mututurik iraun zuen. Neska
begien bistatik galtzear zuelarik, baina, oihu egin zion:
–Kontuz ibili morroi horrekin!
Eta, Aneren purrustadari ez ikusiarena eginez, katedraduna sonar
eramangarriaren kableak konektatzen hasi zen.
27
Autopistan Anek gogotik zapaldu zuen azeleragailua. Lehenbailehen
iritsi nahi zuen Parisera. Irrikan zegoen Geppertekin hitz egin eta Ponsek
errandakoak kontatzeko. Hala ere, buruan bueltaka zebilzkion katedradunak
Gepperti buruz egindako iruzkinak. Maltzurkeria haietaz pentsatze hutsak
gaizkitu egiten zuen. Eta, fitsik ere sinetsi ez arren, errudun sentitzen zen
bere kideari buruzko halako pentsamenduei bide emateagatik. Azkenean
autopistako zerbitzugune batean gelditzea erabaki zuen. Gepperten
zenbakia sakatu eta berebiziko arindua sentitu zuen poliziaren ahotsa
entzutean.
–Agure alua! Non sartu zara denbora honetan guztian?
–Barkatu, oso lanpeturik ibili naiz Parisen harat-honat. Telefonoaren
bateria agortu zait, eta ez dut kargatzeko astirik izan. Zer moduz Villeneuve
aldean?
–Itzela! –segidan, ahal zuen modurik txukunenean, berri guztiak
azaldu zizkion: Moulinen seme xelebreari buruz ikasitakoak eta Ponsek
Goldberg bildumaz eta Maiderren hilketaz adierazitakoak.
Miresmenak polizia zaharraren ahotsa kutsatzen zuen:
–Bejondeizula, Ane! Banengoen artelanak zirela Villeneuven
lapurtutakoak, baina ez nuen susmatzen hain baliotsuak zirenik! Oso hurbil
gaude katramila hau argitzetik. Espero dezagun Pons horrek dena ez
izorratzea…
–Lasai, gazteluko zoko-mokoak miatzen gelditu da bere sonar alu
horrekin.
–Sonarra? –poliziaren ahotsak kezka nabarmendu zuen.
Anek Villeneuveko gordeleku ezkutuei buruzko teoria azaldu zion
barrezka.
–Tira, Xavier, ahaztu babo hori! –hots egin zuen Anek–. Oso teoria
ona daukat Arotzari buruz. Uste dut badakidala nor zen, eta zergatik hiltzen
zituen lapurren taldeko kideak!
Hariaz bestalde, polizia zaharrak irribarre egin zuen.
–Behin baino gehiagotan erran dizut detektibe ezin hobea izanen
zinela. Kontatu didazunaren arabera, nik ere susmoa daukat. Baina kontu
horiek ez dira telefonoz kontatu behar. Noizko egonen zara Parisen?
Anek erlojuari begiratu zion. Arratsaldeko zortziak jotzear ziren.
–Oso urrun nago oraindik. Eta akiturik nago. Gaua nonbait pasatu
beharko dut.
–Lasai. Nik ere egun osoa eman dut lanean. Ordubete barru hitzordua
daukat Baccard andrearekin. Eta dioten bezain xarmagarria baldin bada,
kontuak luze joko dit… gau osoa agian!
–Agure gordina! Eman zure hotelaren helbidea eta bertan elkartuko
gara bihar goizean.
Helbidea idatzita, Anek eskegi eta autora itzuli zen. Gau hura
autopistaren ondoko hotel txiki batean eman zuen. Goizean goiz esnatu eta
errepideari lotu zitzaion berriz ere. Goizeko hamaikak ziren Parisera heldu
zenerako. Gepperti deitu zion, baina haren sakelakoa mutu zegoen berriz
ere. Anek biraoa bota zuen. Trafiko izugarria zegoen eta lanak izan zituen
polizia zaharrak errandako hotela aurkitzeko. Hoteleko harrera mahaian
ezusteko desatsegina hartu zuen. Enplegatuak erran zion bertan ez zela
Geppert izeneko bezerorik. Anek bi aldiz begiratzeko eskatu zion
enplegatuari, alferrik baina. Parisen izen bereko hotelik ba ote zegoen
galdetu zion. Ezezko adeitsua jaso zuen. Larritasunari kasurik ez egiten
saiatuz, zer egin hausnartu zuen.
Hoteleko telefono gidan Baccard anderearen helbidea bilatu zuen:
Marais auzoan zegoen. Autoaren bila joan aurretik, Parisko mapa bat erosi
eta tokia bilatu zuen. Ez pentsatzen saiatzen bazen ere, gero eta izutuago
zegoen. Zer gertatu ote zitzaion Gepperti? Zergatik ez zuen telefonoa
hartzen? Eta zergatik erran zion hotel hartan zegoela? Seguru azalpen
egokia zegoela gaizkiulertze haietarako, baina larritasuna hazten zihoakion:
Ponsen iradokizun ilunak bere buruan sartzen sentitzen zituen.
Marais auzora helduta, Ane txunditurik gelditu zen. Baccard andrearen
etxea jauregi koxkor bat zen. Harrizko aurrealde barrokoan zutabeak, balkoi
landuak eta estatua txikiak tarte guztiak betetzeko borrokatzen ziren. Von
Stauffen hark probetxu ederra atera zionan lapurretako diruari, pentsatu
zuen. Autoa utzi eta eraikin arranditsura hurbiltzen ari zela, Ane
perlesiaturik gelditu zen. Jauregiko atearen aurrean anbulantzia bat eta
poliziaren bi patruila-auto zeuden. Ikurrik gabeko beste auto bat ere
bazegoen, ateak zabalik. Barnean, traje zimurtu batez jantzitako gizon batek
agindu zorrotzak oihukatzen zituen irratiz.
–Mesedez, jauna, zer gertatu da hemen? –galdetu zion Anek poliziari.
Lanak zituen ahotsa mendean edukitzeko.
–Baccard andrearen senidea zara? –galdetu zion poliziak zakar, autotik
atera gabe. Agentearen begi urdin hotzek argi adierazten zuten ez zituela
sudurluzeak gustuko.
–Ez, baina uste dut nire adiskide bat… zuen lankideetako bat hona
etorri dela. Jakin nahi nuke ongi dagoen. Xavier Geppert du izena.
Polizia tximistak jota bezala atera zen autotik.
–Xavier Geppertekin etorri zara?
–Bai. Tira, ez. Adiskideak gara. Luzea da azaltzen. Ongi dago?
–Sekula baino hobeki, alajaina. Nola duzu izena, andereñoa?
–Ane; Ane Duhalde.
–Levert komisarioa –mugimendu azkar batez agiri plastifikatu bat
erakutsi zion, hiru koloreko banderak zeharkatua–. Etorri etxe barnera,
galdera batzuei erantzun behar baitiezu.
Anek listua irentsi zuen. Ez zuen ezertxo ere ulertzen, baina argi
zegoen gauzak oker zebiltzala. Levertek Geppertez hitz egitean erabilitako
kutsu garratza ere ez zen lasaitzeko modukoa. Jauregiko atarian sartu ziren.
Tapiz astunen artean, uniformez jantzitako agenteek buru makurtze azkarrez
agurtu zuten Levert. Honek bere ile luzexka atzera bota zuen keinu urduri
batez. Aurrera jarraitu zuten zoru distiratsuzko korridoreetan barrena.
Estatua zuriak, margolan ilunak, belusezko errezelak. Arrosa lurrina eta
ezko usaina. Ate ireki baten aurretik igaro ziren. Gelan dozena bat gizon
zeuden: uniformedun poliziak, anbulantziako sorosleak, detektibeak, eta
argazkilari bat. Denek gomazko eskularruak zeramatzaten. Taldearen erdian
maindire batez estalitako konkor bat zegoen. Odolak maindirea eta zoru
iluna gorritzen zituen.
–Mesedez, zer gertatu zaio Xavierri? –Ane negar egiteko zorian
zegoen.
Levertek ate estu bat seinalatu zuen.
–Sartu eta hitz eginen dugu –erretratu erraldoiz apainduriko gela txiki
batera sartu ziren. Mahai bat eta bi aulki zeuden. Levertek esertzeko keinua
egin zion Aneri–. Ikus dezagun, Duhalde andereñoa. Zein da zehazki
Xavier Geppertekin duzun harremana?
Anek dena kontatu zion Leverti. Eguzkienea, ushebtia, Arotza,
Malenfer, Villeneuve, Pons… Izenek eta tokiek istorio bortitz eta
sinesgaitza osatu ahala, iraganeko mamu odoltsuak berpiztu egiten ziren,
Aneren ahots dardaratiak suspertuta. Amaitu zuenean, Ane negarrez
zegoen. Levert, berriz, argizaria baino zurbilago. Polizia gelatik isilean
atera eta bi botila ur hartuta itzuli zen. Bat Aneri eskaini eta dzanga hustu
zuen berea.
–Ez dakigu Geppert non dagoen –azaldu zion Aneri–. Mme Baccarden
agendaren arabera, atzo arratsaldean hitzordua zeukan harekin. Zoritxarrez,
zerbitzuko langileek jaieguna zuten. Gaur lanera etorri direnean Mme
Baccarden hilotza aurkitu dute, tiro bat buruan zuela.
–Geppert… ezin dut sinetsi.
Levertek eskuaz igurtzi zuen ahoaldea.
–Denak adierazten du Geppert komisarioa izan dela hilketaren egilea –
erran zuen–. Haren BMWa ikusi zuten jauregiaren aurrean. Eta hilketaren
lekuan bi bala zorro aurkitu ditugu, Geppertek erabiltzen duen pistolaren
kalibrekoak. Laborategikoek erranen digute Gepperten arma izan zen
jaurtigai horiek bota zituena. Zure lekukotasunak ere zalantza gutxi uzten
digu: atzo bertan Geppertek etxe honetara etortzeko asmoa zuen… eta orain
desagerturik dago.
–Baina zergatik? Zergatik hil behar zuen Mme Baccard?
Levertek begiak iltzatu zituen Anerenetan. Argiak eta irtenak ziren,
arrainarenak bezain hotzak.
–Gutxienez hamar margolan falta dira jauregian.
Anek aho bete hortz begiratu zion.
–Margolanak? Zein margolan?
–Ez zuk aipatu dizkidazunak, baizik eta Mme Baccarden senarra zenak
margoturiko batzuk. Arraroa da, ez baitzuten balio handirik. Von Stauffen
jauna ez zen oso margolari trebea nonbait.
Ideia batek elektrizitate zartada batek bezala astindu zuen Ane.
–Ez ziren Von Stauffenek margoturiko koadroak! –hots egin zuen.
–Etxeko langileek zein Mme Baccarden ilobak hala baieztatu…
–Ez! Ez zara ohartzen? Villeneuven lapurturiko margolanak ziren!
Lapurtu eta berehala Von Stauffenek gainean margotu zuen. Gerra amaitu
arte itxaroteko asmoa izanen zuen, bestela naziak berehala ohartuko
baitziren bera izan zela lapurra. Gerra amaituta, kontu handiz saltzen hasiko
zen. Plan bikaina zen!
Levertek ahoa zabaldu zuen, txunditurik.
–Baina 44an hil zenez, ezin izan zituen saldu! –poliziak astiro hitz egin
zuen, ideiak buruan bilbatu ahala–. Eta urte hauetan guztietan Mme
Baccardek etxean eduki ditu ezertaz ohartu gabe, senarraren oroigarri gisa!
Izan ere, haren ilobak erran digu Mme Baccardek senarraren margolan asko
oparitu ziela bere lagunei. Geppert azeria baino azkarragoa da, berehala
ohartuko zen nola ezkutatu zituen Von Stauffenek margolanak! Baina ez
digu ihes eginen, ez horixe, Interpol ohartarazi eta muga zein aireportu
guztiak zelatatzeko agindua eman…
Anek jauzi egin zuen. Bere sakelakoaren txirrina jotzen ari zen. Hartu
aurretik zenbakiari begiratu zion: ezezaguna. Une batez, Geppertek deitzen
zion beldur izan zen. Hartu egin zuen.
–Ane Duhalde? –gizonezko ahots aginduzale batek hitz egin zion
frantsesez.
–Bai… nor da?
–Desclaux tenientea, Poitiersko poliziakoa. José Antonio Pons jauna
ezagutzen duzu?
Mme Baccarden jauregian sartu zenetik izandako irrealtasun
sentimendua areagotu egin zitzaion Aneri. Automata batek bezala erantzun
zuen.
–Bai, ezagutzen dut.
–Gure polizia etxera etortzeko eskatu behar dizut, Duhalde andereñoa.
Galdera batzuei erantzutea nahi genuke.
–Parisen nago. Zer gertatu da?
Tenienteak ez entzun egin zion Aneren galderari.
–Orduan hurbilen duzun polizia etxera lehenbailehen jotzeko eskatzen
dizut.
–Poliziarekin nago. Eh… Levert komisarioa hemen dago. Erranen
didazu…?
Ahots aginduzaleak eten eta telefonoa Leverti emateko erran zion.
Levertek hamar minutu eman zituen telefonoz hitz egiten. Batzuetan
galderak egiten zituen, eta beste batzuetan baiezko urduriak egitera mugatu
zen. Ohar ugari hartu zituen kaieratxo batean. Eskegi zuenean, intentsitate
jasanezinez begiratu zion Aneri bere arrain begiez.
–Ezer gertatu zaio Pons irakasleari? –galdetu zion Anek, dardarka.
–Ez. Apur bat izuturik omen dago, baina ongi jarriko da. Dirudienez,
atzo aurkikuntza nahiko… berezia egin zuen gazteluko sotoan.
–Gaztelua miatzeko asmoa zuen, sonar eramangarri batez –azaldu zion
Anek–. Goldberg bildumaren objektu gehiago aurkitu du?
–Margolanak? Ez horixe. Hildako bat aurkitu zuen. Atzo gauean deitu
zion Poitiersko poliziari. Gau osoan aritu dira gorpua lurpetik ateratzen.
Oraintxe identifikatu dute: Paul Moulin da, gazteluko azken biztanlea.
Desclaux tenienteak eskatu dit zu horretaz galdekatzeko.
–Paul Moulin aurkitu dute? Nola hil zuten? Eta noiz?
–Noiz hil zuten ez dakigu oraindik, baina, hilobiaren itxuraren arabera,
urteak dira lurperatu zutela. Beste galderari dagokionez, tiro bat eman
zioten buruan.
Gela bere buruaren inguruan jira bueltaka hasten zela sentitu zuen
Anek. Puzzlearen piezak beren tokian jartzen ari ziren. Eta osatzen zuten
irudia beldurgarria zen.
Bat-batean, uniforme urdineko polizia bat agertu zen atean. Oso urduri
ematen zuen. Ane ikusita, ez zen deliberatu hitz egitera eta keinu lotsatia
egin zion Leverti gelatik ateratzeko.
–Bai, zer da? –premia sartu zion komisarioak.
–Gepperten txartela erabili berri dute Miarritzeko hotel batean! –
zezeldu zuen agenteak.
–Bidal dezatela ekipo berezi bat! –Levertek untxi samurra jatear
dagoen otsoa ematen zuen–. Kontuz ibiltzeko ohartarazi, oso morroi
arriskutsua baita. Ihes egiten saiatu ezean, ez dezatela atxilotu! Nik neuk
harrapatuko dut. Presta dezatela helikoptero bat!
Anek listua irentsi zuen.
–Nik ere joan nahi dut. Harekin hitz egiten uzten badidazue, ez da
arazorik izanen. Ezagutzen dut.
Levertek presazko keinua egin zion eskuaz, gelatik lasterka ateratzen
ari zela.
28
Anek gogor heltzen zien helikopteroaren eserlekuko euskarriei.
Hazkozkorrak zuri-zuri zituen eta pixalarri handia. Neguko paisaia azkar
lerratzen zen haien azpian. Pirinioen gailur zuriek zeruertza ixten zuten,
zerra erraldoi baten hortzen antzera. Ordubete zen Gepperten zelatan
zeuden agenteek berria eman zutenetik: Geppert Miarritzeko hoteletik
ezkutuan atera eta Espainiako mugarantz ihes egiten ari zen. Irratiak
Gepperten autoaren atzetik zihoazen patruilen arteko elkarrizketa larriak
transmititzen zituen. Orain BMWa Larraineko mendatean gora ari zen.
Aurrerantz makurturik, Levertek agindu amorratuak ematen zituen irratiz.
Haren begiek zuloetatik ateratzeko mehatxua egiten zuten.
–Oraingoan ez digu ihes eginen! –erran zuen, garaipen kutsua
ahotsean–. Espainiako Guardia Zibilak errepidea itxita dauka mugan.
Anek larriturik begiratu zion.
–Ene! Mesedez, erraiezu ez diezaiotela tirorik egin! Harekin hitz
egiten uzten badidazue…
Levertek erantzutekoa egin zuen, baina une hartan irratia oihuka hasi
zen. Helikopteroaren zarata zela eta, Anek zailtasunak zituen zer gertatzen
zen ulertzeko. Irratiz hitz egiten zuten poliziek oso urduri ematen zuten.
–Istripu bat izan da, antza –marmaratu zuen Levertek, kopetilun.
Ane zurbildu egin zen.
–Nork… nork izan du istripua?
–Gepperten autoa errepidetik atera da.
Hurrengo minutuak isilean egin zituzten, Ori mendiaren piramide
erraldoira hurbildu bitartean. Orain Larraine mendateko errepidea ikusten
zuten, suge beltz baten antzekoa mendi mazela elurtuetan gora sigi-saga.
Erroimendiko lepoa gaindituta, ke mordo ilun bat ikusi zuten zeruan gora.
Anek nekez eusten zien malkoei. Polizia-autoak begiztatu zituzten,
bihurgune itxi batean geldirik, argi urdinak piztuta. Helikopteroak buelta
zabal bat eman zuen haien gainean. Hirurogeita hamar bat metro beherago,
sakan baten hondoan, auto baten hondakinak erretzen ari ziren. Pago
biluzien artean, metal zati okertuak agertzen ziren, esku erraldoi batek
bihurritu balitu bezala. Kea laino grisarekin nahasten zen amildegi
barreneko baso izoztuan.
–Ezin gara gehiago hurbildu? –galdetu zion Levertek pilotuari.
Pilotuak ezezkoa egin zuen.
–Estuegia da sakana, eta haize honekin oso arriskutsua da.
Levertek biraoa bota eta errepidean lur hartzeko erran zion.
–Ez da beharrezkoa zu jaistea… –erran zion Aneri, eskua neskaren
besagainean jarriz.
Dardara batean bazegoen ere, Ane kanpora atera eta Leverten
aldamenean jo zuen istripuaren gertalekurantz. Haize izoztuak erre usain
mikatza zekarren. Helikopteroaren burrunbak airea dardaratzen zuen.
Hamar bat polizia zeuden bihurgunean. Denek beherantz begiratzen zuten,
ke mordo ilunaren sorbururantz. Errepidean gurpil arrastoak zeuden,
alferrikako balaztada baten seinale. Goma errezko lorratzak amaitzen ziren
tokian, babes hesi metalikoaren hamar metroko zati bat hautsita zegoen.
Leverten aholkuei entzungor, Ane hesiaren hondakinen gainetik igaro eta
sakanera begiratu zuen. Segundo batzuez jasan zuen amildegiaren hondoan
erretzen zen metal korapiloaren ikuspena. Gero, atzera egin zuen aurpegia
estaliz.
–Sokak beharko ditugu horra jaisteko –erran zuen polizia batek esku
izoztuak igurtziz.
–Suhiltzaileak bidean dira –azaldu zuen beste batek.
–Haiekin jaitsiko gara orduan –erran zuen Levertek muturbeltz–. Ez
naiz fidatzen.
Anek itxaropen izpi bat begietan begiratu zion.
–Zer erran nahi duzu?
–Geppertek oso azkarra dela erakutsi digu. Baliteke autoa hutsik
amiltzea, eta berak beste auto edo motor batean alde egitea. Mendialde
honetan bidexka ugari dagoela ematen du. Ez dut atseden hartuko
Gepperten hilotza eta margolanak aurrean eduki arte.
Eztanda txiki bat izan zen amildegi elurtuan. BMWtik ateratzen ziren
sugarrak indartu egin ziren. Levertek errepidera begiratzen zuen
ezinegonez. Suhiltzaileen arrastorik ez.
–Martxa honetan ez zaigu gauza handirik geratuko gorpua
identifikatzeko –erran zuen agente batek lurrera tu eginez.
Levertek aurpegiko giharrak teinkatu zituen.
–Hortzen bidez ezin badugu, ADN frogak eginen dizkiogu.
Eta begiak Larraineko errepide bihurrian josi zituen berriro. Ane ikusi
zuen, bazterrean eserita eta negarrez.
29
–Hortzak zein ADN frogak bat datoz: Geppert zen auto horretan
kiskali zena. Epailearen agindua lortu nuen haren ahaide bati analisia
egiteko. Ez zen gauza handirik geratu gorputik. Oraindik ez ditugu
margolanak aurkitu, baina laster egitea espero dugu –Levert Aneri begira
gelditu zen une batez. Aurpegiko keinu zorrotza bigundu egin zuen–. Zer
moduz zaude?
Anek hausnartu egin zuen. Lorik egin gabeko azken bi gau
izugarrietan galdera huraxe egin zion bere buruari behin eta berriz. Eta
azkenean amore eman behar izan zuen: ez zekien nola sentitzen zen. Triste,
haserre, dezepzionaturik? Sorbaldak goratu eta ohe ertzean eseri zen.
Hoteleko gelako leiho erdi irekitik Parisko trafikoaren zarata sartzen zen.
Kakofonia erogarria zen, baina Anek nahiago zuen aire freskoari sartzen
utzi.
–Agian beste une batean itzultzea nahiago izanen zenuke… –Levertek
eskua pasatu zuen ile beltzetatik. Ohi bezala, haren trajea lisatu on baten
premian zegoen–. Kontatu behar dizkizudanak ez dira oso samurrak.
–Hobe dut entzun beharrekoak orain entzutea. Ez naiz okerrago
sentituko. Eta lehenbailehen alde egiteko asmoa dut.
–Nahi duzun bezala –Levertek aulki bat hartu eta Aneren aurrean eseri
zen. Ane ohartu zen polizia ez zela hain zaharra. Hogeita hamar urte izanen
zituen gehienez. Seguruenik urte batzuen buruan goi karguren bat emanen
zioten: bizkorra zen eta goranahi itxura zuen–. Dakizunez, Villeneuveko
gazteluko sotoan aurkituriko gorpua Paul Moulin zen, Valentin Moulin
gazteluko arduradun ohiaren seme bakarra. Gerra garaian naziek gurasoen
tortura ikustera behartu zuten Paul. Horren ondorioz, gizajoa erotu egin zen.
Haurtzaroa eta gaztaroa hainbat eroetxetan eman zituen. 1957an askatu
zuten, sendaturik zegoelakoan. Atera zenean, ezagutzen zuen toki bakarrera
joan zen Moulin, Villeneuvera alegia. Hala ere, morroia ez zegoen bere
senean.
–Gaztelu izugarri hartan bizitzeak ez zion batere onik eginen –erran
zuen Anek.
–Egun batez –jarraitu zuen Levertek–, 1985eko azaroan seguruenik,
Moulinek bisita harrigarri bat jaso zuen. Philippe Fleury zen, Goldbergen
margolanak lapurtu zituen taldeko kide bat… kiderik garrantzitsuenetakoa,
bera izan baitzen gizon gehienak erreklutatu zituena. Ekintza gizona zen eta
dirua lortzeko asmoa zuen, Erresistentzia antolatzeko. Haren familiarekin
hitz egin dugu, eta erran digute bere azken urteetan Fleury obsesionaturik
zegoela gerran egindako zerbaitekin. Ahaideek ez zekiten zer zen, Fleury
oso harro baitzegoen Erresistentzian borrokatu izanaz. Hala ere, urteak pasa
ahala, Fleury urrundu egin zen politikatik. Alderdi Komunista utzi eta
basozain hasi zen 1959an, eta, nolabait errateko, bere baitan ixten joan zen.
Orain badakigu Villeneuveko langileen sarraskia zela haren erru
sentimenduen sorburua. 1985ean barkamena eskatzera joan zen gaztelura.
Bertan lapurturiko ushebtia eraman zuen berarekin, bere erruaren ikur gisa
edo.
–Nola dakizue Fleury Villeneuvera joan zela? Bere gorpua beste herri
batean aurkitu zen.
–Barkatu –erran zuen Levertek–. Hainbeste dago azaltzeko non gauzak
ahaztu egiten baititut. Fleuryren autoa aurkitu dugu Villeneuveko basoko
amildegi batean. Fleury izan zen Moulinen lehenbiziko biktima… lehena
eta garrantzitsuena. Oso litekeena da Fleuryk ezagutzen zituen lapurren
izenak torturapean eman izana. Orduan hasi zuen Moulinek bere gurasoen
torturaren errudunen kontrako mendekua. Fleury hil eta gorpua Coutras
herrian bota zuen. Hurrengo biktima Michael Malenfer izan zen, hiru
hilabete geroago. Baina honi eskua moztu besterik ez zion egin, haren
semea ustekabean agertu zelako.
–Biktimaren semea lekuko! 1940ko eszena errepikatu zen… Agian
horregatik ez zuen Malenfer hilko!
–Auskalo. Gero, Urrutia, Lastowka, Bouthier… 1940an ekintza
gizonak bilatu zituen Fleuryk. Gehienak ekintzaile komunistak ziren,
Malenfer, Bouthier edo Lastowka bezala. Baina baziren Espainiako
errepublikarrak, hala nola zure aitona, Urrutia edo Muntaner. Gaston Hervé
Fleuryren adiskidea zen, eta lapur txikia. Philippe Fleury prest zegoen
Deabruarekin berarekin oheratzeko bere helburua lortzearren. Moulinek ere
asmo garbiak zituen. Kasu guztietan berdin jokatu zuen: gainerako
gaizkideen izen-helbideak jakiteko torturatu ondoren, eskuak mozten
zizkien bere biktimei.
–Lapurrak izateagatik. Erdi Aroan bezala.
–Bazen beste arrazoi bat: naziek eskuak moztu zizkieten Moulin senar-
emazteei.
–Ene! –hots egin zuen Anek–. Aitortu behar dizut Villeneuven izan
nintzenean ohartu nintzela Moulin zela Arotza. Haren bizilagunek erotzat
hartzen zuten, eta arrazoi sendoak zituen lapur taldeko kideak hil nahi
izateko. Gepperti errateko asmotan nengoen, ustekabe ederra eman nahi
nion.
–Ez zenion ezer berririk erranen. Arotza kasuaren ikerketako oharren
arabera, Geppertek eta bere kide Brissonek Villeneuverekin lotutako arrasto
bat ikertu zuten 1987ko martxoan. Antza, lekuko batek odol arrastoak
zituen auto bat ikusi zuen gazteluaren inguruetan. Muntanerren hilketa
astebete lehenago gertatua zen. Brisson aurkitzen saiatu gara horretaz
galdekatzeko, baina oporretan omen dabil Ozeano Barean. Dena den, erraz
asma dezakegu egun hartan gertaturikoa: Geppert Villeneuvera joan,
Moulin aurkitu eta Arotza zela ohartuko zen. Ero garbia zen, eta seguruenik
Geppertek odola, zerra edo beste zantzuren bat ikusiko zuen haren autoan.
Agian Fleuryren autoa aurkituko zuen. Moulin gazteluan bertan galdekatu
eta egia aitorraraziko zion.
–Eta orduan izan zuen Geppertek Goldberg bildumaren lapurretaren
berri!
–Ez dakit Moulinek margolanen berri ote zuen. Alemanez jantzitako
morroi haiek kutxa batzuk eramaten ikusi zituen, eta, Fleuryren
aitorpenaren bidez, bazekien morroi haiek ez zirela soldaduak, lapurrak
baizik. Agian Fleuryk erranen zion Moulini zer zen kutxa haien barnean…
–Edo agian Geppertek lehenagotik ezagutuko zuen bildumaren
inguruko misterioa.
–Bera hilda, zaila dugu hori argitzea –erran zuen Levertek–. Kontua da
Geppertek Moulin hil eta gorpua gazteluko sotoan lurperatu zuela.
Hildakoaren buruan aurkituriko bala analizatu dugu, eta ez da Geppertek
garai hartan erabiltzen zuen pistolarena. Seguruenik, gaizkile bati
lapurturiko arma erabiliko zuen, arrastorik ez uzteko.
–Baina zergatik hil zuen Moulin?
–Goldberg bildumaren lapurretaren sekretua zabal ez zezan. Atxilotu
izan balu, poliziak egia jakin eta margolanen bila hasiko zen. Baina
Geppertek ez zuen inoren lehiarik nahi. Gainera, Moulin Arotza zela
jakinda, ez zitzaion axola izanen hiltzea. Geppertek lapurren arrastoari
jarraitu nahiko zion isilpean, margolanak berak bakarrik aurkitzeko
itxaropenez. Baina, zure deia jaso arte, ezin izan zuen taldeko beste inor
aurkitu. Hori dela eta, Malenferrez galdetu dut.
–Zer moduz dago?
–Harrigarria bada ere, sasoi ederrean. Monjek zuzenduriko
zaharrentzako etxe batean hartu dute. Susmatuko duzunez, Geppertek ez
zien haren berririk eman Metzeko gizarte zerbitzuei.
Anek eskuen artean estutu zuen burua. Nola ez ote zen ohartu morroi
hura iruzurti hutsa zela? Hain bakarrik zegoen, laguntasunaren hainbesteko
premia zeukan non ez baitzion antzeman nahi?
Levertek eskua jarri zion sorbaldan. Pentsamenduak igarri balizkio
bezala hitz egin zion.
–Egia erran, haren zerbitzu orria irakurrita, guri ere sinesgaitza egiten
zaigu. Geppert polizia bikaina izan zen. Ez zen ustelkerietan ibili, sekula ez
zuen gehiegizko indarkeriarik erabili… Orain ere ez zuen diru arazorik.
Bere BMW berria, adibidez, poliki ordaintzen ari zen. Ez dut ulertzen nola
sartu zen katramila horretan. Zaila da gizakion baitako itzalei antzematea.
Anek burua astindu zuen, pentsamendu beltz haietatik libratu nahiz.
Zutik jarri zen.
–Etxera joan nahi dut –erran zuen ahots hari batez.
–Berehala utziko zaitut bakean. O! Ahaztu egin zait… –Levertek
irribarre lotsatia egin zuen–. Ez dakit hau oso gustukoa izanen duzun,
baina… tira, ospetsua zara Frantzian. Kasu honen inguruko guztia albiste
bihurtu da. Egunkari batzuk ekarri dizkizut, oroigarri gisa.
Levertek plastikozko poltsa bat zabaldu eta egunkari mordoxka bat
atera zuen. Anek, akiturik baitzen, adeitasun hutsez hartu zituen. Le Monde,
Le Figaro, L’Humanité… kazeta guztiek jasotzen zuten albistea. Goldberg
bildumaren balioak eta haren patu bitxiak liluratu egiten zituzten kazetariak.
Arotzaren kasuak ere izenburu handiak hartzen zituen. Egunkari gehienek
Ane eta Leverten argazkiak zekartzaten, bezperan Parisko polizia-etxe
batean deklaratu ostean egindakoak. Begirada laburra emanda, Anek ohe
gainean utzi zituen egunkariak.
Une hartan bere begi nekatuek irudi batekin egin zuten topo.
–Nor da gizon hau? –galdetu zuen, artikuluetako bateko argazki bat
seinalatuz. Irudian bibote usuko gizon burusoil bat ageri zen.
Levertek irribarre urduria egin zuen.
–Txantxetan, ala? –galdetu zion, begietara finko begira.
–Ez horixe –Aneren ahotsean ez zegoen trufa arrastorik–. Nor da
argazkiko morroi hori?
Levert zutitu egin zen. Haren itxura hildako batena zen. Komisarioak
uretatik ateratako arrain batek bezala mugitu zuen ahoa.
–Gizon hori Xavier Geppert da –erran zuen azkenean.
30
Polizia zaharrak begiak txitxildu zituen. Eguzkia esmeralda koloreko
itsasoaren ertzean sartzen ari zen. Une batez pentsamendu bitxi bat bururatu
zitzaion: zenbat jende hilko ote zen halako ikuskizunik sekula ikusi gabe.
Palmazko teilatuko bungalowaren terraza zabalean eserita, polizia ohiak
sorbaldak uzkurtu zituen. Eguzkiak erretako bizkarrak protesta egin zion
atorra loredunaren azpian. Mina, hala ere, eramangarria zen. Eta mesede
egiten zion: hura guztia haluzinazioa ez zela baieztatzen zion.
Brissonek lanak zituen toki hartan benetan zegoela sinesteko.
Sinesgaitza egiten bazitzaion ere, sei hilabete besterik ez zen igaro
Gepperten deia jaso zuenetik. Egia erran, inozo hark ezin zuen une
egokiagorik aukeratu: azken aldi hartan kartatan galdutako dirutza sinetsi
ezinezko moduan handitua zen. Hainbeste non Casablanca mairuaren
kankailuak lotsa galtzen hasiak baitziren. Polizia ohia izatearen itzalak ere
ez zion askorik balio Brissoni. Azken aldian putakume haiek
mehatxatzeraino ausartu ziren. Lehoi zaharrarengana hurbiltzen diren
hienak bezalakoak ziren. Ez ziren deliberatzen erasotzera, baina gero eta
gertuago zituen. Hortzak erakusten zizkioten. Gauzak okertzen ari ziren,
bai… Eta hara non Zeruak opari hura egin zion!
Zeruak ez, gogoratu zion Brissonek bere buruari, Geppertek baizik.
Ahotsa dar-dar, agure txatxuak neska euskaldun haren istorioa kontatu zion:
haren aitonak Arotzaren krimenen albisteak bildu… eta Fleuryrena
bezalako ushebti bat zeukan! Geppert ergelak ez zuen neskaren istorioa oso
ongi ulertu, baina bazirudien ushebti bat baino gehiago zegoela, eta beste
neska bat Interneten saltzeko asmotan zegoela. Bat-batean, Arotzaren kasua
berpiztu egiten zen... eta harekin batera Brissonen itxaropena. Polizia ohia
berehala ohartu zen margolanak aurkitzeko arrasto bikain baten aurrean
zegoela. Urte luzez Villeneuveko altxorra bere obsesio sekretua izan zen.
Patruila amaigabeetatik bere etxe hutsera euritan blai itzultzen zenean
margolan misteriotsu haiek aurkitzearekin egiten zuen amets. Garai hartan
gau anitz eman zuen bakarkako ikerketa usteletan, lapurreta harrigarri
hartan parte hartu zutenen bila. Azkenean amets hura ere ahazten joan
zitzaion, beste amets asko oroimenean margultzen utziak zituen bezala.
Hala ere, amets haren aztarnek bere burmuinetako zoko-mokoren batean
iraunen zuten bizirik, zeren Geppertek telefonoa eskegi orduko Brissonek
etsi-etsian heldu baitzion Patuak botatzen zion soka mutur hari.
Polizia ohiak bost minutu besterik ez zuen behar izan ushebtia salgai
zuen neska Interneten aurkitzeko. Enkante orrialdeetan bilatu eta Maiderren
ushebtiaren iragarkia ikusi zuen. Beharrik, halako objektuak ez ziren oso
ohikoak. Neskari mezua bidali eta berehala jaso zuen erantzuna.
Zoritxarrez, zegoeneko ushebtia saldua zion Bartzelonako irakasle bati.
Brissonek diru mordoa eskaini zion estatuaren inguruko argibideen truke.
Baiezko gogotsua bidali zion neskak. Hitzordua egin zuten Donostiako
haren etxean.
Orduan gauzak izugarri okertu ziren.
Urdanga hark tutik ere ez zekien ushebtiaren jatorriari buruz… eta hala
ere lotsarik gabe saiatu zitzaion dirua ateratzen. Brisson ez zegoen pozik
gertatuaz. Urdanga estu hartu behar izan zuen, egia erraten ziola seguru
egoteko. Beharbada, gehiegi estutu zuen. Aspaldiko trebezia galdua zuen,
antza. Drogazale zikina besterik ez zen neska, hala ere, eta heriotza
aurreratu besterik ez zion egin. Hobe zuen kontu hartaz gehiegi ez
pentsatzea. Okerrena, berriz ere margolanen arrastoa galdu zuela.
Bordeleko bere arazoetara itzuli zen Brisson. Casablancaren mehatxu
ziztrinetara, alegia. Eta orduan, dena galdutzat ematen hasia zelarik, argia
egin zen. Berriro deitu zion Geppertek. Antza, neska euskaldunak
drogazalearen hilketaren berri zeukan eta izuturik zegoen. Bere ustezko
aurkikuntzei buruz hitz egiteko irrikan omen zegoen. Geppert hain zegoen
asaldaturik non Brissonek nekez ulertzen baitzion. Biak Espainiara joatea
nahi zuen agureak.
Urte luzez, Arotzaren aferak obsesionaturik bizi izan zen Geppert.
Bazekien oso hurbil egon zirela hiltzailea harrapatzetik… eta bat-batean kea
bezala suntsitu zen. Geppertek ezin zuen ulertu. Askotan, Abbé de l’Epée
karrikako bulegoan harat-honat zebilela, bere esaldi kutunetakoa botatzen
zuen: “Lurpean ezkutatuko balitz bezala da!”. Brissonek irribarre egiten
zuen, eta Villeneuveko soto ilunaz pentsatzen zuen. Baina Geppertek orain
zituen asmoak entzunda, Brissonek ez zuen barrerik egin: agure txatxuak
Euskal Poliziarekin hitz egiteko asmo garbia zuen, eta Arotzaren teoria
azaltzekoa.
Arriskua izugarria zen: poliziak drogaren mafiaren hipotesia baztertu
eta Gepperten teoria aintzat hartuko zuen. Zerbait egin behar zuen.
Brissonek bazekien hilketa garbiak egiten. Moulinena ez zen adibide
bakarra. Bere karrera gorabeheratsuan zehar behartuta egon zen hainbat
aldiz gogor jokatzera. Horrek ez zuen gehiegi harrotzen, baina itzal haiekin
bizitzen ikasia zuen. Hala ere, bere polizia eskarmentuak erraten zion ez
dagoela akatsik gabeko krimenik. Eta are gutxiago aldez aurretik prestatu
gabea izanik… drogazalearena izan zen bezala. Edozer gerta zitekeen: nork
edo nork bera ikustea Maiderren etxetik ateratzen, edo bere autoa, edo
enkanteen webgunera bidalitako mezua, edo auskalo!
Brissonek berehala taxutu zuen plana. Flash bat bezalakoa izan zen.
Hezur muinetaraino izuturik bazegoen ere, harritu egin zen garuna zein
bizkor zebilkion ikusita.
Ez zela harekin joanen erran zion Gepperti: agure aluak bakarrik
joanen zela erran behar zien bere familiari eta adiskide urriei. Brissonen
izena ez zen inondik ere Geppertekin lotu behar. Geppert Espainiarako bide
erdian zelarik, ordea, deitu egin zion. Hobeki pentsatu zuela, eta itxaroteko
erran zion, biak elkarrekin joanen zirela neska euskaldunarengana.
Arratsalde hartan bertan bihurritu zion lepoa.
Landetako baso batean lurperatu zuen bere lankide ohia. Gero,
Gepperten autoa, arma eta paperak hartuta, Brisson Nafarroarantz abiatu
zen.
Ozeanoak urrearen ñabardura guztiez distiratzen zuen. Eguzkia
zerrenda estu gorria besterik ez bazen ere, bero egiten zuen. Brisson, hala
ere, hotzikarak astindu zuen. Eskua pasatu zuen besoko ile urdin usuen
gainetik.
Zaila zitzaion Aneri buruzko bere sentimenduak zehaztea. Bere
barnean bi Brisson biziko balira bezala zen. Bi edo bi milioi, ez zekien.
Askotan pentsatzen zuen bere baitan izotz puska erraldoi bat zegoela. Jende
normalaren pentsamendu eta sentimendu normalez aparte, izozmendi zuri
hura zegoen, hotz eta isolaturik. Eta izotzezko mundu hartan ez zegoen
minik, ez errukirik. Dena gardena zen. Dena oso garbi zegoen. Mundu
hartan oso erraza zen erabakiak hartzea. Batez ere erabaki mingarriak.
Neskarekin egon bitartean, ordea, beste Brisson bat aurkitu zuen bere
baitan. Eta Brisson hura guztiz harrigarria zen. Adibidez, morroi hark
irribarre egiten zuen. Eta txantxak egiten zituen hilabete lehenago
haserrearaziko zuten kontuekin. Hasieran Brissonek Gepperten papera
antzeztu behar izateari egotzi zion aldarte aldaketa. Baina, asteak igaro
ahala, ohartu zen Ane zela beste Brisson hura bere baitan aurkitu eta
azaleratzen zuena.
Brissonek irribarre egin zuen. Gazteago izan balitz, neskaz
maitemindurik zegoela sinetsiko zuen. Baina agure sinesgabea besterik ez
zen, zinikoegia halako tontakeriak irensteko. Aspaldi zen maitasunaren
ergelkeriak ahaztuak zituela. Orain dirua, sexu erosia eta edari garestiak
besterik ez zuen sinesten. Eta beharbada, ekintzaren xarma. Azken batean,
horrexegatik sartu zen katramila hartan, ezta? Dirua lortzeagatik eta
Frantziatik behin betiko alde egiteagatik, bai, baina baita garai zaharretako
kilikadura berriro sentitzeagatik ere. Aho-sabaian izuaren zaporea berriz
dastatzeagatik.
Anek Geppert ikustea espero zuen, ez Brisson. Ezinbestekoa zen
neskaren konfiantza irabaztea: alde batetik berriro poliziarengana joan ez
zedin, eta bestetik zeukan informazio guztia eman ziezaion. Bestalde, denen
aurrean Geppert bezala azaltzeak egin zitzakeen txarkeria guztiez libratuko
zuen. Errua agure aluari botako zion. Agure hilari.
Dena ongi joan zen. Margolanetatik gero eta hurbilago zegoela senti
zezakeen Brissonek. Malenferrek Von Stauffenen berri eman zionean, garbi
ikusi zuen: haren alargunak eduki behar zituen margolanak, Von Stauffenek
sekula ez baitzituen saldu. Ane Villeneuvera bidali zuen, hondakin pila bat
besterik aurkituko ez zuelakoan. Berak margolanak eskuratu eta Anek
mundu guztiari erranen zion Xavier Geppertekin egona zela denbora osoan.
Baina gauzak okertu egin ziren berriz ere. Anek irakasle katalan
harekin egin zuen topo Villeneuven. Eta morroia gaztelua miatzeko
asmotan zegoen, sonar eramangarri batez! Sinetsi ezinezko zoritxarra zen.
Zegoeneko ezin zuen atzera egin, ordea. Baccard andrearekin bildu eta
margolanei buruz galdetu zion. Atsoaren harridura aurpegia benetakoa izan
zen. Haren haserrea ere bai. Margolan mordoa zeukan, bai, baina gehienak
senarrak berak margoturikoak ziren. Bazekien artearen aldetik ez zutela
balio handirik, baina balio sentimentala…
Brissonek berehala asmatu zuen Von Stauffenen amarrua. Berehala
jakin zuen zenbaterainokoa zen margolan haien balio sentimentala.
Emakumea di-da garbitu zuen. Izotzetan hartutako beste erabaki bat: bizirik
utziz gero, atsoak poliziei emanen zien deskripzioak ez zuen antz izpirik ere
izanen benetako Geppertekin. Eta bere amarruak huts eginen zuen.
Gainerakoan, dena Gepperten kontra egonen zen: agure aluaren izena, arma
eta autoa erabili zituen.
Handik aurrerako orduak film txar bateko irudi azkarrak bezala
oroitzen zituen Brissonek: ihesa, Frantzia osoa zeharkatuz. Margolanak
postaz bidaltzeko geldialditxoa. Ahoko zapore hila, Miarritzeko karrika ilun
batean motor bat lapurtu bitartean. Gau hartan bertan eraman zuen motorra
Larraineko mendateko bihurgunera BMWaren maletategian, eta herrira
jaisten zen mendi bide baten ondoan ezkutatu. Esna irauteko hartu zituen
anfetaminek bihotza leherraraziko ote zioten beldur zen, baina aurrera
jarraitu behar zuen. Landetako basora itzuli zen. Ilargiaren distira irreala
zen Gepperten hilotza lurpetik atera zuenean. Kirats jasanezin batek kutsatu
zuen autoa, baina ia dena eginda zegoen. Goizaldean BMWaren gasolina
ontzia goraino bete eta aldaketatxo batzuk egin zizkion. Gepperten gorpua
hezurretaraino erre behar zen. Auzitegiko medikuen azterketek ez zuten
adierazi behar gorpuak asteak zeramatzala hilik. Beharrik, negu hasierako
izozteek eragotzi zuten gorpua gehiegi usteltzea.
Eguerdirako, dena prest zegoen oihala altxatzeko. Brissonek
Gepperten kreditu txartela erabili zuen Miarritzeko bere hotelean. Ederki
zekien txakurrek berehala jasoko zutela usaina. Halaxe izan zen. Orain
mendateko bihurguneraino eraman behar zituen. Beren begiez ikusi behar
zuten istripua. Larri ibili zen Gepperten gorpua bolantearen aurrean jarri,
autoa amildu eta motorra garaiz hartzeko. Bera abiatu eta handik segundo
batzuetara agertu ziren polizia autoak errepidean. Beharrik, ez zuten
motorraren zarata entzun: une hartan helikoptero bat agertu eta helizeen
zaratak Brissonen ihesa estali zuen.
Orain sinesgaitza iruditzen zitzaion hura guztia inoiz gertatu izana. Are
sinesgaitzago guztia ongi amaitu izana. Brissonek bungalow barnera egin
zuen. Freskatzen hasia zen eta edalontzia hutsik zeukan. Azken begirada
bota zion itsaso ilunari. Bikea bezain beltz zegoen eta animalia haserretu
baten antzera egiten zuen marru.
Noizbait agerian geldituko zen bere amarrua. Ez zegoen akatsik
gabeko krimenik. Dena jakinen zen. Baina jadanik salduta zeuzkan
margolan guztiak, paper berriak eskuratuak zituen, eta bere arrastoa arretaz
ezabatua. Oso zaila zen inork aurkitzea. Eta ez zuen zaratarik ateratzeko
asmorik, ez zuen bizimodu nabarmenik eramanen. Zuhur jokatuko zuen. Hil
arteko urteak erretiratu aberats baten antzera emanen zituen.
Bazekien noizbehinka amesgaiztoek gauerdian esnatuko zutela, oihuka
eta izerditan, haur izutu baten antzera. Baina orduan bere barneko ozeanoak
nabigatzen zituen izozmendiaren baitan babestuko zen.
Han, non oinaze guztiak izoztu egiten baitziren.
2005eko abuztuak 1.

You might also like