You are on page 1of 4

FARMAZIAKO GRADUA 2018/19 IKASTURTEA

FISIKA – Ikaslearen gida

Maila: Lehena Taldea: 31


Irakasgai mota: Adarraren oinarrizkoa Kredituak: 6 ECTS

Irakaslea: Txema Ezpeleta Arenaza


Saila: Fisika Aplikatua II
Helbide elektronikoa: jm.ezpeleta@ehu.eus
Telefonoak: 945 013 039, 945 013 009

1.- IRAKASGAIAREN AZALPENA ETA TESTUINGURUA ZEHAZTEA


Farmaziako Graduko lehenengo mailan dagoen irakasgai hau Adarraren Oinarrizkoa da,
eta, ondorioz, oinarrizko fisikako zenbait arlo jorratzen ditu, hala nola unitate-sistemak,
fluidoen dinamika, oszilazioak, uhinak eta fisika nuklearra. Arlo horiek guztiak ikasleari
graduko beste irakasgai batzuetarako lagungarriak gertatuko zaizkio, adibidez Teknika
Instrumentalak irakasgairako.

"Fisika" arazo gehiegirik gabe egiteko, batetik, batxilergoko 1. mailako Fisikako edukien
berri izan behar du ikasleak: zinematika, dinamika, energia eta elektrizitatea. Bestetik,
beharrezkoa da menderatzea aldagai bateko oinarrizko funtzioak (polinomikoak,
trigonometrikoak, esponentzialak, logaritmikoak), haien grafikoak egiten jakitea eta
funtziook aztertzeko funtsezko tresnak ezagutzea (deribazioa eta integrazioa). Gainera,
ekuazioak ebazten eta adierazpen matematikoekin eragiketak egiten jakin behar da
oinarrizko mailan. Hori guztia batxilergoko 2. mailako Matematikan ikasten da.

2.- GAITASUNAK / IRAKASGAIA IKASTEAREN EMAITZAK


2.1.- Generikoak
2.1.1- Zehaztasunez erabiltzea magnitude eta unitateen nazioarteko sistema (SI),
legezko sistema bakarra dena.
2.1.2.- Ordenagailu bidezko eta datu-prozedurazko teknikak datu fisikoen gaineko
informazioari aplikatzea.
2.1.3.- Irizpide fisikoak erabiltzea esperimentuak diseinatzerakoan.
2.1.4.- Diagnosian eta terapian erabili ohi diren erradiazioen izaera nahiz ondorioak
bereiztea.
2.1.5.- Nuklido erradioaktiboen sinbologia eta parametroak interpretatzea,
erradiofarmazian duten jokabidea eta erabilera kalkulatu ahal izateko.

2.2.- Zeharkakoak
2.2.1- Ahoz nahiz idatziz gauzatu beharreko komunikazio eta informaziorako
gaitasunak garatzea.
2.2.2- Talde-lanerako eta lankidetzarako gaitasunak sustatzea.

3.- IRAKASGAIAREN EDUKI TEORIKOA


1- Magnitude fisikoak eta dimentsio-analisia
Behagaiak. Oinarrizko magnitudeak eta magnitude eratorriak. Unitate-sistemak:
Nazioarteko Sistema (SI). Dimentsio-ekuazioak. Eskala-legeak. Esperimentuetako
erroreak eta zifra esangarriak.

2- Fluido idealen mekanika


Dentsitatea. Presioa. Fluido idealen estatika. Presio manometrikoa. Arkimedes-en
printzipioa. Fluido idealen dinamika. Emaria. Fluido errealak.
3- Higidura oszilakorra
Higidura harmoniko sinplea. Osziladore harmonikoaren energia. Higidura oszilakor
indargetua. Higidura oszilakor bortxatua: erresonantzia.

4- Uhin mekanikoak
Zeharkako eta luzetarako uhinak. Uhin mekaniko eta elektromagnetikoak. Uhinen
adierazpena. Uhin-higiduraren energia eta intentsitatea. Xurgapena. Doppler efektua:
aplikazioak. Uhinen gainezartzea. Soinu-uhinak. Desplazamendu- eta presio-uhina.
Soinu-uhinen hedapen-abiadura. Intentsitatea. Soinuaren ezaugarriak.

5- Uhin elektromagnetikoak
Dipolo elektrikoa. Uhin elektromagnetikoak. Uhin elektromagnetikoen polarizazioa
eta energia. Erradiazio elektromagnetikoen espektroa: irrati-uhinak, mikrouhinak,
infragorria, ikusgaia, ultramorea, X izpiak eta gamma izpiak. Erradiazioaren eta
materiaren arteko interakzioa.
Eranskina: erradiazio-trantsizioak.

6- Fisika nuklearraren oinarriak


Nukleo atomikoaren egitura. Nomenklatura: nuklidoa, isotopoa, isobaroa, isotonoa
eta isomeroa. Masa atomikoa. Energia-arloak: masaren eta energiaren arteko
baliokidetza, nukleoien lotura-energia, masa-defektua eta egonkortasuna. Indar
nuklearrak. Nukleoen egonkortasuna. Erradioaktibitatea: kontzeptua eta azterketa
zinetikoa. Desintegrazio-probabilitatea, desintegrazio-konstantea, bizitzaerdia,
aktibitatea. Erradioaktibitate motak. Trazatzaile erradioaktiboak.

4.- IRAKASGAIAREN EDUKI PRAKTIKOA


Irakasgai honen praktikak ordenagailu bidezkoak eta laborategikoak dira; hain zuzen ere,
hiru ordenagailuan egitekoak eta beste bat laborategian. Saio guztiak hiru ordukoak dira.
Ordenagailu-praktiketan, kalkulu-orriak erabiliko ditugu nagusiki, eta banaka arituko dira
ikasleak. Hona hemen ordenagailu-praktiken hiru saioen edukia:

1. Kalkulu-orrietarako sarrera: aldagai erlatibo eta absolutuak, gelaxken edukia nola


hedatu, funtzioak, formatuak, datu-taulak, adierazpen grafikoak, erregresio
lineala.
2. Zenbakizko deribatua. Limitearen kontzeptua. Adibideak: higidura zuzen eta
uniformeki azeleratua, higidura harmoniko sinplea.
3. Gorputz beltza. Planck-en erradiazio-legea. Wien-en legea. Stefan-Boltzmann
legea.

Bestalde, honako laborategi-praktika hau egin beharko da bikoteka:

1. Hooke-ren legea. Osziladore baten konstante elastikoa zehaztea.

5.- METODOLOGIA
Irakasgai honetan zenbait metodo erabiltzen dira.
Lehenik eta behin, gaien kontzeptuak azaltzeko eskola magistralak emango dira. Gai
bakoitza aztertzen hasi aurretik, ikasleak eskuragai izango ditu gaiaren azalpena eta
dagokion ariketa-orria. Hartara, lan autonomoa sustatu nahi da; ikaslea bere kabuz
ahalegindu baitaiteke ariketa horiek egiten, eta, modu horretan, ikaskuntza-emaitzak zein
neurritaraino eskuratu dituen jakin dezake. Ariketa horietako batzuk gelako praktika-
saioetan aztertuko dira, non ikasleen parte-hartzea bultzatzen den, ikasleek eskura ditzaten
ahozko komunikazioari eta talde lanari lotutako trebetasunak.
Halaber, ikasleei gaien nondik norakoak ulertzen laguntzeko asmoz, baliabide informatiko
eta bibliografikoak jarriko zaizkie eskura.

Bestalde, ordenagailu- eta laborategi-praktiken bidez, nagusiki, zientziaren eremuan


ordenagailua nola erabil daitekeen erakutsi nahi diogu ikasleari, baina ezin dugu
bazterrean utzi praktika hauen bidez ikasleak hobeto ulertu ahal izango dituela ikasgelan
aztertutako zenbait arlo, beste ikuspegi osagarri batetik jorratu ahal izango baititu arlo
horiek.

Ikasleei ikaskuntza erraztu eta bermatzeko, jarraipena egingo zaie bai ikasgelako praktikei,
bai ordenagailukoei eta laborategikoei ere.

6.- IRAKASKUNTZA MOTAK


Eskola magistralak: 36 ordu
Gelako praktikak: 12 ordu
Ordenagailu-praktikak: 9 ordu
Laborategi-praktikak: 3 ordu

7.- EBALUAZIOA
7.1.- OHIKO DEIALDIA
Irakasgaiaren ebaluaziorako, ikasleak bi ebaluazio mota izango ditu eskura: etengabekoa
eta azkena.

7.1.1.-Etengabeko ebaluazioa
Etengabeko ebaluazioan, honako proba hauek egin beharko ditu ikasleak:
- Kontrolak (azken notaren % 20a): Lauhilekoan zehar bi kontrol egingo dira, aurrez
jakinarazitako egunetan: lehena urriaren 8tik 11rako astean egingo da, eta bigarrena, aldiz,
azaroaren 12tik 16rako astean. Proba horietan, hiru ariketa labur ebatzi beharko dira 50
minutuan. Proba bakoitzak ohiko deialdiko azken notan % 10ko haztapena du.
- Azken proba (azken notaren % 80a): Lauhilekoa bukatu ondoren egingo da eta bi atal
izango ditu:
- Praktiken atala (azken notaren % 20a). Iraupena: 40 minutu.
- Eduki teorikoen atala (azken notaren % 60a). Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu.
- Deialdiari uko egitea: eskaria idatziz aurkeztu beharko zaio irakasgaiaren ardura duen
irakasleari. Eskaria aurkezteko epea lauhilekoarekin hasi eta lauhilekoa bukatu baino
hilabete lehenago amaituko da.

7.1.2.-Azken ebaluazioa
Ikasleak eskubidea izango du azken ebaluazio bidez ebaluatua izateko. Eskubide hori
baliatzeko, ikasleak etengabeko ebaluazioari uko egiten diola jasotzen duen idatzi bat
aurkeztu beharko dio irakasgaiaren ardura duen irakasleari eta, horretarako, bederatzi
asteko epea izango du ikasturtea hasten denetik kontatzen hasita.
Irakasgaia gainditzeko, etengabeko ebaluazioari dagokion atalean aipatutako azken proba
egin beharko du ikasleak, baina, kasu honetan, irakasgaiaren azken notan % 100ko pisua
izango duela (% 20 praktiken atalari dagokio eta gainerako % 80a, eduki teorikoen atalari).
- Deialdiari uko egitea: uko egiteko, aski da azken probara ez joatea, irakasleari aurrez ezer
esan gabe.

7.2.- EZOHIKO DEIALDIA


Ezohiko deialdian irakasgaia ebaluatzeko sistema bakarra azken ebaluazioa izango da;
hortaz, ohiko deialdiaren azken ebaluazioan azaldu berri ditugun baldintza berberak
ezarriko dira.

7.3.-EBALUAZIO-IRIZPIDEAK ETA ARAUDIAK (BI EBALUAZIO MOTEI DAGOZKIENAK)


- Irakasgaia gainditzeko, praktiken atalean nahiz eduki teorikoen atalean gutxienez 4 bat
lortu behar da, eta gutxienez 5 bat lortu behar da bi atalen batezbesteko haztatua egitean.
- Ordenagailu- eta laborategi-praktikak direla eta, nahitaezkoa da saioetara joatea
irakasgaiaren atal hau gainditzeko; dena dela, kalkulu-orrien oinarrien jabe direnek ez dute
zertan lehen saiora joan. Praktiken nahitaezko saioetakoren batera ez doan ikasleak
azterketa bat gainditu beharko du irakasgaiaren azken proba egin ahal izateko.
- Azterketetan, ikasleak ariketak zuzen ebatzi dituen ala ez kontuan hartuko da, baina,
horretaz, gain, aintzat hartuko da halaber behar den moduan azaldu dituen ala ez. Gainera,
zenbakizko emaitzek fisikaren ikuspegitik zentzuzkoak eta koherenteak izan behar dute,
eta zifra esanguratsuen kopuru egokiaren bidez adierazi beharko dira.
- Idatzizko lan eta ebaluazio-proba guztietan, ortografia- eta sintaxi-akatsak kopuruaren
arabera zigortuko dira; horietako bakoitzak 0,1 puntu kenduko du eta, gehienez, 0,5 puntu
kenduko dira.
- Ikasle errepikatzaileek, hala nahi izanez gero, ez dituzte irakasgaiaren praktikak berriro
egin behar aurreko bi ikasturteetakoren batean gainditu badituzte.

8.- TUTORETZA
Astearte eta asteazkenetan, 16:00etatik 17:30era, Dekanotzan.

9.- OINARRIZKO BIBLIOGRAFIA


Fishbane PM, Gasiorowicz S, Thornton ST. Fisika zientzialari eta ingeniarientzat. Bilbo: EHU;
2008.
Kane JW, Sternheim MM. Física. 2ª ed. Barcelona: Reverté; 1994.
Cusso F, Lopez C, Villar R. Física de los proceso biológicos. Barcelona: Ariel; 2004.
Tipler PA. Física para la ciencia y la tecnología. 5ª ed. Barcelona: Reverté; 2004.

10.- INTERNETEKO ESTEKA ERABILGARRIAK


Física con ordenador. Eskuragarri URL honetan:
http://www.sc.ehu.es/sbweb/fisica/ [2010eko abenduan eguneratua; azken kontsulta,
2018ko uztaila]

The Applet Collection. Eskuragarri URL honetan:


http://lectureonline.cl.msu.edu/~mmp/applist/applets.htm [azken kontsulta, 2018ko
uztaila]

What is a Wave? Eskuragarri URL honetan:


http://www.acs.psu.edu/drussell/Demos/waves-intro/waves-intro.html [azken kontsulta,
2018ko uztaila]

Nuclear Data Center at KAERI. Eskuragarri URL honetan:


http://atom.kaeri.re.kr/ [azken kontsulta, 2018ko uztaila]

You might also like