You are on page 1of 29

PLATON

SARRERA

Zein da gobernatzeko sistemarik onena? Zer asmorekin hurbildu behar dute


politikariek agintera? Zer prestakuntza izan behar dute gobernariek?... Horiexek
dira Platonaren arreta erakarri zuten gaiak, eta gaur egun ere gure arreta
erakartzen jarraitzen dutenak, mende asko igaro diren arren. Esan ohi denez,
filosofiaren historia Platonek filosofiaz idatzitako gogoeten gaineko ohar saila
besterik ez da, hain da handia, sakona eta paregabea aurrean dugun pentsalari
greziarra. K.a. 427an sortu zen Platon. Sokratesen ikaslerik onena izan zen, eta
Aristotelesen maisu aparta. Haren filosofiaren garrantziaz jabe gaitezen, esan
dezagun Platonek ez diola inongo lehiari amore ematen, ez politikaz, ez kosmosaren
sorreraz, ez gizadiaren nondik norakoaz.

Platonen testuak irakurtzeko motibazioak era askotakoak izan daitezke, eta


denak kontuan hartzekoak. Filosofiaren zirrikituetatik sartzea izan dezakezu
atsegingarri, edo Mendebaldeko kultura-ondarearen sortzaileetako bat ezagutu
nahia. Edonola ere, literatura gustagarri baduzu, aho bete hortz geratuko zara
sormen handiko idazle honekin. Duela bi mila eta bostehun urteko kezkak eta
oraingo ardurak, esate baterako politikaz, heziketaz edo bizimoduaz, nahiko
antzekoak direla igarri izanak zer pentsatua emango dizu. Bestela, hasieran
aipatutako galdera horiek zure egungo ikuspegitik gogoan hartu eta aldera itzazu
Platonek zioenarekin. Ausartuko ez zara, bada!

Errepublika izeneko elkarrizketa Platonek helduaroan idatzitako liburu bikain


eta ezagunena da, dudarik gabe. Platonek aztertu zituen gai guztiak biltzen ditu
liburu horrek, nahiz eta ordena handirik gabe, haren filosofian ohikoa den moduan.
Platonen filosofiaren ikergaiak ez ezik, Mendebaldeko kulturaren zenbait zutabe
ideologiko ere agertuko zaizkigu, erne ibiliz gero. Besteak beste, zorionaren eta
justiziaren arteko lotura, eta zientziaren eta itxurazko hautematearen arteko
kontrakotasuna.

1
2
1. Datu biografiakoak eta testuinguru historikoa

1.1. Bizitza eta idazlanak

Platon Atenasen jaio zen, K.a. 427. urtean. Aristokles Podros zuen egiazko
izena, nahiz eta denek Platon deitzen zioten, «sorbalda zabalekoa» esan nahi duen
goitizenez. Amak Periktione zuen izena eta Solon legegilearen familiakoa zen; aita,
Ariston izenekoa, Kodro erregearen ondorengoa omen zen. Bi anaiek Glauko eta
Adimanto zuten izena, eta Errepublika liburuan aipatzen ditu. Bi osaba, Karmides
eta Kritias, oligarka handiki ospetsuak izan ziren. Platonen familia, beraz, entzute
handikoa zen, eta ageri denez, politikarako zaletasuna leinutik zetorkion.

Platon jaio eta handik gutxira Perikles hil zen, eta orduantxe has¡ zen Atenas
hiriaren gainbehera. Nolanahi ere, Platon gazteak goi-mailako familia greko bati
zegokion heziera izan zuen, eta Perikles agintariaren aroaren hezkuntza-tradizioan
murgilduta, arteak eta letrak ikasi zituen. Dramak eta olerkiak idatzi zituen gazte-
gaztetan, urte batzuk geroago erreko bazituen ere: Sokrates ezagutu ondoren,
maisu izango zuenarekin ikasi omen zuen benetako jakinduriaren bidea.

Goi-etorkiko familietako tradizioari jarraiki, Platonek karrera militarraren


oinarrizko hezkuntza jaso zuen, eta egin-eginean, Peloponesoko gudan zalditerian
borrokatzera iritsi zen. Halaber, senideen lanbidearen ildotik, eginkizun politikoei
ere eutsi beharko zien; baina, ondoko azalpenean aditzera emango dugun bezala,
zapuztu egin zitzaion politikaria izateko zuen hasierako joera.

1.1.2. Politikarako joera.

Hogei urte zituenean, K.a. 407. urtean, Sokrates ezagutu zuen, eta haren
taldekide egin zen. Sokratesek ezin hobeto erabiltzen zituen erretorika eta
elkarrizketa, baina garai hartako iritzi nagusien aurka, zuzentasun etikoa bilatu
nahi zuen eta horixe zen haren jardunbidearen araua. K.a. 403. urtean, demokrazia
berrezarri zen Atenasen, eta demokrazia indarrean zegoela, K.a. 399. urtean, epaitu
eta heriotza-zigorra ezarri zioten Sokratesi, bi akusaziopean: atzerritar jainkoen
aldeko sinesmena bultzatzea eta gazteria galbidean jartzea.

Gertaera horrek erabateko eragina izan zuen Platonen pentsamendu politiko


eta filosofikoan. Izan ere, politikarako hasierako joera galdu zuen, eta arazo politiko
eta moralak bihurtu ziren haren gogoeta-gaiak: Nola zen posible Sokrates bezalako
pertsona zuzen bati heriotza-zigorra ezartzea? Une horretatik aurrera, Atenasko
filosofoak gaitz iritziko zion politikan jarduteari, eta gizarte-antolakuntza asmatzera
egingo zuen, demokrazia-sistema ustela garbitzeko, betiere teoriaren ikuspegitik.

Platonek Kriton izeneko elkarrizketan kontatzen digunez, Sokrates kartzelan


zegoela, behin baino gehiagotan proposatu zioten ¡hes egitea lagunek, baita
atzerrira joatea ere, presozainak erosita baitzituzten. Sokratesek uko egin zion
proposamenari, eta arrazoiak ere eman zituen: heriotza-zigorra bidegabea izan
arren, bizialdi osoa eman zuen hiriaren esanak eta legeak bete behar zirela
aldarrikatzen, eta estualdi larri horretan ere bete beharrekoak ziren. Bestela
jendeak esan ahalko zuen, arrazoi osoz, legeak bete zituela soilik alde zituelako, eta
ez bete egin behar zirelako. Horrela irentsi zuen astaperrexilaz egindako edabea,
eta lagunen aurrean hil zen.

1.1.3 Bidaiak eta Akademiaren sorrera

Sokratesen lagunak arriskuan zeuden haren kontrako epaiketa eta heriotza-


zigorraren ondoren. Gauzak horrela, Platonek Atenastik alde egin zuen, eta
Megarara joan zen, Euklidesekin matematika ikastera. Ondoren, Egipto aldera
abiatu zen, bertako geometria-jakintzak ezagutzera. Azkenean, 40 urte zituela,

3
Siziliara iritsi zen, eskola pitagorikoaren ekarpenez jabetzera. Pitagorasen
jarraitzaileekiko harreman horrek bere zahartzaroan hain nabarmen egingo zen
zenbakiekiko grina piztu zuen.

Aldi hartan, Sirakusan zebilela, Dionisio I.a erregearen koinatua, Dion


izenekoa, Platonekin adiskidetu zen. Gure pentsalariak gizartea antolatzeko eta
gobernatzeko zuen sistemak erakarrita, Sirakusan bertan abian jartzeko
proposamena egin zion Dionek, Dionisio I.aren agintaldian.

Ez dakigu zergatik, baina Platon eta Dionisio I.a haserretu egin ziren.
Dakiguna da Platon handik abiatu, eta haren itsasontzia Egina uharteraino heldu
zela. Garai hartan Egina eta Atenas etsaiak ziren, eta hori dela-eta esklabu hartu
zuten. Eginan, Zireneko Anikeris izeneko merkatari batek ordaindu zuen erreskatea
(1.200 zilarrezko txanpon).

Berriro Atenasen, K.a. 387an, Platonek Akademia izeneko bere eskola sortu
zuen, izen bereko basoan (basoari hala zeritzon Akademo heroiaren omenez).
Unibertsitate-mailako ¡kasketak eskaini zituen lehen erakundetzat har daiteke, eta
matematika, astronomia eta zientzia fisikoen inguruko ikerketak egiten zituen.
Akademian, politikariak eta gobernariak izango zirenak hezten zituzten askatasun
osoz.

K.a. 369an, Dionisio I.a hil zenean, Dionek berriro ere gonbidatu zuen Platon
Sirakusara, erregearen oinorde zen Dionisio II.aren hezieraz arduratzeko. Hala ere,
Dion eta Dionisio II.a etsaitu egin ziren, eta Dionek Siziliatik alde egin behar izan
zuen. Platon Atenasera itzuli zen, dizipuluak jaramon gutxi baino gutxiago egiten
ziolako.

K.a. 361ean, Dion Sirakusara itzuli eta bertako agintearen jabe eginik, Platoni
deitu zion uhartera hirugarrenez, greziarrentzako konstituzio berria egiten lagun
ziezaion. Gauzak ez ziren orduan ere ondo irten: Dion erail zuten K.a. 353an.
Proiektu politiko-praktikoa hondatuta, Platon, lur jota eta zapuztuta, etxera itzuli
zen, eta, une horretatik aurrera, ez zen Atenastik gehiago irten.

Esperientzia politiko horien emaitza ez zen batere ona izan, eta Platonek
buru-belarri ekin zion Akademian bere jarduera teorikoari. Zuzentasuna eta haren
gaineko benetako ezagutza, Platon gehien arduratzen zuten gaiak, aztergai izango
zituen bere gogoeta filosofiko sakonetan, azken batean, uste sendoa baitzuen
edozein gizartetan hartutako erabaki politikoak haiei begira zertu behar zirela.
Geroago irakurriko dugun Errepublikaren VII. liburuan azaldu bezala,
komunitateetako agintariek pertsona prestatuenak eta jakintsuenak izan behar
dute, «estatuaren itsasontziak pilotu tinkoa eta nabigazio-bidearen ezagutzaile ona
behar baitu, eta ez edonor». Platon K.a. 347an hil zen. Akademiak lanean jarraiki
zuen, eta bizirik mantendu zuen gaurdaino heldu den eta gaurkotasunik galdu ez
duen pentsamendua.

1.1.4 Idazlanak

Platonen bizitza luzea oparoa izan zen idazkietan, eta argitaratu zituen
idazlanak haren pentsaeraren bilakaeraren isla dira. Gogoetak plazaratzeko erabili
zuen literatura-generoa elkarrizketa izan zen ¡a beti. Horrelako berbetaldietan,
Sokrates maisua jarri zuen doktrina propioaren adierazle, beste batzuekin solasean
diharduela: Platonek hitz egiten zuen Sokratesen ahotik.

4
Honako aldi hauetan banatzen dira Platonen idazlanak, kronologia-ordenari
jarraiki:

- Aro sokratikoko idazlanak. Sokratesen eraginpean sortutako


idazkiak dira, Siziliara eginiko bidaia baino lehenago idatziak, K.a. 388-
387 urte aurretik: Elkarrizketa gehienak ez dira emaitza zehatzetara
iristen, eta esaera sokratiko ospetsuaren itzalpean geratzen dira: «Ezer
ez dakidala besterik ez dakit».

Idazkiak: Apologia, Kriton, Protagoras, Karmides, Errepublikaren I.


liburua.

- Igaroaldiko idazlanak. Platon Sokratesen gerizpetik askatuz doa,


eta bere doktrina ezagutarazten hasten da.

Idazkiak: Gorgias, Menon, Kratilo.

- Helduaroko idazlanak. lzkribu hauek, seguruenik, Siziliarako


lehenengo eta bigarren bidaien artean idatzi zituen. Platonen doktrina
bereizgarrienak aurkitzen ditugu idazki hauetan.

Idazkiak: Oturuntza, Fedon, Errepublika, Fedro.

- Zahartzaroko idazlanak. Elkarrizketa hauetako batzuk Siziliarako


bigarren eta hirugarren bidaien artean idatzi zituen seguruenik;
gainerakoak, hirugarren bidaiaren ondoren. Lan hauetan ikus
daitekeenez, Platonen doktrina korapilatuz doa, eta gero eta abstrakzio-
maila handiagoa du:

Idazkiak: Teeteto, Parmenides, Politikaria, Timeo, Kritias.

1.2 Testuinguru historiko-soziala

1.2.1 Testuinguru historiko-politikoa

K.a. V. mendearen amaiera eta IV. mendearen hasiera krisi-garaia izan zen mundu
greko osoan, eta bereziki, Atenas Hirian. Gainbehera horretan zerikusi handia izan
zuten, alde batetik, Atenasen eta Espartaren arteko gerrek, eta bestetik,
antolakuntza politikoak.

a) Greziarren arteko gerrak

Hirien arteko garraiobideak egokiak ez zirenez, Greziako biztanleak estatu-


hiri autonomoetan bizi ziren. Etsaiengandik babesteko, ligak edo elkarteak sortu
zituzten, eta Atenas hiria Delos Liga izeneko elkartearen buru izan zen. Liga hori
Greziako hainbat hirik osatu zuten persiarren erasoei aurre egiteko. Egeo Itsasoko
uharteetako hiriak, baita Asia Txikiko kostaldekoak ere, Persiar Inperioaren
jazarpenen mende bizi ziren. Egoera horretatik askatzeko, Atenas¡ eta beste
hainbat heleniar hiriri eskatu zioten laguntza. Horrela has¡ ziren Mediar Gerrak,
herri grekoen eta Persiar Inperioaren artean.

Greziar guztiak batuta zeuden kanpoko etsai komunaren aurka. Baina


greziarrek persiarren kontra garaipen batzuk lortu ondoren (Maraton, Salamina eta
Plateako batailak), persiarrek bertan behera utzi zuten Grezia konkistatzeko asmoa,
eta K.a. 446. urtean hitzartu zen bi aldeen arteko bakea. Behin kanpoko mehatxua
desagertuta, greziarren arteko gerrak has¡ ziren; hain zuzen, V. mendean nagusi
ziren bi hiri handien artean: Esparta eta Atenas. Batzuen eta besteen garaipen eta
porrot sail baten ondoren, Atenasek eta Espartak Hogeita Hamar Urteko Bakea
hitzartu zuten (K.a. 445). Hurrengo urteetan Perikles izango zen Atenasen agintari,
eta parekorik izan ez duen kultura grekoaren loraldia abiarazi zuen.

5
Hala ere, K.a. 431n hitzarmena urratu eta Peloponesoko Gerra has¡ zen.
Espartak Peloponesoko Liga sortu zuen, eta gerra deklaratu zion Atenas¡. Atenas
galtzaile atera zen, hainbat arrazoirengatik: lehenik, izurriteak Atenas birrindu
zuelako (K.a. 430); bigarrenik, atenastarrek erabaki oker hartu zituztelako;
hirugarrenik, Perikles hil zelako (K.a. 429); eta laugarrenik, aristokraten eta herri
xehearen arteko liskarrek hirian zatiketa eragin zutelako.

Atenas eta Espartaren arteko gerra ez zen bi hirien arteko borroka soilik;
aitzitik, hiri bakoitzak babesten zuen erregimen politikoa zegoen jokoan.

Atenasko sistema politikoa demokrazia zen, eta sistema hori zabaltzen


ahalegindu zen mendekoen eta aliatuen artean. Horregatik, Atenasek politika
inperialista bultzatu zuen eta berehala aurrean Esparta hiriaren boterearekin egin
zuen topo. Espartako erregimen politikoa, aldiz, oligarkia zen. Beraz, grekoen
arteko Peloponesoko Gerra bi erregimen politikoren arteko norgehiagoka izan zen.
Espartak irabazi bazuen ere, denborarekin Grezia osoak galdu zuen, eta Greziako
urrezko aroa amaitu zen. Periklesek (K.a. 461-429) bazekien bi hirien artean gerra
piztuz gero, ez bata ez bestea ez zela irabazle izango, eta horregatik ahalegindu
zen bere agintaldian bi hirien arteko gerra saihesten.

b) Demokrazia

Platon jaio zenean, demokrazia zen Atenasko erregimen politikoa. Dena dela, ez
dugu pentsatu behar betidanik horrela izan zenik. Hasieran, arkonteak izenekoak
izan ziren hiriko agintariak eta komunitatea erregimen oligarkikoaren uztarripean
zuten. Hala ere, Drakon (K.a. 621) eta Solon (K.a. 594) legegileek egindako
aldakuntzen ondorioz, sistema oligarkikoa ahuldu eta herriaren esku-hartze
politikoa sustatu zen, harik eta demokrazia ezarri zen arte.

Periklesen garaian, sistema demokratikoak gailurrera jo zuen. Magistratuak nahiz


hiri-barrutietako buruzagiak noiz bozketaz noiz zozketaz aukeratzen zituzten. Joko
politiko horretan parte hartzeko eta buruzagi hautatua izateko, hiritar guztien
aukerak segurtaturik zeuden, aristokraten nahiz oligarken odolekoak izan gabe ere.
Esklabuak, atzerritarrak eta emakumezkoak, aldiz, ahalbide horietatik guztietatik
baztertuta zeuden.

Egoera horretan, hiritarrek jo zezaketen helbururik gorena auzitegietan eta


parlamentuetan arrakasta lortzea zen. Erretorika, hots, entzuleak konbentzitzeko
moduko argumentu sendoak plazaratzeko artea, guztiontzako ikaskizun bihurtu zen.

Sofistak agertu ziren, hau da, jakinduria-irakasleak, ordaintzen zieten guztiei hitzaldi
eraginkorrak eratzeko eskolak emateko. Entzuleria harri eta zur uztea
garrantzitsuago bihurtu zen argudioetan egia bera erabiltzea baino. Jarduera
demokratikoa demagogia hutsa bihurtzen ari zen. Alderdi-interesen arteko lehiek
eta azpijokoek, hau da, alderdikeriek, nahasi eta oztopatu egiten zituzten lantzean
behin har zitezkeen erabaki zuzenak. Gauzak horrela, Espartaren kontrako gerra
batzuk arduradun politikoen eta militarren arteko nahasmen eta koordinazio
faltagatik galdu ziren.

Platonen iritziz, demokrazia sistema politikoaren usteltze-prozesurako urrats bat


zen, eta Apologia bere idazlanean deskribatu zuen Sokratesen kondena eta
heriotza-zigorra horren adibide da: interes pribatu eta alderdikoiek manipulatutako
herritarren botoen indarrez, sekula eginiko bidegabekeriarik iraingarriena.

6
1.2.2. Testuinguru kulturala eta filosofikoa.

Platon pentsamenduaren alorrean murgildu baino lehen, Mendebaldeko filosofiak


bazuen ordurako tradizio luzea. Lehenengo pentsalari haiek unibertsoari buruzko
gogoeta zorrotz eta zehatzak egin zituzten, eta komeni da beraz haiek aipatzea,
Platon nola edo hala haien ondorengoa delako.

a) Filosofo joniarrak

Mendebaldeko lehenengo filosofoak ez ziren kontinentean jaio, Egeo Itsasoko


uharteetan eta Asia Txikiko kostaldeko herriak biltzen dituen eskualdean baizik.
Zergatik leku horietan eta ez, esaterako, Atenasen? Mendebaldearen eta
Ekialdearen arteko bidegurutzea zelako. Ekialdeko tratulari eta merkatariek, saldu
eta erosteko ekoizkinak ekarri ez ezik, haien kulturaren ondareak eskaini eta jaso
ere egiten zituzten. Ondorioz, unibertsoari buruzko ulerkerek topo egin eta horrek
gogoetara bultzatu zuen. Zalantzarik gabe, kulturaniztasuna aberasgarri izan zen.

Miletotarren pentsaera filosofikoaren aurretik, Greziako pentsaera mitikoa deritzona


dugu. Homero eta Hesiodo antzinako olerkariek asmaturiko kontakizunak munduko
edozein gertakariren azalpenerako giltza ziren. Gertatzen zen guztia norbaiten
eskupean zegoen; hots, jainko nahiz giza itxurako naturaz gaindiko indarren mende.
Gizakion antzeko kezkak zituzten goi-izakiek, eta gu bezain izaki apetatsuek
gobernatzen zuten mundua.

Miletotarrak, aitzitik, Europako lehenengo zientzialari bilakatu zirenak, jainkoen


aipamena alde batera uzten has¡ ziren, eta gauzen zergatiaren galderei erantzun
berri eta libreagoak asmatzen ahalegindu ziren. Lehenengo aldiz pentsamenduaren
historian, azalpen arrazional bat eman nahi izan zieten gertaerei, kontakizun
mitikoetara jo gabe, eta hori da benetan garrantzitsuena.

Lehenengo filosofoen ikergai nagusia, hortaz, gauza guztiak azken batean diren
lehen ekaia, edo sortzen diren lehenbiziko materia, edo egoera batetik bestera
aldatzera bultzatzen dutena, naturaren barne-dinamismoa izan zen. Lehen
printzipio horri arkhé deitu zioten. Lehen ekai hori aurkituta, unibertsoa arautzen
duten lege orokorrak egon badaudela esan, eta zein diren zorrozki aztertzeari ekin
zioten. Kosmosaren (ordenaren) ulergarritasuna aldarrikatu zuten, jainko
egoskorren apeten esku utzitako kaos ulertezinaren aurrean.

Izan ere, naturan nonahi gertatzen diren aldaketa-prozesuez arduratuta -jaiotzak


eta heriotzak, hazierak eta endekatzeak, haurtzaroa eta zahartzaroa-, bilakaera
horietan guztietan zerbait iraunkor zegoela pentsatzen zuten.

Bestela, bada, osagai iraunkorrik ezean, ezingo zen aldaketarik hauteman, eta
hasierako egoerarekin inolako loturarik ez duen beste gauza baten aurrean egongo
ginateke.
Zergatik aldatzen da errealitatea? Benetan aldatzen da ala zentzumenek iruzur
egiten digute? Bestela esanda, aldatzen dena benetakoa da? Aldaketa «arazo»
horren aurrean elkarren aurkako bi bide jorratu zituzten bi pentsalari ekarriko
ditugu hona.

Heraklito Efesokoak (K.a. 535-475) ez du elementu berezirik behar existitzen den


guztia azaltzeko; Guztia jario iraunkor bat da: «Dena etengabeko jarioan dago».
Dena mugimenduan dago, eta ezerk ez du betiko irauten. Naturaren legea
aurkakoen arteko borroka da, baina, hala ere, naturak badu barne-oreka dinamikoa:
Ezin gara ibai bateko ur berberean bi aldiz bainatu, sartu eta gero ur «berriak»
datozelako. Hala ere, ibai bera da: funtsezko batasuna dago. Heraklitok pentsatzen
zuen aldaketa guztiak zuzentzen dituen lege unibertsal bat (logos) dagoela.
Zentzumenetik datorren guztia ez da faltsua, baina ulertu egin behar da:
adimenak bakarrik bil lezake haren funtsezko batasuna.

7
Parmenides Eleakoaren (K.a. 544-450) pentsamendua Heraklitorenaren kontra-
kontrakoa da. Parmenidesen ustez, adimenak ezagut eta arrazoitu dezan,
beharrezko bidea kontraesanik gabe aritzea da. Baina zer ondorio atera zen
printzipio horretatik? Izatea bada eta hutsa ezereza, ez-izatea ez da ezer. Izateak
ez du hasierarik; noizbait has¡ izan balitz, ezer izango ez zatekeen unea gerta
zitekeen. Baina hori ez da posible: ezerezetik ezin da ezer eratorri. Ez-izatetik ezin
da izatea sortu; beraz, izatea betikoa da, eta aldaezina. Aldaezina, zergatik?
Aldaketak hurrengoa adierazten duelako: orain honelakoa dena izateari uzteko, eta
beste edozer izan baino lehen, ez-izatetik igaro behar da.

Prozesua honelakoa litzateke: izan, ez-izan, izan. Hori ezinezkoa da. Gertaeren
gaineko ikuskerak (kontraesanik gabe aritzea, hots, logikoki) zentzumenei
jaramonik ez egitea dakar, informazio kontraesankorra ekartzen baitute, eta
arrazoimenari lehentasuna ematea. Pentsamenak benetako ezagutza dakar,
izatearen ezagutza alegia; zentzumenek, aldiz, errealitatearen alderdi irrazionalak
eta iruzurrezkoak hautematen dituzte.

Heraklito eta Parmenidesen arteko auzia Platonengana heldu zen, eta eragin zuzena
izan zuen errealitatearen eta ezagutzaren Platonen teorian.

b) Pitagorikoak

Pitagoras K.a. 530 inguruan jaio zen, Samos uhartean. Antza denez, hainbat bidaia
egin zituen Ekialderantz, eta bertako irakaspenak bereganatu zituen. Elkarte edo
komunitate bat sortu zuen jarraitzaileekin batera, Pitagorikoaen eskola izenekoa.

Platon, naturako fenomenoen edo gertaeren aldaketa-prozesuari irtenbidea


aurkitzeko ahaleginetan, pitagorikoekin jarri zen harremanetan, Sirakusara eginiko
bidaietan. Elkarte pitagorikoek zuten antolakuntza ere eman nahi izan zion
Atenasko bere Akademiari. Bertan, esaterako, ez zituzten onartzen matematikaz
jabeturik ez zeuden pertsonak.

Pitagorikoek gorpuzdunak ez diren izakiak, hots, zenbakiak eta irudi geometrikoak,


asmatu zituzten, eta izaki horiek ez dira senti daitezkeen izaki errealak, pentsa
daitezkeenak baizik. Ahalmen hori Akademiako ¡kasketen helburuari guztiz
egokitzen zitzaion pentsamendu abstraktuan murgiltzeko gaitasuna izatea, eta
ikaslegaiek zenbakien gaineko jakintzarekiko zaletasun handia erakutsi behar
zuten.

Pitagorikoen ustez, errealitateko hainbat izakiren ezaugarri eta jokaera


matematikaren laguntzaz formulatu zitezkeen, eta, horren ondorioz, unibertsoko
izaki guzti-guztiak formula matematikoen bidez azal daitezkeela pentsatzen zuten.
Beraz, pitagorikoen doktrinaren arabera, matematikaren printzipioak izakien
printzipioak berak dira, eta matematikaren osagaiak zenbakiak direnez, zenbakiek
eratzen dute unibertsoaren izaera Zenbakiak bihurtu zitzaizkien, horrela, ikergai
nagusi.

Eskola pitagorikoak, zientziaren eremuan ez ezik, arlo erlijioso eta politikoan ere
jardun zuen. Matematika, musika eta astronomia lantzeaz gainera, arimen
hilezkortasuna eta transmigrazioa aldarrikatu zituen. Ekialdetik iritsitako
orfismoaren tradizioaren postulatuak berenganatuta, ezagutzaren bidezko
garbitzapena aldarrikatzen zuten, baita debeku hertsiek araututako bizitza-sistema
ere, errito misterikoez elikatuta.

Platonen ezagutzaren teorian, arimaren hilezkortasunak izugarrizko garrantzia


du, eta pitagorikoen antzera, arima gorputzaren mende jartzen duen edozertatik
askatzea izango da benetako ezagutza lortzeko bidea.

8
c) Sofistak: eszeptizismo epistemologikoa, erlatibismo morala eta legeen
konbentzionaltasuna

Periklesen mendean, hots, K.a. V. mendean, demokrazia sistema politikoa nagusia


zen Atenasen, eta batzar politikoetan hitz egiteko eskubidea aitortzen zitzaien
hiritarrei: demokraziak berdindu egiten zituen nobleak zirenak eta ez zirenak; kargu
publiko guztiak edozein hiritarren esku egon zitezkeen. Gauzak horrela, hirikideen
eginbeharra zen halako foruetan eztabaidatzea, entzutea eta erabakiak hartzea.
Testuinguru horretan, hitzaren erabilera egoki eta limurtzaileak garrantzi handia
hartu zuen: komunitatean bizitzeko, nor izateko, nork bere burua eta interesak
babesteko, hitzezko argudio sendoak eraikitzen jakin behar zen. Baldintza horietan
sortu eta, aldi berean, hartu zuten indarra sofistek. Baina, nor ziren sofistak?

Sofistak ez ziren atenastarrak, kanpotarrak baizik, eta hiritarrak ez zirenez, hiriko


batzarretan hitz egiteko eskubiderik ez zuten. Ondorioz, ezin zuten hiriko politikan
parte hartu. Kultura jasoko eta itzal handikoak ziren, eta bizi ahal izateko,
erretorika-eskolak eta elkarrizketarako teknikak saltzen zizkieten tasak ordaintzen
zituzten gazte aberatsei.

Sofisten iritziz, Natura edo Physisa gizakiaren borondatetik kanpokoa da; hots,
gertatu beharrekoa gertatzen da, eta gizakiak horretan ezer egiterik ez duenez,
Naturak ez du ikergai izan behar. Beraz, jakinduria-emaile hauek unibertsoaren
izaerari buruzko filosofo zaharren gogoetak baztertu, eta arazo berriak plazaratu
zituzten: antropologiakoak, hizkuntzazkoak, zuzenbidezkoak, politikoak
eta moralak, hain zuzen. Eta gizarte eta kultura bakoitzak bere portaera-ereduak
dituenez, gizakia ikertu behar da errealitatea ikertu ordez: gizakia eta giza kontuak
dira garrantzitsuena. Trasimako, Gorgias edo Protagoras («gizakia gauza guztien
neurria da.) izan ziren mugimendu intelektual horren ordezkari nagusiak.

Bestetik, Parmenides eta Demokritok ez zituzten zentzumenak erabili errealitatea


zer den azaltzeko: zentzumenek ez digute benetako ezagutza ematen
(Parmenides), edo errealitatea zati ikusezinez (atomoak) osaturik dago (Demokrito).
Sofistek, aldiz, zentzumenen baliozkotasuna azpimarratu zuten. Zer ondorio atera
daiteke? Zentzumenetik datorkigun informazioa aldatzen da pertsonaz pertsona,
banakakoa, norberarena baita. Horiek horrela, norberaren esperientzia da
garrantzitsuena.

Orduan, zein da egia, zeuk ala neuk hautemandakoa? Gauza eta pertsona guztien
gaineko egiarik ez dago, eta ondorioz ezin da ezagutu: eszeptizismo
epistemologikoa.

Argudio horrek etikan eta politikan ere balio du. Legeek eta ohiturek galdu egin
zuten antzina izan zuten jainkozko izaera: legeak edo ohiturak zuzenak ziren
«sakratuak» zirelako. Agnostizismo horren ondorioz, atenastar ohiturak, erlijioa eta
erakundeak kritikatu zituzten, eta erlatibismoa aldarrikatu zuten: balioak eta
kultura-edukiak zuzenak ala ez-zuzenak, egiazkoak ala faltsuak dira, ikuspuntuaren
arabera. Atenasen eta Espartan, esaterako, legeak desberdinak ziren. Zergatik?

Legeek berezko baliagarritasunik ez dutelako: gizakiok gizarterako adosten


(hitzarmenez) ditugun arauei jarraiki egiten ditugu komenigarriak, onuragarriak
irizten diegulako, eta horrela egiten ditugu baliozko: horretan datza, hain zuzen,
legeen konbentzionaltasuna.

Elkarrizketetan solaskideek erakutsitako arrazoiak egiazkotzat har ditzaten trebe


izatea da, sofisten iritziz, jokaera arrakastatsua -eta ondorioz, bertutetsua-.
Platonen doktrinaren eginkizunetako bat sofisten bertutearen ikusmolde hau
kritikatzea izango da. Izan ere, Platonen iritziz, planteamendu hori jakinduriaren
erronkari uko egitea da, gizakion interes pribatuak lehenesten baitira egia eta
zuzentasunaren gainetik.

9
d) Sokrates

Sokratesek ez zuen ezer idatzi, eta hari buruz dakigun guztia hurrengo
filosofoengan izan zuen eraginagatik da. Sarritan arazo izaten da jakitea zer den
Sokratesek berak esan zuena eta zer haren jarraitzaileek adierazitakoa. Dena dela,
egungo ikertzaile gehienen ustez, Platon eta Aristoteles dira iturri fidagarrienak
haren pentsamendua ikasteko.

Aristotelesen arabera, bi izan ziren Sokratesen ekarpenak: elkarrizketa bidezko


argudiaketa induktiboa eta definizio unibertsala. Horrez gainera, ez dugu
ahaztu behar bere irakaspenak erabili zituela bere bizitzan, eta, horren ondorioz,
bizitzaren zein heriotzaren aurrean jardunbide eredugarria utzi zuela ondorengo
filosofoentzat. Platonen pentsamenduan nabarmena da hori.

Antierlatibismo morala: definizio unibertsalak

Sokratesek eta sofistek garrantzia eman zioten hitzari, nahiz eta helburu
desberdinekin: sofistikaren erlatibismoaren kontra, Sokratesek definizio
unibertsalak egon badirela esango zuen, gauzen artean zerbait komun dagoen
aldetik.

Sokratesen iritziz, egia bilatu ordez, eztabaida politikoetan eta epaitegietan hitzari
adiera propioa ematera ohitzen ari ziren Atenasko hiritarrak, norberaren interesen
araberako pentsamolde guztiak ontzat harturik eta erlatibismo arriskutsuan eroriz.

Erlatibismoari aurpegia eman nahian, Sokratesek hala zuzentasunari nola


edertasunari dagokienez, definizio zehatza emateak berebiziko garrantzia duela
erakutsiko zuen, eta banan-banako adibideen gainetik, hitzaren esangura mamitsua
aurkitu eta mugatu beharra dagoela aldeztuko zuen: iritzi guztien gainetik,
jardunbide zuzena (egia morala) bilatzea da gure egitekoa, inori irakatsi
ahal izateko.

Platonen maisuak Etikaren eremura zeramatzan erlatibismoaren aurkako ikusmolde


hauek. Horrela, Sokratesena lehen moral arrazionala dela esan daiteke.

- Intelektualismo etikoa. Bizibide bakoitzean aritzeko hari dagozkion


xehetasunak ondo ezagutu behar diren bezala, bertutean aritzeko ere arlo
horretako berezko jakingarrien jabe izan behar da.
Sokratesek, hortaz, bertutea jakintzari lotzen dio -onbidea jakintzaren mende
jartzen baitu-. Giza bertutea zertan datzan jakiteaz batera, norberaren
arrazoimenak hartarako ekintzak egiteko aginduko du berehala. Eta
nahimenak bete baino ez ditu egin beharko.
Bestela esanda, inor ez da okerra bere borondatez; hots, inork ez du gaizkia
egiten nahita, baizik eta jardunbide zuzena ezagutzen ez duelako edo
egoera bati dagozkion inguruko guzti-guztiak ezagutzen ez direlako
(intelektualismo etikoa).
Era horretan saiatu zen Sokrates erlatibismoa gainditzen: ezagutza eta etika
batuz, alegia.

Maieutika: Sokratesen metodoa

Oraintsu esandakoari lotuta, filosofia jarduera gisa ulertzeko joera zabaldu


zuen. Filosofia ez da pentsamendu amaitua, argia bere azken ondorioetan, baizik
eta bizialdian ardura diguten usantzaz, elkarlanean, solasaldien bidez, ozta-ozta
mamitzen den gogoeta.

10
Elkarrizketaren bitartez gogoetatzeari ekiteko metodo sokratikoa bi urratsek
osatzen zuten:

- Ironia. Ezjakinaren itxura eginez, elkarrizketan parte hartzen dute


solaskideen hasierako jakinduria kritikatzen du, mintzakidearen zalantza
eta jakinezaren aitorpena lortu arte. Sokratesek ezjakinarena egiten du,
eta mintzakideek aldarrikatutako ideien azpian ezkutatzen diren
kontraesanak agerira ateratzera mugatzen da. Honela jokatuz,
Sokratesek erantzun desegokiak baztertu nahi ditu, eta egokien bila
abiatu.

- Maieutika. Gure barnean ditugun ezagutzak erditzen lagundu behar du


filosofoak. Ezagutzean ez dugu ezer berririk asmatzen (Sofisten kontra),
barneko edukiak kanporarazten baizik. Sokratesen ustez, amak
(emagina zen) haurrekin egiten zuena egiten du maieutikak ideiekin:
ateratzen lagundu. Prozesu osoaren bukaeran, ikergaiaren gaineko
erabakiarekin (gehienetan, definizioarekin) topo egitea zuen helburu
Sokratesek.

Giza auziei buruzko elkarrizketan oinarritutako horrelako metodo filosofikoa


erabilita, hamaika kontzeptu moralen gaineko ikerketa sakonak egitera heldu zen,
eta horregatik, hainbat hirikideren ahulezia morala agerian utzi zuen. Auziperatu
eta heriotzara kondenatuta, hiriaren legeei muzin egin baino nahiago izan zuen
zigorra bete.

2. Platonen pentsamendua

2.1 ldeien teoria: dualismo ontologikoa

Platonen izatearen teoria ondo ulertzeko, kontuan hartu behar dugu nolakoa zen
Atenasko egoera politikoa eta filosofikoa. izan ere, demokraziaren garai onenak
joanak ziren, eta sistema demokratikoa usteltze-prozesuan zegoen. Peloponesoko
Gerra galdu ondoren, Atenasek Grezia osoan izan zuen nagusitasuna amaitu zen.
Giro politiko horretan, eszeptizismoa eta erlatibismoa nagusi ziren sofisten
irakaspenen ondorioz. Horren guztiaren ondorioetako bat Sokratesen heriotza
dugu. Nola saihestu horrelakorik gertatzea? Errealitatea ikuspuntuaren araberakoa
da, hots, ez dago egia absoluturik? Ez dago esaterik, azken batean, zein den
jokabide eta politika zuzena? Platonen ustez, balio absolutuak, hots, Edertasuna,
Ausardia, Maitasuna edo Zuzentasuna, existitzen dira. Baina hori justifikatu egin
behar da, eta horretarako, errealitatea, benetako errealitatea, zein den eta nolakoa
den azaldu behar da. Horretan datza izatearen teoriaren garrantzia.

Platonen ustez, zentzumenen bidez hautematen dugun mundu fisiko-


materiala etengabe mugitzen eta aldatzen ari da. Horrela, ezinezkoa da ezagutza
zientifikoa eratzea. Zientziak edo ezagutza zorrotzak ondo definitu behar ditu bere
ikergaiak, eta definizioak ezin aldatuzko ezaugarriez osatzen direnez gero, ezin dira
mundu fisikoan aurkitu.

Horrela, bada, bereizkuntzak bereizkuntza, sentimenezko munduko gauza


bakoitzak badu berea duen ezaugarria, lorea lore eta zaldia zaldi egiten duena, eta
bestetik lorea eta zaldia elkarrengandik bereizteko balio duena. Eskuan ditudan
atzamar guztiak dira atzamarrak, guztiz desberdinak badira ere. Nola da posible
hori?

Hauxe da Platonen erantzuna: munduan diren loreak, zaldiak eta abar


guztiak materiagabeko eredu banaren arabera sortuak direlako. Animaliak eta
bizidunak, oro har, hilkorrak dira; hala ere, haiei dagozkien forma edo eredu

11
materiagabea, gauzaki bakoitza sorrarazten duen ideia, hain zuzen, ez da
desagertzen, betiko eta aldaezina baita.

Beraz, badago izatearen alderdi egonkor bat, aldatzen ez dena. Zer da


alderdi egonkor hori? Zerbaiten definizioa ematen dugunean, komun dituzten
ezaugarriak aditzera ematen ditugu kontzeptu jakin batez baliaturik; kontzeptu
horretan biltzen den hura da alderdi egonkor hori; hots, izen bera duen gauzaki
multzo berari dagokion forma edo ideia. Baina, kontuz! Ideia hitzak okertu ahal
gaitu Platonek ematen dion adieran ulertzen ez badugu. Hizkuntza arruntean ideiak
dira pertsonoi bururatzen zaizkigun asmazioak, burutapenak, etab. Platonen ideiak
ez dira pentsamenduaren asmazioak edo burutapenak, eredu aldaezinak,
betierekoak eta perfektuak baizik: benetako errealitatea.

Gauzak horrela, izaki eder asko egon daitezke, baina edertasun bakarra
dago, zeinen adierazgarriak baitira gauza eder zehatzak. Era berean, berdin
gertatzen da betebeharra, adiskidetasuna, edertasuna, zuhurtzia, maitasuna eta
abarrekin: esangura egonkor eta unibertsalari lotzen zaizkio. Ondorioz, zuzena zer
den erabakitzeko orduan, argudiatzeko teknikari (erretorika) erreparatu ordez,
benetako errealitateari (ideiari) aditu behar zaio. Horretan datza izatearen
teoriaren garrantzia.

2.1.1. Ideien eremua

Platonen teoria honen arabera, ideia unibertsalak materiazko mundu


honetatik kanpo legokeen izate-eremukoak dira. Badirudi, bestalde, mundu
materiadunaren eta ideien munduaren arteko aldea espaziozko bereizkuntza
izateraino ere heltzen dela. Ideiek beren bizilekuan irauten dute betiko, eta mundu
fisikoan diren izakiak, aldiz, etengabe mugitzen eta eraldatzen dira. Sentimenezko
munduko gauza orok ideien munduan dagokion unibertsaletik hartzen du bere
izatea, edo, beste era batera esanda, mundu fisikoko gauza orok ideien mundu
barnean hartzen du parte, zeren beheko mundu honetakoak dagokien forma edo
ideiaren kopia baitira. Sentimenezko mundua askotarikoa da, hots, zaldi, lore eta
atzamar desberdinak daude izaki horiek parte hartzen dutela dagokien ideietatik,
baina bakoitzak era zehatz batean eta ideia agortu gabe.

Inoiz inork ezagutu edo atzemango ez balitu ere, ideiek, beren horretan izan
diren eran, gizaldiz gizaldi iraungo lukete.

Timeo izeneko elkarrizketan, berriro dioskun legez, jainkoak - «Demiurgo»,


haren hitzetan - mundua eratu zuenean, alde batean materia zuen, eta bestean,
materiari forma emango zion ideien multzoa. Ondorioz, ideiak sentimenezko
mundutik kanpo egon badaudela adierazten du Platonek berriz ere.

2.1.2 Bestelako ideien existentziaren beharra

Moralaren kontzeptuez gogoeta egitean, ideiek existitu behar dutela


ateratzen du ondoriotzat Platonek. Sentimenezko munduan zirkulu perfektua ¡non
ez dagoen moduan, ¡non ere ez da on nahigarria eta biribila izango, sentimenezko
mundu honetaz gain adimenezko munduan izan ezik.

Beste edozein ideia edo formaren gainetik, moralgintzaren (Zuzentasuna,


Ontasuna) eta estetikaren (Edertasuna) unibertsalak ikertzeko grina azaldu zuen
Platonek lehenbizi. Ondoren, edertasuna eta ontasuna ez ezik, beste hainbat izaki
ere definitu beharrekoak badirela pentsatu zuen, eta arruntagoak nahiz zatarragoak
diren arren, definizio batez adieraztekoak (zaldia, etxea, harkaitza ere definitu
behar dira). Mota askotako unibertsalak direnez gero, zatarrak batzuk eta
gogoangarriak besteak, esentzien artean zenbait mailatako ideia multzoak daudela
adieraziko zuen Platonek, hierarkia osatzen duten ideia multzoak, alegia.
Garrantzitsuena ongia dugu: ideia guztien mailakatze horren punturik gorenean

12
ongiaren ideia dago, mundu adigarria argitzen duena, hots, ulergarri egiten duena,
sentimenezko munduan Eguzkiak argitu eta ikusgarri egiten duen moduan
(haitzuloaren mitoa). Ongiaren azpian matematikazko kontzeptuak eta
zientziazkoak oro har; eta azkenik, gauzaki zakar bakoitzak duen formak moldatzen
duen ideien beheko maila.

• Ideien ezaugarriak

Bil ditzagun ideien inguruan aditzera eman ditugun ezaugarriak. Lehenengo,


ideiak betikoak dira, edo denboraz gaindikoak. Bigarren, bakarrak dira, izaki
bakoitzeko ideia bana dagoelako. Eta hirugarren, aldaezinak dira, aldaketarik ez
dutelako.

Fedon izeneko idazkian, bestalde, ideien bereizgarritasuna beste era batera


adierazten du. Izan ere, hiru dira ideiei egozten dizkien ezaugarriak:

- Arrazoimenez ezagutzeko modukoak dira. Sofisten akatsa izan


zen gauzen itxurazko ezaugarriez haraindian ez jotzea, eta, ondorioz,
zentzumenaren mende egotea. Filosofiaren egitekoa da ikusmenaz,
entzumenaz eta gainerako zentzumenez eginiko azterketari ¡hes egitea
izakien benetakoa (adigarria) ezagutzeko.

- Zentzumenez jasotzen ditugun gauzakiei zerbait irizteko


erreferentzia-puntuak ditugu ideiak. Gizon edo emakume zintzoa
eta justua den ala ez erabakitzeko, horrelakoei datxezkien irizpideak
erabiliko ditugu, eta, ondorioz, balioen ideiei begira ebatziko dugu.
Beraz, gizaki bat ez da zintzoa izango erabilitako ikuspuntuaren arabera,
unibertsala (ez-erlatiboa) den erreferentzia-puntuaren arabera baizik
(ideia).

- Ideiak objektu naturalen zergatikoak dira. Sentimenezko


Munduko gauzakiek dagozkien ideietatik hartzen dute beren izana, eta
alde horretatik gauzaki horien zergatikoa (izateko zergatia) dira.

Laburbilduz, beraz: izakiari buruzko teoria honek (edo teoria ontologikoa) bi


mundu daudela adierazten du; mundu fisikoa bata, eta ideien mundua, bestea.
Mundu fisiko honetatik at dauden materiagabeko izaki absolutu, aldaezin eta
orokorrek benetako errealitatea osatzen dute.

2.2. Ezagutzaren gaineko teoria: dualismo epistemologikoa

- Zentzumenen bitartez ez da benetako ezagutza eskuratzen.


Zentzumenen bidez hautemandakoa etengabe aldatzen denez gero, sekula ez da
izatearen mailara iritsiko: hautemateak (edo pertzepzioak) kontu hartzen dio
itxurari, eta ez benetako izaerari. Bilakabidean dagoen ezer ezin da benetako
ezagutzaren osagai izan.

Benetako ezagutza, hortaz, ez da hautematea, itxurazko ezaugarrietara


zuzentzen dena. Horrela balitz, inor ez litzateke izango bestea baino jakitunagoa,
denok baititugu zentzumen berdinak eta antzeko hautemateak.

Bestalde, ezagumenean dugun edukien multzoa, osorik hartuta, ez da


zentzumenez antzemandakoa, zeren eta ideia ugari bururatu baitzaizkigu argudio-
ahalmenaz edo arrazoimenaz baliatuta.

- Arrazoimenaren bitartez eskuratzen da benetako ezagutza.


Platonen aburuz, gure jakinmina ez da asetzen harik eta izaki egonkorren bat

13
aurkitzen dugun arte, bere baitan berdinik dirauen izakiren bat, alegia. Izan ere,
pertsona bati edertasuna zer den galdetuko bagenio, eta haren ustez ederrak diren
gauzakien zerrenda bat baino emango ez baligu, edertasuna bere horretan, hau da,
edertasuna bere jatorrian ez duela ezagutzen erantzungo genuke: ezagumenaren
helburua kontzeptu unibertsalak aurkitzea da, ezer gutxi aurreratzen baitugu
ezagutzaren bidean etengabe aldatzen diren gauzen ezaugarri partikularrez
bakarrik ohartzen bagara.

Dagoeneko badakigunez, erabateko ezagutzaranzko bidean, honako hiru


egoera hauetatik igaro behar dugu:

- Ezjakintasunaren maila. Benetako jakinduriaren jabe dela uste duen


pertsona harroaren egoera ez-jakinduria hutsa da.

- Zentzumenen maila. Zentzumenetako informazioan oinarritutako jakite-


egoera erdi mailako ezagutza da, errealitatearen gaineko iritziak ematean
oinarritzen delako.

- Arrazoimenaren maila. Arrazoimenaren azterketa fin eta sakonaren


ondorioz eskuratzen den egoera ezagutza-maila gorena da; ezagutza izena
merezi duen tankera bakarra da, emaitzatzat zientzia baitauka.

Beraz, Platonen doktrinaren arabera zenbait ezagutza-maila ditugu:


lehenengo egoera kenduta -bertan objektu bat bera ere ez baita ezagutzen-,
zentzumenez baliaturiko ezagugaiak, batetik, eta arrazoiaren bidezkoak, bestetik,
ditugu. Horrela, bi errealitate-maila hartu behar ditugu kontuan nagusiki,
aipatutako ezagutza maila bakoitzari (iritziari eta zientziari, hurrenez hurren)
dagozkion ezagugaiak direlako.

- Bide okerra ez-jakinduriaren ondorioa da.


Jakinduria zer den azaldu ondoren, ez-jakinduria zertan datzan argituko
dugu. Ergelkeria, bere izatez, ez da ez-jakinduriaren benetako erakuslea,
ahuleziarena baizik. Ez-jakinduriari, batetik, nork bere burua jakitun duelako
uste harroa, eta, bestetik, botere-nahia eransten zaizkionean, orduan sortzen
da zorigaitzik handiena. Beraz, goian aipatu dugun bezala, nork bere burua
jakitun duelako uste faltsua da ez-jakinduria.

Esanak esan, nahita gaizki jokatzea, hau da, gaizki jokatzen dela jakitun
egotea, ezinezkoa da Platonen ustez. Sokratesen moralaren doktrina
azaltzean esan dugun bezala, jakitunak, benetako jakintzaren jabe denak,
ezin du bidegabeki jokatu, berak jabe duen zuzentasunaren ezagutzak gizaki
zuzen bihurtzen duelako ezinbestean. Hau da, oinarrizko jakintzak ondorio
zuzenak ditu jakitunengan, beren jokamoldea egokitzen eta artezten baitu.
Bide okerra hautatu izana ez~jakinduriaren ondorioa da, beraz.

- Benetako ezagutza ezin da irakatsi norberaren jarreraren


ondorioa da.
Platonen ezagutzaren teoria zeharo loturik dago areté (bertutea) delakoaren
burutapenarekin, ondoren azalduko den moduan. Edozein izakik duen
garapen betea adierazten digu areté hitzaren esangurak. Gizatasunari
dagokionez, beraz, edonor bere izatearen betekizunera ematen denean,
areté deritzoguna gauzatzen dela diogu (ausardia, zuhurtasuna,
eskuzabaltasuna, etab.).

Aipatutako areté irakastea, politika-esparruari datxekiona batik bat, sofisten


nahia izan zen. Dagoeneko ikusi dugun moduan, boterea eta arrakasta nola
eskuratu irakatsi nahi zieten sofistek Atenasko aberatsei.

Dena den, ekintza bat edo beste egiten ikastea ez da kontu berbera. Lurra
jorratzeko nekazariek lortu behar duten jakintza, edo itsasontzia gidatzekoa

14
lemazainak eskuratu behar duena, ez dira alderagarriak gizabidea irakastearekin,
eta ezin dira bertutearen ikaspenaren parean jarri. Aurrez aipatutako trebeziak
hezigarriak dira, baina gizalegezko gizon-emakume legez jarduten irakastea ez da,
antza denez, egingarria. Horra hor gizon eta emakume arrakastatsuen adibidea:
negozioetan nahiz alderdi politikoetan gailenak izan arren, nekez lortzen dute beren
iaiotasuna irakastea, ezta beren seme-alabei ere.

Nolanahi ere, jarduera zehatzak egiteko jakingarriak, aldez edo moldez 1,


eskura daitezke, batzuk ekinaren ekinez 2, eta beste batzuk, berriz, horietarako
jaioaz. Filosofiaren jakintza modua, ordea, ez da teknikarena bezalakoa.
Filosofiagintzaren ezaguera, gizatasunari, estatuari zein munduari dagozkion
jakingarriak bilatzera zuzentzen dena, ez da sistematikoki egiten den horietakoa.
Filosofia jakin-minak bultzaturikoa eta galdera eta erantzunen bidez gauzatzen den
ezagutzaren egokiera bakarra da, beharbada sekula amaierara ailegatzen ez bada
ere.

2.2.2 Ongiaren kontzeptua eta dialektika

Ezagutza-maila batetik bestera igotzea beharrezkoa da jakinduria


eskuratzeko. Eta behetik goranzko igarobide honen bultzagarria heziera dugu.
Goranzko bidea den ¡kasketa-prozesua (igoera malkartsua) da dialektika, baina
zentzu hertsian azken mailari bakarrik dagokio, Zertan datza? Galderen eta
erantzunen bitartez, hots, elkarrizketaren bidez, zientziaren printzipioak
eskuratzean datza. Horretarako mailaz maila igaro behar da hasierako hipotesi
okerrak (iritziak) baztertuz, kontzeptu aldaezinak (zientzia) eskuratu arte.
Filosofoak dira azken urratsa eman behar dutenak, eta, ondorioz, dialektikoak
izango dira: zientziak ezagutu ondoren, Ongia (azken urratsa) ezagutzea lortuko
dute. Eta ikaskizunak bukatu ondoren, hiriaren agintea beren gain hartzeko gai
izango dira.

Hezieraren kontu hau da jorratu behar dugun pasartearen lehenbiziko


ikergaia, Errepublika lanaren VII. liburuan datzana, hain zuzen. Beste zenbaitetan
bezala, Platonek alegoria bat dela bitarte sartzen gaitu hezieraren gaineko bere
ikuspuntuan. Haitzuloaren mitoaz ari gara.

Harpearen barnealdean kateaturik aurkitzen diren gizon-emakumeak


barruko hormari begira daude, atzean duten suteak hondoan islatutako objektuen
itzala besterik ez dakusatela. Kanpoaldekoa -benetakoa, azken batean-, ezin ikus
dezakete. Iritzia deritzogun ezagutza maila (doxa) jarraitzen duten horiek, itzalok
benetako errealitate-ikuspegitzat hartzen dituzte, euren mundua eta munduko
guztia betidanik ilunetan ikustera ohituta baitaude.

Dena dela, pertsona hauetakoren batek kanpora ateratzea lortuko balu,


ezindurik legoke kanpoaldeko argitasunari erreparatzeko. Horretarako,
begiramenak argitasunera poliki-poliki ohitzen joan beharko luke, lehenengo itzalak
begiratuz, gero uretan islatutako gizon-emakume eta gauzakien irudiak, eta
azkenean, bada, eguzki beraren argindarra begiztatzeko gauza litzateke.

Platonek erakutsi nahi duen ikasbidea honako hau da: gure jaiotzezko
ezagumenaren egoera aipatutako morroiena bezalakoa da. Lehenago esan bezala,
errealitatea zentzumenez atzitzetik egiatan gogoan hartzera igarotzeko, heziera
dugu pizgarri. Hezierak morroiari burua jirarazten dio beheko itzalak ikustetik goiko
kanpo-mundurako atera begiratzera behartzen duela. Izatearen goreneko maila
ere, hots, ongia, -haitzuloaren mitoan, eguzkia- ikusaraziko digu hezierak.

1
Aldez edo moldez: hala edo nola.
2
ekinaren ekinez: behin eta berriz saiatuz gero.

15
Ongia ikustatzera heltzeko gizakiok izango dugun prestaketan, «ideiak» eta
kontzeptuak ikertzen dituzten zientzia moduak baliagarriak izango dira.
Horrelakoak ditugu, besteak beste, aritmetika -kalkuluaren jakintza den
bezainbatean-, zentzumenen okerreko atzemateak zuzentzen baititu; geometria,
forma aldaezinen zientzia gisa; eta azkenik, astronomia, mugimenduetatik
perfektuena, hau da, zeruetakoa, ikertzen duena.

2.2.3 Maitasuna: ezagutzaren eragilea

Adimena izatea ez da nahikoa ezagutza azaltzeko. Benetako ezagutza


lortzeko ezinbesteko gaitasuna da, baina ez nahikoa. Beste zerbait ere behar da.
Adimena eta ezagugaia lotu behar dira, eta elkartze hori ez dario adimen hutsari;
horretarako, maitasuna behar da. Nola ulertu behar da maitasun hori? Ondo
ulertzeko, kontuan izan behar dugu Sokratesen jarrera: ikasi ahal izateko, lehenbizi
ez dakidala onartu behar dut (dena dakidalako uste harroa ezabatzea), hots, zerbait
falta zaidala. Zerbait falta dela onartuta, maitasunak beharrezko duen nahigarria
bilatzen du. Zer nahi ote du maitasunak irrikatzen duena baino? Maitasunak
edertasuna eta jakinduria irrikatzen ditu, biok falta dituelako.

Edertasun-nahigarria lortzeko, gizakiak urrats batzuk igaro behar ditu, poliki-


poliki bertaratzeko: lehenbizi, gauza eder bat ikus dezake, estatua bat esaterako.
Jarraian gorputz guztien edertasuna berdintsua dela ohartuko da, eta gorputzeko
edertasunaren gainetik, arimarena dagoela aterako du ondorio. Gero, erakunde eta
legeen edertasunaren bila abiatuko da; ondoren, zientziarena, edo ederra bere
baitan zer den aztertzera joko du. Edertasuna nozio absolutu, betiko eta iraunkor,
goi-mailako hau, gauza guztien iturburua dela onartuko da. Ikus daitekeenez,
Edertasunaren zerizana atzitzeko urratsez urrats joan behar da.

2.2.4. Ezagutzea gogoratzea da.

Sofistek ezagutza ezinezkoa dela zioten, zeren eta bilatzen ari garen
ezagugaiarekin topo egin arren, lehendik nolakoa den ez dakigunez gero, ezin dugu
identifikatu. Adibidez, gure gelako bi ikasle elkar ezagutu aurretik, elkarren ondotik
igaroz gero, batek ezin izango luke bestea ezagutu aldez aurreko ezagutzarik ez
dagoelako.

Jarrera eszeptiko hau gainditzeko asmoz, Platonek behin eta berriro


adierazten du ezagutza ariman betidanik egon den jakingarrien oroitzea dela.
Beraz, irakastea ez da begiei ikusmena ematea, eduki badaukate, baizik eta behar
den lekurantz begiraraztea. Izan ere, ezagutzea ez da zerbait berria
bereganatzea, baizik eta betidanik jakin duguna gogoratzea. Irudi alegoriko bat
erabilita adierazten duen gisan, arimak, gorputzarekin batu aurretik, ezagutza-
objektuak diren zerizanak ezagutu zituen behinola. Zigor baten ondorioz, ahaztu
egin zituen. Hala ere, sentimenezko mundua zerizan horien antzeko kopia moduan
eginda dagoenez gero, hura ikusitakoan jatorrizko ezagutza-objektuak gogora
datozkio, ozta-ozta bada ere.

Bestela adierazita: munduan benetako zuzentasuna eta benetako zirkulu edo


geometriazko irudirik ez badago, izatez, gure arimaren baitan egon behar dute,
halako batean ideiak ezagutzera iritsi ahal izateko.

Baina betidanik zekiena gogoratzeko, arimak ere betidanikoa izan behar du,
bestela ez dago gainditzerik Sofisten eragozpena. Beraz, arimaren hilezkortasuna
(pitagorikoen eragina) ezagutzaren bermea izango da. Ikus dezagun hurrengo
atalean.

16
2.3. Dualismo antropologikoa: gorputza eta arima. Arimaren teoria

Platonen doktrina morala azaltzeko, nahitaezkoa zaigu arimaren teoriaren


zenbait alderdiri kontu egitea. Arimaren jardueraren oreka eta zuzentasuna jokaera
moralaren oinarri izango dira, eta zoriontasuna eskuratzera eramango dute gizakia.

Gizadiak bi osagai ditu, Platonen iritzian: arima eta gorputza. Arima


jainkozkoa da, betierekoa eta hilezina; gorputza, aldiz, hilkorra, zantarra eta
arimaren kartzela edo hilobia.

Platonek hiru arima mota edo arimaren hiru zati -bakoitza bere
zereginarekin- bereizten ditu: zati arrazionala, zati oldarkorra eta zati irritsua. Hiru
zatien arteko erlazioa hegadun gurdiaren alegoriaren bidez erakusten digu
Platonek. Arima, alde horretatik, irudi horretan agertzen diren osagaiak (gurdia,
gurdi-gidaria eta bi zaldiak, bata zuria eta bestea beltza) bat eginda iraunarazten
dituen indar natural legez ikusten du Platonek.

- Arrazoi-arima edo zati arrazionala gizakiaren goi-mailako gaitasuna da.


Buruan kokatzen du, eta gurdi-gidariak ordezten du. Gogamenaren
funtzioak betetzen ditu: pentsamena eta nahimena.

- Suminezko arimak edo zati oldarkorrak gaitzespen, mendeku, ausardia


edo koldarkeria gisako sentimenduetatik sortzen den gogoa bideratzea
du zeregin. Bihotzean datza, eta zaldi zuriak ordezten du.

- Irritsezko arimak edo zati irritsuak bizirik irauteko sena, otorduen


plazerra, mina eta bestelako nahierak ditu sentimendu. Soin edo
sabelean kokaturik dago, eta zaldi beltza da haren ordezkaria.

Hiru arima zati horietan, nagusia arrazoi-arima da, gainerakoei nagusitu


behar baitzaie, bere mendean hartuz. Arrazoizko zati hau hiltzen ez den bakarra
da, beste biak gorputzari lotuta daudenez gero, gorputzarekin hilko direlako.
Suminezko eta irritsezko arima zatiek gizakiaren alderdi sentikorra eskaintzen dute.
Arima arrazionala, berriz, ideien mundukoa da izatez, bertan egon eta bertatik
baitator kasuan kasuko gorputz hauetara.

Bestalde, arima zati bakoitzari berezko ontasuna dagokio bere jitez. Horrela,
arrazoi-arimaren onbide edo bertutea zuhurtzia da. Beraz, egia eta ongia bilatzea
du eginbide.

Suminezko arimaren ontasuna sendotasuna dugu. Gure asmo eta nahiak,


harro sentitzekoa, ospea eta boterea lortzekoa, besteak beste, behar bezala
orekatzen saiatu behar du, baita norberari zuzendutako erasoen aurka tinko
jardutean ere.

Irritsezko arimarena, azkenik, neurritasuna da, gure gurarien joerak


neurtzeko eta menderatzeko ardura duena.

Platonek, Fedro izeneko


elkarrizketan, hegadun
gurdiaren alegoria erabiltzen du
arimaren natura azaltzeko.
Gurdi-gidaria, arimaren zati
prestuen eta jasoena, ideiak
ezagutzen aritzen da, eta,
horretarako, beste bi zatiak
bideratu eta zuzendu behar
ditu. Adorea eta borondatea
erakusten dituen zaldi zuri eta

17
ederrak arimaren zati oldarkorra adierazten du, eta erraz bidera daiteke. Arima
irritsuaren berri ematen duen zaldi beltz, txar eta itsusia, grina eta irrika
neurrigabeen mende, bideratzen zailagoa da. Edonola ere, bi zaldiak egoki
menderatu behar ditu zamaltzainak; bestela, hiru arimen ontasunak orekatzen ez
baditu, gizabanakoak ez du zuzentasuna lortzerik izango.

Arimaren hiru zatiek -pertsona bakoitzaren baitan- elkarren artean dituzten


eraginak nolakoak izan, honelako edo halako taldeari atxikita geratuko da. Horrela,
batzuen arimaren gaitasun nagusia arrazoizko ahalmena bada, horiek guztiak
gobernari-gaien taldean sartuko dira. Eta irizpide honi jarraiki, hurrenez hurrengo
taldeak sortuko dira, Platonek gaitasunen test psikologiko berezia egin izan balie
bezala. Segidan dagoen taulan erakusten dira, hain zuzen, arimaren hiru zatiei
dagozkien ezaugarriak eta gainerako ondorioak Platonen teoria etikoari eta
politikoari dagokienez.

Adierazpide Ezaugarri Berezko


Arimaren zatia Hiri-egitekoa
alegorikoa psikologikoak bertutea

Arrazoi-arima Gogamena
Gurdi-gidaria Filosofo-
edo (pentsamena, Zuhurtasuna
(burua) agintaria
zati razionala nahimena)

Suminezko Adorea,
arima Zaldi zuria kemena, Zaindaria
Sendotasuna
edo (bihotza) haserrea, (soldadua)
zati oldarkorra ausardia

Plazerra, mina,
Irritsezko arima Zaldi beltza
behe-
edo (soina edo Neurritasuna Eskulangilea
instintuak,
Zati irritsua sabela)
grinak

Arimaren oreka Hegadun Hiru zatiek zein


eta gurdia, bere bertuteari Zuzentasuna Hiri zuzena
Harmonia ondo zuzendua eustea

Arimaren hilezkortasunari lotzen dio Platonek gorputzaren gaineko arimaren


gailentasuna deritzon argudio morala. Arrazoibide honek dioskun legez, arima
hilkorra izango balitz, heriotza berdina litzateke maltzurkeriaz zein on beharrean
jokatzen duenarentzat. Hortaz, jokabide moralak zentzua gal ez dezan, lur honetan
ongi jokatzeko eginahala saritu behar da hil ondoren.

2.4. Bertuteak eta hiri ideala

2.4.1 Hiriaren antolaketa

Hiria antolatzeko, Platonek kontuan hartzen ditu aurreko puntuan azaldutako


arimaren hiru zatiak. Izan ere, gure filosofoaren doktrina politikoak arimari eta
bertuteari buruzko ikusmoldeak ditu oinarri. Platoni, egia esan, ez zaio interesatzen
estatuak nolakoak diren jakitea, nolakoak izan beharko luketen zehaztea baizik.
Berak jasotako esperientziak zeresan handia du ardura horretan, zeren eta, bai
Sirakusan, bai Greziako hirietan -eta Atenasen bereziki-, agintariei, batetik, eta herri
xeheari, bestetik, kontu politikoetan sumatu zizkien jokamolde zantar batzuek
zeharo nahigabetu baitzuten -Platonek ezin ditu gogotik uxatu Sokrates bere
maisua auziperatzeko eta kondenatzeko egin ziren azpijokoak eta eroskeriak-.

18
Harrezkero, jarraitzeko moduko eredu politikorik ¡non ez zegoela pentsatu zuen, eta
gobernari-lana egingo zuten agintariek prestakuntza aproposa eta berezia jaso
behar zutela erakustera lotu zen.

Alde horretatik, politikari buruzko Platonen gogoetak biltzen dituen testurik


aipagarriena Errepublika dugu. Elkarrizketa honetan, erkidego perfektuaren
barrutian gizateriarentzat bideratu behar den hezkuntzarik egokienaren ildo
nagusiak proposatzen ditu.

Errepublikan taxutzen den komunitatearen jatorria eta helburua zuzentasuna


da. Zuzentasunik ezean, ez dago elkartean behar bezala bizitzerik. Hirikideak
dagokien eginkizuna betetzeari gogoz lotzen zaienean, orduan gauzatuko da
zuzentasuna hirian. Hainbat dira, eta denak oso garrantzitsuak, hirietan sortzen
diren egitekoak, nork bere gaitasunen arabera zeregin aproposenak hautatu behar
dituelako, kontuan hartuta estatuaren sorburuko xedea ondasunen ekoizpena eta
hirikideen beharrizanei erantzutea dela, beharrizan horiek asetu nahian.

Bestalde, gizakiek elkarrenganako beharrizana dutenez, elkarkidetzan bizi


eta ekoizkinak sortzeko elkarlanean jardutera jo behar dute. Horrexegatik biltzen
dira hiriaren babespean, guztion beharrizan ekonomikoak berdintzeko, nork bere
abileziak elkartearen zerbitzura jarriz.

Platonen iritziz, hiritarrak elkargoari eskain diezaiokeen laguntza hainbat


hobea izango da jaiotzez dituen trebezietara doituz gero. Hirian beharrizan berriak
sortu ahala, beste lanbide batzuk ere sortuko dira. Halako batean, hiriaren
hazkundearen eskutik, ondoko lurraldeak ere indarrez hartu beharko dira. Platonen
ustez, gerraren zergatiak ekonomikoak dira.

Gerran denbora luze jarduten duten herrialdeetan, gudukatzeko jendea


prestatu behar da. Horrela, sortzen dira, bada, soldaduak edo hiriaren zaindariak -
horrela deritze Platonek-, berebiziko hezieraren hartzaile bihurtuko direnak. Haiei
dagokien egitekoak ere ezagutzan oinarritu behar du (gudarosteak zuzendu,
kanpamenduak ezarri, etab.). Matematika, kasurako, garrantzitsua da ¡kasketa-
prozesu horretan, adimena lantzera bultzatuko baitu. Baina soinketa eta
gorputzaren prestaketa neurtuaren alde egiten duen guztia ere sustatu behar die
estatuak, jagoleek bizkor eta zorrotz jokatu ahal dezaten zaintza-lanetan.

Estatuaren agintaritzan jarduteko, zaindarien artetik onenak aukeratu behar


direla diosku Platonek. Eta heziera-prozesu luze baten ondoren, estatuaren interes
orokorrak lortzeko grinan aritutakoak, norberaren interesak alde batera utzita,
gobernari ezin egokiagoak izango dira. Hezieraren azken muga honetara heltzen
direnak, hots, ideia guztien iturria den Ongia aditzera iritsitakoak, filosofoak dira,
eta estatuaren gobernua dagokie.

2.4.2 Hiru gizarte sail

Hiriaren antolaketa, beraz, gizatalde bakoitzari dagokion funtzioari jarraiki


egiten du Platonek. Horrela lortzen du herritarren interesak bateratzea, eta guztion
zereginak koordinatuta, zuzentasuna hirian nagusi izan dadin. Honako hauek dira
gizarte sailak:

a) Produktugileak

Eskulangintzan trebea denak oinarrizko ondasunak ekoizteko ardura izango


du. Sail honetan daude nekazariak, eskulangileak, saltzaileak, etab. Platonek giza
talde honi dagokion bertute bereizgarria ere zehazteari ekiten dio: neurritasuna,
berauen ariman berezko irritsak oso nabarmenak baitira, eta hauek kontrolatuz
iristen baitira perfekziora.

19
b) Zaintzaileak

Soldaduek gaitasun fisiko eta moralez horniturik egon behar dute.


Gizartearen defentsa izango da dagokien eginbeharra, eta sendotasuna, euren
onbidea edo bertutea.

c) Gobernari filosofoak

Beraien bertutea eta abilezia zuhurtasuna da. Aurreko gizarte-mailako


hiritarren artetik egokiena erregea edo agintaria izango da.

Gizarte-klase bakoitzak berea betetzen badu, ordena eta harmonia


nagusituko dira hirian, eta zuzentasuna ezarriko da. Beraz, hiriaren gobernua
betekizun garrantzitsuena denez gero, adituen esku utzi behar da, zuzentasuna eta
ongia ezagutzen dituenak beste inork ezin baitu hiria gízalegez gobernatu.

Platonen sistema hau ez bide dator bat demokraziaren adiera arruntarekin.


Onenak eta adimen-gaitasun handienak dituztenak baino ezingo dira agintari
politikoak izan. Sokratesen ikasleak espirituzko aristokrazia izena erabiltzen du
behin baino gehiagotan bere sistema politikoa izendatzeko. Ageri denez,
demokraziaren inguruko PIatonen iritzia ezkorra da.

Justizia bideragarri izateko baldintzak ere aipatzen ditu Platonek:

- Lehena, aberastasuna eta txirotasuna desagertzea da, gizon-


emakumeak euren betekizunetara adi egoteko oztopoak baitira. Goi-
mailako gizarte sail biek, soldaduek eta gobernariek, ez dute ondasunik
behar, ezta inolako ordainik ere, bizitzeko behar dituzten bitartekoak
salbu. Eskulangileari, berriz, ez zaio jabetza ukatu behar.

- Zuzentasunaren bigarren baldintza, horrenbestez, goi-mailako gizarte


taldeek familia gisako bizimoduari uko egitea da. Emakumeek eta
gizonek politikan parte hartzeko aukera dutenez gero, familiak traba
besterik ez lieke egingo estatuaren gobernu-kontuetan sartzean.
Halaber, gizon-emakumeen arteko ezkontzak estatuak ditu bere
mendean: seme-alaba osasuntsuak jaio daitezen, estatuak arautu eta
erabakiko du nolako bikoteak sortuko diren. Seme-alaben heziera ere
estatuaren ardurapean dago..

2.4.3 Estatu formak

Platonen ustez, gizakien bizibide zoriontsua eta onbidetsua estatuaren


eginbide nagusietako bat da. Estatuaren egitekoa eta gizabanakoarena, beraz, ez
doaz bide desberdinetatik. Hiritar guztiak, jokamoldez, txarrak balira, estatuaren
onbidea ezinezkoa litzateke. Era berean, estatuaren jarduna maltzurra balitz,
hiritarrek ezingo lukete behar bezala jokatu.

Gizakien eta estatuaren gainetik, haatik, guztien baitan indarrean dagoen


araubide morala dago, justiziaren tankerako jokamoldeak berdintsuak baitira
batean zein bestean. Irizpide horri jarraik¡, Platonek estatu eredugarria
aristokraziari deritzo, bertan adituek edo onenek gobernatzen baitute. Agintarien
botere-jardunak okerrera egiten duenean, berriz, estatuaren justizia-bidea gaiztotu
edo bihurritzen duten honako estatu hauek sor daitezke:

a) Timokrazia

Gobernariak lurraz eta bestelako ondasunez jabetzen direnean, ohorea eta


handinahia izaten dira gaiztotzearen bultzagarriak.

20
b) Oligarkia

Aginteak ondasunen jabetza du oinarri, agintariak aberatsak dira eta.


Saiatsuak eta diruzaleak dira estatuaren aginteaz baliatzen direnak.

c) Demokrazia

Herriaren gobernuan oinarritzen den tankera honi gaitzirizten dio Platonek:


gobernu-lanetan prestatuta ez dagoena ez da egokiena izango ezagutzen ez
dituen kontuez erabakitzeko. Hortaz, ezjakinari (hots, hiritar xeheari) ez zaio
hiriaren agintea eman behar.

d) Tirania

Gobernu erarik ankerrena da, eta horregatik, higuingarriena. Askotan,


demokraziaren gehiegizko askatasuna dela bide sortu ohi da tirania.

2.4.4 Zoriona eta Gorengo Ongia

Platonen aburuz, gizakiaren azkeneko helburua zoriona lortzea litzateke, arimaren


ahalbideak behar bezala sustatuta. Zein bidetatik iristen gara zoriontasunera?
Zertan datza gizakiarentzako Gorengo Ongia? Hauxe da erantzuna: Gorengo Ongia
atseginaren eta jakinduriaren arteko bizimodu konbinatu bat izan liteke soilik.
Plazerraren eta jakinduriaren arteko nahastura horrek, baina, neurriko nahastea
izan behar du. Ongia eskuratzeko, plazerra eta jakinduria era egokian konbinatu
behar dira.

Bertuteak eraginda, beraz, ongi absolutua atzematen duen pertsona,


gorengo zoriontasunera iristen da. Horretan datza bertutearen balio ordaindu
ezina, gizakiarentzat altxorrik preziatuena baita -hala diosku Platonek-. Eta nola
jokatu behar dugu bertutetsu bilakatzeko?

Bertutea arimaren osasuna dela diosku Platonek. Eta arima osasuntsu


agertzen da bera osatzen duten zatiak dagokien moduan eta zereginetan aritzen
direnean: norberak ongien egiten dakien zereginetan aritzen denean. Hortaz,
arrazoi-arimak jakintsu eta zuhurki jardun behar du; suminezko zatiak, berriz,
sendo; eta irritsezko alderdiak, azkenik, neurritsu. Horrela jokatuta, arima
osasuntsu dagoela diosku Platonek, bere barne-indarren artean harmonia nagusi
delako. Bertutearen jabe izatera heldu da. Hara nola parekatzen duen Platonek
bertutearen nozioa zuzentasunaren ideiarekin.

Onbideak eta bertuteak ezagutzarekin bat egiten dute, eta Sokratesi


jarraituz, inork ez du maltzurki jokatzen nahita. jokabide okerrak aukeratzen
ditugunean, gure ustez ona den zerbait egiten ari gara, jokabide okerra dela jakin
gabe. Orduan, zergatik gertatzen da horrelakorik? Gure aukeraketek ekarriko
zituzten ondorioak kontuan hartu (behar bezala ezagutu) ez ditugulako. Sokratesen
hitzekin esateko, zapatagile onak ezin ditu oinetakoak gaizki nahita egin, bere
interesen kontrako zerbait delako.

21
3 Platon eta Aristoteles

Aristoteles Estagiran (greziar Mazedonia) jaio zen, K.a. 384. urtean, eta K.a.
367 urtean Platonen Akademian sartu eta 20 urtez bertan osatu zuen bere heziketa.
Platonen eragin nabarmena izan bazuen ere, Aristotelesek beste norabide bat eman
zion Mendebaldeko pentsamenduari, maisu zuen Platonengandik hainbat arlotan
urrunduz. Ikus ditzagun zenbait desberdintasun.

3.1 Platonen ideien teoriari eginiko kritika: hilemorfismoa

Platonek eta Aristotelesek eszeptizismoa baztertu nahi dute, eta hori dela
eta biek esaten dute errealitatea adigarria dela eta ezagutu egin daitekeela. Baina
benetako errealitatea (Ontologia) zer den azaltzeko orduan, bi planteamenduak
desberdinak dira. Esan bezala, Platonek adierazi zuen sentimenezko mundua ez
dela benetako errealitatea; zehatzago esateko, ez dela errealitatea. Aristotelesek,
aldiz, errealitate substantziala eta errealitate akzidentala bereizi zituen.
Aristotelesek errealitate substantzialaren barnean sartzen du, alde batetik,
inguratzen gaituen eta zentzumenez hautematen dugun errealitatea, lehen
errealitatea edo lehen substantzia, eta bestetik, esentzia unibertsalak edo bigarren
substantzia. Errealitate akzidentala da gauzaki zehatzetan bakarrik hauteman
daitezkeen ezaugarriak: kantitatea, neurria, kolorea, etab. izatez errealitatea den
bakarra lehenengo substantzia da, eta akzidenteak ez, ezen lehengo substantzian
baino ezin dira izan. Errealitatearen barruan lehenengo substantzia jartzean,
sentimenen bitartez hautematen dugun zehaztugabeko materia, Platonen
idealismoaren aurrean errealismoa aldarrikatu zuen Aristotelesek,

Nola azaldu sentimenezko munduan aldaketak izatea? Platonen ustez,


sentimenezko mundua benetakoa ez delako, kopia baizik. Zer dio Aristotelesek?
Aldaketa azaltzeko Aristoteles bere teoria hilemorfikoan oinarritu zen. Zertan
datza? Lehenengo eta behin, aldaketa zer den zehaztu behar da. Parmenidesekin
bat dator honako honetan: zerbait ez izatetik izatera iragatea da, edo alderantziz,
ez izatetik izatera. Baina ulertu behar da zer den ez izate hori. Haz¡ bat ez da
itsasontzi bat, eta gainera ezin da izan. Kasu horretan aldaketa ezinezkoa da.
Baina haz¡ bat, oraindik, arrosa ez da, baina izan daiteke. Ez-izate hori desberdina
da, zentzu erlatiboan ulertu behar da, eta ez du ukatzen aldaketa. Aristotelesen
arabera hiru elementu sartzen dira aldaketa-prozesuan: orain dena (oraingo izatea
edo forma), aldatzen den gaia (subjektua), eta ez-izate erlatiboa; hau da, izan
daitekeena (potentzialitatea). Izakiak ez dira oraintxe direnak bakarrik, izan
daitezkeena ere bai. Beraz, izakiak bi elementuz osaturiko substantziak dira:
materia eta forma (hylea). Baina Aristotelesen ustez, formak ez daude materiatik
haragoko beste nonbait (Platonenen ideien munduan), materia bati era
banaezinean lotuta baizik.

Errealitatea ulertzeko era horrek eragin zuzena du ezagutzaren teorian


(epistemologian), ezen Platonen ikuspuntutik ezagutza-prozesuan sentimenezko
esperientzia engainagarria eta guztiz baztergarria bada, Aristotelesen ustez, ordea,
ezagutza esperientziarekin hasten baita, eta, ondorioz, inola ere ez baztergarria,
nahiz eta esperientziarekin ezagutza ez den amaitzen.

Eta sentimenezko munduaren ulertzeari eta teoria hilemorfikoari lotuta dago


gizakiaren definizioa. Gogoratu behar dugu Platonen ustez gorputza arimaren
kartzela dela, eta zentzu hertsian, gizakia arima baino ez dela, nahiz eta gorputz
batean egon. Aristotelesek bestela pentsatzen du: arima bizi-printzipioa da,
gorputzari lotua eta, beraz, hilkorra. Gorputza eta arima batasun substantziala dira;
hots, bi elementuek errealitate bat osatzen dute: gizakia. Gauzak horrela,
Aristotelesek zalantzan jartzen ditu arimaren hilezkortasuna eta Platonen
erreminiszentziaren teoria edo oroipenaren teoria.

22
Zoriontasunari buruzko bi pentsalarien ulertzea ere desberdina da. Platonek
ezagutzari lotzen dio. Oraintsu esan bezala, hiri justuan, jakintsuek gobernaturiko
hirian lortzen da zoriontasuna. Aristotelesen arabera, guztiok nahi dugu zoriontsu
izan, eta ondo bizitzea eta ondo jokatzea zoriontsu izatea da. Baina zehatz-mehatz
zertan da bien arteko desberdintasuna? Lehen azaldutako bertute-kontzeptuan.
Platonen ustez, arimaren alderdi bakoitzari dagokion bertutearen arabera
antolatutako bizitza orekatua da zoriontasuna. Zentzu horretan, zoriontasuna
barne-printzipio (berezko gaitasun bati) bati dago lotua. Hala ere, Aristotelesen
ikuspuntutik denok lortu nahi dugun hori, zoriontasuna, alegia, praktikaren bitartez
lortzen den helburua da, eta ez berezko gaitasun batzuei esker. Euskaldunok zera
esango genuke Aristotelesek zoriontasunari buruz duen ideia ulertzeko: arian-arian
xehatzen da harria (Zoriontasuna).

3.2 Teoria politikoa: gizatasuna eta erregimen politikoak

Gizartea antolatzeko erari dagokionez ere zenbait desberdintasun aipa


daitezke. Aristotelesen arabera, gizakiak bizirik iraun nahi badu, elkartu egin behar
du nahitaez; hau da, gizartean elkartu behar du eta perfekzioa gizaki bezala
garatzeko ondo antolaturiko gizarte batean bizi behar du. Gizakia animalia
politikoa da, eta gizatiarrenak ez direnak soilik bizi daitezke gizarterik gabe:
animaliak edo jainko-jainkosak bakarrik bizi daitezke gizartetik kanpo. Ikus
daitekeenez, hemen ez da Platonengandik urruntzen. Baina mazedoniarraren
ustez, elkarterik berezkoena eta lehenengoa familia da, gero familiaz osaturiko
elkartea den auzoa, eta azkenik, hiria. Beraz, familiak bere garrantzia du, eta ez da
oztopo.

Estatua antolatzeko bi gobernu mota bereizten ditu: zuzenak eta okerrak.


Zuzenak dira guztien ongia bilatzen dutenak eta okerrak dira gobernuan daudenen
interesak baino babesten ez dituztenak. Zuzenen artean, monarkia, aristokrazia
eta errepublika aipatzen ditu. Bestetik, gobernatzeko era zuzen bakoitza ustel
daiteke: monarkia usteltzen denean, tirania bihurtzen da; aristokrazia usteltzen
denean, oligarkia, eta errepublika usteltzen denean, demagogia (demokrazia
erradikala). Hala ere, teorikoki monarkia eta aristokrazia estatua antolatzeko
sistemarik onenak badira ere, errealistagoa izateko sistemarik onena da gehiengo
erdiko klase batek ezartzen baditu jokaera-ereduak: errepublika. Sistema hori
oligarkia eta demokraziaren artean kokatzen den tarteko erregimena da.
Aristotelesen ustez, gobernu mota bat definitzeko orduan, irizpidea ez da zenbatek
gobernatzen duten, nork gobernatzen duen baizik. Kopurua ez da garrantzitsuena,
beraz. Izan ere, demokrazia ez da guztien gobernua, pobreena baizik, pobreak
gehiengoa direlako. Era berean, oligarkia ez da bakar batzuen gobernua,
aberatsena baizik. Horrexegatik, erregimen horien zuzenketa ez datza kopuruan
(zenbatek gobernatu behar duten), dituzten ondasunetan baizik. Politikan aritzen
direnak ezin dira oso aberatsak izan, ezta pobreak ere; gutxieneko ondasunak eduki
behar dituzte, denbora librea eduki eta horrela politikan jardun ahal izateko.
Gauzak horrela, Aristotelesek ez dio egingarri irizten jabetza pribatua desagertzeari,
Platonek proposatzen zuen moduan. Bestetik, hiriko erakundeetan hiritarren
zeregina zehazterakoan, Aristotelesen planteamendua desberdina da. Haren ustez,
hiritar guztiek parte har dezakete polisaren erakundeetan merezimendua (bertutea)
kontuan hartuta, eta ez beste irizpide batzuen arabera, adibidez, dirua eta
ondasunak oligarkian eta berdintasuna demokrazian. Hala ere, gogoratu behar da
Aristotelesen ustez hiriko biztanle guztiak ez direla hiritarrak: esklabutza naturala
eta onartu beharrekoa da, eta aldi berean, ezinbestekoa da estatua antolatzeko.

Nola lor daiteke zuzentasuna hirian? Sokratesi jarraituta, Platonek uste du


ezagutzak bermatzen duela zuzen jokatzea. Zuzentasuna zer den ezagutzen
duenak zuzen jokatzen du ezinbestean (intelektualismo etikoa). Aristotelesen
iritziz, ezagutza beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa. Izan ere, zuhurtzia
bertutearen bitartez, erdiko puntua zein den ezagutzen dugu; hots, muturreko
jarrerak bereizten ditugu. Hala ere, ezagutza horrek ez du ziurtatzen hori
aukeratuko denik. Arrazoimenak ez du aukeratzen, nahimenak baizik. Tarteko bide

23
hori, aukeratu, jarraitu eta eusteko beste gaitasun batzuk behar dira: bertute
etikoak. Ohiturak eta bertute onak erabiliz bihurtzen gara bertutetsu, eta
horretarako esperientzia oso garrantzitsua da. Ekintzak behin eta berriro
errepikatuz eskuratzen dira ohiturak.

Bertute etikoen artean justizia sartzen du Aristotelesek, baina bi filosofoek ez


dute era berean ulertzen justizia. Platonek harmoniarekin, orekarekin lotzen du hiri
justua: hiritar bakoitzak duen gaitasunari loturik, eta horren arabera berezko duen
zereginetan aritzen bada, hiria justua izango da. Aristotelesen justizia-kontzeptuak
kontuan hartzen ditu legezkotasuna eta merezimendua. Legezkotasunak legeak
esandakoaren arabera bizitzea esan nahi du; merezimenduak, hiritar guztiei tratu
berdina ematea, merezi dutenaren arabera.

Bertutea da hiria iraunarazten duen bakarra. Izan ere, gobernurik onena


irauten duena izango da, ezen irauteko tarteko jarrera hartu behar baita muturreko
politikak saihestuz. Hiriak ondo funtzionatzeko, legezkotasunak agindu behar du,
baina legeak ez du oligarkikoa ez demokratikoa izan behar.

24
HIZTEGIA

Aldakortasuna:
Sentimenezko munduko gauzakien bereizgarritasuna. Izakia gauzatzeko prozesua
da, izakia bere izatera heltzeko aurrerabidea. Filosofiazko gogoetan aritzearen
hasierako urratsetan aurkitzen da honako aztergai hau. Lehendabiziko filosofoek,
presokratikoek hain zuzen, pentsamendu filosofikoa sortu zuten, gauza guztien
aldakortasunak txundituta. Hori dela kausa, aldaketaren abiapuntuan dagoen
osagaia topatzeari ekin zioten. Parmenidesen ustez, sentimenen iruzurra eta
arrazoimenaren ikuspuntutik ezinezkoa dena. Heraklitosen iritziz, «Dena
etengabeko jarioan dago». Dena mugimenduan dago, eta ezerk ez du betiko
irauten. Platonen iritzian, ezagutzaren objektuak izate iraunkorra izan behar du, eta
izate aldakorra ustearen mintzagaia da.

Arima:
Gizakiaren natura eratzen duten osagai bietako bat; bestea gorputza da. Arima
hilezina da eta gorputz hilkorrari loturik dago, zeinen barruan espetxeratu antzean
aurkitzen baita. Arimaren egitekorik garrantzitsuena gorputza mendean hartzea da,
norbera jakintzara, bertutera, eta guztiaren ondorioz, zoriontasunera gidatzeko.
Giza arimaren goi mailako betekizuna dela bitarte, alegia, arrazoimena dela bitarte,
arima gai da benetako ezagutza lortzeko. Platonen hitzei jarraiki, arimaren begiak
mundu ulergarriko zerizanak atzematen ditu, eta egiazko errealitateaz jabetzen da.
Baina esentzia horiek atzitzera heltzeko, arimak prestakuntza berezia behar du,
haitzuloaren alegorian igoera-prozesuaren bidez adierazten dena. Izan ere, arimak
sentimenezko munduko gauzetatik abiaturik, eta horietatik pixkanaka-pixkanaka
askatuta, benetako ezagutzaren objektuak diren zerizan abstraktuekin topo egin
behar du. Errealitate adigarriaren eremuan arazorik gabe murgiltzeko gai izatea,
hiriaren gobernari bihurtzeko froga-harria da.

Arje edo arkhé (printzipioa):


Grekoz sorburua edota lehen gaia adierazten duen hitza da. Presokratikoek erabili
ohi zuten, munduaren sorreran izan zen materiazko osagaia adierazteko.
Lehenengo filosofoen ustez, etengabeko aldaketan dagoen errealitatearen azpian
printzipio iraunkorra (arjé) dago, eta etengabeko jarioan dabilenari batasuna
ematen dio. Kosmosaren egitura eta aldakortasuna azaldu azal izateko elementu
fisikoak erabili zituen lehenengo azalpen arrazionala izan zen, azalpen irrazionalak
baztertuz.

Arrazonamendua (diánoia):
Abstrakzio matematikoez edo zientziaren objektuen irudiez baliatzen den
argudiaketa. Sentimenen bidez gauzatzen den ezagutzari kontrajarrita, arrazoizko
argudioak erabiliz aurretikoetatik dagozkion ondorioetara igarotzeko gaitasuna da
arrazonamendua. Platonek ezagutza maila hau zentzumenezko datu enpirikoekin
buruturikoa eta ezagutza intuitiboaren artean kokatu zuen.

Bertutea (areté):
Izaki bakoitzaren betekizunera eramaten duen bidea da. Hori dela eta, onbide izena
ere ematen zaio. Beraz, zentzu zabalenean adierazi nahi duena da edozeinek duen
berezko ahalmen edota gaitasunaren betekizuna. Era honetara edozein gauzari edo
bizidunari atxiki ahal diogu. Arimari dagokionez, arrazoi arima beste arima zatiei,
hots, arima irrazionalei gailentzea litzateke bere bertutea. Sofisten eta Sokratesen
arteko desberdintasun garrantzitsuenetako bat bertutearen definizioa izan zen:
lehenengoen ustez, entzuleak limurtzeko gaitasuna zen; Sokratesen iritziz, ordea,
uste sendoak bilatzeari lotu zion; hots, bertutea jakintzari lotu zion.

25
Demiurgoa:
Unibertsoaren sortzaile gisa agertzen da Platonen zenbait testutan, batez ere,
Timeo delako elkarrizketan. Bere izatez, Demiurgok ez du mundua sortzen, hau da,
ez du ezerezetik mundua ateratzen. Egiten duena da betiereko forma gabeko
materiari falta duen forma ematea. Horretarako, betiko ideiei begiratzen die, eta
eredutzat hartuta, materia egokitzen du ideia horien erara imitatuz.

Dialektika:
Elkarrizketari lotzen zaio hitz hau. Ezagutza maila batetik bestera igotzea
beharrezkoa da jakinduria eskuratzeko. Eta behetik goranzko igarobide honen
bultzagarria heziera dugu. Goranzko bidea den ¡kasketa-prozesua (igoera
malkartsua) da dialektika, baina zentzu hertsian azken mailari bakarrik dagokio.
Zertan datza? Galdera eta erantzunen bitartez, hau da, elkarrizketaren bidez,
zientziaren printzipioak eskuratzean datza. Horretarako, mailaz maila igaro behar
da hasierako hipotesi okerrak (iritziak) baztertuz, kontzeptu aldaezinak (zientzia)
eskuratu arte. Filosofoak dira azken urratsa eman behar dutenak eta, ondorioz,
dialektikoak izango direnak: zientziak ezagutu ondoren Ongia (azken urratsa)
ezagutzea lortuko dute. Eta ikaskizunak bukatu ondoren, hiriaren agintea beren
gain hartzeko gai izango dira.

Dualismoa edo bikoiztasuna:


Monismoaren edo errealitate bakarraren aurkako jarrera da bikoiztasuna edo
dualismoa. Dualistak bi errealitateren izatea aitortzen du, bai ideia eta materia, bai
arrazoia eta gorputza. Azken batean, unibertsoaren sorrera aldetik bi osagai
besterik bereizten ez duena da dualismoa.

Eguzkiaren analogia:
Jakintzarik garrantzitsuena Platonek Errepublika liburuan, VI. eta VIl. ataletan
agertzen duen konparazioa da. Ongia, egia erakusteko adierazpen sinbolikoa
erabiltzen du Platonek, justifikatuz, desoreka handia dagoelako giza ahalmen
mugatuaren eta ongiaren ezin lortuzko altueraren artean. Beraz, irizpide didaktiko
batek bultzaturik hizkera ulergarri eta sinbolikoa erabiltzea erabaki zuen Platonek.
Hala, Eguzkia ongiaren sinbolo gisa agertzen du. Ongiaren eta Eguzkiaren arteko
antzak era askotakoak dira: objektuak ikusi ahal izateko, ez da nahikoa begiak eta
aipatu objektuak izatea; era berean, ideiak aditu ahal izateko, ez da nahikoa
ulermenaren begia (adimena) eta ideiak izatea. Hau da, gauzakiak begiztatzeko
argitan egon behar diren gisara, ideia guztiak ulertu ahal izateko, Ongiaren
argitasuna behar da: Ongiak egiten ditu ideiak adigarri.

Erlatibismoa:
Ezagutzaren alorrean aldaezinezko ideiarik onartzen ez duen teoria. Sokratesen
garaian sofistek sortutako jarrera honen arabera, etika eremura heltzen da
erlatibismoa. Hori horrela, ez dagoela ez balio absoluturik, ez jatorriz gauza onik ez
txarrik aldarrikatzen dute.

Esentzia/zerizana:
Izatea zertan datzan azaltzen duena. Benetako errealitateak ideiak eta formak diren
aldetik, ereduak direnez gero, esentziazkoak ere badira ideiak. Alde batetik,
errealitatearen existitu izana da, beraz bere izatea; eta bestetik, errealitateari
egokitzen zaion benetako ezaugarria edo bereizgarria.

Eszeptizismoa:
Egia ezagutzea ezinezkoa dela adierazten duen jarrera. Gorgias sofistak, kasurako,
zera agertzen zuen: egiarik ez da, egotekotan ezingo dugu aurkitu eta; azkenik
aurkitzekotan ezingo diogu inori adierazi.

Haitzuloa edo harpea:


Errepublika lanaren VII. liburuan, Platonek bere ontologia, epistemologia,
antropologia eta etika azaltzeko erabiltzen duen kontakizun alegorikoa da:
haitzuloaren ilunpetik kanpoko eguzki argitara igaro behar den gizakiak bere

26
ahalmenak garatu behar ditu benetako errealitatea ezagutzeko. Baina behin
argitara helduz gero, ezagututakoa ez du gordeko berarentzat, eta guztion onerako
erabiliko du arriskutsua izan arren. Zergatik? Zuzentasuna zer den ezagutzen
duenak zuzen jokatuko du nahitaez.

Heziera edo heziketa:


Errepublika elkarrizketan dionari erreparatzen badiogu, heziketa arimari zuzentzen
zaion prozesua da, arimak benetako ideiei begiratzeko jarrera har dezan. Atenasko
paideiak (heziketa) musika eta soinketa zituen oinarri gisa, gizabanakoaren
harmonia eskuratzeko.

Hilezkortasuna:
Hil ondoan arimaren existentziaren erronka dakar honako hitz honek. Zenbaitek,
Platonek adibidez, arimak hil ostean beste gorputz batean sarturik bizirik irauten
duela azaltzen dute. Jarraian suertatuko diren gorputzeratzeak zigor edo sari
batean ondorengoak dira. Sari gisa bada, aurrekoa baino gorputz hobe batean
izango du kokalekua, harik eta azken aldi batean izar batekin askapena lortzen
duen arte.

ldeia:
Edozein gauzaki zein errealitateren irudi aldaezina eta betikoa da ideia. Beraz,
objektu eta izate bakoitzaren eredua da ideia, baita izate horren egoera perfektua
ere. Ideia ez da sentimenez antzematen, adimenaz baizik. Hasiera batean Platonek
uste du edozein gauzak baduela bere ideia edo eredua, baina, gauza zatarrak bere
ideia izatea ez zitzaion zentzuzkoa iruditu nonbait, eta horregatik, matematikazko
izakiak eta ontasuna edo edertasunaren tankerako izakiek soilik dutela bere ideia
pentsatu zuen geroago.

Ikusgarria:
Begiz hautemandakoaz esaten da. Hedaduraz, gizakiak hornituta gauden
sentimenezko ahalmenaren edozein objektu da ikusgarria. Gure eguneroko
munduko gauzak, itxura eta forma etengabe aldatzen dabiltzanak, ikusgarriaren
eremuan sartzen dira, gizakien sentimenek -kasu honetan, ikusmenak- gauzon
kolore, taxu eta kanpoko eraketa baino ez baitituzte hautematen. Platonen
dotrinari jarraiki, ikusgarria behe mailako ezagutzari dagokio, sentimenak ez baitira
errealitatearen benetako izaera atzemateko gai. Horrexegatik, pasarte honetan
agertzen den adieran, ikusgarria harpeko atxilotuak bizi diren egoeraren horizonte
bereizgarria da: itzalen, silueten eta oihartzunen multzoa besterik ez dira
hautematera iristen.

Intuizioa:
Izatearen zuzeneko atzematea adierazten du intuizioak, hots, egiazko ideia baten
zu eneko ulertzea. lntuizio bidezko aditzea argudio bidezko aditzearen kontrakoa
da. Platonek zeritzon bezala, intuizioa behinekoa da, eta besteak argudio edo
gogoeta, haren laguntzailea, intuizioz ideiak aditzera horretaratzeko adimena.

lrrika:
Platonen iritziz, irrika eta arrazoia elkarren aurka daude. Berak dioenez, irrikak
oztopoak jartzen dizkio arimari, arimak ideiak ezagut ditzan. Aristotelerentzat,
kasurako, irrikek ez dute irrazionalak izan behar, sarri askotan, hausnartu ondoren
nahita hautatzen ditugu nahierak.

Kosmosa:
Hitz honek jatorriz ordena adierazten du; hots, munduan bere jitez egon behar duen
antolamendua, hura sortuz geroztik. Kosmosaren erdian Lurra dago, eta haren
inguruan izarrak. Zeruetako eremua Jainkoen kokagunea denez gero, izarren
ezaugarriak jainkozkoak dira, hala nola, betikoak eta aldaezinak.

27
Maitasuna (eros):
Adimena izatea ez da nahikoa ezagutza azaltzeko. Benetako ezagutza lortzeko
ezinbesteko gaitasuna da, baina ez nahikoa. Beste zerbait ere behar da. Adimena
eta ezagugaia lotu behar dira, eta elkartze hori ez dario adimen hutsari; horretarako
maitasuna behar da. Nola ulertu behar da maitasun hau? Ondo ulertzeko gogoratu
behar dugu Sokratesen jarrera: ikasi ahal izateko, lehenengoa da dena ez dakidala
onartzea (dena dakidalako uste harroa ezabatzea), hots, zerbait falta zaidala.
Norberak falta duen zerbait egon badagoela onartuta, maitasunak beharrezko duen
nahigarria bilatzen du. Zer ote du nahi Maitasunak irrikatzen duena baino?
Maitasunak bai edertasuna, bai jakinduria irrikatzen ditu, biok falta dituelako.

Mitoa:
Jainkoei, jainkozko izakiei edo heroiei buruz sortutako kontakizunak dira. Berez,
argudio arrazionalaren aurkakoa da, mitoak ez baitu egiaztapenik behar. Platonek
erabili ohi zituen mitozko kontakizunak pentsamendu traketsak era ulergarrian
irudikatzeko, edo gure adimenaren ahuleziari egokitutako gaiak jakinarazteko.

Neoplatonismoa:
K.o. IIl. eta VI. mende artean sortu ziren eskola platonikoetako pentsamoldea da.
Neoplatonismoan jarrera teologikoak eta metafisikoak nahasten dira,
kristautasunari filosofiaren sendotasuna emateko. Platonen ideiak Jainkoak
sortutako pentsamenduak dira, haiek diotenez.

Neurritasuna (sophrosyne):
Zentzuna eta irriken neurritasuna agertu behar du herri xeheak. Bestetik, irritsezko
arimaren bertutea da. Neurrigabeko nahikeriak, handinahia, lizunkeria, diru gosea
eta harrokeria edo handitasunari aurpegi ematea da, bai irritsezko arimak, bai
eskulangileen gizarte taldeak lortu behar duen izaera.

Oroitzapena / erreminiszentzia:
Arima jaio aurretik, ideien munduarekin bat eginik zegoen, eta egonaldi hartatik
hala-holako oroitzapenak irauten du. Beste bizialdi batean dagoenean, lehen
ezagututakoa gogoratzea lortzen du arimak.

Parte-hartzea / partaidetasuna:
Platonen teoriaren hezurmuinean dago partaidetasunaren teoria. Ideien eta
materiazko gauzen arteko erlazioa ematen digu aditzera. Materiazko gauzek,
direnak direlakoek, ideietan parte hartzen duten heinean dute izate propioa.

Ulergarria edo adigarria:


Filosofian bereizkuntza egin ohi da ulermenezkoaren eta sentimenezkoaren artean.
Platon eta Parmenides geroztik, zentzumenezkoa ulermenezkotik bereizten da,
aniztasuna unitatetik bereizten den era berean. Benetako errealitateak, bere
baitango izateak ulermenak atzematen ditu. Platonek zein bere aldetik banatzen
dituen moduan, ulermenezkoa eta sentimenezkoa ere nola edo hala biltzen ditu,
adieraziz ulermenezko izatea materiazkoaren funtsa edo oinarria dela, bere eredua
den aldetik.

Ustea:
Jakinduriaren eta ez-jakinduriaren artean dagoen erdiko ezagutza maila dugu hau.
Ez du benetako izateaz iritzirik, baizik eta azaleko itxurari buruz. Gizakiak bere
senean ezagutzari hasiera emateko lehendabiziko urratsa edo sarbidea denez gero,
ez da mesprezuzkoa. Honako ezagutza mota hau, sentimenetan oinarritzen den
moduan, beharbadakoa da, adimenaren ezagutza sendoaren eta ziurraren aldean.

Zuhurtasuna (phronesis):
Arrazoi arimaren bertutea edo onbidea dugu hau. Hiriaren zeregin-banaketan,
gobernari eta agintariena da zuhurtasuna.

28
Zuzentasuna:
Greziarren aburuan zuzentasuna mundu osoaren baitan dagoen ordenaren esanera
jartzea da, hortaz justizia badagokio gizakien elkarbizitzari, unibertsoari
bezainbatean. Era honetara, gauza guztiek badute, izan ere, bere egitekoa eta
berari dagokion kokagune propioa. Hiriari lotuz, hiria zuzena izango da hiritar
bakoitzak dituen bertuteen arabera dagokien eginkizunetan aritzen denean.

29

You might also like