You are on page 1of 3

NIETZSCHE EPIGRAFEAK

1. Deskriba itzazu, laburki, Nietzscheren apolineo eta dionisiako nozioak.


Nietzschek, bizitza ulertzeko metafora bat erabiltzen du, tragedia grekoaren mundu-ikuskera
tragikoa berreskuratuz. Ikuskera horretatik abiatuta, etsai amorratu diren bi printzipioz
baliatzen da bizitza eta mundua azaltzeko: apolineoa eta dionisiakoa.
Apolo argiaren, egiaren, eta eskulturaren jainkoa da. Joera honek, arrazionaltasuna,
ordena, simetria, argia, harmonia, oreka, eta forma eta neurri idealak irudikatzen ditu.
Antzinako grekoek agerian utzi zuten kanon artistikoak, hirigintza proiektuak, proiektu
eskultoriko eta monumentalak, zein legeak diseinatzerakoan joera honi jarraitzen ziotela. Eta
hortik eratorri zen, Nietzscheren ustez, autore klasiko ezagunenek (Sokrates, Platon)
Europako filosofiari eta mendebaldeko kulturari utzitako ondarea: arrazionaltasuna eta
kristautasuna. Arrazoimenaren eta kontzeptu abstraktuen gain-balorazioak, bizipenen eta
pasioen gutxiespena ekarri zuen, eta hortik eratorri zen kultura tragikoaren eta benetako
filosofiaren dekadentzia.
Dionisos berriz, ardoaren, naturaren, musikaren, eta mugarik gabeko alaitasunaren jainko
grekoa da. Joera dionisiakoak emankortasuna, indar sortzailea, mugimendua, kaosa,
instintuak, eta nahi irrazionalak irudikatzen ditu. Azken batean, Nietzscherentzat Dionisos-ek
bizitza irudikatzen du. Joera honi esker sortu ziren mitoak, errito misteriotsuak eta festa
orgiastikoak ere. Bere erruz sortu ziren halaber, musika, dantza, poesia eta satiraren bitartez
ordena soziala kritikatu eta irauli zuten antzezlanak.
Nietzscheren filosofiak bi joerak onartzen ditu, bizitza bien arteko borrokaz elikatzen eta
haren bidez adierazten baita. Munduaren ikuskera tragikoak onartzen du bizitza etengabeko
aldaketa eta kontrakoen arteko borroka amaigabea dela. Kontrakoak ezabatzea bizitza
deuseztatzea litzateke, bata bestea gabe ezin baitira existitu. Gatazka hori saihestezina da,
bizitza eta heriotza elkar lotzen dira. (228)

2. Nihilismoa eta balioen transmutazioa


Nihilismoa latinezko “nihil” hitzetik dator eta ezereza esan nahi du. Nietzscheren
nihilismoaren ideia konplexua da: batetik, bizitzaren dekadentzia modura uler daiteke;
errealitate absolutu baten existentzian (Egia, Ongia) sinesten duen kultura oro nihilista da,
eta zentzu horretan mendebaldeko kultura nihilista da, existitzen ez den zerbaiti zuzentzen
baitio bere pasio eta itxaropen guztia (Jainkoa, Mundu ideala). Esandakoak, nihilismo pasibo
batera garamatza, mendeetan zehar, gure kulturan kanpoko zerbaitek, Jainkoak hain zuzen,
eman dio zentzua bizitzari. Jainkoa hil bada, ez bada existitzen, kultura kristaua noraezean
gelditzen da eta bizitza zentzurik gabe. Bestetik, nihilismo aktibo modura, eta hemen
kokatzen da Nietzscheren pentsamendua, balio nagusiak ezerez hutsa direla diolako,
asmakizun bat direla erakutsi nahi duelako. Nietzschek ez du proposatzen baliorik gabe
bizitzea, baizik eta, indarrean dauden balio guztiak erabat suntsitzea eta errotik berriak diren
beste batzuekin ordezkatzea. Judaismoak eta kristautasunak antzinako Greziako moral
aristokratikoa esklaboen moralarengatik ordezkatu zuten, ahul, mendeko, koldar eta
arrunten morala ezarriz; artaldearen morala ezarriz. Nietzschek bizitzari uko egiten dion
moral horren balio taula irauliko duen supergizakiaren etorrerarekin, balioen transmutazioa
beharrezkoa dela dio, balioen behin betiko iraulketa, mendebaldeko morala gaindituz eta
jaunen morala berrezarriz, indartsuena, boteretsuena, arauek diotenari lotzea onartzen ez
dutenena, eta, azken finean, masa izatea onartzen ez dutenen morala.

3. Deskriba ezazu, laburki, Nietzschek Mendebaldeko zibilizazioari egiten dion kritika.


Nietzscheren ustez, mendebaldeko kulturaren akatsik handiena kosta ahala kosta
arrazionaltasuna ezartzen saiatzea izan da. Mundu ikuskera grekoa dekadentzia sintoma
bat da beretzat, gizakiaren existentzia instintibo eta biologikoaren kontra dagoen guztia
dekadentea baita. Horregatik, oinarrian dagoen Platonen pentsamendua kritikatu beharra
dago, eta hortik abiatuta gizakiak asmatu dituen hiru munduak kritikatu behar dira: morala,
metafisikoa eta zientifikoa.
Haien arauekiko obedientzia eskatzen duten moral guztiak kritikatu arren, Nietzschek kristau
morala bereziki arbuiatzen du, beste moralak baino oraindik bizitzaren aurkakoagoa baita.
Izan ere, bere iritziz moral platoniko-kristauak gorputza eta pasioak menperatzea
proposatzen du beti. Balio moral tradizionalek, eta batez ere, kristautasunarenak
(obedientzia, etsipena, umiltasuna…) esklaboen morala ekarri dute. Esklaboa da bere
buruari portatzeko arauak libreki jarri ezin dizkiona. Pertsona ahul eta minduek sortutako
moral honek, sumisioa eta konformismoa bezalako portaerak sustatzen ditu.
Alderdi metafisikoan bi oker handi atzematen ditu autoreak: batetik, bi munduen arteko
oposaketa; zetzumenez ez fidatzeak, itxurazko mundu aldakorraren eta benetako mundu
aldaezinaren arteko bereizketa ekarri du, eta horrek hemengo munduaren eta bizitzaren
mespretxua suposatzen du. Eta bestetik, Platonen pentsamendutik abiatuta arrazoimenaren
bitartez eraiki diren idolo filosofikoak: Egia, Ongia, Arima hilezkorra, Jainkoa…
Aurreko bi kritikekin batera, zientzia ere kritikatzen du Nietzschek. Naturaren
matematizazioaren kontra dago, etengabeko aldaketan dagoen errealitate konplexua baita,
anitza eta kaotikoa. Matematikak, Fisikak, Kimikak, eta abarrek, ez digute gizakiaren
pasioaren eta maitasunaren indarraz ezer esaten, eta Nietzscheren ustez, kalitate guztiak
kopuru bihurtzea hutsegite handia da. (225)
4. Deskriba ezazu Marxen alienazio erlijiosoa.
Alienazioa kontzeptu zentrala da Marxen pentsamenduan. Hitz horrek, pertsona edo
gizatalde batek, arrazoi ekonomikoen, kulturalen edo politikoen eraginez, bere izaera edo
nortasuna galtzea esan nahi du, eta Marxek, beste alienazio batzuen artean (politikoa,
filosofikoa, etab.), bi alienazio mota lantzen ditu nagusiki: alienazio ekonomikoa,
kapitalismoan erabakigarria dena eta bere teoriaren muina osatzen duena, eta alienazio
erlijiosoa.
Marxen ikuspuntua ateoa da argi eta garbi: ez dago Jainkorik, ezta arima bezalako giza
dimentsio transezendenterik. Erlijioa objektiboki aztertu behar da, eta horrek esan nahi du,
bere ikuspuntutik, erlijioa beste edozein giza adierazpen aztertzen dugun bezala aztertu
behar dugula, beste giza esperientzia batzuekin duen harremana ikusten saiatuz, eta,
bereziki, erlijioa sortu duen gizartearen baldintza ekonomiko eta sozialei dagokienez. Erlijioa
hiru zentzutan da alienatzailea:
Lehenik eta behin, Marxek, Feuerbachi jarraituz, uste du ez dela Jainkoa gizakia sortzen
duena, baizik eta, gizakia da Jainkoa sortzen duena. Gizakiak bere ezaugarririk onenak
(borondatea, adimena, ontasuna) hartu, eta bere kanpoko zerbaitetan proiektatzen ditu,
ezaugarririk onenak dituen izaki absolutu bat sortuz. Aldi berean, euren gezur propioa sinetsi
eta bere menpe jartzen dira. Gainera, Jainkoaren existentzia infinituak aurre egiten dio
gizakion mundu finituari. Eta horrela, giza-munduari balioa kentzen diogu errealitate
jainkotiar absolutu horren mesedetan, guk asmatutako zerbait dela jakinda ere.
Bigarrenez, erlijioak, bere salbazioa eta zoriona posible zaizkion esparru bakarretik, hau da,
giza mundu hontatik desbideratzen du gizakia. Mundu honetan bizitzea tokatzen zaion
sufrimenduaz kontsolatzearekin batera, beste munduan justizia eta erabateko zoriontasuna
egokituko zaizkiola iradokiz, erlijioak, bere sufrimenduaren benetako errudunak diren egoera
sozial, politiko eta ekonomikoak aldatzeko gaitasuna, energia eta kemena kentzen dizkio
gizakiari. Zentzu horretan, Marxek dio “erlijioa herriaren opioa dela”, zeren, azken batean,
gizakiak bestela izango lukeen espiritu iraultzailea lokartzen baitu.
Eta azkenik, Marxek dio erlijioak ez duela inoiz klase zapalduen alde egiten. Izan ere, klase
zapaltzaileen mesederako tresna izan ohi da, klase horren boterea iraunaraziz eta existitzen
den gauzen egoera legitimatuz. Baita muturreko kasuetan, gizarte-talde batek beste baten
gainean duen nagusitasunari justifikazio teologikoak emanez ere.
Aipatutako arrazoiengatik, Marxek uste zuen beharrezkoa zela erlijioa gainditzea.(324)

You might also like