You are on page 1of 2

MITOA

Kultura guztiek dute izateari buruzko galderei arrazoiak emateko beharra.


Filosofia aurreko Grezian, mitoaren bidez erantzuten zitzaion bizitzaren zentzuari
buruzko eztabaidari. Gizakia, mitoaren bidez, inguratzen duen munduak eta bizitzak
sorrarazten dizkioten kezkak interpretatzen ahalegintzen da. Pentsatzeko modu horrek,
munduari ordena eta gizakiari, berriz, hor kokatzeko aukera ematen diote.

Beraz, ezagutzeko modu bat dela esan genezake; errealitatearen zentzua


ezagutzeko era bat, ezaguera arrazionala eta tekno-zientifikoa ez den beste modu
bat darabilena. Herri eta kultura batek bizitzaz duen ikusmoldean oinarriturik,
intuizioaz baliatuz, beste era batera azaldu ezin duen errealitatea adierazten du
sinboloen eta irudien bidez.

Mitoak oso aspaldiko gertaerei buruzko kontakizunak dira, natura eta bizitza
azaltzeko erabiltzen zirenak. Baina mitoan adierazten diren narrazioak alegiazko
denbora batean gertatzen dira, hau da, ez dira garai historiko erreal batean gertatzen.

Mitoen mundua botere bereziak dituzten pertsonaiek (jainkoek, heroiek)


osatzen dute. Kontzientzia mitikoak natura-elementuak pertsonifikatu eta kontzientziaz
janzten ditu. Adibidez, itsasoen boterea Poseidonen nahimenaren menpe zegoen,
Lurraren boterea Gearen eskuetan zegoen, tximistaren indarra Zeusen eskuetan.
Naturaren indarrak jainko apetatsuen eskuetan zeuden, beraz. Hala, esan genezake
greziarrentzat natura botere kaotikoa (ezin kontrola zezaketen zerbait) eta sakratua
zela.

Kontakizun mitologikoak kultura guztietan agertzen dira; adibidez: euskal


mitologia, greziarra, erromatarra, egiptoarra, txinatarra, eskandinaviarra… Gizarte edo
kultura bakoitzak kontakizun, jainko eta izaki mitologiko ezberdinen bidez
erantzuten die errealitateak eta bizitzak eragindako galderei.

 JAKINTZA MITIKOAREN EZAUGARRIAK honako hauek dira:

 Oinarririk gabeko pentsamendua: Munduari buruzko galderei mitoek


ematen dizkieten erantzunak irudimenezkoak dira funtsean. Pentsamendu
mitikoa oinarririk gabeko pentsamendua da, frogatu gabeko
baieztapenak ematen baititu. Baieztatzen duena egia izan daiteke edo ez.
Baina egiatasuna edo faltsutasuna frogatzeko modurik ez dago. Greziar
mitoetan, adibidez, lurraren gainera erortzen ziren tximistak Zeusen haserrea
zela baieztatzen zen, baina ezin zen frogatu horrela zenik, ezta kontrakoa ere.

 Pentsamendu arauemailea: Komunitatearen bizitza bideratzen duen


arauen eta balioen multzoa ezartzen du mitoak.

 Pentsamendu antropomorfikoa: Mundua eta bertan gertatzen den oro


izaki (jainko) batzuen ekintzaren emaitza da. Jainko horiek “gizakiak
bezalakoak” dira, nahiz eta gizakiok baino askoz ere botere handiagoa izan.
Zeusek (jainko guztien aitak) mugarik gabeko boterea zuen, baina haren
portaera gizakiena bezalakoa zen, eta haiek bezala maintemindu, haserretu
egiten zen, eta gizakiak bezala, jeloskorra zen.
 Pentsamendu konprometitua: Mitoak munduko indar
pertsonifikatuekin, jainkoekin, heroiekin lotzen du gizakia; haien nahiak
eta gogoak betetzera behartuta dago, ondo bizi nahi badu, behintzat. Ondo
bizi nahi duenean jainkoen mesedeak eskatzen edo erakartzen saiatzen da,
kultuaren eta errituen bitartez.

 Pentsamendu ahistorikoa: Pentsamendu mitikoa kritikatik kanpo


dagoenez, pentsamendu ahistorikoa eskaintzen du, giza komunitate bateko
garai eta toki guztietako kideentzat baliagarria.

 Pentsamendu anonimoa: Pentsamendu mitikoa anonimoa da,


denboran zehar gauzatzen da, antzina-antzinatik dator, eta oroimen
kolektiboaren emaitza da.

You might also like