You are on page 1of 12

Antzerkiaren garai distiratsua

(XVI. mendearen amaiera eta XVII. Mendearen lehen


erdialdea)

Ikertzaile batzuek Errenazimentuko antzerkiaren segidatzat hartzen dituzte Ingalaterrako


antzerki isabeldarra eta Espainiako Urrezko Mendeko antzerkia. Beste batzuek, berriz, antzerki
barrokoaren esparruan kokatzen dituzte. Antzerkigintzari dagokionez, beraz, ez dago garbi
Errenazimentuko antzerkiaren eta antzerki barrokoaren arteko bereizketa hori. Izan ere, bi eredu
horien ezaugarriak dituzte bai antzerki isabeldarrak bai Espainiako Urrezko Mendeko antzerkiak.
Batetik, eredu klasikoak dituzte abiapuntu biek ala biek, eta Errenazimentuko prodesse et delectare
leloaren aldarrikapena ere presente dago hainbat lanetan. Halaber, pertsonaiak eta gaiak
Errenazimentukoak dira askotan, baita antzerki-lana bost ekitalditan banatzeko joera ere. Baina,
bestetik, hitza dute oinarri eta ez gertakizuna: hitzak iradokitzen du eta adierazten du zer gertatzen
den, eta non. Antzerki-lanaren egitura ere konplexua da (adibidez, antzerkia antzerkiaren barruan
delakoa eta gertakizunen korapiloa), eta egile klasikoen unitate-legeak ere ez dira betetzen. Horrek
guztiak garamatza pentsatzera bi joera horien tarteko emaitza direla bai Antzerki isabeldarra, bai
Espainiako Urrezko Mendekoa. Ingalaterran, antzerkia denbora-tarte labur samar batean garatu
zen, Espainian, berriz, luzeagoan. Horren ondorioz, Espainiako Urrezko Mendeko antzerkiak bi joera
horiek biltzen ditu bere barnean: hasierako joera errenazentista berankorra eta amaierako joera
barrokoa. Horiek kontuan izanda, Errenazimentuko antzerkiaren segida gisa hartu dira lan
honetarako.

ISABELDAR ANTZERKIA

1. TESTUINGURU HISTORIKO ETA ERLIJIOSOA

Enrike VIII.ak botere erlijiosoaren buruzagitza lortu zuen, anglikanismoari esker, baina haren
seme Eduardo VI.a izan zen Ingalaterrako Eliza Erromatar Elizatik behin betiko bereizi zuena; hala,
haren ondorengoak, Maria Tudorrek, ezin izan zuen atzera egin erlijioa ulertzeko estilo hartatik,
hau da, erlijioa Ingalaterraren mendeko lurraldeak koroaren inguruan batzeko indartzat hartzen
zuen estilotik. Isabel I.ak (1558 – 1603) berretsi egin zuen konpromiso anglikanoa. Haren eskutik,
Ingalaterrak goraldi handia izan zuen, zeren ekonomiak indar bizia hartu baitzuen, kapitalismo
industrialean oinarrituta eta biztanleriaren hazkunde nabariaren laguntzarekin.

2. ANTZERKI INGELESAREN BILAKAERA

Eszenak aurrera egin zuen, poliki-poliki. Erdi Aroko “Intermezzo” eta “Moralitate”
alegorikoetatik abiatuta, antzerkiak forma askoz ere errealistagoetarantz eboluzionatuko zuen
Errenazimentuan.

Garai hartan garatu zen dramaturgiak pertsonaia tipifikatuak zituen, eta boterean zegoen
ideologia politiko eta erlijiosoaren zerbitzuan jarrita zegoen. Hala, obretan salatzen ziren
aitasantutza, anglikanismoaren aurka matxinatutako elizgizonak, Eskoziako erresistentzia, erlijio
katolikoa…

Aipatu behar da, halaber, latindar komediaren ezagutza hedatu egin zela (Plauto eta
Terentzioren obrak), humanista pedagogoen lanari esker, zeren horiek pentsatzen baitzuten
antzerkia tresnarik onena zela eskoletan modu dibertigarrian irakasteko eta heziketa emateko.
Hortik dator antzerkiak College ingeles guztietan izan zuen gorakada. Aipatzekoa da Aristotelesen
Poetikaren aurkikuntza, eta batez ere Senekaren tragediena. Drama ingelesak inspirazioa aurkitu
zuen latindar autore horren obretan eta bere gai beldurgarri, dotore eta hanpatuetan –gai horiek
oinarritzat hartzen zituzten mendekua eta odola, jeloskortasuna, gorrotoak, anbizioak, oinazeak
eta larritasun-oihuak-. Lehenengo imitatzaileen ostean, elementu komiko eta bufoikarak erantsiko
zituzten beste autore batzuk.

3. DRAMATURGO INGELESAK

Dramaturgo azpimarragarriak:

● Christopher Marlowe (1564 - 1593). Berarekin aurrera egiten dugu, apur bat gehiago,
Shakespeareri hurbiltzeko bidean. Marlowek fede eta praktika erlijioso guztiak baztertu zituen, eta
bizimodu marjinal eta errebeldea izan zuen. Hori bere antzerkian islatzen zen, zeren bere gaiek eta
argumentuek gizakion zentzugabetasuna eta izugarrikeria erakusten baitizkigute. Marloweren
heroiek arauak apurtu nahi dituzte, hori lortzeko Gaizkiaren indarrekin elkartu behar izan arren.
Bere dramen artean, nabarmentzekoak dira “Tamburlaine” eta “Fausto Doktorea”. Bigarren obra
horretako pertsonaia kondenatu egiten dute azkenean, bere arima saltzeagatik, damutu egin dela
erakusteko aurkezten dituen frogak gorabehera. Goetheren “Fausto” obraren aurrekari bat da.

● Ben Jonson (1572-1637): Shakespeareren mailara gehien hurbiltzen den autorea. Bere
ekoizpen onenen artean, “Volpone”, “Emakume isila” eta “Alkimista” daude.

● Nolanahi ere, gehien nabarmentzen dena William Shakespeare da.

4. WILLIAM SHAKESPEARE

4.1. Sarrera

Isabeldar antzerkiaren eta antzerki


moderno osoaren dramaturgorik onena.
1564an jaio zen, Stratford-upon-Avon
herrian. Ez zen unibertsitate-eskoletatik
pasatu, baina bere herriko Grammar
Schoolean ikasi zuen, eta badirudi bertan
Seneka eta latindar poeta eta komediografoak irakurri zituela. 1587an, Londresera joan zen. Bere
bizitza osoa eszenaren arteari eman zion: The Globeko aktore, zuzendari, administratzaile eta
koenpresari gisa, Richare Burbage ospetsuarekin handiarekin batera.

Shakespeareren ekoizpen dramatikoa First Folioari esker ezagutzen dugu, hots, bere
konpainiako bi aktorek autorea hil eta zortzi urtera argitaratutako bildumari esker. Liburuak honela
sailkatu zituen haren ekoizpen dramatikoa: Drama historikoak (10), Komediak (15) eta Tragediak
(11). Liburutik 750 kopia egin ziren, eta horietatik herenak iritsi dira gure egunetara, gehienak
osatugabeak (zatiren bat falta zitzaien). Liburu horri esker, autorearen obra dramatikoaren erdia
kontserbatu zen; izan ere, Shakespeareren idazkiak ez ziren inprimatu, zeren bera ez baitzen
arduratu historiara autore dramatiko gisa pasatzeaz.

Shakespearek jenio ironiko eta burlatia heredatu zuen antzerki ingelesetik, eta baita suspensea,
tentsio dramatikoa eta gizakiaren kondizioari eta existentziari buruzko hausnarketa ere. Hala,
alderdi horiek behin eta berriz agertzen dira bere komedietan. Calderónek antzerkiari buruz zeukan
iritzi berdintsua du berak ere, alegia, gizakien bizitzaren berezko osagaia dela uste zuen, edo
ametsen alderdi sakon eta librearen berezko osagaia. Dena dela, ez zuen inoiz utzi funtsezko
gogoeta horiek obraren tonuaz jabetzea, ezta argumentuari nagusitzea ere.

Bere pertsonaiengan, askotariko estiloak nahasten dituen hizkuntza bat aurkezten du. Hala, goi
mailako alderaketa eta metaforen ondoren, etxeko bizimodu arruntaren irudiak etor daitezke.
Nahasketa hori ez da komedian soilik agertzen, baizik eta baita bere tragedia eta drama
historikoetan ere.

4.2. Drama historikoak eta tragediak

Shakespeare antzerki historiko ingelesaren tradizioan


kokatzen da, eta, hortaz, bere argumentuen oinarria
bertako Erdi Aroko historia da. Bere drametan, sasoi
hartako errege ingelesez baliatzen da boterearen
erradiografia dramatiko oso bat egiteko. Hala, eszenara
igoarazten ditu errege horiek, bata bestearen atzean:
“Rikardo II.a”, ahula eta printzipiorik gabekoa; “Rikardo
III.a”, tiranoa; “Enrike IV.a”, parrandazalea, argi gutxikoa, errege-eginkizunez arduratzen ez zena;
“Enrike V.a”, ordena eta erregenerazio morala ezartzen dituena, bidelapurrak eta konspiratzaileak
jazarriz.

Boterearen dramen irudikapenean, tragediek urrats libreago bat ekarri zuten. Aurretik
idatzitako testuak edo elezaharrak dira, Shakespearek oinarritzat hartzen dituena bere eskema
propioak askatasunez diseinatzeko: “Julio Zesar” oinazearen tragedia da: “Hamlet”, zalantzarena.
“Macbeth”ek anbizioa jorratzen du, Senekaren elementuekin; adibidez: odola jariarazten duen
odola.

4.3. Komediak

Shakespeare bere komedietan ere da dramaturgo eredugarria. Bere komedien funtsezko


ezaugarri batzuk honako hauek dira:

- Sen komikoa.

- Aurkakoak kontrajartzea: gizarte-klaseak, sexua, adina, izaera…

- Katramila, batzuetan kaotikoa, betiere elementu hauekin: mozorroa, simulazioa, identitate


aldaketa, eta abar.

- Bere garaiko tipo sozialen isla.

- Hitz-jokoak etengabekoak dira. Trebetasun hori autorearen obra guztien bereizgarria da.
Esanahi bikoitza erabiltzen du sarri askotan.
- Amaiera positibo eta atsegina, komediaren garapenean nahastutako ordena berrezartzen
duena.

Komedien artean, “Erregeen Gaua” eta “Zeuk nahi bezala” nabarmentzen dira, nahiz eta
konposizio-luxu handieneko komedia, eta plano eta egituren aldetik aberatsena, “Udako gau
bateko ametsa” den.

5. ANTZOKIAK ETA ANTZEZPENA

Londrestik kanpo, hamar bat antzoki iraunkor egon


ziren, gehienak aire zabalean. Normalean, poligonalak
izaten ziren, forma zirkularra hartzeko joerarekin.
Antzokiek atal hauek zituzten: patioa, publikoak
antzezpena zutik ikus zezan; eta galeriez osatutako bi edo
hiru solairu. Antolaera horrek ostatu ingelesen (inns)
antolaera gogoratzen zuen; izan ere, antzinako komiko ingelesak, beste lekurik ez zegoenez, ostatu
horietan antzeztera ohitu ziren.

Antzoki horietatik, onenek bi mila ikusle inguru hartzeko lekua zuten.

Gaur egun, ezagunena Londresko The Globe antzokia da; bertan lan egin zuen W. Shakespearek.

6. ISABELDAR GARAIAREN OSTEKO ANTZERKIA

Isabel I.a hil zenean (1603), Jacobo I.ak eskuratu zuen boterea. Errege-absolutismoaren
bereizgarriak luxua eta nabarmenkeria ziren. Haren gorteak “maskarada” deritzanenen goraldia
ekarri zuen: tramoia handiko ikuskizunak ziren, alderdi bisualak lehenesten zituztenak testuaren
gainetik.

Publikoaren gustuek eta nobleen sentsazionalismo-zaletasunak eragina izan zuten bai tragedian
eta bai komedian. Hala, tragedian muturrera eraman zen senekismoa: sexu-neurrigabetasuna,
zeloak, torturak eta traizioak ohiko gaiak izaten ziren, hori guztia deabruari zuzendutako deiekin
edo espektroen agerraldiekin tartekatuta.

Geroago, Cromwellen garaipenak antzezpen eszenikoak debekatzera eraman zuen, eta horrek
amaiera ekarri zion antzerki ingelesaren etaparik onenari.
ESPAINIAKO ANTZERKI BARROKOA

SARRERA

Aro Modernoaren barnean, eta zehazki


Barrokoaren barnean, Kontrarreforma katolikoaren
eraginez, adierazpen artistikoen formak exageratu
egiten dira eta Errenazimenduko harmonia eta
oreka desagertzen dira. Garai hartan,
aristokraziaren gastu handiek, kanpaina militarrek eta Gortearen grina espantsionistak krisia ekarri
zioten nekazaritza-munduari, eta horrek hiriak masifikatu zituen. Hori horrela, hirietako biztanleek
antzerkian aurkitu zuten eguneroko arazoetatik eta ezkortasunetik ihes egiteko modurik onena.

Mende horien aurreko antzerki-jardunean, autore aurre-barrokoak aurkitu ditugu, hala


nola Juan de Timoneda eta Lope de Rueda ("Las aceitunas" izeneko Pasoaren egilea - katramilaz
jositako entremes dibertigarria-); autore horiek Commedia dell’Arteko pertsonaiak eta gaiak gehitu
zizkieten herritarren gustuei. Ohiturak jorratzen dituen antzerki komiko bat da, burges txikien
asmamena eta bizi-estiloa erakusten dituena. Gaiak honako hauek izaten dira beti: senar
“adardunak”, ikasle buruargiak, nekazaritza-munduko pertsonaiei buruzko burlak… eta antzoki
itxietan edo etxeetako barletan (corrales) antzezten hasi ziren. Gainera, orduan hasi zen antzerkia
genero literario bihurtzen, zeren testua finkatu eta argitaratzen baitzen, eta ikuskizuna bezain
garrantzitsua izaten zen.

Beste autore oso ezagun bat, Cervantes, antzerkizalea izan arren ez zen gai izan komedian
gertatzen ari ziren aldaketetara egokitzeko, eta horren ondorioz ez zuen arrakasta handirik lortu,
bere obran kalitatea gorabehera; adibidez: “Ocho comedias y ocho entremeses jamás
representados”.

Beste alde batetik, Barrokoan ere antzerkiak jarraitu zuen elizaren obsesioa izaten. Hala,
moral katolikoari kalte egiten zion bizio bat zela iritzita, Elizak antzerkia jazarri zuen: “Nihil Obstat”
baimena exijitzen zuen obrak argitaratu ahal izateko, eta saldutako txartelen ehuneko jakin bat
ongintza-ekimenetara edo ospitaleetara bideratu behar zen. 1671ra arte ez zuen ofizialki baimendu
emakumeak eszenatokian agertzea.

Poetek (dramaturgoak) beren obrak saltzen zizkioten autoreari (zuzendaria, enpresaria, eta
batzuetan aktore nagusia ere), eta horrek nahi zuena aldatzen zuen eta aktoreak kontratatzen
zituen. Konpainien arteko lehia ikaragarria izaten zen, eta sarritan liskarrak gertatzen ziren ikusleen
artean. Horiek, gainera, lurra ostikoz jotzen zuten eta txistuka aritzen ziren obra gustatzen ez
bazitzaien.

Aktoreen bizimodua oso gogorra zen: bi aste izaten zituzten beren rola ikasteko, eta batzuek ez
zekitenez irakurtzen testuak ozen irakurtzen ziren, buruz ikasteko. Gero, errealizazio eszenikoaren
proba-saioak egiten ziren.

Konpainia ibiltariak hiri edo herri batean antzeztera joaten zirenean, ezin zuten gaua pasatu
legoa batera baino gutxiagora; horregatik, konpainia
ibiltariei “Legoako Komikoak” deitzen zitzaien (“Cómicos
de la Legua”). Gainera, aktore horiek ezin ziren leku
sakratuetan lurperatu.

Garai hartako Agustin de Rojas autoreak “Viaje


entretenido” obran kontatzen duenez, antzerki-taldeak
honela deitzen ziren:

● Bululúa: aktore bakarra, gizonezkoa

● Ñaquea: bi aktore, gizonezkoak

● Gangarilla: hiru edo lau aktore, gizonezkoak

● Cambaleoa: sei aktore, bost gizonezkoak eta bat emakumezkoa

● Garnacha: gizonezko sei aktore, emakumezko aktore bat, eta bigarren damaren rola
jokatzen duen mutiko bat.

● Farándula: Gizonezko zortzi aktore eta emakumezko hiru aktore.

● Konpainia: guztira hamasei aktore, gizonezkoak eta emakumezkoak.


AUTORE BARROKOAK

Lope de Vega. Espainian, Lope de Vegaren asmamena eta sormena nabarmentzen dira. Hala,
autore horri “asmamenen fenixa” deitzen zioten (ez itzazu galdu bere bizitza eskandalagarriaren
anekdotak). Lope de Vegak “Kapa eta Ezpataren komedia” garatu zuen, publikoaren gustuen
arabera idatziz; izan ere, publikoak maite zituen amaiera zoriontsuak, ekintza, gaizki-ulertuak,
konplexutasun gutxiko pertsonaiak eta barregarriaren figura (donaire ere deitzen zioten), kritika
sozial handirik gabe (Eliza eta Erregea errespetatzen zituen beti).

1609an, araudi dramatiko berri bat aurkeztu zuen “Arte Nuevo de Hacer Comedias” (“Komediak
egiteko arte berria”) izeneko saiakeran; bertan, obren ekitaldi kopurua bostetik hirura murriztea
defendatu zuen. Gainera, ekitaldi izenaren ordez “jardunaldiak” deituko zien. Klase sozial
desberdinetako pertsonaiak nahasten ditu, eta komedia tragediarekin (hala, galaiaren morroi
barregarria obra serioagoetan ere agertzen zen). Saiatzen da, gainera, bertsoaren neurria
pertsonaiei eta zirkunstantziei egokitzen (horri decoro deitzen zion).

Gaiak MAITASUNA, OHOREA ETA ONDRA izaten dira beti. "La dama Boba"(“Dama Leloa”) , “El
perro del Hortelano” (“Ortuzainaren txakurra”), "El caballero de Olmedo” (“Olmedoko Zalduna”)
eta, "Fuenteovejuna" dira bere komedia ospetsuenetako batzuk –esaten da 1500 idatzi zituela-.

Beste autore garrantzitsu batzuk honako hauek dira: Tirso de Molina, apaiza eta Urrezko
Mendeko autore emankorrenetako bat. Antzerkia idazten jarraitzea debekatu zioten. Besteak
beste, “Don Gil de las Calzas Verdes” (“Don Gil Galtza Berdeduna”) obra idatzi zuen, eta baita “El
burlador de sevilla o Convidado de Piedra” (“Sevillako engainatzailea edo Harrizko Gonbidatua”)
ere, nahiz eta kasu horretan ez dagoen garbi ea bera den autorea. Obra horretan, Don Juan
pertsonaiaren aurrekari bat agertzen da.

Calderón de la Barca (1681an hil zen, eta bere heriotzarekin bukatu zen “Urrezko Mendea”,
hots, 1492an hasitako kultur goraldia). “El Gran Teatro del Mundo” (“Munduko Teatro Handia”) eta
beste auto sakramentalengatik gogoratzen da, baina idatzi ere amodioko komediak -"La Dama
Duende" (“Iratxo Emakumea”)- eta drama filosofikoak ere -"La Vida es Sueño" (“Bizitza Ametsa
da”) eta "El Alcalde de Zalamea"(“Zalameako Alkatea”)- idatzi zituen.
ANTZOKIAK. KOMEDIA-BARLAK (“Corral de Comedias”)

Antzezpenak egiteko leku egonkorrak ziren: etxeetako


barneko patioak aprobetxatzen zituzten oholtza bat jartzeko.
Obrak ordu bietan edo hiruretan hasten ziren, eta ilundu arte
irauten zuten, zeren jardunaldien artean laudorioak,
entremesak eta asakarak ere antzezten baitziren. Hasieran,
antzezpenak igandeetan egiten ziren, baina geroago egunero
eskaintzen hasi ziren. Almagrokoa (Ciudad Real) da ondoen kontserbatu dena, 330 pertsonentzako
edukierarekin.

Ez ziren nahasten ez sexuak ez klase sozialak: patioan, herri xehea egoten zen, eta baziren
bankuak merkatari dirudunentzat; apaizak eta aristokratak, berriz, geletan egoten ziren, eta
galeriak burgesiarentzat ziren. Emakumeak cazuelan egoten ziren, eta patio osotik saltzaile
ibiltariak eta “mosketeroak” egoten ziren, zutik. Bazegoen “apretador” izeneko figura, eta baita
“memorillas” zeritzana ere; azken horrek obra buruz ikasten zuen eta aldrebeskeria izugarriekin
idazten zuen, gero saltzeko.

Obren tramoia konplikatuz joan zen, eta efektuek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten.
Edozer egin zitekeen, hala nola ekaitzak eta ibaiak; arrokak irekitzen ziren, aktoreak lurzoruan
egindako zuloetatik (escotillones) agertzen ziren…
Frantziako antzerki klasikoa (XVII. mendea)

XVII. mendean, monarkia absolutuaren garaian, Europako kulturaren erdigune bihurtu zen Paris.
Mende horretan, Luis XIII.a eta Luis XIV.a (Eguzki Erregea) izan ziren Frantziako erregeak. Beren
agintaldietan, balidoen esku utzi zuten politikaren kudeaketa: lehenak, Richelieu kardinalaren esku,
bigarrenak, Mazarino kardinalaren esku. Baina kulturak kudeaketa politikoan daukan garrantziaz
jabetuta, biek ala biek arteak babestu eta antzerkia gorte-ikuskizun bihurtu zuten. Orduantxe
gertatu zen Frantziako antzerkiaren goraldia. Ikuskizun handien garaia izan zen.

Ikuskizunotan, antzerkiarekin batera, musika, kanta eta dantza sartzen ziren. Baina, aldi berean,
Descartesen eta arrazoimenaren garaia zen, eta arrazoimenak antzerkian ere unitate klasikoak
gordetzea eskatzen zuen. Unitate horiekin nahikoa ez, eta beste bi arau gehitu zituzten
barrokoaren gehiegikeriatik aldentzeko:

• Begirunea gordetzea. Ezin da gustu onaren kontrako ezer erabili.

• Egiantzekotasuna. Agertokian gertatzen denak egiaren antza behar du, hots, egiazki gerta
litekeela eman behar du.

Antzeztokiak

Hasieran, antzezpenak jauregien aretoetan egiten ziren (Hôtel de Bourgogne, Hôtel de


Guénegaud), eta frontoietan eta trinketetan (jeu de paume). Lehen esan bezala, aurrerago Estatuak
hartu zuen kulturaren ardura, eta antzerkia eta arteak babesten hasi zen (Luis XIV.ak “La Comedie
Française1” antzerki-erakundea sortu zuen errege-dekretuz). Horren ondorioz, antzokietara eraman
zituzten antzezpenak (Richelieuk Palais Royal delakoa —Errege Jauregia— eraiki zuen, aldi berean
jauregi eta antzoki zena). Babes hori zela eta, aktoreak aintzat hartuak izan ziren Frantzian, eta
benetako onarpena izan zuten diru-egoerari eta izen onari dagokienez (gogoan izan, Elizak ez
zituela begi onez ikusten aktoreak).

Eszenografiari dagokionez, orain arte ikusi ditugun herrialdeetako antzerkien antzekoa izan zen
hasieran Frantziako antzerki klasikoa: dekoratu gutxi, eta jantzi errealisten eta ikusgarrien erabilpen

1Komedia frantsesa: Frantziako Estatuaren antzerki-erakundea. Hasieran, Molièreren eta Racineren obrak antzezten
zituzten, batez ere.
sinbolikoa. Gero, areto handietara pasatu zenean, bestelako adierazpen artistikoak ere (dantza eta
musika, batez ere) antzezpenetan txertatzeko, eszena-baliabide asko erabiltzen hasi ziren (dekoratu
hotsandikoak eta antzerki-makinak, besteak beste).

Garai hartan hasi zen lehenengo aldiz emakumea antzezte-lanetan. Garai berean hasi ziren
aktoreak profesional egiten, baita antzerkiari loturiko beste zenbait lanbide ere: egileak ,
zuzendariak, dantzariak, etab.

Tragedia

– Pierre Corneille (1606-1684): Frantziako Estatuaren babesa izan zuen idazteko, izan ere,
Richelieu kardinalak soldatapean jarri zuen. Corneilleren antzerkia trantsizioko antzerkitzat jo
daiteke. Hastapenetan idatzitako zenbait obrak, komediek batez ere, ospea eman zioten. Komedia
horien artean aipatzekoa da Lilura komikoa. Bost ekitaldiko obra horretan komedia eta tragedia
nahasten ditu Corneillek. Aurrerago, Le Cid tragedia idatzi zituen. Azken horrekin arrakasta handia
izan zuen, nahiz eta akademizisten kritikak jaso unitate-legeak erabat ez betetzeagatik. Tragedia
erromatarrak ere idatzi zituen (Cinna, esaterako). Tragedia horietan Frantziako historiaz egin zuen
hausnarketa.

– Jean Racine (1639-1699): Eredu klasikoari erabat lotu zitzaion. Horren ondorioz, haren
obretan gertakizuna pertsonaien unerik tragikoenean dago kokatuta. Haren antzerkiak hitza du
oinarri. Unibertso tragiko eta indartsu bat osatu zuen Euripidesen eta Senekaren obrak eredu
hartuta. Haren bertsoak argiak eta indartsuak dira, eta erabili zituen antzerki-baliabideak ere oso
egokiak. Galbidera doazen pertsonaiak erabili zituen, eta haien barne-gatazkak erakutsi, mundutik
isolatuta baleude bezala. Haren tesiaren arabera, gizakiak ezin du bere grinen halabeharra saihestu
eta, bizitzaren bilakaerak baino gehiago, izadiak berak zehazten du norberaren patua. Tesi horren
adibide dira, besteak beste, Fedra, Berenize eta Britannicus obrak.

Komedia

– Jean Baptiste Poquelin, Molière (1622-1673): Antzerkiaren esparru guztiak jorratu zituen.
Antzerkigilea, enpresaria, aktorea eta zuzendaria izan zen. Gortean aritzea lortu baino lehen,
Frantziako hegoaldean zehar ibili zen bere antzerki-taldearekin denbora luzez. Hori dela eta,
primeran ezagutzen zituen ikusle mota guztien gustuak. Moliere hiru literatura-tradizioz baliatu zen
antzerki-lanak egiteko: fabliaux2 deituriko testu frantsesez, Italiako errepertorioaz eta Espainiako
tradizioaz.

Bere lanetan garaiko gizarte-akatsak kritikatu zituen. Karaktere-antzerkia delakoa idatzi zuen,
Italiako artearen komediaren pertsonaia tipifikatuetan oinarrituta. Pertsonaia tipifikatu batzuk
garatu zituen, eta horrela arketipo batzuk sortu zituen: zekena, pedantea, hipokrita, etab.
Dibertitzea eta aldi berean garaiko bizioak begi bistan jartzea zuen helburu, eta horretarako
karikatura eta arketipoak baliatu zituen. Karikatura egiteko, fartsaren baliabideak erabili zituen:
zaplaztekoak, makilakadak, mozorroak, pertsekuzioak eta ezorduko sarrerak. Haren obren artean
aipatzekoak dira: Don Juan (Tirsoren obran oinarrituta) Tartufo eta Zekena.

2Flabiaux: Erdi Aroko narrazio satiriko laburrak.

You might also like