You are on page 1of 2

INGURUMENARI BURUZ KOMUNIKATZEKO ELHUYARREN DEKALOGOAREN

IRUZKINA

Maddi Echeverria Barandiaran


Irakasgaia: Zientziaren filosofia
2024ko otsailaren 29an

Datozen paragrafoetan Elhuyarrek azken astean argitaratu duen Ingurumenari buruz


komunikatzeko dekalogoaren iruzkin labur bat egingo da. Bertan, esanguratsuenak iruditu
zaizkidan puntuetan soilik sakonduko dut, nola guztiz aberasgarriak iruditu zaizkidanetan,
hala zerbait gehitu beharko litzaiekeela iruditzen zaidanetan. Ez zait beharrezkoa iruditu
hamalau puntuen iruzkina egitea, horietako batzuk bere horretan egokiak direla iruditzen
baitzait, eta ez baitut horietan bestelako aipamenik egiteko beharrik ere ikusten.

Lehen puntuari dagokionez, bertan ingurumen-krisiaren gaiari begirada osagarriak


txertatzeko gomendioa egiten da, gai hau ainbat alorren elkarreraginean ulertzea
beharrezkoa baita. Ondo egiten da dekalogoari hasiera ematen dion analisia, irakurlea krisi
ekologikoaren koiuntura oso batean kokatzen baitu. Dena den, intersekzionalismoaren gaian
sakondu nahi nuke. Aipatzen diren botere harremanetan garrantzitsua deritzot garbi
seinalatzea klasetan banatutako gizartearen eta hau posible egiten duen sistemaren
eraginez sortutakoak direla bertan aipatutako subjektibitate eta problematikak. Klase
perspektibatik landu beharreko gaia da, beraz, ingurumen krisiarena, ulertuz hau sistema
kapitalistaren hutsuneen ondorioetako bat dela, aipatutako beste guztien ondoan. Guzti
hauen konponbidea ere, beraz, problematika bakoitzari dagokion borroka klase borrokaren
espresio edo fronte anitzen baitan ulertuta bideratu behar dela gehituko nuke. Alegia, ondo
dago problematika hauek guztiak elkarlotuta daudela seinalatzea, baina kausa nagusiaren
seinalamendua ahal den garbien uztea ezinbestekoa da dekalogoaren kokapen koiunturala
dagokion osotasunez egiteko.

Hirugarrenean, ingurumen larrialdiari buruzko komunikazioan ikuspegi katastrofistak


ekiditea eskatzen da. Egokia eta beharrezkoa iruditu zait puntu hau. Askotan iruditzen zait bi
muturreko tendentziak nagusitu ohi direla gai honen inguruan (eta oro har errealitatearen
analisi negatiboekiko erreakzioetan): edo gaiari pisua kendu eta bertatik ihes egiteko
saiakera bat, edo ikuspegi katastrofista pesimista erabatekoa hartzea, lehenengoa bezain
inmobilizatzailea dena finean. Izan ere, errelato katastrofista batek atsekabea eragiten du
hartzailearengan; ez du egoerari buelta emateko irtenbide posiblerik ikusten, eta inpotentzia
honen aurrean indiferentziarekin eta ezeri ekiteko borondate faltarekin erantzun ohi da.
Beraz, garrantzitsua da argazki errealista negatiboa den kasuetan honen gakoak zein diren
aztertu eta konponbiderako pausoak bilatzeko jarrera hartzea.

Laugarren puntuan, botere abusuaren gaia ondo ekarrita dagoela deritzot, batez ere
krisi klimatikoa finean krisi kapitalistaren ondorio delako. Hor kokatu behar da arazoa, eta
harreman sozioekonomikoen eraldaketa bat proposatu beharra dago krisi klimatikoari ere
aurre egin ahal izateko. Ez dakit baliabideak ekitatez banatzearen ideia bide horretatik
planteatua izan den. Hala balitz, ideia honetan gehiago sakontzea ondo legokeela uste dut,
ez baitzait balizko mezua oso argi geratu.
Eurozentrismoa. Ondo dago larrialdi klimatikoaren gaiari ikuspegi global batetik heldu
nahi izatea. Dena den, ez dugu ahaztu behar elite kapitalistak egindako baliabide naturalen
esplotazio neurrigabea dela egungo klima aldaketaren kausa nagusia. Elite hauek eta euren
industriak (edo, deslokalizatuak badaude, industria hauen kudeaketa sedeak) Europan
kokatzen direla gehienean. Errealitatearen analisia egiterakoan errealitate guztiak kontuan
hartzea eta konponbideak mundu mailako herrialde guztientzat ekitatiboki proposatzea
beharrezkoa da; baina egun Europa edo mendebaldea deritzona da mundu mailako
errealitatean ematen ari den krisi ekologikoaren kausa eta erantzule. Hortaz, dagokion pisua
eman behar diogu arazoaren iturburua non eta zerren baitan dagoen ulertzeari eta
erantzuleen seinalamendua argi komunikatzeari. Hau diot, batez ere, larrialdi klimatikoaren
gaiaren irakurketa orokorrean mundu mailako eszenara zabaldu behar dela esateak
mendebaldearen erantzunkizuna lausotu dezakeenaren arriskua ikusten dudalako. Dena
den, zazpigarren puntuan egiten den erantzunkizunaren inguruko argipenak nahiko argi
uzten dio irakurleari aipatu dudan arriskua. Gainera, garrantzitsua da ingurumen krisiaren
erantzule nagusiak zein diren argi edukitzea eta irtenbidea honen baitan kokatzea, askotan
norberaren bizi estiloari lotutako aldaketetan jartzen baita irtenbiderako eman daitezkeen
pausuen osotasuna. Baliteke komunikabideek hau egitea nolabait konponbidea denon esku
dagoela sinestarazi nahi dutelako, hala atsekabean eror ez gaitezen eta arazoarekiko
konpromezua manten dezagun. Dena den, garbi dago eta arazoaren arduradun nagusiei
exigitu behar zaizkiela, gehien bat, aldaketak. Askotan hau ez da horrela islatzen
komunikabideetan. Beraz, bereziki zentzuzkoa iruditu zaizkit zazpigarren puntu honetan
emandako argipenak.

Azkenik bederatzi eta hamargarren puntuetan ageri da biodibertsitatearen gaiari


erreferentzia. Dekalogoaren aurkezpenaren osteko tertulian ere nahikoa aipatutako alorra
izan zen. Niretzat berria izan da ekologismoaren esparruan gai hau sartzea; lotura zuzena
badu ere batzuetan zail gertatzen da norberak bi ideia hauek lotzea. Eskertuta nago lotura
hau bistara ekarri izanagatik.

Laburbilduz, dekalogoaren fokua oro har egoki jarrita dagoela esango nuke.
Ingurumen larrialdiaren koiuntura eta gako nagusiak ondo kokatzen ditu eta irakurleari
gaiaren puntu nagusien errebisio orokor bat ematen dio. Komunikazioari dagokionez,
gizarteak forma aktiboan erantzun dezan eragiteko abersagarriak diren gomendioak ematen
dira (ikuspegi katastrofista ekiditearena eta teknologiaren inguruko eztabaidez haratago,
gaia harreman sozialen baitan pentsatu eta lantzearena, esaterako). Kokapen koiunturalari,
esan bezala, krisi kapitalistaren seinalizazio argiagoa gehituko nioke, bestela egindako
kokapena anbiguo xamar gera daiteke eta irakurlearentzat. Gainerakoan, oso egokia eta
erabilgarria deritzot dekalogoari. Garrantzitsua da zehaztasunez eta argitasunez ideia guzti
hauek bildu eta mahai gainean jartzea.

You might also like