You are on page 1of 3

Maddi Etxeberria Barandiaran

Filosofiako gradua, 2023-2024

Zientziaren filosofia irakasgairako 2024ko otsailaren 9an aurkeztutako lana,


inpartzialtasun printzipioaren inguruan eskari-gutun bat proposatzea helburu duena.

_________________________________________________________________________
__

Buenos días Canarias programako zuzendari hori:

Youth for Climate Action antolakunde europarraren Donostiako kideok zurekin harremanetan
jarri nahi genuke aldaketa klimatikoaren auziari dagokion komunikazio lanean hutsuneren
bat ikusi dugulako zuen programan. Izan ere, 2018ko azaroan izandako itsas denborale
baten albisteari eskeini zenioten programa izan dugu aste honetan esku artean, eta bertan
eman zen debatearen planteamendua erabat desegokia dela irizten dugu. Pedro Dorta, ULL
unibertsitateko Geografia Fisikoko irakaslea; Aridane González, Aldaketa Klimatikoaren eta
Ekonomia Urdinaren inguruko adituen komiteko kidea eta José Ramón Arévalo, ULL-ko
Ekologia katedratikoa dira aipatutako debateko gonbidatuak. Bertan, lehen biek aldaketa
klimatikoaren eraginaz eta gai honetan giza aztarna ekologikoak duen lotura frogatuaz hitz
egin zuten. Neurri handiagoan edo txikiagoan, biek bat egiten zuten komunitate zientifikoak
gaiaren inguruan frogatuak eta onartuak dituen egitateekin. Azken gonbidatuaren
diskurtsoan, ordea, arriskutsuak diren ezaugarriak hauteman ditugu, eta honek gure ustez
dakartzan ondorio larrien berri eman nahi genuke gutun honetan.

Arestian aurreratu dugun bezala, Arévalo jaunaren diskurtsoa desegokia da erabat;


hasieratik manipulatzailea da komunitate zientifikoan balekotasun objektiboa duten aldaketa
klimatikoaren inguruko tesiekiko. Izan ere, berak, itxuraz, aldaketa klimatikoa ukatzen ez
badu ere (kontrakoa dio, aldaketa klimatikoa betidanik naturan egon den fenomenoa dela,
giza erantzunkizun oro ezabatuz honela), gaia neutralizatu eta duen larritasuna kentzen dio.
Bere jarrera eszeptikoa mugagabeki ahaltsu agertzen da solaskideen datu konkretu eta
mugatuen alboan: hauek kasu isolatutzat hartzen ditu, batzuetan, lotura kausal bat bertan
identifikatzerik ez dagoela eta kasualitate hutsak direla arrazoituz; beste batzuetan,
komunitate zientifikoak klimaren iguruko datu base komuna duela azaltzen du, baina honen
interpretazio okerrak hegemonizatzen ari direla, eta, hala, ondorio prezipitatuak ateratzen
dituztela zientzialari gehienek.

Lehen begiratuan ezaugarri zentzugaberik hauteman ezin badezakegu ere, jarraian aipatuko
ditugun datuak argigarriak dira Arévaloren asmo manipulatzailea argitara atera eta honen
presentziari zilegitasuna kentzeko. Sarean ekologia adituaren datuak bilatu ditugunean,
asko sakondu beharrik gabe aurkitu dugu alderdi libertarioko koordinatzaile ordea dela
Kanarietan. Talde politiko honen interes ekonomikoak ageriak dira, baita hauek direla eta
modu erabat deslegitimoan aldaketa klimatikoa bezalako errealitateak ukatzeko duen joera
ere. Hori dela eta, argi ikus daiteke zuen programan Arévaloren presentziak funtzio garbi bat
duela; ez dela zientziarekiko konpromezu zintzoaz egindako ikerketa batzuen ondorioak
azaltzen ari, besteek babesten duten posizio komuna, egungo marko zientifikoan aski
onartua dagoena, etengabe zalantzan jartzen baizik, hainbat baliabide diskurtsibo
manipulatzaile baliatuta.

Aurreko mendeko bigarren erdialdean tabako industria estatubatuarrak zerabilen


zalantzaren instrumentalizazioarekin modu analogoan ikus dezakegu zientzialari
libertarioaren dinamika. Merkatuaren interesak oztopatzen dituzten neurri ekologistak
indarrean jartzea eragozteko modurik onena Aldaketa Klimatikoa bera ukatzea, edo,
gutxienez, gertakari objektibo honi ziurtasuna kentzea da aurrera daraman estrategia.
Horretarako, aipatutako baliabideen bidez gainerako adituek determinatzen dituzten tesiak
erasotzen ditu etengabe, hauek froga gehiagoren beharrean edo hauen zilegitasun falta
betierekoaz utziz.

Zuen telebista programako debatean hautemandako isuri motibatuaren aurrean,


komunikabide publiko gisa duzuen erantzunkizuna gogorarazi nahi dizugu, eta honelako
erabakiak berriz har ez ditzazuen eskatu. Dudarik gabe, guztiz garrantzitsua da
kominikabideok inpartzialtasun printzipioaren izenean martxan dituzuen politikak kontuan
hartzea. Dena den, politika hauek inplikazioak batzuetan arriskutsuak izan daitezkeela
argudiatu nahi dugu. Komunitate zientifikoak gertakari bat objektibotzat onartua izateko aski
froga dituenean, ez luke onargarria izan behar minimoen diskurtso komun horretatik
ateratzen diren solaskideak gonbidatzeak, are gutxiago diskurtso hori ukatzeko motibazio
ekonomiko argiak dituztenean.

Argi utzi nahi dugu, beste behin, komunitate zientifikoaren baitan beharrezkoa den
aniztasuna ulertzen eta babesten dugula, hau ikerketen kalitatea, fidagarritasuna eta
aberastasuna bermatzeko bide baita. Alabaina, marko komun honetatik haratago doan
edozein diskurtsori bozgorailua emateak beharrezko dugun marko hau neutralizatzea dakar.
Komunitate zientifikoa eta honen tesi objektibatuak beharrezko dira gure gizartean, erabaki
politikoen eta, oro har, mundu ikuskeraren iparra markatzen duten heinean. Hauen gainean
eraikitzen dira, ondoren, komunitatearen ongizaterako beharrezko neurriak. Gutxieneko
gertakari hauen fidagarritasuna zalatzan jartzean iparrik gabe geratzen da, beraz,
komunitate politikoa, honela merkatuarengan eragiteko gaitasunak galtzen dituelarik. Hori
da, kasu honetan, alderdi libertarioko kideak bete duen funtzioa zuen programako debatean.
Eta hau ekidite aldera, inpartzialtasun eta aniztasun printzipioak jada adostua dagoen marko
zientifiko baten barruan aplika ditzazuen eskatu nahi dizugu. Iritzien aniztasuna infinitua izan
daiteke, eta inpartzialtasunaren izenean autoritate edo berme segururik ez dutenen iritziek
arrisku larria dakarte iritzi publikoan errepresentatzean. Izan ere, posizio zientifiko zuhurrek
debateen garaipena berez ziurtatuta dutela uste badezakegu ere, eguneroko ogi da
erretorika baliabide indartsuagoak dituzten diskurtsoen nagusitasuna; errazagoa baita artez
eraikia dagoena zalantzaren mailuaz eraistea, mailua inguruan daukazunean eraikinaren
zimenduei eustea baino.

Ekologiaren gaiari dagokionez, ez dugu denborarik galtzeko, eta behar beharrezkoa zaigu
jarrera determinanteagoak hartu eta egitate zientifiko objektiboei dagokien espazio babestua
ematea.

Gure kezka ulertuko duzulakoan, mila esker aldez aurretik.


Donostiako Youth for Climate Action taldea.

You might also like