You are on page 1of 2

-LA konpletibodun perpausak zein ordenaz emon, dau erako aditz

nagusiaz
Perpaus bati bere aditz jokatuan -la atzizkia eransten deutsagunean, beraren bidez emoten
jakun mezua zeharbidez emoten dogu; izan be, beraren gainetik aditz bat eta esaldi nagusi bat
ipinten dogu: esan, pentsau, sinestu edo dana dalakoa.

Mezua zuzen emoteko, esaldi nagusia erabilten dogu, jakina: Bihar euria egingo dau mezu
zuzena, esaldi nagusi batez adierazoa. Eta zeharkako bihurtuko dogu, aditzari -la atzizkia
txertatuaz, horretara aditz nagusiagazko lokarri bihurtzen dala: Bihar euria egingo dauela iragarri
dau Euskalmet-ek.

Perpaus bien ordena eta joskerea dala-ta, goiko esaldi horretan, mezua -la atzizkidun aditza
daroan perpausaz adierazoten dana, aurrean ipini dogu eta perpaus nagusia eta beronen aditza
atzean.

Bide batez gogorarazo daigun, mezua zeharka emoteko beste era bat be badala: aditz jokatuari
ei hizkia aurrean ipintea. Horretara, mezu hori beste norbaitegandik jasoa edo iturri ziur bakoa
dala erakusten dogu, edozelan be hiztunak bere bermea ez deutsala emoten mezu horri. Halan
esan geinke: Bihar euria egingo ei dau. (Hori dino behintzat Euskalmet-ek. Sinestu edo ez).

Ordena arlora bihurtuta, bada bigarren ordena bat eta berau da ugariena, tradizinoan eta
hiztunen ezpanetan eta inguru hizkuntza guztietan ia orokorra dana. Bigarren ordena honen
arabera, aditz eta esaldi nagusia ipinten dogu aurretik eta la atzizkidun aditza eta honen esaldia
ostean. Horretara, adierazo gura dan mezu nagusi hori iragarpenaren atzean agertuko da.
Aurrean nork dinoan eta atzean zer dinoan: Euskalmet-ek esan dau, bihar euria egingo dauela.

Gure artean auzia izaten da, zein hobetsi, edo noiz bata eta noiz bestea erabili. Konpletibo bidez
adierazo gura dogun mezua laburra danean, aurrean ipinteko arrazoiak sendoagoak izaten dira
hiztunontzat. Halan erabilten ditugu: Datorrela esaiozu. Joango dala pentsetan dot. Ondo dakiala
esango neuke. Analogiaz erabilten dogu ordena hori. Esaten dogun moduan: Nik hori pentsetan
dot, ordena bera apliketan dogu dinogunean: Nik holan dala pentsetan dot. Baina aurre
posizinoko ordena hau arrazoi pragmatikoek lagundurik erabilten dogu; horreetariko bat da,
luzeegia ez izatea.

Baina mendeko konpletiboaz adierazo beharreko mezua edo azalpena konplexua edo luzea
danean, edo esaldi konpletibo bat baino gehiago kateaturik dagozanean, erosoagoa, malguagoa
eta, beraz, gomendagarriagoa jazoten da atzean ipintea. Halan, esaterako:

Lehendakariak argiro aitzen emon eban, tamalez neurri zorrotzak hartu beharko zirala krisiari
aurre egin gura bazan, eta, halan eta guzti be, neurri horreen emaitzak ez zirala behingoan
igarriko, bi-hiru urteren buruan baino.
Mendeko konpletiboa aurrean eta aditz nagusia atzean ipinten ditugunean, aditz nagusi honen
subjektoa be atzean ipintea da garbiena, eta ez esaldiaren buruan, nahiz hau be zilegi izan.
Argitasunaren mesedetan emoten dogu gomendio hau. Ondoko ordenen artean (a) edo (b)
gomendatzen ditugu, baina (c) ordenea, zuzena izanda be, ilun eta nahasiagoa gertatzen da:

(a) Bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera etozala adierazo eben bitartekariek.
(b) Bitartekariek adierazo eben, eurak bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera
etozala.
(c) Bitartekariek, eurak bake-prozesua burutu zedin urratsak emoten laguntzera etozala adierazo
eben.

Aditz nagusiaren edo perpaus nagusiaren inguruan dagoanean fokua edo galdegaia, -la
atzizkidun mendekoa atzean kokatzea da onena, normala danez. Halan:

(d) Zenbatek daki mundu zabalean, Euskal Herria badala?


(e) Zelan pentsau zeinke, entrenamentu barik partidu bat irabazi leitekela?
(f) Ondo esan dau, ahalegin barik ez dagoala etekin onik.
(g) Arrazoia emoten deutsut, idazle onen bitartez irabaziko dauela euskereak ospe literarioa.

Baina ondorio okerrik ez daigun horretatik atera. Esaldiaren galdegaia edo fokua la mendeko
konpletiboan egonda be, horrek ez dau esan gura aditz nagusiaren aurrean ipini behar dogula
gura nahi gura ez mendekoa. Arrazoi pragmatikoak, ulergarritasunaz, malgutasunaz eta
erraztasunaz zerikusia dabenak egoten dira, batzuetan edo sarritan mendekoa aditz nagusiaren
ostean ipintea eskatzen dabenak.

Esaldien arteko ordenea librea da berez eta ezin da arau zorrotzik emon eta ez da komeni be
halan egitea, beti ordena bakar bategaz jokatzeko. Idazleen edo hizlarien esku dagoan
eskubidea da hori gehienetan, eta honek kontestuagaz zerikusia daben arrazoiak eukiten ditu
gehienetan, mendeko konpletiboa, batean aurreko lekuan eta bestean atzeko lekuan ipinteko.
Hizkuntzaren erabiltzailearen esku dago hori gehienbat.

You might also like