You are on page 1of 19

2.

Ikasgaia: ENPRESAREN HELBURUAK


2.1. Ikuspegi orokorra
2.2. Enpresa xedea
2.3. Enpresako helburuen planteamenduaren faktore baldintzatzaileak
2.3.1. Inguruaren analisia
2.3.2. Enpresaren barne analisia
2.3.3. Enpresaren egoeraren diagnostikoa: AMIA analisia
2.4. Enpresaren helburu orokorrak
2.4.1. Hazkundea: barnekoa edota kanpokoa
2.4.2. Finantza autonomia
2.4.3. Mozkina eta errentagarritasuna
2.4.4. Segurtasuna
2.5. Helburuen elementuak
2.6. Helburu sistema baten sailkapena eta ezarpena
2.6.1. Helburu sistemaren sailkapena
2.6.2. Helburu sistema baten egitura eta diseinua
2.7. Enpresan dauden interes taldeak eta ardura sozial korporatiboa

2.1. Ikuspegi orokorra

Duela gutxira arte, enpresak helburu bakar bat zuela uste zen: ahalik eta mozkin gehiago
lortzea. Gaur egungo enpresek ez dute helburu bakar bat jarraitzen, hainbat baizik. Helburuek
enpresa zuzentzen duten eta enpresako xedean biltzen diren baloreak, sinesmenak, kultura eta
filosofia islatu behar dute.

Enpresen helburuak hainbat izan daitezke bere tamaina, mota, egoera ekonomikoa eta
abarren arabera. Gainera, enpresa bakar baten helburuak denboran zehar aldatu egin daitezke; hau
da, unearen arabera, helburu bat edo bestea izan dezake.

Enpresa motaren arabera helburuak ezberdinak izango dira, enpresa pribatu zein publiko
baten edota txikia zein handia den enpresa baten helburuek ez dute bat egin behar.

Halaber, enpresen helburuek ez dute espazioan zein denboran bat egiten. Enpresa batek
unearen arabera hainbat helburu izango ditu eta merkatu berean jarduten diren bi enpresek helburu
ezberdinak bila ditzakete.
2.2. Enpresa xedea

Enpresak, antolakunde oro bezala, haren jarduera gidatuko duen lehendabiziko helburu
nagusi eta orokor bat definitu behar du. Helburu hau enpresaren xedea bezala ezagutzen dena da eta
enpresaren existentzia justifikatu eta haren pertsonalitatea islatzen du. Enpresa bakoitzaren
ezaugarriak diren balore, sinesmen, kultura eta filosofiarekin erlazionatuta dago.

Xedeak, enpresa jarduteko era propioa eta berezia adierazten duen heinean, enpresa bakoitza
lehiakideen artean bakartzat jotzeko balio du. Enpresek, eskaintzen dituen produktuen, aurkitzen den
sektorearen, herrialdearen jatorriaren, jabeak nortzuk diren edo ze printzipio dituzten arabera, haien
xedea definitzen dute. Halaber, enpresaren kide guztientzako erreferentziatzat jotzen den identitate
bat eta gauzak egiteko modu bat, kide guztien artean ezaguna eta partekatuta izan behar dena,
eskaintzen du. Enpresaren kideek hartzen dituzten erabakiak eta burutzen dituzten ekintzak
enpresaren xedearen menpekoak izan behar dira, honen printzipioak eta sinesmenak errespetatuz.

2.3. Enpresako helburuen planteamenduaren faktore baldintzatzaileak.

Helburuak planteatu baino lehen, hauek hainbat faktoreengatik baldintzatuta egongo direla aintzat
hartzea premiazkoa da:

1.- Enpresaren xedea, haren existentziaren arrazoia izango dena.

2.- Ingurunearekiko enpresaren egoera: inguruaren analisia.

Ingurunea aztertuz, enpresa batek dituen mehatxuak eta aukerak jakin genitzake. Merkatu kuota,
bezeroak, hornitzaileak, produktu ordezkagarriak, egungo lehiakide eta lehiakide potentzialak, arautegia,
etab. aztertu behar izango dira. Horren arabera helburuak finkatu egingo dira.

3.- Sektorean enpresak daukan barneko egoera: enpresaren barneko analisia.

- Enpresen izaera edo enpresa motak (txikia, handia, publikoa, pribatua…) eta ondorioztatutako
ezaugarriak.

- Enpresaren puntu indartsuak eta ahulak (lehiakideen aurrean abantailak, irudi hobea, etab.)

2.3.1. Ingunearen analisia


Enpresa, haren jarduera garatzean, ingurunearekin etengabe elkar eragiten du, hala nola, faktore
produktiboen merkatuarekin, langileekin, hornitzaile eta hartzekodunekin, zein bukaerako produktu eta
zerbitzuen merkatuarekin; bereziki bezero eta lehiakideekin elkar eragiten du. Halaber, enpresak, gainerako
antolakundeak, instituzioak eta pertsona fisikoak bezala, haren jokabidea baldintzatzen duen sistema
ekonomiko, soziala, kulturala, politiko eta legala batean aurkitzen da.

Beraz, enpresaren ingurunea definitu eta ulertzea funtsezkoa da, honek planteatzen dituen aukerak
aprobetxatu, baita mehatxuak saihetsi eta neutralizatu ahal izateko. Orokorrean, enpresaren ingurunea
enpresatik kanpo dauden ezaugarriak eta honek kontrolatu ezin dituenak, baina haren jardueran, jokabidean
eta egungo eta etorkizuneko emaitzetan eragin edo eragin ahal dutenak dira.

Enpresako ingurunea zehaztasunez ikasteko asmoz, ingurunean bi maila bereizten dira: ingurune
orokorra eta ingurune espezifikoa.

2.1. Irudia. Enpresako ingurune orokorra eta espezifikoa

2.3.1.1. Ingurune orokorra


Enpresaren ingurune orokorra, hainbat esparrutatik – ekonomikoa, politikoa, legala, kulturala,
soziala, ekologikoa, etab. – agente ekonomikoak eta sozialak, hauen artean gizarte, herrialde edo esparru
geografiko bateko enpresak barne, eragiten edo eragin ahal dituen aldagai edo faktore multzoa bezala
definitu egiten da.

Ingurune orokorreko analisia burutzeko, PESTEL analisia (Johnson eta besteak, 2006) delakoa
erabiltzen da, dimentsio politiko, ekonomiko, soziala, teknologiko, ekologiko eta legala dimentsioetan
taldekatutako ingurune orokorreko faktoreak barneratuz. Horietako bakoitza enpresako jardueren esparru
geografikoan aplikatu behar da.
- Dimentsio politikoak, erabaki politikoak egiteko gaitasuna duten herrialde edo esparru geografiko
bateko sistema instituzionala osotzen duten aldagaiak barneratzen ditu. Aldagai hauek agente ekonomiko
eta sozial ezberdinen arteko erlazio juridikoak, sozialak eta ekonomikoak mugatzen dituzte. Existitzen den
sistema politikoa (demokratikoa eta bestelakoa), sistema judizialaren independentzia eta garapena,
Estatuaren egonkortasun instituzionala, Administrazio Publikoen parte hartze maila, edo gobernuaren
egonkortasuna, enpresek kontutan izan beharko luketen alderdi garrantzitsuak dira.

- Dimentsio ekonomikoak, esparru geografiko bateko egungo eta etorkizuneko egoera ekonomikoa
konfiguratzen duten aldagai makroekonomikoak biltzen ditu. Aldagai adierazgarrienen artean, barne
produktu gordinaren (BPG) hazkunde datuak, langabezi tasa, interes tasa, inflazio tasa edo kontsumo
pribatuaren datuak, besteak beste, aurki genitzake.

- Dimentsio sozialak, izaera soziala, kulturala eta demografikoa duten aldagaiak barneratzen ditu.
Jaiotze tasa, bizi-itxaropena, inmigrazioa, populazioaren hezkuntza maila, bizitzeko estiloa edo gizarteak
onartzen dituen balore berrien agerpena, dimentsio hau baloratzeko enpresek barneratzen dituzten aldagaien
adibideak dira.

- Dimentsio teknologikoa batez ere, ikerkuntza, garapena eta berrikuntza jardueretara (I+D+i)
dedikatutako azpiegitura eta garapen teknologikoa, aurrekontu publikoa edota pribatua existitzeagatik
neurtzen da.

- Inguruaren dimentsio ekologikoa, ingurumenaren alde gizartearen, antolakunde politikoen edo


sozialen sentsibilizazio mailaz ari da. Elikagai transgenikoek, ekoizpen kutxatzailea, kontsumo energetiko
jasangarria edo hondakinen eta ontzien birziklapena, gizartean gero eta gehiago ageri diren alderdiak dira,
atenditu beharko liratekenak eta enpresaren jarduera eta jokabidearen aldetik kontutan izan beharrekoak.

- Dimentsio legala lan, merkatal, finantza edo lehiakidearen babeserako esparruaz ari da. Dimentsio
politikoarekin lotura estua dauka. Zentzu honetan, Europar Batasuneko merkataritza askerako arauak edo
Nafta, herrialde bakoitzeko aldagai politikoak gainditzen dituzte.

Enpresa bakoitzak, dimentsio bakoitzaren barnean, haren enpresako jarduerarako funtsezkoak diren
aldagaiak hautatu beharko ditu. Informazio honetatik abiatuz eta eskura dagoen informazioarekin, enpresako
jarduerarako zuzendaritzak saihetsi beharreko mehatxuak eta kontutan izan beharreko aukerak
identifikatuko ditu. Zentzu honetan aipagarria da aldagai bat jarduera sektore baterako mehatxu bat izanik,
agian beste sektore baterako aukera bat izan daitekeela eta hirugarren jarduera sektore baterako garrantzi
gutxikoa izan; are gehiago, industri berean, enpresa lehiakide gehienentzat mehatxua izan daiteke baina
gutxi batzuentzako aukera bat izan daiteke.

2.3.1.2. Ingurune espezifikoa


Ingurune konpetitibo edo espezifikoaren analisia enpresaren jardueran eta haren emaitzetan eragiten
duten edo eragin dezaketen kanpoko faktoreen ikerketa osatzen du. Ingurune espezifikoaren analisia
Ekonomia Industrialean du jatorria eta enpresa jarduten den industriaren egiturak honen eta haren
lehiakideen jokabide estrategikoa baldintzatzen duela proposatzen du; beraz, lortuko dituen emaitzak ere.

Ingurune espezifikoaren analisian garrantzitsua dena industriaren erakargarritasun maila zehaztea


da. Erakargarritasun horrek enpresak sektore horretan errentak edo mozkinak lortzeko daukan probabilitatea
adieraziko du, bertan kokatuta dauden enpresentzako sektoreak inplikatuko dituen aukerak eta
mehatxuengatik zehaztuko dena. Horrela, bertan instalatutako enpresentzako aukerak inplikatzen dituzten
faktoreak zenbat eta handiagoak izan eta mehatxuak inplikatzen dituztenak zenbat eta txikiagoak izan
industria erakargarriagoa izango da.

Industriaren egitura aztertzeko teknikarik erabiliena eta erakargarriena Porter-en Bost Indar
konpetitiboen Eredua deritzona da (Porter, 1982) (2.2. Irudia). Eredu honen arabera, industriren
erakargarritasun maila ondoko bost indar konpetitiboen araberakoa da:

2.2. Irudia. Porter-en Bost Indar Konpetitiboen eredua

 Egungo konpetentziaren lehialtasun maila

Indar hau, lehiakideak diren enpresen arteko konpetentziaren intentsitateaz ari da; beraz, produktuen
salmentan enpresarekin lehiatzen dute. Industria bateko egungo lehiakideen arteko lehialtasun maila zenbat
eta handiagoa izan, gero eta txikiagoa izango da haren erakargarritasun maila.
Lehialtasun maila horretan eragiten duten faktoreen artean lehiakide kopurua azpimarragarria da,
kopurua geroz eta handiagoa eta tamaina antzekoagoa izan, merkatu kuota irabazteko lehia zuzena egiteko
pixgarri handiagoak existitzen dira; baita sektoreak daukan eskariaren hazkunde erritmoa, eskaria
egonkortuta edo gainbeheran dagoen industrietan, enpresak bezeroak lortu eta salmentak igotzeko
lehiakideekin borroka handiagoa egitearen beharrean aurkitzen dira.

Indar honetan eragiten duten beste faktoreak eskainitako produktuen diferentziapen maila dira,
produktu homogeneo edo estandarren artean konpetentsia gogorragoa izanik; jarduera burutu eta prezio
konpetitiboetan produktuak eskaintzeko gutxieneko tamaina eraginkor handiaren premia, inbertsio bolumen
handia egitera bultzatzen du, hau berreskuratzeko merkatura produktu kantitate handiak merkaturatzera
behartzen dutenak; edo azkenean, irteteko oztopoak, edo enpresek haien jarduerak eten eta industria
abandonatzeko, lehialtasun maila areagotzen du.

 Lehiakide berriak sartzeko mehatxua

Indar konpetitibo honek enpresa lehiakide berrien sarrera mehatxuari aipamena egiten dio,
gertatzekotan konpetentzia handitu eta industriaren erakargarritasun maila kaltetuko luketena. Mehatxu hau
bi faktoreen existentziagatik dator: sarrera oztopoak eta dagoeneko instalatuta dauden enpresa lehiakideen
erreakzioa. Sarrera oztopokoek, industria edo sektore bateko jarduera zehatz batera lehiakide berrien sarrera
askea saihesten dute, esaterako, marka kontsolidatua izateko premia, ekoizpen bolumen handia, lizentzia
admnistratiboak, etab. Zenbat eta sarrera oztopo gehiago existitu, gero eta zailagoa izango da industrian
lehiakide berrien sarrera eta gero eta erakargarriagoa izango da sektorearentzako.

Bigarren faktorea, dagoeneko instalatuta dauden enpresen erreakzioak, sarrera oztopoen antzeko
eragina izan dezake, sektorean instalatuta dauden enpresen aldetik, sartu berrienganako erantzun gogorra
eta eurenganako babesa existitzen den neurrian.

 Produktu ordezkagarrien mehatxua

Produktu ordezkagarriak enpresaren produktuen premia berdinak asebetetzen dituzten produktuak


dira. Hauek industria beratik etorri ahal dira edo beste teknologia erabiltzekotan beste sektoreetatik.
Esaterako, hegazkinez egindako bidaien produktu ordezkagarri bat trena izan daiteke. Hala ere, produktu
ordezkagarri baten mehatxu maila bere prezioaren, bezeroen balorazioen eta produktuen aldaketa kostuen
existentziaren (egungo produktua ordezkagarriagatik ordezkatzea merkea edo erraza izatea) menpe egon
daiteke. Produktu ordezkagarrien agerpenerako zenbat eta mehatxu gehiago existitu, sektoreak
erakargarritasun txikiagoa izango du.

 Bezeroen negoziazio poterea


Indar honek industria bateko bezeroek, haientzako aldekoak diren elkartrukaketako baldintzak
inposatuz, prezioak eta erosketa prozesuko beste alderdi garrantzitsuak negoziatzeko duten potere erlatibo
maila handiagoari erreferentzia egiten dio. Zentzu honetan, haien negoziazio poterea zenbat eta handiagoa
izan, gero eta txikiagoa izango da industriaren erakargarritasun maila. Negoziazio potere hura baldintzatzen
duten faktoreen artean, bezeroek industriarekiko duten kontzentrazio eta garrantzi maila aurkitzen dira,
industriaren salmentak bezero gutxiren artean kontzentratuta daudenean, hauek haien produktuak saltzeko
aukera gutxi baitituzte, negoziazio poterea haien bezeroen alde murriztuz.

Produktuen desberdintzapen mailak bezeroen negoziazio poterean negatiboki eragiten du. Horrela,
industrian bezeroen aldetik ongi baloratuta dauden produktuak eskaintzen direnean, bezeroek haiekiko
dependentzia handiagoa izango dute. Bezeroen negoziazio poterea handitzen duen beste faktorea,
salerosketari buruzko informazioa zein atzera egin dezaketen integrazioari (bezero bat norberaren
hornitzaile bihurtzea eta ondorioz, industriako enpresen premiarik ez izatea) buruzko mehatxu erreala da.

 Hornitzaileen negoziazio boterea

Hornitzaileen negoziazio boterea azaltzen duten faktoreak bezeroen negoziazio boterean


komentatutakoen antzekoak dira. Zentzu honetan, zenbat eta handiagoa izan hornitzaileen negoziazio
boterea, txikiagoa izango da industriaren erakargarritasuna. Negoziazio botere hori baldintzatzen duten
faktoreen artean, lehen komentatutakoak daude, industriarekiko hornitzaileen garrantzia eta kontzentrazio
maila, salerosiko diren produktuen diferentziapen maila, hornitzaileek salerosketari buruz daukaten
informazio maila zein aurrera egin dezaketen integrazio mehatxua (hornitzaile bat norberaren bezero
bihurtzea eta ondorioz, industriako enpresen premiarik ez izatea).

2.3.2. Enpresaren barne analisia

Barne analisiaren helburua enpresa baten indarrak eta ahuleziak identifikatzea da. Hortarako, hainbat
teknika erabil daitezke. Aukera bat enpresaren identitatea izenekoa mugatzea izan daiteke. Enpresa mota,
haren funtsezko ezaugarriak edo hura definitzen duten alderdiak, beste analisi tekniken erabileran
informazio osagarria bezala kontutan izango direnak ezartzean datza. Oinarrizko ezaugarri hauetako batzuk,
enpresa aurkitzen den unea edo etapa historikoa, tamaina, jarduera esparrua, jabetza mota, jarduteko esparru
geografikoa eta haren egitura juridikoa dira.

Enpresaren profila estrategikoa, esparru funtzionalen analisia eta ikasketaren bidez puntu indartsu
eta ahulak identifikatzen saiatzen den beste barne analisirako teknika bat da. Esparru funtzionalak enpresa
orok garatzen dituen jarduera espezializatu ezberdinak dira, hala nola, ekoizpena, merkaturapena,
finantzaketa, giza-baliabideak, antolakuntza, etab.
2.3.3. Enpresaren egoerari buruzko diagnostikoa: AMIA analisia

Enpresaren ingurunea eta barneko egoera ikasi ondoren, AMIA analisia prestatu behar da
(ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak) eta hortik abiatuz, enpresako helburuak ezarriko dira.

AMIA analisi hau ondo burutzeak, enpresari, honen errealitatera egokitutako helburu batzuk
planteatzea ahalbidetuko dio.

2.3. Irudia. AMIA matrizea

INDARRAK AHULEZIAK

 1 Indarra  1 Ahulezia
 2 Indarra  2 Ahulezia
 …  …
AUKERAK MEHATXUAK

 1 Aukera  1 Mehatxua
 2 Aukera  2 Mehatxua
 …  …

2.4. Enpresaren helburu orokorrak

Enpresa bakoitzak hoberen datorkion helburuak definituko dituen arren, kasu gehienetan
erabiltzen diren helburu orokorrak defini ditzakegu.

 Barneko edota kanpoko hazkundea


 Finantza autonomia
 Mozkina eta errentagarritasuna
 Segurtasuna

2.4.1. Hazkundea: barnekoa edota kanpokoa

 Barneko hazkundea:
Ondokoarekin zerikusia dauka:
- Enpresaren aldetik inbertsio berriak: enpresaren egitura eraldatzen da eta ekoizteko egitura
berria sortzen da, bai kredituaren bidez – bai kapital zabalkundea erabilita.

- Ohiko produktu eta merkatuetan oinarritutako hazkundea, hala nola, merkatu kuota
handiagoa lortuz; edo produktu edota merkatu berriak ustiatuz.

 Kanpoko hazkundea:

Enpresen eskurapena eta kontrolarekin, fusionatze eta xurgatze eragiketekin lortzen dena da.

2.4.2. Finantza autonomia

Enpresa batek helburuen arabera epe luzeko finantzaketa eta inbertsio erabakiak hartzeko
daukan gaitasunaz edo independentziaz ari da.

Finantza autonomia erratioa = Baliabide propioak / Aktibo totala = BP / AT

Ratio hau jeisten baldin bada aktibo gehiena besteen baliabideekin finantzatuta dagoela
adierazten du, banku eta mailegu emaileek enpresaren gain presio handia egikarituko baitute, modu
askean erabakiak hartzeko gaitasuna galaraziz eta enpresaren boterea mugatuz.

2.4.3. Mozkina eta errentagarritasuna

Xedearekin batera, enpresaren jarduera gidatu eta honen kultura eta balioen parte osatzeaz
gain, enpresa orok izaera ekonomikoa daukan helburu bat planteatzen dute, hala nola, enpresa
mozkina maximotu. Mozkina, enpresak lortzen dituen sarrera (bereziki produktuen salmentei lotuta
daudenak) eta izandako gastuen (soldatak, makinen ordainketa, lehenengaien kontsumoa etab.)
arteko diferentzia da. Normalean urte batekoa den ekitaldi ekonomiko baterako kontabilitate
datuetatik abiatuz kalkulatzen da.

Mozkin hura magnitude finantzario (esaterako, inbertitutako kapitala) edo ekonomiko


batekin (enpresaren aktiboak) erlatibizatzen denean errentatagarritasunaz ari gara, enpresa
ezberdinen artean mozkinekin lortutakoa konparatzea ahalbidetzen duen neurri bat. Zehazki,
enpresaren mozkin garbia (zorraren interesak eta zergak kenduta) baliabide propioekin erlatibizatzen
denean (enpresaren jabeek inbertitutako kapitala), finantza errentagarritasunaz ari gara (Return on
equity edo ROE), edo jabe edo akziodunentzako erreferentziazko errentagarritasunaz. Modu
honetan, finantza errentagarritasunak, enpresan inbertitutako euro bakoitzagatik jabeek lortutako
mozkina adierazten du.

Interesen eta zergen ondoko mozkina (IZOM)


Errentagarritasun Finantzarioa =
Ondare garbia

Beraz, mozkin altua errentagarritasun altuarekin ez da nahastu egin behar.

Bestalde, ekonomi eta finantza errentagarritasunaren artean bereiztea garrantzitsua da.


Ekonomi errentagarritasunak (Return on assets edo ROA), erabilitako finantza iturriak edozein
izanda ere, enpresaren inbertsioek lortutako errendimendua azaltzen du. Arrazoi honengatik,
emaitza, gastu finantzario zein zergak kendu barik aintzat hartzen da (BAIT). Honek enpresen
errentagarritasuna konparatzea ahalbidetzen du, finantza egituretan existitzen diren ezberdintasunek
(interesen ordainketan islatuta dagoena gehien bat) errentarritasunaren balioari eragin barik. Beraz,
enpresa kudeaketaren eraginkortasuna baloratzeko oinarrizko indikadorean bihurtzen da.
Errentagarritasun ekonomikoaren adierazpen ohikoena ondokoa da:

Interesen eta zergen aurreko mozkina (IZAM)


Errentagarritasun ekonomikoa =
Aktibo totala

Azpiepigrafe honen amaieran berriro islatzen denez, adierazpen horren garapen oso
erabilgarria lortzeko, ekitaldi ekonomikoko salmentekin biderkatu eta zatitu behar da:

IZAM Salmentak
Errentagarritasun ekonomikoa = x = Marjina x Errotazioa
Salmentak Aktibo totala

Aurreko adierazpenak agerian uzten du errentagarritasun ekonomikoaren aldaketek bi arrazoi


izan ditzaketela: errotazioaren aldaketak, marjinaren aldaketak edo bi faktoreak batera.
Aurreko kontzeptuetan gehiago sakonduz (etekina eta errentagarritasuna), esan behar da
Teoria Neoklasikoan, enpresa orok lortu beharreko helburua mozkinaren maximotzea zela. Horrela
enpresak, haren jarduera ekonomikoaren garapenean zenbait input erabiltzen ditu – laneskua,
lehengaiak, kapitala, teknologia, etab. – output batzuk lortu ahal izateko – produktua edota zerbitzuak
– merkatuan eskainiko direnak. Jarduera ekonomiko horretan output-en balioa input-en kostua baino
handiagoa izan beharko da; haien arteko diferentzia kontabilitateko mozkin kontzeptu klasikoa
delarik. Zentzu honetan, enpresaburuak mozkin hura maximotzen saiatuko da.
Mozkinaren definizio hau enpresek praktikan askotan erabili arren, haren balioa
interpretatzerako orduan kontutan izan beharko liratekeen mugapen batzuk ditu:

- Kontzeptu erlatiboa eta zehaztasun gutxikoa da. Mozkina, aldi baterako enpresa baten
sarrera eta gastuen arteko diferentzia bezala kalkulatuta, enpresak jarraitzen dituen kontabilitate
ohituren menpe dago, kalkuluan erabilitako zenbait partidetan kontabilitate arautegi malgua
existitzen baita. Horrela, amortizazioak inputatzeko edo etorkizunean egon ahal diren ustezko
galerengatik egindako zuzkidurak ezartzeko, enpresak irizpide ezberdinen artean hauta dezake.
Alderdi honekin batera, bere kalkulua, errealismo gutxikoak izan ahal diren kontabilitate hastapenen
menpe dago. Esaterako, eraikinak eta enpresaren beste aktiboak ez dira haren merkatuko
prezioagatik baloratzen, eta balio handiko enpresa aktibo asko daude ez direnak kontutan hartzen,
hala nola, enpresak lortutako ospea. Hortaz, mozkin kontablea, enpresak lortutako mozkin errealaren
ezberdina izan ahal da.

- Orainaldiko emaitzaren neurri bat da eta gehien bat iraganekoa. Mozkina iraganeko aldi
bateko sarrera eta izandako kostuekin kalkulatzen da. Enpresa eta ekonomia hain dinamikoa izanik,
iraganeko emaitzak erabiliz enpresaren etorkizuneko errentagarritasunari buruzko estimazioak egitea
ez dirudi oso errealista.

- Maximizazio kontzeptua. Maximizatzen den helburu funtzio bat eta murrizketa


ekonomikoak, teknikoak etab. erabiliz matematikoki mozkin maximoa kalkulatzea posible bada ere,
errealitateak beste egoera bat eskaintzen du. Praktikan, beharrezkoa den unean premiazko
informazioa es dago ea inoiz eskura; eta informazioa izanda ere, agente ekonomikoen arrazionaltasun
mugatuak prozesatze egokia galarazten du. Halaber, gogobetegarriak diren mozkinak kalkulatzea
maximotzea baino errealistagoa da; gainera bi mozkinen arteko aldea txikia eta honen kalkulua
sinpleagoa da.

- Daukan arriskua ez da aintzat hartzen. Mozkinak lortutako emaitzak islatzen ditu, hauek
lortzeko enpresak burututako ekintza arriskutsuak kontutan izan barik. Hots, “gertatutakoa”
adierazten dute, “gertatu zitekeena” adierazi ordez.

Arrazoi hauengatik, enpresako helburua bezala mozkin kontablearen ordez mozkin


ekonomiko (MEt) kontzeptua proposatzen da, enpresa batek hasieran dauzkan baliabide propioen
merkatu balio (BPMBt-1) eta ekitaldia amaitzean balio beraren (BPMBt) arteko diferentzia eginez.
Diferentzia honi ekitaldian enpresan banaturiko dibidenduak (DIBt) gehitu behar zaizkio (edo
mozkinen zati bat); enpresak sortarazitako mozkinak izan ez arren, ekitaldia amaitzean baliabide
propioen balioak dagoeneko zenbateko hau deskontatu egin baitu.

MEt=(BPMBt-BPMBt-1)+DIBt
Modu honetan mozkinaren kontzepzio honek mozkin kontablearen mugapenak gainditzen ditu
ondoko arrazoiengatik:

- Merkatuek mozkin ekonomikoa enpresatik kanpo kalkulatzen dute, lortutako emaitzen


errealismorik gabeko balorazioa islatuz. Halaber, enpresak kotizatu ez gero, lana ikaragarri sinplifikatuko
litzateke, merkatuan akzioen balioak, hots kotizazioak, inbertitzaileek enpresaren zati bat eskuratzeagatik
ordaintzeko prest egongo liratekeena adieraziko bait luke (baliabide propioen merkatuko balioa).

- Mozkin ekonomikoak arriskua kontutan izaten du, baliabide propioen merkatuko balioa enpresaren
arriskua eta etorkizuneko errentagarritasunen itxaropenak kontutan izaten dituen magnitudea baita.

Beraz, mozkin ekonomiko kontzeptuak enpresak jarraitu behar duen helburuari eutsi egiten dio:
akziodunarentzako balioa sortu (Cuervo García, 1991). Enpresen akzioek bigarren mailako finantza
merkatuetan kotizatzen dutenean (burtsan, etab.), haren kalkulua eskuragarriagoa da, enpresak daukan
merkatu balioan oinarrituta baitago.

Enpresaren akzioen merkatuko balioak etorkizunean honek mozkinak sortarazteko gaitasuna biltzen
du. Hortaz enpresa, hauen balioa handitzen oinarritzean, nolabait etorkizuneko mozkinak hobetzen saiatzen
ari da. Hala ere, balioaren eraketaz hitz egiteko, akzioen merkatuko balioa handitzearekin ez da nahikoa,
antzeko ezaugarriak eta arrisku maila daukan beste enpresa batek lortuko lukeena baino gehikuntza
handiagoa lortzea beharrezkoa baita. Akzioen jabearen ikuspuntutik enpresak balioa eratuko zuen baldin eta
haren akzioak, antzeko beste enpresa batean inbertitu izango balu baino gehiago birbaloratuko balira.
Aitzitik, jabea, haren akzioak antzeko enpresa batenak baino gutxiago birbaloratzen direla konturatzen
baldin bada, balioa galduko zukeen, antzeko enpresan inbertitu izan balu haren akzioek balio altuagoa izango
luketelako.

AKZIODUNARENTZAKO ERRENTAGARRITASUNA (AE):

AE= [(BPMBt-BPMBt-1)+DIBt] / BPMBt-1

AKZIODUNARENTZAKO BALIO ERAKETA

AE ≥ Ke

Ke, akziodun batek enpresan inbertitutako fondoengatik exijituriko gutxieneko errentagarritasuna da.

Ke = Ki + β x Pm

Ki, diruaren kostua edo arriskurik gabeko aktibo baten interes tipoa.

Β, enpresaren arrisku ekonomiko eta finantzario maila edo enpresaren arrisku saria.

Pm, errenta aldakorreko merkatuan sartzeko inbertitzaileek exijituriko errentagarritasun gehigarria da.
Mozkin kontablean eta errentagarritasun finantzarioan oinarrituz, mozkin ekonomikoa erlatiboki
adierazi ohi da ere, akziodunak edo enpresaren jabeak burututako inbertsioa aintzat hartuz, hala nola,
akziodunarentzako errentagarritasuna. Zenbakitzailean mozkin ekonomikoa erabili eta izendatzailean,
hautatutako aldiaren hasieran akziodunarentzako inbertsioaren balioa (BPMBt-1). Akziodunarentzako beste
enpresekin errentagarritasun honen konparaketak egiteko, tamainan edota jarduera sektorean antzeko
enpresak, antzeko arriskuarekin burtsan kotizatzen duten enpresak, etab. erabili ohi dira.

Doikuntza bat egitean (salmenta edo diru sarrerengatik biderkatu eta zatitu) errentagarritasun
ekonomikoa bi faktoretan deskonposa daiteke: mozkinaren marjina salmenten gainean (BAIT/Salmentak)
eta aktiboen errotazioa (Salmentak/Aktibo Totala).

Errentagarritasun Ekonomikoa = BAIT / Aktibo Totala = [BAIT / Salmentak] x [Salmentak / Aktibo Totala]

Errentagarritasun Ekonomikoa = Marjina x Errotazioa

Deskonposaketa honek errentagarritasun ekonomikoan sakondu eta hobekuntzarako neurriak


identifikatzea ahalbidetzen du (marjina versus errotazioa).

2.4.4. Segurtasuna
Helburu honekin enpresaren biziraupena lortzen saiatzen da.

2.5. Helburuen elementuak

Helburuen planteamendua ahalik eta zuzenena izateko haren definizioan ondoko elementuak egotea
premiazkoa da:

1.- Atributua: Helburuaren izendapena da.

2.- Araua: Nola neurtzen dugun helburua. Haren neurketan desadoztasunik ez egoteko premiazkoa
da.

3.-Atalazea: Gutxienez/gehienez zenbat lortu nahi dugun.

4.- Denborazko dimentsioa: helburua zenbat denboran lortu behar du enpresak.

Helburua horrela definitzen baldin badugu, beraren gainean kontrol bat burutu ahal izango da, hau
da, zorroztasunez bete egin den konprobatu.
2.6. Helburu sistema baten sailkapena eta ezarpena

2.6.1. Helburu sistemaren sailkapena

Enpresaren zuzendaritza, denbora tarte berean lortu nahi diren hainbat helburuei aurre egin beharko
die (adibidez, segurtasuna, autonomia, hazkundea…). Ondorioz, gogobetez lortu ahal izateko, hierarkizatu,
kontabilizatu, analizatu eta azpihelburuetan deskonposatu beharko ditu.

Egun egileak ados daude lortu beharreko helburu multzo bat existitzen dela. Baina oraindik ados ez
daudena, helburu hauek egituratzeko moduan da.

Ansoff-ren arabera, helburuen sistema helburu nagusi batez osatuta egongo da (esaterako, epe luzeko
errentagarritasuna) eta horren azpitik, beste hainbat azpihelburu.

Beste egilek defendatzen dute garrantzi bereko helburuen sistema orokor bat existitu beharko
litzatekela (errentagarritasuna, hazkundea, autonomia, segurtasuna) eta horren azpitik azpihelburuen multzo
bat.

Helburuen bi sailkapen ezar genezake:

a) Neurtzen diren moduaren arabera:

1.- Kuantitatiboak: zenbakiz adierazten dira eta atalaze bat izan dezakete.

2.- Kualitatiboak: Ezin dira kuantifikatu

Helburuak, kuantifikagarriak izateagatik ez dira garrantzitsuagoak; halere, ahal dugun neurrian


saiatu beharko gara kuantifikatzen, haiek lortzen direnentz konprobatu ahal izateko.

b) Ansoff sailkapenaren arabera

1.- Helburu ekonomikoak: Enpresaren eraldatze prozesuarekin zuzenki erlazionatuta daudenak


dira. Input-eraldatze-output prozesua optimizatzera zuzendutako helburuak (hazkunde, errentagarritasuna
edo mozkina).

2.- Helburu sozialak: Prozesu horrekin ez daude modu zuzenean erlazionatuta (arrazoi sozialak,
ingurugiroaren zainketa...)

Edozein kasutan, aurreko sailkapenak kontutan izanda, helburuek ondoko bi ezaugarri bete beharko
lituzkete:

- Errealistak izan
- Eskuragarriak

Hala ez izatekotan, enpresaren asmo hutsetan bihurtuko dira. Helburu bat handinahikoa izan daiteke
eta aldi berean posiblea izan. Posiblea ez balitz, ez litzateke enpresarentzako edo langileentzako ona izango.

Helburuek enpresaren esparruak eta antolakundearen maila guztiak barne hartu behar dituzte.

2.6.2. Helburu sistema baten egitura eta diseinua

Enpresa baten helburuen arteko elkar-eraginak hiru motakoak izan daitezke:

1.- Positiboak: Helburuak haien artean bateragarriak izan ahal dira (baten lorpena beste bat lortzea
inplikatu edo lagundu dezake).

2.- Negatiboak: Helburuak bateraezinak dira. Baten lorpenak, bestea ez lortzea inplikatzen du.

3.- Neutroa: Helburuak beraien artean independenteak dira.

Beraz, helburuen sistema bat diseinatzeko ondokoa egin beharko dugu:

a) Helburuen lehentasunak edo hirarkia ezarri.

b) Helburuen artean bateragarritasunak eta bateraezintasunak ezarri.

c) Sistemari koherentzia eman. Ondo egituratuta egon behar da.

a) Lehentasunezko ordena ezarri

Egoerarik onena enpresak bere helburu guztiak aldiberean lortzea litzateke, baina hau errealitatetik
kanpo dago.

Enpresaren baliabideak mugatuak direnez eta eraberean helburu guztietarako amankomunak,


helburuen arteko hierarkia bat ezartzea premiazkoa da.

Baina enpresa ez da sistema itxia, baizik eta ingurunean eragiten duen sistema irekia eta halaber,
inguruak eragiten dio ere. Hori dela eta, aldiro, lehentasunak berrikusi behar dira.

Denborarekin lehentasunen ordena alda daiteke, baina ez egoerak aldatzen direlako baizik eta
denborarekin helburu bat betetzea lortzen delako eta kasu honetan lehentasunezkoa izateari uzten dio.

b) Bateragarritasunak eta bateraezintasunak ezarri

Helburuen arteko bateraezintasunak ezartzea interesatzen zaigu eta posible balitz, saiesteko modu
bat bilatu. Ez dago arau orokorrik, enpresa bakoitzaren egoera propioaren araberakoa izango baita.
Lau bateraezintasun kasu ikustera goaz:

b.1) Finantza autonomia – hazkundea:

Enpresaren hazkundea barneko edo kanpoko hazkundea izan daiteke.

Hazkundea barnekoa denean finantzaketa bai barne baliabideetatik (finantza autonomiarik galdu
barik) bai zorpetzetik (enpresak finantza autonomia galduko du) etor daiteke, erabakiak hartzekodun,
hornitzaile eta mailegu emaileengatik mugatuta aurki baitaitezke.

Hazkundea kanpokoa baldin bada, fusio edo eskurapenen bidez burutu daiteke. Lehenengo kasuan
finantza autonomia ez da kaltetuta suertatuko, baina xurgatzen kasuan, eskuratze hau nola finantzatzen
denaren menpe egongo da.

b.2) Hazkundea – Mozkinak

Orokorrean, zenbat eta hazkunde gehiago, mozkin gehiago lortzen direla, eta alderantziz gertatzen
dela uste da, baina ez da horrela beti izaten. Jarraian egoera ezberdinak ikustera goaz:

Hazkundea enpresaren dimentsio optimoa lortzeko egiten denean (eskala ekonomiak existitzean
kostu unitario baxuagoak lortzea ahalbidetzen duena), hazkunde eta mozkin handiagoaren helburuak
bateragarriak dira.

Enpresa bat ahalmen produktiboaren mugara jarduten egongo balitz eta haztea erabakitzen duenean,
bateraezintasun posiblea aintzakotzat hartutako denbora horizontearekin aldatuko litzateke:

- Epe laburrean mozkina hazkundearekin murrizten da, beraz, bateraezinak diren


helburuak dira.

- Epe luzean instalazioen erabilpenarekin, mozkinen tasek aurrekoak gaindituko dituzte;


beraz, bateragarriak izango dira, merkatuko baldintzak aldatu ezean.

b.3) Errentagarritasuna – Erantzunkizun soziala

Enpresak haren erantzunkizun sozialak atenditzeko, epe laburrean behintzat errentagarritasunaren


murrizketa bat inplikatuko duten gastu gehiagotan sartzen da; epe luzean aldiz gastuek enpresaren irudia
hobe dezakete eta errentagarritasuna handitu.

Gainera, enpresak, lehengaien, birziklatzearen eta faktoreen bererabilpen hobea ahalbidetzen duten
teknologia aurreratuagoak erabil ditzake, kostuen aurrezpena eta helburu sozial baten betepena lortuz.
b.4) Hazkundea – Segurtasuna

Hazkunde helburuen plangintzapenean egindako erroreen ondorioz enpresaren biziraupena arriskuan


jar daiteke, bereziki enpresa txikien kasuan.

c) Koherentzia eman

Hau egitasmo bat prestatuz lortzen da, bertan aldagai ezberdinak kuantifikatzen direlarik. Egitasmo
hau ondoko alderdiak izan beharko lituzke:

1.- Salmenten aurreikuspenak

2.- Errentagarritasuna

3.- Hazkunde tasa

4.- Segurtasuna

5.- Egin beharreko inbertsioak

6.- Finantzaketa

Informazio guztia finantza plan batean ekuazio kontable algebraikoen bidez erlazionatuko da.
Sistemaren koherentzia simulazio ezberdinak burutu ondoren lortzen da, orokorrean programa
informatikoen bidezkoa.

2.7. Enpresan dauden interes taldeak eta erantzunkizun sozial korporatiboa

Enpresa, errealitate ekonomikoa eta soziala bezala, propioak diren beste motatako helburuak
eskatzen dituzten interes talde multzo batez - edo stakeholders - osatuta dago. Haien mozkina handitzea eta
balioa sortzea bilatzen duten akziodunez gain, kudeatzaileak diren zuzendariak, enpresako langileak,
produktuak erosten dituzten bezeroak, lehengaien hornitzaileak eta gobernu organo ezberdinez eta
instituzioez eratutako gizarte bera enpresarentzako interes taldetzat jotzen dira. Horrela, talde hauetako
bakoitza helburu propioak dituzte, 2.4 irudian biltzen den bezala.

Enpresarentzako interes taldeen garrantzia, hauek haren atal bat izatean datza eta honek haren
premiak enpresako helburuen atal bat bezala bildu behar ditu. Zentzu honetan, eta Antolakundearen
Teoriatik enpresako helburua bakarra eta hertziki ekonomi-finantza izaerakoa ez dela argudiatzen da, baizik
eta anizkoitza, osatzen duten taldeen edo stakeholders-en eskari legitimoak osatuz.

2.4. Irudia. Interes taldeak edo stakeholders eta bere helburuak


Halere, balioaren sorrera eta interes taldeek eskatzen dituzten helburu partikularren artean istiluak
sor daitezke, negoziazio prozesu eta doikuntzaren bidez ebazten direnak. Gertaera hau, enpresa handien
kasuan bereziki ematen da, bi interes talde edo stakeholders espezifikoen artean banaketa agerian dagoelarik,
hala nola jabeak eta zuzendarien artean. Jabeek balioaren sorrera maximotzea bilatzen duten bitartean,
zuzendariak haien garapen profesionala, erremunerazioak eta botereko eta ardurako postuak lortzeko,
egonkortasunagatik, biziraupenagatik edo enpresaren hazkundeagatik, arduratsuagoak daude. Era berean,
balioa sortu ahal izateko hartu beharreko erabakien eta burutu beharreko ekintzen arriskua edo
ziurgabetasuna ez dute modu berean baloratzen.

Azkenik, enpresa, inguruan daukan errealitate ekonomiko eta sozialaren alde aktiboa bezala,
gizartearen hobekuntzan ekimenez aritu behar da. Hau ardura sozial korporatiboa bezala ezaguten da.
Ardura sozial korporatiboa, gizarte osoak eskari sozial eta ingurugirokoen aurrean enpresaren jarrera da,
enpresak legeak exijitutakoa baino haratago burutzen duena. Hots, enpresak bolondres egiten dituen
ekintzak dira.

Erantzunkizun sozial korporatiboa hiru esparru ezberdinetan aplika daiteke:

- Ekonomiko-funtzionala. Enpresaren jarduera propioarekin erlazionatutako ekintzak dira; esaterako,


langileei enplegua eman, kontsumitzaileek eskatzen dituzten produktu edota zerbitzuak eskaini,
Administrazio Publikoei zergak ordaindu eta akziodunen inbertsioei errentagarritasuna sortarazi.

- Bizitza kalitatea. Enpresak gizartearen bizitza maila nola hobetzen edo txarragotzen laguntzen duen
barneratzen du. Bizitza kalitatea hobetzeko modu batzuk kalitatezko produktuak eta aseguruak eskaini,
laneko bizitza eta familiarra kontziliatzea edo ingurumenean suertatutako kalteak konpontzera inbertsioak
zuzentzea dira.

- Ekintza soziala. Gizartearen ongizatea hobetzera zuzendutako ekintzak dira, esaterako,


hezkuntzaren promozioa eta kultura, gaixotasunak edo gosea desagertarazi edo laguntzarik gabeko taldeak
atenditu.
Erantzunkizun sozial korporatibo eta ingurumenagatik kontzientzia handiagoa gero eta enpresa
gehiagok haien ekintza sozialak biltzen dituzten urteko memoriak prestatzen dituztela behatu daiteke, eta
mundu mailan GRI (Global Reporting Initiative), DJSI (Dow Jones Sustainability Indexes ) edo FTSE4
Good Index Series bezalako erreferentziazko indizeak sortu dira. Indize hauek ardura sozial korporatiboa
duten jardueretan enpresen inplikazio erreala bermatzen dute.

You might also like