You are on page 1of 2

7.

TESTUA: 1876ko KONSTITUZIOA


Aztertzen ari garen testua 1876ko ekainaren 30ean izan zen idatzia. Lehen mailako testua da, agertzen diren
gertakariak garaikideak direlako. Forma aldetik, esan dezakegu juridikoa dela konstituzio bati buruz ari delako.
Testuak jorratzen duen gaia politikoa da. Egileari erreparatuz, kolektiboa da Gorteek eta Alfontso XII.ak (botere
legegilea zuten bi erakundeak eta erregeak legeak berretsi behar zituen) egindako testua da. Izaera aldetik,
publikoa da eta hartzailea Espainako herria da. Helburua Espainian egonkortasun eta ordena politikoa ezartzeko
marko juridiko berri bat sortzea zen.. Azkenik, kokapenari dagokionez, Berrezarkuntza borbonikoaren hasieran
kokatua dago, Alfontso XII.aren erregealdian (1874-1885), Canovas del Castilloren sistemaren oinarriak ezarri
zirenean.

Egiturari erreparatuz, ikusi dezakegu sarrera batez eta 8 artikuluz osatuta dagoela. Sarreran, testua burutu duten
pertsonaien aurkezpena egiten da, kasu honetan, Alfontso XII.a (“Jainkoaren graziaz Espainiako errege
konstituzionala”) eta Gorteak (botere legegilea, Erregearekin partekatua).
● 11. art: Espainiako erlijio ofiziala Katoliko, Apostoliko eta Erromatarra izango da, baina beste kultu batzuk
onartzen dira baldin eta eremu pribatuetara mugatzen badira. Hemen bi alderdien arteko akordioa ikus
daiteke kontserbadoreen erlijio katolikoaren ofizialtasuna eta fusionisten erlijioso askatasunaren
aldarrikapena.
● 13. art: adierazpen- eta biltzeko-askatasuna arautzen ditu, liberalismoaren oinarrizko printzipioak direnak.
Artikulu oso generikoa da. Izan ere, errealitatean gobernu ezberdinek arautuko dituzte askatasun hauek eta
beti ez dira konstituzioan aldarrikatutako askatasunak errespetatuko.
● 18., 19., 20. eta 50. art: subiranotasuna eta botere banaketaren inguruan jarduten dira.
● 18. artikuluak botere legegilea Erregea eta Gorteen esku egongo dela zehazten du. Subiranotasunaren
inguruko aipamen zuzenik ez da egiten, baina botere banaketak argi uzten du subiranotasun partekatua
dagoela (“Legeak egiteko ahalmena Gorteek eta Erregeak dute”).
● 19. artikuluak Gorteak bi ganberetan zatituak egongo direla zehazten du: alde batetik, Senatua, bizi
osorako karguak izango dena eta Erregeak zuzenean izendatutakoak. Orotara, Espainiako Handikiek
eta armadako zein elizako goi-karguek osatuko dute (20.art.). Bestalde, Diputatuen Kongresua egongo
da eta bertako kideak sufragio bidez aukeratuko direnak.
● 50. artikuluak botere betearazlea Erregearen esku egongo dela zehazten du eta hark izendatuko ditu
gobernuburua eta gobernuko kideak.
● 28. art: sufragio motaren inguruan jarduten da. Diputatuak aukeratzeko metodoa ez da zehazten. Ondorioz,
alderdiek malgutasuna izango dute hau arautzerako momentuan. Hala ere, badakigu hau oso mugatua egon
zela 1876-1890 bitartean (sufragio zentsitarioa) eta 1890tik aurrera gizonezkoen sufragio unibertsala onartu
zela.
● 75. art: Espainia osoan “foru bakar” baten bidez berdintasun juridikoa ezarriko dela zehazten du. Oinarrian,
XIX. mendeko foruen eta konstituzioaren arteko borrokarekin bukatzeko egindako artikulua da. Horren
emaitza hilabete beranduago aterako den 1876ko euskal foruen abolizio legea izango da.

Berrezarkuntzari hasiera eman zioten faktoreak hainbat izan ziren. Seiurteko Demokratikoak garaiko arazoei
konponbidea ematen ez jakitearen ondorioz, 1874ean Pavia jeneralaren estatu kolpeak I. Errepublikarekin
amaitzen saiatu zen eta urte bereko abenduan Martinez Campos jeneralaren altxamenduarekin Borboitarren
itzulera eman zen, Berrezarkuntzari hasiera emanez. Hiru etapa bereizi ziren bertan: Alfontso XII.a (1875-1885),
Maria Kristinaren erregeordetza (1885-1902) eta Alfontso XIII.aren erregetza (1902-1931). Azkeneko etapa
horretan 1923tik aurrera Primo de Riveraren diktadura ezarri zen.

Alfontso XII.aren erreinaldian, Berrezarkuntza sistema politikoaren oinarriak ezarri ziren. Garai hartako pertsonaia
garrantzitsuena Antonio Canovas del Castillo izan zen, alderdi kontserbadoreko kidea eta berrezarkuntzako
sistema-politikoaren sortzailea. Sistema “oinarrizko egia” batzuetan oinarritu zen: monarkia, jabetza pribatua,
zentralismoa eta askatasunak. Hauek onartu behar ziren joko politikoan parte hartzeko eta alderdien arteko
konpromisoa ezinbestekoa izan zen gobernatzeko. Sistemak beste bi oinarri zituen, hala nola: 1876ko Konstituzioa
(aztertzen ari garen testua) eta Alderdi Politikoak. 1876ko Konstituzioa, Berrezarkuntzako sistema-politikoaren
oinarri juridikoa izan zen. Egonkortasun politikoa lortzeko eta erregimen monarkiko konstituzionala ezartzeko
idatzia izan zen. Malgua izan behar zen bi alderdiek onartzeko. Honek hainbat ezaugarri zituen: hainbat askatasun
eta eskubide onartu ziren, baina ondorengo legeekin horiek murriztu ziren, Erregeari eskumen zabalak ematen
zitzaizkion (armadako buruzagitza, legeak egiteko eskubidea, beto eskubidea...), Espainiaren batasuna bilatzen
(zentralismoa), estatu osoan lege eta arau berdinak egotea, sufragioa onartzen zen, estatuaren
konfesionaltasuna... Alderdi politikoak, Alderdi Kontserbadorean eta Alderdi Fusionistan banatzen ziren. Hirietako
goi-mailako kideek osatzen zituzten. Antonio Canovas del Castillo eta Praxedes Mateo Sagasta izan buruzagiak.
Bi alderdien arteko txandaketa bermatzeko, oinarria negoziazioa izan zen, hala nola: isilpeko itunak eta
hauteskundeen manipulazioa. Txandaketa-sistemaren prozesua honako hau zen. Lehenik alderdietako buruzagiek
Erregearekin adosten zuten zein alderdi aterako zen garaile, ondoren Erregeak Gorteak desegiten zituen eta
hauteskundeetarako deia egiten zuen, honekin hauteskundeetako emaitzak faltsutzen ziren eta hasieratik
erabakitako alderdia garaile ateratzen zen. Hauteskundeen manipulazioaren oinarria kazikismoa izan zen. Kazikea
landa eremuan eragin handiko pertsonaia zen. Berak kontrolatzen zituen bere eskualdeko biztanleen botoak eta
ordainetan faboreak egiten zizkieten, lanik hoberenak edo goi-karguak lortzen. Gainerako alderdi guztiak sistematik
kanpo gelditu ziren, hauen artean: karlistak, errepublikanoak, langile mugimenduak eta nazionalistak.
1885ean Alfontso XII.a hil zen eta Maria Kristina erregeorde izendatu zuten (1885-1902). El Pardoko Ituna sinatu
zuten 1885ean Canovasek eta Sagastak, sistemari jarraikortasuna eta egonkortasuna emateko eta M. Kristinaren
erregeordetzaren lasaitasuna bermatuz. Hala ere, urte batzuk geroago, 1898ko hondamendia gertatu zen eta
Erregenerazionismoa eta 98ko Belaunaldia agertuko ziren kritika gogorra eginez Berrezarkuntzaren sistemari.
Erregenerazionistek gizartea modernizatzen eta analfabetismoa gainditzen saiatuko ziren eta 98ko Belaunaldiak
egoera aztertu, kritikatu eta irtenbideak bilatzen saiatu zuen. Krisi honen ondorioz, Espainiak bere azken koloniak
galtzeaz gain, Berrezarkuntzaren sistemak prestigioa galdu zuen. 1902an, Alfontso XIII.ari adin nagusitasuna
eman zioten eta haren erreinaldia hasi zen. Bartzelonako Aste Tragikoa, 1917ko Krisia eta Annualgo Hondamendia
zirela eta, sistemaren azken urteetan Primo de Riverak estatu-kolpe bat eman zuen, Erregearen adostasunarekin,
eta bere diktadura ezarri zuen (1923-1930).

Espainiako historia garaikideko konstituziorik laburrena izango da luzerari dagokionean, baina luzeena iraupenaren
aldetik eta egoera politikoari egonkortasuna emango dio. Joera kontserbadorea zuen arren, hainbat giza-eskubide
onartu zituen. Era berean, oso malgua izan zen eta bi alderdiek nahierara interpretatzea baimendu zuen. Garai
bateko sinboloan bihurtu zen, baina erregimenak errealitatean zuen funtzionamendutik urrun gelditu zen zenbait
aspektutan. Izan ere, konstituzio honen bidez sistema demokratikoa saltzen saiatu ziren, oinarrian atzetik dena
Errege eta alderdi politikoetako buruzagiek adostua eta manipulatua zutenean.

You might also like