You are on page 1of 3

Gripe hilgarriak mendea bete

Duela ehun urte dozenaka lagun hil zituen gripe hilgarri hura
Gripe-sasoi bete-betean gauden honetan, duela ehun urte milioika gaixo
eta heriotza ugari eragin zituen gripe hilgarriaren kronika egin du Xabier
Lasak Aiurri aldizkariko erreportaje honetan.
Gripeak 1918ko urrian izan zuen eraginik bortitzena Euskal Herrian eta
1919ko udaberrira arte luzatu zen izurritea. Mundu mailako giza
hondamendia izan zen. Andoainen, esaterako, hiru mila biztanle zituen
herrian, berrogei lagun hil zirela ondorioztatu dute adituek. Asko dago
jakiteko oraindik pandemia hari buruz. Zenbat biktima eragin zituen
zehazterakoan ere, ez dago adostasunik. Behetik jotzen duten iturriek
hamar milioi aipatzen dituzte; goitik jotzen dutenek, berriz, ehun milioi.
Gaixotu ziren pertsona guztien artetik, % 10 eta % 20 bitarte hil egin zela
estimatzen da.
100 urte igaro diren arren, gaixotasunak prozesu biologiko konplexua
izaten jarraitzen du, eta makina bat historialari, geografo, mediku eta
zientzialari ari dira beren ikerketak egiten, erantzun ugari falta baitira
zehazteko. Orduko gaixotasunaren laginak aztertu, eta birusa
erreproduzitzea lortu duten azken ikerketa zientifikoen arabera, gene biral
hibrido bat izan zen eragilea. Sistema immunean gehiegizko erreakzioa
eragin zuen birusak; horrek azal dezake biktima gehienak zergatik izan ziren
gazte eta heldu osasuntsuak, sistema immune sendoa zutenak, alegia.
Bestalde, badira fenomeno historiko politiko-sozialekin lotuta aztertzea
eskatzen dutenak ere, Lehen Mundu Gerrarekin (1914-1918) batera sortu
eta zabaltzea, alegia. Bere jatorri geografikoa zehazterakoan, berriz,
ikertzaile gehienen ustez, Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen.
Txinatik hara joandako migranteek zabaldu zuten gripea, antza.
Zabalkundean zerikusia eduki zuen, esate baterako, Ameriketako Estatu
Batuetako armadak 1917an Europara bi milioi soldadu bidali izanak.
"Gripe espainiarra" ezizenez ezagutu zen. Egiazki, AEBetan eta Europa
osoan antzera zabaldu zen izurritea, baina Lehen Mundu Gerran murgilduta
zebiltzan herrialdeetan, troparen morala ez ahultzeko albiste etsigarri
guztiak zentsuratu egiten zirenez, ia ez zen gaixotasunaren inguruko ezer
argitaratu. Errepikatzearen poderioz, gripearen jatorria iberiar penintsulan
zegoela sinetsaraztea lortu zuten.
Izurritearen eragina, Andoainen lokalizatuta
Gripe hilgarria 1918an zehar zabaldu zen, eta Euskal Herrian urrian izan
zuen bere agerraldirik bortitzena. 1919ko udaberrirako desagertu egin zen,
zeparen egitura genetikoan mutazioa gertatu zenean. Gipuzkoan, eta
bereziki Andoainen, izurriteak eduki zuen garapenaz jakiteko, ezinbestekoa
da Iñaki Agirrek Leyçaur 7 aldizkari historikoan 2002an argitaratu zuen
ikerketa: Otoño de 1918: diario histórico-demográfico de la pandemia de gripe
en Andoain. Herri bat aztergai hartuta, gaiaren inguruan egin den ikerlanik
bete-betekoena izango da ziurrenik, Andoaingo gizartean eragindako
ondorio sozialak, erlijiosoak, demografikoak eta epidemiologikoak azaltzen
baititu bertan.
Agirrek egindako ikerketaren arabera, gripe-izurriteak Andoainen 26
pertsonaren heriotza eragin zuen. Kontuan hartu behar da pertsona horiei
ofizialki diagnostikatu zitzaiela gripea. Izan ere, egun horietan beste
hamabost herritar hil ziren, biriketako arazoek eraginda. Ez litzateke
harrigarria izango horiek ere gripearen izurritearen ondorioz hil izana.
1918ko irailaren lehen egunetan hasi ziren argitaratzen prentsan lehen
albisteak, birus arraro baten berri emanez. Munduan zehar abiadura bizian
ari zen zabaltzen birusa. Gipuzkoan, lehenbiziko asteetan agintariek ezer
larririk gertatzen ez zen mezua zabaltzen saiatu ziren, eta osasungintzako
profesionalen artean ezjakintasuna eta nahasmena ziren nagusi.
Irailaren 20an Andoaingo osasun batzordea bildu zen lehen aldiz, eta
gobernadore zibilaren aginduz, zenbait neurri hartu zituen. Besteak beste,
aguazilek gaixoak bizi ziren etxeetara bisitaldia egitea, arropak
desinfektatzeko eta komunak kare kloruroarekin saneatzeko.
Hilaren 21ean, Espainiar Gobernuko Ministroen Kontseiluak mugak ixtea
erabaki zuen, egoera larria zela onartuz. Irailaren 28an, birusak lehen
biktima eragin zuen Andoainen. Hurrengo egunean, Andoaingo Udalak,
gobernu zibilaren ohar berri bati kasu eginez, bandoa zabaldu zuen herrian,
jende asko biltzen zituzten ekitaldietan arriskua egon zitekeela ohartaraziz.
Urnieta eta Irurako sanmigeletara ez agertzeko deia luzatu zen. Aldi berean,
ikastetxeak ixteko agindua ematea erabaki zuen batzordeak.
Urriaren 6an, Udalak ezohiko udalbatza egin zuen, gripeak jotako hainbat
familia egoera larrian zeudela-eta. Bertan erabaki zen txiroak ziren gaixoen
aldeko diru-bilketa kanpaina egitea, eta komunak eta estoldak
desinfektatzeko Donostian erabiltzen ari ziren disoluzioko 30-40 litro
erostea.
Egun nahasi haietan, prentsa sentsazionalistarentzat eta sasi-
erremedioentzat eremu tentagarria zabaldu zen. Eliza katolikoak, bere
aldetik, ez zien jaramon handirik egin aholku terapeutikoei (birusa ekiditeko
jendetza ez biltzeko aginduari, besteak beste), eta errogatibak eta otoitzak
egitea eskatu zuen. La Constancia egunkari integristak, adibidez, elizako
sektore askoren usteari bide emanez, Jaungoikoaren zigortzat jo zuen
izurritea, gizakiak eta bere bizioek" eragindakoa zela baieztatuz.
Udazkena sartu arte, alerta egoeran
Urriaren 18an, gobernadore zibilak adierazi zuen Gipuzkoan egoera
egonkortzen ari zela, Errenterian eta Andoainen izan ezik; bi herri horietan
gripeak jotako gaixo ugari omen zeudelako. Azaroaren 2an prentsan
argitaratu zen ohar baten bidez jakinarazi zenez, Andoainen bukatutzat
eman zen gripearen epidemia. Laurehun herritar gaixotu ziren eta
horietatik berrogei hil egin ziren.
Izurritearen inguruko hainbat datu zabaldu ziren hilabete haietan. Daturik
apalena ere nahikoa adierazgarria da, gaurko ikuspegitik ikusita. Duela
mende bateko gripe hura hilgarria izan zen.
                                                                               Aiurri aldizkaria, 530. alea 2019-
01-11 (moldatua)

You might also like