You are on page 1of 22

6.

KAPITALISMO ESPAINIARRAREN BIDE NAZIONALISTA

Alfontso XII.a 1885ean hil ostean, Estatuaren buruzagitza hartu zuen Habsburgo-
Lorenako Maria Cristina erregina erregeordeak. 1902an Alfontso XIII.a adin
nagusitasunera heldu zen eta 1931ra arteko erregealdia hasi zuen. 1882tik 1913ra
bitarteko hogeita hamar urtetik gorako epealdian indarrean izan zen 1876ko Konstituzioa.
Marko instituzionala erabat egonkorra izan zen epe horretan, gobernu kontserbadore eta
liberalak txandakatzen zirelarik. Hala ere, barne egonkortasuna kolonietan izandako
mugimendu nazionalistek aztoratu zuten. Kubako (1895-1898) eta Filipinetako (1896-
1898) independentzia gerrak Estatu Batuen aurkako gerran amaitu ziren (1898) eta azken
hori Parisko itunaren bidez bukatu zen, zeinak antzinako Inperio kolonialaren azken
hondarrak likidatu baitzituen.

Kolonien galerak eta porrotaren umilazioak industriaren aurkako erreakzioa eragin zuten,
oso kritikoa zena merkatu-ekonomiarekiko. Inperioa amaitu ostean, hainbat enklabe
gelditzen ziren Afrikan. 1901eko nazioarteko akordio batek Espainiak Ekuatore Ginearen
gaineko agintea izatea onartu zuen. 1906ko Algecirasko Konferentziak Marokon
Espainiak eta Frantziak zituzten eragin-eremuak zehaztu zituen. 1909ko Melillako
gerraren ondoren (Bartzelonako Aste Tragikoaren azken jatorria berau), 1912an tratatu
frantziar-espainiarra onartu zen. Horrek herrialde bien protektoratuak mugatu zituen eta
Espainiari Rif-eko eremua esleitu zion iparraldean eta Ifni eta Tarfayakoak hegoaldean.

Arlo ekonomikoan, Espainiak bi aldi oso ezberdin izan zituen. Lehena 1895 artekoa da
eta depresioa du ezaugarri nagusi, deflazio apalarekin batera, baliabide gero eta
handiagoak erabili gabe geratu izanaren ondorioz. Hazkunde tasak oso baxuak izan ziren,
eta baita negatiboak ere, urte askotan zehar. 1896tik aurrera joera-aldaketa nabarmena
izan zen eta susperraldi moderatuko aldia hasi zen. Barne prezioen egonkortasun ohiz
kanpokoa aintzat hartuta, epealdi osoan, ez da harritzekoa produkzioaren hazkundea oso
antzekoa izatea hala maila nominalean nola errealean, eta, gainera aski baxua izatea.

Demografiari dagokionean, esan beharra dago hazkunde bat emango den arren nahiko
baxua izango dela mendebaldeko Europarekin konparatuz gero, 1800-1882 bitartean
behuntzat. Edonla ere, hazkundea askoz handiagoa izan zen 1900 eta 1910 artean.
Biztanleriaren hazkunde eskasak lotura du landako bizi-baldintza zailekin eta kanpo-
emigrazio indartsuarekin.
Jaiotze- tasa izugarri altua zen eta eskualde aurreratuenetan soilik (Katalunia eta
Balearrak) izan zuen beheranzko joera argia. Heriotza-tasak oso altua izaten jarraitzen
zuen eta Europa mendebaldeko baliorik altuena zuen, alde handiz. Ez-ohiko hilkortasuna,
antzinako sistema demografikoan normala zena, ia desagertu egin zen, nahiz eta azken
kolera-izurrite handiak eta gerrek hildako asko utzi. Heriotza-tasaren indize altuen
arrazoia haur eta gazteen heriotza-tasa izugarri altuetan datza. XX. mende hasieran baino
ez zen nabarmen jaitsi heriotza-tasa.

Emigranteen irteerak asko ugaldu ziren 1882tik aurrera, kanporatze- faktoreen


(nekazaritza eta abeltzaintzaren krisia) eta erakarpen-faktoreen eraginez (lan-eskari
handia Kuban eta baita Argentinan ere). Emigrazioaren zatirik handiena herrialde
latinoamerikarretara joan zen, nagusiki Argentinara, eta Kuba eta Brasilera hein
txikiagoan, baina baita Aljeria eta Frantziara ere. Populazio osoaren eboluzioak
eskualdeen arabera joera oso desberdinak izan zituen. 1877tik 1910erako dinamikan,
hazkunde oso txikiko iparraldeko eskualde-multzo bat nabarmentzen da (Nafarroa,
Aragoi, Errioxa, Gaztela eta Leon, Galizia eta Balearrak) eta hazkunde handiko beste bat
(Kanariar uharteak, Euskadi, Madril, Murtzia eta Extremadura).

Nekazaritza beheraldi sakona (1870-1880)

1870eko hamarkadatik aurrera, Estatu Batuetako, Kanadako, Argentinako, Australiako


edo Indiako gari-ekoizpen eta esportazioak oso azkar hazi ziren; aldi berean, prezioak
jaitsi ziren, eta baita lur-gaineko eta itsaso bidezko garraioaren kostuak ere. Antzera
gertatu zen olio, arroz, haragi edo artilearekin ere, produkzio oso handiak eta kostu
baxukoak baitzituzten. Lehen sektoreko produktuen nazioarteko merkatuan ugaldu egin
ziren elkartrukeak eta apaldu prezioak, eta horrek kalte egin zien europar ekonomiei.
Krisia berandu xamar nabaritu zen Espainian, 1880eko hamarkada hasia zela, eta 1895ean
izan zuen bere une gorena.

Bere eragina nekazaritza prezioen jaitsieran nabaritu zen, eta horrekin batera, sektoreko
ekoizpen, salmenta eta errenten beheraldian. 1891tik aurrera, gainera, ardoaren ekoizpen,
salmenta eta prezioak ere jaitsi ziren, kanpo-eskariaren jaitsiera handiaren eraginez. Aldi
berean, lurraren erabileran aldaketak gertatu ziren, bestelako ekoizpenak sartu baitziren,
lekaleak, tuberkuluak eta mahastiak, kasu. Horretarako egokiak ziren eremuetan, europar
merkatuan lehiakorragoak eta probetxugarriagoak ziren labore espezializatuak hedatu
ziren.

Itsasoz haraindiko zereal gero eta gehiago sartzeak eragin zuen gehiegizko eskaintza
izatea, prezioak jaistea eta Espainia erdialdeko eta hegoaldeko ekoizleek periferiako
merkatuak galtzea. Gari inportazioak ekoizpen osoaren ehuneko txikia ziren, baina
merkatuan saldutako ekoizpenaren proportzio handia osatzen zuten, produktuaren zati
handi bat sektorean gordetzen baitzen hazitarako edo nekazarien autokontsumorako.

Oliba-sektoreak ere kalte handiak jasan zituen, eskaria, prezioak eta errentagarritasuna
jaitsi baitziren, olio merkeagoen konkurrentziaren ondorioz, hala erabilera
industrialekoen kasuan (petrolioa eta break) nola elikadura-erabilerakoenean (ekilorea eta
soia). Nekazaritza krisia, gainera, beste azpisektore batzuetara ere hedatu zen,
arrozarenera, esaterako, antzerako mekanismoen bidez: itsasoz haraindiko inportazioak
ugaltzea eta prezioen nahiz ustiategien errentagarritasunaren galera. Koloratzaile gisa
erabiltzen zen grana edo kukurutxaren ekoizpena eta esportazioa anilina artifizialek
ordezkatu zuten; ondorioz, Kanariar irletan saldutako kopuruak eta haien prezioak
arrapaladan jaitsi ziren.

Azkenik, abeltzaintza galiziarrak Britainia Handiko kanpo merkatuak galdu zituen


1880ko hamarkadaren erdialdetik aurrera. 1882tik 1891rako urteetan, mahastizaintza
izan zen salbuespen handia, izan ere, ez zuen krisirik izan eta, aitzitik, une horretantxe jo
zuen goia bere goraldiak, kanpo eskaria nabarmen hazi baitzen. Horren arrazoia
Frantziako produkzioaren beheraldia izan zen, hango mahastietako filoxera-izurritearen
ondorioz, bere kanpo-erosketen igoera etengabeen ondorioz eta prezioak jaitsi izanaren
ondorioz. Hala ere, joera alderantzikatu egin zen 1891an ekoizpen frantziarra suspertu
zenean, eta, aldi berean, mahasti espainiarretan filoxera-inbasioa gertatu zenean. Urte
horietan zehar hedatu ziren laboreen artean, Valentziako laranja-ekoizpena baino ez da
hein batean aipagarria.

1890eko hamarkadaren bigarren erdian joera-aldaketa argia gertatu zen. Hainbat faktoreei
esker, krisitik ateratzea lortu zen. Erreakzio protekzionistek bizitzaren kostua igoarazi
zuen eta oztopatu egin zuen landa espainiarrean bere eraginkortasuna areagotuko zuketen
aldaketa estrukturalak egitea. Jarrera haen ondorioz ere, nekazaritza prezioak mantendu
egin ziren eta horrek erraztu egin zuen 1891tik aurrera eta, batez ere, 1896tik aurrera,
susperraldia gertatzea. Salmenta handiagoak egin ziren, prezio altuagoetan, eta apurka
zerealen nekazaritzaren errentagarritasuna eta ekoizpena lehengoratu ziren. Trenbide-
sarearen aurrerapenek ere lagundu zuten barne-merkatua hobeto artikulatzen Beste bide
bat espezializazio bide berriak bilatzea izan zen. Hala ere, esan beharra dago beste bide
batzuentzako (intentsifikazioa eta berrikuntzen ezarpenentzako adibidez) oztopo
bilakatuko dela. Beste bide bat espezializazio bide berriak bilatzea izan zen. Aldaketa
gehienak zereal-sistematik kanpo egin ziren, nekazaritza espezializazio berrien bidetik,
eta europar elikadura-merkatuan posizio oso lehiakorrak izatea ahalbidetu zuten.
Azkenik, behar besteko lur eta ureztatze hornidura zuten hainbat eremutan bazka-
landaketak egin ziren kalitateko haragiak ekoizteko, merkatu hiritarrera zuzendutakoak.
Hala ere, lehen aipatutako protekzionismorako joerak, ententsifikazio eta
berrikuntzetarako oztopo izango dela

Industrializazioaren garapen motela

XIX. mendeko azken hamarkadatik aurrera, industrializazio-ziklo berria gorpuztu zen


munduan, hainbat sektoretako berrikuntzek (sektore kimikoa, farmazeutikoa, elektrikoa
eta automobilgintza) eta kate-ekoizpeneko prozesuek eraginda. “Bigarren industri
iraultza” horretako industrien ezaugarri zen beren teknologiaren eduki zientifiko jasoa eta
jakindurian askoz zorrotzagoak izatea, eta horrek leku txarrean uzten zituen Europa
hegoaldeko populazio “pobre eta ezjakinak”. Espainia ez zegoen baldintzarik onenetan
bigarren industrializazio horri ekiteko.

Batetik, giza kapitalaren hornikuntza eskasa zen, hala populazioaren oinarrizko


hezkuntzari dagokionez, nola teknikari eta zientzialarien formazioari dagokionez, eta
baita enpresa-ekimen eta gaitasunari dagokionez ere. Bestalde, munduko ekonomiaren
hazkunde fase berrian erabakigarriak ziren energi baliabideak eskasak eta oso garestiak
ziren (ikatzaren alorrean) edo, besterik gabe, halakorik ez zegoen (petrolioa, kasu).
Azkenik, ez zen industri politika sakonik aurrera eraman. Izan ere, gobernuaren neurriak
sektore espezifikoei laguntza zuzena ematera mugatu ziren. Muga-sari hesiez gain,
antzerako beste neurri batzuk ere hartu ziren, honakoak, esaterako: tarifa-diskriminazioa
kolonietan 1882tik aurrera, trenbide- materialen inportazioaren frankizia bertan behera
uztea, edo administrazio publikoaren erosketetan lehentasuna izatea (1887ko gerra-
ontzidiaren eraikuntza legea, 1907ko industria nazionala babesteko legea, 1908ko
bigarren ontzigintza-programa, Maurarena).
Gisa horretako laguntza protekzionistek kanpo-konkurrentziak ezartzen duen kostu-
diziplinatik urruntzen zuten industria, eta aldi berean har daitezke haren lehiakortasun
baxuaren kausatzat edo arrazoi beragatiko larrialdiko esku-hartze defentsibotzat. Aldiz,
industri politika “berriko” ekinbiderik (formazio-jarduerak nahiz ikerketa eta garapeneko
jarduerak babestea edo esportazioak laguntzea) ez zen ia izan.

Hala ere, industria-hazkundea moteldu egin zen aurreko hamarkadetakoarekiko eta baita
Europako joera nagusiekiko ere. Eboluzio horretan bazuten eraginik nazioarteko giro
atzerakorrak eta BPGaren eta populazio espainiarraren hedakuntza eskasak, eta horrek
guztiak orobat nekazaritzaren beheraldiarekin, kolonietako gerrekin eta kanpo
emigrazioarekin. Ondorioz, XX. mende hasieran herrialdeak industria-egitura aski osoa
zuen, baina ahula eta espazialki desorekatua.

Eskualde mailako prozesuen artikulazio urriak sektore- eta eskualde-kontzentrazio handia


eragin zuen, eta intentsitate-desberdintasun handiak. Industriaren sektorekako osaketak
hainbat desberdintasun erakusten ditu industrializazio-eredu kontinentalarekiko. Mea
metalikoen erauzketa sektorerik gaindimentsionatuena zen. Burdin, berun eta kobre
meatzaritzak Espainia materia horien mundu-merkatuan leku onean kokarazi zuen,
metalen lanketa txikia izan zen arren. Aldiz, konparatuz gero, indize oso txikiak dituzte
energia-meatzaritzak eta, oro har, industria astunak.

Kapital eta teknologia mailan intentsiboenak ziren sektoreak ordezkapen urria zuten
industria-oinarri espainiarrean. Aldiz, dimentsio handiagoak zituzten (betiere osoarekiko
erlazioan) kontsumo-ondasunen ekoizpen-industriek, bereziki ehunen eta nekazaritza-
elikagaien sektoreek.

Energia sektoreei dagokienean, harrikatz eta antrazita-erauzketa, Asturias eta Leongo


arroetan bereziki, laukoiztu egin zen 1882-1888 eta 1912-1913 epeen artean, neurri
protekzionisten laguntzari esker. Hala ere, barne-eskaria askoz handiagoa izan zen eta
Britainia Handitik kopuru handiagoak inportatu behar izan ziren; nolanahi ere, eskari hori
pixka bat beherakorra suertatu zen barne- kontsumoarekiko. Beraz, energia-balantza
defizitarioa izan zen, barne-kontsumoaren erdia baino gehiagokoa.

Kanpo energiarekiko dependentzia nahiz industriaren kostuak murriztea elektrizitateari


esker soilik izan zen posible. Herri espainiarrek oso goiz hartu zuten argiteria elektrikoa.
Baina XX. mendeko lehen urteetan baino ez zuen garrantzia hartu hidroelektrizitateak
aukera energetiko gisa, fluxu elektrikoa distantzia luzeetara garraiatzeko zeuden arazo
teknikoak gainditu ostean. Energia hidroelektrikoaren garapenak arindu egin zituen
energia-eskasiak hazkunde ekonomikoari ezartzen zizkion mugak. Sektoreak ekimen eta
inbertsio atzerritar ugari mugiarazi zituen, bereziki mendi altuko ibaiak ustiatzeko.

Garai honetan, nabaria zen industria arinaren nagusigoa, eta honen barruan industriarik
garatuena ehun-industria zen, kotoiaren azpisektorea bereziki, eta baita artilearena ere.
Biek lurralde-kontzentrazioa zuten ezaugarri: 1900ean produkzioaren ehuneko 90a
Katalunian egiten zen. 1882-1891 epealdian zehar industria horrek kanpo-konkurrentzia
handiagoari egin behar izan zion aurre, eta baita nekazaritza krisiak barne-
kontsumoarengan izandako eraginei ere. Produkzioa zertxobait hazi zen, kolonietarako
esportazioei esker. Ondoren, errentaren susperraldiak eta pezetaren depreziazioaren
efektuek sustatuta, hazkundea mantendu egin zen eta esportazioek aurre egin zieten
1898an kolonietako merkatuaren galerak eragindako kalteei. Kotoi-azpisektoreak
aldaketa sakonak burutu zituen, ekoizpen-prozesuak arrazionalizatuz, kostuen egitura
hobetuz, ekipo eta teknologia berrietan inbertituz eta eskariaren arabera ekoizpena modu
malguan egokituz.

Oinetakoen industriak ere eraldaketa nabarmena jasan zuen. Sektorearen garapen


modernoa Katalunian hasi zen, barne-eskariaren bolumenari esker eta, hala, 1900erako
Bartzelonan eta, hein txikiagoan, Sitges-en zeuden teknologia mekanikoren bat baliatzen
zuten enpresen bi herenak. Larruzko oinetakoen kontsumo nazionala oso baxua eta
aldakorra zen, nekazaritza urtearen emaitzen araberakoa. Horregatik, zapata-industria,
ehun-industria bezala, merkatuaren tamaina txikiak eta aldakortasunak baldintzatu zuen;
horrek abantailak ematen zizkien dimentsio murritzeko enpresei eta ekoizpen
dibertsifikatua zutenei.

Nekazaritza elikadura-industriak ere garapen nabaria izan zuen; halaber, nekazaritza


krisiak industria horren eskualde-lekualdatzeak lagundu zituen. Atzerriko gariaren
inportazioek ehotze-industriak kostaldeko kontsumitzaile-guneetan kokatzea bultzatu
zuten, Bartzelonan bereziki, Gaztelako eta Aragoiko enpresen kaltetan. Barnealdeko
eskualde horietan, gainera, itsasoz garraiatzen ziren energia-produktuak garestiagoak
ziren. Era berean, elikadura-industria berriak sortu ziren. 1882 eta 1898 artean 18
erremolatxa-azukre lantegi handi ezarri ziren, horietako 10 Granadako ibar emankorrean
eta besteak Zaragoza eta Nafarroan. Epealdian zehar hazkunde garrantzitsua izan zuen
elikagai- industriaren beste adarra gazta, gurin, esne kondentsatu eta esne-hautsaren
ekoizpen industriala izan zen, Asturias eta Kantabrian errotua. Sinbolikoki, Nestlé
Kantabrian ezarri zen XX. mende hasieran. Nekazaritza sektoreko aldaketek eta kanpo-
eskariaren hazkundeak (britainiarrarena bereziki) kontserba begetalen industria sustatu
zuten, bereziki fruitu eta barazkiena, nagusiki Errioxan, Murtzian eta Nafarroan kokatua.
Halaber, beste nekazaritza ekoizpen zenbaitek, laranja-ekoizpenak edo fruitu eta
barazkienak, produktu horien ontziratzean espezializatutako enpresak sorrarazi zituzten:
zerrategiak, nahiz egurra eta zeta-papera, metal- ontziak, kartoia edo beira-ontziak
ekoizten zituztenak.

Industria astunak ere bultzada bat jasoko du; izan ere, metal-mineralen erauzketa-
industria oso garrantzitsua izan zen 1882 eta 1913 artean. Gerra kolonialen sasoian
moteltze-aldi labur bat izan arren, bere ekoizpena 1913ko maximora arte hazi zen.
Erauzte-industriak esportazioaren eta, beraz, espainiar ekonomiaren inportazio-
ahalmenaren oinarrietako bat izan ziren. Bi meategi-eskualde nagusi nabarmendu ziren.
Batetik, hegoaldeko eremua, Murtzia, Gaztela-Mantxak, Extremadurak eta, batik bat,
Andaluziak osatua. Kobrearen eta, urte askotan zehar, berunaren ekoizpenean mundu
mailako nagusitasuna izan arren, eremu horretan industrializazioaren bultzada-efektuak
murritzak izan ziren.

Siderurgian, meategien oparotasunak, erauzte-kostu murritzek eta Bizkaiko burdina-


mineralaren metal-aberastasunak eskualde hori Espainiako siderurgia- gune
garrantzitsuena bihurtzea eragin zuten. Euskal siderurgian ikatz britainiarra erabili zen,
asturiarra baino kalitate handiagokoa eta prezio baxuagokoa, Britainia Handirako
itzulera-ontzien pleita-sari baxuei esker. Elaborazio ertaineko eta ikatz-kontsumo baxuko
ekoizpenetan espezializatu zen: lingoteak, errailak, bigak edo barrak, esaterako. Lantegi
asturiarrek, Mieres eta La Felguera-koek, aurreko epealdian izandako hegemonia galdu
zuten eta laminatuen nahiz erregai gehiago eskatzen zuten beste produktu batzuen
ekoizpenera bideratu behar izan zuten. 1898an lanean hasi zen Kantabriako siderurgia-
gune berria: altzairu-lingotea ekoizten hasi ziren Corrales de Buelna-n eta 1902an
Santanderren Nueva Montaña Quijano sortu zen. 1907an, barne-merkatua oso babestuta
zegoela, enpresek konkurrentzia murriztea eta merkatua banatzea adostu zuten, Central
Siderúrgica de Ventas izeneko kartela osatuz. XIX. mendearen amaieratik aurrera
siderurgiak izandako hazkundea eskaria handitu izanari zor zaio, eta hori gertatu zen
politika babeslearen eraginez eta metalurgia nahiz eraikuntza metalikoen hedakuntzari
esker; eta orobat garraiorako materialak eta material elektrikoak ekoiztu izanari.

Industria kimiko modernoak XIX. mendearen amaieran egin zituen lehen urratsak
Espainian. Bere ezaugarri argiena prozedura- eta ekoizpen-aniztasuna izan zen, azido eta
gatz mineraletatik hasita produktu farmazeutikoetaraino. Industria horren garapenerako
arazoa izan zen XX. mende erdialdera arte ikatz-kimika eta elektro-kimika izan zirela
nagusi, eta adar horietarako baliabide-hornidura eskasa zuen Espainiak. Gainera, lan ongi
kualifikatua eta ikerketa aplikatua eskatzen zuen industria horrek, eta faktore horiek
ezdeusak ziren bertan. Babes protekzionistak nekazaritzan gero eta ongarri artifizial
gehiago eta bestelako produktuak erabiltzea bultzatu zuen, eta horrek enpresa handi gutxi
batzuk sortzea lagundu zuen: Unión Española de Explosivos (1896), Electro-Química de
Flix (1897), Sociedad Española de Carburos Metálicos (1897) edo Solvay (1903).

Garai hartan sortutako beste oinarrizko industria bat zementu artifizialarena izan zen, labe
birakariaren teknologia berria erabiltzen zuena. Lehen lantegia Oviedo inguruko Tudela
Veguín sozietatea (1899) izan zen. Kapitalari dagokionez oso industria intentsiboa zen,
eta bere garapen azkarrak azpiegitura-lanekin lotura izan zuen, bereziki zentral
elektrikoen eta urtegien eraikuntzarekin, eta baita itsas portuen handitzearekin ere.

Hirugarren sektorea

1882 eta 1913 artean garraio eta komunikazio-bideen hedatze eta modernizazioak aurrera
jarraitu zuen. Trenbide zabaleko sistema sendotu egin zen zeharkako bideak eraikiz,
horiek enborrekoen osagarri baitziren, 1880ko hamarkadan eta hurrengoaren hasieran.
Aldi berean, bide estuko sarea hedatu zen. Errepideen eraikuntzak aurrera egin zuen
nabarmen, nahiz eta 1913an eskuragarri zen luzera oso murritza izan nazioarteko
terminoetan. Merkataritza-ontziteriak ia burutu egin zuen aurreko epealdian hasitako
belatik baporeranzko modernizazioa. Bilboko portua izango da garrantzitsuena,
Bartzelonakoa bigarren postu batean aurkituko delarik. Ontzi-enpresa euskaldunek
bertako burdin mearen esportazioa baliatu zuten hazteko, baina baita Amerikarekiko
merkataritza eta kabotajea ere. Telefonoa, elektrizitatea bezala, 1881ean sartu zuen
Espainian, aski goiz, Sociedad Española de Electricidad-ek. Baina bere garapena motela
izan zen per capita errenta baxuen eta kaos legislatibo eta teknologikoaren ondorioz,
zeinak gobernu zentral eta lokalen esku-hartze erregulatzailea eragin baitzuen.

Bankari dagokionean, Katalunian, bankaren egiazko booma izan zen epealdiaren


hasieran, “febre d´or” bezala ezagutzen dena. Prozesua Bartzelonan kontzentratu zen,
erakunde berri gehienen egoitza hura baitzen, eta izaera oso espekulatzailea izan zuen,
deskontu komertzialekin lotuak. 1882 hasieratik, Parisko Burtsa erortzearekin batera,
banku-balio kataluniarrak maldan behera hasi ziren, urte luzez, eta horrek eragin zuen
erakunde sortu berri gehienak desagertzea. Hamarkadaren gainerako urteetan eta baita
hurrengoan ere, biziraun zuten banku kataluniar gutxiek, eta Madrilgoek, aktiboaren
partida ia guztietan murrizteak izan zituzten.

Euskal Herrian kontrakoa gertatu zen. Eskualdeko industria-egiturak eta inbertsio-aukera


berriek (meatzaritza, siderurgia, metalurgia eta ontzigintzaren ingurukoek) finantza-
bitartekaritzarako espazio handia zabaldu zuten eta, era berean, aurrezki bolumen handiak
sorrarazi zituzten. 1899tik aurrera, banku-sektorearen eraberritze handia izan zen,
aurrezki pribatuen eta enpresen errenta eta inbertsioen hazkundearen eraginez, eta baita
koloniak galdu ostean kapitalak itzuli zirelako ere. Entitate berriak sortu ziren: Banco
Hispano Americano (1900), Banco de Comercio (1901), Banco de Vizcaya (1901), Banco
Español de Crédito (1902) eta Caja de Pensiones y de Ahorros de Barcelona (1904);
horietariko gehienek banka mistoaren pareko jarduera izan zuten, enpresen promozio eta
kudeaketan gehiago inplikatuz, honako sektoreetan bereziki: elektrizitatea,
siderometalurgia, azukre-enpresak, garraioak, aseguruak eta hiri-zerbitzuak.

Kanpo harremanak

Nazioarteko esportazio-merkataritza espainiarra gehiago hazi zen 1895-1913ko epealdian


aurrekoan baino. Ekonomiaren irekitasuna nabariagoa izan zen 1891tik aurrera eta
espezializatutako nekazaritzaren esportazioek eboluzio oso hedakorra izan zuten,
meatzaritza metalikoak bezala. Frantzia eta Britainia Handia izan ziren esportazioen
merkatu nagusienak. Esportazioen artean, mineral, ardo eta olioaz gain, laranja, fruitu eta
barazkiak ere kontuan hartu behar dira. Inportazioen artean, berriz, elikagai eta
lehengaiek (ikatza edo kotoia, kasu) kopuru askoz txikiagoa osatzen zuten manufaktura
eta ekipo-ondasunek baino.
Manufakturen esportazioak kolonietako merkatuan oinarritu ziren, 1882 eta 1898 artean
bereziki. Edonola ere, kolonien galerak ez zituen salmenta horiek berehala desagerrarazi,
irletan salgai iparramerikarrek lehentasunezko tratua jaso zuten arren. Kubarekiko
merkataritza-balantza oso aldekoa izan zen Espainiarentzat are independentziaren ostean
ere. Gainera, Latinoamerikako merkatu berrietako merkataritza-presentzia areagotu zen,
hein batean pezetaren depreziazioaren ondorioz, eta baita herrialde haietako kontsumo-
joeretan immigrazio espainiar ugariak izandako eraginaren ondorioz ere.

Errentak, transferentziak eta kanpo-inbertsioak

Espainiak, inbertsio atzerritar asko jasotzen jarraitu zuen, eta haien helmugari dagokionez
bi aro garbi bereizten dira. Lehen hamarkadan meategi-zikloa bururatu eta ahitu bide zen,
erreserbak agortu baitziren eta sektorea heldu. Bigarren hamarkadan inbertsio
atzerritarraren ziklo berria hasi zen, eta 1899tik aurrera indartu: industria elektriko eta
kimikora bideratu zen, eta baita zerbitzu-sektore zenbaitetara ere, hiri barneko garraio,
banka eta aseguruetara, kasu.

Kanpo sektoreko berrikuntzarik handiena atzerrian zeuden emigranteen sorta eta


bestelako transferentzia-bolumen handiak jasotzea izan zen; bereziki, Argentinatik, Kuba
independentetik, Frantziatik eta Mexikotik. Hainbat faktorek lagundu zuten harrera-
herrialdeetatiko bidalketen fluxua bizkortzen. Lehenik, 1882tik aurrera emigranteak
helmuga-eremuetan gero eta gehiago pilatu izana. Bigarrenik, pezetaren kotizazio baxua
eta gerren ondoren balioa berreskuratuko zuelako aurreikuspena, hori abantaila baitzen
aurrezkiak Espainian kokatzeko. Hirugarren faktorea kolonietan bizi ziren espainiarren
aurrezkia lekualdatzea izan zen, gerra aurreko, eta, bereziki, gerraosteko segurtasunik
ezak eraginda. Laugarrenik, Villaverderen erreformen ondorioz, politika ekonomikoaren
ortodoxiak ekonomiaren egonkortasun eta hazkundea eragingo zuelako ustearen
zabaltzea. Bosgarrenik, gobernu espainiarraren 1901eko indultuek zigor penalak kendu
zizkieten hamarkada luzetan zerbitzu militarra saihestearren emigratu zuten iheslari eta
desertoreei, eta horrek haien itzulera erraztu zuen.
Lehenengo Mundu Gerraren Koiuntura

XX. mendearen lehenengo herenean, eta, batik bat, Gerra Handitik Gerra Zibilera doan
garaian aldaketa nabarmenak gertatu ziren Espainiako ekonomian, gizartean, politikan
eta kulturan. Arazo batzuk sortu bazizkion ere, I. Mundu Gerraren koiunturak zenbait
abantaila ekonomiko eskaini zizkion Espainiari, eta, Primo de Riveraren (1923-1930)
diktaduraren garaiarekin batera, egitura-aldaketei bultzada eman zizkiela esan daiteke:
industrializazioa sakondu eta hedatu zen, hiritartze-prozesua bizkortu, klase ertainaren
oinarri soziala zabaldu, eta masak gero eta presenteago egin ziren bizitza sozialean eta
politikoan. Egile batzuek, garai ekonomiko hau “zilarrezko arotzat” hartzea proposatu
izan dute, kulturaren alorrean gauzatzen ari ziren aldaketekiko analogiaz, baina ezin
daiteke ukatu aurreko aldietan baino gehiago hazi zirela biztanleria eta ekonomia, eta
berreskuratu zela Europako herrialde liderrenganako aldearen zati bat, hurbiltze horretan
herrialde horiek Gerra Handiaren ondorioz jasan zuten kolpe ekonomiko latza kontuan
hartu behar bada ere.

Jakina den bezala, 1914ean Gerra Handia piztu zen Europan, eta koiuntura horrek eragin
nabarmena izan zuen espainiar ekonomiaren bilakaeran, nahiz eta gerra horretan
zuzenean parte ez hartu. Horrek aukera ekonomiko handiak ireki zizkion espainiar
ekonomiari, baina baita zailtasun asko ere. Kontuan izan behar dugu Espainia “neutral”
mantendu zela IMGn. Horregatik esan daiteke garai hura kontraesankorra izan zela
espainiar garapen ekonomikoaren ibilbidean: sektore batzuk dezente hazi eta garatu ziren,
baina beste batzuek estualdiak pairatu zituzten.

Orokorrean, enpresa-mozkinak oso altuak izan ziren sektore jakin batzuetan; esportazioak
hazi eta merkataritza balantza positiboa bihurtu zen, barne-kontsumoa mugatu zuena
bestalde; produkzioa hazi egin zen, baina mantso; eta soldatak ez ziren hainbeste igo: izan
ere, gerraren lehenengo urteetan soldata errealak jaitsi egin ziren, prezioak bizkorrago
hazi zirelako. Koiunturak (garraioak) utzi zituen irabazi gehienak, hortaz, enpresarientzat
izan ziren batez ere, eta gutxi berrinbertitu ziren ekonomiaren garapen errealean:
gehienek, antza denez, finantza-ekonomia, lurren erosketa edo atzerri-inbertsioaren bidea
hartu zutela dirudi, epealdi hartan.

Gerraren eragina kanpo-merkataritzan gertaturiko aldaketen bitartez gauzatu zen,


nagusiki. Gatazkak ekarri zituen ondorioen artean atzerritik inportatzen ziren produktu
manufakturatu batzuen murrizpena aipa daiteke, eta horrek esan nahi izan zuen hornidura
iturri alternatiboak aurkitu behar zirela, edo inportazio-ordezte prozesu bati ekin behar
izan zitzaiola, Espainiak bertan leku hartuz. Bestalde, gerran sartu ziren nazioak ere
produktu batzuentzat merkatu bihurtu ziren: hala produktu manufakturatu batzuentzat,
nola lehengai eta elikagaientzat.

Gerra garaia inflazio-aldia izan zen Espainian, gainontzeko herrialdeetan bezala: prezioak
kasik bikoiztu ziren 1914 eta 1920 bitartean. Alde batetik, eskaria eskaintzaren gainetik
igo zen, gatazkaren hasieran batez ere, egitura produktiboa ez baitzegoen eskariaren
hazkundeari erantzuteko prestatuta. Bestetik, eta horrekin lotuta, merkatu batzuetan
benetako eskasiak gertatu ziren eta, horren ondorioz, ekoizpen-kostuak igo egin ziren,
produktuen bukaerako prezioak puztuz, adibidez, ikatza erabiltzen zuten industrietan.
Espainiar ikatz meatzaritzak produktibitate mailak galdu zituen Europako beste eskualde
batzuetakoekin konparatuz, herrialde haietan I. Mundu Gerran zehar mekanizazioa
bultzatu zelako, frontera abiatutako soldaduak ordezkatzeko hain zuzen ere. Horrek ikatza
erabiltzen zuten produkzio prozesuen kostua igo eta eguneroko bizitzan eragin negatiboa
izan zuen. Ez da harritzekoa, beraz, elektrifikazioak eta, ondorioz, elektrizitate-industriak
garai hartan bizi izan zuten aurrerakada, ikatz energiaren ordezko bezala alegia.

Lan-eskuaren merkatuan ere gabeziak gertatu ziren, batik bat 1917az geroztik.
Ezinegonaren erakusle nagusiak, 1917ko udako gertakizunak izan ziren, greba orokor
iraultzailearen deialdiarekin –abuztuan–, eta ondorengo Hirurteko Boltxebikea
delakoarekin (1918-20), zeinetan langileen gatazkakortasunak eta enpresarien erantzun
bortitzak – pistolerismoaren zabalkuntzarekin– ezegonkortasun sozial eta politiko handia
sortarazi baitzuten, Berrezarkuntza garaiko krisi handienetako bat ekarriz. Edonola ere,
gerraren amaiera aldera soldata errealak nabarmen hasi ziren igotzen, besteak beste
mugimendu horien guztien presioaren eraginez, eta horren erakusle izan zen zortzi
ordutako lanaldiaren ezarpena, gobernuaren dekretuz, 1919an, zeina, edonola ere, batez
ere enpresa handietan hasi baitzen betetzen.

Hala, gerraren lehenengo urte guztietan Espainiak ekoiztutako aberastasuna enpresarien


alde nabarmen birbanatu zen arren, gerraren azkeneko urtetik 1921erarte soldata errealek
galdutako tartea berreskuratu zuten, nahiz eta hau ez zen gertatu automatikoki, Espainiak
bizi izan duen lan-gatazka bortitz eta ugarieneko zikloaren ondorioz baizik.
Inflazioaren beste iturri bat estatuaren eta banka sistemaren arteko hartu-emanei
zegokion. Hazkunde ekonomikoa eta beharrezko inbertsioak finantzatu ahal izateko
kreditu merke eta errazak eskaini ziren: mailegu horiek eman ahal izateko bankak
gobernuarengandik lortu zuen kaxan derrigorrez eduki behar zituzten estatuaren zor-
tituluak Espainiako Bankuan pignoratzeko edo kitatzeko ahalmena. Horren truke,
Espainiako Bankuak zirkulazio fiduziarioa ugaltzeko baimen zabalagoa lortu zuen, hots,
banku-billeteen jaulkipena azkartzeko, eta horrek, dakigun bezala, inflazioa areagotu
zuen faktoreetako bat izan zen; azken finean, gobernuak uko egin zion bere gastua zergen
igoera baten bitartez finantzatzeari –horretarako egon ziren proiektuak, gerra garaiko ez-
ohiko mozkinen gaineko zergarenak bezalakoak, Santiago Alba ministroak aurkeztua,
atzera bota ziren, enpresarien eta aberatsenen kontrako presioen ondorioz–, eta zorraren
pignorazioaren bide inflazionistari ekitea beste erremediorik ez zen geratu.

I. Mundu Gerraren koiunturak, beraz, ondorio ezberdinak ekarri zituen Espainiako


ekonomiarentzat. Alde batetik, mozkin izugarri altuak irabazi ziren hainbat sektoretan,
hala nola itsasontzi-garraioan –pleita-sarien igoerari eta atzerritar konpainiek utzitako
hutsuneei esker–, ehungintzan –gerran zeuden herrialdeetara egindako esportazioei
esker–, elektrizitatearen industrian, bankagintzan, nekazaritza tradizionalean,
armagintzan... Bestalde, mozkinak altuak izan ziren halaber, baina ez aipatutako adarretan
bezainbeste, siderurgia bezalakoetan... Industrializazioa bultzatzeaz gain, beraz,
hirugarren arloko zenbait adar ere nabarmen garatu ziren koiuntura honetan, aipatu
garraioa edo banka bezala. Edonola ere, hazkunde horrek kapital metaketa garrantzitsua
sortarazi zuen, eta aukera eman zuen are adar berriak edo ia berriak sortzeko Espainian,
kimika industria eta mekanika arloetan bezala, ordura arteko atzerri-inportazioak
ordezteko garatu zena. Gerra Handian zehar mantendutako neutraltasunaren beste
ondorio bat merkataritza balantzan igarri zen, berau, nabarmen, positiboa bihurtu zelako
Espainiarentzat, hau da, gehiago esportatu zen, inportatu zena baino.

Horren ondorioz dibisak heldu ziren Espainiara, eta banku zentralean ezarritako urre
kopuruak nabarmen hazi ziren, bankuaren erosketa politikaren beraren ondorioz.
Bestalde, gerraren premiek bultzaturik, atzerritar enpresa batzuek Espainian zeuzkaten
aktiboak saldu behar izan zituzten, eta hala, atzerritar kapitalaren presentzia desagertu ez
bazen ere, meategi, industria, itsasontzi eta trenbide-konpainia asko saldu eta espainiarren
eskuetara igaro ziren, espainiar ekonomiaren nolabaiteko “nazionaltze” edo
“naturalizazio” prozesu bat eraginez Gerra Handian zehar. Izan ere, horrekin lotuta,
atzerriarekin zeukan zor publikoa kitatu zuen gobernuak, edo espainolei birsaldu, zati
handi batean behintzat.

Epealdi honetan zehar, bestalde, goi-klaseen artean –zeinetan, ordura arte, lurjabe handiak
izan baitziren nagusi– garrantzi handiagoa hartzen joan ziren industrialak ere, industria
arloan lortu baitziren ez-ohizko mozkin handienak.

Armistizioaren krisia

I. Mundu Gerraren ondoren, ekonomiaren goranzko martxa, hasiera batean, mantsoa


izango zela espero zen nazioarteko mailan, berreskurapen geldo bat hain zuzen ere, are
prezioen jaitsiera batekin batera. Baina, ordea, 1919an zehar, artean gripe espainiarraren
erasoak jarraitzen zuela (1918-19), ekonomia, ia leku gehienetan, azeleratu egin zen, hots,
gerran zehar eutsitako eskaria handitu egin zen bat batean, baina eskaintza ez zen hain
bizkor egokitu egoera berrira, eta prezioek igotzen jarraitu zuten: erreprimitutako
kontsumoak, fabrikek stock txikiak izateak, espekulatzaileen operazioek, gobernuek
ezarritako gerra-kontrolen askapen bizkorregiak eta garraio arazoek eragindako urritasun
artifizialek prezioen eta salmenten gorakada ikusgarria ekarri zuten... Baina krisia iritsi
zen berehala. Aparatu produktiboek bake-egoera berrira egokitu behar zuten, eta hortik
hasierako aipatu desoreka, baina gehiago produzitzen hasi ziren heinean, eskariak ez zuen
espero bezala erantzun, eta arazoak biderkatzen hasi ziren, gehiegi produzitzen hasi zen.
Merkatua kizkurtu egin zen, nazioarteko trafikoa gutxitu zen, eta lehengaien prezioak
nabarmenki jaisten hasi ziren.

Krisi hori nazioarteko mailan hedatu zen 1920an zehar eta, noski, Espainia harrapatu
zuen, batez ere 1920ko bukaeran eta 1921ean zehar, nahiz eta agian ez zen izan Europako
beste herrialde batzuetan bezain gogorra, Espainiaren isolamendu ekonomikoa handiagoa
izan zelako eta, gainera, nekazaritza-ekonomiaren pisu handia kontutan hartu behar
dugulako. Espainian, hala ere, beste faktore batzuk hartu behar ditugu kontutan, krisiaren
eragina ulertzeko orduan. Alde batetik, pezetak gerran zehar lortutako indarra, ona izan
zena inportazioetarako, baina txarra, jakina, esportazioetarako; ondorioz, merkataritza
balantza berriro ere negatiboa bihurtu zen oso bizkor.
Badakigu espainiar ekonomiaren produktibitate maila, gainera, jaitsia zela 1914-19
epealdian: gerran zehar ekipoa, eta batik bat industri ekipoa, gainerabilia izan zen, eta
gerrak berrikuntzak eta konponketak egiteko aukera gutxi eman zituenez, lehiakortasun
galera bat gertatu zen nazioarteko mailan; gauza bera aipatu daiteke nekazaritza
tradizionalagoenari dagokionez. Gerra garaiko mozkinak, ordea, ez ziren erabili,
azpimarratu bezala, egitura produktiboaren modernizazioan: metatu egin ziren, bankuetan
gorde ziren edo negozio espekulatiboetara bideratu ziren, dibisa atzerritarren erosketara
besteak beste.

Zailtasun ekonomiko horiek, egia da, ez zuten luzaro iraun, 1923rako hazkundea argia
baitzen, eta 1929ra arte iraungo zuen. Baina ezegonkortasun garai horrek, produkzioaren
eta prezioen jaitsiera ekarri zituena, soldaten beherapena, langabeziaren hazkunde handia,
eta enpresentzako zailtasunak eta itxierak, izan zuen bestelako ondoriorik. Lehenengoa,
nahikoa zuzena, muga-sari politikaren gogortzea izan zen, alde askotatik, 1906ko jadanik
nahikoa protekzionista baino are gogorragoa zen, eta Espainia merkataritza-babes
handieneko herrialdea bihurtu zuen Europa mailan. Bigarrena gizarte-giroaren
nahasmendua areagotzea izan zen; alde horretatik, laguntza handikoak suertatu, eta
zuzenean eragin ez bazuen ere, Primo de Riveraren diktaduraren etorrera “prestatu” zuen
faktoreetako bat izan zela esan dezakegu, Marokoko gerraren porrotekin batera –Annual-
eko desastrea, 1921–. Jakina den bezala, Miguel Primo de Riverak, Kataluniako kapitain
jeneralak, 1923an, estatu-kolpe militarra eman zuen, eta Alfontso XIII.ak gobernu-buru
gisa onartu zuen, Berrezarkuntzaren “legezkotasunarekin” behin betiko hautsiz.

Primo de Riveraren diktaduraren politika ekonomikoa (1923-1929)

Aipatu dugun bezala, Primo de Riveraren diktaduraren garaia hazkunde ekonomiko


nahiko argikoa izan zen. Politika mailan bitan banatu ohi da: Direktorio Militarraren aldia
(1923-25), zeinetan gobernua militarrez osatuta egongo baita batik bat, eta Marokoko
arazoaren konponketa izan zen lehentasunetako bat; eta Direktorio Zibilarena (1925-29),
zeinetan erregimenaren bideragarritasun politikoa ziurtatzen saiatu baitziren, eta inbertsio
publikoen hazkunde nabarmen bat gauzatu zen.

Zalantza da ea garai horretan nabarmendu zen hazkunde hura ezarritako politika


ekonomikoren ondorioa izan zen, ala nazioarteko koiuntura ekonomiko baikorrarena –
“hogeigarren zoriontsuak”–. Primoren garaiko politika ekonomiko interbentzionista, eta
nagusiki gastu publikoaren hazkundea, edonola ere, espainiar industrializazio prozesuan
mugarri bezala ikusia izan da. Ildo horretako historialarientzat beste faktore batzuek
izango zuten lehentasuna, hala nola I. Mundu Gerrako garaian “atzeratutako” inbertsio
pribatuaren hazkundea, eraikuntzaren boom-a hirietan –hiritartze prozesuaren
azelerazioarekin lotua beraz–, edota II. Industria Iraultzaren teknologien eta antolaketa
eren sarrera sendoa zenbait azpisektoreetan, eta batez ere jada aipatu dugun elektrifikazio
prozesu hazkorrarena, produktibitatea handitu zutenak, batez ere industria arloan, zeina,
gainera, dibertsifikazioaren eta enpresen dentsitatearen hazkundearen ondorio
biderkatzaileak jasoko baitzituen.

Edonola ere, diktadura erregimenaren ezaugarri ekonomikoetako bat, hasieratik,


korporatibismoa izan zen (hau ez zen osoa izan, maila teorikoan gehiago garatu zen
praktikoan bano). Hala, gizabanakoen, enpresen edo partidu politikoen interes
indibidualisten ordez, interes-elkarguneen nagusigoa azpimarratzen zen, klase eta taldeen
arteko interes amankomunena hain zuzen ere, “gizarte gorputzena” [cuerpos sociales], eta
Estatuak elkarreratze horiek antolatu eta gauzatu behar zituen. Ideia hori ekonomiaren
adar guztietan antolatu beharreko batzorde, kontseilu, kamara, elkarte eta batez ere
komite paritarioetan gauzatu behar zen, adarka eta lekuan lekuko alegia, zeinetan alde
guztiek hartu behar baitzuten parte, hots, gobernuak, enpresariek langileen ordezkariek,
lortu izan zena, une batez, UGTren kolaborazioa edo tolerantzia pasiboa zirela medio;

Langileek, zer esanik ez, ez zuten abantaila handiegirik eskuratu politika korporatibista
horretatik –are gutxiago, haien presio-bideak murriztuta geratu ziren heinean,
erregimenak grebaren aurka eraman zuen politika gogorra zela medio–; enpresariek, batik
bat industriakoek, onura handiagoak jaso zituzten ordea, korporatibismorako joerak
enpresa berrien sorrerari mugak ezarri zizkielako, eta, beraz, integrazio eta oligopolizazio
prozesuetarako egokia izan bide zelako. Horretarako tresnarik inportanteena Comité
Regulador de la Producción Industrial delakoa izan zen (1926), industriaren adar
bakoitzak aukeratutako azpibatzordeez osatua, eta zeinaren zeregin nagusia konpetentzia
mugatzea baitzen, adar bakoitzeko enpresa berrien sarrera baimenduz edo debekatuz,
praktika monopolistiko-oligopolistikoak erraztu zituena. Edonola ere, ez da harritzekoa
industrialek eta are sindikalista batzuek onartu izana espainiar ekonomiaren nolabaiteko
“kartelizazio” administratibo hau, gerraosteko krisitik Espainiak, herrialde industrializatu
askok bezala, gainprodukzio arazo bat zeukalako
Primo de Riveraren garaiaren beste ezaugarri inportante bat, estatuaren inbertsioaren
hazkundearena izan zen, batez ere industrializazioaren bultzadari zegokionez. Estatua
eskari pribilegiatua bihurtu zen, adar eta enpresa askoren euskarri, batez ere industria
astunari zegokionean. Lan publikoen programa batean laburbildu ziren diktaduraren asmo
horiek, eta horren osagaiak trenbide sarearen zabalkuntza eta elektrifikazioa izan ziren;
beste osagai inportante bat Plan de Firmes Especiales delakoa izan zen (1926),
errepidegintzan zentratu zena, eta errepide-sarearen zabalkuntza eta asfaltatzea ekarri
zituena. Estatuak dirua gastatu zuen, halaber, zubiak, itsas-portuak eta beste motako
eraikinak altxatzeko edo berritzeko, eta, batik bat, urtegiak eraikitzeko, konfederazio
hidrografikoekin elkarlanean, baina inbertsio horiek gehiago egin ziren industrian
pentsatuz, nekazaritzan baino.

Gastu hauei guztiei udalenak gehitu beharko genizkieke, 1924ko Udal Estatutuari esker
zorduntzeko ahalmena lortu baitzuten. Edonola ere, “estatu kontratistaren” gastuak
eskaria nabarmen handitu zuen ekipo-ondasunen industriarentzat, hots, batez ere
siderurgia, metalurgia, garraio-ekipoen, zementu industria eta abarrentzat, eta ez da
harritzekoa, beraz, garai horretan industriaren adar horiek izan zuten aurrerakada.
Kontsumo ondasunen industrian, bestalde, ez zen bultzada hori horrenbeste nabaritu:
azken horien kasuan, langileen eros-ahalmenean hobekuntza nabarmenik gertatu ez
zenez, eskari mailak ez ziren horrenbeste igo; meatzaritzaren emaitzak ere industria
astunarenen azpitik ibili ziren Primo de Riveraren diktaduraren garaian.

Bestalde, ekonomi politikaren ezaugarri izaten jarraitu zuen protekzionismoak eta are
ultraprotekzionismoak ere. Primoren garaian egin ziren muga-sari tarifen berrazterketa
partzial guztiak gorakorrak izan ziren, eta aurreko urteetan onartutako beherapenetako
batzuk bertan behera utzi ziren; zentzu berean joan zen. Hala ere, protekzionismoaren
areagotzea ez zen izan erregimenaren erretorikak aditzera eman zuena bezain erabatekoa,
eta kontuan hartu behar dugu garai bertsuan Europan antzeko politikak bultzatzen ari
zirela, edo are gogorragoak.

Politika nazionalista horren adibidetzat, edonola ere, CAMPSA bezalako estatu-


monopolioen sorrera izango litzateke. Baina azpimarratu behar da ustezko nazionalismo
ekonomiko hura ez zela kontraesanik gabeko jarrera bat izan: komunikabideen arloan,
esaterako, espainiar telefono sarearen eraikuntza eta kudeaketa enpresa estatubatuar baten
esku utzi zen ia erabat, eta horrek, bestalde, harekin lotutako hornidura elektriko guztia
haren filiala zen Standard Eléctrica enpresa iparramerikar-espainiarraren eskuetan uztea
erakarri zuen.

Bestalde, ekonomiaren bilakaerari laguntzeko ildo horretan kokatu beharko genituzke,


orobat, kreditu erakunde ofizial berrien erakuntza, zeinen helburua nekazariei eta udalei
inbertsioak egin ahal izateko kreditua erraztea baitzen, aurretik zetozen joerei jarraiki,
1920an estatuak sortutako Banco de Crédito Industrialek frogatuko zukeen bezala.

Politika ekonomiko hedakor horrek, ordea, muga argiak izan zituen: aurrekontuak ezin
ziren etengabe ustiatu, sarrera gehiagoren ezean alegia, eta jakina da espainiar fisko-
sistema ez zegoela. Izan ere, José Calvo Sotelo Ogasun ministroa saiatu zen
fiskoerreforma bat aurrera eramaten, gastuaren hazkundea finantzatu ahal izateko:
ministroak planteatutako proiektuek –luxuaren gaineko zerga bat, eta, batez ere, errenten
eta irabazien gaineko beste bat, proportzionala izan behar zuena– ez zuten aurrera egin,
talde menderatzailearen interesen aurkakoagatik; arrazoi berdinagatik ez zen gauzatu
Calvo Soteloren ahalegin bat lur-jabegoaren ezkutatzeak mugatzeko. Erreforma
proiektuen porrotak, beraz, gero eta ez-nahiko bihurtu zituen ogasunaren baliabideak,
nahiz eta Primo de Riveraren diktadura aurrekontu-desorekak disimulatzen ahalegindu,
azpiegituretan egindako gastu guztiak aurrekontu “bereziei” egotziz, “Aurrekontu
Arruntetik” aparte kontabilizatzen zirenak.

Ondorioz, ohiko behin-behineko bideak erabili behar izan ziren desorekak murriztu ahal
izateko: hobekuntzak zerga-bilketan, gastu batzuen murrizketa, eta abar. Ez zirenak
nahikoak izan, izan ere, aurrekontu-desorekak diru-zirkulazioaren batekin konpentsatu
nahi izan zuena Calvo Sotelok, interes-tasak igoz etab., arrakasta ez oso handiarekin– eta
zor publikoa handitzera eramana zuen gobernua; zordunketa handi hori, azken finean,
zama nahikoa handia gertatu zen gero II. Errepublikaren finantzentzako.

1929ko krisia

Espainiar ekonomiak ere jasan zuen 1929ko krisia eta ondorengo beheraldia, nahiz eta
honek beste ezaugarri batzuk izan zituen bertan, nazioarteko mailan izan zituenez gain,
Espainian, gainera, krisi politiko sakon batekin batera gertatu zelako, hau da, diktaduraren
erorketarekin, Berrezarkuntzaren sistemaren behin betiko krisiarekin eta, monarkiaren
porrotaren ostean, II. Errepublikaren proklamazioarekin.

Krisia, jakina denez, bi modu nagusitan transmititu zen munduan zehar, Estatu Batuetako
iturbururik: nazioarteko finantza-sarearen bitartez –hots, bankaren bidez–, alde batetik,
eta kanpo-merkataritza harremanek jasan zuten kizkurdura zela medio, bestetik.
Lehenengo bideak garrantzia gutxi izan zuen Espainiako krisian, beraz, merkataritza-
harremanak zirela bide “kutsatu” zen, batez ere 1930 eta 1931 bitartean. Izan ere,
espainiar esportazio-gai batzuen eskariaren murrizketa bereziki kaltegarria suertatu zen
merkataritza-balantzarentzako eta, ondorioz, Espainiako ekonomiarentzako, hala nola
mea-gaiena, zeinen eskaria nabarmen murriztu baitzen herrialde liderren industri
produkzioaren kizkurtzearekin batera, eta kalitatezko nekazaritza produktuena. Atzerri-
inbertsioen murriztea larria izan zen halaber, batez ere industri eta azpiegitura inbertsioei
zegokienez: aipatu den bezala, inbertsio hura nahikoa inportantea izan zen Primoren
diktaduraren garaian, eta Kraxak lehenengo, eta Beheraldiak ondoren Espainiara
inbertsioa ontzera bideratu ohi ziren kapital batzuen iristea oztopatu zuen, eta hori, II.
Errepublikaren garaiaren hasierako kapital-ihesaldiaren testuinguruan, nahikoa
kaltegarria izan zela pentsa daiteke.

Barne-ekonomiaren zailtasunek ere eragina izan zuten. Hala, 1920ko hamarraldiko


inbertsio-ziklo boteretsua agortutzat har zitekeen: enpresa gehienak, elektrikoen
salbuespenarekin agian, gutxiago inbertitzen hasi ziren; horri, gainera, diktaduraren ez-
egonkortasuna gehitu egin beharko litzaioke Primo de Riveraren dimisioaz geroztik,
1930ean, eta 1931ko erregimen aldaketak eragindako enpresarien aldetiko mesfidantza,
eta horren ondoriozko kapital-ihesak. Gainera, ogasunaren desorekak dezente baldintzatu
zuen errepublikar gobernu berrien politika ekonomikoa

Krisiarekin langabezia handitu zen, industria produkzioa nabarmen murriztu zen. Hala
ere, krisia edo geldialdia, nabarmena izan zen arren, ez zen iritsi beste herrialde
batzuetako larritasunera, Espainiak nazioarteko merkatuetatik zuen “deskonexio”
erlatiboaren ondorioz. Hala, Espainiako protekzionismo-mailek, oso altuak zirenak krisia
iritsi aurretik, langa-funtzio bat bete zuten, ezbairik gabe, atzerriko eraginen aurrean.
Beste langa horietako bat pezetaren statusa izango litzateke, aspalditik zegoen
nazioarteko diru-diziplinatik kanpo eta, gainera, balioa galtzen ari zen beste dibisekiko
1928tik, Primoren gobernuaren politikak eragindako estatu-zordunketaren ondorioz;
horrek guztiak krisiaren efektuen gutxitzea ekarriko zuen, erlatiboki, inportazioak
garestitu eta esportazioak merkatzen zituen heinean.

Bestalde, aipatu beharra dago nekazaritza tradizionalarentzat eta zereal-ekoizlearentzat,


gauzak ez ziren hain txarrak izango, atzerriko konpetentziaren arriskua murriztu zelako;
halaber, 1932-34 arteko uztak, bereziki onak izan zirenak, lagungarri suertatuko ziren,
ezbairik gabe. Gainera, izugarri ikusgarria izan ez zen arren, soldata errealen igoera
orokor bat gertatu zen. Politika ekonomikoaren ereduaren agortzearen ondorioak, hots,
“estatu kontratistaren” kizkurtzearenak, ordea, larriagoak izan ziren, batez ere industria
astunarentzat –eskariaren beherapena jasan behar izan zuena, lan publikoen eta diru-
laguntzen murrizketaren ondorioz– eta eraikuntzarentzat; izan ere, eraikuntza,
Bartzelona, Madril eta Sevilla bezalako hirietan 1920ko hamarraldian zehar hazkunde
ikaragarria izan ondoren, erabat kizkurtu egin zen 1930koan, hiri horietako langabezia
eta, beraz, gizarte-ezegonkortasuna areagotuz.

II. Errepublikaren politika

1931ko apirilaren 14ean II. Errepublika proklamatu zen, ez-egonkortasun garai baten
ostean. Errepublikaren garaia, maila politikoan, bi zatitan bana daiteke: zentro-ezkerreko
gobernuena (1931ko apirila-1933ko azaroa) eta zentro-eskuinekoena (1933ko azaroa-
1936ko otsaila, “biurteko beltza” ere deitua), zeinen politika ekonomikoak pixka bat
ezberdinak izan baitziren, langileen aldekoagoa lehenengoa, eta presio talde handien
zaleagoa bigarrena. Hirugarren etapa bat ere izan zen, zentro-ezkerreko gobernuen
itzulerarena, baina laburregia izan zen termino ekonomikoetan juzku egoki bat egin ahal
izateko.

Maila ekonomikoan, edonola ere, nazioarteko depresioa izan zen testuinguru nagusia;
horrek, ziurgabetasun politikoa eta kapitalen ihesa eragin zituen, eta, ziurrenik, gobernuen
ez-egonkortasuna baldintzatu zuen.

Edonola ere, politika ekonomikoa, diruaren eta aurrekontuaren kudeaketaren


ikuspuntutik, nahiko zuhurra eta ortodoxoa izan zen. Pezetaren aldeko politika urre-
patroiaren arauekiko errespetu osoan oinarritu zen, eta horrek, ziurrenera, ez zuen
lagundu beheralditik ateratzen, interes tasen igoera bat ekarri zuelako, eta horrek ez zuen
inbertsioa berpizteko laguntza handirik eman. Aurrekontua, bestalde, ez zen gehiegi
erabili krisitik ateratzeko tresna gisa, eta gastua moderatuki hedakorra izan zen soilik.
Sindikatuekiko nahiko politika aldekoa praktikatu zuen, bestalde, zentro-ezkerreko
gobernuak, enpresarien eta langileen arteko epaimahai mistoetan batik bat, eta baita lan
arloko legedian ere –zortzi ordutako lanaldia, aipatu bezala, garai honetan orokortu zen–
; horrek ondorio positiboak izan zituen, gorago iradoki bezala, soldata eta kontsumo
arloetan, baina ez horren onak, ezbairik gabe, enpresarioen kostuetan, are gehiago higatu
zuena, historialari batzuen ustez, horien konfiantza eta inbertsiorako joera.

Politika hori, jakina, garai honen bigarren aldian, zentro-eskuineko gobernuarenean,


nabarmen murriztu zen, eta horrek lagunduko zuen, seguruenik, inbertsioaren
berreskurapen apalean. Edonola ere, garai horretako gobernuaren ekintzak gidatutako
gizarte-aldaketen alderdirik ezagunena eta garrantzitsuena, ezbairik gabe, Nekazaritza
Erreformari zegokiona izan zen. Hau, lurraren jabegoaren banaketan zeuden
desberdintasun itzelei konponbide bat emateko sortu zen, batez ere Penintsularen
hegoaldeko erdiari zegokionean; zona horietan latifundismoa nagusitu zen, eta oso ohikoa
zen nekazari lurgabeen azpienplegua.

1930-31ko uztak txarrak izan zirela, batez ere olibaren arloan, eta langabeziaren
handitzera eraman zuten. Hala, lehenengo neurri errepublikarrek, lan-merkatuaren
askatasunari mugak jartzea izan zuten helburu, jornalarien negoziazio-boterea handitzeko
xedearekin: Ley de Términos Municipales delakoak, esaterako, beste herrietako
jornalarien kontratazioa galarazten zuen, udalerriko guztiak kontratatuak egon arte; Ley
sobre Obligatoriedad del Cultivo delakoak, bestalde, lurjabe handien utzikeriaren aurka
jo nahi zuen, eta behartzen zien luberritu gabe zeuzkaten lur langarriak produkzioan
jartzeko, nekazaritza-langabezia murrizteko helburuarekin. Edonola ere, ahalegin guztien
artean sendoena, zalantzarik gabe, Nekazaritza Erreformaren Legea izan zen, 1932an
promulgatu zena.

Estatuaren aurrekontuen mende geratuko zen eta, beraz, finantziazio-arazoak nagusi izan
ziren; gainera, lurrak ez ziren errentan emango, lurjabe handiei desjabetuko baizik, eta
jabeentzako kalteordainak estatuak eman beharko zituen; azkenean, haietako batzuk
bederen konpentsaziorik gabe desjabetu zituen, Espainiako Handienak hain zuzen ere,
hots, noblezia handiarenak, haietako batzuek Sanjurjada delako huts egindako estatu-
kolpean (1932) parte hartu izanaren errepresalia gisa, laidotzat hartu zutena lurjabe
handietako askok, eta tentsio soziala areagotu zuena. Legea, nahikoa erritmo mantsoan
ezarri zen, estatuak ez zuelako gaitasunik, ogasunaren aldaketa sakon baten ezean,
erreformak suposatzen zuen gastuari aurre egiteko, eta aplikazio horrek ez zuen inor pozik
utzi. Gainera, zentro-eskuineko gobernu berriak bi urte luzez (1934-35) ia paralizaturik
utzi zuen erreforma. Bestalde, egile batzuek azpimarratzen duten bezala, ureztatze-planen
edo kooperatiba-elkarteen formazioaren ezean, erreforma ez zen oso eraginkorra
suertatuko. Horrek guztiak, jakina, tentsioa areagotu zuen, penintsularen hegoaldean
batik bat, eta ez da harritzekoa gobernu faxistaren aurreneko neurrietako bat,
bereganatzen zituen zonetan, Nekazaritza Erreforma bertan behera uztearena izatea.

Edonola ere, jornalarien sindikatuen jarrera gogortu eta sendotu zen Errepublikaren
etorrerarekin eta, batik bat, zentro-ezkerreko gobernuen garaietan, eta horrek lan-kostuen
handitze batera eraman zuen, soldaten igoeraren bitartez; zerealen prezioek, ordea,
nahikoa estankaturik jarraitu zuten 1930eko hamarraldian zehar, nazioarteko
depresioaren ondorioz. 1930eko hamarraldiko beheraldi ekonomikoa, txikia izan ez zen
arren, ez zen beste herrialde batzuetan bezain latza suertatu, eta 1934rako
berreskurapenaren zantzuak nahiko argiak ziren ekonomiaren alor askotan. Baina
zailtasunek jarraitzen zuten ekonomiaren adar batzuetan, eta giro politiko-sozialaren
gaiztotzea, azkenean Gerra Zibilera eramango zuena, ez zen Espainia hazkunde
ekonomikoaren ildoan atzera ipintzeko testuingururik egokiena suertatu, ezta, bistan
denez, kultura demokratiko sendo bat garatzeko ere.

You might also like