You are on page 1of 17

5.

INDUSTRIALIZAZIOAREN ZABALKUNTZA (1840-1890)

1839ko abuztuaren 31an Espartero eta Maroto jeneralek Bergaran lehen gerra karlista
lurralde euskal-nafarrean amaitzea hitzartu zuten. Carlos Maria Isidroren aldekoen
erresistentzia-guneak 1840ko udaren hasieran itzali zituzten Maestrazgo-n eta Katalunian.
Espainiak akabera jarri zien, hala, ia berrogeita hamar urte luzeko kanpo eta barne gerra
etenik gabeei.

Lehen gerra karlista 1840ko udaren hasieran bukatu zen, eta bitarteko bost hamarkada
horietan Espainia urrunduta egon zen garapen ekonomikoan erabakigarriak ziren
aldaketak gertatu ziren. 1815ean gerra napoleonikoak amaitu ondoren, aurreko
mendearen amaieran Britainia Handian sortutako berrikuntza teknologiko eta
antolakuntzazkoak hedatu egin ziren kontinentean zehar; eta Espainiara aldaketa horien
berri iritsi zen arren, bertakotzeko ahaleginek ezegonkortasun politikoaren eta gerren
ondorioak izan zituzten aurrez-aurre. Bakeak garapen ekonomikorako aukera handiko
aroa zabaldu zuen, produktibitatea nabarmen haztea ahalbidetuko zuten teknologiak
ezarriz, eta ordura arte ustiatu gabeko baliabideak ekoizpenerako mobilizatuz. Garapen
hori posible izan zedin, haatik, hainbat baldintza ekonomiko eta instituzional ezinbesteko
ziren. Izan ere, baldintza horiek ebatziko zituzten hala Espainiaren garapen ekonomiko
maila nola espainiarren bizi-mailaren hobekuntzaren erritmoa industrializazioaren lehen
aro honetan.

Hazkunde erritmoak eta eraldaketa estrukturalerako bideak.

Garai honetan hazkundea emango den arren, nekazaritza sektorearen geldialdia gertatuko
da, beraz aipatu beharra dago epealdi honen izaera zuhurki hedakorra dela, eta 1850 eta
1890 artean Espainia zenbait ekonomia europar handi baino azkarrago hazi zen arren,
motelagoa izan zela.

Joera positiboak ez dakar berekin garapen uniformea; 1850 eta 1868 artean hazkundea
egonkor samarra izan zen, nahiz eta bertan islatu 1856-1857ko uzta txarrak eragindako
kalteak. 1867-1868ko jaitsiera, aldiz, askoz ere gogorragoa izan zen eta ez zen
susperraldirik izan 1872 arte. Ondorengo urteetan gorabehera handiak izan ziren,
gorabehera horiek ohikoak dira aldaketa klimatologikoek sakon baldintzatutako
nekazaritza nagusi den ekonomia atzeratuetan. Nekazaritzak pisu handia izaten jarraituko
du, populazioaren gehiengoa bertan egingo du lan. Manufaktura-jardueretako produktua
erlatiboki hazi izana industria-produktibitatea hobetu izanaren ondorio izan zen. Normala
denez, ez jarduera ekonomikoak eta ezta haien aldaketak ere ez ziren modu uniformean
banatzen lurralde espainiarrean. Aspaldikoak ziren diferentziak eta, aldaketa zenbait
gauzatu arren, mantendu egin ziren industrializazioaren lehen aro honetan.

Populazioa eta ongizate ekonomikoa

Hazkundeak ez zuen eragotzi Espainia Europako azkenetakoa izatea. Hazkunderik


txikiena izan zuen espainiar populazioak, baina are larriagoa da horren arrazoia heriotza-
tasa nabarmen altuagoa izatea. Heriotza-tasa altu horren arrazoiak zerikusia zuen, hein
batean, artean ere gertatzen ziren bat-bateko heriotza ugariekin; horiek, zenbaitetan,
gaixotasun epidemikoen agerpenarekin zuten zerikusia; bestetan, berriz, elikadura
eskasiarekin. Hala ere, heriotza-tasa espainiar altuaren arrazoia haur eta gazteen heriotza-
tasa izugarri altua zen funtsean, eta hori ez zen hobetu XX. mendearen lehen hamarkadara
arte. Egoera hori bizi-baldintza eskasen eta osasun- eta gizarte-zerbitzuen gabeziaren isla
zen, noski.

Zailtasun horiek hor izanda, mugimendu migratzaileak, barneko nahiz kanpokoak, ez


ziren garrantzitsuak izan, eta oro har, populazioaren lurraldekako banaketa gutxi aldatu
zen urte horietan. XIX. mende erdialdeko espainiarren bizitzaren prekarietatea
nabarmena da, halaber, hezkuntzari dagozkion adierazleetan. 1870 aldera populazioaren
ehuneko 30a soilik jo zitekeen alfabetatutzat, eta eskola-adinean zeuden umeen laurdena
baino ez zen eskolaratzen.

Nekazaritza

XIX. mende erdialdeko Espainian, lurra produkzio-faktore funtsezkoa zen. Ondorioz,


nekazaritza erreforma liberalak garrantzia handia izan zuen hazkunde ekonomikoaren
finkatzean. Baina gauza bat ez zen aldatu. Antzinako Erregimeneko Espainian lurraren
jabetza oso lerratuta zegoen, eta bere distribuzioa oso desorekatua izan zen erreformaren
ondoren ere. Erreformaren helburu behinena lurraren jabetza pribatua finkatzea izan zen,
hainbat bidetatik:

1)- Jaurgo sistemaren disoluzioak: honek, ondorio oso garrantzitsuak izan zituen. Oro har,
zenbait eskualdeetan (Espainiako iparralde ea ipar-ekialdean), lurra enfiteusian edo
pareko moduetan (foroak, rabbassak, erreserbazko zentsuak, …) zeukaten nekazariak
lurjabe bihurtu ziren. Aldiz, Espainiaren hegoaldeko erdian, noblezia-etxe handiek landa-
ondasun izugarri handiak pribatizatzea lortu zuten.

2)- Desamortizazioak: hauek bitan banatzen dira; batetik, klero bien lurren
desamortizazioa (erregularra eta sekularra), eta herri-lurrena, bestetik. Esku mortuetan
zeuden lurrak pribatizatzeak ez zuen lagundu erreformaren aurretiko jabetzen banaketa
desorekatua orekatzen. Eliz ondasunen kasuan, erosleak, batik bat, jabe ertain eta handiak
izan ziren, eta beraz, ordura arte lur horiek lantzen ziharduten nekazariek jabetzarik gabe
jarraitu zuten. Oro har, lur horiek lantzen jarraitu zuten, epe laburreko maizter gisa, baina
lehen baino baldintza okerragoetan, merkatuaren liberalizazioaren ondorioz.

Lurrik gabeko nekazarien kalterako izan ziren neurri horiei hein batean aurre egiteko,
liberalak udal eta herri-lur oparoen zati handi bat doan banatzekotan egon ziren, baina
desamortizazio zibila egin zenean, aukera hori bertan behera geratu zen.

Azken desamortizazio garai horrek, berriro ere, jabe ertain eta handiei egin zien mesede,
beren jabetzak are gehiago handitu ahal izan baitzituzten. Sakonak izan ziren jabe txikien
eta nekazarien bizi baldintzen gaineko eragin negatiboak, izan ere, erabilera komuneko
lurren pribatizazioak hainbat baliabide kendu zizkien (bazka-larreak, egurra, ehiza),
ordura arte beren diru-sarrera eskasak osatzeko aukera eman zietenak. Bestalde, herri
lurren pribatizazioak ereindako lurrazala hedatzea eragin zuen, baina horrek herrialdeko
baldintza edafologikoetarako desegokiak ziren zenbait espezie sartzea ekarri zuen.

Jaurgo erregimenaren abolizioak eta desamortizazioak lurjabe handien klasea sortu zuten,
errentatzailea, eta, hein handi batean, absentista. Lurrik izan ez eta haren premia zuen
nekazari kopuru handia ikusita, jabe berrien gehiengoak bere ondasunak alokairu handi
eta txikietan ematea erabaki zuen. Hala ere, ondorio garrantzitsuena izan zen jornalariak
errenta maila izugarri apaletara eta urtarokako langabezia-egoera kronikora kondenatuta
geratu zirela.
Hedakuntza eta espezializazioa

Herri lurren desamortizazioari esker, landu ahal zen lurra hedatu eta nekazaritzaren
hazkunde bat ekarriko du 1840 eta 1880 artean. Horrek berekin baso-lurren nahiz bazka
egonkorrerako lurren atzeraldia; eta, aldi berean, abeltzaintza tradizional eta
transhumantearen biziraupenaren mugatzea ekarri zuen. Gainera, nekazaritza
espainiarraren eboluzioa merkataritza-politikak eta trenbidearen eraikuntzarengatik
egongo da baldintzatua. 1820 eta 1868 bitartean zerealen inportazioaren debekua eta
ondorengo urteetan politika erabat protekzionista eta trenbideak ekarri zuen garraioaren
merketzearekin batera, barne merkatuaren integrazioa erraztu zuen eta produkzioaren
espezializazio prozesuak bultzatu zituen. Nekazaritza hazkundea, beraz, estuki lotuta
egon zen zereal-ekoizpenaren hedakuntzarekin.

Mendearen erdialdean, zerealgintzak nekazaritzarako lurren ehuneko 80a baino gehiago


hartzen zuen, hala ere, ekoizpenak antzinako laborantza-metodoak erabiltzen jarraitu
zuen. Ez zen ia aldaketa teknikorik izan. Espezializazioen protagonista nagusiak
mahastizaintza, oliboa eta laranja izan ziren. Mahastizaintza izan zen intentsifikazioaren
protagonista nagusia, eta espezializazioak urrezko aroa bizi izan zuen 1870eko
hamarkadan, Frantziarako ardoen esportazioaren boomari esker, izan ere, filoxerak
Frantziako ekoizpena suntsitu zuen. Kanpo eskaria handitu zenez, mahatsondoen
laborantza ez zen soilik tradizioz mahastizaintzan jardundako eremuetan areagotu; ordura
arte zerealgintzan jardundako hainbat probintziatan ere –Mantxako zenbaitetan, kasu–
garatu zen. Egoera horrek ez zuen luze iraun. Mende bukaerako urteetan, filoxerak
mahasti espainiarren zati handia suntsitu zuen, eta horrek krisi luzea eragin.

Kanpo-eskariaren bultzadari esker, herrialdeko zenbait eremutan olibondoa laborantza


espezializatu bihurtu zen. Zuhaitz-labore honen aurrerapen handienak Andaluzian
(bereziki Kordoba eta Sevillan) eta Katalunian (Tarragonan batez ere) egin ziren, eta, hein
txikiagoan, Herrialde Valentziarrean eta Balearretan. Mende erdialdera, laranjen
esportazioak izan zuen gorakada; horien ekoizpena oso kontzentratuta zegoen Herrialde
Valentziarrean. Ur baliabideen ustiapen intentsiboari eta kalitate handiko alubioi-lurrak
eskuragarri izateari esker, laranjadiak eta bestelako askotariko arroz- eta barazki-
landaketak bateragarri izan ziren. Nekazaritza intentsibo hori Kataluniako kostaldeko
zenbait eremutan ere garatu zen
Nekazaritza pobreziaren arrazoiak:

Zerealen nekazaritzak baliabideen zati handi bat bereganatzen zuen eta nekazaritza
produktuaren zatirik handiena jarduera honi zegokion; horrek azaltzen ditu
produktibitate-maila apalak. Lurrazal horrek produktibo izan gabe jarraitzen zuen, izan
ere, lugorrietan lekadun landareak eta ongarri berdeak ez ziren modu orokortuan erein.
1830 eta 1880 bitartean, produktibitateak bere horretan jarraitu zuen aldiz, ereindako hazi
unitateko errendimenduak gorabeherak izan zituen hamarkadako zikloetan,
klimatologiaren arabera. Aldika produkzioa hondoratu izanak nekazaritza krisiek
jarraitzea eragin zuen. Gariaren prezioa asko garestitu zen 1835, 1847, 1857, 1868an eta
baita 1882an ere. Egoera horietan, zerealen inportazioa baimentzen zen, baina atzerriko
garien sarrerak ez ziren behar bezain eraginkorrak izan zenbait eskualde espainiarretako
goseteak ekiditeko. Gainera, garraioaren arazoak halako inportazioen eraginkortasuna
murriztu zuen 1860ko hamarkadara arte. Paradoxikoa dirudien arren, garesti-aldi horiek
gorabehera, garaiko tratatu-egile zenbaitek espekulatu zuten Espainia gari- eta irin-
esportatzaile pribilegiatu bihurtu zitekeela Europa Iparraldearekiko.

Amets hori ezerezean geratu zen. 1850 eta 1879 artean gari- eta irin-esportazioak 2,4
milioi tonakoak izan ziren; gehienak Kuba eta Puerto Ricora igorri zen. Aitzitik,
inportazioak 3 milioi tonakoak izan ziren eta, beraz, defizit argia izan zen. Nekazaritza
espainiarraren parametroak XIX. mende amaieran Europako baxuenetakoak ziren; horrek
erakusten du atzerapen eztabaidaezina zegoela eta nekazaritza erreforma liberalak
sortutako itxaropenek porrot egin zutela. Egoera horren kausa garrantzitsuena Espainiako
baldintza naturalak zirela esan izan da; izan ere, penintsulako lurralde gehienetako klimak
ez zuela ahalbidetzen Europa iparraldean hedatu zen new farming ingelesa bertan ezartzea,
hots, zerealen laborantza eta bazka-landareena txandakatzea, eta ondorioz, ukuiluratutako
abereen hazkuntza garatzea.

Espainiako baldintza edafologiko eta klimatologikoak kontuan izanda, nekazaritzaren


intentsifikazioak bestelako bide eta helburuak jarraituta egin zitekeen. Lehenik,
lurrazaleko eta lurpeko urak intentsiboki baliatzea, herrialdearen idortasunari aurre
egiteko; bigarrenik, zuhaixka landaketetan espezializatutako laborantzaren garapena
bideratzea, horiek lur pobre eta hezetasun urrikoetan etekin onak ematen baitzituzten; eta,
hirugarrenik, zerealen monolaborantza mugatzea eta dibertsifikazio maila altuagoko
nekazaritza ustiategien garapena bultzatzea. Nekazaritzaren hazkunde eredu hori ez zen
eskuraezina, izan ere kataluniarrak horren aurrekari izan ziren jadanik.

Nekazaritza eredu honek, jakina, inbertsio handi xamarra eskatzen zuen, soilik sozietate
anonimoek edo Estatuak jar zitzaketenak. Estatuari dagokionez, bere finantza-ahalmena
erabat murriztuta geratu zen, erresistentzia aurkitu baitzuen presio fiskalaren aurrean eta
arau fiskalak betearazterakoan. Bestalde, bere baliabide urriak trenbideetako inbertsioak
sustatzera bideratu zituen, haiei lehentasuna emanez. Lurjabe handiek ere aukera horren
alde egin zuten, izan ere, uste zuten garraio-sare berriak beren produktuen merkaturatzea
hobetuko zuela, eta, hartara, beren lurretatik ateratzen zituzten errentak haziko zirela.

Inbertsio pribatuari dagokionez, bere ahultasunaren arrazoiek erreforma liberalaren


ondoren sortutako jabegoaren egiturarekin berarekin dute zerikusia. Lurjabe handien
klase berriak, nagusiki, bestelako bidea hartu zuen: beren lurrak, zati handi batean edo
osorik, epe laburreko alokairu handi eta txikietan eman zituzten. Baldintza horietan,
nekazariek ez zuten beren dirua eta ahalegina hobekuntzak egitera bideratu, baitzekiten
ezin izango zietela hobekuntza horiei etekinik atera.

Bigarren sektorea

Oro har, 1840-1880 aroan hazkunde handia izan zuen kanpo-merkataritzak. Espainiar
ekonomia kanporantz zabaldu zen, beraz. Ordutik 1864 arte, inportazioek eta
esportazioek erritmo desberdinak izan zituzten; inportazioen hazkundea nabarmentzekoa
izan zen, trenbideen eraikuntzarekin eta haiek finantzatzeko kanpoko kapitalen
sarrerarekin lotutako boom inportatzailea izan baitzen. 1860ko hamarkadaren bigarren
erdialdetik aurrera egoerak normalizatzera jo zuen, nahiz eta aztertutako bi magnitudeen
hazkundea 1855 arte jasotakoak baino altuagoa izan.

Ekonomia europar handiak (Britainia Handia eta Frantzia, bereziki) bizitzen ari ziren
industrializazio-prozesuak lehengai eta elikagaien kanpo-eskaria eragin zuen. Espainia
oso ongi kokatuta zegoen horri etekina ateratzeko. Esportazio espainiarren ehuneko 50
eta 60 artean bi herrialde horietara bideratzen ziren.. Epealdi horretan zehar
esportaziorako produktu nagusiak aldatuz joan ziren, Espainiaren bezero ziren
ekonomien aldaketa estrukturalen ispilu (ikus 6.14 koadroa). Nabarmentzekoa da ardoa
finkatu zela produktu nagusi bezala. Halaber, metal eta mineralen esportazioak hazi ziren.
Kronologikoki, beruna izan zen atzerrian merkatu masiboak aurkitu zituen lehena.
Ekoizpena 1820ko hamarkadan hasi zen hazten eta bere erdiguneak Almeria eta
Murtziako probintziak izan ziren, baina Granada, Jaen eta Kordobara ere hedatu zen.
Beste mineralen esportazioa ez zen handiegia izan 1868ko meatze legea onartu zen arte.
Lege horrek ordura arte tenporalak ziren meatze-kontzesioak 90 urterako lagapen bihurtu
zituen, baldintza bakar batekin: Estatuari kanona ordaintzea. Hala, 1870eko hamarkadan
meatzeek goraldia izan zuten eta, berunaz gain, kobreak eta burdinak lekua irabazi zuten.

Inportazio egituran izandako aldaketek argi islatzen dituzte industrializazio prozesuan


egindako aldaketak. Horien artean, aipagarria da elikagai inportazioaren pisuaren galera
(kolonietako elikagaiena eta bakailaoarena, bereziki), bi fenomenoren ondorioz gertatu
zena: batetik, errenta eskuragarriaren hazkundearekin lotuta eskariaren egituran izandako
aldaketak; bestetik, inportazioak produktu nazionalekin ordezkatu izana. Horixe gertatu
zen azukrearen kasuan.

Horren ordez, industria-lehengaien eta makinariaren sarrerak ugaldu ziren. Kotoi


landugabearen inportazioak hazi ziren lehenik, eta kalamu- eta liho-irunenak, ondoren;
aldi berean, lehengai horiekin egindako ehunen inportazioak murriztu ziren. Ikatzaren
inportazioa hazi egin zen, bai industriak eta bai trenbideak ikatza erabiltzen baitzuten.
Metal-produktuen inportazioak trenbideen eraikuntzaren loraldi garaian (1860-1866)
eman zen, kontzesiodun konpainiei ematen zitzaien mugasari frankizia zela eta.

1840tik 1880rako epealdian abiatu zen Espainiako industria-garapena. Atzerapenak eta


mugak izan arren, industria-sektoreak hazkunde handia izan zuen eta aurreko
hamarkadetan Europan sortu ziren berrikuntza gehienak Espainian ere ezarri ziren.
Orokorrean hiru etapa oso ezberdin bereizi ditzakegu. 1840 eta 1861 artean: Industria-
jardueren hazkundea nabaria izan zen; beste herrialdeetan garatutako berrikuntzak
Espainian sartu zireneko epealdia litzateke. 1861 eta 1868: Geldialdi-fasea izan zen;
AEBko gerra zibilarekin lotutako kotoiaren krisiaren eraginez, eta baita 1864-1866
bitarteko nekazaritza- eta finantza-krisiaren ondorioz ere. Hazkundea hirugarren fasean
berrindartu zen. Elikadura-azpisektoreak, siderurgiak eta meatzaritzak bultzatuta.
Espainiako industria-hazkundea handiagoa izan zen herrialde europar gehienetakoa baino.
Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi Espainia herrialde industrializatu bihurtu zenik.
Biztanleko industrializazio-maila, hobetu zen arren, urrun zegoen herrialde aurreratuenen
mailatik.

Industria espainiarraren ezaugarriak:

Kontsumo-ondasunen nagusitasuna izan zuen ezaugarri. Zehazki, elikagaien eta


ehungintza industriek eragiten zuten jarduerarik gehien. 1879an egoera zertxobait aldatu
zen baina bere hegemoniak bere horretan zituen. Elikagai-industrien barruan, ale- eta
oliba-ehotzeak ziren nagusi. Zalantzarik gabe, horixe zen gizarte tradizionaletako
manufaktura-jarduera garrantzitsuena eta paper funtsezkoa jokatu zuen XIX. mende
osoan zehar ere. Esparru horretako berrikuntza produktiboak oso murritzak izan ziren.
Irinaren kasuan, aipagarria da ahalmen handiko zenbait lantegi eraiki zirela, -Gaztelako
Kanalean (Palentzia eta Valladoliden) eta Kantabrian. Lantegi horiek hiri handietarako
edo esportaziorako ekoizten zuten. Hala ere, 1880 aldera gari gehiena errota
tradizionaletan ehotzen zen oraindik ere. Aldaketak are murritzagoak izan ziren olio-
ekoizpenean.

Garai hartako berrikuntza funtsezkoena (prentsa hidraulikoa) oso motel hedatu zen;
kalitateko olioaren esportazioan espezializatutako eskualdeetan (Valentzia eta Katalunia)
Andaluziako ekoizpen-gune handietan baino, horiek oraindik ere kalitate baxuko olioa
ekoizten baitzuten, teknika tradizionalen bidez. Modernizazio teknikoa motela izan zen
halaber beste zenbait sektoretan ere: kontserbetan edo pastetan, esaterako, herrialde
aurreratuenetan eraldaketa garrantzitsuak izan ziren arren. Kasu gehienetan, barne-
merkatuaren mugak dira aldaketen murriztasunaren funtsezko arrazoia, baina ez dira
ahaztu behar arazo teknologikoak eta oinarrizko inputak lortzeko arazoak ere.

Kontsumo-ondasunen industrien barruan, ehungintzak osatzen du bigarren sail handia;


manufaktura horiek izan zuten modernizazio biziena eta zenbait eremutan egiazko
industrializazio-prozesuak eragin zituzten. Kotoi-industriak garapen handia izango du
epe honetan. Azpisektore horretan izan ziren teknika- nahiz antolakuntza-aldaketa
sakonenak eta ekonomia osoaren gainean eragin handiena izan zutenak. Kotoi ehunen
ekoizpena Katalunian hasi zen XVIII. mendean. XIX. mendeko lehen hamarkadetan,
kolonietako merkatuaren galerak sektoreko enpresaburuak berrikuntza tekniko ingelesak
hartzera bultzatu zituen. Aldaketa horrek ekarri zuen irute-sistema tradizionalaren ordez
fabrikak eraikitzea, non makinak ezartzen ziren. Kataluniak zuen hegemonia ia
erabatekoa izan zen. Hala ere, hazkundea ez zen etengabekoa izan. AEBtako Sezesio
gerrak (1861-1865) eten egin zuen herrialde hartako kotoi gordinaren esportazioa,
manufaktura-sektore hori kaltetuz Europa osoan zehar. Hala, eten horrek berak
Espainiako industriaren historiako bi aro bereizten ditu. Lehenak: lurrun-makina
erabiltzearekin izan zuen lotura. Hala ere, 1870 aldera, ikatzaren garestitasunak energia-
iturri tradizionalera itzultzea eragin zuen: ura erabiltzera, alegia. Turbina hidraulikoari
esker lortu zitekeen hori. Ibaien ondoan ezarri ziren lehen lantegiak. 1880eko hamarkada
aldera, sektorea bitan banatzen zen: “landakoa” bapore-lantegiak batetik,
“mendialdekoak” lantegi hidraulikoak bestetik. Hemen barruan aurkituko ditugun artile,
zeta eta liho-kalamuak ere hazkunde handia sufrituko dute.

Bigarren ehungintza sektore nagusia artile-industria zen. Honek, antolamendu, egitura eta
teknologia mailan eraldaketa sakonak bizi izan zituen. Artile-industrian gertatutako
aldaketak kotoi-industriaren hedakuntza handiaren ondorio izan ziren hein handi batean.
Kalitate ertain edo ertain-altuko ehunetan espezializatu ziren. Arrakasta handiena
Terrassak eta, bereziki, Sabadellek izan zuten, baina egonkortu egin ziren, halaber, hein
handi edo txikiagoan, Alcoi, Bejar, Antequera eta Palentzia ere, zeinak kalitate
baxuagoko ehunetan espezializatuago baitzeuden. Sabadell Espainiako artile-gune
garrantzitsuena bihurtu zen eta bere kasuak erakusten du garapen industriala ez zegoela
beti lantegi handiak ezartzearekin lotuta. Kasu horretan, malgutasuna izan zen gakoa.
Sabadelleko ekoizle gehienek ez zuten ez lokal propiorik, ezta bapore-makina propiorik
ere; batzuk zein besteak alokatu egiten zituzten, eta ekoizpenean nahiz salmentetan egiten
zuten ahalegina.

Hiriak laster hartu zuen lantegi- dentsitateari esker, posible izan zen ekoizpen-prozesua
fase ezberdinetan espezializatutako enpresen artean banatzea. Enpresa horiek
malgutasuna zuten eskariaren aldaketetara egokitzeko. Dentsitate horrek berak
enpresaburu eta langileei lan-eskuaren merkatu oso aktiboa eskaintzen zien. Azken finean,
industria-barruti bat osatu zen, bertako kide ziren enpresei abantaila handiak eskaintzen
zizkiena beste lehiakideen aldean.

Siderurgian sistema berri bat barneratzea erabakigarria izan zen, burdina merkea lortzako.
Aldaketa horien gakoa egur-ikatza harrikatzarekin ordezkatzea izan zen, askoz
merkeagoa baitzen . 1830ko hamarkadara arte Espainian burdinaren ekoizpena
errementaldegi txikietan eta burdinoletan burutzen zen. Hauek, herrialde osoan zehar
hedatuta zeuden, baina Hego Euskal Herrian kontzentrazio bereziki handia zegoen,
burdina-mineral ugari zegoelako eskuragarri eta mendeetako tradizioa zegoelako. Egur-
ikatzeko lehen labe garaiak Marbellan piztu zituen 1829an. Lantoki horien abantailak
ondokoak ziren: burdina-minerala hurbil izatea eta ekoizpen-prozedura berriak
hartzerakoan zuten aurrerapena.

Siderurgia espainiarraren garapena apal xamarra izan zen beste herrialde batzuekin
alderatuz gero, Espainiak trenbidearen eraikuntzara bideratutako politikaren ondorioz.
bertako siderurgia- eta metalurgia-sektoreak garatzea sustatu zuen. Espainian, beharrezko
zituzten materialak inportatu ziren.

Siderurgiak bezala, hazkunde apala izan zuen metalurgia-industriak ere. Esparru horretan
nolabaiteko garrantzia zuten enpresa gutxiak eraikuntza metalikoen esparruan aritu ziren
bereziki (zubiak, geltokiak, merkatuak etab.) eta, zeharka baino ez eraikuntza
mekanikoan (makinaria), horretarako zailtasun teknologikoak eta merkatu mailakoak
baitzituzten. Gainera, kasu horretan, muga-sari politika bertako produkzioaren aurkakoa
izan zen, izan ere, bitarteko materialak (burdina) gehiago zergapetzen zituen azken
produktua baino.

Industria kimikoaren lehen garapena, ehun-manufakturaren eskariari erantzunez gertatu


zen. Garbiketarako eta zuriketarako produktu artifizialak eskatzen zituen ehungintzak.
Berrikuntzen ardatz nagusia azido sulfurikoa izan zen, oinarrizko elementua baitzen
karbonato sodikoa (sosa) eta gatz-kloruroa ekoizteko. Biek ehuna zuritzeko balio zuten,
baina xaboi, beira eta papera ekoizteko ere erabiltzen ziren. Espainiak egoera
pribilegiatua zuen azido sulfurikoa ekoizteko, izan ere, Huelvako piritak funtsezko
lehengaia izan ziren mundu mailan ekoizpen horretarako, mende osoan zehar. Hala ere,
industria kimiko espainiarraren garapena oso mugatua izan zen. Espainiak lehengaia
esportatu zuen (piritak) eta harekin ekoiztutako produktuak, sosa eta kloroaren eratorriak,
inportatu zituen.

Orokorrean, industria guztiek komunean zuten faktorea harrikatzaren kontsumoa zen.


Oinarrizkoa zen bai metalen fusio-prozesuetan (burdina, beruna, etab.), baita kimikan
(azido sulfurikoaren ekoizpena), indarraren sortzean (bapore-makina finko eta
mugikorrak) eta argiztapenean ere (ikatz-gasa). Espainiaren ikatz-hornidura ez zen txarra.
Bi eskualdetan baziren ikatza eta antrazitak: astur-leondar arroa (Asturias, Leon eta
Palentzia) eta Sierra Morenakoa (Cordoba eta Sevilla); beste hainbat eskualdetan baziren
lignito-erreserbak (kalitate txikiagoko ikatza): Aragoi Beherea (Zaragoza eta Teruel) eta
Aurre Pirinio kataluniarra(Bartzelona). Hala ere, meategi horiek ustiatzeko zailtasun
ugari zegoen, arrazoi geologikoak medio (mineral-geruza estu eta okertuak) edo
irisgarritasun urriko gune menditsuetan kokatuta zeudelako. Horiek horrela, 1860ko
hamarkadarako ikatz espainiarra garestiagoa Britania Handikoa baino. Hori dela eta,
kanpotik inportatzen hasi ziren.

Merkataritza:

Politika prohibizionista jarri zen martxan, hots, produkzio nazionala babesteko


inportatzeko debekuak ezarri ziren, eta baita muga-sariak jartzeko ere. Hala, kanpo
merkataritzak bi eginkizun nagusi beteko zituen: produktu nazionala babestea eta
estatuarentzako diru sarrerak lortzea (arantzelen bidez).

Esan beharra dago, hasierako izaera protekzionista gabe lurralde bat garatzea ezinezkoa
litzatekeela; izan ere, lehengaiak esportatzera mugatuko litzatekeen herrialde batez hitze
egiten arituko ginateke. Hala ere, abiapuntuan zegoena oso sistema itxia zen, debeku
askorekin. Librekanbismoa hedatu zenean, debekuak malgutu eta tarifa gogorrak zituzten
produktu askoren inportzioa baimendu zen. Neurri horiek onartu izanak presio-
taldeaksortzera eraman zuen: protekzionistak vs. Librekanbistak.

1868ko iraultzaren ondoren, Ogasun Ministerio Iraultzaileak merkataritza orokorra


erregulatzeko izaera fiskaleko muga-saria ezarri zuen (%15), eta babes handia izan zuten
produktuek muga-sari handiagoa mantendu zuten behin behinekoz (%30), atzerriko
konpetentziari egokitzeko.

Eskubide horiek (ontziteria Espainiarra babesten zituztenak, kasu, muga-sari eskubide


apalagoak ezarriz) geroz eta txikiagoak izango dira, eta inportazio-debekuak desagertzen
joango dira, bandera-eskubide diferentzialarekin batera, oposizio indartsua eragin zuena,
interes protekzionista aldekoen artean. Hauek Berrezarkuntzan 1875. urteko muga-sari
jeitsieraren etetea lortu zuten; baino hala ere, merkataritza-itunen bidez lurralde
batzuekiko tarifen apaltzeak jarraitu zuen.
Orohar, sistema prohibizionistatik protekzionistara pasatu egin zen, beraz. Industria
babestea onuragarria izan zen epe luzera (teknologien garapena eta langileen formazioan
batez ere). Hala ere, babes orokortuak zerealei bezalako alorrei ondorio kaltegarriak
eragin zizkion, ez bait zion inongo onurarik ekartzen hazkunde orokorrari, eta
kontsumitzaileak naiz beste sektoreak kaltetzen zituen. Gainera, produktu guztiak
babestea ez zuen espezializazioa sustatzen, eta oztopatu egin zezakeen eskala-
ekonomikoak lortzea eta hainbat hobekuntza tekniko eskuratzea. Edonola ere, muga-sari
politika hainbat faktoreekin batera (enpresari eta langileen gaitasuna, azpiegitura egokiak
izatea edo zerga-sistema eraginkorra izatea) hazkunde ekonomikoa sustatuko lukeen
ezaugarri bat izango litzateke.

Estatua, azpiegiturak eta kapitalak (ogasuna)

Erreforma fiskalaren porrota eta ondorioak

Lurraldeen arabera, Espainian zerga sistema desberdinak zeuden, osotasunean,


kudeatzeko zaila zena eta diru sarrera gutxi ematen zituen sistema osatuz. Hala, 1845.
urtean, Alejandro Mon-en zerga erreforma ezarri zen, zeinek Estatu iraupena bermatzeko,
zergen bateratzea eta Estatuaren diru-sarreren modernizatzea zuen helburu. Zerga-sistema
mixtoa zen, hainbat motatako zergak barneratzen bait zituen (zuzenekoak, zeharkakoak
eta estankoak). Berehala garbi geratu zen ez zela 1845eko legeak ezarritakoa adina diru
bildu ahal izango. Lurjabe klaseek zuzeneko zergak behar bezala ordaintzeari uko egin
zioten, eta hori politikoki oztopo gaindiezina izan zen. Horren eraginez, ez zuen inolako
zentzurik landako aberastasunen katastroa egiteak. Status quo hori onartzeak eragin zuen
1851an Ogasun ministroak, Juan Bravo Murillok, “konponketaren” bidez zeuden zor
guztiak derrigorrez zor finkatu bihurtzea, eta ordaindu gabeko interes ugariak erdira
jaistea.

Halako ogasun-malabarismoak ondorio txarrik izan zuen: zor espainiarraren edukitzaile


britainiarren haserrea piztu eta Londresko Burtsa urteetan edonolako espainiar baloreen
kotizazioetara itxita egotea eragin zuen. Halako neurri larriak hartu arren, desiratutako
aurrekontuen orekak ez zuen luzaro iraun. Batetik, herriaren presioaren eraginez,
kontsumoen zergaren kobratzea bertan behera geratu zen biurteko progresistan zehar
(1854-1856), eta horrek berriro ere defizita eragin zuen. Beranduago, Union Liberaleko
gobernuek abian jarritako gastu publikoaren areagotze-politika moderatuak aurrekontu-
defizit hazkorrak eragin zituen 1860ko hamarkadan zehar, eta, berriro ere Ogasun
espainiarra ordainketa-etenduraren ertzera eraman zuen. 1868ko iraultza “loriatsuaren”
ostean sortutako erregimenak egoera hori jaso, eta, gainera, aldarrikapen herritarrak
asetzeko, berriro ere, kontsumoen zerga bertan behera utzi behar izan zuen. Biurteko
progresistan gertatu bezala, honek diru-bilketaren jaitsiera handia eragin zuen eta baita
defizita haztea ere. 1872tik aurrera ordainketa-etendura ukaezina izan zen. Porrot egoera
horren ondorioz, ezinezkoa izan zen defizita modu ortodoxoan finantzatzen jarraitu ahal
izatea; hots, zorra finantza-merkatuetan negoziatuz.

Estatuaren iraupena bermatzeko nahitaezkoa izan zen diru fiduziaroaren jaulkipen


monopolioa Espainiako Bankuari ematea, trukean, hark Altxortegiari defizita
finantzatzeko beharrezko kredituak emango zizkion, eta zor publikoa banku
jaulkitzailearen diru-kutxetan ezarriko zen. Finantza-merkatuetara ez jotzeak baldintzak
sortu zituen zorraren beste “konponketa” bat gerta zedin. Konbertsio horrek zera ekarri
zuen: zorraren balore nominala erdira jaistea eta interes tipoa puntu batean igotzea
(ehuneko 3tik 4ra igaroz). Liberalismoaren fisko-erreforma ahalegindu zen espainiar
zerga-sistema modernizatzen eta lehenagoko ogasunaren kaosari amaiera ematen, baina
bere aplikazioa erabateko porrota izan zen. Aurrekontu defizita kroniko bihurtu zen.
Zerga- presioan aldaketa handirik ez zen egin 1850-80 artean, gastu publikoa handitu zen
bitartean (BPG-a baino handixeagoa izatera iritxi zela ondorioztatu daiteke).

Zorraren zerbitzuak, zerbitzu militarrak, eta zerbitzu orokorrek gastuaren ehuneko handia
zuten. Zerbitzu ekonomikoen (Sustapena, merkataritza..) gastua aldiz askoz ere txikiagoa
izango da. Estatuaren ekinbidea handia izan zen azpiegituren bultzada lortzeko
(TRENBIDEA). Hala ere, gizarte gaitzetan eraginkortasun gutxi izan zuen (heriotza eta
analfabetismo tasa altuak jarraitu egin zuten)

Sektore publikoan desorekak ere ondorioak izan zituen baliabideak lortzeko; izan ere,
finantza-publikoei egindako presioak interes tasak igoarazi egin zituen.
Finantza arloa

Barne aurrezkiaren ahulezia + atzerriko kapitalaren sarrerak

XIX. mendeko barne aurrezkia batik bat lehen sektoreak (nekazaritzak nagusiki)
sortutako kapital metaketaren menpe zegoen. Diru hori ez zen jarduera horren
hobekuntzatan inbertitu, eta lurjabe handiek ere ez zuten beste sektoreetan inbertitzen
(AE ko tradizioak mantendu); horrek soilik luxuzko eta etxeko gastuetan, eraikuntza eta
luxuzko artisautza sektoreak mesedetzen zituen, beraz.

Periferiako eskualdeetan bestelakoa zen egoera. Merkataritza-tradizio luzeak, nekazaritza


dibertsifikatuagoak, landako produktuen merkaturatze-maila altuak eta nekazaritza
produktuen esportazio-merkataritza handiak (ardoak, irinak, olioak eta laranjak) aukera
eman zuten nekazaritza-eremuetan pilatutako nahiz merkataritzaren ondorioz sortutako
aurrezkia industri sektorean inbertitzeko, eta baita lan publikoen eraikuntza sustatu zuten
enpresa handietan ere: trenbideak eta kanalak. Eremu dinamikoago horiek Bilbo eta
Santanderko portuetako merkataritza-mugimenduari lotuta zeuden Kantauri aldean;
Bartzelona, Tarragona, Valentzia, Alacant eta Malagakoei Mediterraneo aldean; eta
Kadizkoari Atlantikoan. Itsasoz haraindi eta hainbat herrialde europarretara ardoa nahiz
bestelako nekazaritza produktuak esportatzeak etekin handiak eman zituen, eta etekin
horiek jabeen, ontzi-konpainien eta merkatarien artean banatu ziren.

Onuradun horiek ez zuten beren negozioen hazkuntzan soilik inbertitu, baita beste
enpresa eta sektore zenbaitetan ere. Gainera, eskualde horiek eurek jaso zituzten, halaber,
aberastuta herrialdera itzuli ziren emigrante (indiano) askoren kapitalak. Halako kapital-
sarreren eta emigranteen diru-sail txikiagoen jarioaren eraginez, kapitalaren
eskuragarritasuna eta inbertsioak hazi ziren. Hala ere, kapital eskuragarriaren kopuruak
urria izaten jarraitu zuen. Ondorioz, zenbaitetan, kapitalaren eskariaren hazkundeak
finantza-krisi larriak eragin zituen

Barne kapital faltak mantsotu zuen finantza-sistema modernoaren behin betiko ezarpena.
Bankuak estatuaren finantzaketari lotuak zeuden, eta 1840. hamarkadan ekimen
pribatuko lehen sozietate anonimoak eratu ziren arren, zailtasunak zituzten eta estatuari
lotutako bankuek bere gain hartzen zituzten (estatuak zailtasunak jartzen zituen banku
berrientzat). Biurteko progresistan hori aldatu zen, 1856ko jaulkipen bankuen eta kreditu-
sozietateen legeak onartu zirelako, horiek ezartzeko askatasuna onartuz. Hauetako asko
agertu ziren lege horien babesean, baina 1864tik aurrera arazo larriak izan zituzten,
trenbide konpainien krisien eta inbertsiogile pribatuen mesfidantzaren eraginez. 1874an
jaulkipen monopolioa Estatuari eman zitzaionean, honek bizirik zirauten jaulkipen banku
gehienak bereganatu zituen, Kataluniako eta EHko batzuk izan ezik. Orohar, finantza
merkataritza baxua zegoen Espainian beste lurraldeekin alderatua, finantza merkataritza
maila apalak bait zituen.

Barne aurrezkiaren ahulezia atzerriko kapitala sartuz konpentsatu zen, hein batean.
Kontuan izan behar da, nolanahi ere, nazioarteko inbertsiogileek hiru aktibo mota baino
ez zituztela aintzat hartzen: zor publikoa, trenbideak eta meatze-baliabideen ustiapena.
Espainia, aurreratutako herrialde europarrekiko hurbil zegoenez, halako inbertsioen
lehentasunezko hartzaile izateko moduan zegoen. Bravo Murillok 1851an egindako
zorraren “konponketak” kapital britainiarra uxatu zuen eta ez zuen 15 urtetan inbertsiorik
egin Espainian. Gabezia hori baliatu zuen banka frantziarrak trenbide konpainia espainiar
handiak sustatzeko hainbat kreditu-sozietateren bidez. Trenbide espainiarrak eraikitzea
negozio handia izan zen talde horientzat. Herrialdera kapital kopuru handiak ekarri
zituzten, eta horien zati handi bat berriro ere atera zen, burdinbidegintza-materialen
inportazio handiak ordaintzeko. Inportazio horiek muga-sari frankizia erabatekoa izan
zuten 1844ko abenduaren 31ko errege-agindua ezarri ostean. Horixe izan zen lehen
trenbide-arautegia, baina, ikusiko dugun bezala, inbertsio atzerritar handiak ez ziren hasi
1855eko trenbide legea onartu zen arte.

Meatzaritzari dagokionez, kapital frantziarra eta ingelesa zegoen, baina 1868an meategi
legea onartu zen, atzerriko inbertsioa asko azkartu zuena Andaluzian. Era berean, Tharsis
Sulphur konpainia britaniarra sortu 1866an, Huelvako kobre pirita meategia ustiatzeko.
Bizkaian bessemer bihurgailua erabiltzeko beharrezkoa zen fosforo gutxiko burdin mehea
zegoen, eta horrek talde siderurgiko Britaniar, Frantziar, Belgikar eta Alemaniarren
sorrera sustatu zituen. Hala ere, Euskal kapitaldun konpainien garrantzia handia zen.

Laburtuz, atzerriko kapital-inbertsioei esker Espainiak 1880 aldera trenbide-sare aski


trinkoa zuen, eta horrek garraioaren kostuak merkatzen lagundu zuen. Meatze- sektorean
Espainian ziren berun, kobre eta burdina meategi aberatsak eskala handian ustiatzea
ahalbidetu zuen kanpoko kapitalak. Berun, kobre-pirita eta burdina mineralen
ekoizpenaren zatirik handiena esportatu egin zen, eta baita atzerriko kapitaldun meategi-
enpresen mozkinak ere. Ondorio positiboak honakoak izan ziren: meatze-arroetan
lanpostuak sortzea eta herrialdearen inportatzeko gaitasuna haztea. Horrek atzerriko
lehengai, erregai eta ekipo-ondasunen erosketa handitzea ekarri zuen heinean, industria-
sektorearen garapenarentzat onuragarri izan zen.

Trenbideak

Lehenengo egitasmoak goiztiarrak izan ziren arren (1829), trenbide espainiarren


eraikuntza atzeratu egin zen beste herrialde europarrekiko, eta motel egin zuen aurrera
1844ko lehen arautegitik 1855eko trenbide legea onartu zen arte. Lehen etapa batean,
linea handiak izango zirenen hasierako ibilbideak soilik eraiki ziren. Katalunian,
Bartzelonatik Valentziarako, Zaragozarako eta Frantziarako linea handien lehen tarteak,
eta Reus eta Tarragona artekoa; Madrilen, ondoren Mediterraneorako linea izango
zenaren lehen atala, Aranjuezeraino; Valentzian, Meseta gaztelarreranzko tarte bat;
Jerezen, herri horretatik Puerto de Santa Mariarako trenbide laburra; eta Asturiasen,
Langreotik Gijonerako ikatz-trenbidea (hots, industria guneak hiri guneekin lotzan
zituztenak).

Aurki, garbi geratu zen Estatuaren esku-hartze argirik gabe eta kapital atzerritarraren
lankidetzarik gabe ez zela behar bezalako trenbide-sare trinkoa osatuko. Kapital
atzerritarraren balizko parte-hartze handiaren inguruko usteak ez ziren zehaztu gobernu
progresistak Trenbide Lege berria onartu zuen arte (1855) zeinek 1856ko legearekin
batera (atzerriko finantza-enpresen sarrerari oztopoak kendu zizkiona), trenbide-sarearen
eraikuntza tinko abiatzea eragin zuen. Neurri horiek eta Estatuaren diru-laguntza
moderatuak aski izan ziren sarearen eraikuntzari bultzada erabakigarria eman zioten bi
konpainia frantziar handiak sortzeko: Ferrocarriles de Madrid a Zaragoza y a Alicante
(MZA) eta Caminos de Hierro del Norte de España (Norte). Horiekin batera, beste
enpresa nazional eta atzerritar txikiagoak era aipatu behar dira. Aipagarria da 1855 eta
1866 bitartean burdinbideak oso hazkunde azkarra izan zuela, presa handiz egina, beraz
eta bertarako erabilitako produktu likidoen %60 atzerritarra zelarik.

Trenbide sareak helburutzat zuen herrialdea integratzea zen funtzio politikoa ongi bete
zuen. Haren eraikuntzaren inguruan sortu ziren espektatiba “ekonomikoak”, askotarikoak
ziren. Batzuen ustez, trenbideak zerealen, ardoen eta mineralen esportazioa errazteko
tresna behar zuen izan; beste batzuen ustez, barne merkatua eskuratzeko garraiobidea izan
behar zuen. Edonola ere, Espainia barnealdeko zereal ekoizpenek merkatu europarretan
lehiatu zezaketelako ametsak berehala porrot egin zuen. Trenbideak esportazioen
garapenari epe horretan egin zizkion ekarpen bakarrak honakoak izan ziren: Frantziarako
ardoen esportazio-koiuntura berezia (filoxeraren eraginez) areago ustiatzea, eta
Andaluziako zenbait probintziatako (Kordoba eta Jaen) nahiz Badajozeko berun
meategien ustiapena sustatzea. Aldiz, trenbidea erabakigarria izan zen barne merkatuaren
integrazioan, hala nekazaritza produktuei nola manufakturei dagokienez.

Trenbideen aurreranzko efektuak tarifa altuen ondorioz murritzagoak izan ziren,


merkatuaren integrazioan nahiz esportazio espainiarren lehiakortasunean eraginez.
Trenbideen eraikuntzak eragindako atzeranzko efektuak oso eskasak izan ziren,
materialen inportazioari ezarritako muga-sari frankizia dela eta: trenbideen eraikuntzan
ziharduten langile multzo handiek eragindako eskaria, eta egur nahiz ikatz eskaria. Lurrak
mugitzeak, fabrika-lanak eraikitzeak eta bideak ezartzeak eraikuntzaren kostu osoaren
ehuneko 50 inguru hartzen zuten. Tren-makina, errodaje- material eta antzerakoen
inportazioari exentzioa ezartzea komenigarria zela ez zen zalantzan jarri trenbide-
sarearen eraikuntzaren lehen fasean, izan ere, ez baitzegoen Espainian burdinbide-
materialen eraikuntzako industriarik. Espainian ekoiztutako errailak erabiltzeak zera
ekarriko zukeen: eraikuntzaren kostua ehuneko 3 eta 5 artean garestitzea eta inbertitutako
eskudiru-produktua ehuneko 2 eta 4 artean igotzea bidearen kilometroko.

You might also like