You are on page 1of 4

10.

TESTU-IRUZKINA: VICENTE BLASCO IBÁÑEZEN EL INTRUSO


ELEBERRIAREN PASARTEA (1904)

Aurkeztutako testua, Vicente Blasco Ibáñezen El intruso obraren pasartea, testu literarioa da, eleberri
bati baitagokio. Testu honek arlo politiko zein soziala jorratzen du, eta lehen mailakoa da; izan ere,
garaian bertan idatzitakoa da. Egilea indibiduala da, zehazki, lehenik aipatutako Vicente Blasco
Ibáñez nobelagile balentziarrak (Valencia, 1867 - Menton, Frantzia, 1928) idatzitakoa da. Blascok
zuzenbide ikasketak egin zituen, baina bere bizitza idazketan eta militantzia politikoan alderdi
errepublikazalean eman zuen; horrez gain, Canovas eta Sagastaren gobernuen aurka altxatu egin zen,
baita Kubako gerraren aurka ere; ondorioz, bai erbesteratuta bai atxilotuta izan zen. Hartzailea, ordea,
kolektiboa da, irakurle guztiei zuzendurikoa. Kokapen historikoari dagokionez, Berrezarkuntza
sistemaren barnean kokatuko dugu, bereziki Euskal Herriko industrializazioa gertatu zenean, hau da,
XIX. mendeko bukaera eta XX. mendeko hasiera artean, non langileen lan eta bizi baldintzak oso
eskasak ziren.

Aurkeztutako testuan sarrera bat eta bi paragrafo bereiz ditzakegu, non Bizkaiko meategietan lan
egiten zuten langileen bizimodua negatiboki deskribatu egiten den, nolabaiteko kritika eginez.

Sarreran geroago deskribatuko duen egoeran kokatzen gaitu, hau da, meatze-mendietako aterpetxe
ziztrin batean.

Lehenengo paragrafoan Arestik, eleberriaren pertsonai batek, meategietako langileen bizi baldintza
eskasen deskribapena egiten du. Pertsonai hori meategietan istripuak sufritzen zituzten langileak
laguntzen zituen Enrique Areilza izeneko mediku bilbotarrean oinarrituta dago (geroago anbulatorio
bati bere izena eman zioten, bere omenez). Deskribapenean aipatzen denez, langileek egun osoa
ziharduten lanean, kalitate pobreko elikagaiez elikatzen ziren eta txarto egindako etxebizitza txiki,
zikin eta bentilaziorik gabekoetan lo egiten zuten; horrez gain, etxeak jendez pilaturik zeuden, beraz,
zikinkeriaz beteriko gorputzen usainak bateratu eta airean kontzentratu egiten ziren, arnastea
eragotziz: “(...) ordu batzuk igaro ostean, ezin arnastuzkoa bilakatzen zen, hainbeste gorputzen
lurrunak loditua eta zikinkeria-usainez josia”.

Bigarren paragrafoan, lanari buruz hitz egiten da, harrobia eta lurpeko meazuloen arteko
ezberdintasunak aipatuz; harrobian, meategietan ez bezala, ez zen behar inolako trebezia edo ezagutza
berezirik; izan ere, harria soilik atera, jaso eta eraman behar zuten. Horrela, Espainiatik etorritako
inmigranteek lanpostu horiek hartzen zituzten, pobreziaz itsututa, lan baldintzen aurka egindako
langileak ordezkatuz; ondorioz, ezinezkoa zen eskubideak lortzea: “Gizonen etorrera (...), zaila zen
lan hark bere eskubideak eskuratzea”.

Euskal Herriko industrializazioa berandu izan zen Europarekin alderatuz; izan ere, garapena
ahalbideratzeko beharreko baldintzak geroago arte ez ziren eman. Prozesu honen hastapenak 1841.
urtean hasi ziren, Esparterok bere erreginaordetzan foru sistemaren barneko barne-aduanak kendu eta
kostaldera mugatu zituenean; izan ere, merkataritzan aritzeko erraztasuna ematen zien merkatariei, ez
baitzeuden trabarik. Horrez gain, Euskal Herriko industria tradizionalean langile trebatuak zeuden,
olategi, burdinola eta beste industria batzuetan ezagutza espezializatua beharrezkoa baitzen; horrela,
makinak erabiltzen hasi zirenean, industria modernora moldatzeko errezago izan zuten. Gainera,
industria garatzeko beharrezkoa den kapitala batzuten, kanpoko inbertsioei, merkatarien inbertsioei
eta industria tradizionaleko jabeei esker. Esparteroren legea aurkeztu zen urte berean Bizkaiko lehen
enpresa siderurgikoa ireki zuten: “Boluetako Santa Ana”. Halere, nahiz eta Euskal Herriko
industrializazioaren aldeko zenbait faktore egon, Espainian eztanda egindako gudek prozesu hau
oztopatu egiten zuten, adibidez, Frantziaren aurkako Independentzia Gerra, Guda Karlistak edota
kolonietako gerrak.

1876. urtetik aurrera, III. Guda Karlista amaitu ondoren, industrializazioaren garapen sakona hasi zen
Euskal Herrian, bereziki Bizkaia eta Gipuzkoan; hala ere, bi probintzien industrializazio prozesua
guztiz ezberdina izan zen hasieratik, Gipuzkoan arlo ezberdinetan gertatu baitzen, era motelago eta
orekatuago batean; gainera, inbertsio txikiagoak behar zituzten enpresak izan ziren. Bizkaian, ordea,
zenbait faktoreek bultzaturiko industrializazio prozesu azkar eta bortitza izan zen; alde batetik,
bertako meategiak kalitate onekoak ziren, burdinaz beterikoak, eta kostaldetik gertu zeuden, beraz,
garraiatzeko askoz errezagoa zen. Gainera, hauek aire librekoak ziren, burdina errezago ateratzea
ahalbideratuz. Bestalde, Bessemer bihurgailuak, fosforo gutxiko burdina altzairu bihurtzen zuenak,
Ingalaterrarako esportazioak ugaritzea eragin zuen; izan ere, Bilbo inguruko meategietan makinak
beharrezkoa zuen burdina aurkitzen zen. Horrez gain, 1868ko eta beste zenbait legeen ondorioz, lehen
publiko ziren meategiak pribatizatu egin ziren, ustiapen masiboa ahalbidetzen zuena; horrela, ustiapen
konpainiak eratu eta nagusitu ziren, hala nola bertako Ybarra edo Txabarri ala atzerriko Orconera Iron
enpresak. Burdina gehiena esportatuz, lortutako irabaziekin zenbait inbertsio egin ziren, esaterako,
Bilboko portua hobetzeko, mineralen garraioan edota trenbideetan.

Bilbo eta inguruetan egindako ekonomia sistema aldaketaren ondorioz, hainbat arlotan ondorioak
nabariak izan ziren; hasteko, ondorio demografikoak izugarrizkoak izan ere; izan ere, 1877. urtean,
III. Gerra Karlista eta gero, Euskal Herrialdeko zenbait lurraldeetan biztanleriaren hazkundea gertatu
zen, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian. Espainiako beste probintzietatik, bereziki Gaztelatik, lana
aurkitzeko helburuarekin inmigratutako jende kopuruaren ondorioz, oso denbora gutxitan Bizkaiko
populazioa bikoiztu egin zen, 60.000 inmigrante inguru etorri baitziren. Horrela, herrietan jende
pilaketa handia gertatu zen, bereziki meategi inguruetan eta Bilbon. Leku horiek, jakina, ez zeuden
hainbeste jenderako zerbitzuak eskaintzeko prestatuta, ez baitzeuden etxe aproposak, beharrezko
estolderia sistema, ur nahik, etab. Jendea, beraz, oso egoera txarretan bizi zen, lan eta bizi baldintza
eskasak jasanez. Zerbitzu urrien ondorioz, izurriteak hirian zehar zabaldu egin ziren; horrela, Bilbok
Europako heriotza-tasa handiena izatea eragin zuen, baita umeen heriotza tasa altuena ere. Garai
hartako bizi-itxaropena Bilbo eta inguruetan, hortaz, 20-22 ingurukoa zen. Aurkeztutako testuan
egoera deskribatzen duen pertsonaia bezala, zenbait mediku kexatu ziren baldintza penagarriei
buruzko txostenak idatziz; horrela, XX. mendearen hasieran zenbait neurri burutu ziren egoera
hobetzeko helburuz.

Ondorio sozialei dagokionez, garrantzitsua da aipatzea industria garatuko lurraldeetan Euskal Herrian
lehen zegoen gizarte eredu tradizionala bazterturik geratu zela. Klase-soziala ezarri zen gizartea
banantzeko sistema gisa; hau da, jendea aberastasunaren arabera sailkatzen zen. Bilbo eta inguruetan
bi mundu zeuden; alde batetik, goi-mailako burgesia; bestetik, proletariotza. Burgesiaren taldea bakar
batzuk osatzen zuten, oilgarkia bat eratuz. Hauek goi-mailakoak ziren eta botere ekonomikoaz gain,
politika kontrolatzen zuten ere, diputazioa euren eskuetan baitzegoen. Burgesia meategien jabeak,
industria jabeak, merkatariak eta finantzaketa erakundeko jabeak ziren. Bilboko zentruan bizi ziren,
zabalgunetan, etxe handi eta dotoretan. Hauek, Bilboko giroa kutsaturik zegoela ikusita, Neguri auzoa
osatu zuten euren etxeak eraikitzeko bertan bizitzeko asmoz. Langileei dagokionez, guztiz aurkakoa
ziren; hauek gehiengoa ziren, lan eta bizi baldintza oso txarrak jasaten zituzten eta soldata baxuak
jasotzen zituzten. Gehienak inmigranteak ziren, prestakuntzarik behar ez duten lanpostuen bila
Bizkaira etorritakoak. Bereziki meategietako langileek bizi ziren baldintza desegokietan; izan ere,
jabeek mendian azkar eta gaizki eraikitako egurrezko etxetxo txiki eta zikinetan bizi ziren, barrakoi
izenekoak. Bertan lo egiteko jabeei ordaintzen zieten 100 edo 150 langile inguru bizitzen ziren egoera
oso txarretan: higienerako aukerarik ez zegoen, bentilaziorik ez zegoen, ohe berean pertsona bat baino
gehiago lo egin behar zuten eta, aurkeztutako testuan aipatzen den bezala, dena oso zikin zegoen,
izerdi-usaina airean pilaturik zegoela. Gainera, jabeek barrakoien gertu eraikitako cantina izeneko
elikagai-dendetan erostera behartuta zeuden, non janaria beste dendetan baino garestiagoa eta kalitate
txarrekoa zen.

Langileek argia dagoen bitartean lan egin behar zuten, hau da, neguan 9 edo 10 inguru; udan, 13 ordu
inguru. Soilik lan egindako egunengatik kobratzen zuten, eta gainera, istripuak ugariak ziren,
esaterako, amputazioak. 1890. urtean, jasandako egoerengatik langileek amorratuta zeudela, greba
konbokatu zuten, zortzi orduko lan eguna eta nahi zuten lekuan lo egiteko eta erosteko askatasuna
eskatuz. Burgesek manifestazioak ikusterakoan, ejerzitoa deitu zuten; halere, agertu zirenean,
langileek zenbait ordezkari militar batekin hitz egin eta gero, barrakoi bat ikustera joatea lortu zuten.
Hau ikusterakoan, dekretu bat atera zen non langileei askatasuna ematen zien barrakoietan lo egitera
eta cantinetan erostera ezin zituzten behartu. Nahiz eta dekretua onartu, jabeek ez zuten errespetatu,
eta egiten jarraitu zuten.

Egoerari irtenbiderik ezin aurkitzerakoan, zenbait langile alkohola kontsumitzen hasi ziren egoeraz
ahazteko nahian; horrela, Bilbo eta inguruetan alkoholismo tasa igo egin zen. Horrez gain,
inmigranteen gehiengoa gizon ezkongabeak zirenez, prostituzioa ugaritu zen. Praktika honetan ez
zegoen inolako higiene-kontrolik, beraz, sexu bidezko gaixotasunak gero eta gehiago ziren, horien
artean, sifilisa. Alkoholismoa eta prostituzioa ematen zen auzoetan arazoak, borrokak eta istiluak
egunero gertatzen ziren, horrela bertako biztanleen bizimodu lasaia desagertuz. Inmigranteekin
etorritako arazoa izanda, bertan bizi ziren erdi-mailako euskaldunek beraiei leporatzen zieten
lasaitasun eza. Horrela, horiek euskaldun katolikoak eta inmigranteak erdaldun ez katolikoak izanda,
erdi-mailaren artean euskal nazionalismoa hedatu zen bertakoa zena babesteko helburuz.

Hirietan ere, alegia, aldaketak eman ziren, eta hauek gizartearen erreflexu ziren: hiriak handitu ziren
eta burgesak zabalgunetara joan ziren, non kaleetan zerbitzuak zituzten, hala nola argiteria eta
estolderia sistema publikoa. Zabalgune hauek eremu lauetan zeuden eraikita, kale zabalak zituzten eta
lorategiekin apainduta zeuden; gainera, merkatu-plazak ireki zituzten elikagaien higiene-maila eta
kalitatea ziurtatzeko. Langileen etxeak, bestalde, mendi magaletan zeuden, zerbitzu minimoak
zituzten (batzuetan ezta minimorik erez ez) eta etxetxoak pilaturik zeuden. Hauek txikiak eta zikinak
ziren, eta jendez pilaturik zeuden, lehen aipatu dugun bezala.

Gutxi bazen ere, denok zeukaten denbora librerik: oligarkiako gutxiengoak opera, kontzertu eta
antzerkietaz gozatzen zuen, non negoziak egiteko, harremantzeko eta ezkontzak antolatzeko
aprobetxatzen zen. Bestalde, zinema burges zein langileentzako zen, non AEBko bizimoduaz ikasten
hasi ziren.

Naturak jasandako eraginei hitz egiterakoan, industralizazioa hain modu bortitzean eman zenen,
izugarrizko kutsadura sortu zela aipatu behar dugu, bereziki Nerbioi ibaiaren adarrean. Industriak
meategi inguruetako paisaia guztiz eraldatu zuen, dinamitaren eraginez mendiak desagertu baitziren;
hortaz, gaur egun ezagutzen dugun paisaia guztiz aldaturik dago. Hainbestekoa izan zen Bilbon
kutsaduraren eragina, ezen ibaiaren bizitza guztiz desagertu egin zen, hortara zabor guztia botatzen
baitzen.
Testu honen bidez jabeek meategietako langileei emandako tratu txarren eta eskainitako bizi baldintza
iraingarrien aurrean idazleak duen jarrera bereizi dezakegu, guztiz aurkakoa dena; izan ere, egoera
deskribatzerakoan, adjektibo baloratzaile negatiboen erabilera egiten du, nolabaiteko subjektibotasuna
adieraziz. Gainera, meatzarien lan eta baldintza ziztrinak agerian geratzen dira, hala nola soldata
pobreak, higiene falta, etxebizitza txiki eta zikinak, etab. Ondorioz, Bizkaiko industriaren bi munduak
ikusten ditugu; alde batetik, aberatsen gutxiengoa, oligarkia; bestetik, gehiengoa, proletariotza,
bizitzeko baliabide eskasak dituztenak. Faktore honek geroago euskal gizartearen betiereko banaketa
ideologikoa sortuko du, burgesia kontserbadore eta nazionalista langile sozialistengan banatuz.

NAHIA GARITAONANDIA 2E

You might also like