You are on page 1of 3

3.

TESTUINGURU HISTORIKOA:
(Aurrekariak)
Testua Errestaurazio garaian kokatzen da, eta azken gerra karlistaren
ondorioz foruetan izandako aldaketak azaltzen ditu. Foruen eta karlismoaren auzia
mendearen hasieratik zetorren. Fernando VII.ak legeetan beharrezkoak ziren
aldaketak egin zituen bere alaba Isabel ondorengo izendatzeko. Bere anaia Karlosek
eta bere jarraitzaileek ez zuten erabaki hori onartu, oinordeko legitimoa Karlos zela
argudiatuz. Testuinguru horretan, absolutistek eta Antzinako Erregimenaren
defendatzaileek karlistekin bat egin zuten eta isabeldarrek liberalengan bilatu zuten
babesa. Foruak Antzineko Erregimenetik zetozen eskubide historikoak ziren eta
liberalen lehen konstituzioak onartzearekin hauen inguruko eztabaida hasi zen,
konstituzio liberalek uniformizazioa eta berdintasuna aldarrikatzen baitzuten lurralde
guztietarako. Beraz, absolutistek edo karlistek, Karlos babestearekin batera, bere
egiten zuten foruen defentsa ere. Liberalek berriz Isabel eta Konstituzioa babesten
zituzten.
Horrela hasi zen Lehen gerra karlista. Gorabehera askoren ondoren amaiera
negoziatua eman zioten Bergarako Hitzarmenarekin. Horretan, buruzagi liberalek
(Esparterok) eta karlistek (Maroto) konpromisoa hartzen zuten foruak mantentzeko
Isabel II.a erregina onartzearen truke. Hitzarmen hori 1839ko urriaren 25eko
Legearekin gauzatu zen. Horren arabera foruak berretsi egiten ziren, baina
Konstituzioari kalterik egin gabe. Horretarako beharrezko aldaketak egingo
zitzaizkien foruei (Konstituzioarekin bateratu ahal izateko). Euskal ordezkarien
arteko adostasun falta zela eta, aldaketa horiek testuko 4. artikuluan aipatzen diren
bi legetan gauzatu ziren: 1841eko Nafarrorako Lege Itundua eta 1841eko
Gasteizko Dekretua. Azken horrekin zerga eta soldadutza salbuespenak eta
zuzenbide zibileko zenbait xedapen besterik ez ziren indarrean gelditu. Hala ere,
foruzaleek ez zuten etsi eta Pedro Egañaren lanari esker, 1844ko dekretu baten
bidez, berriz, foru-ahalmen batzuk eta erakundeak ezarri ziren, baina aduanak,
foru-baimena eta sistema judiziala ez. 1845etik aurrera, nahiz eta Gobernuak Foruak
aldatzeko mehatxua egin, erregimen foralak inoiz baino garapen handiagoa lortu
zuen, batez ere, Foru Aldundiei egotzitako ahalmenetan.

(Unea bera)
68ko Iraultza Loriatsuaren ondoren Isabel II.a erbesteratzean, karlismoaren
gorakada gertatu zen berriz. Iraultzatik sortutako behin-behineko gobernuak 1869ko
Konstituzioa idatzi zuen, zeinetan Espainia monarkia konstituzional gisa definitu zen.
Monarkia berria aukeratzerako orduan Amadeo I. Savoiakoa onartu zuten
Espainiako errege 1871an. Horren eraginez, karlismoaren barruan bi korronte
desberdindu ziren: bide parlamentarioa defendatzen zutenak eta altxamendu
armatuaren aldekoak. Azken horiek nagusitu zirenez, une horretan, Hirugarren eta
azken Karlistada piztu zen (bigarren karlistaldia 40ko hamarkadan gertatu zen eta
ez zien euskal lurraldeetako foruei eragin). Karlistaldi horrek Euskal Herria izan zuen
eszenatoki geografiko nagusi eta karlistek okupatutako lurraldeetan benetako estatu
baten enbrioia garatu zen. Nahiz eta garaipen militar batzuk izan zituzten,
orokorrean, huts egin zuten Bilbon, Irunen, Donostian, Iruñean eta Gasteizen.
1874an, Errepublikaren saiakera amaitu eta Errestauarazio garaia hasi zen,
Cánovas del Castillo politikari liberala buru zelarik eta Alfonso XII.a errege bezala
itzultzean. Erregearen itzulerarekin karlismoak babesa galdu zuen (Errepublikaren
saiakera amaituta, dagoeneko bazutelako errege bat) eta 1876an gerra galdu
zuten karlistek. Gainera urte horretan bertan (1876) Cánovasen gobernuak
Konstituzio berria onartu zuen. 75.artikuluaren arabera espainiar oro lege
bakarraren menpe dago, beraz foruak Konstituzioarekin bateraezinak dira,
berdintasun printzipioa hausten dutelako.
Horrela karlismoaren porrotak eta Konstituzioaren onarpenak foru
sistemaren abolizioa eragin zuen, aurrean dugun, 1876ko uztailaren 21eko lege
honen bidez. Lege honekin bertan behera gelditu ziren foruen azken hondarrak, hau
da, zerga eta soldadutza salbuespenak ere. Modu honetan euskal lurraldeek, azken
gerra karlista galtzearen ondorioz gelditzen zitzaizkien foru eskumenak galdu
zituzten.

(Ondorengoak)
Hori dela eta, Lege honek nahigabea eta erresistentzia handia sortu zuen
euskal probintzietan. Gainera, 1877an Batzar Nagusiak eta Foru Diputazioak ere
ezabatu ziren Diputazio probintzial soil bihurtuz. Baina 1878an Euskal Herriko
talde moderatuen eta Cánovas del Castilloren arteko negoziaketa baten ondorioz,
Kontzertu ekonomikoak ezarri ziren eta, horien bidez, Araba, Bizkaia eta
Gipuzkoako berezitasun fiskala mantendu zen. Araba, Bizkaiak eta Gipuzkoak beren
lurraldeko zerga gehienak biltzeko eta kudeatzeko eskubidea lortu zuten. Horren
truke Estatuari diru kopuru bat “kupo” izenekoa ordaindu beharko zioten. Beraz,
Diputazioek nolabaiteko autonomia berreskuratu zuten gutxienez zerga eta
administrazio esparruetan.
Hala ere, orokorrean gertatu zen autogobernuaren murrizketa horrek sektore
askoren nahigabea ekarri zuen, batez ere mugimendu foruzalearena. Hori izan zen,
besteak beste, nazionalismoaren sorrera (Sabino Aranaren pentsamendua)
bultzatuko zuen arrazoietako bat.

4. DOKUMENTUAREN GARRANTZIA
Lege honek, 1839 eta 1841eko legeek hasitako foruak aldatu eta
indargabetzeko prozesuari amaiera eman zion. Ordutik aurrera garai berri bat
irekiko da euskal lurraldeen eta Estatuko gobernuaren artean. Legeak batasun
konstituzionala ezarri zuen Estatu osoan eta euskal probintziak gainontzeko
probintzien mailan geratuko ziren.
Euskal lurraldeetan foruen galera honek nahigabea sortu zuen, nahiz eta
1878ko Kontzertu Ekonomikoaren akordioa lortzeak egoera zertxobait baretu
zuen. Kontzertu Ekonomikoei esker, batetik, euskal probintzietako autogobernua
indartu zen (Aldundiak indartuz) eta, bestetik, Aldundietan nagusi zen burgesiak
zerga-sistema onuragarria finkatu zuen.
Kontzertu Ekonomikoak Gerra Zibilera arte iraun zuten, Bizkaia eta
Gipuzkoak 1937an galdu zituzten (Arabak eta Nafarroak ez) Francoren kontra
aritzeagatik. Trantsizio-garaian, Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua
onartu ondoren, 1980an berreskuratu egin ziren Kontzertu Ekonomikoak.

You might also like