You are on page 1of 2

4.

testua: BURDINBIDEEN LEGE OROKORRA (1855-06-06)

1. SAILKAPENA

Aztertzen ari garen testua gai ekonomikoa eta politikoa duen lehen mailako testu historiko eta juridikoa da,
hain zuzen, Burdinbideen lege orokorraren zenbait artikulu.

Egilea kolektiboa da, Gorteek egina eta Francisco de Luxan Sustapen ministroak eta Isabel II.ak onetsia.

Testua publikoa da, Aranjuezen aldarrikatua eta Madrilgo Gazetan argitaratua izan zen 1855eko ekainaren 6an.
Bere helburua trenaren eraikuntza bultzatzea zen, horregatik funtsean dirua daukatenei zuzenduta dago, batez
ere Penintsulako nahiz atzerriko inbertitzaileei.

Isabel II.aren erreginaldian, Biurteko progresistan (1854-1856) kokatzen da. O´Donell jeneralaren
Vicalvarada pronuntziamenduaren ondoren, Isabel II.ak Espartero jeneralari gobernua osatzeko ardura eman
zion. Gobernu honek erreforma politiko eta ekonomiko programa zabal bat hasi zuen liberalismo ekonomikoa
behin betiko ezartzeko, burgesen interesen alde.

2. ANALISIA

Testuaren gai nagusia trenbidea Espainian ezartzen laguntzea da, eta ideia nagusiak Gobernuaren lidergoari
(ekimen pribatua onartzen bada ere), eskatutako baldintzei eta inbertitzaileek lor ditzaketen etekinei buruzkoak.

Lehenengo paragrafoan, Isabel II.a Espainiako Erreginak herritar guztiei jakinarazten die Gorteek lege hau
onartu dutela eta berak berretsi duela. Ondoren azaltzen diren sei artikuluetan ideia nagusiak azaltzen dira.

4. eta 6. artikuluek burdinbidearen eraikuntza gobernuaren, partikularren edo konpainien esku egongo dela
diote. Baina konpainia eta partikularrek trenbidea eraikitzeko, aurretik gobernuaren onespena jaso beharko dute.

8. artikuluan, inbertsio publikoak zertarako erabiliko diren zehazten da: hainbat obra gauzatzeko, enpresei
inbertitutako kapitalaren zati bat bueltatzeko edota kapitalaren zati minimo edo finko bat ziurtatzeko. Hemen
ikusten da gobernuak bultzatuko duela eraikuntza. Kontuan izan behar da Espainiako iniziatiba pribatuak interes
gutxi zeukala inbertsio industrialean, burgesia industriala apenas existitzen zelako eta aristokrazia lurjabeak
beste interes batzuk zituelako, errentak kobratzea hain zuzen ere.

19. artikuluaren arabera, trenbidearen eraikuntzan erabilitako kapital atzerritarra Estatuak babestuko du, eta
beraz, arriskutik libre geratuko da.

20. artikuluan, burdinbidearen eraikuntza burutzen duten enpresei eskainitako erreztasunak zehazten dira,
besteak beste: trenbideak bere bidean hartuko dituen lur publiko guztiak emango zaizkie, inguruko baliabideak
(egurra, larreak...) erabili ahal izango dituzte, harrobiak irekitzeko baimena izango dute, garraio eta
muga-zergak bereganatzeko ahalmena.

Azkenik, 30. artikuluan, trenbideak izan beharko dituen neurriak azaltzen dira: 1,80 metroko zabalera. Honen
inguruan aipagarria da Europako gainerako trenbideekin alderatuz handiagoa zela; horrek oztopo handia
suposatu zuen hurrengo urteetan, beste herrialdeekin komunikazioa izateko. Erabaki hori justifikatzeko,
atzerritik etor zitekeen eraso militarra aipatu zen, baina ez zen hori benetako arrazoia. Espainia oso menditsua
zenez, lurrun makinek indar gehiago behar zuten maldak igo ahal izateko, horregatik diseinatu zituzten inguruko
herrialdeen bideak baino zabalagoak. Hala ere, trenbide zabalagoa egin ordez lokomotorak luzeagoak
egitearekin nahikoa izango zen. Espainiako trenbidea zabalagoa izateak kalte ekonomikoak ekarriko ditu.
3. TESTUINGURUA

Isabel II.aren gobernuaren faseetako bat biurteko progresista (1854-1856) izan zen. Ekonomia eta finantza
arloan gobernu moderatuak egindako ustelkeriak zirela eta, 1854an O’Donnellek Vicalvarada deritzon
altxamendu militarra burutu zuen, baina porrot egin zuen. Beranduago, Serrano jeneralarekin batera, ideia
aurrerakoiak zituen Manzanaresko Manifestua argitaratu eta zabaldu zuten herrian zehar. Horrek, herriaren
mugimendua ekarri zuen eta Isabel II.ak Esparterori eman zion boterea.

Progresistek bi urte besterik ez zituzten eman boterean, baina ekimen garrantzitsuak egin zituzten:

● Madozen desamortizazioak. 1855ean, Madoz Ogasun ministroak Desamortizazio Orokorren Legea


argitaratu zuen. Jabetza kolektiboko ondasun guztiak salmentan jarri ziren, udalerrietakoak eta
Elizarenak.
● 1856ko Konstituzioa (non nata, ez baitzen inoiz indarrean jarri). Aurrerakoiagoa zen: herri
subiranotasuna, botere banaketa, eskubide indibidualak, Milizia Nazionala, bi ganberako parlamentua,
erlijio askatasuna…
● Herrialdearen modernizazio ekonomikoa bultzatzeko neurriak hartu ziren, hala nola 1855eko
Trenbideen Legea.

1844. urtean lehen proiektua sortu eta lau urte beranduago lehenengo trenbide-linea inauguratu zen, Bartzelona
eta Mataró artekoa. Bigarren trenbide-linea Madril eta Aranjuezen artekoa izan zen, 1851. urtekoa. Baina
trenbide-linea hauek oso laburrak ziren eta ez ziren batere errentagarriak. Trenbidearen eraikuntzan benetako
garrantzia izan zuen proiektua aurrean dugun Trenbidearen Lege Orokorra izan zen.

Trenbide sarearen eraikuntzak hainbat etapa izan zituen: 1855-1866 bitartean, hedapen handia eman zen eta
atzerriko enpresen parte-hartzea azpimarragarria izan zen (Madrid-Alacant, Sevilla-Cádiz, Madril-Irun…);
1866tik aurrera eraikuntza geldotu egin zen trenbide-inbertsioen errentagarritasuna urria zelako; 1873tik aurrera,
eraikuntza aldi berri bati ekin zitzaion.

Aipatu beharra dago, industralizazioa batik bat kostaldeko inguruetan eman zela eta Espainiako barnealdea
industralizazio-prozesutik kanpo geratu zela.

Trenbidearen eraikuntza zentralista izan zen (trazadura erradiala), trenbide-linea guztiak erdigunetik hasi edo
erdigunean bukatzen zirelako. Horrela periferiaren eta erdigunearen arteko lotura ahalbideratu zen.
Probintzietako hiriburuak ere trenbidearekin lotuta gelditu ziren, baina zaildu egin zuen industria eta bizitasun
handieneko eskualdeen arteko harremana.

4. BALORAZIOA

Lege honek berebiziko garrantzia izan zuen Espainiako burdinbide sarearen eraikuntza azkartu zelako, eta
era berean, lehen urratsa izan zelako merkatu nazionala artikulatzeko.

Hala ere, benetako bultzada enpresari atzerritarrek eman zuten (belgikarrak, frantsesak, ingelesak), eta
beraiek ekarritako materiala erabili zutenez, Espainiako, eta batez ere Bizkaiko industria siderurgikoak ez zuen
etekin handirik atera. Espainiako ekonomian ez zuen izan beste herrialde batzuetan izan zuen eragina.

Bukatzeko, emakida-sistema urte askoan zirkulaziorako oztopo bat izan zela esan daiteke (ez zegoen
politika orokor bat). Joan-etorri bat egiteko hainbat konpainia egotea traba handia izan zen (denbora,
materialak…). Gainera, Espainiako trenbidea zabalagoa izateak kalte ekonomikoak ekarri zituen.

You might also like